ODA POEMA BAZTERTUEI
EDO DIEGESIA EREMUTIK KANPO
Estimuan zaituztet, ez pentsa.
Denborarekin poztu eta guzti
eginen zarete agian,
marginalitatean bizitzen
kultuzko pieza gisa.
Mundu guztiak behar du
derrotaturen bat bere menpe.
Zuen haserrea konprenitzen dut, bai,
beharbada izen handiko abokatu bat
kontratatu beharko zenukete, ez dakit.
Baina esan dezakedan oro zera da:
funtzio poetikoa ez dela zuenean nagusi.
Hirugarren pertsonan beharrekoak
lehenengoan ematen dituzue,
hitzak trakets erabili, topikoak errepikatu.
Sentitzen dut baina zuen baitan
ezin da topatu korrelato objektiborik,
apur bat hunki dezaketen
esaldi efektiborik sikiera.
Ez duzue desautomatizaziorik
eragiten irakurlearengan,
erritmo baldar batean
egiten duzue aurrera;
eta grabeena dena,
ez zarete inolako tradizio
literariotan txertatzen.
Estimuan zaituztet, bai,
baina zer egin nezake!
Sakonean, inbidia apur bat
edukiko dizuet akaso;
ez baitago fikzioan ere
galtzaile izatea baino
gauza makurragorik.