6
Paperik ez zuten haurrei kasurik ez omen zegieten mugazainek. Iztaren arabera behintzat. Gogorragoak ziren helduekin, askoz, bortizki kartzelaratzen zituzten eta yankien presondegiak famaz ez zitezkeen samurrak, legerik gabeko Guantanamokoa aintzakotzen baldin bazen bederen.
Garbi zeukan Sigmak:
— Guantanamokoak bezala baldin badira, beldurtzekoa baduket.
— Hainbeste ez. Baina ezagutu ditut angelu bako lau horma zehargien artean eroturiko Mexikoko San Nikolas koloniako mutikoak. Kanporatuak izan eta ez zuten sekula beraien huts egitea onartu. Auto eta tresna gurintsuak trafikatzen dabiltza, nora ez eta arras herbal. Suizidatzear.
— Izutzen nauzu.
Umeak oheratu zituen Coatlik. Lamdarekin moteleko gelaren atarira irten zen, ilargitan zigarretak erretzeko. Larru iluneko bizidunak, oinak herrestan, errondan zeuden petrolio barrikoteen aldamenean. Muga urratzearen zain. Paloma Negrako lehen estaira luzatu zuen begirada Sigmak, eta errebes haien destino berdina pairatzera zihoala pentsatzeak azala zimurtzen zion. Dudak ito zuen. Hoteleko harrerara lehiatu zen lekuko ohituren jakinean zegoen Iztaren atzetik.
— Jabeak sareak ezagutzen dituzke, ikusten duzu nola ari den ahapez, sudaca saldo horretako buruarekin. Eska diezaiogun.
— Ez dut ezer galtzekorik.
Guadalupeko ama birjinaren marrazkiak eta biluzturiko emazte ponpoxen bularrak uholde zeuzkaten kamioilari-egutegiak zintzilikatzen ziren hormetan. Giza kaskezur zurbilek eta idi adarrek hornitzen zuten txokoa. Ezko-argiak dildil. Hilda izena papoan idatzirik zaraman langileak. Asper egotzia zen, Izta eta Sigma hurreratu zitzaizkionean:
— Bahai?
— Zerbitzu baten eskatzera gatoz. Ez da erraza azaltzeko.
— Presatua naiz.
Irratian brazero frakasatuaren abestia zebilen. Sarri pasagiara atrebituko zirenek, tekila basoak koskatuz, suertea opatzen zioten bata besteari, inkontzientziaren algaraz: como no traía dinero me paraba en las esquinas para ver a quien gorreaba los pescuezos de gallina...
Izta ez zen toteldu:
— Ez du paperik Ameriketaratzeko. Koiote bat bilatzen dugu. Dirua badugu. Gaurko behar luke.
— Koioteek dolarrak dituzte hobesten.
Kantariak zerraikan: me salí a la carretera muerto de hambre y desvelado me subí en un tren carguero que venía de Colorado...
Sigmak gaztaroan irentsi westernetan baizik ez zituen koioteak begimendu. Abere lanjerosak ziren, abilak, errautsean aztarna borobilak uzten zituzten rattle-snake piztia herrestariak bezain. Hildak moteleko mutila norabait bidaltzen zuela, itxoitea aholkatzen zien bitartean, nonbait irakurri istorio tragiko batez oroitu zen Sigma. Ostalerak ekarri suzko urez bete godaleta haztatzean, hiltzera kondenatuaren azkena bailitzan, Iztari kontatzen hasi zitzaion:
— Hondurasko emakume bat behin Phoenixera gidatzeko garesti ordaindu zion gizonak jo, bortxatu eta desertuan abandonatu zuen. Coatlik aipatu dizkigun Nogalesko Beta taldekoek zuten artatu, amerikar border patrol garratzek hil zorian atzeman eta ukaraiak loturik libratu zietelarik. Agian ez zait horrelakorik gertatuko.
— Ba pentsa!... Nahiz eta muga ez den inondik ere Testamentu Zaharreko erreka trankila. Burdinazko murru gorakoiak badira denetan, eta amerikarren ametsa Rio Bravo ibaiaren hegiak Pazifikotik Atlantikorakoraino herstea da. 1995ean Duncan Hunter diputatu errepublikarrak fence horren eraikitzea proposatu zuen. Gobernu federalak San Diegoko eskualdea zarratu zuen Vietnamgo alanbre hondarrak erabiliz. Bideo-kamerak aurkitzen dira, border patroltegiak eta hiritar borondatez linea berdea kukuskatzen duten amerikarrak. Mai Lai edo Abu Ghraibeko beteranoak. Minutmen entzutetsuak immigrazioaren kontrako borroketako heroiak dira dagoeneko. Kamioetan txakur gosaioak dauzkate, largabista infragorriak, matrakak, eta tiroka dezakete. Izengoiti erranguratsuak daramatzate, hala nola Lone Wolves, Gadget Dan, Kingfish edo Radar Jim.
— Bitxi zait oraindik ere agiri gabea izatea. Paranoikoa bilakatzear nago, badakizu: big brother is watching me and so on. Jainko larderiatsuak gaztigatuko lukeen bekatorosa naiz eta bizitza kutxalapilean jokatuko dut.
— Bada izutzekoa... Baina laguntza elkarteak badira Mexikon eta Estatu Batuetan, XIX. mende erditsuraino lurralde hau mugagabea zela ez ahanzteko. Indioen eta chicanoen eremuak ziren. Kultura bera zuten. New Yorken badaukat uda oroz hona datorren erizain adiskide bat...
— Nogalesera?
— Linea guztian zehar ibiltzen da mediku eta herritar apurrekin, gero eta gorago doan hesia gainditzen saiatu eta lortzean ilegalek pairatzen dituzten zauriak sendatzeko. Traumatismoak, hezur apurketak, haragi urratzeak, duntzetarik eraisteak senda ditzakete San Diegoko ospitalean, bai eta konplize mutuak dituzten gune zehatzetan. Ilegalen sustengatzea Estatu Batuetako patriot act haren aurka egitearen parekoa da, nehork ez du deus erraten, tabu bat bailitzan.
Irriz lehertu zen Izta.
— Paradoxala da, Amerika hauek, ipar, hego eta erdi batera kontsideratuz, populatu zituzten guztiak ilegalak baitziren, Europatik zetozen gerlek, goseteek eta american dream zelakoak akuilaturik, Guatemala, Nikaragua edo Perutik letorkeen edonoren moduan. Eta amerikar ametsa ez da bakarrik dirua eta boterea metatzea, pobreki izan arren libre irautea, apezen, notableen, familien, auzoen erramerranetarik urrun eta aske baino.
— Better Life hura.
— Bai, horixe.
Despues llegó la migra de la mano me agarraron me decían no sé qué cosa en inglés me regañaron me dijeron los gabachos te regresas pa'tu rancho: Sigmak moteleko berinazko borta automatikoa irekitzen segitzen zuen. Lamda zehatz zezakeen eta, haren ondoan, armadetako trelliz apaindu itzal lerden eta zainarta. Maitale ohia nekatua zen, Psili eta Zei zurrungaz zeudela, Coatliren hegalpera atsedentzera joateko presatua behar bada:
— Garaiz altxatuko gara bihar?
— Zortzietan trabesatuko dugu Frontera. Orduan egiten dira txandak. Hildak dioenez bederen.
— Hilda?
— Moteleko jabea.
— Etxekotuak zaretela ohartzen naiz. Ohera noa.
Lamda desagertu zen. Berehalakoan Sigmaren bostekoa tinkatzen zebilen Suzie Bee naiz ahoskatuz aurkeztu zena. Indio jatorrikoa zen, hopi edo navajoetarik menturaz. Hortzak zuri zeuzkan eta barre iluminatua.
— Zu al zara nirekin etortzekoa?
— Bai, ni naiz. Sigma. Paperik ez dut.
— Bidaideak agurtu itzazu, gogoan atxikiz ez dituzkezula berriz ikusiko. Goazen. Tratua egitekoa dugu ezta?
Iztak billete plegatuak sakatu zituen Suzie Beeren bizkar-zakuan. Sigma besartean tinkatu eta musukatu zuen, bazter-behakoen axolarik gabe. Suzie Beek keinuka eskertu zuen Hilda. Ele gutxi zerabilen, ekintza tazitoak, inplizituak eta eliptikoak baizik ez baitziren hemen garatzen. Sigmak, euskaldun gisa, nahikoa bazekien horretaz. Herrian hain ziren hitz egiteaz beldur, lagun proximoa kolpatzeaz partikulazki, borroka armatua demagun edo pornografia urrina zerion mintzairaren geroa aipatzean, agurra bera murritzenera laburtzen zen ep! motzenera, soa ezkel, zer agitu ere. Jendetasunaren zero gradura errenditua zela zioen Sigmak, sorbaldak mugituz Hilda despeditzen zuela.
Motelaren loiroa argiztatua zen. Tegi likitsetan zakurrak auhenez ari ziren, lauzpabost igel solasean, zirri-zarra elkorrak eta nogales ziztadunetarik Suzie Bee zein Sigmaren urratsak ozen zebiltzan, isiltasuna zizelkatuz, artatuz, salbatuz, hobetsiz.
— Nogalesko pasagia gustatuko zaizu. Mugatik bostehun metrotan sator-zulo bat daukat. Ordu txikietan mugituko gara.
— Lotsa naiz. Izuak naroa.
— Ez da momentua. Zernahi gerta ere, ez dugu elkar ezagutzen. Ez dakit nor zaren eta ez nauzu nehoiz gurutzatu.
— Zaila izango da. Baina bai, bihotz pilpirak jabalduko ditut. Dena den iraganen diren anonimo ugarien zortea partekatuko dut. Konfiantzazko norbaitekin. Zergatik axola?
Argizaiola eho zuen Suzie Beek, eri erakuslea ezpainetan zut-zuta. Urrunean xuxurla elkor estofatuak aditzen zituen Sigmak: fortunazko bidaiarienak ziren ala errautsak zutoinduz temaz zihoan haizearenak? Sabel harrikatuen karrankak? Kaktus handios baten arantzak ahurra zirrimarratu zion. Odola ttanttaka.
Fronterako aizolbe eskasen saihetseko errepidean nagitzen ziren autoen faroek noiztenka inguma biek aztalkaturiko xendra erraztatzen zuten: mageyes eta nogales landare lodiez aparte, nopaltzeak bazirela baimen zezakeen, baleena izanik, kaktusen espezialista bihurtua baitzen engoitik Sigma. Abar eta nahar lehorrez perdukatu zola hartan Suzie Bee zalu-zalua aitzinatzen baldin bazen, Sigma haztamuka zihoan gibeletik, trabe eta trauke.
Kopeta altxa eta ortziko izar kliskariena desiratzean, Izta, Coatli eta Lamda haurrekin ohe gozoetan etzanik itxuratu zituen, halaber Posa eta Fahir Londresko Sohon, bai eta Modou Aminatarekin Bamakoko migrante deboilatuen getarian. Negarra jauzi zitzaion: maite zuena Izta, zinez, hartarik urrun irauteak irekiko liokeen hutsune antsiatsua asmatzeraino? Aire arinaren biribilketa soinuak belarrietan, harritu zen jadanik zenbateraino falta zitzaion neurtzeaz. Desertu usain idorrak kilikatzen zion sudurrondoa eta baketzea erdiesten ez zuen burumuinaren ardatz karrankaria.
Lurpeko sotoan sartu ziren. Meategi abandonatu baten sarrera zen. Egurrezko zutabeek zetxikaten buztinezko murruaren armairu eskasetan puska apurrak zeuden, Suzieren altxorrak, egunerokoa bermatzearren: arropak, laserdun irratia, telebista mugikorra, David Lynch eta Arturo Ripsteinen DVDak, hamar bat liburu eta janariak, arratoien meneko, irrisa, arto irina takoak eta tortillak adelatzeko, kafea, tea eta han hegats pearen kantoian, tekila reposado botila erdi betea.
Ali Babaren harpean Sigma sosegatu zen. Amaren sabelean bailitzan.
Suzie Beek egitaraua bihikatzen zion:
— Autobusa hartuko duzu. Hara txartela. Tucsongo sargian dagoen Dineh Bar izeneko ostatuko geldialdian jaitsi eta lagunak helatuko dituzu. Han batuko zarete.
— Umeek pasaporterik ez daukate.
— Iztak erran dizu mugazainak ez direla gaztetxoekin hain zakarrak. Ez dira mesfidatzen. Gainera edonoiz hortik jende asko badabil. Ez dute betarik kontrol xeheak obratzeko.
Hobe pentsatu zuen Sigmak. Gauerditan abiatuko ziren. Suzie Beek kafea berotu zuen. Urrina barreiatu zen bordatxoan. Liburutegian Octavio Pazen El laberinto de la soledad obra esku arteratu zuen Sigmak.
— Ilunpe honek soleitzen baldin banau, osorik leituko dut, eta gazteleraz.
— Ona da, gurea da, baina ez dezagun astirik galdu: biluz eta bezti zaitez. Hor dituzu jantziak.
Kamiseta eta jeansak erantzi zituen, militar kutsuko galtza eta paltoz ordezkatzeko. Bereak bizkar-zakuan tolesturik, mirailari plantatu zen:
— Ni neu naiz?
— Ez al duzu zure burua ezagutzen? Torizu kafea. Mugalarien txanda aldaketa dator. Erna gaitezen. Hau ez da San Diego. Hutsuneak badituzte eta, gu, koioteak, horietaz baliatzen gara.
— Klandestinoak gidatzetik bizi zara?
— Gutxi gorabehera bai. Ez naiz besteak bezalakoa: pasagiaren erreusitzea ohore bat da niretzat. Gustatzen zait bidaia alfatik omegara korapilatzea eta bezeroa behar duen tokian abandonatzea, salbu eta sano.
— Lortzen duzu beti?
— Gehienetan bai. Beste bi polloerorekin ari nintzen. Orduan nuen dastatu Tucsonen hiru asteko kartzelaldia. Geroztik bakarrik ari naiz, bakarrik eta saldo oso txikiekin.
Hasperen uhertu zen Sigma. Botereek altzairu edo zementuzko murru leunak segaildu arren, klandestinoak saguen antzera harresietarik zirristatzen ziren, gatu urguilutsuen ardura engainatuz. Amerikar hiritarrei Mexikotik zetorren droga trafikoaren kontrako geruza gisa aurkezten zitzaien, indartzeak eta hedatzeak kostatzen zuena, zinkurin barik, baiezkoan bozka zezaten. 2006ko urrian Secure Fence Act zelakoa izenpetu zuen Bushek. Herrialdeak ezin garaituzko fortalezen maneran hertsatzen zituzten, europarrek Ceuta eta Melillan zegiten legez.
Gogopena desertu zeukan.
Suzie Beek, urduri, joatekoak zirela xuxurlatu zion.
Ilargi beteetan otsoak nola, hala lerratu ziren Sigma eta Suzie Bee sapar zakarretan. Ez ziren mintzatzen. Onomatopeiaz komunikatzen zuten. Mugak osatu askatik zekusaten gainaldeko bidean mexikar polizia-kotxe koloretsuak zelatari zebiltzan. Ibaiaren hurbila usnatu zuen Sigmak: lohil eta lokatz. Ez zen handia.
Sokaz estekatu ziren gerritik.
Abere edo izate primitiboaren jaidura harrotzen zihoakion. Bista egokitzen zitzaion, hatsartzea sakontzen eta belarria irekitzen. Denmendreneko azantz arraroak pararazten zituen, adi. Suzie Beek erabakitzean, aurreratze urriari ekiten zioten berriz.
Hondarrean, ura zilborreraino, erreka gainditu eta pareko ezpondan Suzie Beek this is America mailukatu zion. Zapatak aldatu zituzten fronterako alanbrezko hesiaren maldan. Suziek trukesak atera zituen poltsatik, burdinazko zarrailua ebakitzeko, bi gorputzen iragateko adina.
Koiote zuloa zen.
Tu la quittes.
Suzieren hatzetarik lerratu zen Sigma. Argizagia eleka ari zitzaien. Sirenak eta intziriak haztatzen zituzten. Oihutxoak. Kikizaiak. Manuak. Mundu zarpaildua. Trastutua. Unatua.
Rio Bravoren Arizonako hegian gora zebiltzan agudo, zanpa-zanpa. Suzie Beek zerrasanez, Chriss Blair minutmenaren 4x4a sasietan zegoen, geldo, motorra pizturik. Betaurreko infragorriekin miatzen zuen ibar xinaurritsua. Arrangurarik ez eta azkenean lekuz aldatu zen. Zarataz balia, Sigma eta Suzie Bee korrika zinpurtu ziren, bi mila metroz bederen gelditu barik, hatsak birikak urratzen zizkiela.
Txabola amildu baten bortan jo zuten.
— Hara —besterik ez zen Suzie Beerengandik jazarri.
Pasatzeak justu oren bat iraun zuen.
— Jimen gomendioan uzten zaitut.
— ...
— Itzuliko naiz. Hesia konponduko dut. Suerte. Jimek Tucsonerako autobusera eramanen zaitu. Eta, ez ahantz Dineh Barrean duzula lagunekiko zita. Emazkidazu arropak, eta jarri itzazu zureak.
— Jim, ohikoa honekin ere.
Behatz erabakiorraz ehun dolar iltzatu zizkion telebistaren azpiko mahaitxoan. Kanpoan nehor ez zen, haizearen izpiritu eraldatua baino. Alta Sigmak bazter guztia birika artegaz perlatua zela bazekien. Irudipenaren bitxitasuna hausnartzean, Jimek barnera gonbidatu zuen, nolabait ongi merezituriko kafea hurrupatzera.
Goizeko biak ziren.
— Seietan ene pickup zaharkituaz geltokiratuko zaitut. Lo egizu amiñi bat.
— Bururatua dugu?
— Zinez bukatua dukezu Dineh Bar-eko kontuarreko ttottogietan eseriko zarenean. Anartean kezkatzekoa badugu beti. Dena dela bizidunari segurantza izpirik ez dagokio, ez mugak, edozein, urratzean, ez herioan, are gutxiago bizitzean berean.
Indioa bizkarrez miretsi zuen eta zurrungari eman zen. Hautsak. Hats bahituak. Tiroak ortzaizean. Suge arrakalariak. Suzie Bee. Egunkarietako laburrak. El laberinto de la soledad. Iztaren eztitasuna. Izerdia. Beldurra. Sirena hotsak. Amesgaiztoz hantu zitzaion kaskopea.
Iratzartu zenean, Jim arin eta minbera kantan entzun zuen, boza erritmoen kolpekaz heziz. Artoaren benedikatzea auhenkatzen zuena? Non zegoen? Lurrean hedatu ohantzetik trabukatu eta leihotik beha, Sigma harritu zen: errepidea gertu zeukaten. Goizeko seietan inguruneak oraino bare ziren. Bele zenbait eta hontz kalakaria oihar. Zerudiak ubel, azkorria iraitz zihoan. Indioak otoitza utzi zuen:
— Arren, zatoz.
— Berehala?
— Har ezazu itzain txapela.
Kamioitxoa piztu zuen. Eztulez inarrosi zitzaion. Muturik zebiltzan. Ortzia gorri-gorria zen. Sigmak, basamortuan argi-aurka landatu petrolioa zurgatzeko burdinazko besoen urruntasunean finka zezakeen izpiritua: munduko zirrintak zoragarriak ziren, mugak ezabatzen zihoazen nortasun zalantzakorrentzat bereziki.
Indioak, aurpegia bihurdikatuz, makina gurintsuaren oinetan zetzan gorputz bat erakutsi zion:
— Gureetarik da. Ahulegia zitekeen: dirurik gabe koioterik ez da. Maleruski. Baraurik badabiltza anitz. Iparra nahi dute. Itsutuki. Bost axola zaie nola. Herioarekiko hitz ordua zuen gaizo honek. Badakizu 1995az geroztik San Diegotik Brownsvillerainoko border honetan bost mila hilotz zenbatu direla.
— Nork ditu ehorzten?
— Nola nahi duzu lurpera ditzagun lurrik ere ez duten gizaki horiek?
Jimen soaren ihesa.
Egun zohargia zen Ameriketan. Zekusana oro lehen aldiz ikusten zuela sinesten zuen Sigmak: ukitua zen errotik. Aditza eratorrian zebilkion, errangai ments. Truck-aren irakurgailuan Buffy Sainte Marie Cree-aren I'm going home klaskarazi zuen indioak, matela zuloan plegu samurra marraztuz.
Handik laster, Tucsonerako autobusaren maldan arrotz banandu ziren, bakoitzak bere lan zatia konplitu bailuen. Mexikarrez eta indigenez mukurutu ibilgailuak gero mortuak ebaki zituen, oiloak eta haurrak karkara ozenka esnatzen zirela.
Amen batean Dineh Bar-eko aparkalekuan aurkitu zen Sigma. Ninikak ezker-eskuin higitu, Jimen oparitzat zeukan cowboy txapela ozkan jarri eta mugikorrean Iztaren zenbakia markatu zuen.
Astiro.