Spray
Spray
2011, poesia
96 orrialde
978-84-92468-27-0
azala: Lander Garro
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2006, nobela
2004, poesia
 

 

VOYEUR

 

Urrundik ikusten zenuen zelan ibiltzen ziren olgetan,

txatartegietan metatzen ziren auto hondatuen artean,

F1eko gidari trebeak edo banku-lapurrak ihesean bezala,

edo itsasadarreko bazterretan pirata ausarten antzera

betiko atrakatutako itsasontzi abandonatu eta ugertuetan

 

urrundik ikusten zenuen, urte batzuk geroago, axolagabe

gauaren iluntasunez hormetan salatzen zuen spraya,

speedak eragindako matrailen abiadura, garitoetan pogoa,

puten barreak eta marinelen berba zailak topa egitean,

alkoholak zekarren adurra eta komunetako graffitiak

 

urrundik, beti, desorduetan urgentziazko batzarrak,

ijitoen txaloak, trenbideen ondoko begirada zoroak,

lokal zahar okupatuetan kartelak eta anplifikadoreak,

ordu gutxiko eremu txiki baina libreak zehazten zituen

kontainerretako sua, sexuaren izerdia eta fanzine merkeak

 

dena urrundik ikusi duzu, dena hotz, aseptiko, antzu,

konturatu orduko bizitzak tren isilak lez alde egin dizu,

ez ekaitzik, ez sargoririk, ez negurik, ezta udarik ere,

damututa ere, dagoeneko ez daukazu atzera bueltarik,

eta begiradan bertan ondo markatuta geratu zaizu

 

bizitza osoan izan zaren voyeur hori