Zakur zaunkak
Zakur zaunkak
2023, poesia
120 orrialde
978-84-19570-10-9
Azala: Alain Urrutia
Iñaki Irazu
1954, Asteasu
 
 

 

ZAKUR ZAUNKAK

 

 

 

     I

 

 

Zakur zaunkek

iratzarri zuten

etxaldeko anderea

gauaren erdian

 

harrotu zirenean

inguruan dena

hartzen zuen

        isil handian.

 

Beldurrak airean

atera zenean

ze ote zen

larderia hura

 

topo egin zuen

armak eskuan,

             eskuargiekin

bazterrak miatzen

ari ziren gizonekin

 

“sar itzazu

zakurrak barrura,

bestela, akatu

egingo ditugu!”

 

erran ziolarik

zakurren oldarretik

kendu nahian zebilen

haietako batek.

 

Bi omen ziren

jaitsi zirenak

Bilboko trenetik

Algortako geltokian

 

haien atzetik

atera zirelarik,

behin begiz

jo zituztenean

 

eta batenak

egin ondoren,

haren lagunaren

bila zebiltzan.

 

 

 

 

     II

 

 

Ukuilu barrutik

esne behiak

atera zituzten,

ahuntzak, zerriak…

 

Horman eskegitako

sardeak hartuta

belar piloak

zulatu zituzten

 

haien barruan

gordea ote zen,

horrela jokatu

beharra zuten.

 

Eta haien kotxeetako

argizagiak piztuta,

baratzearen aldera

bihurtu zituzten:

 

alferrik, ordea,

ez baita argirik

gauaren errorik

agertuko duenik

 

hantxe bertan

lotu zirelarik

inguruan zabalduak

zelatan, geldi

 

bide, arboladi

barruan gordeak,

adi itzalen

ezein ikarari

 

noizbait eguna

urratu zen arte,

argiaren zaurian

bazterrak arinduz

 

etsia emanez,

kotxeetan sarturik

bertatik alde

egin zutelarik:

 

beste hura

hanka egina

baitzen ordurako

gauean barrena.

 

 

 

 

     III

 

 

Kidea, ordea,

etzanda zetzan

lauza latzean

hil hotzean.

 

Bala bat sartua

zioten atzetik

ihesi zihoala

ezker saihetsetik

 

eta beste bat

bertatik bertara,

bere burua

bilatu zuena

 

baina zuloz

egoki josita

egon arren,

ez ziren ase:

 

hantxe lurrean

haien aurrean

hil hurrean

zegoen gizonari

 

eskuburdinak

zizkioten jarri,

barruak eskatzen

zien osagarri

 

ospitalerako

bide osoan ere

begiak era horretan

zituztelarik saritu

 

eta bertan ere

ez zizkioten kendu,

jokaldia halaxe

zuten burutu:

 

behar bezala

ikasteko edo

beharko zuten

halaxe jokatu

 

begien aurrean

zuten gizonaz

egiazki zirela

azkenik jabetu:

 

eskuburdinen

ikuspen hori

izango zuten

hartarako ongarri

 

“zauri gorrian

hil larrian

zegoen gizonari

egin zioten hori!”

 

erran zautan

etxaldeko andereak,

gertatutakoa

gogora egitean

 

baratzeko arbola

buruen errukia

galtzen ari zuen

iluntasunean

 

eta haren hitzei

samina zerien,

zuzenaren

egarria zerien:

 

aterpe bat

galdegiten zuten

gordeak izateko

gure oroimenean.

 

 

 

 

     IV

 

 

“Hilda dago.

Eskuburdinak

kendu ahal dizkiozue”,

esan zien medikuak

 

aspaldi urik

jaso ez duen,

ganbara zaharreko

bazter batean

 

utzia dagoen

ontziaren hondoan

bildua duen

kutsu lehorrean

 

itzal sorrek

agintzen zuten

pasillo hutsetan

abiatu aurrean

 

zaindariz inguratutako

gela batean

eduki zuten

bakardadean, gauaren

 

maizter zurtz

eguna urratu

egin zen arte

itzalak uxatuz

 

beldur baitziren

kideak azaldu

eta askatzeko

egingo ote zuten:

 

iluntasunaren

babesean, itzalak

bizi baitziren

jalgi minean...

 

 

     V

 

Biharamunean

isil handi bat

hedatu zen

mendi-zelaietan

 

bidez bide

zidorrez zidor

azkartu bat

hartzen zuena

 

haran barrena

bere baitan

arbola, etxea

eta bihotzak lotuz

 

(katagorria ez zen azaldu

haritz ondoan

haurrek utzitako

intxaurrak biltzera

 

bidea ondo

ikasia zuen

etxaldeko baratzearen

bazter jakinean:

 

zuhur asko

gordetzeko gero

inoren isileko

zulo eginean)

 

(ondoan bizi den

atsoak ez zion

errietarik egin

oilar gazteari

 

ohi zuen bezala

auzoaren baratzean

sartzeagatik, arto

aleak janez:

 

hurrengo ospakizunean

eltzerako bera

aukeratuko zuela

abisu emanez)

 

(“ezaina!”

                zuen jalgi

auzoko itsuak

ahoaren zulotik:

 

ttu bat guria

zuri-zuria

argiaren orbana

eragin zuena

 

aldi batez

haren hobietan,

begiaren ordaina

unean emanez).

 

 

     VI

 

Itsasondon

gertatu zen

apirilaren

hogeita bian.

 

Harri larri

         latz bi,

maldan gora

otoi gorri.

 

Hego tzar

gordin bi,

maldan gora

arin-arin

 

haren unean

ziren jarri:

bi hortz

     zorrotz:

 

bata emana

             lurrari,

bestea, berriz,

            ortziari

 

zuzen

eta garbi

            agirika

zaiona ari

 

“lur honetatik

ernamuinak

sortuko dira!”

agintza hitzak

 

harrotu ziren

arroan barrena

bihotzetan, itxaropen

hazia sartuz

 

arrats beran

barrua hartzen

zien isilaren

gaitza osatuz.

 

Harri larri

          latz bi

haren unean

otoi, eta gorri.