1
«Baten batek lanpara bat zintzilikatu du zeru beltzean», esaten zidan amak ilargi betea erakustearekin batera. Aurpegi zikineko astroari begiratzen nion, eta ondoren amari, nire betazalak gero eta pisutsuago. Batari zein besteari esker oneko irria erakutsi nahi izaten nien, baina ezin, keinua lanbrotzen baitzidan loak. Aldian-aldian begiak zabalduz, ilargi anderea eta ama han ziren konprobatzean, gero eta apalago entzuten nuen sehaska kanta: «Egizu lo, maitea, egizu lo».
Orain, etxeko leihoen forjazko barren artetik niri begira dagoela sentitzen dut; zerua ia osorik estaltzen duten hodei formagabeetan bere tamainako behatxulo bat egiten jakin duela; orban beltzez zipriztindua aldatu barik «egizu lo, maitea, egizu lo» esan nahi didala. Baina ezin, bihar epaia emango dutela jakiteak artegatu bainau, eta loa uxatu.
Begiak itxita jabetzen naiz, duela hiru hilabeteko itzaletan galduz zihoan berbera dela zeruko argi birakaria. Eta begiak indartsuago itxi ditudanean gomutatu zait, mahai gaineko telefonoak gauaren isila eten eta neskalagunaren berba nekatuak sorpresaz harrapatu ninduela.
— Lo zeunden?
Aurpegia zaurituta zeukan emakume bati buruz hitz egiten hasi zitzaidan, gau hartan artatu zuten bati buruz.
— Osasun txartela ahaztu du hemen, ospitalean.
Esku artean nerabilen artikuluaz mintzatu zitzaidan, tratu txarren gainean idatzi behar nuen lanaz. Neskalagunaren ustez tratu txarren biktima izan baitzen emakume hura, ospitalean ukatu egin bazuen ere.
— Arduratuko zinateke txartela hari eramateaz?
— Ni? Erotu egin zara ala?
— Ospitalearen izenean joan zaitezke, eta bide batez emakumea elkarrizketatu.
— Ezta pentsatu ere. Zerbait gaizki irtenez gero arazoak izango ditugu. Itzul ezazue ohiko mekanismoen bidez.
Banekien neskalagunak ez zuela atzera egingo. Jolas modukoa zen berarentzat: zerbait erabakita eduki arren, ados ote nengoen galdetzen zidan, baimena eskatu nahi balu bezala, eta azkenean, erantzunari jaramonik egin gabe, bere kabuz ebatzitakoari lotzen zitzaion. Ez nintzen harritu biharamunean sukaldeko mahai gainean ospitaleko gutun azal zuri bat aurkitu nuenean.
Kafe beroa eskuan, akordura etorri zitzaidan hilabete lehenago idatzi nuen artikulua. Gertaeren narrazio hutsetik aldendu eta biktimaren inguruko bizipenak nabarmendu nituen; kasu polizial bati heldu beharrean, giza tragedia bat kontatu nuen.
— Lan ona egin duzu —zoriondu ninduen zuzendariak—. Kazetaritzan ezer gustukoa badut, ikerketa da. Gero eta gutxiago ikertzen dugu. Albiste agentziek etengabe igortzen dizkigutenak hartu eta gure ikuspuntura moldatu gabe argitaratzen ditugu. Agentzien aldarrikariak baino ez gara. Galdu da benetako kazetaritzarako grina.
Mugimenduez beztitzen zituen jardunak: mahaia ukabilez jo, kopeta zimurtu, ezer begien bistakoa iruditzen zitzaionean besoak eta eskuak luze zabaldu. Indarrez ahoskatzen zituen esaldi bakoitzaren lehen eta azken silabak, hitzok bibotearen ileetan kemenik gabe trabatzearen beldur balitz bezala.
— Hauxe da artikulu bat idaztea. Ez zara mugatu herrixkara hurbiltzera, gajo hari buruzko datuak bildu, libretan zirriborratu eta gatzik gabeko artikulua egitera. Harago joan zara, albistearen atzean ostentzen diren gertaeren bila, sentimenduen bila, bizipenen bila.
Deseroso sentitzen hasi nintzen, eskuetako izerdia atzamarren artean likatsu egiten zitzaidala.
— Hara, gazte, zure saileko buruarekin hitz egin dut. Ikerketa arlo bat zabalduko dugu. Hiru hilean behin azterketa zorrotz bat argitaratuko dugu, datuekin, argazkiekin, elkarrizketekin... baina, batez ere, sinesgarritasunarekin. Emakumeen aurkako tratu txarrei buruzko ikerketa bat egin dezazun nahi dugu.
Laguntza gutxikoa iruditu zitzaidan ospitalean egindako txostena. «Pazienteak ondoko zauriak ditu: ebaki sakon bat eskuinaldeko bekainean, zenbait mailatune aurpegiaren eskuinaldean eta zauri azaleko bat kokots azpian. Bekaineko zauriko odol-jarioa eten eta bi puntu eman behar izan zaizkio. Kokotseko zauria garbitu eta infekzioa saihesteko antiseptiko bat ipini zaio». Neskalagunak idatzitako oharrek egoeraren gordina deskribatu zidaten lerro okerretan:
— Zer gertatu zen galdetutakoan oso urduri jarri zen emakumea. Burua makurtu eta, medikuari eta niri begiratu gabe, esan zigun aulki batetik jausi zela, aurpegiaz horma jo zuela...
Gorputzean beste kolperik ba ote zuen galdetutakoan, ezetz adierazi zuen. Medikuak, ahots lasaiaz, egoerari garrantzia kendu nahi balio bezala, gogoeta ozena egin zuen, aulkitik erori eta min bakarrak aurpegian izatearen bitxikeriaz, beste batzuetan halako istorioen atzean ezkutatzen zen errealitateaz. Emakumearen kokotseko zauria garbitzen ari zen bitartean hitz-aspertuan segitu zuen, hartzailerik gabeko zehar galderak egiten, lagunarteko solas arinean, emakumearen bertsioa bere hartan utzita legez. Baina medikuaren ahotsak zimiko bat eraginda edo, halako batean emakumeak burua altxatu eta artez begiratu zion, erraietatik zerbait askatzeko ahaleginean. Desafiorik gabeko begirada izan zen, estutasunean sortua. Lipar bat besterik ez zen izan, burua berriz makurtu eta lehengoari eutsi aurretik:
— Logelako kristalak garbitzen nenbilen. Airea zapaldu eta lurrera erori naiz. Hormaren kontra jo dut aurpegiarekin. Zauria artatzen amaitu baduzue, orain etxera joan beharra daukat.
Emakumeari txartela itzultzean berbatan hasteko zein aitzakia erabili behar nuen hausnarrean nindoala, geltokiaren izena iragarri zuen metroko grabazioak. Zergatik kontatuko zion ezezagun bati ospitalean ukatutakoa? Bezperako bertsioari eutsiko zion ziur aski, baldin eta aurpegiko ubelduez hitz egitea onartzen bazidan. Ez ote da errazagoa izango egia esatea? Ospitaleko langilea barik kazetaria naizela esan eta hura elkarrizketatzeko baimena eskatzea? Baina emakumea aurkitu beharrean gizona agertzen bada?
Pablo Picasso kaleko 9an, koadernoko orrien artean sartutako txartela atera eta txirrina sakatu nuen kolpe labur batez. Emakume ahots batek erantzun zidan interfonotik. Txarteleko izen-abizenak irakurri eta bera ote zen galdetu nion.
— Ni naiz, bai. Nor zara?
— Ospitale Nagusiko mezulari bat. Han izan zinen atzo eta zure osasun txartela ahaztu zenuen.
— Eskerrik asko. Atea zabalduko dizut.
Igogailuko ispiluak itzuli zidan irudi izutuari erreparatu nion: ezezagun baten isla. Nireak ziren beirazko xaflako begi marroiak, eskumako masaileko orin gorrixka, egun hartan egin gabeko bizarra; baina besterenak ziren begirada larritua eta ezpainen dardara. Baretzen ahalegindu nintzen, musuzapiaz izerdia garbitu eta hiru bider airea hartuz, lasaitasuna lehengora zetorkidala ohartu arteko esfortzu inoiz ikasia.
Ate ondoan zegoen emakumea, zain, esker oneko irria aurpegian.
— Mila esker —esan zidan berriro—. Ez zenuten zertan ekarri. Gaur ospitaletik pasatzeko asmoa neukan. Etxera heldu orduko konturatu nintzen falta nuela.
Disimulurik gabe erreparatu nion, eskuinaldeko bekainean eta kokots azpian zauriren bat aurkitzeko, hartutako kolpeak salatuko zituen ubelduren bat sumatu nahian. Indarkeria arrastorik gabeko begitartea zen ordea: eztia, orbaingabea.
Arazorik zegoen galdetu zidan. Zer esan behar nion pentsatzeko denborarik gabe, txarteleko izen-abizenak berriz irakurtzea otu zitzaidan.
— Neu naiz.
— Atzo arratsaldean Ospitale Nagusian izan zinen eta...
— Bai, han lapurtu zidaten.
— Lapurtu egin zizutela uste duzu?
— Hori pentsatu nuen hasieran. Nire datuak eman eta harrera mahaiaren gainean utzi nuen txartela, justu odoletan zegoen emakume bat hurreratu zenean. Mediku bat behar zuela hasi zen oihuka. Nire aurretik pasa zedin erretiratu nintzen. Seguru nengoen txartela mahai gainean utzia nuela, baina han ez ikustean eta egoerak sortutako istiluan, diru zorroan gordea nuela pentsatu nuen. Etxera iritsitakoan, falta nuela ohartuta, ondorioztatu nuen emakume hark lapurtuko zidala. Baina ziur aski anabasa hartan lurrera erori eta... Gajoa, eta nik lapurtzat hartu... Gura baduzu, beste dokumenturen bat erakutsiko dizut, nor naizen egiaztatzeko.
— Ez, ez da premiazkoa.
Eskaileretatik lasterka jaitsi eta neskalagunari deitu nion gertatutakoaren berri emateko.
— Ez da posible. Aurpegian lesioak zituen emakumea artez sartu zuten larrialdiko zerbitzuan, harrera mahaitik igaro gabe.
Txartela andreari eman eta hark eskainitako nortasun agiriari uko egin niola esatean, sutan jarri zen, jokabide hark arazoren bat sortuko ziolakoan. Ez zebilen oker, baina arazoak ez ziren berak uste zuen bidetik etorri.
Bi aste geroago kartazal bat iritsi zen bulegora, aldizkariaren helbidea eta nire izena inprenta letraz idatziak. CD bat zekarren barnean. Bestelako azalpenik edo oharrik ez. Izenik gabeko word dokumentu bat eta bideo bat zeuden grabaturik. Bi lerroko mezu ez oso argia irakurri nuen word dokumentuan:
ZERGATIK BIKTIMAREN BILA IBILI,
ERASOTZAILEA ZIGORTZEA BILATU BEHARREAN?
Ez nuen ulertu zein izan zitekeen igorlearen asmoa mezu kriptiko hura bidaltzean. Erantzunak bideoan egon behar zuen.
Entzungailuak ipini eta ezkerretara biratu nuen pantaila, ondoko mahaietan lanean ari zirenek bideoa ikus ez zezaten. Begiek segundo pare bat behar izan zuten grabazioaren kalitate txarrera egokitzeko, baina berehala murgildu ziren testuaren argigarri izan behar zuten irudietan.
Gaua zen. Gizon batek auto baten atea zabaldu eta barruko emakumea, besotik indarrez tiratuz, kanpora atera zuen. Gizonarengandik askatu eta berriz autoan sartzea lortu zuen emakumeak, atea ixtera iritsi gabe. Gizonak ileetatik oratu eta lurrera bota zuen; ostikoka hasi zitzaion, gorputz osoan, non kolpatzen zuen kezkatu gabe. Oihuka ari zen emakumea. Lazgarriak ziren burua eta aurpegia besoez babesteko ahaleginak, baina gizonaren etengabeko kolpeek ezinezkoa bihurtzen zuten defentsarako aukera. Hurrena besoetatik basaki tira eta herrestan eraman zuen espaloira, emakumeak hankak errepideko asfaltoan iltzatzeko indarra alfer eginez.
Eskuak aurpegiaren aurrean elkartu nituen, eta sudurra eta ahoa hatzen artean sartu. Arnasa botatzen eta hartzen hasi nintzen, birikek atzera ekartzen zidaten aire beroa sentitzen, imajinek sortutako itomena arindu nahian. Bideoa amaitu zenean, ordenagailuaren pantailaren gainetik begiratu nuen, inor nire egonezinaz ohartua zen ikusteko. Eskumako lankideari begiratu nion, ibilgailuei buruzko aldizkari batzuen orriak pasa eta pasa ari zen. Ate ondoko mandatariari begiratu nion, denbora-pasen aldizkarian murgilduta zegoen.
Berriro zabaldu nuen WMV artxiboa, arreta beste detaile batzuetan jartzearren. Ez zen beste inor ikusten kale ilunean. Lekua ezagutzea ezinezkoa zen: doi-doi ikus zitezkeen arkupeak autoaren atzean, atarietako argi horixka motelak itzal bihurtuak.
Astakeriaren lekuko izandako norbaitek grabatu zuen. Zuzendariari grabazioaren eta oharraren berri ematea otu zitzaidan, irudiek zuzendariak agindutako lanarekin lotuta egon behar zutelakoan. Baztertu egin nuen aukera hura. Bideoa bidali zidanak jakin behar zuen zertaz arduraturik nenbilen. Nork ordea? Erantzuna bideoak eman behar zidalakoan, ostera ere aztertu nituen irudiak. Atoan gelditu nuen halako batean; atzera eraman nituen lehen irudiak, emakumea gizonaren beso harraparietatik askatu eta autoan aterpe bilatzen zuen momentura. Eskumatara mugitzen zen irudia, erasotzailea fokura eraman balute bezala, baina behar baino gehiago desplazatuz. Lipar bat baino ez zen, berehala fokatu zuen-eta emakumea arrastaka zerabilen gizona; lipar bat, bai, baina nahikoa atzeko arkupeetan aseguru etxe baten errotulua grabatuta uzteko.
Telefono gidan bilatu nuen aseguru etxearen izena, hirian bulego gutxi edukiko zuelakoan. Zuzen nengoen, hiru baino ez. Lehenengoa berehala baztertu nuen; ondo ezagutzen nuen bulegoa zegoen kalea, eta han ez zegoen arkuperik. Bigarrena, Maurice Ravel etorbidean zegoen. Baiona kalean, hirugarrena.
Ibaia zeharkatzen duten zubietako baten beste aldean hasten da musikariaren omenezko kalea, hiritik iparralderantz irteteko bideetako bat. Hura baitzegoen aldizkaritik hurbilen, hara jo nuen aurrena. Aseguru etxearen bulegoa baina, ez zegoen hirigunetik hurbil, hiriak izana ia galtzen duen inguruan baizik. Etorbidean aurrera jo nuen, jipoia gertatutako lekura heldu eta zer egingo nuen pentsatzen. Zertarako balio zidan gertalekuraino heltzeak? Zertarako bilatzen ari nintzen bideoak eskaini zidan erreferentzia bakarra? Ez nuen erantzunik aurkitzen, barruko senak hala jokatzeko agindu zidala esan nuen neure kabutan, aurpegian burlazko keinu bat sentitzeaz batera. Ez nuen senaren kontuaz sinesten, baina bideoa eta mezua bidali zizkidan pertsonak zerbait nahi zuen niregandik, eta aseguru etxearen kanpoko errotulua zen zantzu bakarra.
Hogeita hamabost minutu geroago, errepideaz beste aldean ikusi nuen bulegoa, bideoan bezalako errotulu bat ate ondoko kristalaren gainean, alborik albo deigarri. Baina arkuperik ez inguruan. Duela gutxi eraikitako etxe baten behealdean zegoen bulegoa, zur berriko atari handi baten ondoan. Bat-batean zalantza egin nuen: hiri honetakoak ote ziren bideoko irudiak? Zelan izan nintekeen hain dorpea!
Autoentzat bi norakoa den etorbidea zeharkatu nuen, hara eta hona zetozenen protesta bozinen artean sigi-saga. Bulegoaren leiho zabalari itsatsi nion sudurra, bestaldeko parajea ikustearren. Mahai biribildu baten atzean, ile kizkurreko emakume bat nuen nire mugimenduen lekuko harritua. Barrura sartu nintzen.
— Zertan lagun diezazuket?
— Ezagutzen duzu Baiona kaleko bulegoa? —galdetu nion.
— Bai.
— Arkupe batzuetan al dago?
— Ez. Nik dakidala, han ez dago arkuperik.
Taxian itzuli nintzen erredakziora, haserre. Ez nekien zer egin behar nuen, nondik segi nezakeen begiratzen. Jipoia gertatu zen lekua ezin da oso urrun egon, pentsatu nuen. Bideoa bidali didan pertsonak ezagutzen banau, ezin da urrun bizi; ezin da jipoiaren gertalekua oso urrun izan. Metropoliaren planoari begiratu eta atoan baztertu nuen ideia bururatu berria: astakeria zen aseguru etxeak aldiriko herrietan bulegorik zuen bilatzen hastea.
Beste ideia bat otu zitzaidan. Maurice Raveleko aseguru etxera deitu nuen.
— Barkatu... duela ordu erdi edo, hor izan naiz, Baiona kaleko bulegoaz galdetzen. Oraingo bulegoa ireki aurretik, ba al zen beste bulegorik inguruan, arkupe batzuen azpian?
Jesus Guridi kalea Maurice Ravelekin lotzen den tokian zenbait etxe eraikitzen ari ziren. Nengoen tokitik, laneko hesiek errepidearen zati bat hartzen baitzuten, ezin nezakeen ikusi eraikinen behealdeko forma. Obretako behin-behineko pasabidean aurrera joan ahala erreparatu nion metro batzuk haragoko arkuek eutsitako estalpeari. Altuera handiko arkua zen, zutoin karratuen gainekoa, eta Jesus Guridi kalera irteten ziren bi kale perpendikularren arteko eraikin osoa hartzen zuen. Hiru atarik konpartitzen zuten espazio hura, eta hiruren artean zenbait negozioren lokalak zeuden: fruta denda bat, taberna bi, ordenagailu denda bat eta salgai zegoen beste lokal bat, goiko aldean oraindik kendu gabeko errotulua zeukana: aseguru etxea.
Kamioiek utzitako lokatz arrastoa saihesteko ahalegin antzuan kalea zeharkatu nuen, aurreko espaloiko kafetegira, zerbitzariren batek datu gehiago eman ziezadakeelakoan. Kafe hutsa eskatu eta kristalaren ondoko mahaira eseri nintzen. Handik oso ondo ikusten zen aseguru etxearen lehengo bulegoa.
Mutilak kafea mahai gainean utzi eta besterik behar nuen galdetu zidan.
— Bai. Atrebentzia ez bada... Musika entzuteko erabiltzen ari zaren ordenagailuan CDak ere ikus daitezke, ezta?
— Hala uste dut.
— Kazetaria naiz. Utziko al zenidake CD batean grabatutako bideo labur bat ikusten? Premia handiko kontua da.
— Niri berdin dit, nagusia kanpoan da-eta.
Leihotik begira nengoela susmo bat izan nuen: irudiek oroimenean utzitako oihartzuna egia izatera, kafetegitik grabatua izan zitekeen astinaldia.
Lehortutako edalontziak apaletan jartzen zebilen mutila, nirekiko inolako interesik gabe. Halako batean, niregana bueltatu zen, ordenagailuko bolumena kentzeaz ahaztu eta lokal osora zabaldu bainituen jipoitutako emakumearen oihuak. Bolumena jaitsi nahi izan nuenerako aldamenean neukan, bideoko irudiei begira.
— A, zafraldi hura! Pasada ederra eman zion!
Hiru aste lehenago gertatu zen dena. Gau hotza zen eta taberna laster itxiko zutelakoan, pintxoak babesteko bitrinak garbitzen ziharduen mutilak. Bezero bakarra zegoen, andre bat, berrogeitaka urtekoa. Kafea hartzen ari zen, eskuan etengabe zerabilen telefonoari begira, dei baten zain bezala. Supituan kolpe gogor bat entzun zen kalean. Mutila eta andrea lasterka hurbildu ziren atera. Istripu bat zela pentsatu zuen zerbitzariak, bigarren lerroan geldirik zegoen auto baten aurka atzetik etorritako batek eragindako kolpea. Baina atzeko autoaren gidaria kanpora irten eta bestean zegoen neska gaztearen kontra oldartu zen, puta eta urdanga garrasika.
— Telefonoaren bila joan nintzen, Poliziari deitzeko. Andrea, aldiz, jipoia grabatzeari lotu zitzaion. Inguruko etxeetako auzokideak leihoetara irten eta gizonari irainka eta karguka hasi zitzaizkion. Hanka egin zuen, neska lurrean botata utzita. Gero andrea neskarengana hurreratu eta lurretik altxatzen lagundu zion. Neska autoaren atzealdean sartu eta andrea jarri zen gidari, balkoian zegoen lekuko bati ospitalera zeramala esanda. Abisatzeko Poliziari, ospitalera zeramala. Eta alde egin zuten.
— Deskribatuko didazu andrea?
— Ez naiz gogoratzen. Ez nion gehiegi erreparatu. Istiluari begira nengoen ni. Berrogei urte, edo gehiago, berrogeita hamar agian. Garaia, argala. Ile luzea, baina ez oso luzea, sorbalden parerainokoa.
— Ilehoria?
— Ez. Gaztaina kolorekoa esango nuke.
Koadernoan apuntatu nituen mutilak emandako datuak. Kanpoan kalearen zenbait irudi grabatu nituen, zertarako nahi nituen jakin gabe. «Badaezpadako materiala biltzen ari zara», adorea eman nion neure buruari, noraezean nenbilelako sentsazioa izoztu guran, ordura arteko datu urriak geroko kontserba nitzakeelakoan. Sentsazio bera izan nuen bi ordu geroago etxean, hozkailutik bezperako dilistak atera eta mikrouhin labean berotu nituenean: oraingo informazio desegituratua biharko elikagaia izan daiteke.
Telefonoa dantzan erabili nuen iluntzean.
Neskalagunari deitu eta bideoaren berri eman nion.
— Irudietan agertzen den neska eta orain dela bi aste ospitalean artatu zenutena berbera izan ote litezke? —galdetu nion.
Harrituta geratu zen, lotura haren nondik norakoa eskapatzen zitzaiola:
— Ez dut ulertzen nork eta zertarako bidali dizun bideo hori. Zergatik ez diozu Poliziari eraman?
— Imajinatu zelako arrakasta, bideoaren atzean dagoen misterioa argitu eta hor ezkutatzen den istorioaz artikulua lantzen badut.
Sinesgabe eta pasiorik gabe, baina bidegurutzean sartzen utzi zidan:
— Denbora alferrik galdu gura baduzu...
Platerak-eta azpilean jarrita, langelara joan nintzen eta CDa sartu nuen ordenagailuan, baso bat ardo prestatzeaz batera. Hainbat aldiz irakurri nuen word dokumentua. Koilarakada bete dilista ahoratzen nuen bakoitzean, esaldien mezu kriptikoa digeritzen ahalegintzen nintzen. Zenbat eta gehiago irakurri, orduan eta trabatuago sentitzen nuen, eztarritik behera ezin eraman nezakeela. Trago bat ardo hartu nuen, biktima eta erasotzaile hitzetan begiak aldi berean jarrita, dikotomia hartan sakondu nahian, bi hitzetan, eta ez irudietan, egon behar zuelakoan igorlearen mezu ezkutuak.
Biktimaren minak gatibatua nintzela pentsatu nuen, biktimari begira jardun nuela bideoa ikusi nuen aldiro: emakumearen oihuak, besoen mugimendu etsiak burua eta aurpegia babestu nahian, erasotzailearengandik askatu eta autoan berriz sartzeko ahalegina... Eta erasotzailea? Irudiak ez ziren batere argiak: gaua izateaz gainera, urrun samarretik grabatuta zeuden. Baina, agian, irudietan lor nezakeen erasotzaileari buruzko daturik.
Bideoaren artxiboa zabaldu nuen. Gizona neskaren autora heltzen den unean hasten da, atea indarrez ireki eta barruan den neska bortxaz ateratzen duen unean. Kafetegiko mutilaren hitzetara ekarri nuen irudien aurreko momentua, erasotzaileak autoaz jo zuenekoa. Eta auto istripuak eragindako indarkeria besterik ez bazen? Tratu txarrekin lotu nituen gertaerok hasieratik, baina istripu hutsa izan zitekeen, gizon bortitz baten erreakzioa.
Pentsamendua osatu gabe ere, ezetz erantzun nion neure buruari: posible zatekeen, baldin eta irudiok beste giro batean eskuratu banitu, mezu ilunik ekarri ez balute. Garai hartan lantzen ari nintzen artikuluaren gaiarekin lotu behar ziren irudiok, artikuluaren karira bidali baitzizkidaten.
Erasotzailearen autoa 4x4 horietako bat zen. Aldizkarian kotxeei eta motorrei buruzko atalaz arduratzen zen lankideari deitu nion. Irudi txar haiek erakusten zizkidaten xehetasunak aztertuz, autoaren deskripzioa egiten saiatu nintzen:
— Aurrealdean bi barra ditu. Horizontalean zabaltzen dira, ezker-eskumako argiak inguratuz, ia gurpilekin bat egiteraino. Beste biak bertikalak dira, autoaren erdialdean hasi, goiko barra horizontalaren gain-gainean eta autoaren behealderaino heltzen dira. Barra bertikalen erdian, beheko barra horizontalaren gainean, beste bi argi daude. Aurreko kapotaren gainean goragune bat dago, bi zulo ditu, motorra aireztatzeko edo. Behealdeak, gurpilen altueraraino gutxi gorabehera, grisa dirudi, gris metalizatua; hortik gora, berdea. Albo bakoitzean hiruna leiho ditu: bi, ateetan; bestea, atzeko gurpilen gainean. Goiko aldean beste barra batzuk ditu, alboetan...
— Mitsubishi Montero bat da, Montero Sport bat. Oso garestia da kotxe hori.
Google bilatzailean Mitsubishi hitza idatzi nuen. Eta Mitsubishi orrian Montero Sporta bilatu nuen. Autoari buruzko publizitatea zabaldu zen goiko aldean, autoaren ezaugarriez eta hobekuntzez informatzen zuen bideo labur bat, zeru ezin urdinago baten azpian grabatua. Zalantzarik ez, hura zen autoa, baina pixka bat aldatua; ziur aski modelo berriago baten publizitatea izango zen. Nolanahi den, ezin nahas nintekeen: mundu zoragarri batean garaile izateko behar den autoa eta irudi bortitzez betetako bideokoa, biak ala biak, Montero Sport ziren.
Oso garestia zela aipatua zidan lankideak, eta hori egiaztatu nuen webeko prezioetan. Ez zen edonork eros zezakeen autoa, ez behintzat ni bezalako kazetari hasiberri mileurista batek. Eta hala izatera, pentsatu nuen, laburra izan behar du azken urteetan halako ibilgailua erosi duen jendearen zerrendak. Web orriaren gainerako aukerak aztertu nituen, toki bakoitzeko Mitsubishiren dendak eta banatzaileak agertzen ziren zerrenda zabalgarri batean. Saltoki bakarra zeukaten hirian, Garapenaren eta Berrikuntzaren bandera bihurtu nahi zuten industria parkean, hiriaren hegoaldean.
Unibertsitateko ikaskide batekin gogoratu nintzen. Karrera amaitu eta berehala hasi zen aitaren inprentan, aita zaharrak erretiroa hartuta.
— Mesede bat eskatzeko deitzen diat.
— Bota!
— Suposatzen diat inprentan egiten dituzuen lanen artean... Badakik, bisita txartelak-eta... Horien artean aseguru etxeenak ere edukiko dituk, ezta?
— Jakina.
— Aseguru etxe baten txartela behar diat, nire izen-abizenak bertan inprimaturik dituen txartel bat.
— Zer?
Lasai egoteko esan nion, arazorik ez zela sortuko. Adiskide bati txantxa bat egiten laguntzeko zela: haren ezagun baten ezkontza zela-eta, adarra jo nahi ziotela, erosi berria zuten etxebizitzaren gainean istorio bat asmatu eta ziria sartu nahi ziotela. Ezkongaiak ezagutzen ez ninduenez, aseguru agentearena egiteko prest nengoen galdetu zidaten lagunek. Eta ni, fakultateko garaietan legez, parrandarako beti prest.
— Halako txartel bat egin eta arazoren bat sortzen bada, non egina den jakinez gero, errekara botako diat inprentaren izen ona. Eskatu egidak beste zerbait, baina ergelkeria hori ez!
Benetakoak ziruditen txartelek: aseguru etxearen nortasun irudia zeraman albo batean; nire izen-abizenak, haren eskuinaldean. Izen-abizenen azpian, letra lodiagoz, aseguru agentea jartzen zuen. Armairuan nuen trajea hartu, alkandora zuria jantzi eta ezkontzetarako erabiltzen nuen gorbata urdina korapilatu nuen lepoaren bueltan. Etxetik irten aurretik ispiluan begiratu nion agenteari, eta berak begi keinu bat itzuli zidan, harro.
Leiho ezin handiago batzuek agurtzen zaituzte Mitsubishira heldu bezain pronto. Barrutik auto ezin ederrago batzuek dei egiten dizute, haien tapiza garbia, haien gurpil plater distiratsuak, haien larruzko bolante hatz markarik gabekoak begiratuz mozkor zaitezen.
— Aseguru etxe batetik nator —esan nion irribarre ezin eramanezko komertzial bati . Gerentearekin hitz egin behar dut.
— Itxaron momentu bat, ez dakit libre dagoen.
Emakume gazte batekin itzuli zen komertziala. Aseguru etxearen txartela eman eta nortasun agiria erakutsi nion, txarteleko datuak nire nortasunarekin bat zetozela egiazta zezan. Bere burua aurkeztu eta zer behar nuen galdetu zidanean, gai pribatua zela eta onena bere bulegoan hitz egitea zela iradoki nion.
Artez azaldu nion bisitaren zergatia:
— Azken urteetan Montero Sport bat erosi duten pertsonei buruzko datuak behar ditugu.
— Ez dugu datu pribaturik ematen —adierazi zidan, espero nuen bezala.
— Orain dela egun batzuk gertatutako istripu bat ikertzen ari gara —amore ematen ez duen agentearena egin nuen—. Istripuaren eragileak ihes egin zuen, gure bezeroa larriki zauritu ondoren. Autoaren deskripzioa badaukagu; matrikula, ez. Hirian Mitsubishi denda bakarra hau izanik, hemen erosia izan litekeela uste dugu. Autoa modelo zahar batekoa da, eta duela bost urteetatik atzera saldutakoen informazioa besterik ez dugu behar.
— Datu pribatuak eskatzen ari zara. Ulertuko duzunez, bezeroak dira gure altxor nagusia. Ezin dizut lagundu.
— Epaile baten aginduarekin itzuli beharko dut orduan. Ikerketa ofiziala abiatuko dugu.
— Zer ikerketa mota?
— Epailearen agindua eskatuz gero, epaileak azken urteotako informazio gehiago nahi izango du: fakturak, BEZ aitorpena, bezeroen datuak... Ohiko datu arrunt horiek.
— Zer kotxe esan duzu?
— Montero Sport bat.
Azken bost urteetan nik uste baino Montero Sport gehiago saldu ziren hirian, baina gutxiago izan ziren Fairway zeritzoten berde kolorekoak, eta askoz gutxiago goiko zein erdiko defentsekin saldutakoak. Sei. Erosle guztien datuak eman zizkidan: izen-abizenak, helbideak, autoen deskripzioa eta erosketa urteak.
Erredakziora joan eta seien izenak arakatu nituen Googlen. Emaitzen oihanean ordubete igaro eta gero, biren lanbideari buruzko datu fidagarriak lortu nituen: notario bat eta dentista bat. Besteei buruzko informazioa eskasa zen: zirkulazio isunak, hauteskunde batzuetako hautagai zerrenda, salerosketa batzuei buruzkoak... Baina ez haien lanaren berri eman ziezadakeen ezer.
Notarioaren eta dentistaren helbideak aztertu eta hurbilen neukana aukeratu nuen.
Bulegotik irten, etorbidean ibai alderantz egin eta zubira heldu baino hogei bat metro lehenago dagoen eraikin eklektikora hurreratu nintzen. Erdi-puntuko baoaren handia miretsi nuen atarian: arkuaren barruan ere kristalezko bao bat; azpian, inposta eta hari heltzeko marmolezko bi zutabe monolitiko. Burdinazko ate landua zeharkatu orduko eskailera helikoidalaren ederrak erakarrita, oinez igotzea erabaki nuen hirugarrenera. Mailadia bigarreneraino bakarrik heltzen zen; han, hallaren alde batean, zurezko eskailera hartu behar izan nuen goiko pisuko bulegoen korridorera heltzeko. Pasilloak jatorrizko apaingarriak zituen sabaian, paramentu bertikaletan eta zoruan. Arrandiaren ederrean ia itota, notaritza iragartzen zuen xafla dirdaira iritsi nintzen. Notarioaren eta bazkideen izen-abizen hanpatuen azpian goizeko ordutegia: 10:00etatik 13:30era.
Txiki sentitu nintzen ateaz beste aldean. Halla, handia zen oso. Gainerako geletarako distribuzioa handik antolatzen zela ohartu nintzen, maskor baten moduan. Ardatz nagusiaren buruan kaobazko mahi ilun bat zegoen, gelaren luze-zabalean nabarmen. Perlazko lepokoa saman, zer behar nuen galdetu zidan idazkariak.
— Notarioarekin egon behar dut, gai pribatu baterako —erregutu nion, lagunak egindako txartela emateaz batera.
Notarioaren gelan ostendu zen emakumea, eta ordu laurden geroago irten zen, sar nintekeela adieraziz.
Zer esan ez nekiela gelditu nintzen, aulkitik altxatu eta eskua luzatuta niregana zetorren gizona espero baino askoz zaharragoa baitzen. Hirurogeitaka urte kalkulatu nizkion lehen begiratuan. Ezin zuen izan bideoan agertzen zen gizona.
— Ederto, jauna, zertan lagun diezazuket?
Listua irentsi nuen.
— Suzuki baten jabea bilatzen ari gara. Istripua eragin eta ihes egin baitzuen, gure bezeroa zauriturik utzita.
— Nik ez daukat marka horretako autorik.
— Hori da eman diguten informazioa...
— Informazio okerra eman dizuete.
Ahalik eta errespetuzko forma hanpatuenak erabiliz barkatzeko eskatu eta alde egin nuen, bere mahaiaren atzean zeukan Antonio Gezalaren koadro hura oso ederra zela aitortzea ahaztu gabe.
— Ez da Gezalarena —argitu zidan—, baina ederra da, bai, eskerrik asko.
Pasillora irten eta atearen kanpoko janban oinarritu nintzen, igarotako une txarrak eragin zidan egonezina arindu nahian. Hartan nengoela, notarioaren idazkaria etorri zitzaidan ustekabean; niri begira gelditu zen, poz ezin disimulatuzkoa aurpegian. Lehenengoz ikusi nuenean baino garaiagoa iruditu zitzaidan; kolore ilunez apaindutako ile horia luze erortzen zitzaion sorbaldak jasotzen zizkioten besaburukoetan; kopetaren ezkerretik begia erdi estaltzen zion aldean izan ezik, gero eta kizkur nabariagoetan amaitzen zen. Atearen kirtenetik kanporantz tiratu, atea ondo itxita zegoela ziurtatu eta ahots mehe batekin esan zidan:
— Sofiarengatik etorri zara?
* * *
Aitaren adierazpena
Alaba gazteena da Sofia. Nobioa zuela esanez deitu zion amari. Eguen batean izan zen. Afaltzen etorri behar zutela tematu zitzaion andrea, nobioarekin etorri behar zuela, eta domekarako lotu ziren gurean.
Ailegatu zirenean, nik ireki nien atea, mutila zelangoa zen ikusteko. Formala begitandu zitzaidan, nahiz eta aurpegiko bibotea eta kokotseko bizar hura lar gustatu ez, baina formala ematen zuen.
Etxean sartu eta andrea segituan irten zen alaba ikustera; elkar besarkatu zuten, eta muxu bi eman. Nobioa sarreran zegoen guri begira, eskuan arrosa gorri bat zeukala, kolore bereko paper batean bildua. Andreari eman zion. Niri kaxa bat ekarri zidan: whiski bat, nahiko ona. Alabak esan ei zion gustatu egiten zitzaidala afaldu ostean trago bat hartzea.
Dena prest geneukan, mahaia apaindurik eta afaria zerbitzatzeko prest. Beraz, mahaian jarri ginen, beste barik. Mutila, nire eskuman; alaba, amaren ondoan. Edukazio oneko gaztea zen. Edukazio ona demostratu zuen mahaian eta afalosteko elkarrizketan ere. Futbolaz egin genuen berba. Eta politikaz. Eta ekonomiaz.
Afarian hitz onak izan zituen denontzat: andreak egindako afariaz ez dakit zenbat bider zoriondu zuen; nire iritzia arretaz aditzen zuen, eta gero errespetu handiz ematen zuen berea, nire ikuspuntua, nahiz eta diferentea izan, aintzat hartuta. Alabaz ere gauza ederrak esan zituen: polita zela, azkarra, orduko beharlekuan segitu eta gora egingo zuela. Sano enamoratuta zegoen, edo hala begitandu zitzaigun andreari eta bioi.
Laster hasi zen bodaz berba egiten. Zertarako itxaron behar zuten, esaten zuen gure alabari begiratuz, eta hura konforme zegoela zirudien. Andreari ere ederto begitandu zitzaion; niri, ez. Baina beste denak konforme bazeuden, zer esan behar nuen nik.
Afalostean hark ekarritako botila zabaldu eta baso bitara bota nuen, harentzat eta niretzat. Whiski ona zen, duda barik. Lehen kopa berehala hartu zuen. Beste bat ipini nion, kopa erdia edo, izotzik gabe. Mahai gainean utzitako botila hartu eta gehiago bota zuen berean, ia goraino. Harrituta gelditu nintzen. Hura ere berehala edan zuen eta hirugarrena bota zuen.
Larregi ez edateko esan zion gure alabak. Beldurtzekoa izan zen nobioaren begiratua: bekainak batu zituen, zoro batenak ziruditen begiek... Denok konturatu ginen. Ez zitzaion gustatu Sofiak kargu hartzea.
Zelan ez ginen ba lehenago konturatu? Hori da daukadan damu handia, hori.
* * *
Ez nekien nor zen Sofia, baina notarioaren idazkariak galdetutakoari baietz esan nion. Haren urduritasuna zerk sortzen zuen jakin nahi nuen.
Igogailura eraman ninduen besotik helduta, arin, tiraka, notariotzatik ni urruntzeko presaz. Igogailuaren atea zabaldu eta barrura bultzatu ninduen.
— Bostak eta erdietan Plaza Berriko kiosko ondoan —agindu zidan—, gaztaina saltzailearen aurreko jarlekuan.
Bostak eta erdietan, alabaina, ez zen emakumea agertu. Ordu laurdena pasata zegoela, gaztainak erosi eta ni jesarrita nengoen lekura hurbildu zen gizon sendo bat, heldua, bekoki zimurtsua, begi azpi nasaia. Egunkari orria panazko praken gainean zabaldu eta fruitu erreak zuritzen hasi zen atzamar iletsuekin. Klaska bitxi bat atera zuen fruitua ahoan sartzean, kraskatu aurretik zupatu egingo balitu bezala. Bizpahiru aldiz errepikatu zuen hotsa, irentsi baino lehen. Hurrengo gaztaina ez zuen hark jan: eskuan apurtu eta parkeko txintxarretan zer jan bilatzen ari ziren usoei bota zien.
Zutundu eta plazan zehar ibili nintzen, espero nuen emakumea inguruan zebilen ikustearren. Inon ere ez. Seiak laurden gutxiago ziren. Gaztainen saltoki aurreko epelera itzuli nintzen. Inguruko harritxoak mugitzen hasi nintzen oinekin, alde batera aurrena eta gero bestera, multzo txikietan pilatzen. Eta halako batean, gaztaina zuritu berri bat eskainiz, galdetu zidan:
— Zergatik Sofia?
— Barkatu?
— Zergatik Sofia? —errepikatu zuen.
Ez nuen beste ezer erantzuten jakin. Azkenengo gaztaina atzamarrez txikitu eta inguruan saltoka ari ziren moko meharrekoei bota zien. Beste hitzik egin gabe, altxatu, panazko praketako apurrak astindu, papera bola batean bildu eta etorritako tokitik joan zen. Seiak ziren plazako erloju gaizki argiztatuan.
Bi egun geroago zinema bateko sarrera jaso nuen bulegoan, CDa ekarri zuen antzeko azal batean bildua, nire izen-abizenak orduko letra molde berberarekin idatzita. Ordenagailuaren behealdeko erlojuak 17:24 markatzen zuen; ia bi ordu nituen pelikula hasi aurretik. Zergatik murgiltzen ari nintzen ezagutzen ez nituen uretan? Sarrera ordenagailu azpian utzi eta lanari lotzen saiatu nintzen, atrilean nuen orrira begiak eramaten; baina salto egiten zidaten eskumatik ezkerrera eta ezkerretik eskumara, auskalo nork bidalitako txartelera.
— Zer, erosi duk Montero Sporta? —galdetu zidan lankideak.
Eskuan zeukan aldizkaria pitin bat altxatu eta Montero baten argazkia erakutsi zidan, azpian zekarren prezioa seinalatuz.
— Ez duk hain garestia ere...
Aldizkariko argazkiari begira egon nintzen apur batean; so egin nuen kanpora, aurreko teilatu bustirantz, eta CDko imajinekin nahastekatu zitzaidan paperezko irudia. Gauaren ilunean ezkutatutako erasoa ikusi uste izan nuen teilatuko erlaitzaren itzaletan; eta kanpoko euriak une batean lanbrotutako pentsamendua garbitzen zidala sentitu nuen. Eta erantzun nion:
— Badiat eskaintza hobe bat.
Zazpi areto izan arren, pertsona gutxi geunden 19:30eko funtziorako. Hal Hartley-ren Fay Grim zen gonbidatzaile ezezagunak aukeratutako filma, jatorrizko bertsioa, azpitituluduna. Pelikula hasi baino hamar minutu lehenago sartu nintzen eta zegokidan jarlekua bilatu nuen, atze samarrean, hormaren ondoan, lauko lerro batean. Gazte bikote bat zegoen beste aldean, paretatik nahikoa hurbil, jolasean; gizon bakarra erdialdean, pantailatik hurregi, betaurrekoak garbitzen; hiru emakume zeuden gizonaren atzean, hiru lerro atzerago. Jarlekuen artean ibili nintzen pitin batean, gizonaren arreta ekarri nahian, hura izan zitekeelakoan gonbidatzaile ezezaguna. Gizonak betaurrekoak ipini, berriz kendu eta indarrez igurtzi zuen ezkerreko lentea, arkutik kontu handiz helduz. Jarlekuaren aldeko pasabidera irten nintzen; ateraino hurbildu eta sarreran zegoen aldizkaria hartu nuen; nire lekua baino beherago jaitsi nintzen, aldizka sarrerari aldizka pasabide ondoko jarlekuan zenbatgarren ilara zen erakusten zuen zenbakiari so, galduta banengo bezala. Tarteka gizonari begiratzen nion, baina andereño itxurako hiru emakumeak bakarrik ohartu ziren nire mugimendu deserosoez. Tupustean argiak itzali eta filmaren aurreko publizitatea ematen hasi zirenean joan nintzen nire lekura. Handik gizonaren silueta iluna nabari nezakeen: geldi, erne, bizkarra eta burua zut, pantailako irudiei adi; baina bat-batean eskumako atea zabaldu zela sumatu, biratu eta besoa altxatu zuen, agur keinua eginez heldu berriari.
Etsi nuen. Zinema ticket hura ez zen hitzordu bat izango. Pelikulako zerbaitek argigarriren bat eman behar zidalako bidali zutela pentsatu nuen, filmeko detaile guztiei tentuz erreparatu beharko niela alegia. Parker Posey, Liam Aiken, Jeff Goldblum, James Urbaniak, Saffron Burrows... errotulu guztiak pasa zirenean, orduan gertatu zen.
Krispeta ontzi bat zekarren. Gorputza erortzen utziz jesarri zen aldameneko jarlekuan, berokia erantzi gabe. Eskukada bat krispeta eraman zuen ahora, haietako batzuk ontzira berriz erori zitzaizkiola. Ezaguna egin zitzaidan klaska bitxi bat entzun nuen.
— Pelikula ikusia naiz —esan zidan—. Ea zuri gustatzen zaizun.
Zerbait laga zuen nire hanken gainean. Sorbalda sakatu zidan eskuaz. Eta ospa egin zuen.
Ez nintzen berehala altxatu, ez nuen zirkinik txikiena ere egin, gizonak eskua sorbaldaren gainean jartzean handik ez mugitzea eskatzen zidala ulertu bainuen. Figurari jarraitu nion begiez, eskumako aterantz, isilean, astiro. Baina egonezina nagusi, haren itzala atearen atzean desagertzen ikusi bezain pronto, hark utzitako paperak indarrez estutu eta atzetik joan nintzaion. Zinemako hallera irten nintzenerako ez zegoen inor. Ate nagusiaren aldean, jende ilarak antolatzeko xingola tinkatuen ondoan, bi atezain zeuden berbetan. Ingurua aztertu nuen begiratu batean: larrialdiko atea zabalik zegoen. Hara jo nuen arineketan. Irteerarik gabeko kalezulo bat zen; zigarreta bana erretzen ari zen garbiketako langile parea. Haietako batek keinu adierazgarri bat egin zidan, barrura sartu eta beste aldeko atetik irten behar nuela uler nezan.
Bigarrenez hanka egiten uzteagatik haserretuta, barrura joan eta paperak aztertzen hasi nintzen. Plastikozko artxibo bat zen: aurreko azala, gardena; beltza, atzekoa. Barruan, metalezko bi xaflatxoz lotuta, DIN A3 neurriko orri hori bat, ezkerreko goiko partean Ospitale Nagusiaren ikurra. Tratu txarrengatiko txosten medikoa zen, pazientearentzako orri kalkatua. Ospitalearen ikurraren ondoan, biktimaren filiazio datuak: izen-abizenak, jaioteguna, egoera zibila eta helbidea. Hortik behera: asistentzia eragin zuten gertakizunen azalpena, aurrekari pertsonal interesgarriak, miaketa fisikoaren ondorioak, egoera emozionala, miaketa osagarriak, diagnostikoa, tratamendua eta jokabide plana eta oharrak.
Euria ari zuen. Jendea atzera eta aurrera zebilen aterkien azpian, harlauza apurtuetan sorturiko putzuak saihesteko sigi-saga zorabiagarri batean. Ordua begiratu eta oraindik neskalagunarekin garagardo bat hartzeko aukera nuela otu zitzaidan, hura ospitaleko gaueko txandan hasi baino lehenago.
Ez zien nire deiei erantzun. Eta gauerdian berriro ahalegindu nintzen arren, kasurik ez. Mezu bat bidali eta biktimaren historial osoa ekartzeko eskatu nion.
* * *
Ahizparen adierazpena
Sofiaren ahizpa naiz, ahizpa nagusia. Nonbaitetik hasi behar eta, Sofia iraileko egun hartan etxera etorri zenean sortu zidan inpresioaz mintzatzen hasiko naiz. Hilabete bi zeramatzan ezkonduta. Lehen hilabetean sarri lotzen ginen kafe bat hartzeko, zinemara joateko... Baina gero eta gaitzago egin zen harekin lotzea: nik elkarrekin bazkaltzeko edo kafe bat hartzeko esaten nion eta hark ezin zuela. Halakoa izan zen gure harremana zenbait astetan. Azkenean, aitzakiaka zebilela ohartu eta gelditzera behartu nuen: haren etxera edo bulegora joango nintzela esan nion. Onartu zuen, baina ez kafe bat hartzeko edo kanpoan bazkaltzeko; nire etxean elkartu ginen, arratsalde urdin batean. Nik argi esango dut. Etxera heldu zenean, ez zuen ez ubeldurik ez zauririk ez hezur hautsirik, baina jota zegoen. Jota. Etxeko atea zabaldu nionean espektro bat ikusi nuen: oso zurbil; betaurreko beltz handiek ezin ezkuta zezaketen betazpikoen gorria; argal zegoen, masailezurrak ezin nabarmenagoak iruditu zitzaizkidan aurpegi triste hartan. Atea zabaldu nionean irribarrea behartu zuen, indargea, bizi gabea. Besarkatu nuenean, oraindik senti dezaket, besoen artean eroriko zitzaidala pentsatu nuen, gorputz osoak dar-dar egin ziola begitandu zitzaidan. Ez zen Sofia. Edo, bestela esanda, ez zen hilabete batzuk lehenagokoa. Ez.
Ezkon bizitzaz mintzatzen hasi zitzaidan, poz antzera. Baina ez zidan begietara begiratzen. Ez zuen adorerik. Lotsa zen. Nire ahizpak ezin zidan begietara so egin, nire aurrean lotsa zelako!
Berehala lotu nuen egoera senarrarekin, eta ez nuela gezurrik entzun gura esan nion: «Niri kopla gutxi, Sofia!». Eta negarrari eman zion. Altxatu eta alde egin gura izan zuen. Ez nion laga. Sofan jesartzera behartu nuen. Besoetan kikilduta izan nuen apur baten: untxi bat, untxi txiki bat, dardaran. Pitin bat lasaitu zenean, krisialdi bat zela sinetsarazi gura izan zidan, duela gutxira arte dena zoragarria izan zela, baina laneko kontu batzuk zirela-eta une txarrak pasatzen zebiltzala, eta laster dena lehengora bueltatuko zela, eta ez kezkatzeko... Aitzakien zerrenda luze bat, antzua, sinestezina.
Gizon hori uzteko esan nion: «Orain noizbehinka jazotzen diren gauzak, gero eta sarriago jazoko dira, baldin eta hark arazoren bat izaten badu. Paga-burua izango zara, hark sortuko duen ustezko etsaia, kanpoan dituen arazoen aurrean noren kontra jo aurkitzeko, haren oldarkortasuna deskargatzeko». Halaxe esan nion. Eta gehiago. Esan nion agian orduko egoera ez zela hain jasangaitza, baina argi eta garbi uzten ari zela bera haren mendeko zela. «Gizon horrek berari jazotzen zaion guztiaren erruduntzat hartuko zaitu! Hori da gura duzun harremana? Hori da zure bikote eredua?».
Ohartarazi nion gero etorriko zenaz. «Haren atsekabeak gora egiten badu, zure aurkako tratu txarrek ere gora egingo dute, eta noizean behingoa izan beharrean, jarraikorra izango da». Ez zuen gehiago entzun gura izan: altxatu eta joan behar zuela bota zidan. Amorru bizia sentitu nuen. Nire aholkua entzun gura ez bazuen, halaxe esan nion: «Hor konpon!».
Atean zegoela, musu ematera hurreratu zitzaidanean, profesional batekin berba egiteko agindu nion, egoeraz pentsatzeko. Senarrarekin segitu gura bazuen, hari konponbidea eta jokabidearen aldaketa eskatzeko. «Horrela konpontzen dira gauzak, Sofia», esan nion, «eta ez pentsatuz zer egin behar duzun eta zer ez duzun egin behar gizon horren suminaldi bakoitzean, zeren zuk egiten duzuna gorabehera, hirak izan, izango dira». Hori da esan niona.