Ezer gabe hobe
Ezer gabe hobe
2009, nobela
224 orrialde
978-84-92468-13-3
azala: Lander Garro
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
Ezer gabe hobe
2009, nobela
224 orrialde
978-84-92468-13-3
aurkibidea
 

 

1

 

Eguzkiak bazterrak erretzen zituen. Argitasun bereziak begi hondoak kilikatzen zizkion. Geratuko zen malgortzen zihoazkion giharrak astintzeko. Burua huts zeukan eta bihotza zorabio: Bartzelonatik zetorren. Bakarrik. Alta han ezagututakoa ez zezakeen ahantz: amodioa zena ala arintasun sentimendu zehargia? Irriz ari zen eta noiztenka negarrak betazal azpiak hezetzen zizkion. Lurrutsaren errautsezko minean deus ez zekien, eta ezjakintasun hori gustatzen zitzaion. Alfajarinen sartzearekin, muinoaren kaskoan landatu zezen ilunaren siluetak inguruak beilatzen bezain mehatxatzen zituela zirudion.

        Autopistako pausalekuan gelditu zen, gasolina hartzeko eta ur botila biren husteko: egarri zebilen eta patsetan. Europa zeharkatzen zuten burdinazko mastodonteen artean kokatu zuen kotxea. Nortasun berezirik ez zeukaten dendetako komunetara zuzendu zen, mailetan jarri jende taldeetarik zulatuz, zanpa-zanpa, aurpegia eta besondoak busti ondoan, haize meheak nahasi biloak leuntzeko. Ostatuaren barnetik musika xoxoloa hegalda zetorren, jendeak kontsumitzera bultzatuz, beraiek nahi ala ez. Ekialdeko kamioi gidarien algara zintzurroiak bereiz zitezkeen, ordea, isiltasun sapatsuak itoriko tabernan.

        Tengo la camisa negra.

        Atera zen.

        Autoak burrunbaz jalgitzen ziren, Lleida edo Tutera aldeetara. Burla tirria zeukan, leku hauetan arrotz gisa xarmanki konpontzen zelako.

        Ekaitz biribilkatsuetan garatu solasaldiei belarrimen egon zen:

        — Nork eramango du Ainhoa?

        — Nirekin dator Nerea... baina nor doa Itziarrekin?

        Solas-molas anodinoak. Bost axola.

        Aska idorraren ezpondan luzatu autobus zaharkituari berme, gizon zardaia ari zen pipa eta pipa, gustuan. Nagi. Hurbildu eta zigarreta amoinatu zion:

        — Eta sua, plazer baduzu.

        — Ez dizkizut birikak utziko.

        Karkazailka gordinaz lehertu zen gidaria txiste hoberik nehoiz asmatu ez bailuen. Bizkarra eman eta urrundu zitzaion.

        Y una pena que me duele.

        Tu l'aimes.

        Gogoeta zegoen kea buhaka kanporatzean: ordu apurrak lehenago Montserrateko mendi pairatuak eta mossas d'esquadra taldea beribil bizitoreei ziuntaz aurre egiten miretsi zituen. Motoz joateko izua gaindituz gero, plazerez zaldizkatuko zuen horrelako makina lizun eta indartsu bat. Baina lotsatia izanez, ez zen orduko 120 kilometroko abiaduraz haratago ausartzen, ez hainbat ertzainen edo mossas d'esquadra haien beldurrez, baizik eta segur zelako bere mando herbalak ez zuela hori soportatuko, Iparraldean lerraketen moduan.

        Zigarreta hondarra zangopilatu zuen. Oihuak eta mugikorren txirrin goibelak entzuten zituen, saparen berunezko tapakia doi bat berazten zuen galerna haziaren marrumak eta irrati urrunen kirrika elkorrak. Ur ttilika bat edan zuen. Erraiak jabal eta kaskoa huts, sorbaldan zeraman zakuan bilatu zituen giltzak. Ez zituen berehalakoan aurkitu, atzamarrak Bartzelonakoak oparitu argazkiaren ertzean hertsi zitzaizkiolako.

        — Yo quedo moribund@.

        — Tu la quittes.

        Autopistako geldiuneko irratiak barreiatzen zuen abestia errepikatu zuen berekiko. Alabaina bizitzan kanta komertzialenak eta egunkarietako horoskopoak hobesten ziren garaiak batzuetan zabaltzen zirela nabari zuen, debaldearen xanfarintasun eraso horren kontrako ezintasuna areagotuz. Eguneroko borroka alaina. Anartean ttaka zilar zen ekia zeruan. Hedoirik ez zekusan. Kopeta behatzez torratu zuen: non zegoen? Alfajarinen, noski, baina edonon izan zitekeen eta izpirituz, gainera, hortik mila milioi legoatan. Haur hotza zenean, planetaren bisita hamabost minutuz egiten zuen loak hartzeko. Halaz linea zuzena irun zezakeen, Tonbuktu, New Delhi, Shangai, Sapporo, Tucson, Ayers Rock eta Otsabide oihal berean josiz. Ametsaren agorra mendera eta yo quedo moribund@ marmaratu zuen, fotograma plegatu eta gakoak zinez eskuratuz.

        Klix-klax.

        Borta ez zen bristan ireki.

        Esku-mutur tinkatu baten kuskako gogorra sumatu zuen soinean:

        — Muga pasaraz iezadazu.

        Tentetu zen.

        Bat-bateko izerdi hormatua zerion matelan behera. Ez zen itzulikatu. Haragia ikaraz zebilkion. Bizkarrezur aldean altzairuzko hagin zorrotz baten ausikia baizik ez zezakeen hazta. Herenegungo Baionako gauetan bezain lotsa zen. Izuak memoria harrotzen zion: orduan auzo estatuak ordainduriko hiltzaile maskaratuak harrapa ezin zebiltzan eta Renault 14 misteriotsuek karrika desertatuetako oinezkoak haiatzen zituzten. Maitaleak kanporatu zuen ilunpe batez oroitzen zen oraino, itsas bazterrean nola ezkutatzen zen, zakurrekin iragaten ziren polizietarik ihes, harrietan harri bilakatzear. Ez zen baitezpada gaztaro ideala, baina berea zen eta ez ziezaiokeen kakotx bakar bat ere alda. Kakotx ospetsuak hatsaren berritzeko bahia gordeak zirela erantsiz baketu zen.

        Xlaxlax.

        Pistola-mihiaren herots herabea zena?

        Galdera melengaren doinuaz isuri zen:

        — Zergatik nik?

        — Nehor gabe zoazelako.

        — Ezin dut.

        — Ezin duzula?

        Arma gorraren tzarrakak egoera zehatzago bihurrarazi zion. Ahotsak ingelesez bihikatzen zituen ordreak:

        — Ez zaitezela mugitu! Deus ez bailitzan egizu! Ireki bidaiariaren aldea eta deitu nazazu barrura. Adiskidekiro. Zaragozarantz gero. Erraten dizudana betetzen baldin baduzu ez zaizu ezer gertatuko.

        Bozak manatua konplitu zuen xeheki. Hitz soberakinak ezabatuz. Ez zion ezkel begiratzen, ez zen ausartzen. Taustera ari ziren jadanik, zeramatzan afera arrunt eta urrinduetan kukutuz, ezezaguna pistola beltzaz aurkeztu zenean:

        — Posa Ngaka naiz. Pigmeo leinuko kantaria, nahi baldin baduzu. Londresera noa. Paperik ez dut eta horregatik muga trabeskatzen lagunduko nauzu. Ez dut hauturik.

        — Zergatik nik?

        — Ez al dakizu besterik erraten? Bihotz ona duzu. Otserbatu zaitut Alfajarineko aparkalekuan argazkiari amultsuki begira. Nor zen, zure kuttuna ala? Ez zara mintzatu, zigarreta oparitu dizunarekin salbu. Bakarrik zoaz eta hori neuretzat abantaila handia da.

        — Norbaitentzat bederen...

        — Ez etsi.

        Hizlariari so egin zion azkenean, ebaslea bailitzan, agudo eta ahalke. Ehiztariaren xederetan harrapatu xoxoa baino zozoago sentitu zen.

        — Bahitzen nauzu beraz. Beti gauza bera da: uste duzu bortizkeria baliatuz erdietsiko duzula?

        — Ez naiz segur biolentziaren funtsaz kezkatzeko legitimitaterik duzun istant honetan, baina bego horretan. Nola deitzen zara?

        — Sigma.

        Posa Ngaka zela zioena autoan zuenetik, Erriberako lautadetan ekia zein ukigarri jaisten zen miresteko gutiziarik ez zeukan. Noizbehinka kidearengana estiratzen zuen betizkina: larruz beltza zen, beltz-beltza, argi amiltzearekin distira zezakeen beltz sakon eta uhargikoa. Sabela burbuilaz zerabilkion. «Egundainokoan arazoak niretzat daude» murdukatu zuen pigmeoak aditzeke. Alabaina zorrizaku batetarik libratu baiko, mamuzorro handiago batera erortzen zen: destinoa horrelakoxea zukeen. Ez zen negarrez urtuko bistan dena, malkoek jasaniko giroa lautuko ziotela jakin arren.

        Musikagailua bultzatu zuen. My songbird.

        Iruñea. Andoain. Donostia. Irun-Frantzia.

        Migratzailea mutu egon zen bidaia osoan. Bi herronketan zeingehiagoka lehiatzen ziren auto eta kamioi ipurdietan zintzilikatzen zituen begiak. Oiartzungo ordaindegian Emilou Harrisen diskoa irakurgailutik ilki zuen Sigmak, urduri.

        Ttottogian uzkur eta ikara, afrikarrak eskatu zion:

        — Hurbiltzen ari gara, ez?

        — Bai. Amen batean dago muga.

        — Zer eginen duzu?

        — Baneki...

        Gogoa bipildu zuen. Zinez ez zekien.

        Egiaz, muga fisikorik ez zen gehiago. Tresna alimaleak Behobiako itsuskeria arkitekturala suntsitzen ari ziren eta laster, Europako edozein eskualdetan bezala, ziztuan igaroko zen iragan mendeetan hainbeste daldara eragin zuen frontera. Ordu erdi gaitzak higatu zituen Donostiatik edo Bilbotik zetorrenean. Gizon armatuek larderiatsu geldiarazi ibilgailua setiatzen zioten, drogarako hezi orek kofrea usnatzen eta poliziek galdez itotzen zutela:

        «Nondik zatoz? Nora zoaz?».

        «Bilbotik Baionara».

        ... Alua itsasoa xuxurlatzen zuen zetorkeenari xerrent beha.

        Erantzunaz konturik gabe, zetxikatenaren pentsamendu isilez mesfidatzen zirela, are astiroago lotzen zitzaizkien miaketari, errotetan edo jargietako zoladura bikoitzean kalaxnikov berriak aurkitzea espero bailuten. Sigmak ez zuen maite muga aldea. Halatan, aspaldi hartan, ahal zuen oroz norbaitekin joaten zen hegoaldera. Behobiako ttattoletan gudari bilatuenen potretak dilinda zeuden eta haietariko batzuk ezagun zitzaizkiola agitu zitekeen. MK adibidez. Traka oneko lagun ohia, argazkian terrorista hiltzaile, salbai plantan azaltzen zitzaion, eta halakoa bihurtua zitekeen erakundeko organigraman gora abiatuz geroztik. Sentimenduak ezinegon nahasia, uherra, milakoitza sustatzen zion.

        Garaiak aldatu ziren.

        Laster ordaindegi bilakatuko zen frontera ageri ez zenez, hegoalde ala iparralderik ez zen, Schengeneko esparru zabala baizik. Bakarti burutazioetan korapilatzen zihoala Sigma, Posa Ngakak eskuak bihurdikatzen zituen, artega.

        — Nola eginen dugu?

        — Ez dakit. Paperik ez duzu?

        — Ez. Ceutan egin faltsuak banituen, baina El Ejidon ebatsi zizkidaten. Beldur zara?

        — Bai. Pìxka bat... Baina badut ideia bat. Begira, Patxiren bentako ateetan jaitsiko zara eta Hendaian utziko dut ene zamaria. Etorriko naiz zure bila eta marra madarikatua elkarrekin pasatuko dugu oinez.

        — Aizu, lanjerosegia baldin bada, abandona nazazu hemen. Ulertuko dut.

        — Duela hiru oren pistolaz gatibatu nauzu eta dagoeneko atzera egitekotan zaude? Ez dut konprenitzen. Badakizu, Rubicon erreka derrigorrez jauzikatzekoa da alea jacta est oihukatuz.

        — Non dago ibai hori?

        Airearen dildila.

        KM Zero magasinaren parean Iparraldeko matrikularekiko ehunka auto zeuden, erosle falangatsuek herronkan gasolina, alkohola eta tabakoa merke eskuratzen zutela. Posa Ngakak askiko zukeen kontsumitzaile errabiatuen saldoetan zeporatzea eta Sigmaren aiduru egotea. Herabeki irten zen. Ez ziren agurtu ere egin.

        Duda-mudaz hantzen zihoan Sigma: Posari muga gurutzatzeko esku ukaldia eman eta ciao-ciao. Zer bestela? Salbatua zen bera behingoz. Problemarik ez zuen nahi alaina. Zergatik ez zuen alde eginen Posa Ngaka gosearen ulitxekin teman Irunen ahantziz? Zalantza laburbiltzen zion borobilak. Bigarren aldian alta gelditu zen parkinean. Ez ote zen hitza hitz gurean, jendea jende, aita zenak urguiluz zioenez? Eiki, ele aisetak ziren aitarenak, ez baitzuen sekula klandestino bat baserrira ekartzearen beharrik izan. Kontatzen zuen alemanen denboretan ogi zakuak okupatzaileari ez uzteko pentze patarreko azeri zulo irekietan gordetzera atrebitzen zela, amaren isilik, bai eta istripuz zenduriko behorraren hilotzaren hobian ehortzi zuela osaba Leonen eskopeta herdoildua. Segolenek zerasanez, bizitza aspergarri bezain baliogabean bravitude oren laurdenaz goza gintezkeen denok.

        Kosta zitzaion erabakitzea.

        Poltsa astunez zamaturiko oldeetarik mugaratu zen sigi-sagaz. Han, bentaren eskuineko kantoian Posa Ngaka zegoen, beltz bakar. Beltz berezia zela baimendu zuen urrunetik, ileak gorri kizkur zituelako. Pigmeoaren txikitasunaz ez zen konturatua. Nondik heldu zen? Londresera zihoala salatu zion baiki, baina egia zena? Zertara behar zuen Ingalaterrako hiriburura? Ezezagutza aieru sobera bazen istorio bitxi horretan Sigmaren izpirituaren ez inarrosteko, kuriosa eta lanjerraren kontzientziarik ez baitzuen. Haurra zenean sendiko izeba andanek ahalkeizungarritzat jotzen zuten, gerezitzeen azken abarretaraino hupatzen zelako urtxintxaren moldean, eta belarretan ari zirelarik hauta baitzen orgetan haga meharra ozkan ezartzeko. Ez zuen parerik. Ume aroko oroitzek akuilatzen zuten, urte parrasta bat lo higatuagatik ez zen hila, kotxinos, ezetz, eta bereber Sam Shepard imitatuz, ukaraia tinko, kasik auhenez I'm not dead murmurikatu zuen.

        Pigmeoaren ondoan zegoen urrats batez. Mesfidati, ttattit zegokion, bere behialako barne ika-mikaz jakinean egon bailitzan. Ez ote zion jadanik deus gordetzen ahal? Bihotza zimikoz bastatua zeukan Sigmak.

        — Emadazu eskua. Pasa dezagun frontera.

        — Banator. Seguru zaude?

        — Ez naiz ezertaz seguru, are gutxiago nitaz. Baina aukerarik ez dugu, ezta?

        — Ez, aukerarik ez dugu.

        Kotxeek arrasatzen zituzten, bikote zuri zenbaitek bekaitz begiratzen zieten, gurasoen besoetan zeuden xingarren orroak eta eki sutuarekin nekez bazebiltzan adineko lodikoteen hatsankak oihar. Posa Ngakaren ahurra Sigmarenean idorra zen, zainarta, erabakiorra. Muga iragaitean irriz ari ziren, ez bata besteari, magasin ugarien berinetan lurrintzen zitzaien munduaren aurpegi anonimo hitsari baino. Autoan sartu eta Sigmak pizgailua haiatu zuen.

        — Egina.

        — Non gaude?

        — Frantzia deitzen duten Euskal Herriaren partean.

        — Eta Londresera joateko?

        — Miarritzetik hegazkinez joan zaitezke, ordu eskasa. Baina paperik ez daukazunez airekoan kokatzea zaila dukezu. Hemen den-dena giltzapetua da, kontrolak garratzak dira, ez duzu ur botilarik ere eramaten ahal! Trenez errazago menturaz. Bada interesatuko zaizun batto, Hendaiatik Lillerakoa. Gero Eurostarrak lilia bezala Londresen errotuko zaitu.

        Posa Ngakak beltzuria pairatu zuen. Larrua urratu zitzaion. Behatz ttittilaz kokotsa altxarazi zion, trista ez zedin bederen. Kongoko oihanetarik honaino etorri baldin bazen, Londres formalitate bat zitekeen, sinets nazazu, fundi baietz. Eztiki mintzo zitzaion, penarik ez egiteko eta haren kuraia sustatzeko. Animatzeko ordez, malko uhargi lerroak larrantzi zuen pigmeoaren matela. Sigmak ez zion erran hemen bereizten gara edo harremana ernatu baiko ebaki zezakeen elerik. Ez. Alderantziz, sar zaitez eta itsasertzeko zoramen bat erakutsiko dizut perpaus konplexua moldatu zuen.

        — Zenbat badu ez zarela ohe batean etzan?

        — Lau gau. Lleida eskualdeko fabrika kimiko batean nintzen langile. Jan eta lo trukean. Bortizkeria fisikoak jasaten nituen, txikia nintzelako, eta Ceutakoen ordezkatzeko Bartzelonan eginarazi agiria ebatsi zidan gazte nigeriar mozkor batek. Klandestino naizenetik sasietan, arteagetan, lur hegietan gorde naiz. Etxera eramanen nauzu?

        — Bai. Baina ez naiz nihaur bizi. Lamdarekin baino. Biziki jeloskorra da. Ez dakit onartuko zaituen. Ez diot deus erranen. Zure bisean bis aurkituko denean ohartuko da hor zarela.

        — Arazorik ez dut nahi.

        — Orain arte ongi pasatu da...

        Hondarribia. Txingudiko bahia. Hendaiako Kasinoa.

        Marrazotik baleara punpaka zihoan Sigmaren pentsua:

        — Noizbait ikusi al duzu Atlantikoa?

        — Hartu dudan ontzi bakarra Ceutatik Malagarako Gurutze Gorriarena zen. Gaizki nintzen, eri, unatua, botaka, sabela nahas, kalbario bat zen. Berrogei ginen, zenbait, ahulegiak zirelako ez zuten iharduki, itsasora bota genituen hilotz. Amets gaiztoa zen, ustel eta goitiki urrin hura...

        Berrisailak. Hilotzak. Indiferentzia. Lege zinikoak.

        Hendaiako lehorrean enpatia zerbait sustraitzen ari zen astiro Sigmaren baitan. Mugan jasan adrenalina uholde berdinak korapilatzen zion garun aldea. Ondarraitzetan ziren, Dunbarriak begimen. Eskuineko leihoa apaldu zuen. Gazitasunak biribilaren barnea eta Posa Ngakaren begitarte xifritua zipriztindu zituen.

        — So egizu.

        Pigmeoak ez zuen aski ninikarik berde-gris hantzen zen itsasoaren irensteko. Orlegitasunaren ilusioari uko eginez, olatuak hagun zuritan puskatzen ziren eki-sartzeak urretu harkaitzetan. Kalatxoriak, haizeari esker, olatuen bitsarekin jostari zebiltzan, desafioz. Ozeanoaren ezpondan Posa Ngaka bezain txikia sentitu zen.

        — Atlantikoa da.

        — Uki dezaket?

        — Bai.

        — Gure oihana bezalakoa da.

        — Hori da.

        Posa Ngaka arraposki ibiltzen zen sablean. Erortzearen beldur bailitzan. Sigma, gerritik heltzeko gutizia menperatuz, estiraz higatzen zen, hondartzan jendea bazegoelako. Eskualde hauetan ez zen anitz estimatzen edozein modutako mugen gainditzea figuratzen zuena, non ez zen muga, politikoa, militarra edo zortzi milakoa.

        Zapatak kendu zituzten. Pigmeoa makurtu zen. Bustitasunak ikara eragin zion eta intzirika askatu zen. Sigma malenkoniatsu zegoen: beharbada, duela hogeita hamar urte, eskolarekin Hendaiara bidaiatu eta urak ziliportatu zuenean, abere atrapatu baten antzeko garrasia zitzaion zintzurretik iradoki. Atzoko errekontru maritimoak bizitza aldatu ziola aitortu zezakeen: xendra guztiek, Erromara ez ezik, itsasora eroaten zuten garbiki. Argi zeukan. Itsasoa zen herrian, Basamortua, Ogellak, Ilbarritz, Amuaitz eta Loia Bahiarekin batera, kuttunenei erakusteko zuen gauzarik ederrena.

        — Goazen.

        — Zabala da!

        — Bai, ama-ontzi bat da. Gure ama-ontzia.

        — Londresera behar ez banu, mongolua hemen eraikiko nuke.

        — Zer da hori?

        — Txabola. Etxola. Sutearekikoa.

        — Aterpea Baionan dukezu egun pare batentzat.

        Kostaldeko hirien kordela. Inor ez zen mintzatu. Gatzak mututu zituena? Posa Ngakak A-8ko sarrera seinalatu zion, baina Sigmak, agiri gabeko batekin, bide arruntagoetarik zirristatzea hobe zela ihardetsi zion, deus ez bailitzan erantsiz:

        — Miarritzeko ordaindegietan ardura hedexuriak daude. Droga dute bilatzen. Bai eta klandestinoak. Paper bako langile-trafiko galantak daude Schengengo eremuan, jakizu. Ez uste izan dena arrosa denik.

        — Ohartua naiz.

        Getaria. Bidarte. Miarritze. Angelu.

        Hiri etengabeak azpiltzen zuen RN10a. Arbola ahulak bermatzen ziren hegietan, burdinetan preso eta arrotz, etxe, lantegi, supermerkatu eta jatetxe exotiko sailen erdian. Posa Ngaka Europako herrien itxurari ohitua zitekeen, den mendrenik ere ikaratu ez zelako.

        Baiona bertan zegoen:

        — Segundo bi eta heldu gara.

        Sigmaren agerpena elkor amildu zen. Posa Ngakak, zer edo zer erantzuteko partez, kantatzeari ekin zion, boza begiak adina jauresle. Pigmeoen sudur ahotsez ari zen, neurri kolpekatuan, soina aitzinera eta gibelera higituz. Sigmak karrika bazterrean paratzeko gutizia zeukan, baina ez zezakeen puska graziaren pegarra, txukuna, sakona, belaitza, gerizagarria eta ederra baitzen. Ezer ez zuen kontrolatzen. Abeslariak, aldamenean, soinua libratzen zuen mihia ahosabaian klaskaraziz eta Sigmarentzat arraroak ziren fonemak aireratuz.

        Tu l'aimes ou tu la quittes.

        Kolkoa setiatzen zion kordoka gorriaren galerna ekiditen saiatu zen:

        — Baiona, 40.000 biztanle, gutxi gorabehera. Hogei metroko goratasuna. Euskaldunen, juduen eta txokolatearen hiria. Besteak beste.

        — Hau al da zure herria?

        — Bai, hau da. Lamda aurkeztuko dizut.

        — Eta ene aterpetzeko ados ez baldin bada?

        — Oraintxe kantatu didazun erara kantatuko diozu eta gauzek hobera eginen dute. Eresialdi batek salba gaitzake ardura.

        — Eskertzeko abestia zen.

        — Baliatuko zaigu.

        Ez hain aspaldi ijitoen karabanen errezibitzeko zetxikaten Glaineko parkinean laga zuten mandoa. Gaurkoan ez zitzaien geldiunerik nehon zilegitzen, biltzeko eta otoitz egiteko. Donibane Lohizuneko Akotzeko geratokia CRSek haizaturik kitatu zuten. Angeluko Ainara elkartearen aurkako oldarra halaber aintzakotzat hartu zuten botere publikoek. Gadjoak ez ziren gozoak nomada gisa zebiltzanekin: baztertzen zituzten, oilo, oilar eta ume ebasleak zirela deiadarkatzen zuten, herritar txukunak izuz atxikitzeko. Eredu burges neoliberalaren zurrunbiloan alferra, ohoina, baliatzailea, likitsa eta saihestekoa zen hurkoa beti. Urrikia ezabatzen zuen kapitalismoak, alafede.

        — Zakurik ez daukazu?

        — Poltsa honetan daramat dena. Konpontzen naiz. Oihanean biluzik genbiltzan.

        Posa Ngakak Bob Marleyren potreta zeraman atorran laketu zen Sigmaren soa. Oihal merkean moztu jeans pare bat zeukan beherean eta errautsez emokaturiko kiroletako oskiak. Milaka gazte beztitzen zen Bob Marleyren ordez, Malcom X, Che Guevara edo Franz Fanonen aurpegi koloreztatuak soineratuz. Sigmak, ahal baldin bazuen, Monique Wittig, Maria Merce Marçal edo Audre Lorde begitarte ortzadartuez hornitu t-shirtak jantziko zituzkeen, harrotasunez eta ohorez. Baina ez zitzaion inori horrelako xede komertzialik jaukitzen. Egia zen hargatik Jamaikako izarraren melodiek izakiak edonon kulunkatzen zituztela eta halatan omenaldi beratzak merezi zituela:

        — Stand up for your rights...

        Posa Ngakaren xuxurla.

        Etxeko atean zeuden. Sigma zainetan zebilen: nola agertu Lamdari zenbait egunez klandestino bat apartamentuan edukiko zutela? Behin Josu ezkutatzeari uko egin zion, Lamdaren haserrea eraginez. Astebetez mutur egon zitzaion:

        «Ez dakit zer duzun buruan! Josu ihesean dabil. Polizia guztiek bilatzen dute eta ez duzu nahi atxiki dezagun hemen, soto seguruago bat finkatu artean?».

        «Hiru urteko presondegi gaztigua bilduko dugu, gurean terrorista bat txispiltzen dela sumatzen baldin badute».

        «Nork dakike? Ez da arriskurik. Mendizalea dela erranen dugu».

        «Hiltzaile bat da».

        «Aurrejujatzen duzu. Ene betiko adiskideetarik da. Eta ez du gaizkirik egin».

        «Zergatik eskapatzen da orduan?».

        Sigma umekerietan trabukatu zen, bizikideari beldurrak akuilatu ezezkoa zemaiola. Ez zion barkatu. Hortik ebatzi zuen barkaezina zelako sentsazioa.

        Posarekin arinago zihoakion iraganaren zama.

        Hegatsak balakatu zituen euriak.

        Tu l'aimes eta kito.