Deserriko karrikak
Deserriko karrikak
2002, poesia
88 orrialde
84-95511-54-1
azala: Garbińe Ubeda
Mikel Ibarguren
1967, Zestoa
 
2011, poesia
1996, poesia
 

 

JOAN ZARENEAN

 

Joan egin zara, bederatzietako autobusak eraman zaitu

arrabalak behelainoetan galdurik zeuden unean.

Luzeagoak dira orain ostatutik goragoko karrika estuok,

debaldetan begiratuko ditut azal zaharreko hiztegiak.

Joan zara eta ohe hotzak bezala nago, lohasma,

zuk betetako hautsontziei beha, azken besarkadan gotortuz.

 

Amaitu da epea eta bidazti klandestinoekin batera

joan zara helbide gabeko exiliorantz,

non bakarturik bizitzen ikasten den,

non bakarrik lo eginez bizitzen den.

«Laster ikusiko dugu elkar» zenioenean,

esateko era bat baizik ez zela ulertu dut.

Ez dio axolarik zein kale kantoitan nagoen

edo nola itzuliko naizen etxera.

 

Han zaude

eta nire tristurak zure izena darama harrezkero,

oroimina baino gelditzen ez denean gogoratzeko.