Deserriko karrikak
Deserriko karrikak
2002, poesia
88 orrialde
84-95511-54-1
azala: Garbińe Ubeda
Mikel Ibarguren
1967, Zestoa
 
2011, poesia
1996, poesia
 

 

GALDEAK

 

Neurtezina da nire oinentzat

zure ihesaren luzera itzulbiderik gabea.

Etxe ondotik joan zinen orpotik erauzitako zuhaitza nola.

Ikusten ez ditugun barne-mugak gailendu zaizkigu eta,

mila arrazoi banitu ere etxean gelditzeko,

zurekin joanen nintzateke, eskuak zikintzeko prest nengoke

zure ondora egitea lortzeko balitz.

Arriskatu beharra daukat estugune honen haritik.

Denok daramagu mugalari bat sakonean

ezinbestez harago garamatzana, oraindik eta harago.

 

Hemen asko hitz egiten da beldurraz,

baina nork daki zeren antza duen zureak,

non oheratzen den zure logalea?;

nork daki, zeozer bada ere,

zure eztarriko min sendaezinaz,

amaierarik gabeko gau luzeez...?;

jakinen ote du norbaitek bederen

amets izaten jarraitzen duten ametsek

bizi guztirako zure exilioan?