Zureak egin du
Zureak egin du
2009, nobela
144 orrialde
978-84-92468-16-4
azala: Gorka Lasa
Iñaki Friera
1962, Barakaldo
 
2001, nobela
Zureak egin du
2009, nobela
144 orrialde
978-84-92468-16-4
aurkibidea
 

 

 4 

 

Gurasoen etxera joana zen neskalaguna, lanean atseden egun batzuk hartuta. «Hiru egun» esan nion, zuzendariari artikulua idazteko eskatu nizkion hiru egunak hain zuzen. Etxean idazteko baimena eskatu bainion, materiala bilduta neukala, baina erredakzioko zaratatik libre ekin nahi niola. Ez zuen trabarik ipini.

        Langelako mahaian zabaldu nituen txosten medikuak eta psikologikoak; teklatuaren ezkerrean jarri nuen kaiera; pantaila lauaren azpian, harria. Diskete unitatean sartu nuen egun batzuk lehenago jasotako CDa; word dokumentua zabaldu eta inprimatzera bidali nuen; gero, bideoa ikusteko sakatzeaz batera, inprimatua hartu eta esaldia mozten hasi nintzen; azkenik, hura errotuladore more batez azpimarratu ostean, pantailaren goiko aldean itsatsi nuen, begien aurrean:

ZERGATIK BIKTIMAREN BILA IBILI,

ERASOTZAILEA ZIGORTZEA BILATU BEHARREAN?

        Erasoei buruzko lehen txostena ironikoa begitandu zitzaidan, ospitalearen izenaren azpiko tituluaz txostenaren behin-behinekotasuna adierazten zuena. Irrigarria izan zitekeen, ondoko hilabeteetan Sofiak pairatu behar izan zuen guztia ezagutu ez banu.

        Egun hartako gaixotasunaren deskripzioa hitzez hitz idatzi nuen. Artikulua hitz haiekin hasi eta azken txosten medikukoekin amaitzeaz pentsatzen ari nintzen. «Gaixoak dio larri urduritua dagoela atzotik, zenbait arazo pertsonal ditu eta. Ia ez du lorik egin bart. Min iraunkorra sentitzen du besoetan eta ezkerraldeko hemitoraxean (albo batean eta atzealdean). Min sakona da, gainean nolabaiteko pisua balu bezala: ez dago disnearik ez katarrorik ezta aipatzea merezi duen beste klinikarik ere.» Esaldiak hainbat aldiz irakurri ostean, txosten mugatuari kateaturik nengoela ohartu nintzen, hark ez zidala aurrera egiteko biderik erakusten.

        Teklatua alde batera mugitu eta kaiera hartu nuen. Taula bat prestatzen hasi nintzen, erredakzioaren gidari izango zen jarraibidea. Hogeita hamahiru errenkada marraztu nituen, Sofiaren pairamenak iraun zituen hogeita hamahiru hilabeteentzat bana. «Gabonak dira, urtarrila. Errege egunaren ostean elkar ezagutu dute notariotzan. Nobio egin dira.» idatzi nuen lehenengoan. Gero hurrengo hilabeteak betez joan nintzen, aurreko egunetan izandako elkarrizketetan lortutako datu garrantzitsuenak ordenatuz. Zazpigarren hilabetean ezkontza ipini nuen; bederatzigarrenean, haurdun gelditzea; jaiotzea, hamazortzigarrenean, eta lasaigarriekin izandako istripua, hogeigarrenean; senarrarekin itzultzea, hogeita bigarrenean, eta komunean itxi zen egunekoa, hogeita bosgarrenean.

        Sofiaren ahizpak gordea zuen senarraren dei gehienak grabatuta zeuzkan telefonoa, badaezpada ere gordea, haien gordina askabide izan zitekeelakoan, inoiz epaiaren aurrean froga gisa erabili behar izanez gero. Harekin izandako azken aldian, nire eskuetan utzi zuen aparailua. Lau hilabetetan bostehun bat dei; egunean bost dei batez beste.

        Erantzungailu automatikoa aktibatu nuen. Neskalagunaren telefonoan grabatutako ahots bera entzuteak ilea laztu zidan. Banan-banan entzuten joan nintzen; batzuk laburrak, luzeagoak besteak. Lehenengoetan barkamena eskatzen zion, bueltatzeko, aldatua zela, tratamenduan jartzea erabakita zegoela, segituan hastekoa zela.

        Berehala hasi ziren mehatxuak. Ezorduetan deitzen zuen, zenbaki ezkutu batetik batzuetan, ohiko telefonotik besteetan. Behin eta berriz errepikatzen zion zer gutxi balio zuen, zer zorte handia zeukan bera bezalako gizon bat ondoan edukita, bestela inor ez legokeelako harekin, inork ez baitzuen hura bezalako emakume batekin egon nahi.

        Norekin eta non ibiltzen zen galdetzen zion. Norbaitekin ibiltzen zela enteratzen bazen, akabatu egingo zuela, baita Sofia bera ere, beharrezkoa bazen. Erasorako motiboa zen haurra ere: hura ikusteko eskubidea zuela esaten zion hasieran, ondoren bahiketaz salatuko zuela, aitaren eskubidea urratzen ari zela, eta garesti ordainduko zuela. Haurra kentzeaz mehatxatzen zuen. Salaketa egina zuela eta Polizia haren bila joango zela laster, Sofia atxilo hartu eta haurra aitarekin utziko zutela.

        Mehatxuen ostean, bakea zetorren batzuetan. Salaketa erretiratua zuela, beste aukera bat merezi zutela, ezin zutela galdu elkarrekin zoriontsu bizitzeko aukera, haurraren ondoan biak goxo egon zitezkeela... Eta gero berriz erasoa. Saria eta erasoa, erasoa eta saria.

        Bi hilabete geroago heldu ziren mehatxu larrienak: «Ni espetxera joango naiz. Zu, lurpera».

 

* * *

 

Ahizparen adierazpena

 

        Umearen urtebetetze eguna baliatu zuen etxetik alde egiteko. Senarra bere gurasoenera joan zenez, prestatutako dena hartu eta kalean zain zeukan kotxean sartu zen umearekin. Oso artega zegoen; atzera egiteko zorian izan zen, baina plana antolatzen lagundu zion erizainak aurrera egiteko konbentzitu zuen.

        Izan ere, ospitalera jipoituta iritsi zen egunean hasi zen dena. Medikuak ez zion ia jaramonik egin, ohiko artatzeaz gain ez zuen ezer jakin gura izan. Medikuari laguntzen zebilen erizainak, aurreko batean ere artatu baitzuen, beste modu baten jokatu zuen nire ahizparekin. Medikuak bere lana amaitu eta alde egin zuenean, erizaina eta biak bakarrik lotu ziren. Sofiaren zauriak garbitzen zebilela, ea inork jo zuen itaundu zion, masailekoren bat, ostikoren bat. Ahizpak ez zuen jakin zer erantzun; totelka hasi zitzaion erizainari, ateari begira, edonoiz baten bat sartu eta emakume bien arteko intimitatea apurtzearen beldur balitz bezala. Erizainak ez zuen amore eman eta bigarren itauna egin zion: «Salbu sentitzen zara zure bikotekidearekin?». Ezin izan zuen gehiago, hondoa jo zuen, dardaraz eta zotinka. Erizainak bere gorputzaren kontra estutu zuen, besoa ferekatu zuen lasaiago sentitu zuen arte, berbak goxo, arnasa bare, mina ia senti ezinezkoa egin arte.

        Salatzeko eskatu zion. Alferrik. Ahizpak ezetz esaten zion, ez zuela nora joan, ez zuela baliabide ekonomikorik, umea, etxea... Hamaika arrazoi eman zizkion bere desarrazoian salaketari ezetz esateko. Erizainak Sofiaren moduko emakumeak hartzeko zentro batez egin zion berba, tratu txarrak pairatzen dituzten emakumeen defentsarako elkarte batez, zulotik irteteko moduez eta premiaz. Sofia ezetzen eta baietzen amaraunean lotu zen. Txarto marrusketaturiko atea legez sentitu zen: erizainak ate bat zabaldu nahi zion, baina atea lurzoruan trabatzen zen. Une hartan piztia sartu zen medikuarekin. Erizainak isilean segitu zuen lanean, senarrak Sofiaren nahasteaz eta burua galtzeaz esaten zituen denei baiezko keinua egiten; jakin zuen, baina, gizona medikuarekin berbetan zebilen une baten, telefono zenbaki bat Sofiari pasatzen.

        Hasieran ez genuen jakin non sartu zen, Sofiak deitu zigun arte ondo zegoela adierazteko. Ez zigun besterik esan. Egun txarrak izan ziren. Gogorrak. Batetik, ez jakitea ahizpa eta iloba non zeuden; bestetik, gizon horren etengabeko deiak, mehatxuak, bisitak Sofiaz itaunka. Poliziari hots egitear izan ginen, baina ez genekien hala jokatuz gero ahizpari laguntzen genion ala kalterik egiten.

        Egun batzuk geroago, erizain hura etorri zen neurera. Dena kontatu zidan, lasaitua hartu nuen. Ezin sinetsi nezake egoera hartan egotea, Sofiak guri ezer ez kontatzea, gugan baino, beste batzuengan bilatzea laguntza. Baina lasaitua hartu nuen. Eman behar zituzten hurrengo pausoak esplikatu zizkidan erizainak, eta argi utzi zidan helburu nagusia: Sofia eta umea babestea.

        Egunak joan eta egunak etorri, are handiagoa egin zen gure gaineko jazarpena. Etengabe deitzen zigun mehatxuka, irainka. Ezorduetan jotzen zuen gurasoen etxeko txirrina, oihuka hasten zen kalearen erdian. Gurasoek ezin izan zuten egoera hura eroan eta kanpora joatea ebatzi zuten, amaren herrira. Bakarrik gelditu nintzen. Orduan zuzendu zuen nireganantz bere amorru osoa.

 

* * *

 

Ezin kontzentraturik, musika behar nuela erabaki nuen, gogoari aire berria eman, ideiak arindu, oihuak eta mehatxuak soka motzean lotu. Musika aparailuan zegoen diskoa ipini nuen. Teklatu baten soinuak bete zuen langela, sokazko akordeek segituan lagunduta, eta emakume baten ahots heldua iritsi zitzaidan armairu gaineko bozgorailuetatik. Ezaguna egin zitzaidan, oroimenean lokartutako zentzua iratzarri zidan letra ulergaitzak. Begiak itxi nituen, kantuaren hitzek nora eramaten ninduten ikustearren, perkusioaren erritmoan noraezean joateko.

        Picasso kaleko andrearen begitartea irudikatu nuen itzalean, pozño ezin ahaztuzkoa, eta Sofiaren ahizparekin lehenengoz izan nintzen egunaz gogoratu, bueltako bidaiaz, autoan ulergaitz egin zidan bozaz. Konpas eta kontrapasik gabeko soinuari adi segitu nuen, orduko hartan ezin ulertuzko egin zitzaidana konprenitzeko ahalegintxo soltean, emakumeak defendatzeko elkarteko andreak sentitu zuen esperantza dantza lotura atera nahian.

        Kanta berria belarri ertzera heldu bezain laster ezagutu nuen. Hura zen autoan entzun nuen abestia, orduan bezain kriptikoa. Kantariaren izena bilatu nuen CDan: Haris Alexiou. Greziako abeslari bat zen. Diskoaren kutxa apaletan bilatu, kantaren zenbakia begiratu eta letraren itzulpena irakurri nuen liburuxkan: Tora ki egó tha ziso (Orain ni biziko naiz).

 

                Zure ondoan,

                espetxe hotza eta bakardadea,

                bizi izan ditudan urte guztien ondoren,

                zugandik urrun egin nahi dut hegan,

                nire hegoekin egin ere.

                Bizitzaren muturrean lapurtutako urteak,

                eta ni bazter batean.

                Itsasoek gainezka egin dute nire malkoekin,

                baina aski da.

                Orain ni biziko naiz.

                Ez dut atzera egingo.

                Berriz hasi nahi dut,

                aske izan nahi dut.

                Olatu batek bezala jo zenuen nire bihotza,

                baina egonarri handiko pertsona nauzu,

                eta nire egin nituen zure ametsak.

                Nire artean, dena aldatuko zela esaten nuen.

                Orain ispiluari begiratzen diot,

                nahigabeturik,

                denboraren seinaleak neurtzeko.

                Nire bizitzaren zatiren bat

                aurkitu behar dut nonbait.

                Orain ni biziko naiz.

                Ez dut atzera egingo.

                Berriz hasi nahi dut,

                aske izan nahi dut.

 

        Aulkiaren burdina bizkarrean sentitu nuen; indarrez sartu zitzaizkidan Alexiouren ulertu ezinezko hitzak, musika tresnen erritmo askea; grekozko hitzak ondoko itzulpenekoarekin berdintzen saiatu nintzen, esanahia aurkitu nahian. Baina letratik harago zegoen esangura: abeslariaren oihu askatzailean, etorkizunera zabaltzen den deiadar salatzailean: tora ki egó tha ziso!

        Ezetz nioen neure artean, ezin zela izan; senak, aldiz, baietz, kasualitate gehiegi zirela guztia patuaren ondorioa izateko. Neskalagunaren eskuko ordenagailuan gakoa sartu nuen, Nire dokumentuak izeneko karpetan zerrenda luzea pantailaratu zitzaidan. Zenbait arloren arabera sailkatuta zeukan informazioa: Musika, Liburuak, Argazkiak, Gastuak... Karpeta handiotatik kanpo, Word dokumentu piloa. Ez zegoen nire susmoa egiazta zezakeenik.

        Berriz sakatu nuen Nire dokumentuak adierazten zuen botoia. Barran gainerako karpetak zabaldu nituen: Dokumentu konpartituak eta Aholkulariaren dokumentuak izeneko karpeta bi. Hurrena, Bideo konpartituak izenekoa zabaldu nuen berehala. Hutsik zegoen.

        My izeneko karpeta batek arreta eman zidan: gainerako karpetek argi erakusten zuten zein material gordetzen zuten; hark, aldiz, my misteriotsu baten azpian ezkutatzen zuen. Bi klik egin nuen gainean. Beste zerrenda bat zabaldu zen, sei karpeta horirekin eta hamaika Word dokumenturekin. Ordutegiak izeneko karpeta bati erreparatu nion lehen begiratuan.

        Aurreko urteetako karpetak zabaldu eta hilez hileko sailkapenari jarraitu nion. Sofia ospitalean artatu zuten egunetako txostenak hartu eta datak eta orduak begiratu nituen; gero, egun eta ordu haiek neskalagunaren ordutegian bilatu nituen. Sinestezin iritzi nion begien aurrean nabarmentzen ari zitzaidan susmoari, baina datuek erreal egiten zuten ordura arteko ustea: Sofia ingresatu zen egunetako bitan, larrialdietako zerbitzuan lanean zegoen neskalaguna!

        Ezin zitekeen, nola esplikatu aurreko egunetan jazotakoa, nola ulertu gertaeren atzean nor eta bera izan zitekeela. Horrek ez zuen ez hankarik ez bururik. Zoratzeko modukoa izan zitekeen. Begiak indarrez itxi nituen. Abeslariaren ahotsa, nire itsua, haren kemena, haren sua. Ordenagailuaren zorroan bilatu nuen, etsi-etsian, zeren bila nenbilen jakin gabe. USB flash drive bat zegoen.

        Loturan sartu eta hango dokumentuak aztertzeari lotu nintzaion: zenbait argazki, Word dokumentu bat, WMV bat eta beste artxibo batzuk. Une hartan gelditzen zitzaizkidan zalantza apurrak birrindu zituen Word dokumentuaren izenak: Sofia. Urduri, bideo artxibora eraman nuen saguaren erakuslea eta gainean klikatu nuen. Segundo batzuk eta han nituen zortzi egun lehenagoko irudiak, Sofiaren ahizpari emandako jipoia, senarraren autoa... Orduan, baina, bideoko protagonistak guztiz ezagun baziren ere, inoiz baino galduago sentitu nintzen, noraezean, argibidez husturik.

        Telefonoan neskalagunaren zenbakiak teklatu nituen astiro. Joka hasi zen. Begiak itxi nituen, neskalagunaren ahotsaren beldur, zer esan eta nondik hasi ez nekiela. Manipulatuta sentitu nintzen ostera ere, ulertzen ez nuen joko bateko txotxongilo. Nork mugitzen ditu sokak? Nork idatzi du antzezlana? Nor da zuzendaria, nor jardulea?

        Joka segitu zuen harik eta erantzungailu automatikoa aktibatu zen arte. Ordua begiratu eta jadanik gurasoenean egon behar zuela erabaki nuen. Haienera deitu nuen.

        — Ez da iritsi —amak hartu zuen—. Aspaldi gaude zain. Ez gara bazkaltzen hasi. Non sartu ote da!

 

 

Taxi bat eskatu nuen, hiritik neskalagunaren jaioterrira zegoen ordu erdiko bidea egiteko. Sekula ez dut ahaztu egun euritsu hartako sufrimendua, ezintasuna...

        — Lasai hartu beharko dugu —esan zidan gidariak—, kolapsaturik daude errepide gehienak: istripuak, matxurak... Badakizu zer den hau euri pitin bat egiten duenean.

        Ez nion aditzen. Semaforoak adoretzen nituen gorritik berdera pasa zitezen; arinago esaten nion aurrekoari pasabide guztietan, biribilguneetan; indarrez sakatzen nuen eskumako oina autoaren behealdearen kontra, hala azeleratzea banu bezala.

        Azkenean hiritik irten eta bideari lotu gintzaizkion. Alferrik, irteerarik gabeko tranpa bat izan zen. Zenbat gauza pasa daitezke halakoetan buru lanbrotutik? Zein laburra den pentsamendu bakoitzaren bidea! Zein txikia ideia bati eta besteari ematen diozun irteera!

        Telefonoa bilatu nuen jakan eta lau bider deitu nuen. Erantzunik ez. Gidariak hizketan segitzen zuen, isildu gabe, euri ziri nekagarri hura bezain sarri. Haren hitz jarioari jaramon egiten ahalegindu nintzen pentsamendu gaiztoak une batez baztertzeko. Istripu batez ari zen, kilometro batzuk lehenago izandako istripuaz.

        — Auto bat errepidetik irten eta maldan behera joan da —esan zuen—. Goizeko lehen orduan izan da. Autoa igotzeko lanetan, kale bat hartuta daukate garabiek eta suhiltzaileek.

        — Non gertatu da?

        — Ez dakit zehazki. Baina gure bidean izan da. Herria baino lau kilometro lehenago dauden bihurguneetan ziur aski, errepidea estutu eta larregi ixten den tokian. Gaizki seinaleztatuta dago —segitu zuen berbetan—, eta ondo ezagutzen ez baduzu, erraza da pinudian behera joatea...

        Telefonoz deitu nuen ostera ere. Ezer ere ez. Erantzungailuaren ahotsa. Hotza. Jarlekuaren bizkarraldean behera irristatu nintzen, etsipenez; begiaren ertzean agertutako ur gazia lehortu nuen hatz erakusleaz, eta estu hartu nuen ahoa goiko ezpainaren gainean, barrutik zetorkidan zotina mututzeko. Ezkerreko belarrian urduritasunezko azkura sentitu eta igurzten hasi nintzen suabe. Urrun entzuten nuen ondoko berbaro isil ezinezkoa.

        Etengabeko zirkinetan eman nuen hurrengo ordu erdia, harik eta Poliziak pasoa txandaka ematen zuen lekura iritsi ginen arte. Taxitik arrapaladan irten eta ehun bat metro aurrerago zegoen agentearenganantz jo nuen lasterka. Gelditzeko eskatu zidan, ezin pasa zitekeela argudiatu eta autora itzultzeko agindu. Totelka hasi nintzaion, keinuka, aurrera segitzeko ahalegin antzuan. Lasaitzeko galdegin zidan. Poliziak beste agente bati deitu eta hurbiltzeko eskatu zion, zirkulazioa hark bidera zezan. Metro batzuk aurrerago errepide ertzeko baranda hondaturik zegoen, ibilgailu batek haren kontra jo eta metro batzuetan harramazkatu osteko zikin iluna; aurrerago, hautsia zen lekuan, auto baten gurpil marka nabariak zeuden, errepideari lotzeko ahalegin etsiaren zantzu erreak.

        Beste polizia bat etorri zen eta dena esplikatu nion berriz ere.

        — Ze markako kotxea den jakin behar dut.

        — Mini bat. Horia.

        Babeslekua bilatu nuen begiekin, zeri heldu, non oinarritu.

        — Ezagutzen duzu? —galdetu zidan poliziak.

        — Bai. Nire neskalagunarena da.

        — Seguru zaude?

        — Baietz uste dut.

        Telefono deiez mintzatu nintzaien, erantzunik ezaz, susmoez, beldurraz...

        Poliziek galdera piloa egin zidaten jarraian, zergatik beldur hura, zer zela eta haraino hurbiltzea, zergatik pentsatu neskalagunak istripu bat izan zezakeela, nondik eta kezka hura...

        Ez nuen galdeketa haren arrazoia ulertu.

        — Zelan dago nire neska?

        — Hemen galderak guk egiten ditugu. Egon zaitez trankil. Istripu bat izan da eta gauza asko daukagu ikertzeko.

        — Zer uste duzue, zerikusirik izan dezakedala istripuarekin?

        — Inork ez du halakorik esan.

        — Oraintxe iritsi naiz taxi batean!

        Une hartan amaitu zuten autoa errepideraino igotzeko lana. Bertatik bertara agertu zitzaidan neskalagunaren Cooper horia: zeharo txikitua aurreko aldea, kristal osoa barrurantz sartua, eskumako alboa mailaturik.

        Hutsik zegoen. Errepidean jarri zutenean, gidariaren atea falta zela ohartu nintzen. Urduri, pauso zalantzazko bat aurrera eman eta mesedez ikusten uzteko eskatu nien poliziei, dardarka, metro erdi eskasera neukan autoa, baina ezin ikus nezakeen barrukoa.

        Ez zidaten trabarik egin eta pixka bat hurreratzen laga zidaten. Burura eraman nituen eskuak, etsipenez ileak nahastu, eta poliziei begiratu nien, autoaren aginte panelaren gainean zegoen odol putzua seinalatzeaz batera.

        — Non dago? Utzidazue ikusten!

        — Ospitalera eroan dute. Ezin dizugu gehiago esan. Zatoz gurekin.

        Auto batean sartu ninduten eta hirira itzuli ginen. Taxiaren ondotik pasatzean gidaria ikusi uste izan nuen, imintzioka, dirua eskatzen; ikusi uste izan nuen neskalagunaren aurpegi irribarretsua goiz hartan bertan lanean gogor jarduteko esaten zidala, errukirik gabe dena kontatzeko eskatzen; ikusi uste izan nuen polizietako batek ukabila itxi eta erpurua beherantz jarriz zerbait adierazten ziola bere kideari; ikusi uste... Irudi guztiak hautsi zituen sirenaren durundiak.

 

 

Ordu erdiko egonaldia izan zen polizia etxean. Susmoen arabera, bigarren ibilgailu batek zerikusia izan zezakeen neskalagunaren istripuan, errepideko marketan auto baten gurpilak baino gehiago antzeman baitzitezkeen. Miniak ezkerraldean zuen kolpea ere susmagarria egin zitzaien. Azken egunetako jazoeren berri eman nien nik: notarioaren semearekin izandako gorabeherak eta atarian izan nuen erasoa. Datu guztiak apuntatu eta utzi zidaten ospitalera joaten.

        Konorterik gabe iritsi bazen ere, esnatuta aurkitu nuen larrialdiko box batean. Lankideekin berbetan zegoen neskalaguna. Irribarretsu begiratu zidan, umorea galdu barik. Zauri handia zuen kopetaren eskuman, bekainaren erditik lokirantz, josi berria. Aurpegia ebakiduraz beterik zeukan, odoletan goiko ezpaina, harramazkaturik kokotsa.

        — Besoa eta sorbalda oso minberatuta dauzkat, baina ez dirudi apurtuta daudenik. Erradiografia batzuk egin behar dizkidate. Eta eskaner bat ere bai, buruan kalterik dudan ikusteko.

        — Bera izan da? —lehenbailehen jakin nahi izan nuen.

        Aurpegiko zauriak garbitzen ari zitzaion erizainak azpilean utzi zuen ebakiduratik ateratako kristal bat. Klik! Zaratak atentzioa eman neskalagunari eta hara desbideratu zituen begiak. Eztarria leundu zuen, berbetan jarraitu baino lehen:

        — Ez dakit. Hain arin gertatu da dena! Konturatu naiz atzetik auto handi bat zetorkidala. Baina ez zen berdea, hori argi daukat.

        — Ez zen notarioaren semearena beraz?

        — Bihurgune batera iristen ari nintzenean, kolpe handi bat izan dut ezkerraldean. Bide bazterrera bultzatu naute... eta barandaren kontra jo dut. Autoak azeleratu eta bultzaka segitu du, nirea arrastaka eramaten. Uste dut galga zapaldu dudala birritan, baina atzeko autoak indar handiegia zekarren. Baranda apurtu da bat-batean eta maldan behera hasi naiz... Besterik ez daukat gomutan. Ospitalean itzarri naiz.

        Eskutik oratu zidan, hortzak beheko ezpainaren kontra, begiak indarrez itxita, beste klik bat aluminiozko erretiluan. Pitin bat agonduta esan zidan:

        — Esku onetan nago. Zoaz etxera. Ez galdu denborarik. Idatz ezazu erreportajea. Emaiozu gogor, errukirik gabe.

        Artatu zuen medikuarekin mintzatu nintzen, zaurien eta minen garrantziaz jakitearren. Inportantzia kendu zien, ebakidurez eta zauriez gainera, makatu batzuk izan zitzakeela uste zuen, besterik ez.

        — Frogak egin eta emaitzak ikusi arte itxaron beharko dugu. Buruan badu kolpe bat... Orno zerbikaletan kalterik daukan ere aztertu nahi dugu. Baina dena espero bezala baldin badago, etxera bidaliko dugu.

        Neskalagunaren ondora itzuli nintzen. Bakarrik zegoen. Andaren ondoko mahai zurian kristal ñimiñoez beteriko azpila, odol zipriztinez gorrituriko zilar kolorea. Haren ondoan jesarri nintzen, eskuaz egindako gonbidapenari kasu eginda. Atzera erretiratu nion begiaren gaineko zauria estaltzen zion adatsa. Fereka leun bat. Bion begiradak espazioan elkartu eta erantzun bat bilatu zuten bestearenean:

        — Zergatik?

 

* * *

 

Erizainaren adierazpena

 

        Sofia ez zegoen salaketa aurkezteko prestatuta, goitik behera desegindako emakume bat zen, beldurtua, zalantzaz josia, noraezean. Makina bat emakume ikusi dugu egoera bertsuan eta esperientziak irakatsi digu zein den halakoetan aurrenengo helburua: pertsona eraikitzea, aurrera ateratzea. Beldurrak neutralizatuta dagoen pertsonak ezin du erabakirik hartu. Horregatik ez zuen salaketarik aurkeztu.

        Sofia bizkortu arte itxoitea erabaki genuen. Gure helburua salaketa egitea zen. Senarraren dei guztiak grabatzen jardun genuen eta haiek gordetzen; ospitaleko txosten medikuak eskuratu genituen, eta harrera etxeko psikologoak eta abokatuak dena prestatzen hasi ziren.

        Baina gau batean, Sofiaren ahizpa gure abokatuetako batekin biltzeko gelditua zela, eraso egin zion basapiztia horrek, autoaz atzetik jo eta kolpeka bota zuen lurrera.

        Larregi zen, ezin itxaron genezakeen Sofia sendatu arte. Nire mutil-lagunari tratu txarrei buruzko artikulu bat enkargatu zioten lanean, informazioa biltzen zebilen, informazio hotza, anonimoa, artikulu gatzgabe bat prestatzen ari zen. Orduan bera historia honetan inplikatzea bururatu zitzaidan, informazio pitin bat eman, zantzuen gainean jarri eta... lana egiten uztea.

        Elkarteko presidenteak dena ezkutuan egin behar zela esan zuen: harrera etxeak ezkutuan segitu behar zuela, hura da-eta etxean bizi diren emakumeentzako segurtasun printzipioaren oinarrietako bat, inork ez jakitea zehazki non dagoen. Onartu egin genuen. Sofiaren ahizparekin elkartu eta dena antolatu genuen. Lehendabizi, hala ere, presidenteak mutil-laguna ikusi nahi izan zuen, haren gaineko inpresioa hartu. Horregatik asmatu genuen osasun txartel galduaren aitzakia, mutila ezagutzeko aukera izan zezan.

        Dena espero bezala irteten ari zen, baina ezuste bat izan genuen. Guretzat ezinbestekoa zen notarioaren semearen gainean ahalik eta informazio gehien lortzea, hark guri buruzko daturik eduki gabe betiere. Mutil-laguna psikologoarekin harremanetan jarri zenean, aldiz, okertzen hasi ziren gauzak: psikologoak bere senargaiari esan, hark notarioaren semeari, eta nire mutilaren kontrako erasoa heldu zen etxeko atarian.

        Orduan kezkatzen hasi ginen, gauzak oker zitezkeela pentsatzen. Harrera etxean, bestalde, Sofia pozik sentitzen zen: gauzak ulertzen hasi zen, bizitza beste modu batean hartzen, bere amorrua kontrolatzen... Baina ezin zuen oraindik senarrarekin zuen animoa kontrolatu. Ia hiru hilabete zeramatzan bera ikusi gabe, berarekin berba egin gabe; gero eta gaitzagoa egiten zitzaion egoera. Airea falta zuela sentitzen zuen, ezin zen hura gabe bizirik sentitu, ezin zuen burutik kendu. Ikaragarria begitandu zitzaigun. Pena eta amorrua sentitu genuen. Berriz ere.

        Abstinentzia sindromea sufritzen zebilen: antsietatea, tristezia, harremanari buruzko pentsamendu errepikariak, etsipena, eta batez ere senarrarekin berriz harremanetan jartzeko desioa. Egoeraren aurrean, gauzak azkartu behar genituela ebatzi genuen. Horregatik, lagun batekin afaltzen ari nintzen gau hartan, hura agertu, autoan kolpe bat eman eta telefonoa eskatu zidanean, ematea erabaki nuen, nahiz eta gainean zetorkidanaz oso jakitun izan ez.

        Deika hasi zitzaidan, Sofiarekin izandako jokabide mehatxatzaile bera erabiliz. Mezuak grabatu eta gorde egiten nituen. Etxearen aurkako erasoa, harria leihoaren kontra... Plantak egin behar izan nituen mutila adoretzeko: Sofiaren ahizparekin elkartu eta haren istorioa entzun ondoren —zenbat aldiz nuen entzuna ordurako!—, artikulua idazten animatu nuen, ahalik eta arinen amaitzeko.

        Nork espero zezakeen, baina, ni hiltzen saiatuko zela?

 

* * *

 

Etxera joateko baimena eman zion medikuak, atsedena hartzeko aginduta.

        Poliziak ez zuen frogarik aurkitu notarioaren semea istripuarekin lotzeko. Koartada on bat zeukan: aita.

        Hurrengo bi egunetan jo eta ke jardun nuen artikulua idazten. Sofiak pairatutako sufrikarioa aipatu nuen, bai, baina batez ere tratu txarren emailearen zigorgabetasunaz jardun nuen luze, datuekin eta adibideekin. Ez nuen sufrimenduzko istorio negargarri bat idatzi nahi, injustiziaren kontra oihu egitera eramango zuen artikulu bat baizik.

        Biktimarekiko sentimenduak espazio gehiegi hartzen ari zirela ikusten nuenean, artikuluak amorrua ez baizik eta gupida eragin zezakeela begitantzen zitzaidanean, pantailaren goiko aldean letra handiz idatzitako kartelari erreparatzen nion, biktimaren bila ibili beharrean, erasotzailea zigortzea bilatu behar nuela gogoratzeko.

        Bi egunen buruan aurkeztu nion zuzendariari, lehen orduan. Nire lanpostura itzuli eta gorputza aulkiaren gainean erortzen utzi nuen. Bero sentitu nuen, izerditan. Aire girotuaren tenperatura aldatzeko tramankulura hurreratu baina hura oso egokia zela iruditu zitzaidan. Sarreran zegoen ur ontzitik edan nuen sarri. Aulkira itzuli nintzen. Ordenagailuan posta elektronikoa aztertu nuen. Spam batzuk ezabatu, lagunek bidalitako mezu argazkidunak interesik gabe ikusi, langileen batzordearen oharrak axola barik irakurri... Berriz altxatu nintzen eta aldizkari bat hartu nuen ondoko lankidearen mahaitik. Orriak pasa eta pasa ibili nintzen, zaratatsu. Sapa eramanezina. Euria kalean.

        Zuzendariak bulegora deitu zidan ordu erdi geroago. Sailburuarekin batera zegoen. Kopetako bustia lehortu nuen zapiaz, eskuak igurtzi, ezpainetan sentitzen nuen zer oretsua garbitu.

        — Lan bikaina egin duzu, zorionak! Igandean argitaratuko dugu. Erreportaje nagusia izango da. Kolorezko argazkiak eramango ditu. Dei nabarmen bat agertuko da azalean.

        Gaztigu bakar bat egin zuen, aldizkariarentzat problematiko izan zitekeelakoan:

        — Aipatzen dituzun izen-abizenen ordez, hasierako letrak jarriko ditugu —bostekoa eman zidan, tinko; ez zuen besterik gehitu.

        Bulegotik irten eta zorionak eman zizkidan sailburuak ere.

        — Egin itzazu agindutako aldaketak eta zuzenean goaz aurrera. Aukeratu argazkiak eta utzi dena prest paperezko ediziorako eta digitalerako. Bihar arratsaldeko bostetan editatuko dugu.

        Bost argazki: bideoaren hiruko sekuentzia bat, autoa eta kolpeak, zabalean jartzeko; notarioaren semearen enpresaren publizitatea, eraikuntza lan batzuetan hartua, eta beraren beste argazki bat, Sofiaren ahizpak bezperan bidalia, Montero Sportaren ondoan irribarretsu.

        Izenburua idatzi nuen, letra handiz, bi lerro, argazki sekuentziaren gainean, nabarmen. Ez nuen zuzendariaren agindua bete: ez nituen erasotzailearen izen-abizenak ezkutatu, bere hartan utzi nituen. Dena USB memorian gordeta alde egin nuen etxera, biharamunean bidaltzeko, azken-azken unean.

 

 

Asteburua kanpoan pasatzea erabaki genuen, kostaldeko herrixka batean, bion zauriak zaintze aldera. Igande goizean erosi nuen aldizkaria kioskoan. Gelara eraman nuen; igogailuan begirada azkarra, gauza bakar baten bila, zentsurarik gabeko desioa taupadetan. Irribarretsu sartu nintzen gelan eta neskalagunaren besarkadaz gozatu nintzen, egindako lanaz, ibilitako bideaz, azken urratsaz.

        Eguerdian hasi ziren telefonoak astrapala batean. Gorrarena egin genuen, salbu eta arratsaldeko lau eta erdietan neskalagunarentzako deiaren aurrean.

        — Ez dakizu zer egin duzun! Honetatik ez zara bizirik aterako!

        Erantzun ere egin gabe, garaipenaren goxoa dastatuz eten nuen, izukaitz. Zaurituta zegoen piztia. Inoiz baino arriskutsuago akaso; baina baita huts egitetik gertuago ere. Esperoan geratu ginen, paseoan, itsastxoriei begira. Sofiaren ahizparekin lehen aldiz elkartu nintzen labarretan libre, euri zirinaren azpian libre; horrela sentitu ginen asteburu hartan: garaile.

        Astelehenean bekozko ilunez zain neukan sailburua erredakzioan. Gutun azal itxi bat eman zidan, sorpresarik gabea. So egin nion mahaiari, ordenagailua egon zen lekuari, kartoizko kutxari, nire paperak biltzen ari zen mandatariari. Hitzik ez. Kaxaren bila hurbildu nintzen, gutuna zabaldu barik.

        — Dena batu duzu? —galdetu nion.

        — Bai —bostekoa luzatu zidan mandatariak—. Hau ez da zuretzako moduko tokia. Hemen ez dago kazetaririk, azkonarra baino ez.

        — Eskerrik asko.

        Kutxa hartu, bulegoari azken begiratua eman eta kalera joan nintzen. Pisu barik jaitsi nituen eskailerak, pozarren. Haize hotza sentitu nuen atarian.

        Hodeietara begiratu nuen, ateri zen aspaldiko partez. Errepidea zeharkatu eta aurreko kafetegian sartu nintzen. Irabazleek garaikurra bezala, hala altxatu nuen kutxa sarreran. Hurreneko mahaiaren bueltan zeuden hiru emakumeek beren garagardoak jaso zituzten, garailearen gorazarrez.

        Desafiatzen ausartu eta ordaintzea egokitzen zitzaidan. Hura, azken finean, espero genuen arinena zen, desafioaren ordain askoz garestiagoa espero baikenuen. Eta uste ez genuen tokitik etorri zen. Berrogeita zortzi ordu geroago, epaitegietako deia hartu nuen etxean. Hara joan eta nire aurkako salaketa bat egina zela jakinarazi zidaten.

        Ez nuen espero. Eraso bortitzaren zain egona nintzen gau eta egun. Lagata neukan tabakoari heldu nion berriro, hatzen artean dantzan, ahoan bero, eztarrian lakar, biriketan pozoi. Luzeegiak gauak, urduriegiak egunak. Susmagarri bihurtu ziren zaratak, ikaragarri itzalak, erasokor urruntzen ez ziren oin hotsak, kezkagarri ezagutzen ez nituen deiak. Baina ez nuen salaketarik espero.

        Neskalagunak, aldiz, harrotasunez hartu zuen auzitegikoa:

        — Hauxe da prestatu genuen planaren azken geltokia, notarioaren semea irteera bako kalexkara eramango duena. Gura genuen tokian daukagu atuna, kosk egin dio amuari eta buztanka dabil, itsuan, kolpeek eztarria urratzen dioten burdinatik libratuko dutelakoan.

        Emakumeen Defentsarako Plataformako presidenteari hots egin zion salaketaren albistea ematen. Oihu bat entzun nuen telefonoz bestaldean, aspaldian gatibu egondako sentipen bat, betiko askatutako desioa.

 

 

Gauza handia da difamatzea, inoren aurka gaizki esaka ibiltzea. Desohorea da. Eta iraina. Bidea ematen dio difamatuari justiziaren babesa eskatzeko. Frogatu behar izaten du, eta ez da beti erraza izaten. Horregatik, laido eta irain horiek ukatu nituen epailearen aurrean; artikuluan idatzitako guztia egia zela argudiatu nuen, egunero eguzkia irteten den bezain egia, hura bezain biribila. Adierazpenak nork egiaztatu, esanak frogatzerik nuen galdetu zidan epaileak, eta nik, arrantzan hasi berria, nire abokatuari so egin eta, beraren begiak gidari, baietz adierazi nion, dena, eta gehiago ere bai, froga nezakeela.

        Bi hilabete eman genituen epaiketa prestatzen, bi hilabete artikuluan jarritako guztia janzteko arroparik onenak atontzen, jantzi bakoitzaren kolorea nabarmenduko luketen osagarriak moldatzen; banan-banan antolatu genituen artikuluko esanak berretsiko zituzten pertsonak; ezker-eskuin zerrendatu genituen Sofiaren senarrak egindako deiak, datak, mehatxuak... eta erasoak; karpeta berritan ordenatu genituen ospitaleko txostenak eta psikologoaren informeak.

        Artegaturik ikusi nituen aurreko hiru hilabeteetan sarea osatzen ederto ibilitako lagunak, baina tinko, eskura zuten arraina ihesbiderik gabeko ahalegin hartan ikusita. Dardararik gabe berretsi zituzten artikulukoak, totelkeriarik gabe jardun zuten abokatuen galderen aurrean, tolesturarik gabe aurkeztu zituzten epaileak arestian galdegindako frogak, eginak eta pairatuak.

        Azken egunera heldu gara. Epaileen aurrera eramatea zuten helburu, plana prestatu zutenean. «Epaile bati senarra auzipetzeko nahikoa froga ematen badiogu», esan zioten elkarri Sofiaren ahizparen aurkako erasoa izan zenean, «epaileak ez du beste aukerarik izango, auzia ireki beharko du, nahitaez». Hartarako egin zuten lan, hartarako diseinatu zituzten pauso guztiak, aurrez pentsatutakoak eta bat-batean sortuak.

        Eta, zergatik ez aitortu nire mina?, erabili ere egin ninduten hartarako. Saiatu naiz haien jokabidea ulertzen, ni nahierara dantzarazteko erabakia zuritzen, eta beti gelditzen zait hondar mingots bat, kostata joaten zaidana, mihiaren gainean listu oretsuak nola, zapore txarra uzten didana. Badakit jakin bihar bestela ikus dezakedala dena, bihar senti dezakedala orain arteko guztiak balio izan duela, bihar azken ur tragoa hartuta nabari dezakedala ahoko errepesa garbitua dela, baina, gau honetan, mina dut lagun. Mina eta ilargia.

        «Baten batek lanpara bat zintzilikatu du zeru beltzean», esaten zidan amak ilargi betea erakustearekin batera. Aurpegi zikineko astroari begiratzen nion, eta amari ondoren, betazalak gero eta pisutsuago. Batari zein besteari esker oneko irria erakutsi nahi izaten nien, baina ezin, keinua lanbrotzen baitzidan loak. Aldian-aldian begiak zabalduz, ilargi anderea eta ama han ziren konprobatzean, gero eta apalago entzuten nuen sehaska kanta: «Egizu lo, maitea, egizu lo».

        Orain, leihoko forjazko barren artetik niri begira dagoela sentitzen dut; zerua ia osorik estaltzen duten hodei formagabeetan bere tamainako behatxulo bat egiten jakin duela; orban beltzez zipriztindua aldatu barik «egizu lo, maitea, egizu lo» esan nahi didala. Baina ezin, bihar epaia emango dutela jakiteak artegatu bainau, eta loa uxatu.

        «Ilargiak tranpa egiten du» kantari ari da Benito Lertxundi irratian, «Edertasunez estaltzen diren bideetan arrisku handia dago: liluraturik, haiengan pausatu eta oharkabean ito egiten zara...».

        — Kareletik hur dago atuna —esan dit Sofiaren ahizpak gaurko saioa amaitu ostean—. Bihar azken kolpea, akabukoa.

 

* * *

 

Sofiaren adierazpena

 

        Senarraren erasoekin egiten dut amets, oroimenak jazarri egiten nau, behin eta berriz zabaltzen zait itxi gabeko zauria. Desiozkoak ere izaten ditut ametsok, berarekin itzultzea amesten dut: itzultzen naiz, amarruz biltzen nau, eta gero berak uzten nau, eta barre egiten dit: «Orain nik utziko zaitut, zurekin itzuli naiz maite zaitudala pentsa zenezan, eta gero zu umiliaturik gaizki uzteko, zu mintzen jarraitzeko», esaten dit. Eta barre-karkara entzuten dut.

        Hori da berarengandik egun gelditzen zaidan guztia: irrazionaltasuna, zentzugabekeria, ergelkeria. Trauma ondoko estresa deritzote. Trauma... Abstinentzia sindromea deritzote. Abstinentzia... Trauma eta abstinentzia. Hitz hotzegiak infernuaren ondorena esplikatzeko.

        Gogoan dut lehen erasoa, senti ditzaket haren eskuak nire masailak indarrez sakatuz, nire oihuak itoz. Dardara egiten didate hankek egun hartako ihesaldi antzuaz pentsatzean, lasterka irteteko saio alferra, nire atzetik sentitzea, kolpea, airean altxatzea... Presioa dut bularrean atzetik zelan heldu zidan oroitzean, besoak ezin mugi lotu ninduela, oinak balantzaka. Indarrez eroan ninduen gela batetik bestera, ohe gainean jaurti... Lehena.

        Ezin entzun ditzakezue, baina ozenak dira oso. Minez betetako oihuak dira, oihu itoak. Malkoek, mukiek, odolek itotako oihuak nire gogoan. Ezin duzue nire negarra eraman, ezin duzue entzun. Burkoa aurpegiaren gainean ezartzen zidanean nola, horrela sentitzen naiz zuen aurrean, zertan berba egiten nabilen ulertuko ez duzuen beldur.

        Zer esan nuen? Zer egin nuen? Hamaika itaun neure buruari. Aditzen dituzue erantzunak? Ez dago. Ezin egon daiteke. Ezin da ulertu. Ulertezina da.

        Oso-osorik eman nuen neure burua, neure izana ipini nuen harremanean, eta egundoko menpekotasuna sortu zitzaidan. Itxaropenetik beldurrera, beldurretik itxaropenera joaten nintzen etengabe, atzera eta aurrera behin eta berriz, kontrol barik. Tratu txarren eta ezti aroaren etengabeko soka, sorgin gurpila. Ez nuen harremana galdu gura, ez nuen harremana amaitzea gura. Gauza bakarra gura nuen: bera jokabidez aldatzea. Energia asko erabili nuen jakiteko zer egiten nuen txarto, zertan alda nintekeen. Azkenean, baina, konturatu nintzen desagertzen nenbilela, ni nintzen pertsona desagertzen zebilela.

        Ez naiz errudun sentitzen, lotsatuta baizik, gauza horiek niri jazotzen uzteagatik. Emakume azkarra naiz, emakume indartsua, liraina, eta norberak beti uste du halako gauzak ez zaizkiela norbera bezalako emakumeei jazotzen.

        Orain hor aurrean den gizonari begiratzen diodanean, gogora etorri zait zelan maite nuen..., irria, begirada, usaina... Sekula ez zuen jakin zelan maite nuen, ez zen gai izan beragatik eman nuen guztia ulertzeko. Hustu egin nintzen, beragatik hustu. Mina dut gorputzean. Negarra dut barruan, baina irri egin gura dut.

        Orain ni biziko naiz. Errekuperatu dut neure buruarekiko konfiantza. Maite nauten pertsonak aurkitu ditut, lagundu gura didatenak. Entzun dituzue beraien hitzak, irakurri duzue beraien lekukotasuna. Nik ez dut besterik. Horixe da nire iragana. Hanka sartu nuen akaso; baina bizirik nago. Ezin uler dezaket zelan ez nuen lehenago erabakia hartu, zelan jasan dudan hori dena, zelan ipintzen nituen orain onartezinak begitantzen zaizkidan aitzakiak... zelan maite izan dudan neure burua horren gutxi. Ezin uler dezaket, baina bihar ni izango naiz: Sofia.