Aurkibidea
Inork ez du txoririk ikusi zerua zeharkatzen. Txori horiekin hasten da liburu hau.
Itxi egin da dena demokrazia baten antzera.
Eguzkia ezkutatu denean dantzari bat ikusi dute hankak apurtuta.
Ispiluak apurtu aurretik itzuliko duen azken irudia

JENDE ASKOK ORAINDIK
BAT ZARELA USTE DU
Arantzaduna ere koroa bat zen azken batean,
eta ezer eskatu barik bizi direnek ez dute koroarik behar,
esku bat hutsik dutelako beti, bestea beteta badute.
Opari hauei ez al diegu garrantzi handiegia eman?
Ez al dira esku artean urtuz doazen
izotzezko neba-arrebak?
Ura eta airea logela handian daude,
noizean behin leihotik zaintzen dituztela
landan galapan ari diren setter irlandar biak,
ukituz gero desagertu egiten diren bihotzak bezain
minbera, zorabiatuta, uztailean.
Buruz behera jaiotzen al dira ba loreak?
Orduan zergatik egon behar dugu guk ezeren menpe?
Haizeak, zuloek, zeruraino
altxatzen diren oliozko olatuek,
horiek garaitzen bagaituzte ere,
ez ditzagun ugazandra deitu,
arantzadun landareak haziko baitira bestela
puntadun gauzak ehortzi genituen lekuan.