Alter ero
Alter ero
2012, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-40-9
azala: Bertol Arrieta
Bertol Arrieta
1975, Zarautz
 
 

 

Ipuin perfektua

 

Ipuin perfektua egitea zen helburua. Ez zitzaion axola ipuin bakar bat uztea bere ondasun literario gisa. Ez zuen bere obraren kantitateak kezkatzen, kalitatea zen bilatzen zuena, kalitate gorena; erabateko perfekzioa zen jomuga, bizitza osoa ipuin perfektu bakar hura egiten igaro behar bazuen ere.

        Argi zeukan kontatu nahi zuen istorioa. Zazpi urte igaro zituen buruan hari horri tiraka, eta erabakita zeukan zer kontatuko zuen. Baina horixe zen argi zeukan gauza bakarra. Eman istorio on bat idazle txar bati, eta akabo istorio ona. Nonbaiten noizbait entzundako esaera horrek izutu egiten zuen. Istorioa ona zen, baina nola kontatu zen kontua.

        Idazle ofizioan hasi zenean —baziren hamar urte baino gehiago—, firin-faran idazten zituen ipuinak, kontuari bi buelta baino gehiago eman gabe. Eta ez ziren txarrak. Are, jendeari gustatu egiten zitzaizkion; lehen ipuin-liburuak hala-moduzko arrakasta izan zuen. Denborarekin, ordea, bere buruari geroz eta galdera gehiago egiten hasi zen: zergatik lehen pertsonan idatzi, zergatik lehenaldian, nola erabili elipsia, nondik hasi istorio hura kontatzen, amaieratik, agian? Hainbeste gauza ziren erabaki beharrekoak... Ordura arte natural egin izan zuena, derrepente zalantza eta duda bihurtu zitzaion.

        Oinarrira jotzea erabaki zuen horregatik, teorietara. Ipuingintzari buruzko hamaika liburu irakurri zituen, baina idazleengan aurkitu zuen azkenik erantzuna. Zaharra delako daki asko deabruak. Txekhov, Quiroga, Bolaño, Cortazar, Carver, Monterroso, Borges, Hemingway... Ipuingintzan maisutzat zituen idazle guztiek zuten distantzia laburreko arteari buruzko gogoetaren bat argitaratuta, baita iritzi kontrajarriak ere tartean.

        Bolañoren dekalogo sarkastikoa gustatu zitzaion asko. Laugarren manamenduak autore batzuk gomendatzen zituen —Quiroga, Rulfo, Monterroso, Garcia Marquez, Cortazar...—, baina batez ere beste batzuk ez irakurtzeko erregutzen zuen: un cuentista que tenga un poco de aprecio por su obra no leerá jamás a Cela ni a Umbral. Eta bosgarren manamenduarekin borobiltzen zuen aurrekoa: a Cela y a Umbral, ni en pintura.

        Monterrosok ere bazeukan zer esana. Bere iritziz ipuingile batek inoiz ez du ezagutu behar ipuin on bat idazteko formula. Ezagutuko balu, bigarren ipuinean igarriko litzaioke, eta aspergarria, faltsua bihurtuko litzateke dena.

        Soberan dagoen guztia kendu egin behar da, esana zuen Cortazar handiak. Soberan dagoen guztia, kendu. Erraza zen esaten! Zer zen, ordea, soberan zegoena?

        Denak irakurri zituen, eta banan-banan barneratzen saiatu zen, baina badaezpada laburpen-eskema moduko bat egin zuen aholku guztiekin eta ordenagailu-pantailaren atzeko horman itsatsi. Prest zegoen lanerako, edo hori uste zuen, eta ipuinaren hasiera moduko bat entseatu zuen:

        «Gortina zaharrak erretiratu eta leihoa ireki zuen. Haizea ufaka zebilen; ekaitza zetorren mendietatik. Hasperen egin zuen, haize-bolada batek bere birikak bete eta horretara behartu izan balu bezala».

        Hamar aldiz irakurri zituen lerrook. Hasiera zen, ipuinaren hasiera, eta izugarrizko garrantzia du hasierak. Quirogari irakurria zion: Ez hasi idazten, nora zoazen jakin gabe. Ipuin on batean, lehen hiru lerroak azken hirurak bezain garrantzitsuak dira.

        Cortazar are gogorragoa zen: Har ezazue edozein ipuin bikain eta azter ezazue lehen orrialdea; harrituko nintzateke apaingarri hutsak diren osagaiak aurkituko bazenituzte.

        Amos Ozen iritziz, hasiera on bat egitea, jatetxe batera sartu eta topatzen duzun lehenengoarekin zita bat lortzea bezalakoa da.

        Berriz irakurri zituen idatzitako lehen hiru lerro haiek, manamendu horien guztien pisua sentituz bihotz-taupada bakoitzarekin. Ipuin on batean, lehen hiru lerroak azken hirurak bezain... Oihartzuna egiten zioten hitz hauek, bere garuna zen belarritik belarrirako zulo huts eta ilun hartan. Hasierako lerro haietan bazen zerbait konbentzitzen ez zuena. Ozen irakurri zituen. Bere estudioan ez zegoen inor, eta ordenagailu-pantailari errezitatzen ari zitzaiola zirudien. Sagua mugituz aldaketa pare bat egin zituen hasieratzat idatzitako lerro haietan. Haizea ufaka zebilen, ekaitza zetorren mendietatik, jarri zuen hasteko, bi esaldien artean koma bat jarriz, hasiera batean idatzitako puntu eta komaren ordez. Askoz hobeto, bai, esan zion bere buruari, egindako aldaketarekin pozik.

        Atseden hartu zuen. Pixa egin zuen. Azken tantak erortzeko zakilari astinduak ematen ari zela, kanpaia jotzekotan egon zen, baina kontrakoa erabaki zuen: ez zitzaion gehiegi erlaxatzea komeni, behar zuen tentsio apur bat. Sukaldera jo eta txokolate ontza pare bat hartu zituen frigorifikotik. Apartekoa zen laranjazko zapore urrun horrek trufa beltzarekin osatzen zuen konbinazioa. Sinesgaitza iruditzen zitzaion bi zapore hain desberdin elkarren ondoan jarrita horrelako emaitza lortzea. Gogoeta egin zuen: modu hartan uztartu behar zituen bere ipuineko elementu guztiak, azken emaitzaren mesedetan jarri behar zuen hitz bakoitza, koma bakoitza.

        Ipuinaren hasiera irakurri zuen berriz ere, eta begiz jo zuen hitz bat. Gortina zaharrak idatzia zuen. Zaharrak: adjektibo bat, adjektibo hura jarria zien gortinei. Testua berrirakurri eta hiru lerroetan zegoen adjektibo bakarra zela ziurtatu zuen. Zergatik idatzi zuen gortina haiek zaharrak zirela? Funtzioren bat al zeukan adjektibo hark? Etxe horretan bizi zirenak ez zirela aberatsak esan nahi al zuen gortinei berritasunaren aukera kenduta? Edo aberatsak ziren arren ez zietela gortinei behar bezala erreparatzen? Edo aspaldian inor bizi ez zen etxe bat zen, akaso, eta horregatik ziren gortinak hain zaharrak? Eta arrazoi berberarengatik ireki ote zituen leihoak? Etxeko itxi usain hura desagerrarazteko? Esku artean zeukan istorioan ez zuen aukera horietan guztietan pentsatu, baina adjektibo hark iradoki zion azken hipotesi hura —etxea aspalditik hutsa egotearena—, gustatu egin zitzaion. Baina benetan beharrezkoa al zen adjektibo hura? Etxea luzaro hutsa egon zela adierazteko ez al zen hobea gortinak horituta zeudela esatea. Eta adjektibo bat behar al zuen hura guztia adierazteko edo iradokitzeko? Baina benetan nahi al zuen hura guztia iradoki?

        Quirogaren zazpigarren manamenduarekin oroitu zen: Ez jarri adjektiboak beharrik gabe. Alferrikakoak izango dira izen ahul bati jartzen dizkiozun kolorezko isats guztiak. Substantibo zehatza aurkituz gero, berak bakarrik izango du kolore ezin ederragoa. Baina aurkitu egin behar da.

        Quirogaren manamenduari buruz hausnartu zuen. Nahiko sendoak ote ziren jarritako substantiboak? Jarritako adjektiboaren ordez, substantibo indartsuago baten bila ibili zen. Bere garunaren bidegurutze eta espaloietan arakatu arren, ez zuen gortina zaharrak edo gortina horituak ordezkatuko zukeen ezer egokiagorik aurkitu. Hasierari buelta gehiegi ematen ez ote zen ari galdetu zion bere buruari, baina ezetz erabaki zuen, egun bakar batean ipuin perfektuarentzat hasiera perfektua idaztea nahikoa bazela iritzita. Ez zegoen erabat aseta, dena dela. Astiro berrirakurri zuen idatzitakoa. Zerbait ez zebilen behar bezain egoki hasierako lerro haietan. Aukeratu zituen substantiboei erreparatu zien. Idatzi zituenean, berez atera zitzaizkion. Izen haiek, aditz haiek bururatu zitzaizkion, natural-natural. Baina ziur al zegoen ez zela beste izenik, beste aditzik, esan nahi zuena egokiago, modu zehatzago batean adierazten zutenak? Iruditu zitzaion bere burmuina ez zela gai txoko guztietan begiratzeko, edo gutxienez ez zuela gaitasun bera ezkutuan edo itzalean zeuden zuloak aurkitzeko, eta errazkerietara jotzen zuela denontzat ikusgarri dauden hitz arruntenak aukeratuz, supermerkatu batean begien aurrean jartzen dizutena erosten duzunean bezala.

        Ez zen posible, ezin zuen hitz bat aukeratu burura etortzen zitzaion lehena izateagatik, eta horren aurka egiteko modu onenaren bila hasi zen. Azkenean, lasai utziko zuen modu bakarraren alde egin zuen: hiztegia goitik behera irakurtzea, hain zuzen. Han zegoen dena, han zeuden hitz guztiak. Gogoratzen ez zuen norbaitek idatzi moduan: Hiztegia den kutxa handi horretako elementuen konbinazio ezberdinak besterik ez dira ipuinak, nobelak eta poemak. Konbinazio bat bestea baino hobea zergatik den, inoiz ebatziko ez dugun misterio matematikoa baino ez da. Beraz, dena idatzita dagoela esatea zilegi da, hiztegietan egon baitago. Hitz horien ordena egokia aurkitzera mugatzen da ekuazioa.

        Gainera, pentsatu zuen hiztegi potoloa eskuetan hartuta, hemen hitz guztiek aukera berdinak dituzte. Alegia, eror zitekeen bere begiratua e letran, eta etxe bezalako hitz arrunt bat irakurri adibidez, baina modu berdintsuan ireki zezakeen hiztegia o letran eta omoplato bezalako hitz eder bezain ezkutu bat aurkitu. Hiztegiak ez zuen inolako hierarkiarik; hitzen erabateko demokrazia bultzatzen zuen.

        A letratik hastea deliberatu zuen, nonbaitetik hasi behar-eta. Baina iruditu zitzaion letren artean ezarrita zegoen ordena horixe zela, hain zuzen ere, hiztegi batean hitzen arteko berdintasun-erlazioa hausten zuen alderdi bakarra. Argi zegoen lehendabizi irakurtzen zuen hitzak ez ziola azkenaren inpresio bera egingo. Zergatik ez zituzten, bada, aarondar eta Zwingli hitzek aukera berdinak izango? Zoriz berrordenatu zuen hortaz alfabetoa, hiztegia aztertzeko ordena berri bat eraikiz: w g h d o v s b x a r c k m j z t i f n e p u y q l. Hizki bakoitzean, hala ere, ordena tradizionala jarraitzea erabaki zuen, erotuko ez bazen.

        W, walabi, walkie-talkie, walkiria, walkman, waloi, waloiera, wapiti, Washington, water-polo, watt, wattmetro, web, weber, welter, western, Westfalia, westfaliar, whiski, whiskitegi, winchester, windsurf, windsurflari, wolframio, wolframita, wombat.

        Horiek ziren euskaraz w hizkiarekin hasten ziren hitz guztiak. Ez ziren asko, eta ez zitzaizkion egokiak iruditu egiten ari zen ipuinerako. Hala ere, batzuk bere libretatxoan apuntatu zituen:

        Washington: zer soinu polita duen hitz honek.

        Winchester: inoiz armarik erosten badut, Winchester bat izango da, noski.

        Wolframio: izen bikaina ipuin bateko pertsonaia batentzat, edo zakur batentzat. Wolframio, etor hadi hona! Eseri! Wolframio! Eseri!

        Uste baino azkarrago —bost astean— irakurri zuen hiztegi osoa. Gezurra badirudi ere, nahiko azkar leitzen da, horretara jarriz gero. Gustura zegoen emaitzarekin. Berrehun eta hirurogeita sei hitz apuntatu zituen, bere istoriorako egokiak eta nahiko zehatzak izango zirelakoan. Ez zitzaizkion hitz gehiegi iruditzen, baina zertarako gehiago, soberan zegoen guztia kendu beharra baldin bazegoen... Monterrosok esana zuen, dinosauro zaharren jakintzaz: ehun hitzekin esan dezakezuna, esan ezazu ehun hitzekin; hitz batekin esan dezakezuna, batekin. Txekhovi ere irakurtzen zuen ezer ez zitzaion behar bezain laburra iruditzen...

        Jarri zen ipuina berridazten, baina beste zalantza batek hartu zuen, agudo. Elhuyar hiztegia irakurri zuen hitz egokienen bila. Berarentzat hiztegi hori zen euskarazko hiztegi onena, osoena. Baina horrek ez zuen esan nahi hutsuneak ez zituenik. Zein hiztegik ez dauka hutsunerik? Ipuina berridazten jarri aurretik, euskarazko beste hiztegiak ere irakurri behar zituzkeela pentsatu zuen, gero idatzitakoa berberridaztea zailagoa izango zela iritzita. Hiztegi Batua, Hiztegia 3000, Orotariko Euskal Hiztegia, Sinonimoen Hiztegia, Hiztegi Terminologikoa... Ezagutzen zituen guztiak irakurri zituen bakoitzetik interesgarriak iruditu zitzaizkion hitzak apuntatzen zituen bitartean. Hasierako zerrenda ez zen asko luzatu hala eta guztiz, eta gehitu zituen hitzak, irakurritako lehen aldian ez, baina bigarrenean edo hirugarrenean egokiak iruditutakoak izan ziren gehienak, eta ez aurreko hiztegietan azaltzen ez zirenak. Bitxia zen —ondorioztatu zuen— hitz batek ezer ez esatea irakurritako lehen aldian, baina bigarrenean edo hirugarrenean hamaika leiho zabaltzeko gai izatea. Kontuak kontu, hirurehun eta hogeita hamaika hitz bildu zituen guztira prozesu haren amaieran, sei hilabeteko irakurketa-lan neketsuaren ondoren. Tristura, guraize, ubeldu, aspirina gisako izenak zeuden zerrenda horretan, baina baita biziki edo akaso bezalako adberbioak edota pausatu, usteldu eta lausotu moduko aditzak ere. Denetarik zegoen.

        Eseri zen orduan ordenagailuaren aurrean, eta ipuinaren hasiera berridazteari ekin zion: Haizea ufaka zebilen; ekaitza zetorren mendietatik. Bai, koma hura ez zegoen guztiz ondo; puntu eta koma behar zuen zalantzarik gabe. Barre egin zuen horrenbeste kostatu zitzaion erabakia berriz atzera bota behar izanaz, eta egun osoa testu bat lantzen eman ondoren koma bat soilik kendu zuen Oscar Wilderekin oroitu zen, testua hartu zuen hurrengo aldian kendutako koma hura berreskuratu baitzuen hark ere. Alfred Hitchcock berak ere badu argazki bat, plano bat 167. aldiz errepikatzen ari dela salatzen duena. Horien aldean, huskeria galanta zen bere perfekzionismoa!

        Hiztegietatik lortutako hitzen zerrenda errepasatu zuen. Hor zeuzkan elementuak, haiek ziren errezetarako behar zituen osagaiak. Jaki gutiziatua prestatzea besterik ez zen falta. Gortinei adjektiboa aldatu eta ordura arte idatzitakoa berrirakurri zuen:

        «Gortina horituak erretiratu eta leihoa ireki zuen. Haizea ufaka zebilen; ekaitza zetorren mendietatik. Hasperen egin zuen, haize-bolada batek bere birikak bete eta horretara behartu izan balu bezala».

        Gero, eskuak teklatuaren gainean kokatuz, esaldi hau gaineratu zuen, tekla bakoitza kontu handiz sakatuz:

        «Hasperena, pentsatu zuen gereziondoaren gainean pausatu berri ziren kardantxiloei begira, hasperena baita tristuraren aurkako aspirina».

        Aulkitik altxatu zen bortizki. Esaldia ondo zegoen. Penaren aurkako aspirina, tristuraren kontrako medizina, hasperena. Polita zen. Gainera, esaldiak zeukan esanahiaren indarraz aparte, aliterazioa lortu zuen aspirina eta hasperena hitzen soinu-antzekotasuna baliatuta. Horrek oraindik hobea egiten zuen esaldia, ala ez, ez zegoen seguru, baina arazo bat azaleratzen zion: testu baten zolitasunak —musikak, alegia— garrantzia baldin bazeukan —eta argi zegoen bazeukala— zergatik idatzi euskaraz? Edo beste modu batera esanda, zergatik idatzi euskaraz bakarrik? Milaka hizkuntza daude munduan. Zergatik mugatu behar zuen bere ama-hizkuntzara? Zer demontrek galarazten zion beste hizkuntza bat erabiltzea? Zergatik ez zituen gaztelania, frantsesa, ingelesa edota italierazko hitzak ere erabiliko? Hizkuntza bereko hitzekin halako doinu berezi bat lortu bazuen, zer gehiago lor zezakeen hizkuntza desberdinetako hitzak uztartuz? Gainera, badira hitzak hizkuntza batean soilik existitzen direnak, eta beste batean ez. Hizkuntza batenak direnak, berezkoak. Nola adierazi gaztelaniaz gizon hura petralduta dagoela? Zein da ingelesezko jazz hitzaren euskarazko ordaina? Eta existitu arren, hizkuntza batean hitz batek daukan indarra ez da hitz horren itzulpenak daukanaren laurdena. Gaztelaniazko angustia hitzaren larritasunaren erdia soilik zergatik adierazten du euskarazko estutasun hitzak? Kardantxiloa gereziondoan pausatzea zergatik da el jilguero se posó en el cerezo baino ederragoa?

        Zapatak jantzi eta kalera irten zen ziztuan. Ez zeukan denbora galtzerik. Ohiko liburu-dendara joan zen bere Opel Kadett zaharkituan. Frantsesa-Gaztelania, Ingelesa-Gaztelania, Ingelesa-Euskara, Italiera-Gaztelania... Hiztegi elebidun mordoa eta hizkuntza bakoitzeko sinonimo-hiztegiak erosi zituen, eta autoa ondo kargatuta itzuli zen etxera.

        Hurrengo hilabeteak hiztegiok irakurtzen eman zituen, bazkaltzeko ere etenik egin gabe. Hiztegia alboan zuela irensten zituen, nola latako sardinak, hala sobreko zopak, poteko zainzuriak edo etxera ekartzen zizkioten lau gaztako pizzak. Bere lanari zeharo emana bizi zen. Lo ere doi-doi egiten zuen, errendituta hiztegien gainera aurpegia erortzen zitzaionean soilik.

        Bederatzi hilabete iraun zuen azterketa honek —haurdunaldi bat—, eta ia mila hitz berri apuntatu zituen bere libretatxoan: jump, affaire, macabro, luxemburgués, bollocks, truly, empty, avec, mercenario... Azterketa zabala eta sakona izan zen, osoa eta hutsunerik gabea, eta betiere hasierako helburuak gidatutakoa: ipuin perfektua osatzeko hitz egokienak eta zehatzenak topatzea.

        Azken hiztegiaren azterketa amaitzen ari zela, ordea, beste ideia inozo bat izan zuen, bere zoritxarrerako (edo zorionerako, ez zegoen guztiz ziur). Egia zen, bai: irakurri zituen, irentsi zituen ezagutzen zituen hizkuntza guztietako hiztegiak, aukeratuak zituen egokienak iruditu zitzaizkion hitzak, baina ez ote zen akademikoegia izan, ez ote zen zintzoegia izan, inuzenteegia alegia, edonork aurki zitzakeen hitzak harturik soilik kontuan. Eta beste norbaitek —kasualitatez bazen ere— hitz berberak aukeratzen bazituen! Hor zeuden! Hiztegietan zeuden! Edonoren esku! Eta are okerragoa zena: hiztegietako hitzak zoriz aukeratuz norbaitek berea baino ipuin hobea osatzen bazuen, zer! Izan ere, argi zeukan erabiltzen ari zen metodoa zela-eta, horretara jarrita, ipuin bat modu tradizionalean egitera jarrita alegia, ez zuela inork berea baino hobea idatziko: ezinezkoa zen! Baina zoria zer! Zoria izan zitekeen bera baino idazle hobea, zalantzarik gabe. Are, zoriaren bidez soilik osa zezakeen norbaitek, bera egitera zihoan ipuina baino hobea... Urteak beharko ziren, mendeak akaso. Edo agian ez; agian, bere ipuin ustez perfektua argitaratu eta biharamunean lor zezakeen norbaitek konbinazio perfektuagoa. Denbora kontua, edozein modutan. Garbi zegoen, lehenago edo geroago, izango zuela zorte hori inuzenteren batek. Eta ipuin bat ez da perfektua, beste bat hobea egiterik baldin badago. Inoiz egin den ipuinik onena behar zuen bereak, eta sekulan hoberik izango ez zuena. Zoriari berea hobetzeko aukera txikiena uztea, arriskutsuegia iruditzen zitzaion, hitzen konbinazio perfektua lortzearen probabilitatea txikia izanagatik ere. Beldurtu egin zuen bi dado botatzen zekien edonor idazle izan zitekeela pentsatze hutsak: zenbat eta idazle gehiago, orduan eta ipuin gehiago, gero eta aukera zabalagoa berea baino hobea zen lan batek argia ikus zezan.

        Hutsera murriztu behar zituen zoriaren aukerak, eta modu bakarra zegoen horretarako: zoriak aukeratu ezingo zituzkeen hitzak sortzea eta erabiltzea. Horregatik erabaki zuen —esperantoa gogoan— hizkuntza berri eta propio bat garatzea, edo gutxien-gutxienez inongo hiztegietan egongo ez ziren hitzak asmatzea. Anjel Lertxundiren hiztripuarekin gogoratu zen. Euskaraz hain usu egiten ziren ortografia akatsak izendatzeko eta akats horien ondorioz hitz batek har zezakeen bigarren zentzua adierazteko erabiltzen zuen euskal idazleak hitz hori. Hitza eta istripuaren arteko ebakidura ero hura bera zen, gainera, adierazten zuenaren adibiderik onena. Bi hitz arrunt konbinatzetik lor zitezkeen, beraz, hitz berri inoiz entzungabeak. Bi edo hiru hizkuntzatako hitzak nahastea zen beste aukera bat. Mentirotso inozoa bururatu zitzaion, horrela, bote lasterrean, mentiroso eta otso hitzak uztartuz, politikarien burla-izen gisa. Gezurhouse izan zitekeen parlamentua... Ez zirudien oso zaila hitz berriak asmatzeak.

        Hala eta guztiz ere, behin horretan jarrita, ondo egin nahi zuen lana, errazkerietan erori gabe eta behar adina denbora hartuta. Sorkuntza deuseztatzen baitu presak. Lau urte eta erdi jardun zuen zeregin neketsu horretan, eta alfabeto berri bat ez ezik, hiztegi berri bat eta sintaxi propio bat ere sortu zituen. Mine umbrero dagos portichello, idatz zezakeen orduan, esaterako; edo Zainperan garrantziall zakustvi. Gainera, behin ipuin perfektua idatzitakoan, asmatutako hizkuntza berri haren hiztegi eta gramatika guztiak deuseztatuko zituen: ziur egon zitekeen beste inork ez zuela antzekorik idatziko, ezta zoriak berak ere. Bere obra handiaz kontent, erabat goibeldu zen bat-batean, konturatu zenean berak baizik ez zuela ulertuko hizkuntza hartan idatzitako zernahi.

        Lurrera bota zituen mahai gainean zituen paper eta apunte guztiak. Bere egoskorkeria madarikatu zuen, den-dena beti perfekzio akatsik gabeaz egiteko hezurretan errotuta zeukan behar hori, gaitz hori. Gaixotasuna baitzen berea, ezer izatekotan.

        Baina, eta zer?, pentsatu zuen derrepente burua mahaitik altxatuta, eta zer inork ez bazuen bere ipuin perfektua ulertzen ahal? Norentzat idazten zuen, bada, bere buruarentzat ez bazen? Zer axola zion inor ez konturatzea ipuin perfektua idatzi zuela? Ez al zen are zirraragarriagoa? Ipuin perfektua, ebatzi beharreko hieroglifiko bihurtua! Ipuin perfektua, denen begi aurrean, baina inorentzat ez eskuragarri. Ipuin perfektua, irakurle perfektuarentzat soilik sortutakoa. Iritsia zen azkenean idazten jartzeko eguna!

        Egindako lan eskergaren ostean, ordea, ahituta sentitu zen zeharo, ezer idazteko indarrik gabe, eta urte beteko atsedena hartzea erabaki zuen. Haize freskoa hartu, bapo lo egin, taxuz jan... Ondo etorriko zitzaion, eta ipuinari berrekiteko behar-beharrezkoa zitzaion kemena suspertuko zuen. Harrezkero, beste urtebete itxarotea ez zen horrenbesterakoa.

        Igaro zen urtea, eta baita bigarrena ere ia-ia. Ez zen ordenagailuaren aurrean esertzera ausartzen. Bere helburua lortzeko falta zitzaion azken urratsari aurre egin beharrak gihar denak tenkatzen zizkion. Dar-dar batean jartzen zitzaion gorputza beno, bihar bai, bihar hasiko naiz bere buruari esaten zion bakoitzean. Bihar ez zen inoiz gaur. Beherakoak eta sukarrak jota, maiz ohean geratu behar izaten zuen ezinbestean.

        Udako egun bero batean, ordea, gaur behar zuen bihar horietako batean, goitik eta behetik libratu beharrekoak komuneko zulotik bota ondoren, izerdi hotza kentzeko dutxa bero bat hartu eta ordenagailuaren aurrean eseri zen, eta idazle orok pantaila zuriaren aurrean behar duen ausardia puntu hori sentitzen ez bazuen ere, teklatuari eragiteko prest jarri zen, aurrez landutako zerrenda altzoan hartuta. Ipuingileak ausarta izan beharra dauka; tristea da aitortzea, baina hala da, zioen Bolañoren seigarren manamenduak, eta pantaila zuria behatzera behartu zuen bere burua, zeharka izan arren. Ausarta izan beharra daukat, ausarta izan beharra daukat, errepikatzen zuen xuxurlaka.

        Orduan, hasperen egin, eta hatzak teklatuan astiro-astiro pausatuz, libretatxo horituan idatzita zeuzkan hitzen konbinazio anitzen artean, honakoa aukeratu zuen:

        «Subito el window fermé, eta aspirin egin zuen».

        Dardara leun batek zeharkatu zion bizkarrezurra, ileak tente arraio jartzeraino, hitzak ezarian-ezarian pantailan agertzen zihoazen bitartean. Begiak itxi zituen, oilo-ipurdiak eragindako sentipen gozo hura gorputzeko zelula bakoitzarekin, ahalik eta denbora luzeenean, sentitu nahi balu bezala. Minutu bat kasik iraun zuen estasi moduko hark. Gero, begiak ireki, eta aulkitik altxatu zen mugimendu bortitz batekin.

        Egina zegoen. Dena esanda zegoen esaldi bakar perfektu harekin, edo alderantziz, esaldi perfektu hark irekitzen zituen leiho guztiak.

        Ez al zen ipuina izeberg bat bezalakoa? Ez al zuen erakusten zuena halako hamar ezkutatu behar?

        Aurpegira zuzen begiratu ezin zaion zerbait omen da ipuina. Idatzi berri zuen hari, hurbildu ere ezin zitzaion egin.

        Ordenagailua itzali eta sandaliak jantzi zituen. Jatetxe batera sartu eta topatu zuen lehenengoarekin, mahai gainean, denen aurrean, larrutan egin izan balu bezain kontent sentitzen zen. Kalera jaitsi zen, pijama eranzteaz ahaztuta. Historiako ipuin onenak merezi zuen zerbezatxo bat, zer arraio!