Alter ero
Alter ero
2012, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-40-9
azala: Bertol Arrieta
Bertol Arrieta
1975, Zarautz
 
 

 

Ordezko atezainaren balada

 

 

1

 

— Gutun bat daukazu, Errusiako Eskubaloi Federaziokoa.

        Presaka ireki zuen Sergei Ivanovek.

        — Berri txarrak? —asmatu zuen Annak. Ondo ezagutzen zuen senarrari begi eta begi artean zimur gisa itsasten zitzaion kezka-marka hori.

        — Pavel hil da.

        — Pavel Vorobiov? —galdetu zion, harraskan garbitu berri zituen eskuak trapu zahar batez lehortu bitartean.

        — Etzi da hileta. Federazioak ordainduko digu hotela.

        — Eta hegaldia ez?

        — Norberaren kontura.

        — Norberaren kontura! —errepikatu zuen Sergeiren emazteak, haserrea disimulatu ezinik. Sutan jarri zuen zartagina—. Sobietar Batasunaren garaian ez ziren horrelakoak gertatzen.

        Sergeik ez zion entzun; beste nonbait zeukan gogoa. Bera hil zela imajinatzen ari zen, eta Pavel zela gutun hura jasotzen zuena, edo Alexandre edo Andrei edo Valeri, bere taldekide kuttunak. Eta estatu-gizon bat bailitzan lurperatuko zuketela pentsatu zuen. Sobietar Batasunaren garaian bai behintzat; gaur egun, auskalo. Baina izenburu arranditsuak jarriko zituzketen egunkarietan, hori ziur. «Atearen magoa hil da» edo «Agur mito handiari» edo...

        — Joango al zara? —galdetu zion emazteak, erantzuna jakingo ez balu bezala—. Geratuko naiz ni haurrekin.

        — Joan egingo naiz, bai. Vladimir zaharrarengatik bada ere...

 

 

2

 

Hamburgen elurra ari zuen aireratu zirenean. Ez zuen imajinatu nahi Moskun egingo zuen hotza. Han goitik eder zekusan hiria, andregaiz jantzita. Ezezagun baten edertasuna zuen, ordea. Arrotza zitzaion, azken lau urteak bertan zeramatzan arren. Atzerria izaten jarraitzen zuen, nahiz eta atzerria zen bere moduko nomaden aberri bakarra. Azkar asko egokitu izan ziren Hungariako edo Errumaniako bizimoldera; are, baita Frantziakora ere. Alemanian, aldiz, ez ziren inoiz etxean sentitu. Bizitzaren komeriak: eskubaloiaren prostituzioak eskubaloiaren erreinu handienera eraman zuenean, ez zegoen gustura.

        — Autografo bat sinatuko didazu, mesedez?

        Hamalau urteko mutil koskor bat zen, gerrikoak askatzeko baimena eman bezain laster —diiing— gerturatu zitzaiona.

        — Nola duzu izena? —galdetu zion Sergeik amultsuki.

        — Nikolai.

        Eta makina bat aldiz egin bezala, hari ere nire lagun Nikolairentzat jarri zion Die Welt egunkariari lapurtutako paper-zatian.

        Mutikoa bere jarlekura itzultzen hasi zenean, Nikolai!, deitu zion Sergeik. Paveli buruz galdetu nahi zion. Ea ba al zekien nor zen Pavel, Pavel Vorobiov, horixe jakin nahi zuen.

        — Boligrafoa ahaztu duzu —esan zion azkenean. Nola jakingo zuen, ba?

        Irribarre egin zuen Nikolai gazteak, eta aitarengana itzuli zen, Sergei handiaren autografoa erakustera.

        Leihatilatik urdin ikusten zen zerua. Azpian zeuden, alfonbra iletsu gisa, hodei beltzak.

 

 

3

 

Tipo ona zen Pavel, pentsatu zuen Sergeik jarri berri zuten aire girotuaren aho-muturra ixten zuen bitartean, tipo berezia. Hiriz hiri, herrialdez herrialde ibiltzen zirenean-eta, Pavel eta Vladimir masajista izaten ziren hiria bisitatzen bakarrak. Karta-jokoan edo xakean edo geratzen ziren gainontzeko taldekideak, hoteletik irten ere egin gabe. Aldiz, arte-museoak ikusi zale zen Pavel, liburu bat izaten zuen beti aldean, bizpahiru egunkari irakurtzen zituen. Diferentea zen, horixe zen hitza.

        Biak atezainak izaki, logela konpartitzen zuten, selekzioarekin harantz eta honantz ibiltzen ziren bakoitzean, eta harreman estua egin zuten azkenerako. Ez berez hartarako prestasuna izan zutelako, munduko hainbat hoteletan behin eta berriz elkarrekin egokitu zirelako baizik. Bilatu gabeko adiskidetasuna izan zen eurena, baina ez horratik txikiagoa. Eta, hala ere, sekula ez Pavelek Vladimirrekin zeukanaren adinakoa. Inoiz Pavel oroitzen bazuen, Vladimirren aldamenean gogoratzen zuen beti.

        Seulgo hartan bezala. Ohikoak ziren Vladimirren lo aurreko bisitak euren gelan, hain ziren lagun minak, eta baita gustura hartu ere Sergeik, selekzioko gatza eta piperra baitzen masajista. Gizonik lehorrena ere dantzan jartzen zuen! Zenbat gau gogoangarri haren istorioen magalean... Txikitan egindako deabrukeriaren bat edo auskalo zein emakume puskari eman behar izan zion masajea edo... Gutxirekin jartzen zituen barrez inguruko guztiak. Bere eztei-bidaiako kontuak izan ziren orduko hartan.

        Iaroslavl-eko hotel xume batean hartu zuten ostatu Vladimirrek eta emazteak eztei-bidaian. Hotela ez omen zen etxafuegoak botatzeko modukoa, baina garbia eta txukuna bai. Ezkonberrien irribarre tonto harekin sartu omen ziren bertara, elkarri laztanak egiten eta belarrira kontu txikiak xuxurlatzen. «Telefonoak jo zian bat-batean! Hura sustoa! Izango zituan goizeko ordu biak. Leher eginda eta lo geundean emaztea eta biok ordurako, oheari armiarma-sare guztiak astintzen ibilita, badakizue», zioen Vladimirrek bere hitzak barre ozen berezi harekin tartekatuz, «Telefonoa hartu nuenean, hura sorpresa!, neskatxa baten ahots ezti batek lotarako lagunik ez ote nuen behar galdetu ez zidan ba...! Eta ez zuan hori izan onena. Eskegi eta ordu laurdenera beste neskatila batek deitu zian, berriz lo hartzear geundela, eta handik gutxira beste batek, eta beste batek... Telefonoa deskonektatzea erabaki genuen arte, ez zen bakerik izan! Hiriko putetxe ofiziala omen zuan hotela. Emaztea ere gaueko langile bat zela pentsatu zitean!». Horrelako hitzak erabiltzen zituen Vladimirrek: gaueko langileak, oheari armiarma-sareak astindu... Kontalari aparta zen.

        Irribarre egin zuen Sergeik, Vladimirren eta Pavelen bozkarioak oroimenera ekarriz. Ondo pasa zuten Seulen. Giro bikaina zuten taldean, eta antzeman egin zen jokoan ere. «Nola laburbilduko zenituzke Seulgo olinpiar jokoak?», galdetu zion Moskuko Nezavisimaia egunkariko kazetari batek, lepotik zintzilik urrezko domina zutela Koreatik bueltatu zirenean. «Ahaztezinak», erantzun zuen Sergeik.

        — Kaferik, jauna?

        Kafea nahi zuen Sergeik, bai.

        — Hutsa, mesedez.

        Aldameneko emakumeak, ez. Liburu bat irakurtzen ari zen buru-belarri, sudurra letren artean galduta.

        Eskubaloi Federazioak urrezko domina ospatzeko egindako afariaren ostea ere gogoratzen zuen. Topa egitera etorri zitzaion oker-oker, baso bete vodka eskuan hartuta. Sorbaldatik heldu eta «munduko atezain onenaren omenez!», oihukatu zuen Pavelek. Ez zion Sergeiri inoiz herrarik izan, kirol-ibilbidea berearen itzalean geratuagatik.

        Kafea hurrupatu zuen. Ez zegoen ez beltza ez beroa. Hegazkinetako ajeak: kafea ere ezin ona egin. Alaia zen berez Pavel, baina baita arras sentibera ere. Ikusia zuen negarrez behin baino gehiagotan. Seulen bertan, esaterako. Nadina Svelinenska ari zen jardunean barra asimetrikoetan, brontzezko domina lortzeko borrokan. Pavel, Sergei eta eskubaloi-selekzioko gainontzeko kideak herri olinpiarrean zeuden, bazkalosteko lo-kuluxka egiten teorian, partida baitzeukaten arratsaldean. Esna zeuden, ordea, Pavel eta biak: partida aurreko tentsio-puntu horrek loak hartzea galarazten ziolako, Sergei; telebistari kateatuta zegoelako, Pavel. Adi zegoen irudiei begira, eta ahuspez etzanda, eskuen gainean kokotsa, ohe-ertzean zegoen telebistatik metro eskasera aurpegia. Nadina Svelinenska. Siberia aldeko neskatila beltzarana, txinatar tankerako begi beltz txikiak zituena. Noiz edo noiz, herri olinpiarrean, gosaltzen ikusi izan zuela pentsatu zuen orduan Sergeik. Gogoratzeko modukoa zen haren begirada berezia. Bikain ari zen gora eta behera, behetik berriz gora, barra batetik bestera.

        — Utziko didazu pasatzen, mesedez? —gogo txarrez kuzkurtu zituen Sergeik zangoak. Hegazkinak ez zeuden hankaluzeentzat pentsatuak.

        Eta erori egin zen bat-batean, Nadina. Hain ederki ari zen... Koltxoiaren gainean geratu zen gajoa, eserita, erori zen modu berean. Uve bat egiten zuten lurrean bere zango mehe eta luzeek. Aurpegira eraman zituen eskuak Pavelek. «Kartetan jolastu nahi?», sartu zen orduantxe Vladimir gelara. «Erori egin al da?», galdetu zion Sergeik Paveli, gertatu zena ikustea eragotzi zion masajista gizajoa gelatik biraoka bota ondoren. Pavelek ez zion erantzun. Isilik zirauen, gelan bera bakarrik balego bezala. Munduko telebista guztiek erakutsi zuten Nadinaren adreiluzko begirada hura. Ez zuen malkorik isuri. Begiak kliskatu zituen, txinatar erako begi txiki haiek, hiru bider kliskatu zituen, lauzpabost segundoko tarte amaigabea utziz aldi bakoitzetik bestera, eta lurretik jaiki eta aldageletarako bidea hartu zuen ikusleen txaloen artean. Hamalau urte izango zituen orduan.

        — Barkatu —esan zion bueltan zetorren emakumeak, berriz ere zangoak uzkurtzera behartuz.

        Nadina Svelinenskak eta Pavel Ivanovek hurrengo olinpiar jokoetan egin zuten topo berriz. Bartzelonako herri olinpiarrean bertan ezkondu zituen auskalo nondik ekarritako apaiz ortodoxo batek. Oraindik gordeta zeukan Sergeik La Vanguardia egunkariko paper-zatia: «Ezkontza, herri olinpiarrean». Irribarretsu ageri ziren biak argazkian: Pavel Nadinari begira, eta Nadina, hain eder... Nadinaren jaioterrira joan ziren bizitzera, Siberiako herrixka galdu batera, eta betirako eten zuten euren kirol-ibilbidea.

 

 

4

 

— Pavel!

        Burua jiratu eta ikusi ninduenean ez zuen zirkinik egin. Egunero ikusiko banindu bezala. Azken aldiz elkar ikusi genuenetik zazpi urte igaro ez balira legez. Vodka txar hari beste trago bat eman, eta barraren parean zeuden apaletara itzuli zuen begiratua. Popovka, Russkoe Dobro, Moskovskaja. Izen handiak, baina etxeko vodka petral bera botila guztietan.

        — Popovka bat —sartu nuen hanka hala ere, benetakoa izango zutela sinetsita.

        Leninek haserre antzera begiratzen ninduen Pavelen atzean zegoen hormatik. Eskuineko horman, Gorbatxov adeitsuago bat ageri zen irribarretsu, Hego Amerikako mapa gorria idien tankeran suz markatuta kopeta gainean. Hitz erdirik esan gabe atera zidan edatekoa tabernari burusoilak. Pavelena eta biona kobratzeko eskatu nion. Moskuko jatetxe luxuzkoenen prezioan kobratu zidan putaseme hark, berrehun biztanletik gora izango ez zituen Siberiako bazter galdu hartan. Hilabeteko irabaziak egingo zituen nirekin...

        — Zer moduz hago? —galdetu nion Paveli, erantzuna jakina zen arren, baina elkarrizketa bideratzeko asmo onenarekin. Ez genituen alferrik egin 800 kilometro baino gehiago emazteak eta biok, gure eztei-bidaian...

        — Sergei zaharra... —esan zidan burua niregana jiratuz, baina bere buruari esan izan balio bezala.

        Zahartua zegoen oso. Bi ardi galdu ziren bere begiak. Pavel gizajoa. Non zegoen eztei-eguneko argazkiko gizon irribarretsu hura? Zer egin zuten harekin?

        — Jarri beste bi —esan zion tabernariari, biok basoa ondo beteta geneukan arren. Trago bakarrean hustu zuen berea gero, eta nire kaskezurretik oraindik desagerrarazi ezin izan dudan irribarre ezin ospelagoa eskaini zidan, eskua sorbaldan jarrita—. Sergei zaharra...

 

 

5

 

Aurreko eserlekuaren atzealdeko poltsatxotik larrialdietarako paper plastifikatua hartu zuen Sergeik. Aire girotuaren aho-muturra ireki eta itxi, ireki eta itxi, ireki eta berriz ixtera jolastu zen. Azalean zisne beltz hura zeukan liburua irakurtzen jarraitzen zuen alboko emakumeak. Noiz ekarriko zuten jateko zerbait? Argi horia pizten bada, lotu gerrikoa eta jarri zuzen besaulkia. Ireki eta itxi, ireki eta itxi.

        Ezkondu zenean bai, pentsatu zuen Sergeik. Ez hegazkinik ez ezer. Autoa hartu eta segi. 5.000 kilometro egingo zituzten gutxi jota emazteak eta biek hilabete hartan. Sartu zitzaion kaskoan emazteari, Leninen odola baino gorriagoa baitzen, Sobietar Batasuna izan zenaren hiri garrantzitsuenak bisitatu behar zituztela, eta akabo. Esaiok zerbait. Han abiatu ziren uztailaren 3 hartan, autoa trastez beteta, lesio bat lagun ia mirariz lortutako hilabeteko oporrak aprobetxatzera. Ez ziren damutuko, ez horixe.

        Diiiiing. Turbulentziak, berriz. Gerrikoa estutu zuen. Entzuna zeukan norbait geratua zela elbarri, turbulentzia gogor batzuen eraginez buruarekin hegazkinaren sabaia jota. Patuaren alukeriak.

        Pavel bisitatzearena buruan izan zuen bidaiaren plangintza egin zuten unetik, baina emazteari ez zion ezer esan Tomsk-era iritsi arte. Dena zen eragozpen hasieran: 800 kilometro urrundu beharko zutela pentsatutako bidetik, errepideak egoera eskasean egongo zirela... Nahikoa izan zen, ordea, urtebete lehenagotik gordeta zeukan egunkari-zatia erakustea.

        Turbulentzien amaiera iragarri bezain pronto atera zuen diru-zorrotik Vladimir lagunak gutun batekin bidali zion egunkari-zatia. Dobla-dobla izateagatik tinta ere gastatuta zeukan tolesturetan, baina arazorik gabe irakur zitekeen. Hilik aurkitu dute Nadina Svelinenska gimnasta-ohia, zioen izenburuak. Hamar lerro eskaseko prentsa-oharra zekarren. Pavelen emaztea zela aipatzen zen, eta Bartzelonako olinpiar jokoetan elkar ezagutu eta herri olinpiarrean bertan ezkondu zirela. Argazkia ere bazetorren, 92an egunkari gehienetan argitaratu zen hura bera: ezkontzarena. Irribarretsu ageri ziren biak. Nadina Svelinenska eta Pavel Vorobiov, ezkondu ziren egunean, irakur zitekeen oin-oharrean.

 

 

6

 

Moskun, 1997ko apirilaren 8an

        Sergei adiskidea:

        Zer moduz habil? Ondo, ezta? Periodikoak leitu besterik ez zagok horretaz jabetzeko. Arrakastaz arrakasta zabiltzate, motel! Eutsi, eutsi horri, ahal den bitartean behintzat.

        Berri txarrekin natorkik, Sergei. Barkatuko didak zuzenean harira joatea, baina kontua ez zagok itzulinguruka ibiltzeko. Dagoeneko ikusiko huen gutun honekin bidaltzen diadan egunkari-zatia. Bai, Sergei, ez duk gaizki ikusi; Nadina hil zaiguk. Ez zakiat hemengo egunkaririk jasotzen duzuen Errumanian, eta jakinaren gainean jarri nahi hindudan badaezpada. Batez ere, Pavelengatik.

        Elkarrengandik ia hiru mila kilometrora gauden arren, tartean-tartean idazten zioagu elkarri. Hemen ez gaudek sosak telefono-deietan gastatzeko moduan, Sergei. Asko aldatu dituk gauzak Sobietar Batasuneko garaietatik, eta ez onera preseski. Lehen goserik ez genian pasatzen behintzat, eta orain... Ez hadila itzuli, behar-beharrezkoa ez bada.

        Esan diat, gutun bidez izaten diagu elkarren berri Pavelek eta biok, baina herenegun telefonoz deitu zidaan. Berri oso onak edo oso txarrak, pentsatu nian segituan, baina bere ahotsak ez zian zalantza izpirik uzten. Asaldatuta zegoan. «Nadina hil zaidak, Nadina hil zaidak», errepikatzen zidaan behin eta berriz.

        Nik ordurako banekian bera eta Nadina haurdun gelditu nahian zebiltzala aspaldidanik. Lau urte bai niri Pavelek aipatu zidala... Denetarik egin omen zitean, baina ezin. Hileko irregularrak zitian nonbait Nadinak. Hiru eta lau hilabete egoten zuan hilekorik gabe, eta bosgarrenean etortzen zitzaioan igual, gutxien espero zuenean. Sobietar Batasunaren garaietan gimnastei nerabezaroa luzatzeko ematen zizkieten pilulei egozten ziean Pavelek errua.

        Jaso nuen bere azken gutunean petrikilo batengana zihoazela kontatzen zidaan, hark konponduko omen zitian euren problemak. Itxaropentsu zeudela iruditu zitzaidaan. Gero ez zakiat zer gertatu zen. Gauzak ez zituan espero bezala atera. Urtebete baino gehiago egin omen zian Nadinak hilekorik gabe, eta bat-batean... Denak batera etorri balitzaizkio bezala izan omen zuan... Izugarria, Sergei, izugarria. Komunean odolustuta topatu zian Pavelek. «Baldosa guztiak gorri zeuden!» oihukatzen zidaan, negar batean, telefonoz bestaldetik. Nik ez nekian non sartu...

        Lur-jota zegoan. Ez zioan negar egiteari utzi telefonoz solasean egon ginen 40 minutuetan. Etsita ikusi nian, aurrera egiteko batere indarrik gabe. Eta horregatik idazten diat, Sergei. Hire laguntza behar diat, hire laguntza behar dik Pavelek. Deitu egiok, mesedez. Deitu egiok eta hitz egin ezak berarekin. Lagun onak zineten, eta nik uste on egingo diola beste norbaitekin hitz egiteak. Nik ere deitzen zioat noizean behin, baina niri jada ez zidak jaramonik egiten. Ez duk batere erraza Pavelekin hitz egitea... Eta telefonoz, are gutxiago! Berak bakarrik hitz egiten dik, negarrez hasten ez denean... Ni ere erotzen ari nauk... Bertara joaterik izango banu...

        Honela zaudek gauzak, Sergei. Sentitzen diat berri txarrekin etorri izana, baina jakin nahiko huela pentsatu diat. Ea hurrengoan albiste pozgarriren batek elkartzen gaituen. Eta deitu egiok, ados? Konta iezaiok edozer gauza, konta iezazkiok hire ibilerak, hitz egiok eskubaloiaz, ez zakiat... Ea hik kontatutakoek nolabait bizkortzen duten.

        Eskerrik asko, Sergei. Hurrengora arte.

        Hire lagun,

Vladimir

 

 

7

 

— Eta emaztea?

        — Herria bisitatzen...

        Irribarre-itzal bat egin zuen Pavelek.

        — Herria bisitatzen? —galdetu zidan, ahoa ia ireki ere egin gabe. Hitz egin baino, ihes egiten zioten hitzek hortz tarteetatik, eztarri urrunetik indarrik gabe iritsiko balira bezala ezpainetara.

        Arrazoi zuen, herrian ez zegoen ezer askorik bisitatzeko.

        — Distraituko duk nola-hala... —esan nion.

        Tragoz hustu zuen bere baso vodka beste behin, eta bionak bete zitzan eskatu zion tabernariari hitz erdirik gabe, basoa barran tabernariaren aldera zentimetro eskas batzuk mugituz soilik. «Sergei zaharra», xuxurlatzen zuen behin eta berriz.

        Emaztea eta biok burutzen ari ginen eztei-bidaiaz aritu nintzaion. Berak ez zuen ezer esaten. Ez zuen ezer adierazten. Zalantza egin nuen entzuten ari ote zitzaidan ere.

        Zazpigarren baso vodka hustu zuenean eten ninduen bat-batean:

        — Ba al hoa Sidneyra?

        Hurrengo urtean Australian egitekoak ziren olinpiar jokoez ari zen: Sidney 2000. Ez nekiela erantzun nion. Lesioa zela-eta, agian zerrendatik kanpo gera nintekeela. Irribarre isekari bat egin zidan. Taldekideez galdetu zidan. Ea non zeuden, ea bizi ziren, ea jarraitzen ote zuten jokatzen... Alexandre, Ivan, Valeri, Andrei, Igor... Denak errepasatu genituen banan-banan.

        — Vladimirrek Moskun jarraitzen dik —esan nion.

        — Bazekiat, bai. Astero deitzen zidak gogaikarri horrek...

        Vladimirren izena entzuteak petraldu egin zuen. Tragoa eman nion vodka txar hari, indarrak biltzeko. Blink edan zuen Pavelek berea. Izkinan zegoen tabernaria hurbildu eta bion basoak bete zituen txintik esan gabe. Botila utzi zigun aldamenean, bere txokora itzuli aurretik.

        — Ez hadi horrela jarri... —atera nintzaion defentsan Vladimirri, jakin banekielako laguntzearren deitzen ziola—. Bakarrik sentituko duk, akaso.

        Pavelek ez zuen zirkinik egin. Edalontzian finko zeukan begirada. Bazirudien elkarrengandik kilometro batera geundela, eta nik esandakoak hamar bat segundora eramaten zizkiola haizeak, edo telefonoz ari ginela berbetan, ipar-poloan bata, hego-poloan bestea. Erritmo kontua zen, beharbada. Ohitura kontuak, bestela. Isiltasun-tarte haiek amaigabeak ziren niretzat behintzat.

        — Bakarrik Moskun? Ni bai bakarrik hemen, eta ez zioat hargatik egunero deitzen... Nobioak ematen dugu-eta...

        Barre egin nuen ezinbestean. Leninek serio-demonio begiratzen zigun argazkitik, eta algararen osteko irribarrea irentsarazi zidan. Isilunea nagusitu zen tabernan berriz. Ez zen ezer entzuten, ez bazen edalontziek barrako egurraren kontra tupust egiterakoan ateratzen zuten hots apala.

        — Eta ez zaidak ari, ba, esan eta esan, joateko berarengana —jarraitu zuen Pavelek—. Joateko eta joateko —tragoa eman zion vodkari—. Marikoia ez bada...

        — Eskua sartzen abila zuan behintzat bere garaian.

        Ez zion graziarik egin nire hitz-jokoak.

        — Istorio bera dik astero. Joateko Moskura. Bere apartamentua txikia dela, baina moldatuko garela. Askoz hobeto egongo naizela han, konkistatzailerik sekula iritsiko ez den herri honetan baino, eta ez zakiat zenbat txorakeria gehiago...

        Masajistaren asmoak igarrita, Moskura joateko konbentzitu nahian jardun nuen nik ere, Vladimirrek bere premia zuela sinetsarazten.

        — Zahartzen ari duk errukarri hura! —esan nion—. Izango ditik hirurogei urte eta gehiago. Laster ez duk bera bakarrik mugitzeko gauza izango...

        Asmatu nuen antza nire ahaleginean, onerako ala txarrerako izan ote zen oraindik garbi ez dudan arren.

        — Gogoratzen al haiz Seulen? —aldatu zidan gaia, ahal izan zuen bezain laster.

        — Akordatuko ez nauk, ba!

        — Jugoslaviarren aurkakoa! Hura izan zuan partida, hura!

        — Ahaztezina!

        — Gol bakar batengatik irabazi genian finalerdietako partida hura.

        — Kabroi halakoa! Orduan ere hik atera huen azken baloia... —bota zidan.

        — Larri ibili gintuan...

        — Ba al dakik sarritan zeinekin gogoratzen naizen?

        — Norekin?

        — Sovadovic-ekin.

        þ Zein, jugoslaviarren hegalekoa? Azken jaurtiketa huts egin zuena?

        — Berak ez zian huts egin, hik gelditu hion!

        — Berdin ziok.

        — Ez ziok berdin, eta hik badakik... —artez begiratu zidan jarraitu baino lehen—. Askotan oroitzen nauk harekin...

        — Frantziako talde batean zabilek —esan nion.

        — A bai? Pozten nauk. Hik ez duk jakingo, baina kristorenak eta bi entzun behar izan zitian Seuldik Jugoslaviara itzuli zirenean. Begitan hartu zian prentsak.

        — Azken jaurtiketa huts egin zuelako?

        — Azken jaurtiketa gelditu hiolako.

        — Kabroiak!

        — Kazetariak...

        — Putasemeak.

        — Sarritan, gaur bezalaxe, vodka bat hartzen ari naizela, berarekin oroitzen nauk, Sovadovic-en aurpegia etortzen zaidak burura —isilune bat egin zuen; tabernako botilen artean galdu zitzaion begirada—. Azken jaurtiketa hura imajinatzen diat, jaurtiketa hura ekartzen diat berriz Siberiako herri galdu honetaraino, eta badakik zer?

        Buruari eragin nion, xarabe hari trago bat eman bitartean.

        þ Gola sartzen dik Sovadovicek jaurtiketa horretan. Eta, besoak goian, bere taldearen garaipena ospatzen ikusten diat jendez lepo betetako Seulgo kantxa hartan. Taldekide guztiek besarkatuta, doi-doi ikus daitezkek telebistaz emozioz bustitako bere bi begiak hainbeste besoren artean. Ez duk hire aurka ezer dudalako e, Sergei, ondo dakik hik —beste tragotxo bat hartu eta isilunea luzatu zuen, edabea eztarritik igarotzen sentitzen zuen bitartean—, baina hala gertatu zela imajinatzea gustatzen zaidak.

        — Non egongo ote ginen orain Sovadovic eta gu?

        — Auskalo! —erantzun zidan Pavelek—. Baina seguruenik hi hemen, nirekin, vodka ustel hau edaten, eta Sovadovic Frantzian eskubaloian jokatzen...

        Irribarre egin nion, begi-zeharka begira ari nintzaiola. Pavel maltzurra.

        — Irtengo al gara apur bat? —esan zidan, aulkitik balantza erdia eginda jaiki eta gero—. Haizea hartu beharra zaukaat.

        Nik ere bai, pentsatu nuen neure artean.

 

 

8

 

— Ongi etorri, Ivanov jauna. Ohore bat da Mezhdunarodnaia hotelarentzat berori gure artean izatea.

        — Eskerrik asko.

        Nekatuta zegoen Sergei eta ez zeukan astirik laudorioetarako.

        — Ohar bat utzi didate berorrentzat —papertxo bat luzatu zion.

        513. gelako giltza hartu eta gora abiatu zen. Emaztearena zen. Deitzeko eskatzen zion, ahal bezain azkar.

        Gela handia zen oso: altzari dotore eta klasikoduna, sabai altukoa, oihal lodiko gortinatzar gorriekin apaindutako leiho handiekin. Sobietar Batasunaren urrezko garaietako erakusgai polita.

        Maleta utzi eta ohean eseri zen. Etxeko telefonoa markatu zuen.

        — Ni naiz.

        — Zer moduz? —galdetu zion emazteak.

        — Hainbestean. Zer gertatu da?

        — Irratian elkarrizketa egin diote Fernandezi. Espainiara itzuliko da.

        — ...

        — Sergei?

        — Bai.

        — Kontratua sinatzera omen doa aste honetan bertan.

        Ukondoa izterrean eta kopeta eskuan bermatu zituen, pentsakor.

        — Eskaintza saihestezina egin omen dio Bartzelonak —segitu zuen emazteak—. Ez zintudan arduratu nahi, baina...

        — Ondo egin duzu. Lehenbailehen mugitu beharra daukagu. Freissinger izan daiteke hurrengoa. Eta horrek ere alde egiten badu, Colletek ere ez du asko iraungo.

        — Deitu Bergerri.

        Sergeiren managerra zen Berger.

        — Ea harrapatzen dudan.

        — Egon al zara Vladimirrekin?

        — Bihar ikusiko dut, hiletan.

        Isilune bat egon zen, deia eten izan balitz bezalakoa.

        — Hor al zaude? —galdetu zion emazteak.

        — Bergerri deituko diot. Umeak ondo?

 

 

9

 

— Sergei laguna.

        — Vladimir!

        Erabat zahartuta zegoen Vladimir. Bastoiaren laguntzaz eusten zion zutik, oker-oker egote horri zutik egotea deitzerik baldin bazegoen behintzat. Besarkatzean ez zuen gehiegi estutu, hezurren bat hautsiko ziolakoan.

        — Zer moduz hago?

        — Begiratu egidak. Hiri zer iruditzen zaik? Bizitza osoan masajeak ematen, eta masajeen beharrean orain.

        — Hik heuk eman behar heure buruari...

        Hogei bat lagun elizaren atarian. Horien artean, Eskubaloi Federazioko lehendakaria soilik ezagutu zuen Sergeik. Gero agurtuko zuen. Seulgo talde hartatik inor gutxi, Vladimir lagunaz aparte. Horiez gain, pare bat kazetari eta kuriosoren bat. Elurra, epel, goi eta behe.

        — Zer gertatu zen?

        — Ai, Sergei —hitz-totelka ari zen Vladimir.

        Moskura iritsi bezain laster zerbitzari lanetan hasi zela kontatu zion, eta ez zitzaiola gaizki joan hasieran.

        — Moralez-eta piztuta ikusi nian garai hartan. Baina ameskeria bat izan zuan, nobedadeak iraun zuen arte, nik uste.

        Azkenerako, bere buruaren bezero onena omen zen, eta bota egin zuten lanetik... Moskuko kaleetako itzal bat gehiago bihurtu zen.

        — Elurpean izoztuta aurkitu zitean. Ez zakiat ondo egin ote nuen hona ekartzen.

        — Ez ezak txorakeriarik esan.

        Malkoen arrastoa antzeman zuen Vladimirren begi zimelduetan. Besotik helduta elizarantz bideratu zuen poliki-poliki.

        — Sartuko al gara?

        Ez ote zen barruan kanpoan baino hotzago egongo...

 

 

10

 

Fresko zegoen kanpoan, eta hori epel-epel geneukala barrua. Zenbat gradu izango ziren? Bost bat edo? Zeruan ez zen izar bat bera ere gehiago kabitzen. Izar asko, jende gutxirentzat Siberian, pentsatu nuen. Zertxobait ukituta zegoen Pavel, baina balantza nabarmenak eginez nindoan ni.

        — Sergei! Hator hona! —agindu zidan.

        Lepotik heldu ninduen bere albora iritsitakoan.

        — Ikusten al duk hori? —galdetu zidan—. Ba al dakik zer den?

        Mozkortuta nengoen, baina gai nintzen hura eskubaloiko ate bat zela igartzeko.

        — Oso ondo, Sergei, oso ondo. Eta ba al dakik nork egin zuen?

        — Hik —esan nion zotinaren eta hitzaren artean ondo bereizi gabe.

        — Bai jauna. Nik egin nian. Herriko umeei eskubaloian jolasten irakasteko.

        Lur higatuari begiratu nion: zuloz beteta zegoen. Jokalari onak aterako ziren herri hartatik, aterako baziren... Ateak, berriz, kolorea ia zeharo galduta zuen, garai batean zuri-gorriz margotua izan zela salatzen zuten arrasto urri batzuk ikus zitezkeen arren. Sarerik ez zeukan, noski.

        — Ate bakarra? —otu zitzaidan galdetzea.

        — Hemen jarduten ditek haurrek, izotza denean patinatzen eta izotzik ez denean eskubaloian.

        Zartatutako begi argi haiek arakatu nizkion: beirazkoak ziruditen, hautsitako eskaparate batekoak.

        — Begira ezak! —segitu zuen hizketan—. Neguan, atea erabat izozten duk, eta langatik estalaktita luzeak sortzen dituk. Ez dakik zein irudi bitxia egiten duen, hemen, ateak, estalaktitaz josita, ezerezaren erdian...

        Imajinatzen saiatu nintzen, paraje ezin zuriago batean, eskubaloiko ate bat, estalaktitez josia.

        — Batzuetan, hor, ate azpian jarriko naizela pentsatzen diat. Ate azpian jarriko naizela negu erdian, elur erauntsi bat ari duen gau batean. Besoak altxatuko ditudala beste hainbeste aldiz hainbat lekutan hik eta nik egin dugun bezala, baina publikorik gabe, belaunak tolestuko ditudala apur bat, hanka puntetan jarrita, kontrario latzenaren jaurtiketa gogorrenari aurre egiteko prest, erne. Eta postura horretan geratuko naizela pentsatzen diat, geldiketarik onena egitera doan atezainaren gisan, geldiketa bikain hori egin aurreko istant zirraragarri hori erakusten duen postura zehatz horretan, harik eta elurrak guztiz estaltzen nauen arte. Minutu-kontua izango lukek. Azkar egiten dik lan, hemen, elurrak. Ez nikek minik sentituko, ez al zaik iruditzen? Hotza bai. Baina minik batere ez. Eta niri ere, ordu batzuen buruan, estalaktitak sortuko litzaizkidakek besoetatik, zangoetatik. Atearekin batera, irudi polita osatuko nikek, ez al duk uste? Izotzezko eskultura eder bat. Benetako artelana, hemen, ezerezaren erdian, inoiz museorik zapaldu ez duten herrikide xumeentzat. Eskubaloiko atezainei egindako nire omenaldi berezia. Horixe amesten diat batzuetan, Sergei. Zer iruditzen zaik?