Aurkibidea
Askatasuna nahi zuen herrikoak ginen
Biharra lasai dabil itsas zabalean
Bitoriano gandiaga arantzazuko zerua
Bitoriano gandiaga arantzazuko etxearen
Bizitzaren gaxura edaten genuen
Denbora asko behar da ulertzeko
Elurra egin zuen goiz haren bezperan
Eskua hartu didan erantzun zilarrez
Ez dago estatistika baliodunik
Gailurrak pasagaitzak direnetan
Hotzegia da hiriburuko kaiertzea
Larrazkeneko haize hegoen hats epelen
Memento homo quia pulvis es et in pulverem revertis non omnis moriar credo
Noiztenka bizitzeak energia oro
Nola idatziko dugu geroaren argia
Odol-belharren sahets lehorretan
Oraindik nabil Du Bellay plazan
Ordu honetarik aintzina automata moduan
Sartaldetik datozen hedoien artetik
Urradura aintzineko karkara ederren
Urrutizkin grisaren urruneko mugetan
Urmael geldoetan urtzen da hitza
Utziko ditugu bihotzetan preso
Aurkibidea
Askatasuna nahi zuen herrikoak ginen
Biharra lasai dabil itsas zabalean
Bitoriano gandiaga arantzazuko zerua
Bitoriano gandiaga arantzazuko etxearen
Bizitzaren gaxura edaten genuen
Denbora asko behar da ulertzeko
Elurra egin zuen goiz haren bezperan
Eskua hartu didan erantzun zilarrez
Ez dago estatistika baliodunik
Gailurrak pasagaitzak direnetan
Hotzegia da hiriburuko kaiertzea
Larrazkeneko haize hegoen hats epelen
Memento homo quia pulvis es et in pulverem revertis non omnis moriar credo
Noiztenka bizitzeak energia oro
Nola idatziko dugu geroaren argia
Odol-belharren sahets lehorretan
Oraindik nabil Du Bellay plazan
Ordu honetarik aintzina automata moduan
Sartaldetik datozen hedoien artetik
Urradura aintzineko karkara ederren
Urrutizkin grisaren urruneko mugetan
Urmael geldoetan urtzen da hitza
Utziko ditugu bihotzetan preso
ALPHA ETA OMEGA EURIPEAN
Garrantzi handiko zerbait
errango dizut
jendea kanbiatzen da lekuz
aldatzen denean.
NAZIM HIKMET
I
Hasera batean -alpha- nostalgia zunan
munduaren andre eta jabe
euri egunen lerroan hantzen ziren
bihotz urratuen sakonetan.
hasera batean -beta- beldurra zunan
nostalgiaren zutabe bermakor
orduak ordutei ortzaizera begira
gelditzen ginen ondartzetan.
hasera batean -gamma- esperantza zunan
beldurra kontrabalantzatzen zuen
zauri bakarra karrika hutsetan
ibiltzen ginenetan.
hasera batean -delta- airatzeko gogoa
hedatu zunan urtxoak zeru mutuak
trebeskatzen miresten genituen
larrazkeneko eguerdi zabaletan.
bukaera batean -omega- maitasuna zunan
eske abiatzera bultzatu gintuen
indar erraldoia.
II
hilerrian izan ginen omiasaindu bezperan
berriro ireki ziren umeontziak
artadi lehorretan
jori beroak barreiatuz.
berriro ireki ziren umeontziak
eguzki zurailen arpegiak alaitzearren
oroitzez deika.
III
ilargiarekin mintzo ziren herrikoak ginen
eta gure alabei hiztegi pobreen baheak
tinka arazten genizkien
ilargiarekin mintzatzeko gisan,
haiek berdinki jakin zezaten ilargiak
geroaren hautsa dakarrela
geroaren hautsa edo iraganaren mina
orainaren ezaxola.
ilargiarekin mintzo ziren herrikoak ginen
eta gure alabak gerritik hartzen
genituen zelaietako brumetan
uhar xumeen epela maitatzen
ikas zezaten.
IV
ai itsas gainean lertsunak iragaiten
ez bagenitu begiztatu
ez genuke horrelako presarik
lasterkada antzuetan higatzeko.
ai itsas gainean lertsunak urruntzen
ez bagenitu segitu
ez genuke horrelako hotzik
ahurrean atxikitzeko.
V
begirada bakoitzak oroitzaren kolorea zinan
blues zaharrak murmuratzeko gutiziak
irakurtzen genitinan
graffitiz estali horma ilunetan.
begirada bakoitzak oroitzaren kolorea zinan
buruzokoan izenak eta izanak oro
mailuka aritzen zitzaizkigun
lantzar estimatuan.
begirada bakoitzak oroitzaren kolorea zinan
gerla likitsa deklaratu ziguten baino
lehen entzun genezazkeen kantak
tabernetan berraditzean.
begirada bakoitzak oroitzaren kolorea zinan
blues zaharrak murmuratzeko gutiziak
zaplastatu gintuen segunduan
eder aurkitu hintudan edo gogoratu nindunan
erran beharreko hitzen erdiak ez nituela
ahozkatu -my home town...
begirada bakoitzak oroitzaren kolorea zinan
ostatuetako leihoen lurrinetan atzoko
kideen arpegiak behatzaz marrazten
saiatzen ginenean.
begirada bakoitzak oroitzaren kolorea zinan
eta presaz agurtzen genitinan
gure lagunak
badakizu Egunkaria!
esateko asko daukagu...
a bai Egunkaria eta itsasorantz bidaia
urratsak dudaz blai.
begirada bakoitzak oroitzaren kolorea zinan
hilerrietan eihartzen diren loreen kolorea.
VI
lantokietan poesiak irensten ditugu
ogitartean
presaka
kasik ahalgez
neke baita hitzetan onhartzea
zenbat eskas zaituztegun
alabak
amak
ahizpak
presaka
kasik negarrez
eta elurra desiratzen dugun
ilunean
gabiltza askatzen
belar usaineko mihiseetan
bular beltzak bilatzen
ausentzia.
VII
haragi malatsak erraiak erretzen dizkit.
ihesaren linea makurra.
exil barnekoiaren jabea.
haizearen murmuruak.
beilari gaueko mezuaren zain.
karrikako burrunbak.
aditzik gabeko ekintzak: klash!
euriaren pare.
ments zaitut.
ments zaitut.
ments zaitut.
VIII
gauak zilar direnetan begiratzen
dinagu zeruari edo jarririk
egoten gaitun ortzearen hegietan
hego zuria sartzen delarik zelda
uhargietan huntzak samur
aditzen ditun hormaren eremuetan
ez gaitun bakarrik gau zilarrean
izarrei so gaudenak euria
etzi etorriko delako esperantzaz
eta beti heldu dun lanbro eztiaz
amodioaren bustia
hezur kiskalduak barreiatzearren
ondarrikan ttanttaka harrapatzen
gaitin loak antsiak bezala
elkartasun mantsoen zurrunbiloan
IX
papogorrien kanta ederrak
entzunen ditun eta neguan
begira itzan baso eperrak
elur zurien amets pleguan
ikusiko dun zorion bihotz
ihesi maite hautala zinez
egin dezala kanpoan izotz
haiduru nagon amore minez
ainarak aire hegaz joanak
larrazkeneko haize beroan
ez dakin beti neke doanak
non den eztia bere geroan
bilatu hauta ibai ertzeko
artadi edo pago haltzetan
auhen batean desagertzeko
udaberriko irri galtzetan
mineralaren amen errautsa
aurki dezaken izar artean
hats bahitua euria hautsa
igari dela arrats partean
ezpain mutuen ikara hitza
ortzadar eske doala gauez
hator laztana ekiak bitza
goiz akituak baketu lauez
ikusiko dun zorion bihotz
ihesi maite hautala zinez
egin dezala kanpoan izotz
haiduru nagon amore minez
X
euriaren desira menpera dezakeen trenak
baino balio gehiago ote du
ausentziaren argizagiak?
neguko
neguko
neguko
presentziarik zergaitik bilatu
izar ihintzaren nostalgiaz beterik
dauden elurrak estali bazterrean?
XI
ibaiak kurutzatzen diren hirian
aurkitu hautenean
itsasorantz abiatu gaitun.
hiri so geratu naun
-o nolabaiteko maitea!-
eta hire begietan uhainak
lehertzen miretsi ditinat.
ibaiak kurutzatzen diren hirian
aurkituko garea
berriro?
XII
geltokietan bazaude garardoak edaten
jakingo dut
elurrik ez dela mendi gailurretan
elurrik ez dela ahur zimurtuetan
gesaltzen denik
mendekuaren gauetan.
besarkatuko zaitudanean
menturaz
malkotan urtzeko gogoa,
XIII
hurbiltasunaren hunkimenik ez edukitzeak
damuz ordezkatu dorpearen zamaz
karrastatzen gintuen.
urrunak ziren artadiak, urrunak ere
haur abestien kristalak,
urrunak azkenik oroitzapenaren mugak.
huelga egunetan hiria zeharkatzen genuen
gero: ai banintz!
ai banu...
iraztorretako bi zuhaitz bakartien gisan
hiria zeharkatzen genuen huelga egunetan
XIV
desertuetan esperatzen ohituak garenok
biharko iluntzetan banan bana
zutituko gara
sablea urratsez markatzearren.
haurrei airatzen irakatsiko diegu
ortzearen ispilutan dilindan dabiltzan
izarren dantzan kulunkatzeko
gai izan daitezen.
desertuetan esperatzen ohituak garenok
erabat aldatuak atzemango gaituzte
hiri aberatsetako harresietara
bideratuko garenean
eta apalik erranen dugu:
-ez gara aldatu
espero denborak gaitu
higatu.
nehork ez gaituzke sinetsiko.
desertuetan esperatzen ohituak garenok
atorrak urratuz
papoetako sarraski horbainduak
erakutsiko dizkiegunean
irriz hasiko dira.
bakardadearen usaina usnatuz urrunduko
zaizkigu aitortuko dugula
bakardade biluziaz baizik
ez dugula iraun
desertuetan esperatzen ohituak garenok
eta o maitea!
kantatuko dugunean
haizearen musiketan bermatuz
ezti gogoz geneuzkan sohakoak
hauts bihurtzen ikusiko ditugu.
baina euriaren mingaitzean bustiko gara
betikotasunaz erretzeko.
desertuak lur moldatu gaituelakoan
lohiaren zalantzaz jantziko gara.