2
Amak esaten zigun hodeiak, norakorik gabe hara eta hona ibiltzeaz nekatzen direnean, basoetara jaisten direla deskantsatzera, eta orduan lainoa sortzen dela. Esaten zuen hodeiak pertsonak bezalakoak direla, eta batzuek koltxoi gogorragoa edo bigunagoa nahiago dugun bezala, hodeiek ere halako edo holako arbolak aukeratzen dituztela: hodei batzuek pinudia aukeratzen dute, fakirren moduko oheak nahiago dituztelako; beste hodei batzuk pagadiko hosto sarrien gainean etzaten dira, pagoen adarren formetan atsedena aurkitzen dutelako. Gero, altxatutakoan, ohea nolakoa, halakoa izaten da hodeia, eta, berbarako, pinudia aukeratu duten hodeiak erabat zulaturik zeruratzen dira eta goian daudenean pinuek egindako zuloetatik askatzen dute ura. Hala esaten zuen gure amak.
Bart pinu basoa aukeratu dute lo egiteko, pentsatu nuen tantek kaleko zolaren aurka sortutako hotsa ohetik entzutean. Beste aldera biratu nintzen eta bularraren kontra estutu nituen izarak eta manta, altxatu aurreko azken uneko beroa.
Kaleko atea entzun nuen; salto batean jaiki eta korridorera irten nintzen. Pasatzen uzteko esan zidan neskalagunak, gabardina blai zekarren eta bainuontzira eraman nahi zuen, pasilloa busti barik. Alferrik, ezin nabarmenagoa zen zoruan utzitako urezko aztarna. Eranzteko denborarik eman gabe galdetu nion eskatutakoaz. Ezkaratzeko aulki baten euskarritik zintzilikatu zuen poltsa. Artez begiratu zidan, ezin disimulatuzko kexa aurpegian. Arrazoia zuen, CDa bidali zidatenetik ez nion ia jaramonik egin, eta deitzen nionean eskuartean nerabilen gaiarekin zerikusia zuen nire interesak.
— Obsesionatzen ari zara —haserretu zen—. Ezin menderatuzko istorioa bihurtuko zaizu. Ez zait hau guztiau batere gustatzen.
Aulkian utzitako poltsari begiratu nion eta barrubiguneko paperezko azala ikusi. Lapurrek nola, hala hartu nuen. Dokumentuak mahai gainean zabaldu nituen banan-banan, erregistroko dataren arabera.
Bost aldiz ingresatu zen Sofia ospitalean: bitan kalean edo etxean izandako istripu arin batzuen ondoriozko lesioak artatu zizkioten, ondoezak sorturiko ahuleziaren sintoma ez oso garbiak. Behin, bere buruaz beste egiten saiatu eta sendatu arteko ospitaleratzea izan zen. Beste bietan, aldiz, lesio larriagoak.
Azken bietako bat zineman eskuratutakoa baitzen, bestea irakurri nuen. Egoera emozionalari buruzko datuen arabera, senarrak besotik heltzen ziola heldu zen ospitalera. Erizainak beldurra antzeman zion, sufrimendua eta dardara. Harekin joateko esango zion Sofiari, itxaroteko gizonari; baina hark: «Oso urduri dago nire emaztea; ez du jakingo gertatutakoa azaltzen. Hobe da ni haren ondoan egotea». Erizainak: lasai egoteko, medikuak jakinaraziko ziola zer gertatzen zen eta zer egin behar zen, emaztea artatu ostean.
Miaketa fisikoaren datuak irakurri nituen hurrena. Informazio medikoaren hoztasuna eta hitz teknikoen abstrakzioa gorabehera, lerroetan aurrera egiteaz batera izutu egin nintzen.
Komuneko atea entzun nuen. Idazgelako sarrerarantz begiratu eta neskalaguna ikusi nuen. Xukadera bat zeraman ilearen inguruan.
— Beste mesede bat eskatu behar dizut —esan nion—. Sofiaren helbidea ospitaleko artxiboan dauzkaten beste helbideekin alderatu gura dut. Helbideetan beste inoren izenik agertzen den jakin beharko nuke.
Sofiak bi helbide eman zituen artatua izan zen bost aldietan: Bata, lehen hiru ospitaleratzeetan eta bosgarrenean; bestea, laugarrenean. Pentsatu nuen, helbide horiek beste batzuekin gurutzatuta, jakin nezakeela norekin bizi zen Sofia garai hartan, baldin eta bakarrik bizi ez bazen.
Neskalagunak, gogoz kontra, lankide bati hots egin zion telefonoz, eta nire helbide elektronikoa eman zion, aurkitzen zuen informazioa ahal zuenean bidal zezan.
— Maite zaitut —eskertu nion musu bat emanez.
— Zoaz pikutara! —komunera joan zen ilea lehortzen amaitzera.
Bizarra egin gabe abiatu nintzen pikutara: beste Montero berdea erosi zuen dentistarengana.
Hiritik hogei bat kilometrora dagoen egoitza multzo batean bizi baitzen haginlaria, neskalagunaren autoa hartu nuen. Zergatik haserretzen da hainbeste? Hain zaila ote da ikerketa honek nire karreran suposa dezakeena ulertzea? Zergatik gaitzesten duzu obsesio deitzen duzun jokabide hau? Sofia —lehen aldiz deitu nion horrela bideoko emakumeari— jipoitu zuen gizona aurkitu nahi nuen, biktima bilatu beharrean, erasotzaileari begira jardun nahi nuen, ikuspuntu horretatik idatzi artikulua. Eta hor amaituko zen dena. Neure buruari agindu nion, gizona topatu, hura elkarrizketatu eta kito: artikulua idatziko nuen eta zuzendariari eman. Erasotzailea begiradaren erdian, jomugan jartzen zuen artikulu bat, biktimari bakea eman eta erasotzailea deseroso sentiaraziko zuen lan bat. Baina, hartarako, Sofiari eraso egin zion pertsona aurkitu beharko nuen, kolore berdeko Fairway hartan ur lasterretatik salbu sentitzen zen gizona.
Hamazortzi kilometro neramatzala, eskumako irteera hartu eta etxaldearen burdinazko arkupetik sartu nintzen. Handik beste kilometro erdi bat egin nuen dentista bizi zen txaleteraino. Beira itxurako adreiluzko hormaren ondoan, pergolaren azpian, perrailetan zintzilikatutako loreak hosto txarrez garbitzen ari zen gizon bat. Txakurren arriskuaz gaztigatzen zuen txartelari begiratu nion. Bozina jotzea erabaki nuen. Baina lanean segitu zuen, lurrean eroritako orbela plastikozko poltsa batean sartzen. Lorezainaren arreta nola ekarri pentsatzen ari nintzela, etxearen atea ireki eta uniforme urdineko emakume bat irten zen, amantal zuria gerrian. Euritako beltza zabaldu eta kanpoko hesiraino hurreratu zen, asperdurazko keinu bat eginda lorezainarenganantz.
— Ez du ezer entzuten. Beti berdin. Barkatu, zer behar duzu?
Beste batzuetan erabilitako txartela erakutsi nion neskameari. Etxeko jaunaren Monteroa eta gure bezero batek izandako istripua erlazionaturik egon zitezkeela azaldu nion. Andreak sorpresako imintzioa egin zuen, nire hitzak ulertu ez balitu bezala. Artean gutaz ohartu gabe ziharduen lorezainarengana hurbildu zen. Hizketan jardun zuten niri begira. Gizonak, MP3aren entzungailuak belarrietatik kendu gabe, bi atzamar erakutsi zizkion. Atzera niregana etorrita, andreak:
— Etxeko jaunak duela bi urte saldu zuen zuk aipatutako kotxea.
Espero ez dugun hori ere espero behar izaten du kazetari ona izan nahi duenak; ezin automatikoki jokatu, instrukzioei jarraitu, horrek ibilgailu bat egiteko balio du. Arrakasta ezagutu nahi duen kazetariak senari begira jardun behar du, intuizioari jaramon egin behar dio. Zenbat aldiz irakurri dut hori? Zenbat aldiz errepikatu diot hori neure buruari? Hori pentsatu nuen, bigarrenez ezusteko egoera hartan sentitu nintzenean: bi auto susmagarri aukeratu nituen, eta bietan groggy amaitu nuen
— Beste ezer ez baduzu, beharretara itzuliko naiz.
Eta erantzunik itxaron gabe desagertu zen etxe barnera. Hesiaren ondoan jarraitu nuen apur batean, eskua txakurraren irudian oinarriturik, koska barrurago ezin senti daitekeelakoan.
Irratian Haydn-en Londresko 3. sinfonia entzuten egin nituen bueltako kilometroak. Haren maisuak aitari seme kantaria irentzeko komenentzia iradoki ziotenean, orduko ahots altu eta zolia betiko gorde zezan, aitak izan ei zuen haserreaz oroitu nintzen. Edertasunarekin, ederraren iraunkortasunarekin lotzen zen orduan zikiratze mingarria; indarkeriarekin, bortxaren espresio nazkagarrienetako batekin erlazionatzen dugu gaur egun. Sinfoniako vivacean zentratu nahi izan nuen, une hartako pentsamendu beltzak nire nahasmendutik askatzeko, pentsamendu zirimolatsu hark, kontrolik gabeko haizeak are nahasiago utziko ninduelakoan.
Kontu handiz sartu nintzen, neskalaguna artean lo egon zitekeelako ustean. Egongelaren ondotik pasatzean, atentzioa eman zidan telefonoaren ondoko argi gorri jostalariak, etengabeko pizte eta amatatzearen bidez norbaitek utzitako mezua entzutera gonbitea egiten zidanak. Ospitaleko deia zen; postontzi elektronikoan neukan neskalagunak eskatutako informazioa. Arrapaladan joan nintzen idazgelara, itzali gabeko ordenagailuan zabaldutako leihoa klikatu eta mezua agertu zitzaidan.
Sofiaren bizilekuen helbideak ospitaleko datu basean sartu, informazioa gurutzatu eta espero nuen emaitza izan zuten, beste hiru lagun azaldu baitziren Sofiak emandako helbideetan. Lehen hiru kontsultak egin zituenean, gizon batekin bizi zen eta berdin bosgarrenean; laugarrenean, gurasoekin.
Sofiarekin bizi izandako gizonaren izen-abizenek zur eta lur utzi ninduten, espero ez nuen gertaera baten aurrean jartzen baininduten berriz ere. Duela gutxi ezagututako pertsona batengana ninderamaten.
13:04ak ziren. Artean garaiz nenbilela erabaki nuen. Leihoko barroteez harago hodei beltz arinak ikusi nituen pasatzen, elkarri lotzen, elkar iluntzen. Neska bikote bat igaro zen leiho paretik, besotik helduta, euritako bakarraren azpian; hiru mutiko haien atzetik, bizikleta bana eskuan, zapatiletako lokarriak arrastaka kale bustian, institututik irten berriak.
Kalkuluen arabera, azkar joanez gero, hogei minuturen bueltan atarian izan nintekeen, lanetik irten baino lehenago. Han itxarongo nion. Espaloiko lauzei begira egin nuen bidea, asmatu nahian zeinen azpian ezkutatzen ziren egun euritsuetako geiser zikinak, tupustean prakak goitik behera bustitzen dizkizuten turrusta urbanoak.
Ustez baino pitin bat luzeagoa izan zen harainoko bidea, baina garaiz iritsi nintzen, justu une hartan burdinazko ate landuan agertu baitzen notarioaren idazkaria. Atetik ikusi ninduen; ez zen harritu. Parera heltzear nengoela, jarraitzeko keinu bat egin zidan, zain gelditu gabe. Eskumarantz jo zuen, alde zaharrera eramaten duen zubirantz, baina hara ailegatu aurretik berriz egin zuen eskumara, eta handik hur zegoen tren geltokian sartu zen, atzera begiratu eta orpoz orpo nindoakiola egiaztatu ostean. Estazio zaharretik irten, aurreko bidea zeharkatu eta gora egin genuen, estazio berrian sartu eta metroko eskailera mekanikoak hartzeko. Ezin nuen ulertu maniobra haren zergatia: metrora joateko, notariotzatik irten eta ezkerretara egitea zen normalena, egindako buelta osoa askoz ere luzeagoa zen.
Nasan geundela, harengana ez hurbiltzeko keinua egin zidan, lau atzamar erakusteaz batera. Gero eta nahasiago nengoen jolas harekin. Ingurura begiratu nuen, zeren beldur zen ulertu nahian. Nasa jendez gainezka zegoen ordu gori haietan; ez nintzen inolako arriskurik identifikatzeko gai izan. Trena iritsi, ateak zabaldu eta, jendearen sartu-irtenean preso eginda, irentsi egin zuen bagoiak.
Laugarren geltokian irten nintzen metrotik, beste hiru lagunekin batera. Atzera begiratu, idazkaria sartu zen aterantz, eta han ikusi nuen, estazioko jarlekuan jesartzen zela. Bakarrik geratu ginen. Ez nion misterio haren zergatiaz galdetu; ez nuen haren beldurra ulertzeko asmorik agertu; ez nintzaion azken minututako joan-etorri korapilatsuaz mintzatu.
— Notarioarekin ezkondu zen Sofia? —artez lotu nintzaion gaiari.
— Ez. Semearekin. Izen berbera dute.
* * *
Idazkariaren adierazpena
Sofiaren lankide izan nintzen lau hilabetez. Gabonetan ama izan eta baja hartu zuen beste lankide baten ordez etorri zen hona. Karrera amaitu berria, berehala hasi gura izan zuen beharrean, nahiz eta ikasitakoarekin zerikusirik ez izan administrazio lanak; karreran beste lagun batzuekin etxe alokatu baten bizi eta ez zuen gurasoenera itzuli gura. Neska alaia begitandu zitzaidan hasieratik: leku goibela da notariotza bat, leku grisa, eta hark zelanbaiteko alaitasuna ekarri zuen. Ez dakit zelan esan... Paperak prestatzeko ordenari kolorea ipini zion; karpetetako izenei, diseinua... Badakizu... Inprenta letren ordez, berak idazten zituen izenak, kolorez edo forma desberdinez... Notario jaunari ere gustatu zitzaizkion Sofiak bulegora ekarritako aldaketak. Eta ez notarioari bakarrik.
Errege egunaren ostean, urtarrilaren zortzian edo bederatzian, notario jaunaren semea etorri zen bulegora. Sarritan agertzen zen, aitari dirua eskatzera, kotxea eskatzera, egindako hutsak zirela-eta laguntza eskatzera... Ohituta geunden haren bisitekin, ez zen ezustekoa izan. Baina egun hartan ez zen aitaren bulegora eskean joan. Harrera gelako atea ireki orduko nabaritu nion norbaiten bila zebilela: inor agurtu barik joan zen artez administrazio gelara, Sofiarengana.
Notarioaren semeak alde egin zuenean, Sofiak kontatu zidan, bere burua aurkeztu barik hasi zitzaiola berbetan: «Gustu ona du agureak».
Nik uste une hartan ebatzi zuela Sofia berarentzat izango zela. Eta lortu egin zuen. Sofiari ez zitzaion gustatu lehen enkontru hartan, baina uste gabeko deiek, mezuek, espero ez zituen bisitek, zelan tratatzen zuen, arretak, txerak... Esango nuke hark Sofia liluratu gura izan zuela, eta Sofiak liluratua izatea. Munduko pertsonarik fantastikoena begitandu zitzaion, eta ezin zoriontsuago sentitu zen gizon hura berarekin maiteminduta zelako.
Sofiaren lehen harreman serioa zen. Ilusioz beterik zegoen. Harekin irteten zen bakoitzean, zer edo zer hartzen edo zinemara pelikula bat ikusten, txundituta etortzen zen bulegora biharamunean: dena ondo, dena zoragarri.
Esango nuke hasieratik, nobio egin zirenetik, ohartu zela gizona oso kontrolatzailea eta mesfidatia zela; baina, hala esaten zuen Sofiak, jokabide horrek berarekin sano interesaturik zegoela frogatzen zuen, maite zuela.
Zertan nabaritzen nuen mesfidatze hura? Ez dakit... Behin, berbarako, Sofia belu iritsi eta azalpenak eskatu zizkion, ea zergatik iristen zen belu, ea inork kotxez eroan zuen haraino, ea beste gizonik bazegoen... Halako itaunak egiten zizkion beti; eta Sofiak zelanbaiteko azalpenak eman behar. Beste adibide batez gogoratu naiz: Sofia gimnasiora joaten zen elkarrekin ibiltzen hasi aurretik, baina nobio egin eta gero gimnasiora joateari laga zion, hari gustatzen ez zitzaiolako: «Gimnasioan gizon gehiegi ibiltzen da!».
Denborarekin, gauzak bestela ikusten dira. Orain, garai hartako kapritxoak arrisku baten seinale begitantzen zaizkit, baina zelan pentsa nezakeen orduko «hori egiten ez baduzu, bestea lagatzen ez baduzu... bananduko gara, ez naiz zurekin irtengo» eta enparauek egoera hartara eroan behar zutela.
Detaile txikiak ziren, orduan garrantzi gutxikoak begitantzen zitzaizkidan jokabide irrigarriak, ze kontu haiek gorabehera, dena zen normala. Amets batean legez sentitzen zen Sofia. Eta amets hartatik esnatzearen beldur, eskaera guztiak onartu zituen, edo plantak egiten hasi zen, gizona ez haserretzearren.
Elkarrekin ibiltzen hasi eta aste batzuetara, lagunengandik urruntzeko eskatu zionez, Sofiak erdi ezkutuan joan behar izaten zuen haiekin. Egun batean, bere bila joateko arazoak zituela esan zion notarioaren semeak, ahalegina egingo zuela, baina bostak baino lehenago deitzen ez bazion, gura zuena egiteko, oso lanpetuta zegoela-eta. Sofiak zinemarako plana egin zuen lankide batekin. Zinematik irten eta 35 dei zeuzkan eskuko telefonoan. Lankideak kontatu zigun kezkatzekoa izan zela dei galdu haiek ikustean Sofiak ipini zuen izu aurpegia. Gerora jakin genuen, hura izan zen lehen erasoa ekarri zuen jazoera. Oihuka hartu zuen etxe atarian. Ez ei zuen jo, garai hartan ez zuen jotzen, halako haserrealdiak ziren; «Amesgaiztoak ametsetan», esaten zuen Sofiak. Biharamunean, barkamena eskatu zion. Aitarekin izandako haserrealdi baten erruz jokatu zuela hala, guztiz damuturik zegoela.
Denbora gutxian asko aldatu zen Sofia. Alai eta lagunkina zena, uzkur portatzen hasi zen, batez ere nobioa edo notario jauna bere aurrean zeudenean. Ulertzekoa zen beste gizon batzuekin egoteko zuen beldurra! Behinola, gizonezko lagun min bati deitu zion, ezkondu berria zela esateko. Senarra hartaz jabetu zen eta bestearekin gelditzea debekatu zion, ea zer edo zeren bila zebilen itaundu zion, ea berarengandik lortzen ez zuen ezer behar zuen beste gizonengandik... Debekatu egin zion. Sofiak ez zion jaramonik egin eta lagunarengana joan zen. Notarioaren semea, ordea, etxetik hur ezkutatu eta atzetik abiatu zen. Sofia lagunarekin lotu zen kafetegira iritsi, kotxea aparkatu eta atea ireki gura izan zuenean, senarraren kotxea ondo-ondoan zeukan, atea irekitzea trabatzen ziola.
* * *
Geltokian bideoaz mintzatu nintzaion idazkariari. Erasotzailea notarioaren semea zen galdetu nion. Ezagutzen zuen bideoa eta bazekien niri bidalia zela. Zehaztapen bat egin zidan:
— Bideoko emakumea ez da Sofia.
Txundituta gelditu nintzen. Gauza bat frogatutzat ematen nuenean, zerbaitek hankaz gora jartzen zidan hipotesia berehala. Bideoko emakumea Sofia zelakoan, pozik nengoen ordu batzuk lehenago; orain bideoko gizonezko protagonista nor zen banekiela, emakumezko gertalaria ezkutatzen zitzaidan.
— Kontu batzuk argitu beharko dizkidazu...
— Ados. Baina toki bakartiago batean.
— Ez dut ulertzen zertara datorren beti ezkutuan ibili behar hau. Zergatik halako beldurra? Norengandik ostendu behar dugu behin eta berriro?
Besotik oratu eta metrotik kanpora eraman ninduen. Euritakoak zabaldu barik, arineketa disimulatu batean, plazaren alboan dagoen elizan sartu ginen. Hutsik zegoen. Plastiko gorriz bildutako bi kandela azkenetan zeuden aldarean, argi gaixo bat ematen ziotela azpiko mahai santuari.
— Nondik hastea nahi duzu? —esan zidan, sarreratik ikusi ezin zitekeen aitorlekuen atzeko bankuetako batean jesarri ginenean.
— Bideoaren kontutik, adibidez.
— Ez; ospitaleko txartelaz hasiko naiz.
Neskalagunak ospitalean aurkitutako osasun txartela Pablo Picasso kalera eraman nuenean hasi zen dena. Arrazoia zuen neskalagunak: txartel harekin artatu zuten emakumea tratu txarrak jasandako bat zen; txartelak adierazten zituen izen-abizenak, ostera, beste emakume batenak ziren, Pablo Picasson bizi zen andrearenak, baina ez tratu txarrak jasandako emakumeak hari ebatsi ziolako, hark propio utzi ziolako baizik.
Astiroago joateko eskatu nion:
— Txartela itzuli nion andreak ospitalean erori zitzaiola esan zidan. Hori ere ez da egia?
— Ez zen horrela izan. Beste emakume bati utzitakoa zen.
— Baina zergatik?
— Hura babestearren. Tratu txarrak jasan dituzten emakumeak babesteko elkarte batekoa da Picasson bizi dena. Pisu ezkutuetan bizi dira emakume batzuk, txarto tratatu dituzten gizonengandik babestuta. Ospitaleko kontsulta bat egin behar dutenean, edo abokatuen aurreko tramiteren bat egin behar dutenean, haiena ez den helbide bat ematen dute, beste baten izen-abizenekin zenbait kasutan. Babestuago daude horrela.
Dena aurrez prestatutako plan baten arabera antolatuta zeukaten, babesten ari ziren emakume bat gaiztratatzen zuen gizon boteretsu baten aurkako plana. Eztabaida luze baten emaitza izan zen. Elkarteko kide askok ez zuten argi ikusten: justizia baino gehiago mendekua iruditu zitzaien. Beste batzuek gizon batez baliatu beharra arbuiatu zuten, emakumeen indarraz aurrera egiteko posibilitateaz sinesten baitzuten. Picassoko andreak, aldiz, helburua justizia egitea zela defendatu zuen sutsuki, planaren zehaztapenez eta argudioez. Emakumeen indarraz, arrazoiaren eta adimenaren indarraz antolatutako plan bat zen, non gizon bat erreminta baliagarritzat hartuko zuten. Apurka taldeko kideak bere aldera eraman zituen, ia denak konbentzitu arte. Azkenean botazioa egin eta aurrera.
Hurrengo pausoa Sofiaren gurasoen onarpena izan zen. Harremanetan zeuden haiekin eta berehala proposatu zioten plan hartan parte hartzea.
— Asko sufritu duten arren, dudarik gabe onetsi zuten.
Bi aste geroago, ilargi beteko goiz hartan, aldizkariko postontzian utzitako bideoa eta mezu kriptikoa jaso nituen. Abian zen plana: amua jarri eta kosk egin nion.
— Bagenekien notariotzara berriz bueltatuko zinela, uneren batean hara itzultzeko aztarna aurkitu eta galdezka etorriko zinela. Pentsatu genuen ez zinela niregana gehiago hurbilduko, baina gaur ikusi zaitudanean berehala atzeman dizut intentzioa. Horregatik gidatu zaitut leku seguru batera.
— Eliza leku segurua da orduan? —galdetu nion, jarlekutik jaiki eta aitorlekuaren eta bankuen arteko tartean aurrera eta atzera hasteaz batera. Zeren beldur zen jakin nahi nuen, zergatik egon gintezkeen arriskuan.
— Datu gehiago eman baino lehen, aurrera egiteko prest ote zauden jakin behar dut.
— Tresna bat naiz zuentzat!
— Erreminta baliagarri bat, hala esan baliteke —aitortu zuen.
Horixe nintzen: objektu bat, haiek diseinatutako planaren barruan eginkizun jakin bat zuen gizon objektua. Eta orain jakin nahi zuen baliagarria izaten segitzeko prest nengoen, datu gehiago emango bazidan.
Nolabaiteko atximurka sentitu nuen barruko toki ezkutu batean, gizontasuna zauritu balidate bezala. Gizontasuna zen ala edonoren gutxieneko duintasuna? Aurreko bankuko apalean zegoen otoitz liburua irakurtzeari lotu zitzaion notarioaren idazkaria, axolagabeki, presarik gabe. Ez zuen, hala ulertu nuen, inolako erru sentimendurik, ez zen ohartzen haren aitorpenak eragin zidan pitzaduraz; objektu bat nintzen harentzat, eta, agian, ni nintzen objektu hura erabat arrakalatuz gero, besteren bat bilatuko zuten, minik gabe, penarik gabe.
Dena bertan behera uzteko gogoa sentitu nuen. Baina amuari kosk handiegia eginda nengoen ordurako.
— Aurrera jarraitzekotan, baldintza batekin —esan nion desesperaturik.
— Bota.
— Sofia ezagutu nahi dut.
— Horretarako Picasso kalera itzuli beharko duzu.
Picasso kaleko 9. zenbakiko igogailuaren ispiluan hiru aste lehenago ikusi izan nuen hura eta hau ez ziren pertsona bera. Desagertu zitzaidan orduko artegatasuna. Gizon zauritu bat nintzen orain, zakur amorratu bat, kontu eske zihoana. Eta hala ere, berehala ohartu nintzen helmugarik gabeko bidaia hartan ezin ikas nezakeela espero behar ez nuena ere esperatzearen printzipioa: hirugarrenera heldu eta atea zabaltzear nengoela, kanpotik ireki eta egun malapartatu hartan txartela eman nion andrea sartu zen barrura.
— Goazen garajera. Hondartzara joan behar dugu-eta.
Eta behera berriz, atarira baino beherago, infernura jaisten direnak bezala.
Motots batean bildurik zeukan ile erabat urdindua. Puztuak ziruditen masailalboek eta sudur azpiko ezpainak, eta txikiago egiten zizkioten aurpegiaren gainerako organoak. Artilezko bufanda zeraman lepoaren inguruan, ia goraino lotutako gabardinaren gainean. Isilik bajatu ginen garajera. Atzetik segitu nion ilunpean. Oinetako beltzak, bota puntadunak, takoi txikikoak.
— Azterketa amaitu baduzu —esan zidan halako batean—, nire kotxera joango gara.
Lotsatuta sartu nintzen. Bruce Springsteen-en We shall overcome kantua sortu zen bozgorailuetan, kotxea martxan ipini orduko.
Hogei minutu pasatxoko bidaia izan zen, tentsio handikoa niretzat. Une batean nire aldeko ispilua jaistear izen nintzen eta ausartu ez, atarian ikusi nuen gizon segurua barik beste orduko gizon dudatsua, aurpegiera deseginekoa topatuko nuelakoan. Andrea lasai zihoan, The Boss-en ahots melodikoa laguntzen.
Itsasaldera iritsita, herrian sartu eta behinolako gotorlekurako errepidea hartu genuen. Aparkalekuaren sarreran gelditzeko agindu zidan. Auto bakarra zegoen, zuri bat. Talka handia zeukan atzealdean: barrura sartua kolpetakoa, erditik arrakalatua matrikularen xafla, hautsia ezkerreko argiaren kristala.
— Jaitsi. Kotxe hartara goaz.
Hodei beltzak ageri ziren mendien gainean; itsasotik, aldiz, zeru garbia zetorren, haize hotza ahalik arinen utzi nahiko balu bezala. Emakume txiki bat irten zen autotik, gaztea, ile laburrekoa. Sudurreko hezurraren gainean zuen orban odol lehorrez nabarmenduari erreparatu nion, eta ezkerraldeko lokiko urradura desagertzen hasiari.
— Hauxe da —aurkeztu zidan— zure bideoko neska: Sofiaren ahizpa.
* * *
Idazkariaren adierazpena
Denboraz lagun egin ginen Sofia eta biok: ordu asko eta ordu luzeak ematen genituen elkarrekin notariotzan. Beste lankideekin ez zuen izan nirekin lortu zuen konfiantza. Atsegin zuten, duda barik, baina nagusiaren erraina izateak zelanbaiteko mesfidantza sortu zuen haien artean. Txutxu-mutxuka ibiltzen zirenean, isildu egiten ziren Sofia iritsi orduko. Niri ez zitzaidan inporta norekin ibiltzen zen edo noren emaztea zen. Jator jokatzen zuen beharrean, zintzo gure artean, eta atsegina zen lanetik kanpo ere.
Ezkondu eta hilabete batzuetara, nire senarra eta biokin afari bat egin behar genuela esan zidan Sofiak. Ideia ona begitandu zitzaidan bikote bion arteko afaria; notarioaren semeak ere ondo hartu zuen, edo hala begitandu zitzaidan orduan.
Aste hartako barikurako lotu ginen, bariku arratsaldeetan beharrik ez dugu egiten eta. Sofia eta biok lehenago lotu ginen, ile apaindegian. Ilusio handia zeukan, beste bikote batekin egiten zuen aurreneko irteera zen, eta gogo biziz zegoen! Aurrera begirako lagun taldeaz hitz egin zuen, bien lagunak izango zirenez, biek konpartituko talde batez. Ikustekoa zen haren ilusioa!
Kezkagarria izan zen afarian jazotakoa. Notarioaren semea isekaka ibili zitzaion afari osoan, hura gutxiesten etengabe, nirekiko konparazioak egiten. Iritsi eta berehala hasi zen: nire jantziaz gauza ederrak esaten eta Sofiaren soinekoa barregarri uzten. Sofiak aurpegian emandako koloreaz ere jardun zuen: «Pailazo bat dirudizu, sudurreko gorria baino ez zaizu falta», eta halako gauza iraingarriak. Hasieran irri egiten zuen Sofiak ere, senarraren ateraldiak umore oneko giroa sortzearren eginak balira bezala onartuta. Baina halako batean komunera joan zen. Atzetik joan nintzen apur bat geroago. Negarretan zegoen. Ezustean harrapatu nuen; garrantzia kendu gura izan zion jazoerari, senarrak egiten zizkion gauzei, ez zuen hura nahigabetu gura. Ez nion kontra egin; Sofia lasaitzearren ontzat eman nituen haren berbak, ziur asko horrela izango zela sinetsi gura izan nuen neuk ere.
Mahaira itzuli ginenean, barre-algaraka topatu genituen gizon biak, baina serio jarri zen notarioaren semea berehala, eta galdezka hasi zitzaion Sofiari ea zertan zebilen, ea baten batekin berbetan ibili zen telefonoz, ea ez zekien afari batean lagunekin egoten... eta ez dut gomutan zenbat gauza gehiago. Nirekin izan zela esan nion lasaitzearren; eskerrak eman zizkidan Sofia jagoteagatik, «hain da dorpea», esan zuen, «hain inozoa, beti beste batek jagotea behar duela».
Tentsio handian joan zen afaria. Gizon biek behar baino gehiago edan zuten. Irteeran kopa bat hartzera joatea proposatu zuten. Niri ez zitzaidan ideia ona begitandu eta etxera joan behar genuela esan nuen. Parkingera joan ginen; haiek gurekin etorri ziren pixka baten, kotxea parkingetik hur aparkatuta zeukaten eta. Han, haien kotxearen ondoan, elkarri agur esan eta aurrera egin genuen gurearen bila.
Minutu bi edo pasako ziren kanpoan utzi genituenetik kotxea parkingetik atera genuen arte. Irten eta joka zebilela ikusi genuen: ileetatik tiraka ari zitzaion Sofiari eta, justu haien parean pasatzean, masaileko bat eman zion. Kotxea gelditzeko esan nion senarrari; hark jaramonik egin ez, halakoetan ez sartzeko esan eta aurrera segitu zuen ez ikusiarena eginez.
Astelehenean, Sofia lanera etorri zenean, notariotzako sarreran bertan hartu eta komunera eroan nuen, barikukoaz itauntzera. Harrituta gelditu zen; ez zekien jazotakoaz ohartua nintzenik. Begiak ezkutatu gura izan zituen, behera begira, lotsaz; atzamarrez kokotsetik heldu eta niri begirarazi nion. Eskua modu txarrean kendu eta ispilu alderantz biratu zen. »Ez da ezer», esan zidan, «lanak eragindako estresa; gaur goizean barkamena eskatu dit, ez dela berriro jazoko ziurtatu dit, eta bazkaltzeko lotu gara». Haserre mintzatu nintzaion, adi egoteko, kontuz ibiltzeko eskatu nion. Baietz esan zuen, eta besarkada bat eman zidan indarrez.
Lanpostura itzuli ginen, eta handik gutxira administrazio bulegoko atean agertu zen, irri eder batekin, eskuetan lore sorta handi bat.
* * *
Ustekabeko baten atzetik beste bat hartzen nuen beti. Zalantza izpi baten ostean, nola agurtu ez nekien-eta, Sofiaren ahizpa hurbildu zitzaidan eta bi musu eman zizkidan.
Haraino eraman ninduen Picassoko andrea guregandik urrundu zen, aparkalekuaren ondoko ibiltokian beherantz, albo bietan landatutako arbola biluzien artean, kantari: Hey we shall overcome, we shall overcome. We shall overcome someday. Darlin' here in my heart, yeah I do believe. We shall overcome someday... Itsasora begira zegoen jarleku batean jesarri ginen. Eskerrak eman zizkidan laguntzeagatik, Sofiaz eta bideoko emakume ordura arte ezezagun horretaz kezkatzeagatik.
— Ez naiz inguru hartan bizi, bideoa grabatu zen kalean, esan gura dut. Elkartearen kontu baterako joan nintzen hara, lagun baten bila. Iristear nengoela, atzerako ispilutik begiratu eta koinatuaren autoa ikusi nuen. Izutu egin nintzen. Kasualitate hutsa ere izan zitekeela pentsaturik, jira eta bira hasi nintzen kaleetan, egiaztatzearren atzetik ote zetorkidan. Nora joan ez nekiela, jira eta bira desordenatu hartan segitu nuen; eta hura, beti niri jarraika. Nire ihesi behar hartaz ohartuta, argiak ematen hasi zitzaidan. Autoa gelditu eta ea zer gura zuen itauntzea ebatzi nuen. Baina autoa gelditu nuenean nire kontra talka egin zuen indartsu, eta... bueno, gainerakoa badakizu.
— Zergatik jokabide hura?
— Ez dut ulertzen. Munstro bat da, kaiola baten itxi behar den basapiztia. Neure kabutan etengabe egiten ditudan itaunak dira: zergatik nire ahizparen aurkako bortxa?, zergatik nire aurkako herra?
— Esadazu Sofia non dagoen.
— Alde egin zuen, babes etxe batera. Bide luzea egin genuen haraino iristeko, bide mingarria. Bizimodu berri baten premia zeukan: basapiztia harengandik banandu eta beste etapa bat hasi. Sufritutakoa ahaztu gura zuen, zoriontsu izateko beste aukera bat gura zuen. Ez zuen mendeku gogorik. Ez zeukan borrokatzeko indarrik. Ez zuen epaitegietan jarduteko adorerik. Ahaztu eta berriz hasi, nahikoa. Baina gizon horrek ez zion aukerarik eman.
— Zer gertatu zen?
— Ez zion bakerik eman. Berea zela esaten zuen behin eta berriz. Berea eta beretzat, edo ez zela inorentzat izango. Sofiak ihesi egin behar izan zuen, hiritik kanpo. Sofiaren bila hasi zen orduan, deabruak hartuta. Lehenengoz gurasoak presionatu zituen; gero niregana etorri zen: telefono deiak, mehatxuak, pintadak atarian, kolpea autoan, jipoia... Gizon hori gelditu egin behar dugu berandu baino lehen. Edozein astakeria egiteko gauza da!
— Ohartzen naiz.
— Lagunduko diguzu orduan?
Labarretara begiratu nuen. Olatuek hormen kontra jotzean sortzen zuten bitsa zikin zegoela iruditu zitzaidan, goiz hartako itsasoak geruza lohigarri bat astintzen zuela amildegiko paretaren kontra. Naturala iritzi nion itsasoaren indarrari, arroken higadurari. Uraren zikina, baina, onartezina begitandu zitzaidan, ezin eramanezkoa, salatu beharrekoa.
— Zer egin behar dut?
Sofiaren ahizpak goma batez loturiko kartoizko zenbait karpeta pasa zizkidan. Besarkada estu bat eman eta kotxean sartu zen, atzera begiratu gabe.
— Kontuz ibili! —izan zen tarte hartan esan zidan bakarra, haren azken hitzak, gerora bizi behar nuenaren iragarle.
Picassoko andreak martxan zeukan autoa, nire zain. Musikaz lagunduta egin genuen bueltako bidaia. Emakume heldu baten ahotsa zen. Tristea iruditu zitzaidan haren doinua, ulergaitza haren kantua. Erredakzioaren atarira eraman ninduen, nik beste asmorik ba ote nuen galdetu ere egin gabe. Ez zuen berbarik egin bide osoan, salbu eta eskerrik asko sakon eta benetako bat bidaia amaitu zenean. Ez nuen epaiketaren egunera arte berriz ikusi. Baina orduan ezin nuen hura jakin, orduan ezin espero nezakeen nora eraman behar ninduen goiz hartan onetsitakoak, zein arazotan sartuko ninduen.
— Zure bila dabil zuzendaria —abisatu zidan aldizkariko mandatariak.
— Zer esan diozu?
— Alkatearekin bazkaltzen zeundela.
— Eta nola jakin duzu zuk hori?
— Hori da nire lana, alkatea uneoro non dagoen jakitea.
— Beraz, badakizu non dagoen orain?
— Zuzendariaren bulegoan. Soldata igo beharko lizukeela aholkatzen ari zaio.
— Albiste onak eman zalea zara!
— Bai, erredakzio honetan dagoen bakarra.
Bibotea apaintzen ari zen sartu nintzenean, ile bakoitza eta denak batera ferekatzen. Betiko legez, jesartzera gonbidatu gabe hasi zen hizketan:
— Zertan da zure erreportajea? Erabaki al duzu zer-nolako ikuspuntua erabili behar duzun?
Zalantzan izan nintzen, norainoko informazioa eman behar nion Sofiaz eta egunotako bizipenez, baina zertan kezkatu ez nuen izan, hark erantzun baitzion bere buruari:
— Badakizu, gazte, zein motatako artikulua behar dugun. Jendearen sentipena nabarmentzea nahi dut; datuetatik alde egin eta pertsonen erraietan bilatzea nahi dut: zer sentitzen duten, nola erreakzionatzen duten, zerk eramaten duen pertsona bat horiek bezalako egoeretara... Ahaztu erakundeetatik ematen dizkiguten estatistikak. Zenbakiak ez dira jendearen bihotzera heltzen, ez dute inoren sentiberatasuna pizten. Horregatik erabiltzen dituzte erakundeek: informazioa ematen dutela sinetsarazten digute, baina jendearen erreakzioa lokarrarazten dute. Datuak alde batera utziko balituzte, gizarteak behin baino gehiago egingo lioke aurre egoerari, eta hori ez zaie erakundeei interesatzen.
Idazluma hartu eta zenbait irudi, zenbaki eta hitz solte idatzi zituen orri zurian, esaten zuen gauza bakoitza azpimarratzeko. Une hartan handik irten banintz, ez zatekeen ohartu ere egingo, hizketan segituko zukeen. Erakunde publikoen aurkako diskurtsoan luze jarraitu zuen eta, hitz-jarioan eten labur bat eginez, erreportajera itzuli zen errematea emateko:
— Segi ikuspuntu hori lantzen, gazte. Eta ezer izan bezain pronto niri bidali, bion artean azter dezagun.
Nire txokora joan nintzen. Ondoko lankidea Timo Glocken argazki bat aukeratzen ari zen, Lewis Hamiltonek Brasilgo zirkuituan lortutako garaipenaz egindako adierazpenak egunkari digital batean irakurtzen zituen bitartean. Ez zuen ezer esan, garaipen keinua egin zidan eskumako erpuruaz eta artikuluari lotu zizkion begiak.
Mahai gainean jarri nituen Sofiari buruzko lau karpetak. Abokatu baten informeak ziren. Orri solteetan Sofiaren historia zegoen, hari buruzko informazio orokorra. Karpetetan, abokatuari egindako kontsulta bakoitzean jasotako akta eta informazioa. Txosten orokorrean jaso legez, lau aldiz kontsultatu zitzaion abokatuari Sofiaren auziaz: lehenengoan familiak egin zion galdera; beste hiruretan Sofiak berak.
* * *
Abokatuaren adierazpena
Sofiaren abokatua izan nintzen. Idatzizko txostenean agertzen den legez, Sofiaren familia etorri zen lehen aldiz nire bulegora aholku bila. Euren ustez, autoestimua eta konfiantza galtzen ari zen aipatutakoa, gutxietsia sentitzen zen. Familiaren iritziz, haien senidea indarkeria delitu baten biktima zen.
Hasieran, eta familiak eman zizkidan datuak aztertuta, ustezko tratu txar psikologikoen biktima baten auzia izan zitekeela ondorioztatu nuen, eta hala adierazi nien senideei. Aldi berean, nire eginkizun profesionala hori baita, tratu txar psikologikoak frogatzea oso gauza zaila zela ohartarazi nien, ustezko biktimaren aitortzaz harago beste lekukotzarik ez genuelako.
Familiak informazio gehiago eskatu zidan. Jakin nahi zuten zer jotzen zen, zuzenbidearen ikuspegitik, tratu txar psikologikotzat. Txostenean adierazi genuenez, behin eta berriz gertatzen diren umiliazio, gutxiespen, irain, larderia eta abarrekoa hartzen da tratu txar psikologikotzat, baina, eta berriro azaldu nien, hori guztiori frogatu behar da, eta horixe da zailena.
Informazioa eman ondoren, jakin nahi izan nuen ustezko tratu txar psikologiko horiek nola edo zertan eragiten zioten biktimari, ustezko biktimari, kasu honetan. Alegia, haien senidearen sendotasunaz galdetu nien. Haien iritzia entzun eta gero, haien senideak profesional baten laguntza behar zuela esan nien. Izan ere, beste kasu batzuetako esperientzian oinarriturik, ustezko erasotzailearen eta biktimaren adina ikusita, oso gazteak baitziren biak, eta familiak kontatzen zuena egia izatera, aurreikus zitekeen tratu txar psikologikoen atzetik eraso fisikoak ere etortzea. Hain zuzen ere, eta hartaz gaztigatu nien, gauzak okerrago joatearen arriskua oso nabarmena zen. Horrenbestez, arestian esan dudan legez, profesional baten laguntza behar zutela adierazi nien, Sofiaren, hau da, ustezko biktimaren egoera aztertzeko: sentimenduak behar bezala definitzeko eta egoera lazgarri hartatik irteten laguntzeko.
Baina, nahiz eta gure eginkizuna ez izan, hain etsita ikusi nuen familia, beste abisu bat eman nien: ez zela oso erraza izango ustezko erasotzailea auzipetzea eta biktimari laguntzea. Izan ere, familiaren iritzia entzunda, eta zantzuak zantzu, bistakoa zen ustezko biktima maiteminduta zegoela, eta onartua zuela tratu umiliagarria, bere autoestimua zapaldua izatea. Beraz, haren guztiaren ondorioz, oso zaila iritzi nion profesional batekin hasteko hura konbentzitzeari.
Bulegotik joan aurretik beste gauza bat azpimarratu behar izan nien. Alegia, ahalegina egin behar zutela iritzi kontrajarriak bereizteko, hots, bikotekideen arteko eztabaida edo liskarra eta delitua. Oro har esanda, argitu nien: emakume bat indarpean dago hari bere borondatea egiten utzi nahi ez zaionean edo uzten ez zaionean, emakumeari askatasunez jokatzen uzten ez zaionean edo emakumearen nortasuna garatzen eragozten denean. Emakumeak aske izateko edo bere nortasuna garatzeko gizonaren baimena behar duelako ideia iragana da. Egun, emakumea eta gizona libre dira; elkarrekin ondo badaude, urte askotarako; biotako bat ez badago gustura bikotean, uztea da onena, osasuntsuena, bestea menderatzen edo manipulatzen saiatu beharrean.
Denbora luze batean ez nuen haien berri izan; psikologoarekin lanean ibili edo amore emanda egongo zirela pentsatu nuen.
* * *
Sofiaren familiak kontratatu zuen abokatuaren txostenaren lehen orriak irakurrita, psikologo batekin kontsultatu zutela jakin nuen. Paperetan, baina, ez zen aipatzen psikologoaren izena, ez hark egindako txostenik edo diagnostikorik. Notariotzara deitzea pentsatu nuen, Sofiaren ahizparen telefona eskatzeko, hark psikologoaren berri emango zidalakoan. Bestela jokatu nuen.
Telefono aurkibideak zerrenda luzea zekarren hamar orritan, iragarki eta guzti: antsietatea gainditzeko terapiak, depresioa tratatzekoak, estresaren gainekoak, elikatzeaz, sexologiaz edo bikoteaz, autoestimuaz eta menpekotasunaz... Sofiaren gurasoak bizi ziren kale bereko bulego batek eman zidan atentzioa. Deitu egin nuen, kontsulta bat egin nahi niola, bikote arazoei buruzkoa; ez nekiela tratamendua beharko nukeen, baina lagun batek harekin kontsultatzeko gomendioa egin zidala eta hitzordu bat nahi nuela, ahalik arinen, posible bazen.
— Azken orduan badut ordu erdi bat, zazpietan. Kontsulta bat baino ez bada, nahikoa izango da. Gero, beste terapiaren bat beharrezkoa ikusten badugu, erabakiko dugu nola antolatu.
— Ados.
Telefonoa oinarrian ipini eta aldameneko lankideari so egin nion. Harrituta zegoen:
— Ez doaz ondo amodio kontuak?
— C'est la vie.
Neskalagunari deitu nion jarraian, okertzen hasia zitzaidan bidea zuzen bidean ipintzeko. Aurreko egunetan gauez lan egin baitzuen, jai egun bi zeuzkan. Pozik hartu zuen deia, pozago gonbidapena.
— Baina gauza bat ziurtatu behar didazu: ez da beste mesede bat eskatzeko aitzakia bat izango, ezta?
— Ez, maitea. Arduratuta eduki nauten kontuak itxita dauzkat ia. Argitu dut misterioa. Badakit nortzuk diren bideoko protagonistak. Datu batzuk gehiago batu eta amaituko da dena.
Ezin egiatik urrutiago ibili, baina hori geroago jakingo nuen.
— Non elkartuko gara?
— Zortziak eta erdietan begetarianoan.
Lehen pisuko bi ateetan banatuta zegoen kontsulta. Ezkerrekoan abokatu lanak egiten zituzten; eskumakoan, psikologiarekin lotutakoak. Mantal zuriko neska batek karrajuan aurrera eraman ninduen psikologoarenera. Fitxa bat bete zuen nire datuekin, eta fitxaren atzealdean data jartzeaz batera kontsultaren zergatia galdetu zidan.
— Tratu txarrak pairatu dituen emakume batekin ibiltzen hasi naiz. Bera hobeto ulertze aldera, espezialista batengana jotzea erabaki dut. Jakin nahi dut zerk eramaten duen gizon bat modu bortitz horretan jokatzera, nolako pertsona ezkutatzen den jokabide horren azpian.
Karpeta bat hartu zuen apaletatik. Horma irudi moduko orria zabaldu zuen mahai gainean, gizon bortitz baten ezaugarri nabarmenak agertzen zituena. Banan-banan seinalatuz bakoitzaren deskribapen txikia egin zidan ahots ezin modulatuagoz.
Irudiaren ezkerrean idatzita zegoen hitzarekin hasi zen.
— Jeloskorra izan daiteke gizon bortitz bat —esan zuen—. Paranoidismo mota bat da: behin eta berriz pentsatzen du besteak asmo txarrez jokatzen duela eta, bikotearen kasuan, zalantzak izaten ditu haren fideltasunaz.
Posesibotasunaz mintzatu zen ondoren:
— Pertsona horiek anbibalentziaren mende daude. Sentimendu negatiboak eta positiboak nahasten dituzte: maitasuna eta gorrotoa. Anbibalentziaren ondorioz, bikotekidearen jokabide osoa kontrolatu nahi izaten du.
Orriko irudiaren eskuma seinalatu zuen hurrena, letra lodiz idatzita zegoen hitza hatzaz azpimarratuz. Esklusibotasuna.
— Bikotekidea berarentzat bakarrik nahi du; horregatik bakartu nahi izaten du, lagunengandik edo senideengandik urrundu.
Orria karpetan sartu eta berriz jarri zuen apalean, nolabaiteko sententzia emateko:
— Ulertuko duzunez, bikote normal baten harremana ezin oinarri daiteke bakartzean, posesibotasunean, oihuetan, etengabeko eztabaidetan, arrazoirik gabeko jeloskortasunean, bestea kontrolatzeko eta menderatzeko saioetan... Hori ez da harreman osasuntsua eta normala.
Baietz egin nion buruaz, ulertzen nuela, ikusten nuela nolako pertsona ezkutatzen den hura bezalako harreman batean.
— Baina nik harago joan nahi dut. Jakin behar dut nola jokatu horren antzeko egoera bat gainditzeko, beste bikote batekin harreman osasuntsua eta normala eramateko.
Eta orduan, aldez aurretik prestatua nuen bidetik jo nuen:
— Nire bikotekidea, oker ez banago, zure pazientea izan zen.
Sofiaren izen-abizenak eman nizkion. Atzera bota zuen gorputza eta begiak nabarmen zabaldu zituen. Sudurretik bat-batean hartutako arnasak hots nerbioso bat egin zion. Erlojuari begiratu eta kontsultarako denbora amaitzear zegoela esan zidan.
— Ulertuko duzunez, ezin jakin ditzaket paziente guztien izen-abizenak buruz. Gure artxiboetan begiratuko dut. Zuk aipatutako emakumea agertzen bada, deituko dizut eta, gura baduzu, beste hitzordu bat jarriko dugu.
— Ederto.
— Nolanahi ere, adierazi behar dizut badugula gure paziente guztiekiko konfidentzialtasun agindu bat eta, horrenbestez, berriz geldituz gero ez da hirugarren batez hitz egiteko izango... non beste hori ere ez datorren bilerara.
— Zure zain egongo naiz.
Presatuta nenbilen, neskalaguna jatetxe begetarianorantz abiatua izango zen, ez nuen belutu behar.