Bye
— Bai?
— ¿Don Fidel Mentxaka?
— Bai.
— Al aparato Andrés Roberto Mendoza, de Movistar Telefónica.
— Disculpe. No me interesa...
— En Movistar venimos ofreciendo un contrato que se ajusta perfectamente a su perfil de...
— No me interesa.
— Si no me equivoco, actualmente usted tiene contrato con Orange, ¿cierto?
— Disculpe, pero...
— Usted perdone, Don Fidel, pero el contrato que le ofrecemos tiene ventajas sustanciales sobre...
— No me interesa. Estoy contento con...
— El contrato WeekEnd de Movistar le ofrece todas las llamadas de fin de semana gratis y la opción de...
Kiroldegiko atea ireki nuen, sakelakoa itzaltzearekin batera. Telefono-zenbakia ezkutuan zuten deiak ez hartzeko erabaki zuhurra berreskuratzeko gogoz nengoen, baina ezin, Saioak ere zenbaki pribatua zeukan-eta. Nola gorrotatzen nuen telefonoa hartu eta Kolonbiako edo Venezuelako edo Ekuadorreko gizajo horietako bat tokatzea, ahots kantari xelebre bat entzutea, nire Saioaren ahotsa espero nuenean... Hori ez, konpai, hori ez da egiten.
Txaparroa jantzi nuen, txanoa, txankletak. Eskuan hartu nituen igeri egiteko betaurrekoak eta esku-oihala. Ariketa fisikoa behar nuen, askatu behar nuen barruan neraman ezinegona, bortizkeria. Deabruaren koskabiloak! Horixe! Koskabiloetaraino nengoen inork ezin ulertzeaz, nik neuk ere nire burua ez konprenitzeaz, nire ekintzek eta pentsamenduek zeramaten bide elkarren aurkakoaz. Ez zen posible horrela jarraitzea.
Murgil egin nuen uretara; dena garbitzen omen du urak, erruduntasun sentipena izan ezik. Liberatuta sentitu nintzen, hala ere, hasieran. Ur hotzaren laztana azalean, soinurik eza ur azpian, burbuila baten barruan sentitzearen topikoa nire-nirea nuen igerilekura joaten nintzen bakoitzean. Hasierako ameskeria besterik ez zen izan, ordea; hirugarren luzerako buruari bueltak ematen ari nintzen, garuneko neuronak harat-honat semafororik gabe, Saioa eta fideltasuna antonimo gisa ulertzen... Gloria ikusten nuen egongelako besaulkian eserita, kopetilun, galdezka: «Nor da fideltasunaren antonimoa, esan! Nor da Gloria baino atseginago duzun emagalduaren sinonimoa?». Igerilekuetan pentsamendu arraroak etortzen zitzaizkidan, auskalo zergatik, Gloriak ez baitzukeen sekula hala hitz egingo. «Norekin jarri dizkidak adarrak, putakumea? Akabatu egingo diat puttana hori!». Ondo ezagutzen nuen. Ez zen italiarra, eta ez zuen puttana esango, baina napolitarrik grinatsuena bezain odol berokoa zen.
— Eta hori? —esan zidan Saioak, begi ondoan neukan harramazka seinalatuz—. Maitale sutsuren bat? Edo haserreturen bat, akaso?
Saioaren irribarrean antzematen zen gustura ari zela saguaren eta katuaren jolasean. Unibertsitate inguruan egin genuen topo, etxerako autobusa hartzera nindoanean. Flirteoaren hasiera zen, baina ez lehenengo aldia... Urdinez margotuta zituen azazkalak. Hain guapa zegoen...
— Ez bat, ez bestea —erantzun nion, eskuarekin Iñakiren semeak egindako harramazka laztanduz—. Nahiago bai nik azkazal urdineko neska lirainen baten atximurka grinatsua balitz!
Burua jaitsi zuen, lotsatuta, baina irribarrea galdu gabe. Bataila bat irabazita, pentsatu nuen nire artean; zailagoa izango zen gerra irabaztea.
Buruan neukan zurrunbiloa askatzeko igeri asko egin behar nuen, zurrunbiloetatik ateratzeko lehendabizi zure burua barruraino erortzen uztea komeni dela dioten arren... Hori izan zitekeen soluzioa: eramaten utzi, erortzen utzi. Amildegiari hortzak erakutsi beharrean, hegan egin beldurrik gabe, hegan egin erortzen ari zarela onartu gabe, zeure burua engainatu eta hegan ari zarela sinetsarazi, erortzen ari zarela jakinda ere. Edota, erortzen ari zarela onarturik, gutxienez hegaldiaz gozatu, nahiz eta jakin, nahiz eta zalantzarik izan ez, hegan egiten duzun azken aldia izango dela.
Garai ederrean jarri zidaten gurasoek izena. Bazekiten haiek zerbait. Egiari zor, aspalditik nengoen nazka-nazka eginda fidel izan beharraz. Gloria eta bion artekoa ondo zebilen Saioa agertu zenean, baina ez zen hori kontua. Erregularki egiten genuen larrutan, erregularregi agian, eta polito moldatzen ginen ohetik kanpo. Antzeko zaletasunak izanik, elkarrekin afaltzera joaten ginenetan benetan gozatzen genuen; solasaldi bikaineko emakumea zen, ahobero samarra izan arren, baina nork ez du akats inozoren bat. Banituen nik handiagoak!
Eta hala eta guztiz, gizonen zera hori zela-eta, edo nirea bakarrik ote da, kalean ikusten nituen emakume ia denak desio nituen, eta nire ikasleak zer esanik ez. Lodixeagoak, argaltxoak, titi handiak, ipurdi ederrekoak edo ez, ezpain haragitsukoak, begi urdinak, sudur zorroztunak, sudur-zulorik gabeak! Denak! Tira, batez ere, gazteak. Berrogei urteen krisia, deitzen diote batzuek.
Hirugarren ilaran esertzen ziren hogei urteko haiek ziren nire ahuldaderik handiena. Irakaslearen pulpitutik hitz egitean, han goitik, eroso sentitzen nintzen haien aurrean, harro. Nire buruari entzutea gustatzen zait, irakasle gehienei bezala, eta halako audientzia ederrarekin are gehiago. Gozatu egiten nuen klaseak ematen, oilartu egiten nintzen dena ikasteko zeukaten haiei nekien guztia irakatsi beharraz. Baina nori interesatzen zaizkio atomoak, molekulak, sistema periodikoa? Kimikako kontu txatxuak baino, bizitzaren formulak erakutsi nahi nizkien.
— Ez al zaizu iruditzen, bizitzeko formularik onena formularik gabe bizitzea dela? —esan nion Saioari, lehendabiziko aldiz larrua jo eta artean ohean ginela. Nire esaldi kuttunetakoa zen: ikasle gaxteak liluratzeko gezi zuzen eta ziurra. Diz-diz egin zioten begiek hogei urteko neskatoari; nire bularrean pausatu zuen burua, besoarekin besarkatzen ninduen bitartean.
Azken ilarako ikaslea zen Saioa. Berandu iritsi eta goiz joaten zena. Neska argal eta luzea, bazen metro laurogei baino gehiago. Motz uzten ninduen, baina bere hanka luzeek katramilatzea desiratu nuen, klasera presaka eta berandu azaldu zen lehen egunetik. Nahiz eta isil eta lotsatia zirudien, neskatila xalo eta maitekorra zen aurrez aurrekoan: ahal zuen guztietan eskua edo besoa edo sorbalda ukitzen zidan, sotilki bazen ere. Itxura eta egiaren arteko kontraesan hark hasieratik harrapatu ninduen. Geroxeago ohartu nintzen laztan arin haiek niri soilik egiten zizkidala, eta horrek azalpen bakarra —eta argia— zeukan: Saioak desio ninduen, ikasle batek irakasle bat desiratzea baino gauza naturalagorik eta arruntagorik ez dagoen modu horretan. Gizon batek hainbat emakume maitatzea bezain naturala, baina hain gutxitan gauzatzen dena... Irabazteko denak nituen hala nahi izanez gero, botere-harreman horrek berez zeukan erakargarritasunarengatik, egungo neska gazteek aspaldi gaindituta zituztelako aurrejuzgu inozoak, sexuaren tabua zelako sexuaz ezagutzen ez zuten gauza bakarra. Biok sentitzen genuen desio hura gauzatzeko erabakia hartzea zen zailena niretzat, gizartearen kontrako bidetik gidatzeko ausardia biltzea. Bai, bikotekide egonkorra nuen, eta zer? Bai, nire ikaslea zen, eta zer? Bai, hogei urte gazteagoa zen, ETA ZER? Zenbatekoa da isuna? Gona motzarekin eta pantiekin etortzen zenean, urtarril gorrian, ez nion besterik errepikatzen nire buruari: ETA ZER? ETA ZER? Zenbat puntu ken zitzaketen horregatik? Legeak ez al dira apurtzeko egiten? Bizitzeko formularik onena ez al zen..., eta abar eta abar.
Katarroarekin nenbilen eta mukizapiari gogor eragin ondoren jo nuen Saioaren ikasle-pisuko txirrina. Doministiku egiten ari nintzen une berean ireki zidan atea. «Osasuna!» esan zuen, sartzera gonbidatzearekin bat. Lau ikasleko etxean bakarrik geratua zen, Konstituzioko zubiaren jai-egun bezpera izanik alde egin baitzuten gainontzekoek euren herrietara, edo eskiatzera, edo noranahi. Ez zen alferrik galtzeko aukera!
— Cola Cao bat, orduan? —eskaini zidan Saioak, eta baiezkoaren ondoren esnea berotzen jartzen ari zela atzetik joan eta besarkatu egin nuen, berrogei urteek ematen duten lotsagabekeriaz.
Esne hura sutan jartzeko denborarik gabe eman zuen buelta Saioak. Jokoan jarri genituen mingainak. Sukaldeko barran apur bat bermatuta zegoen bera, makurtu antzera, nire parean ondo egokitzeko.
Alkandora laxatu nion, botoiz botoi, pausoz pauso, eta musu eman nion lepoan, paparrean, eta beherago, eta beherago. Bularretako beltz fin hura kendu ez kendu egon nintzen, baina Saioaren beso artetik irrist, belaunikatzeraino makurtu nintzen. Ezin izan nion eutsi alua galtzen gainetik usaintzeko tentazioari, sudur puntarekin laztantzeko grinari. Hortzekin jaitsi nion kremailera. Ez pentsa, abilidadea behar da. Galtzak kentzean iritsi zen lehen sari handia: alutxoa ozta-ozta estaltzen zion tanga beltz bat zeraman. Musu eman nion izter-barrenetan.
— Ez dakit hau egin behar genukeen —esan zidan Saioak, ederrago egiten zuen azken uneko urduritasun erdi harekin.
— Arrazoi duzu —erantzun nion, tanga sotil hura atzamar puntekin heldu eta ahal bezain astiro kentzen nion bitartean—. Ez nizuke katarroa kutsatu nahi...
Igeri egitearen beste alde ona horixe da, erekzio bat duzunean ez dela inor konturatzen, ez behintzat nik eramaten ditudan txaparro zabal hauekin. Gainera, gila jarrita errazagoa da kalea mantentzea. Lau luze gehiago egin behar izan nituen, odola bere onera hozteko. Ederra nengoen! Zurrunbilotik nola atera hausnartzera joan eta Saioarekin pentsatzen zakila hanpatuta bukatu! Gure bulkadei kontra egiten dakigulako omen gara gizakiak (Freud dixit), horrela sortzen omen dira gizarteak, baina baita bortitz eta zorigaiztoko egiten gaituzten frustrazio handienak ere.
— ¿Don Fidel Mentxaka?
— Al aparato.
— Le llama Roberto Carlos Rodríguez Fuentes, de Movistar Telefónica.
— Encantado de conocerle Roberto Carlos Rodríguez Fuentes. Yo soy Fidel Mentxaka Gerrikagogaskoa.
— Encantado Don Fidel Mentxaka Gerrika... Encantado de conocerle, Don Fidel.
— Dígame Don Roberto Carlos. ¿Qué desea?
— En Movistar Telefónica le ofrecemos un contrato con innumerables ventajas.
— ¿De qué se trata, Don Roberto Carlos?
— Si no me equivoco usted tiene contrato con Orange en el aparato móvil y con Euskaltel en el fijo. ¿Es correcto, Don Fidel?
— Correcto.
— Bien. Si usted se cambia a Movistar, tanto en el aparato móvil como en el fijo, le ofreceremos una tarifa plana, contrato DUO, que incluye todas las llamadas nacionales, tanto de móvil como de fijo, a sólo 20 € por mes. ¿Qué le parece, Don Fidel?
— Me parece fantástico, Don Roberto Carlos.
— ¿Querría proceder a contratarlo, Don Fidel?
— No, gracias.
— Dese usted cuenta que lo que le vengo ofreciendo no lo va a tener usted en ninguna otra compañía, Don Fidel.
— Me doy perfecta cuenta, Don Roberto Carlos. No me interesa.
— El contrato DUO que le ofrezco tiene grandes ventajas...
Piiiii.
— Gustura al habil igerian? —galdetu zidan Iñakik.
— Oso. Hasieran ezinean ibiltzen ninduan, arnasarik gabe beti; baina bizkarka ikasi diat, eta primeran moldatzen nauk orain.
— Zenbat luze egiten dituk?
— Berrogei bat.
— Egun berean?
— Lau egunetan, no te jode! Zer nahi duk?
— Kaña bat.
— Bi kaña, mesedez —eskatu nion barrara gerturatu berri zen zerbitzariari—. Hik ez al duk batere kirolik egiten?
— Larrua jotzeaz aparte, esan nahi duk?
— Bi umerekin, eta topatzen duzue tartea, e!
— Askorik ez —zintzotu zen Iñaki—. Gogorik ere ez..., ez ezak pentsa. Tarte bat dugunean egunkaria irakurri edo lasai egon, besterik ez diagu egin nahi izaten... Hik jo eta ke jarraituko duk Gloriarekin, kabroia!
— Ez nauk kexatzen.
— Astean behin bai?
— Dena esan behar al da?
— Beno, beno... —tragoa eman zion Iñakik garagardoari. Beste horrenbeste egin nuen nik—. Ondo, orduan, Gloriarekin?
— Bai, ondo —esan nion, konbentzimendu handirik gabe nonbait.
— Baina...
— Ez zagok bainarik. Polito moldatzen gaituk.
— Beste norbait zagok... —Iñaki putakume hark bazuen nire barruak ikusteko abilidade alua.
Isilik geratu nintzen. Tragoa eman nion garagardoari, denbora irabaztearren.
— Zerria! Beste norbait zagok!
— Bai.
— Ikasle bat!
— Bai —aitortu nion. Nola arraio ote zekien.
— Putakumea!
— Bazakiat. Ez diat barkamenik merezi.
— Barkamenik? Kabroi galanta eginda hago!
Beste trago bat eman nion garagardoari. Zur eta lur begiratzen zidan Iñakik.
— Sekulako neska puska izango duk, gainera!
— Ba bai.
— Hi haiz hi kabroia. Hemeretzi urte?
— Hogei.
— Titi handiak?
— Bai, tira... Handi samarrak.
— Zerri alua! Eta Gloriak ez zakik ezer, noski.
— Ez. Ez diat uste. Ezetz espero diat.
— Ez duk uste, ez duk espero, ala ez?
— Ez. Ez zakiat. Nik dakidala ez. Ez zidak ezer esan behintzat.
— Zer nahi duk esatea! —tragoa eman zion Iñakik garagardoari, lasaitu nahian bezala—. Eta zer egin behar duk?
— Batzuetan pentsatzen diat dena...
— Hemeretzi urte! Hi haiz hi putasemea!
— Hogei.
— Zer?
— Hogei dituela.
— Hemeretzi, hogei... Zer axola ziok! Zer duk, beroaldi bat, ezta?
Odola irakiten hasia neukan, damututa nengoen harrezkero aitorpena egin izanaz. Halako garrasiekin inguruko guztiak jakinaren gainean jarriak zituen Iñaki kaikuak. Urduri begiratu nuen aldamenera, nor edo nor ezaguna ikusteko beldurrez.
— Ez duk maitasuna izango, ezta? —galdetu zidan Iñakik, erantzuten ez niola ikusita—. Maite duk ala larru-jotze on baten bila ari haiz?
— Joan hadi popatik hartzera! Maitasuna?! Beroaldia?! Nik ba al zakiat! —aztoratu nintzen—. Biak akaso. Hau zer duk, galdeketa bat? Noiz azalduko duk polizia zintzoa?
— Bale, bale... Lagundu besterik ez diat egin nahi.
— Ba ez zirudik.
— Laguntzeko informazioa behar diat.
— Zer duk hiretzat maitasuna?
— Joder, Fidel...
— Errazena galdetzea duk, ostia!
— Ez hadi horrela jarri...
— Hirea Arantxarekin zer duk, maitasuna ala ohitura?
— Joder, Fidel...
— Joder, Iñaki!
Inbidia apur bat ere izango zuen akaso.
— Arrazoi duk —xumetu zen, eta trago bat kendu zion garagardoari—. Sekulako inbidia ematen didak, alde batetik, ez ezak pentsa.
— Inbidia? —galdetu nuen, baina alde batetik? pentsatu nuen.
— Bai, motel! 20 urteko neska batekin...! Ostia, kanpaia jotzearekin potroetaraino nagok!
Hori zen, orduan.
— Eta zer egingo duk? —galdetu zidan lasaiago.
— Ez zakiat. Nik Gloria maite diat...
— Gloria maite duk, baina... Nola izena dik hire...?
— Saioa.
— Baina Saioarekin larrua jotzea bezalakorik ez zagok, ezta?
— Hori duk. Beroaldia izango duk, deitu egiok nahi duan moduan, baina une honetan berarekin larrua jo besterik ez diat egin nahi. Hori ere maitasuna izango duk, ba!
— Nik beste gauza bati deitzen zioat maitasuna.
— Zer duk hiretzat maitasuna?
— Maitasuna? Ez zakiat. Norbaiten alboan betirako egoteko gogoa izatea, haren laguna eta maitalea izatea, gehien behar hauenean bere alboan izatea.
— Ba orduan maite diat.
— Maiteminduta hago! —harritu zen Iñaki—. Berrogei urterekin!
— Ostia, Iñaki! Berrogei urterekin bat ezin al da, ba, maitemindu?!
— Ostia, Fidel! Bai noski, baina... —aldamenera begiratu zuen, eta ahots-tonua jaitsi—. Maiteminduta al hago, benetan? —eta enfasia eman zion azken hitzari.
— Maitemina, maitasuna, beroaldia... Zein da aldea?
— Ez zekiat, Fidel. Maiteminduta egotea duk sentitzea norbaiten alboan egon eta ez duala sekula santan banandu nahi, ezta komunera joateko ere. Ondo asko dakik, norbaitekin harreman bat hastean lehen urtean-edo pasatzen zaian hori... Denok bizi izan diagu... Beste kontu bat duk, gau bateko beroaldian, aquí te pillo, aquí te mato hori... Ulertzen didak.
— Ez duk gau bateko kontua... Harrapatuta nagok oraintxe. Maiteminduta, ez zekiat... Ba bai. Maiteminduta. Ez diat buruan besterik.
— Eta Gloria?
— Gloria ere maite diat.
— Baina Fidel... Nola nahi duk...
— Bazakiat, ostia! Baina, zergatik ez, joder?
— Eskuetan lehertuko zaik esperimentua.
— Bazakiat... —esan nion, burua makurtzeaz bat.
Garagardoari lotu gintzaizkion.
— Ez zauzkaagu hogei urte —esan zidan.
— Bazakiat, joder.
Hasperen egin nuen.
— Nik ere izaten ditiat halako tentazioak —jarraitu zuen xumeki—, askotan gainera, baina...
— Baina ez dituk gauzatzen.
Buruarekin baiezkoa egin zidan. Ez zituen aurrera eramaten, ez. Baina ez zuelako nahi ala ezin zuelako? Lagunarteko afarietan-eta ikusia nuen nexka gazteei arrimatzen... Ez zen atzean geratzen zen horietakoa... Ezina ekinez ezina zen Iñakirena, argi zegoen.
— Horrenbeste konplikatzen gaituk kontu hauekin... —esan zuen nire aldera lerratuz—. Zer duk azkenean txortaldi bat?
— Txortaldi bat? Larru-jotze bat...
— Bai, baina zer duk larru-jotze bat?
— Ez zakiat zer esan nahi duan.
— Joango gaituk masaje bat hartzera, laztanduko ziguk gorputz osoa ezezagun batek, eta ez duk ezer pasatzen —esan zidan.
— Ja...
— Sartu egiok zulotxoan mingaina, zer mingaina!, hatz punta!, eta kito!, hireak egin dik. Ez zaukak zentzurik. Ondo begiratuz gero, ez zaukak inongo zentzurik.
— Baina arau hauekin bizi gaituk.
— Horixe. Arauak...
— Arau madarikatuak.
Topa egin genuen, klask, elkarren kontra garagardo-edalontziak.
— Lehengoan igerilekuan kristoren zakila zeukan tipo batekin egin nian topo dutxetan —esan nion.
— Kristoren zakila?
— Bai, ikaragarria. Parabola perfektu bat egiten zian, kurba handi bat. Lurrerantz zuzen erortzen zen zintzilikario bat izan beharrean, banana bat ematen zian.
Marrazkia egin nuen airean, besoarekin.
— Zakila ez, arrautzak zizkian handiak orduan! —ebatzi zuen Iñakik.
Barre egin genuen.
— Polita al dik? —galdetu zidan.
— Zer?
— Alutxoa. Polita al dik?
— Ostia, Iñaki...
— Polita al dik?
Trago luze bat eman nion garagardoari, nire begiak Iñakirenetan pausatu aurretik.
— Zoragarria —erantzun nion.
— Hi haiz hi putakumea!
— ¿Don Fidel Mentxaka?
— Bai, ni naiz. Baina ez dut jakin-minik eskaintzen didazun horretan...
— Disculpe, ¿Don Fidel? Le llamo de Movistar Telefónica, mi nombre es...
— Eskerrik asko, baina ez dut ulertzen. Euskaraz hitz egiterik bai?
— ¿Disculpe? ¿Habla usted español?
— Eta zuk, euskaraz badakizu?
— Disculpe, señor. ¿No habla usted español?
— Barkatu?
Piiiii.
Izan ere, hain ezaugarri on eta desiratua al da fideltasuna?, galdetu nion neure buruari, igerilekuko hirugarren kalean barneratzen nintzen bitartean. Zer da, bada, fideltasuna, gizakiok hainbeste gurtu dezagun? Hainbeste zaindu dezagun? Horrenbesteko errezeloz begira diezaiogun? Fideltasuna, leialtasuna, zintzotasuna. Pertsona batekiko denean, harekin zintzoa izatea, ez engainatzea. Ez engainatzea? Zertan? Beste batekin larrua jotzea engainatzea al da? Eta beste batekin fantasiak izatea edo amestea ez? Eta beste batekin oheratzen ez dena leiala al da beti? Baina, eta norberaren desioekiko zintzotasuna? Desira haiek guztiak erreprimitzean al datza leialtasuna? Ez al da, orduan, fideltasuna fidelkeria bihurtzen? Are, zer da zintzoagoa, norberaren desirei men egin eta egindakoa ezkutatzea ohiko bikoteari minik ez egitearren, ala norberaren desirak albo batera utzi eta batekin txortan ari zarela bigarrenarekin pentsatzea? Leialtasuna da hori? Eta zer da garrantzitsuagoa, zure bikotekidearekin zintzoa izatea, ala zure buruarekin?
Ai, Saioa, ai. Ai, Gloria, ai. Biak maite nituen, bakoitza era batera, baina biak. Saioak flirteoa eskaintzen zidan, larru berriaren arnasa, sentsazio zaharrak —ia ahaztuak— berreskuratzeko aukera, nostalgiari leiho bat irekitzea, maiteminaren egonezina, sabelaldeko berotasun erregarri hura... Gloriak egonkortasuna ematen zidan, maitalearen adiskidetasuna, segurtasuna, bidelagun samurrenaren babesa, maitasuna. Hitz handiak ziren haiek. Ez al zen posible? Gizarteak ezetz esaten zidan, eta hori, zalantzarik gabe, pisu handia zen. Baina men egin behar al zaio beti gizarteak dioenari? Eta hura aldatzeko aukera galdu?
— Jarriko al diguk beste bat? —eskatu zion Iñakik zerbitzariari—. Gizarte honen armiarma-sarean ezinezkoa duk...
— Ezinezkoa? Ez didak esango bi emakumerekin dabilen lehenengoa naizela!
Beste bi garagardo ekarri zituen zerbitzariak.
— Eta zer egin behar duk? Ezkutuan mantendu?
— Noski! Zer nahi duk, Gloriari min egitea?
— Eta non zagok orduan gizartea aldatzeko nahia?
— Joan hadi popatik hartzera!
— Ez baduk egiten duana zabaltzen, ez haiz gizartean aldaketa bat eragiten ari... Hire burua engainatzen baizik.
— Esan al diat popatik hartzera joateko?
— Deitu egiok zakil kurbatuko arrautza handi hari, hark ederki emango zidak-eta.
— Nik ere badiat abilidadea.
— Bistan zagok, bistan zagok...
Gloriaren larruan jarri nintzen une batez. Saioarenean. Enpatiaren kontu hura guztia. Nola biziko nuke, maite nuen norbait horrek, ni maitatzeaz gain, beste norbait ere maite balu? Ni maite ninduen bezainbeste edo gehiago maite balu bigarren pertsona hori? Maite al daiteke, benetan, asko edo gutxi? Neurgarria al da maitasuna? Edo larrua norekin jotzen den, hori da kontua? Gure bikotea besteren zakilak miazkatzen ibiltzea, horrek izorratzen al gaitu? Burua atera nuen ur azpitik eta justu une horretan aldamenekoak hankarekin igorritako zipriztin guztiak irentsi nuen: galdera guztiak ito zizkidan erantzuna. Harrezkero, zalantzan nengoen igeri egiteak on edo kalte egiten ote zidan, ez ote neukan pentsatzeko denbora gehiegitxo igeri egiten nuen bitartean... Nirekin dagoenean ni maite banau, ni laztantzen banau, ni goxatzen banau, nirekin dagoenean nirekin egon nahi badu eta nirekin badago, zer gehiago eska nezake? Zer axola dio nirekin ez dagoenean egiten duenak? Pertsonak —ondasunen tankeran— norbaitenak balira bezala! Nire neska, nire emaztea, nire bikotea... Nirea eta ez beste inorena? Zer ote dago horren atzean? Maite duzun hori galtzeko beldurra? Txikitan maitasun eta kontaktu nahikoa jaso ez izana? Erlijioek kutsatutako gizarte gaixoek urteen poderioz bizkar gainean kargatutako motxilaren zama eta honek sortzen digun beldurra? Uretatik atera nintzen. Igerian gehiago egiteagatik ez nituen beldurrak errazago uxatuko.
Puskak bildu nituen 112 zenbakidun armairutik. 112, ohartu nintzen. Ostia, 112. SOS. Zenbaki hartara deitu eta norbaitek lagunduko banindu. Hain erraza balitz. «Arazo larri bat dut, bi emakume maite ditut, eta inork ez nau ulertzen». Ostia! Bi emakumek maite naute! Ez al zen zoragarria? Bi emakumek maite naute, baina beste guztiek gorroto! 112. Bat gehi bat berdin bi?
— ¿Don Fidel Mentxaka? Al aparato Jesús Pablo Gutiérrez.
— Eusko gudariak gara, euskadi askatzeeekooooo. Gerturik daukagu odola bere alde ematekooo. Irrintzi bat entzun da, mendi tontorreaaaaan...
Piiiii.
— Zer moduz eguna? —galdetu nion.
Muturbeltz sumatu nuen Gloria.
— Ondo —erantzun zidan gogotxarturik.
— Lanean ondo?
— Bai —entsalada prestatzen ari zen, letxuga garbitzen, hostoak banan-banan uretatik pasatzen, ur-iragazgailura amorruz botatzen.
Zakarrontzira bota zituen kondarrak.
— Joder, Fidel! Ez duzu zaborra atera!
— Barkatu. Oraintxe eramango dut.
— Eres la hostia, Fidel! Ez dakit non daukazun burua —zabor-poltsari korapiloa egiten saiatu zen, baina beteegia zegoen. Lurrera erori ziren bota berri zituen kondarrak.
— Kaka zaharra!
— Utzi, utzi...
Banekien elkarrizketa nola bukatuko zen. Berdin zion zer esaten nuen. Ez neukan ihesbiderik. Hanka gehiegi ez sartzea zen egin nezakeen onena.
— Ekarri tipula.
Iñakirekin izan nuen elkarrizketa etorri zitzaidan gogora, Saioaren alutxoaz egin zidan galdera. Saioari tanga beltz ahantzezin hura jaitsi nion unea, Saioaren alua, alu zoragarri hura nire mihiaren usainera parez pare irekitzen.
— Fidel!
— Bai?
— Tipula!
— Zer?
— Tipula!
— Tori.
Uste nuena baino haserreago zegoen. Zaborra botatzera joatea izango zen onena.
— Ez dut entsaladarik jango —esan nion, zabor-poltsa hartzearekin batera.
— Niretzat da.
Ia egunero joaten nintzen igerilekura. Arnasbidea nuen berez, aterabidea, ihesbidea, baina zurrunbilo handiegitan ez ote nintzen sartzen, zalantza horixe nuen azkenaldian, eta nire burua lasaitzeko asmoz, igeri egiteari baino, behinola yogan ikasitako arnasa-ariketak praktikatzeari eman nintzaion, ura belaunetaraino iristen ez zen umeen igerilekuan. Hildakoaren antzera buruz gora jartzen nintzen, besoak zabalduta, igeritako betaurreko eta guzti. Arnasa sakon hartu eta birikak puzten zirenean, uretatik kanpora irteten zitzaidan gorputz-enborra, eta pixkana-pixkana botatzen nuen airea ahotik, modu konstante batean baina ahalik eta mantsoen, ahalik eta gehien luzatuz biriketatik kanpora airea botatzeko eta hala gorputza urperatzeko prozesu hura, aurpegiko atal bakoitza uretan nola hondoratzen zen sentituz, belarriak lehenbizi, kokotsa, begiak eta masailak gero, eta azkenik, ahoa ur azpira sartzera zihoanean, ahoa ur azpira sartu baino lehentxeago, arnasa sakon hartu berriz, birikak bete poliki, gorputza pixkanaka berriz ur azalera aterarazi, prozesu guztia behin eta berriz hasteko. Funtzionatzen zuen. Benetan erlaxatzen ninduen, eta arnasaren jarioan kontzentratu behar horrek distraituta mantentzen zuen nire gogo nekaezina.
— Don Fidel Mentxaka. Al habla Timothy Andres Morales.
— No me interesa.
— ¡Cómo que no te interesa, malparido! ¡Si todavía no te he dicho lo que te ofrezco, socabrón!
— ¿Cómo has dicho que te llamas?
— Me cago en tu puta madre arroba hijoputa punto com.
Piiiii.
Txatean ari nintzen Saioarekin. Flirteoaren hasiera aldera-edo... Baina ez nengoen denbora galtzeko:
— Gaur zurekin egin dut amets.
— Ez da egia!
— Baietz ba! Biolontxeloa jotzen ari zinen.
— Biolontxeloa?
— Soineko urdin bat zeneraman, eta azazkalak ere urdinez margotuta.
— Bai zera!
— Baietz ba! Ez al duzu instrumenturik jotzen?
— Bateria jotzen dut.
— Harpa jotzen?
— Baietz ba!
— Ja, ja, ja —idatzi nion—. Ez dut zu bezalako neska fin bat bateria jotzen imajinatzen.
— Ogia zuk erosiko? —Gloria zen une berean, beste txat bat egiten ari zitzaidana.
— Nire kontu —jarri nituen dantzan teklak.
— Zergatik ez? —galdetu zidan Saioak—. Nik bezalako neskek pianoa eta biolontxeloa soilik jo al dezakete ba?
— Zer ordutan iritsiko zara? —Gloriak—. Beti bezala?
— Ez, ez —erantzun nion Gloriari, Saioari idatzi nahi izan niona.
— Beranduago? —Gloriak.
— Beranduxeago —erantzun nion, hanka-sartzeari estaldura ematearren.
— Ez, neska —erantzun nion Saioari segidan.
Lana pilatzen ari zitzaidan.
— Baina ez ukatu neska gutxi ikusten direla bateria jotzen.
— Bazkaltzeko itxoingo dizut? —Gloriak.
— Estresa uxatzeko bikaina da! —Saioak.
— Ez. Bazkaldu zuk —Gloriari.
— Ondo da. Mx —eten zuen Gloriak komunikazioa, eta arnasa hartu nuen.
— Izerdi ederrak egiten ditut —jarraitzen zuen Saioak berearekin.
Nik ere bai txat kontu hauekin... Arnasa sakon hartu nuen erantzun aurretik.
— Sinesten dizut —idatzi nion, izerdi hotzetan Saioa izerditan imajinatze hutsarekin—. Nik beste era batean egiten dut izerdia...
— A bai? —interesatu zen.
— Kirolarekin, esan nahi nuen.
Hogei urte nituenean bezala sentitzen nintzen. Nola gustatzen zitzaidan flirteatzea!
— Eta zer gertatzen zen gero? —Saioak.
— ??? —idatzi nion ulergaitz.
— Ametsean...
— A! Gogoratzen zure soineko urdina?
— Azazkalen kolore berekoa...
— Hain ondo gelditzen zitzaizun huraxe bera, bai! Ba, une batetik bestera, ez zeneraman gainean.
Saioaren erantzunaren zain egon nintzen, atrebituegia ez ote nintzen izan zalantzan. Ez zegoen atzera bueltarik, ordea.
— Noiz gonbidatuko nauzu kafe bat hartzera? —aurreratu nintzen, bere erantzuna iritsi baino lehen, kartutxo denak gastatzeko beldur apur batekin—. Zure ikasle-etxe horretara, esan nahi dut.
— Ez dugu kafeterarik. Ikasle-pisuak, badakizu...
Ikasle-pisu bat kafeterarik gabe? Nola aldatzen diren gauzak.
— Egia esan, kafea ez zait gehiegi gustatzen —idatzi nion hala ere—. Hartuko dut Cola Cao bat.
— Jende asko gara... Beti dago norbait bueltaka...
— Eta ez dagoenean?
Beste isilune bat txat bidezko elkarrizketa isilean. Teklen soinua soilik alde bietan.
— Idatziko dizut —jarri zidan Saioak azkenean—. Joan beharra daukat.
— Plazer bat izan da —erantzun nion, baina berandutxo, etena baitzuen komunikazioa.
Zalantzarekin geratu nintzen, ausarkeria ez ote nuen garestiegi ordainduko... Gazte-denboran koldarregia izateagatik irteten ziren ihesi enarak, mantsoegia izateagatik asper-asper eginda alde egiten zuten hegan; berrogei urteek emandako eskarmentuarekin, taktika aldatua nuen, baina orduko hartan ez ote nintzen goizegi hasi tiroka, enarak artean urrunegi zeudenean... Funtsik gabeko beldurrak, geroago jakin ahal izan nuenez...
— Haurrak ere bai?! —muturtu da Gloria.
— Bai.
— Me cago en la puta, Fidel. Eta zergatik ez didazu orain arte ezer esan? Nik Iñakirekin eta Arantxarekin egoteko gogoa neukan.
— Eta egongo zara.
— Kaka! Azalorea ere etorriko da? —horrela deitzen dio Segurolari, azalorea bezain motela delako. Kiloka gatz behar omen du—. Bikotea ere ekarriko du, noski... Nola izena du?
— Sandra.
— Neohippyak agoantatzearekin gutxi, eta sorta guztiarekin geratu behar!
Mayo eta Agurtzane dira neohippyak, hippy desitxuratuak Gloriaren ustez. Asko maite ditu, urrun daudenean.
Muturtuta dago beste behin Gloria, haserre dauka Fidelek —ez daki zergatik—, botila-ardoa eskuan Iñakiren etxeko tinbrea jo dutenerako.
— Gabon, parea! —ireki die atea Iñakik.
Agur ziztrin bat esan gabe sartu da Gloria. Sukaldera bideratu ditu urratsak, eta Arantxari kopa bat ardo eskatzen entzutea iruditu zaio Fideli; «Ardo bat behar dinat», uste du esan diola, eta kezka lauso bat txertatu zaio gogoan.
— Zer du? —galdetu dio Iñakik.
— Nik ahal dakit, ba!
— Ez zen hireaz...
Isiltzeko agindu dio haserre, keinu argi batekin.
— Lasai, motel! —esan dio, bi gizonek euren urratsak egongelara zuzentzen dituzten bitartean—. Azkenak zarete.
— Gora Fidel! —egin du betiko txistea Mayok. Gizajoa ez da inoiz aldatuko.
— Gora! —errepikatu dute denek, eta barre egin dute umeek, ezer ulertu gabe.
Bost haur daude; bikoteko bina, eta Segurolari Sandraren herentzian tokatutakoa.
— Eta Gloria? —galdetu dio Agurtzanek, Mayoren bikoteak, Fideli.
— Sukaldean kateatuta geratu dela uste dinat. Arantxarekin.
Harantz egin du Agurtzanek, eta bere atzetik baita Sandrak ere. Andaluziarra da Segurolaren bikotea, Jaengoa, eta euskaraz egiten ez duenez, intuizioz mugitzen da sarritan.
— Kattalin! Erakutsi lagunei jostailuak, tira! —Iñakiren esana bete eta korrika alde egin dute umeek, jostetan.
— Zer moduz, aspaldikoa! —bota dio Segurolak etorri berriari.
— Ondo. Zuek ere bai? —Fidelek.
— Ez hi bezain ondo, seguru —erantzun dio Mayok, maltzur antzera, iruditu zaio Fideli, nahiz eta askotan esana dion antzekorik, bere irakasle bizitza Mayoren iritziz ezin hobearen aitzakian. Oraingoan, ordea, desberdina iruditu zaio tonua.
— Zer nahi duk? —eskaini dio edatekoa Iñakik.
— Zerekin ari zarete?
Botila-ardo dotorea erakutsi diote.
— Vega, erreserbakoa! Kontxo! Ez zagok gaizki!
— Kopatxo bat?
— Jarri, jarri.
— Dena ondo? —galdetu dio Mayok.
Iñaki putakume arraioa... Ezin mingaina geldirik izan... Begi-zeharka begiratu dio Fidelek, baina ezer ez dakienaren aurpegia bueltatu dio.
— Ondo, ondo —erantzun du Fidelek—. Zuek ere bai? Umeak eta? Beno, begi bistakoa da.
— Ez itzak inoiz izan! —esan du Iñakik edalontzia Fidelenera gerturatuz—. Gugatik!
— Gora gu! —egin du topa Segurolak ere.
— Eta gora maite gaituzten emakumeak! —bota du Mayo kabroiak.
Argi dago Iñaki putakume horrek Gabriella Fox porno-izarrak baino mingain dantzariagoa duela.
— Osasuna! —esan du Segurolak—. Por la paz mundial!
— Gu gabe topa egiten? —galdetu du Arantxak. Bueltan dira emakumeak.
— Baina zuen omenez! —harrotu da Segurola, eta musu eman dio Sandrari, hasiberrien grinarekin. Zer den maitemina!
— Por la paz mundial? —harritu da Sandra, gaztelaniaz esan duten esaldi bakarrari traza ezin hartuta. Gainditu gabe dauka, artean, Phil marmotaren ikasgaia.
Irribarre egin du Mayok.
— Jarriko al gara mahaian?
Fideli eta Gloriari ez zaie leku aproposegia tokatu. Umerik ez duten bakarrak izanik, umeen aurrean egokitu zaie, edo jarri dituzte. «¡A ver si te viene el instinto!», esan dio Sandrak barrez, Gloriaren fobiaz ezjakin. Hitzok inbutu bidez eta murtxikatu gabe irentsarazteko moduko begiratua itzuli dio opari, txibista eta guzti. Ikasgai asko dauzka gainditzeke Sandrak.
Mayo eta Agurtzaneren bi munstroak dituzte parez pare: Maddi neskatila, Fidelek; Beñat mutikoa, Gloriak. Euren gurasoen artean daude bi umeak, ondo zainduta. Gloriaren alboan Sandra dago, Segurolari eskutik helduta (pack berean doaz biak, elkarrekin beti, bai aurrera bai atzera, erori gabeko dorre bikiak); Segurolak, Sandra eta seme herentziazkoa zaindu beharra dauzka, alde banatara. Arantxa eta Iñaki ere beren bi seme-alabak euren artean hartuta daude. Haurrak nagusien artean txertatzeko ohitura alua. Agurtzanek dioenez, nagusiekin integratzea omen haurrak ondo sentitzeko aukera onena... Euren umeentzat onena nahi dute, noski, baita gainontzeko guztien kalterako bada ere. Eskuzabalak Agurtzane eta Mayo, denen hobe beharrez jarduten dutela esan eta eurena soilik bilatzen dutenak. Neohippyak. Horixe.
Urdaiazpikoz bildutako zainzuri gaztaz gainerreak eta txangurroz betetako crêpeak jan ondoren, azpizunaren txanda iritsi da. Plantxan egin ditu Arantxak, eta txanpinoiekin atondu platerean, italiar erako saltsa gozo batekin. Lan ederra hartu du.
— Ama, ez dut gehiago nahi —esan du Kattalinek.
Arantxak ulerkor begiratu dio.
— Maitea, jan egin behar duzu. Probatu al duzu? Goxo-goxoa dago!
— Jan, maitea —esan dio Iñakik ere.
— Ez dut nahi.
— Goxo-goxoa dago —esan du Unaxek, Kattalinen anaia txikiak.
— Baietz? —esan du Arantxak—. Ikusten nola jaten duen Unaxek? Bere alboan txiki geratuko zara laster!
— Ez dut nahi.
— Jan egin behar da, Kattalin —sardexka ahoan sartzen hasi zaio ama—. Jan egin behar duzu. Amatxo arratsalde osoa egon da afaria prestatzen.
— Ez dut nahi!
— Jan!
— Maitea —saiatu da Iñaki emaztearen lekua hartzen, tonu lasaixeagoan—, probatu beharra daukazu behintzat. Amatxok goxo-goxoa egin du. Tira, probatu. Ikusiko duzu nola gustatzen zaizun...
Aitaren sardexkak daukan haragi zatia onartu du Kattalinek muturbeltz. Besoak gurutzatuta dituela murtxikatu eta irentsi du.
— Goxoa, ezta? —galdetu dio aitak.
— Ez dut gehiago nahi.
— Qué rico está —esan du Sandrak—. ¿Verdad, Andresito?
Sandraren 13 urteko eta ia 70 kiloko mutiltzarra da Andresito. Gerraosteko poeta baten semea dirudi. Hori da jatea!
Ama eseri zaio alboan Kattalini.
— Ba, jan egin beharko duzu —alkandorako mahukak bildu ditu Arantxak, eta haragi zatiak mozten hasi da amorruz, alabak ahoa bi eskuekin estaltzen duen bitartean.
— Eeezzzzz!
Alabaren ahoa estaltzen duten besoak apartatu nahian ari da Arantxa, borroka betean.
— Zer duzu, maitea? —galdetu dio Agurtzanek burumakur dagoen Maddi alabari.
— Ez dut nahi, ama...
— Ez duzu goserik? Ez da ezer gertatzen, maitea —esan du Agurtzanek—. Ez baduzu goserik, ez jan. Asko jan duzu dagoeneko.
Arantxak haragi puska bat ahoratu dio alabari, ondo kostata. Negarrari eman zaio Kattalin.
— Kattalin, gauza bat egingo dugu? —egin ditu bitartekari lanak Iñakik—. Zer iruditzen lau zati hauek jaten badituzu?
— Ez dut nahi!!!
— Dena jango duzu! —esan dio Arantxak.
— Ez!
— Lau zati hauek. Ados, amatxo? —zuzendu zaio Iñaki emazteari, keinu lasaigarri batekin.
Arantxa aulkitik jaiki da.
— Egin nahi duzuna! —sukaldera joan da.
— Lau zati hauek jango ditugu. Ados? —esan dio aitak Kattalini.
Negarrez ari da umea. Iñakik lehen zatia ahoratu dio: baaat.
— Alferrik da behartzea, ez badute nahi —ebatzi du Agurtzanek.
Iñakik ez entzunarena egin du.
— Umeak eurak dira euren beharrak hobekien kudeatzen dituztenak, ez al da hala, maitea? —esan dio Agurtzanek Mayori, eta bikotearen mahai azpiko ostikoa besterik ez du jaso bueltan.
— Noiz egin behar diagu squash-apustua? —bota dio Mayok Fideli, suari hauspoa ez emate aldera—. Jarraitzen al duk igeri egiten?
— Jarraitzen diat, bai.
— Eta? Noiz ausartuko haiz?
— Nahi duanean.
— Nahi duanean, noiz?
— Ez zakiat. Hitz egingo diagu...
— Beti berdin. Ez daukak potrorik!
— Jarri data.
— Biii —sartu dio Iñakik bigarren haragi puska besoak gurutzatuta jarraitzen duen alabari.
— Ostegunean —esan du Mayok—. Itxoin, ostegunean ez. Korrika egitera joan behar diat.
Barre egin du Fidelek.
— Ikusten? Hi haiz beti arazoak jartzen dabilena.
— Ondo murtxikatu, e —gaztigatu dio Iñakik alabari. Masailezurreko keinua nabarmen puztuz erantzun dio alabak, setati.
— Ostiralean! —proposatu dio Mayok.
— Ostiralean ezin diat.
— Koldar potro gabea...
— Joan hadi popatik hartzera!
— Hiruuu —sartu dio Iñakik hirugarren haragi zatia Kattalini.
— Ama... —errepikatu dio Maddik Agurtzaneri—. Nik ez dut gehiago nahi.
— Ez jan, maitea. Ez baduzu nahi, ez da ezer gertatzen.
— Jan al du? —galdetu du Arantxak sukaldetik bueltan.
— Bai —esan du Iñakik.
— Tira, ekarri —kendu dio platera Arantxak alabari.
Unax anaiak ere platera luzatu dio, azpizun erdia platerean utzita.
— Tu Andresito sí que come, eh, Sandra —bota dio Iñakik, erdalduna apur bat integratzeko asmoz.
— Pues sí. La verdad es que no me puedo quejar... Ha salido comilón, a que sí, mi amor! —burua laztandu dio bere hamahiru urteko seme lotsatuari, besoa Segurolaren sorbaldatik luzatuz eta semeari lepoa ahalik eta gehien bihurritzera behartuz amaren laztanetik ihesi.
Arantxa itzuli da sukaldetik.
— Oso ona dago —esan dio Fidelek.
— Eskerrik asko, Fidel.
Beti bezain adeitsu, Fidel, pentsatu du Gloriak, eta euskaltegian ikasitako esaera harekin gogoratu da: kanpoan uso, etxean... Otso balitz behintzat! Ezta hori ere! Etxe pareko auzokoen leihoan egun osoa kalera begira lurrean etzanda —bertan goxo, bertan lasai— egoten den San Bernardo zuriarekin gogoratu da. «Kanpoan uso, etxean San Bernardo». Mingaina atera dio Gloriak aurrean daukan Beñati. Begira-begira dauka afaltzen hasi direnetik. Zenbat urte izango ditu? Sei, zazpi? Badu garaia horrela ez dela begiratzen ikasteko...
— Azpizunarentzako saltsa, nola egin duzu? Ba al dago jakiterik?
Nahi duenean badaki ondo geratzen Fidelek, bai, egin du Gloriak bere artean.
— Noski! Zergatik ez, ba? —harrotu da Arantxa—. Txanpinoiak frijitu...
— Agian, sekretu profesionala da...
— Beno, beno, mesedez! Oso erraza da... Begira. Txanpinoiak frijitu olio txorrota batekin eta baratxuri hortz batekin, ardo beltz tanta bat ere bota behar zaio, eta ondo frijituta daudenean...
— Esan erdaraz —proposatu dio Iñakik emazteari, buruarekin sotilki Sandra dagoen aldera seinalatuz.
—Aita, kaka —esan dio Unaxek Iñakiri.
— Pues se fríen los champiñones con un poco de aceite de oliva y un diente de ajo bien troceado y un poco de...
— No. Por mí no os preocupéis, eh. Si ya voy cogiendo poco a poco.
— Ardoa noiz botatzen diozu, Aran? —sartu da tartean Gloria—. Frijitu aurretik olioarekin batera, edo ondoren?
— Garrantzitsuena alkohola erretzeko zartaginean denbora tarte batez uztea da.
— Gaztelaniaz, maitea.
— No os molestéis, de verdad —Sandrak.
— Itzuliko zioat nik —saiatu da Segurola—. No me cuesta nada.
— Si no es molestia —erantzun du Iñakik—. Es cuestión de respeto.
Barre egin du Gloriak, sarkastikoki egin ere, berak ikasi aurretik irentsi behar izan zituen euskara hutseko afariak gogoan. Airean ulertu dute denek bere barre desitxuratua. Gaztelaniaz jarraitu du Arantxak. Cuestión de respeto.
— Lo importante es no hacer demasiado la carne, y echar la sal después de sacarla del fuego.
— Aita, kaka —errepikatu du Unaxek.
— Itxoin pixka bat, Unax. Orain joango gara —erantzun dio Iñakik.
— Eske kaka daukat...
— Oraintxe bertan izan behar al du? Ezin duzu bost minutu itxoin?
Ezetz egin dio buruarekin semeak, eta mahaitik altxatu dira.
— ¿El chocolate? Se funde al baño maría... —postrearen azalpenei buruz dihardu orain Arantxak.
— Eta bizkotxoari zer gehitu diozu? —galdetu du euskaraz Gloriak; ez dago barkatzeko.
Irribarre egin du Sandrak eta ezker-eskuin mugitu du burua sotilki. Badatoz bueltan aita-semeak.
— Bizkotxoari? Betikoa... Jogurta, azukrea, limoi apurtxo bat... Ai, perdona Sandra... Un yogur, un poco de azúcar...
Tragoz hustu du aurrean zeukan baso ardoa Gloriak.
— Ese puto niño no para de mirarme —esan dio Fideli xuxurlan.
Ostikoa eman dio Fidelek mahai azpitik, ahots-tonua jaisteko esanez. Baina egia da: Beñatek ez dio begirik kendu afari osoan.
— Ama, gehiago! —eskatu dio beste bizkotxo zati bat Kattalinek.
— Azpizuna daukazu, nahi baduzu, goxo-goxoa...
Muturtu egin da, beste behin, alaba.
— Tori —eman dio bizkotxo zatia, eta baita musu bat ere amak.
Agudo egin dituzte txokolatezko bizkotxoarenak. Gozo-festan ez dago intsumisorik.
— Zer nahi duzue? Rona? Patxarana? Kubataren bat? —ondo egin nahi ditu Iñakik anfitrioi lanak.
— Ron txupito bat —eskatu du Gloriak. Fidelek whiski bat nahi du, Sandrak ezer ez.
— Ez, ez, eskerrik asko —Segurolak.
— No me jodas, Segu! —bota dio Iñakik aztoratuta.
— Beno. Jarri egidak txupito bat patxaran.
— Txupitoa? —galdetu dio Mayok burla-haizez.
— Azken boladan doblea disfrutatzen diat txupito patxaranarekin.
— Erdia izango duk, ba! —Mayo aluak. — Gintonic bat hartuko diat nik.
— ¡Qué coño miras, niño! —atera zaio oihua Gloriari, Mayoren seme Beñatek begirik kentzen ez diola ikusita.
Beldurtu egin da umea.
— Zer duzu zuk Gloria? —defendatu du Agurtzanek semea—. Lasaitu zaitez, mesedez. Afari osoa daramazu muturtuta.
— ¡No me ha quitado ojo en toda la cena! —azaldu du.
— Zer duzu, Beñat? —galdetu dio amak amultsuki, seme izutua lasaitzeko asmoz—. Zergatik begiratzen diozu horrela Gloriari?
Beñatek ez du hitz erdirik esaten. Zurbil-zurbil dago.
— Zer duzu, maitea? Esan lasai. Ez da ezer gertatzen...
— Eske aitak esaten du... —hasi da azkenean, zotinka, begirada mahaitik altxatu gabe.
— Zer esaten du aitak —adoretu du amak.
— Aitak esaten du zezenak baino adar handiagoak dauzkala, eta nik ez dizkiot inondik ikusten.
Isiltasuna egin da egongelan. Haurra negar betean hasi da; badaki zerbait gaizki egin duela. Segurolak blink edan du txupito patxarana. Sandra adi dago, zer harrapatuko, zer ulertuko. Arantxa postreko platerak jasotzen hasi da. Iñakik edalontzia bilatu du. Agurtzane mahaitik altxatu da eta Beñat eraman du negarrez, eskutik helduta. Mayo bekainak jasota geratu da, jaitsi ezinik bezala. Fidelek mahaiaren mantelean finkatuta dauka begiratua.
Altxatu egin da Gloria, eta berokiaren bila joan gabe atera da, atea danbateko ozenarekin itxiz.
— Gloria! —atzetik joan zaio Fidel korrika.
Ez neukan ohearen epelean lo egiteko esperantzarik eta sofan etzanda nengoen. Gloriak ez zuen nirekin hitz egin nahi izan, ez zituen nire erreguak entzun, ezta barkamen-eskaerak ere. Alferrik izan ziren ahalegin guztiak. Baziren lau ordu logelan itxita zegoela.
Bat-batean egongelan azaldu zen. Makillajearen arrastoak zeuzkan begi-masailetan. Buruko bat zekarkidan: bake-seinale bat?
— Eskerrik asko, maitea. Zer moduz zaude? Hobeto? Bihar hitz egingo dugu lasaiago, ados? Nahi duzu zerbait? Katilu bat esne bero? On egingo dizu... Nahi duzun moduan... Egin ezazu lo, bai, hori izango duzu onena, ni hemen geratuko naiz, bihar goizean hitz egingo dugu.
— Bai —eta musu eman zidan masailean. Lasaituta zirudien.
Musu leun horrek bigunduta soilik hartu ahal izan ninduen loak, Eurosporteko ping-pong partida amaiezin bati begira. Gogoratzen dut —zer diren gauzak— Saioarekin egin nuela amets.
Esnatu nintzenean, argitua zuen eguna, isiltasuna zen nagusi etxean, txoriak kantari kalean, eguzkitsu zegoen. Logelara bideratu nituen urratsak lurra kontuz zapalduz, nire maitea esnatzeko beldurrez; goiz zen, artean.
Tira egin nion atearen maratilari, eta gure logelara sartu behar huts horrek susmo txarra eman zidan. Zer aurkituko nuen. Edo zer ez nuen aurkituko. Maratila askatu nuen, atzera. Bezperako elkarrizketarekin gogoratu nintzen —ping-pongaren tik-tak gorrotagarri hura hondoan—, eta bihozkada izan nuen ez nuela Gloria gehiago ikusiko, logelara sartu eta hutsik egongo zela ohea, hutsik egongo zirela armairu eta tiradera guztiak, buruz behera mesanotxeko bion argazkiak. Bat-batean susmoa izan nuen bezperako Gloriaren musua berarengandik jasoko nuen azkena izango zela, eta hitz hura, azken musua lagundu zuen baieztapen hura, agur esateko modu bat —agur amerikar bat— besterik ez zela izan. Gazia da izerdiaren zaporea. Ez aurrera ez atzera egon nintzen une batez. Mutur aurrean neukan ateak ito egiten zuen nire begirada, ordea. Maratilari tira egin, eta logelara sartu nintzen.