Alter ero
Alter ero
2012, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-40-9
azala: Bertol Arrieta
Bertol Arrieta
1975, Zarautz
 
 

 

Nobela bat idazle baten bizitza sekretua da,

gizon baten anaia biki iluna.

William Faulkner

 

 

 

 

By-pass

 

 

                        Willyri,

                        ipuin hau idazteko

                        iparrorratza eman zidalako

 

 

Ilea moztera joatea erabaki nuen. Zer egin nezakeen bestela? Hiru orduko ebakuntza izango zela azaldu zidaten, ezin nezakeela ezer egin ospitalean, ondo etorriko zitzaidala aire freskoa.

        — Esku onetan dago zure aita —esan zidan medikuak.

        Ez nengoen taberna-zuloan sartuta egoteko umorez, ezta paseatzeko ere, eta zorte pixka batekin bakea aurkituko nuen ile-apaindegian, solasaldi entretenigarri bat akaso. Aspalditik nenbilen, gainera, nire ilaje zarpaila atontzeko asmoz; ezin, baina. Aita, lana, alaba, emaztea... Lehentasunen zerrenda luzea neukan, txima kontuei kasu egiten hasterako.

        Ezagutzen ez nuen auzunean bizpahiru buelta emanda topatu nuen bila nenbilena: Peluquería Saturno. Izenak konfiantza askorik ematen ez zidan arren, barrura jo nuen bitan pentsatu gabe.

        Ez zegoen txanda eskatu beharrik han. Hiru besaulki hautsa pilatzen, ispilu luze banaren aurrean. Mahaitxo bat, ETAren bezperako atentatuaren berri ematen zuten egunkariz josita, inguruan lau aulki huts zituela, eta bosgarrenean, berrogeitaka urteko gizon bat, pelukeroa nonbait, txutxu-mutxuen aldizkari bat irakurtzen. Gogaitu antzera zuzendu zitzaidan, aldizkaria albo batera utzita, eta besaulkian esertzeko agindu zidan lehor.

        — Eta? —galdetu zidan ispilutik barrena, oihala jartzeaz bat. Begi arraro samarrak zituen; ematen zuen margotuta zituela. Edo betazal oso luzeak zeuzkan.

        — Pixka bat txukundu —esan nion, belarri atzeko ileak seinalatuz.

        — Beharko —erantzun zidan erdeinuz.

        Han bukatu zen elkarrizketa. Ilea mozten ari zitzaidala, ez zidan ispilutik begiratu ere egin, ez ondo ari ote zen galdetu, ez gehixeago edo gutxixeago moztea nahi ote nuen; sudur puntan jarri zitzaiona egin zuen, eta nik ez nuen eragozteko nahikoa indar bildu. Guraizeen klisk eta klask artean, elkarri begira jarritako bi ispiluk sortutako infinitu txikian lausotu zitzaidan gogoa, eta aita oroitu nuen ezinbestean, sukaldeko mahaian jarrita, oso aspaldikoa izanagatik besteak bezalakoa zen gau arrunt batean. Boligrafo zabar bat hartu eta kiniela egiten ari zen afalostean, amak platerak eta edalontziak erretiratu eta papurrak biltzen zituen bitartean. Harritu egin nintzen gomuta hura etorri zitzaidalako. Ez zen estimu bereziz gordetako oroitzapen bat. Banituen politagoak, eta baita ilunagoak ere, baina pentsamendu xume hura izan nuen: aita, etxeko sukaldean, kiniela egiten.

        Artisten irizpideak jarraitzen zituela esan ohi zuen. Lehen hamahiru lerroetan batekoa jarriko zuen eta hamalaugarrenean bikoa, adibidez. Edo bat, ixa, bi, bat, ixa, bi, bat, ixa, bi eskema jarraituko zuen hurrenean, «diagonalen magia» bilatzen. Ixa, bi, bi, bi, ixa, bat, bat, bat, ixa, bi, bi, bi eta honelakoak ere atsegin zituen. Ez zidan graziarik egiten metodoak, tonto samarra ere bazen, baina inoiz ez nion buelta askorik eman kontuari. Nire anaia gaztea, ordea, aztoratu egiten zen aitaren modu harekin. Futbol zalea zen Koldo, eta alferrik jokatutako apustua iruditzen zitzaion, tentuz egiten baitzituen berak kinielak, talde bakoitzaren unean uneko egoera aztertuta: aurreko jardunaldiko emaitzak, talde baten eta bestearen bajak, entrenatzaile aldaketak... Eta, hala ere, gehiago asmatzen zituen aitak eskuarki. Horrek amorratzen zuen anaia. Hutsalkeriak ziren niretzat ika-mika haiek, eta horrexegatik harritu ninduen kinielei buruzko akorduak, noiz eta aitari bihotz-ebakuntza egiten zioten bitartean.

        — By-pass bat jarri behar dizugu —esan zion medikuak, bularreko min handia zuela-eta ospitalera joan ginen hartan, beharrezko azterketa eta analisiak egin eta gero. Kopeta zimurtu zuen aitak—. Bihotzera doan arteria bat buxatuta daukazu. Ordezko bide bat sortuko dugu buxatuta duzun zatian, odola arazorik gabe iris dadin bihotzera. Ebakuntza oso ohikoa da.

        — Ez du ezer entenditzen —bota zuen amak aldamenetik.

        — Ama, mesedez... —ohartarazi nion.

        Aita baino zaharragoa izan arren, biziagoa zen ama, nerbio hutsa; airean hartzen zituen denak. Aita, berriz, moteldu antzera zegoen ordurako, eta ez zuen ondo entzuten, nahiz eta belarritako aparatua zeraman. Nahi zuena entzuten zuela esan ohi zuen amak, komeni zitzaiona.

        — Aita —esan nion hitzak mantso ahoskatuz—, Txindokira joateko atzeko bidea sastrakak hartuta egoten zenean, zer egiten zenuten zuek?

        — Zer?

        — Txindokira. Sastrakak hartuta zegoen bidea. Gogoratzen?

        — Sasiak hartuta?

        — Zer egiten zenuten bidea sasiak hartuta zegoenean?

        — Garbitu.

        — Alferrik zabiltza, Jon —eten zidan amak.

        Entzungor egin nuen:

        — Eta garbitu ezin zenean?

        — Ezin zenean?

        — Bai. Sekulako sasiak hartzen zuenean bidea.

        — Sekulako sastraka zenean? Bidea aldamenetik egin.

        — Horixe egingo dizute, aita. Bihotzera doan bide bat sasiak hartuta daukazu —poliki ebaki nituen hitzak—. Ordezko bidea irekiko dizute.

        Pentsakor geratu zen. Amak ezetz egiten zuen buruarekin, aitak ezer ulertzeko esperantza galduta.

        Bidetxior bat bihotzera? —bota zuen aitak ustekabean.

        Irribarre egin zuen medikuak. Bide-zidor bat bihotzera, horixe zen dena. Ez zen, bada, azaltzeko hain zaila.

        Ondo irten zen ebakuntza itxuraz, eta segituan bidali zuten etxera. Egunean hamaika pastilla hartu beharko zituen, odola mehetzekoak barne.

        — Gainerakoan bizitza normala egin dezakezu. Dieta zaindu beharko duzu, noski. Eta oinez ibili, ahal duzun sarrien.

        Berandu eta nekatuta iritsi nintzen ebakuntzaren gau hartan etxera. Giltzak sarrailan sartzearekin batera aditu nuen emaztea, «badator aita!» esaka, baina Maddiren korrikaldia nire besoetara iritsi aurretik eten zen. Azken urratsa nik egin behar izan nuen, ikaratu antzera begiratzen zidan hiru urteko alaba besoetan hartzeko. Nire aurpegia aurrez aurre izan arte ez zuen besarkada erabat onartu. Afaltzen ari ginela ere, artean, behetik gora begiratzen zidan mesfidati, arrotza banintz bezala.

        — Ez eman bi buelta kontuari. Ez du merezi —esan zidan emazteak oheratutakoan—. Baina ez itzuli sekula santan ile-apaindegi horretara.

 

 

Handik hilabete eta erdira hil zitzaigun aita. Segituan buxatu zen by-passa, edo hori izan zen behintzat esan zigutena, eta akabo. Espero baino hobeto eraman nuen, hala eta guztiz. Ez negarrik, ez burukominik, ez depresiorik, ez ezer. Lo ere ondo egin nuen gau hartan. Azken hilabeteetako ospitalerako joan-etorri ugari haietan dolurako bidea egiten aritu izan banintz bezala. Ama ni bezain fuerte antzeman nuen. Dramarik gabe eman zigun berri txarra telefonoz, eta ez zitzaion lutoz egun gehiegi egoteko intentziorik sumatu. Koldo lehenbailehen etortzea, horrek soilik kezkatzen zuen.

        — Zure anaia hori... —esan zidan marmarka beilatokian, izeba Juanita agurtu ondoren, biok bakarrik geratu ginenean.

        — Biharko etorriko dela agindu dizu.

        — Biharko, biharko... —erretxinduta zegoen.

        — Hemen izango da hiletarako. Badakizu nola ibiltzen den, alde batetik bestera, gaur Madrilen, bihar Sevillan. Ez du lanbide erraza.

        — Aita hil da, Jon! Aitzakia merkeagorik! Ni hiltzen naizenean ere...

        — Ama!

        Beilatokiko arduraduna sartu zen.

        — Barkatu, itxi beharra daukagu.

        Amak eserita jarraitzen zuen, bere baitan bilduta.

        Aitaren gorpura hurbildu nintzen. Hilkutxan zetzan kristalaren beste aldean, traje dotoreenarekin, eskuak zilbor gainean jarrita. Beiratean zegoen orban nabariezin batek desbideratu zuen nire arreta une batez. Eltxo txiki bat zen. Eskuarekin uxatzen saiatu nintzen, baina hantxe gelditu zen, kieto: kristalaren beste aldean zegoen.

        Zurbil zegoen aita, baina ez zuen itxura txarrik. Lotan zirudien, hilik bainoago. Makillaje lan onak egiten zituzten, zalantzarik gabe, leku hartan. Ospitalean zerraldo ikusi nuenean, are argalagoa eta zurbilagoa iruditu zitzaidan.

        Beilatokiko arduraduna agertu zen bat-batean aitaren hilkutxaren ondoan, eta egundoko sustoa eman zidan; kristalaren alde hura hildakoentzat —eta eltxoentzat— soilik erreserbatuta egotea espero banu bezala. Hilkutxa ixteko baimena eskatu zidan keinu nabariezin batekin. Bazuen abilidadea kontu delikatuak hitzik gabe adierazteko.

        — Ama —deitu nion—, ixtera doa.

        Beilatokiko arduraduna apur bat apartatu zen hilkutxatik, eta lurrera begira jarri zen, besoak luzatuta, esku batez besteari eutsiz. Amari zerbait esan behar niokeela pentsatu nuen, baina ez zitzaidan zentzuzko ezer bururatu.

        — Goazen, ama —esan nion azkenean, sorbaldatik helduta, eta gelatik irten ginen, arduraduna hilkutxa ixten utzita.

 

 

Iluntzen hasita zegoen beilatokiko parkingera jaitsi ginenean. Hamabost bat kotxe, parking ez oso handian. Ustez nirea lagatako lekura hurbildu, baina falta zela ohartu nintzen. Beste nonbait utzia izango nuela pentsatu nuen hasieran, desorientatuta nenbilela lur azpiko paraje monotonoan, zementuzko horma eta habeen artean galduta. Txikia da parkinga, pisu bakarrekoa. Ziur nengoen hantxe bertan utzi nuela, baina ez zegoen kotxearen arrastorik. Badaezpada buelta osoa eman nion aparkalekuari, ama une oro begi-bistan nuela.

        — Kotxea lapurtu didatela uste dut —esan nion.

        — Hemen lapurtu? Bai zera!

        — Zu zauden tokian bertan laga dut eguerdian.

        — Seguru al zaude?

        — Bai, ama! Hementxe utzi dut —altxatu nuen ahotsa, nahi gabe— eta orain ez dago!

        — Horixe behar genuen...

        Sakelakoa atera nuen.

        — Zertan ari zara?

        — Taxi bati deitu beharko diogu ba...

        Zain geundela, beste itzulinguru bat egin nuen, badaezpada, baina alferrik.

        — Zertan lan egiten du zure anaiaren emazte horrek? —galdetu zidan amak taxian abiatu orduko. Auskalo zer pentsatzen ari zen.

        — Martak?

        — Marta izena al du?

        — Saltzailea dela uste dut.

        — Eta zer saltzen du?

        — Fabrika bateko saltzaileen sailean ari da.

        — Ez al didazu esan behar zer saltzen duten?

        — Ez dakit zehazki, ama. Bernizak eta horrelakoak. Bihar galdetuko diozu Koldori.

        — Etortzen baldin bada.

        — Ama...

        Sakelakoa atera nuen.

        — Izaskun, ni naiz... Ondo, ondo... Kontutxo bat: kotxea lapurtu didatela uste dut... Bai, beilatokiko parkingetik... Bai, bai... Amari lagunduko diot aurrena, taxian goaz... Ondo dago, bai... Lasai egon, berandutu egingo zait-eta... Maddi hor al dago? Utzi, utzi, berdin dio... Ados. Eta zu, zer moduz?... Bai, ondo nago. Musu bat. Ez egon nire zain.

        — Eta? —galdetu zidan amak.

        — Ertzainetara joango naiz.

        — Lagunduko dizut.

        — Zerbait jan behar zenuke. Eta lo pixka bat egin. Nekatuta zaude. Bihar egun luzea...

        — Nahi duzun bezala, nahi duzun bezala.

 

 

Tinbrea jo behar izan nuen polizia-etxearen sarreran, atea ireki ziezadaten. Barruan, itxarongela batera eraman ninduen ertzain uniformedun batek.

        — Oraintxe artatuko zaitugu —esan zidan euskara nahiko aldrebesean.

        Itxarongela hotzean ez zegoen beste inor. Gelaren alde banatan, elkarri lotutako plastiko gogorreko lau aulki; sabaian, kamera bat, zer gerta ere; horman zintzilik, Ibarretxeren argazki bat, irribarretsu, ikurrinaren ondoan; bestean, istripu baten argazkia eta gainean letra handietan 112 zenbakia, telefono baten irudiaren ondoan. Ordu laurden pasatxo egon behar izan nuen zain.

        — Venga conmigo, por favor —esan zidan azkenean ertzain batek.

        Bulego antzeko batera eraman ninduen. Ez posterrik, ez landarerik, ez argazkirik. Sabaian kamera bat. Mahai gainean batere paperik ez; ordenagailu bat eta telefono bat. Datuak hartu zizkidan gaztelera batuan, teklatuari bi hatzekin sakatuz.

        — Esadazu zer gertatu zaizun.

        — Beilatokian pasa dut arratsalde osoa.

        — Non? —moztu zidan.

        — Beilatokian.

        — Ezagunen bat?

        — Aita.

        — Sentitzen dut.

        — Eskerrik asko.

        Isilune deseroso baten ondoren zerbait idatzi zuen ordenagailuan. Bukatzeko zain egon nintzen.

        — Arratsalde osoan egon naiz beilatokian, amarekin. Eta autoaren bila joan garenean, orain dela gutxi, zortziak pasatxo-edo, autoa ez zegoen utzitako lekuan.

        — Beilatokiko parkingean?

        — Hori da.

        — Ziur al zaude beilatokiko parkingean utzi duzula autoa?

        — Bai.

        — Ziur zaude? Ez iezadazu gaizki ulertu. Egoera hauetan...

        — Ziur nago.

        — Eta ziur al zaude parkingean ez dagoela? Agian lekuz nahastu zara... Ondo begiratu al duzu?

        — Bi aldiz eman diot buelta osoa, eta ezer ez.

        — Erabat ziur zaude? —galdetu zidan, ¿está usted totalmente seguro?

        Azkenerako, zalantzan jarri ninduen guztiz ziur egon behar horrek:

        — Baietz esango nuke...

        — Konforme —onartu zuen ertzainak orduan, eta kotxeko datuak eskatu zizkidan: matrikula, kolorea, marka—. Parte emango dugu oraintxe bertan.

        Elkar agurtu eta sarrerako aterantz hurbildu nintzen. Harrerako ertzain emakumezkoak botoiari sakatu zion atea ireki ahal izan nezan. Atzera egin eta komunera joateko baimena eskatu nion, ordea.

        — Hor eskuinean, itxarongelaren aldamenean.

        Zuri-grisak ziren komun ezin aseptikoagoren baldosa, pixatoki eta ateak. Gorotz-tokira jo nuen. Ez zegoen espero bezain garbia: eserlekuan, iletxo bat bazen, eta komun-zuloan, besteren baten arrastoak ere bai.

        — Ez da parte onekoa! —esango luke gure aitak.

        Sekulako garrantzia ematen zion komunen txukuntasunari. Ez garbitasuna neurrigabeki maite zuelako —berdin-berdin egingo zituen egin beharrekoak lau hilabetean garbitu gabeko zulorik zikinenean ere—, komunaren egoerak lekuaren kalitatearekin zerikusi zuzena zuen uste osoa zeukalako baizik. Ezkontza-bazkaria egitekoak ginenean ere hala esan zidan, menuaren aukeraketarekin genbiltzala:

        — Begiratu al dituzue komunak?

        — Aita... —esan nion, eta kalitatearen berme guztiak zituen jatetxea hautatu genuela azaltzen saiatu nintzen.

        — Hik begiratu komunak —agindu zidan—. Zer fundamentu egingo dute komun zikineko jatetxe baten sukaldean.

        Ez zen erraz etsitzekoa gizona.

        Hesteak libratu nituen, eserlekua paperaz ondo igurtzi ostean. Ate ezin zuriagoak ematen zuen tokiaren tamaina; ez zuloak behintzat. Luma atera nuen paparreko poltsikotik. Komun-zulo hark ez zuen hain ate garbirik merezi. Buruan nerabiltzan hainbat lema —Dirua doan!, Gora Euskadi ataskatuta!, Brokolia denontzat!—, baina tapa kendu orduko damutu zitzaidan asmoa. Ez al ziren han ere kamera zelatariak izango? Kotxerik gabe eta isunarekin etxera itzultzea, besterik ez nuen behar! Sabaira begiratu nuen. Komunetan ezin daiteke kamerarik jarri, pentsatu nuen. Komunetan ezin liteke kamerarik ipini, zuzendu nuen neure burua, baina polizia-etxeko komunetan? Edonork bonba bat utz zezakeen bertan... Sartzean ez ninduten erregistratu, ezta metal detektagailutik pasarazi ere... Ala bai? Zelatatua nintzeneko sentipenarekin garbitu nuen ipurdia.

        Kanporako bidea hartu nuenean, telefonoz ari zen datuak-eta hartu zizkidan ertzaina. Atea erdi irekita zeukan, baina garbi aditu ahal izan nion putasemeari:

        — Nik al dakit, ba? Akaso bere aita izan da...! —eta barre txiki bat azkenean.

 

 

Beste taxi bat eskatu bezain laster deitu nion Izaskuni.

        — Bai, jarri dut salaketa... Berehala. Taxiaren zain nago. Ez, ez... Ez dut goserik.

        Taxian sartu nintzenean, ordea, beilatokira joatea otu zitzaidan. Azken begiratu bat eman behar niokeela deliberatu nuen. Badaezpada ere. Mezu baten burrunbak atera ninduen nire burutazioetatik. Sakelakoa atera nuen. Abiada bizian zihoan taxia, farolak eta zuhaitzak atzean utziz. Anaia zen: «Enauk iritsko iletarko. Moldtuko aiz zta? Barkazak». Bere dei galdu bat ere banuen. Halakoxe estiloa zeukan: koldarrarena. Nirekin hitz egiten saiatu zela adierazi nahi zidan dei galdu harekin, eta hartu ez nionez mezu bat bidali behar izan zidala. Ondo ezagutzen nuen; banekien nolakoak ziren nirekin hitz egiteko bere ahaleginak: txirrin bakar bateko dei galduak.

        Taxian bertan jaitsi ginen beilatokiko parkingera. Ilunpetan, parking ia hutsa erakusten zuten autoaren argi hori kolorekoek. Porlanezko habeek eta haien itzal luzeek santutegi itxura ematen zioten lekuari, puntarik gabeko piramide zapal baten oinarria bailitzan. Eta hildakoak gainean...

        Zur eta lur geratu nintzen: hantxe zegoen, eguerdian utzi nuen toki berean. Taxilariari zor niona ordaindu eta nire kotxean sartu nintzen. Agudo alde egin zuen taxiak, argiekin zementuzko horma eta habeetan itzal mugikorrak barreiatuz. Leku ospel hartatik ihes izutuan zihoala zirudien. Konturatzerako, bakar-bakarrik nengoen iluntasun bete hartan, arnasa-hotsik gabeko hilerri moduko haren isiltasun erabatekoan. Goian izango zen aitaren gorpua, bere traje dotoreenarekin, eskuak zilbor gainean bilduta, bihotzerako bide-zidor guztiak sasiak hartuta.

        — Sevilla - Real Sociedad, batekoa? —haserretu zitzaion Koldo aitari beste behin—. 32 jardunalditan ez du galdu, eta benetan uste duzu liga esku-eskura daukanean galduko duela?!

        — Hala tokatzen duk... Begira ezak zer diagonal polita...

        Azken hamar urteetan bota ez nituen malko guztiak erori zitzaizkidan beilatokiko barrunbean, burua makur, bolanteari esku biez helduta.

        Martxan jarri nuen autoa, gasolina bukatu arte gidatzen ibiltzeko asmo egoskorrarekin. Kotxe barruan geratuko nintzen, gauaren gerizpean, egunsentira arte. Polizia-etxera joan beharra neukan, ordea, azaldu zela esatera, arrazoi zutela onartzera.

        Bista izan nuen autoa polizia-etxe ondoan ez aparkatzen, partea emana izango zuten-eta ordurako. Horixe behar genuen, ertzainek pentsatzea bonba-auto bat uzten ari nintzela beren muturren aurrean! Hiru kale harantzago aparkatu eta oinez egin nuen polizia-etxerakoa. Datuak hartu zizkidan putasemearen erdeinuzko begirada jasan behar izan nuen noski, baina kito, egin nuen egin beharrekoa.

        Izaskun ohean zegoen, erdi-lo, etxera iritsi nintzenerako. Hamaika eta erdiak baziren.

        — Kaixo, maitea —esan nion, masailean musu emanez.

        — Non ibili zara? —xuxurlatu zuen, amets artetik itzulita bezala.

        — Azaldu da kotxea.

        Bekainak zimurtu zituen.

        — Beilatokiko parkingean bertan zegoen.

        Burua altxatu eta begiak irekitzen ahalegindu zen, arropak eranzteko piztu behar izan nuen argi txikiarekin deseroso.

        — Zer moduz Maddi? —galdetu nion, alkandora erantzi bitartean.

        Burukoan erortzen utzi zuen burua, eta bizkarra eman zidan tutik ere esan gabe.

        — Bihar goizean neuk eramango dut ikastolara, bale? —esan nion, oheratzearekin bat.

        Ez dakit zer erantzun zidan, ametsetik errealitatetik baino gehiago zuten hitz ulertezin batzuekin. Eta nire besoez bildu nuen bere gorputza, koala ume batek bere amari heltzen dion modu berean.