JOE STRUMMER
Emancipate yourselves
from mental slavery
Redemption Song
Etorkizuna idatzi barik dagoela dio Joe Strummerrek
mikrofonoaren atzean telekasterra besarkatuz,
eta Woody Guthriek gitarran idatzita zeukan bezala,
This Machine Kills Fascists,
musikaren indarra aldarrikatzen du,
Pantera Beltz berrien rap eta hip-hopa
Boterea borrokatzeko punk-rocka
baztertuen kaleetan dabilen Dub Poetry lehergarri hori...
Joe Strummer izerditan, begiak bilduta,
Garcia Lorcari galdezka non ote dauden
gerra zibileko lubakietan bandera gorriaz jantzirik
hil ziren poeta internazionalistak,
Spanish Bombs eder haren erritmopean
Joe Strummer, irribarretsu baina sutan,
ghettoak matxina daitezen deika,
rebels calling! rebels calling! know your rights!
bafleek eztanda egiten duten bitartean,
This Is Radio Clash, Intxorta 37 Irratia
Joe Strummer, malkotan, telebistari begira
Rock The Casbah idatzita daramaten megabonbek
Ekialdeko hiri urrunetan triskantza ikaragarria
gupida barik zelan eragiten duten,
mass media nagusien prime time horren bazkarako,
Death is a Star
Joe Strummer, Public Enemy no.1,
matxinadarako poemak eta makien swing hori,
arrakasta errazaren zirkura joateko
eskatzen diote kritikariek etengabe,
borrokaren frontline horri bazter emateko
multinazionalen kaiolan jaguar distiratsu bihurturik
Baina Joek, sasipeko irratien uhinetatik
aldarri egiten du behin eta berriro
etorkizuna idatzi barik dagoela