Landura
Landura
2022, poesia
96 orrialde
978-84-17051-92-1
Azaleko irudia: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2019, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

GAUR EGITEKOAK

 

 

astelehena dela ekarri gogora,

egunkari zaharrak atera

azaleko argazkiei begira

arreta sobera galdu gabe,

haltza hosto eta

txorten batzuk bildu oinen pean

gero leun galdekatzeko

ibilitakoaren hondarrak,

neguko itsaso hau denoi berdin

ez zaigula mintzo jabetu berriz,

kale artean ezarritako hierarkiarekin

zorabiatzeke egin aurrera

eta lorategi bat bezain gozo jagon

esperantza eta tristura

—harri hauen guztien azpian

norbait egongo da atontzen

desagertuen artxibategiak—

hau ez da polizia etxea

 

patatak ilarrekin

ipini behar ditut su gainean

egunero legez errepresioaren

biktimei eskainiz

pentsamenduaren fereka,

liburu saltzaile adeitsu baten pare

seinalatu nahiko nizuke

zein apaletan aurkituko dugun

zoriona eta bakea

 

astelehena dela ez ahaztu,

bus geltokitik etxera 300 metroko

bidea dagoela jakinik

ez metafora artean trabatu,

ez nekarazi inor alferrik,

lur honetan bizi den

7.000 milioi jendek

gaurkoa eragozpen erantsirik gabe

igaro ahal dezan tokia utzi eta

isilik egon tarteka