Zureak egin du
Zureak egin du
2009, nobela
144 orrialde
978-84-92468-16-4
azala: Gorka Lasa
Iñaki Friera
1962, Barakaldo
 
2001, nobela
Zureak egin du
2009, nobela
144 orrialde
978-84-92468-16-4
aurkibidea
 

 

 3 

 

«Erruz egin du euria gaualdean; putzuak sortu dira eta kontuz ibili errepidean», esan zuen irratiko esatariak goizeko albistegian. Eta bai: goibel ikusi nuen zerua leihoa babesten zuten forja beltzez harago, garbigailua amatatzera joan nintzenean. Izaretan korapilatutako neskalagunari musu gozo eta luze bat eman, jaka jantzi eta atarira irten nintzen.

        Tupustean, kaleko atea zabaldu ahala, gizonezko bi etorri zitzaizkidan gainera, buruak zamarren txanoez estalita. Barrura bultzatu eta berriz atarian sarrarazi ninduten.

        — Non da Sofia?

        — Ez dut uste hemen Sofia deitzen den inor bizi denik.

        Masaileko bat eman zidan, galdera errepikatzea gustuko ez zuela ulertarazi asmoz. Besteak atzetik heldu eta besoak bizkarraldean jartzera behartu ninduen, indarrez loturik. Aurrean neukanari begiratzen nion: eguzkitarako betaurreko ilunak, jertse beltz lepoduna ia ahoraino igoa eta txanoa estu lotua, aurpegia ahalik gehien ezkutatzearren. Sofiaz galdetu zidan berriz, lehenengoan baino tonu zakarragoz.

        — Ez dakit nor den.

        Kolpe mingarria hartu nuen sabelaren behealdean eta egundoko tenkatzea sentitu besagainetan, minak makurtzera behartu eta atzean kokatutako mozorrodunak irmo eutsi ninduenean. Arnasa kostata heltzen zitzaidan, hitzen ordez eztula zetorkidala mintzora.

        — Non gorde duk urdanga hori!

        — Ez dut ezagutzen hala izena duen inor.

        Ileetatik tiratu zidan gorantz, burua altxatzera behartu eta ukabilkada bortitz batez aurpegia zigortu. Garrasi egin nuen, oihu erdibitua. Ostiko anker batek belaunak tolestarazi eta itolarria sentitzera eraman ninduen, barrabiletako estiraz. Gorputza hormaren kontra zapaldu eta ataria biderkatzen zuen ispiluaren markoaren kontra jo nuen. Oinaze sarkorra sentitu nuen ezkerreko bekainean. Segundo labur bat, oharpenik gabeko lipar bat: malkoek begiak hartu, bekaineko odolak bere bidea egiten sentitu eta falta duzun airea hartzeko gorputza bihurritu egiten duzun tarte neurtu ezinezko bat.

        Etxeko atea zabaldu eta neskalagunaren txilioa entzun uste izan nuen.

        Ondokoa lausoago dut gogoan: besoak askaturik belaunen atariko lauzen kontrako talka, gorputza bere luze-zabalean zoruarekin berdindu baino pitin bat lehenago; pausoak niregandik urrunduz, lasterka; atariaren aurkako oldarra; bueltatuko gara mehatxagarria airean; ondoan belaunikatzen zaidan maitea; laztana! laztana! aldarri izutua...

        Neskalagunak eta lehen pisuko auzoak sartu ninduten etxean. Sofan jesarrarazi eta burua makurtzeko esan zidaten, hanken artean arnasa berdindu arte. Kolorea etorri ei zitzaidan azalera, airearekin batera. Begiko zauria begiratu zidan neskalagunak eta ulertu ez nuen purrustada bat ezpainen artean marmaraturik, botiken kutxa atera zuen armairutik. Gasaz garbitu zidan bekaineko odola.

        — Ez kexatu! —esan zidan amorruz.

        Plastikozko zorroa apurtu zion bizar xaflari eta di-da batean zauriaren inguruko ileak kendu zizkidan, haserre marmara galdu gabe betiere, zer zela eta ulertzera heldu barik, jipoia emandako gizonek ni erasotzeko arrazoiren bat edukiko zutelakoan.

        — Hiruzpalau puntu eman beharko dizkizut, ganorabakoa!

        Beste zorro bat atera zuen kutxatik: jostekoak prestatu, isiltzeko agindu eta pintza batez lagundu zien orratzari zein hariari arrakalatua berriz elkartzen, indarrez banandutako haragia elkarri lotzen.

        — Zer arrano gertatu da? Zertan sartuta zabiltza!

        Erantzun gabe zutitu nintzen. Komuneko ispiluan begiratu nion neure buruari. Kolpeak ez zion begiari eragin, bekainaren kanpoaldeko ertzean zen. Hatz mamiez ferekatu nituen neskalagunak jositako hari mutur tenteak. Alkandora altxatu eta sabelaldeko gorria ikusi nuen. Beldurrez ukitu nuen, saihetsen bat apurtuta egon zitekeelakoan. Sakon puztu nuen sabela eta sakon hustu; puztu nuen bularra eta berehala hustu. Birritan errepikatu nuen hauspoaren mugimendua: ez nuen min bizirik. Besoak mugitu, zangoak tolestu nituen zenbait aldiz: ez zen ezer hautsirik. Masailera eraman nuen ahurra eta erremina sentitu nuen ukabilkada hartutako aldean. Ondo nengoela, hura izan zen azterketa arinaren ebaluazioa.

        Eskerrak eman nizkion lehen pisuko bizilagunari. Eta edukaziozkotzat hartu nuen Poliziaren aurrean ezer deklaratu behar izanez gero egin zidan eskaintza. Polizia!, ordura arte burura etorri gabeko aukera. Salaketa egin beharko nuela pentsatu nuen une batez, hura zela bidezkoena, erasoari eman beharreko erantzuna. Baina ez, ez nengoen zoratuta, ez nengoen dena errekara botatzeko prest.

        Auzoa agurtzetik itzulitakoan hasi zen benetako itaunketa.

        — Nortzuk ziren? —galdetu zidan neskalagunak.

        — Ez dakit.

        — Koplarik ez niri!

        Luze etzan nintzen sofan. Kuxin bat ipini nuen sabelaren gainean. Eskua kopetara eraman eta begiak itxi nituen, erantzuna minutu batzuk lehenago jazotako egoeraren gogorrean bilatzeak zauri josiaren mina areagotuko balit legez.

        — Sofiari buruz hasi zaizkit.

        — Zer esan diezu?

        — Ez dakidala nor den. Non ostendu dudan galdetu didate.

        — Eta zer erantzun diezu?

        — Piperrik ere ez.

        — Baina zuk badakizu non dagoen, ezta?

        — Ez, oraindik ez.

        — Zer esan gura duzu horrekin?

        — Oso gutxi falta zaidala.

        — Nahikoa da! Poliziarekin berba egin eta salaketa aurkeztu behar dugu.

        — Ez dut Poliziara joan gura. Prestatzen ari naizen lanaz azalpenak eman beharko nizkieke. Eta horrek ez dio graziarik egingo aldizkariko zuzendariari.

        — Popatik hartzera zuzendaria!

        — Kasuan izandako kontaktu guztiak, informazio emaile guztiak utzi beharko nituzke agerian...

        — Poliziara ez bazoaz, erreportajea bertan behera lagako duzula agindu behar didazu —amaitu zuen.

        Egongelako mahaiaren gainean utzitako kaxan batu zituen botikak. Sofara hurbildu eta goitik begiratu zidan. Nik begiak zabaldu zain geratu zen, mutu, etsi barik. Besoak bularraren altueran gurutzaturik irudikatu nuen, erantzun baten esperoan dagoela erakusten duen keinuaz, entzun nahi duen hori entzun arte niri so izango dudala sentiaraziz.

        Begiak zabaldu eta artez begiratu nion, ezin disimulatuzko irria ezpainetan. Jesarri eta eskutik heldu nion nire ondoan jartzera ekartzeko. Musu samur bat eman nion.

        — Badakizu aurrera egingo dudala, aurrera egin behar dudala, horixe dela egin gura dudana.

        Ez zen salaketarik izan; ez nuen artikulua baztertu; baina goiz hartan nork eraso ninduten jakite aldera, notariotzara deitu eta Sofiaren ahizparekin hitz egin nahi nuela esan nion hango idazkariari, gertatutakoari buruzko xehetasunik aipatu gabe. Ordubete geroago mezu bat hartu nuen eskuko telefonoan: «Atzo elkartu zineten leku berean, eguerdian».

        Sofiaren ahizpa ez zen itsaslabarraren parean jesarrita zegoen pertsona bakarra. Haren ondoan, parkean gaztainak eskaini zizkidan gizona zegoen: Sofiaren eta bien aita.

        Kolpatuta ikusi nindutenean, ez ziren gehiegi harritu. Ezin esan halakorik espero zutenik, baina ez ziren harritu behintzat. Elkar ezagutu genuenean, agurtzean eman zidan abisua gomutatu zitzaidan: kontuz ibili.

        — Abisatu nizun, gizon oso arriskutsua da. Zergatik uste duzu ezkutuan gabiltzala? Ez duzu ulertu zer arrisku dagoen haren inguruan? Ez zara konturatzen Sofia ia hil zuen gizon horrek ez duela ezelako eskrupulurik? Ez da hor geldituko; Sofia non dagoen jakin arte, aurrean jartzen zaion edozein gauza zapalduko du. Edonor. Orain, ez dakit zelan iritsi den zuregana, baina ezagutu zaitu. Uste du badakizula non dagoen Sofia. Zureak egin du!

 

 

* * *

 

Aitaren adierazpena

 

        Traizionatuta sentitu ginen. Abokatuarekin berba egin ostean, gure etxetik hur zegoen psikologo batenera joan ginen. Lehenengo egunean Sofia barik joan ginen eta ia ez zigun kasurik egin. Handik irten aurretik beste zita baterako data eta ordua jarri zigun, eta Sofiak eta haren senarrak joan behar zutela esan zigun, banaka hartuko zituela. Gu etxean gelditzeko esan zigun, hura haien arteko kontua zen eta.

        Ez ginen hurrengo saioetan izan, jakina. Baina bi hilabete pasa eta gero alabarekin elkartu eta ordura artekoa kontatu zigun. Poz-pozik egin zigun berba senarraz, zoriontzekoa zela hark errua onartzea, aurrerapauso bat.

        Psikologoaren arabera, tratu txarren emaileek kanpoan bilatzen dute jokabidearen errua, emakumea egiten dute errudun, edo lana, edo estresa. Gure alabarentzat eta psikologoarentzat gauza handia zen gizonak denaren errua onartzea, hura zen-eta soluzioa aurkitzeko aurreneko pausoa.

        Alaba pozik zegoen psikologoarekin, asko ikasten zebilela esan zigun. Psikologoak kontuz ibiltzeko esan zien, oso normala zelako nobioetan jazotzen ziren gauzak ezkondu ostean larriagotzea.

 

 

Ahizparen adierazpena

 

        Lehenengo terapian bananduta egon ziren. Senarrak anbibalentzia izenekoa zeukala esan zion psikologoak. Hark maite zuen: nire ahizparekin egon gura zuen, baina, aldi berean, aurkakotzat hartzen zuen: gutxiestea, irainak, mehatxuak, bultzatzea...

        Zertan ikusten den anbibalentzia? Bada, psikologoaren arabera, posesibotasuna —nire ahizpa berea da— eta egozentrismoa —gizona da bikotean garrantzia duen bakarra—.

 

 

Aitaren adierazpena

 

        Egun baten elkarrekin izan ziren psikologoarekin. Lehen aldiz. Gure alabak naturaltasunez egin zuen berba, beldur barik, bikoteaz eta bien arteko erlazioaz. Bueno, gauza batzuk kontatu zituen haren aurrean. Kontsultatik irten eta ernegatu ei zen gizona. Zergatik kontatu zuen hura dena, itaundu zion. Bultzatu zuen. Eta jo. Orduan konturatu zen Sofia, senarrak ez zuela ezer kontatzen psikologoarekin egindako bileretan, ez zuela benetako tratamendurik onartzen: psikologoarenera joaten bazen, gure alaba lasaitzeko joaten zen.

        Psikologoaren tratamendua utzi zuen gizonak. Ezertarako balio ez zuela eta gainera oso karua zela esan zion alabari. Psikologoak esan zuen oso inportantea zela hura ere joatea, nahiz eta zaila zen, halako pertsonek oso gutxitan laguntzen dutelako terapia aurrera eroaten, terapiara joaten direnean asmo bakarrarekin joaten direlako: bikotekidea haiekin bueltatzea.

 

 

Ahizparen adierazpena

 

        Helburua oso gutxitan izaten da errua onartzea eta konponbidea bilatzea. Hori argi utzi zion ahizpari psikologoak. Sofiak, hala ere, joaten segitu zuen, hura barik. Psikologoak biak joatearen garrantziaz egin zion berba, hark ere banakako terapia behar zuelako.

        Orduan jakin zuen Sofiak haurtzarotik zetozkiola arazoak senarrari, eta oso barneratuta zeuzkala nortasunean, sentimenduetan eta jokabidean. Jakin zuen txikitatik ezagutu zuela indarkeria eta hark txera kontrajarriak sortzen zizkiola: behar afektiboa, egoismoa, oldarkortasun sentimendu neurrigabe eta orokorra, posesibotasuna.

        «Oihu, borroka, begirunerik ez eta umiliazio artean hazi da zure ezkontidea», azaldu zion saio baten Sofiari. «Haren aitak edan eta ama jotzen zuen. Haren aitarengandik ikasi du arazoak konpontzen: joka, bortxaz, umiliazioz». Tratu txarrak, zergatik? Harremanetan menperatzaile izan gura duelako, haren ondoan norbait behar eta gura duelako. «Hori bada jokabidearen arrazoia», ohartarazi zion psikologoak, «ziur asko berdin jokatuko du harreman guztietan, jokabidea behin eta berriz errepikatuko du, etsipenak eta gorrotoak bizi dutelako».

 

 

Aitaren adierazpena

 

        Umedun gelditzean utzi zion psikologoarenera joateari. Pentsatu zuen umearekin gauzak errazagoak izango zirela, elkarren ondoan denbora luzeago emango zutela eta dena konponduko zela. Oker zebilen.

        Ezkondu eta berehala konbentzitu zuen gure alaba umea izateko. Sofiak ez zuen gura, baina konbentzitu zuen. Esperoan zegoenean, pozik ematen zuen. Uste zuen umeak haien artekoak konponduko zituela. Gauzek okerrera egin zuten: sekula ez zion ezer itauntzen, eta umeaz berba egiten zuen bakoitzean «hori» esaten zuen mespretxuz. Medikuarenera, kontrolak-eta egitera, ez zen sekulan joaten, beti bazuen aitzakiaren bat nire alaba bakarrik joaten uzteko.

        Umea eduki eta lan egiteari utzi zion Sofiak. Hanka sartze handia izan zen.

 

 

Ahizparen adierazpena

 

        Independentzia ekonomikoa galdu zuen. Gerora, hura uzteaz pentsatzen zuenean, diru barik nora joango zen itauntzen zion bere buruari.

        Umearen lehen hilabeteak ezin gogorragoak izan ziren. Titia ere negarrez ematen zion. Bihotza erdibitu zigun jazoerok kontatzean: malkoak umearen gainean erortzea, Sofiaren masailetan behera. Senarraren heriotza desio izan zuen lehen bider.

        Une gogorrenetako bat izan zen garai hura: bultzadak, herrestan eramatea, ostikoak astean hiruzpalau bider errepikatzen ziren umea jaio zenetik. Sofiak maitasun guztia jarri zuen umearengan, umeak senti ez zezan etxeko indarkeria. Baina, umearen kezka zuen-eta, guri eta haren familiari kontatzea erabaki zuen. Oso zaila izan zen. Amaginarrebak, gure gurasoen aurrean, Sofiari leporatu zion erru guztia.

        Eztabaida hartan, baina, senarrak Sofiaren alde egin zuen: bere amarekin haserretu zen; harekin berba egiteari utzi zion. Gure harridurarako, psikologoarenera itzuliko zela agindu zion gure ahizpari, erru dena berea zela-eta, profesional baten laguntza behar zuela.

 

 

Aitaren adierazpena

 

        Hainbatgarrenez sinetsi zien Sofiak gizonari eta psikologoari. Biei. Eta traizionatu egin zuten.

 

* * *

 

Ordu bata eta erdietan lotu ginen elkarrekin bazkaltzeko. Bost minutu lehenago heldu eta barraren parean zeuden aulki altuetako batean jesarri nintzen, horman eskegitako argazkiei begira: udazkeneko kolore herdoilduak, biluzten hasitako zuhaitzak, elur geruza meheak mendi gailurretan, etxeen bero den behe suaren ke iheskorra tximinietan... Dekadentziaren zantzuak, pentsatu nuen, hiltzera doan mundu baten isla.

        — Kaixo, maitea.

        — Hobeto zaude?

        — Nekatuta...

        — Begia handituta daukazu.

        — Ez dakit zer esango diedan erredakzioan.

        — Logelako kristalak garbitzen ari zinenean aulki batetik jausi zarela, aurpegiaz horma jo duzula... «Airea zapaldu eta lurrera erori naiz!», horixe esan ohi da.

        — Ez sinestekoa.

        — Baina nahikoa inork galdera gehiago ez egiteko.

        Jatekoak ekarri bezain laster galdetu zidan:

        — Badakizu nortzuk izan diren erasotzaileak?

        Maite nuen itzulinguruka ibili gabe gauzei heltzeko erraztasun ezin ezkutatuzko hura. Artez galdetzen zuen, eta erantzunak ere zuzen nahi zituen, ezer ostentzen ibili barik.

        Goiz hartan izandako elkarrizketa kontatzen hasi nintzaion, lehenengo platereko entsalada hiru gaztaduna jateari lotzeaz batera. Adi entzun zuen, berriketa eten gabe, ardo gorri nafarrari zurrut txikiak eginez. Sofiari jazotako guztia kontatzen ari nintzaiola, gero eta argiago izan nuen erabakia hartuta heldu ginela jatetxera, nork berea, eta bigarren platera apaintzen zuen mugurdiak nola, halako funtzioa betetzen zuela bata besteari begira antzezten ari ginen interesak: itxurakeria, apaindura hutsa. Karmin kolorez egindako xingola garbitu zuen ogi mutur batez, haraino heldu eta kito egiteko orduaren seinalea.

        — Noiz esan behar diozu zuzendariari artikulua bertan behera lagako duzula?

        Hutsik zegoen taula, zerbitzariak platerak eta ogi apurrak kenduta. Hustasuna nabaritu nuen bion arteko tira-biran, azken burua niri zerbitzatzea tokatzen zitzaidala oharturik.

        — Ez diot esango, ez diot ezer kontatuko. Artikulua idatzi nahi dut.

        — Zergatik pentsatzen duzu zeure buruaz bakarrik? Zergatik hartu behar dituzu arrisku hauek?

        Sofiarengatik erantzun nezakeela pentsatu nuen, Sofiaren ahizparengatik edo aitarengatik, Picasso kaleko andrearengatik edo notariotzako idazkariarengatik.

        — Kazetaria naizelako —esan nion.

        Postreko bi platerak ekarri zituen zerbitzariak, txokolatezko marra kizkurdun batez apainduak. Koilaraz gozoki marroiaren uhinetako bat hartu eta ahora hurbildu nion, isilik, haren begiekin bat egin nahian. Segundo bateko erresistentzia izan zen, arestiko hitzen neurria hartzen balebil bezala, eskaintzen nion gozokiak amurik gordetzen ote zuen bere buruari itaunka. Koilara hartu eta ahora hurreratu zuen neskalagunak, sartu gabe hurreratu ere, eta kontuarekin bukatu zuen:

        — Astebete daukazu amaitzeko. Eta berriz erasotzen badizute, salatu egingo duzu, Poliziarenera joango zara.

        Txokolatea irentsi zuen.

 

 

Psikologoarenera joan nintzen arratsaldean, hitzordurik gabe. Itxarongelako aldizkari espezializatuak irakurtzen aritu nintzen han bildutako guztiak irten arte.

        — Eskatuta al daukazu txanda? —galdetu zidan laguntzaileak—. Gaurkoak pasa dira. Psikologoak ez du beste saio baterako betarik.

        — Ez kezkatu —esan nion.

        Altxatu eta, korridorean aurrera, psikologoaren bulegoan sartu nintzen deitu barik.

        — Zer egiten duzu hemen? —mamu bat agertu balitzaio bezala geratu zen.

        Mahaira inguratu eta bekaineko zauria erakutsi nion. Aurpegia beste aldera biratu zuen, puntuek atzera eraginda. Laguntzailea bulegoko atean zegoela ohartuta, atea ixteko eskatu zion, nirekin mintzatu behar zuela apur batean, agendan apuntatu gabeko saio bat zela, atzeraezinezko saio bat.

        — Zer gertatu zaizu?

        — Ohetik erori naiz.

        Sofiaren ahizparen eta aitaren hitzak entzun ostean ez nuen zalantzarik izan: psikologoa eta erasotzaileak lotu nituen inolako dudarik gabe; hala interpretatu nuen psikologoak ni ikustean erakutsi zidan harridura. Ez nion jokatzeko aukerarik eman nahi izan. Eta artez salatu nuen, jipoiaren erantzule egin nuen.

        — Ez nago halakorik onartzeko prest. Nik ez daukat zerikusirik gertatu zaizunarekin. Ezin dut imajinatu ere egin nortzuk izan daitezkeen pasada hori eman dizutenak. Ezta ere zein arrazoirengatik izan den.

        — Atzo azken orduan zurekin egon eta gaur goizean etorri dira ba morroiak.

        — Bost urte daramatzat lan honetan eta sekula ez dut jokabide bortitzik onartu. Hemendik praktika hori erabiltzen duen jende asko pasatu da, ulertuko duzunez. Baina, sekula ez, berriz diotsut, sekula ez dut horrelako jokabide mafiosorik neure lanean onartu.

        Nondik jarraitu ez nekiela gelditu nintzen. Atzamarrak zaurira eraman eta hariaz jolasten hasi nintzen denbora irabazteko.

        Karpeta bat bilatu zuen mahaiaren ezkerraldeko paperen artean. Garai batean Sofia artatu zuela esan zidan, hainbat saio egin zituela harekin bakarka, eta baita ezkontidearekin batera ere. Hura ere bere pazientea izan zela gehitu zuen, nahiz eta oso gutxitan agertu zen saioetara. Gero, karpeta hatz erakusleaz seinalatzen zuela, aurreko bisitan esandakoa errepikatu zidan:

        — Karpeta honetako informazioa isilpekoa da. Atzo esan nizun eta berriz diotsut: emakume honetaz berba egin gura baduzu, berarekin etorri beharko duzu. Amaitu da gaurko saioa.

        Elkarrizketa luzatu nahi izan nuen, informazio gehiago lortzeko bidezidorren bat bilatu; alferrik: psikologoa zutitu eta atera joan zen nire hitz galduei ez entzunarena eginez. Idazkariari deitu eta, nire bisita bukatu zela esanda, kanpora laguntzeko eskatu zion.

        Kontsultaren aurrealdeko atean zegoen xafla dirdaiari erreparatu nion, abokatuen izena iragartzeko modu hanpatuari, azpian molde txikiagoz egina erakusten zuen ordutegiari. Izen-abizenak ikusita, behinola irakurritako deiturak etorri zitzaizkidan gogora.

        Psikologoaren bulegoa hiria zeharkatzen duen ibaiaren eskuinaldean dago, Portuko Agintaritzak egoitza dotorea daukan lekutik metro gutxira. Kilometro erdia beherago, behinola hiriari ospea eman zion Unibertsitatea. Erlojua begiratu eta erabaki nuen oraindik beste gestio bat egin nezakeela. Ibai ertzeko nasa zaharrean behera joan nintzen, uraren zikinak ordura arteko kezka beste alde batera eramaten zidala nabarituz, burua apur batean freskatzea lortu banu bezala. Likido marroixka hartan murgiltzen sentitu nintzen, haren azpian ere oxigenoa gero eta eskasagoa zitzaidala, argia gero eta motelagoa, indarra gero eta beratuagoa.

        Autoz beteta zegoen Unibertsitateko parkinga; jende gutxi inguruetan. Zuzenbide fakultatera abiatu nintzen, bilatzen nenbilen datua zein urtetakoa izan zitekeen kalkulatzen: bilatzen nenbilen pertsonak hirurogei urte baino gehiago zituela iruditu zitzaidan hura lehen aldiz ikustean; beraz, hirurogeiko hamarkadako lizentziatuekin hasi behar nuela erabaki nuen. Espero bezala, promozio bakoitzean lizentzia lortutako ikasleen orlak korridoreetako hormetan zeuden zintzilik, fakultatearen ospearen erakusgarri. Probintziako familia garrantzitsu askoren abizenak agertzen ziren argazkien azpian. Urtez urteko ibilbide arina, 1960ko promozioaren koadroraino iritsi arte. Itzal handiko aurpegi serio haiei begira jardun nuen lehendabizi, haietan egungo begitartearen ezaugarriak ezagutzea helburu; azpiko abizenak irakurri nituen gero, denboraren joanak are handiagoa egingo zuelakoan denen itzala. Orlaz orla joan nintzen, harik eta 1966ko promozioan notarioaren izen-abizenak aurkitu nituen arte.

        Arretaz begiratu nituen gainerako argazkiak. Berehala erreparatu nion notarioaren gaztetako argazkiaren ezkerraldean zegoen gazte segail baten erretratuari. Hantxe neukan psikologoarenean abokatuen kabineteko xaflako abizenetako bat. Baina deiturak kaierean idazten ari nintzela, argazkiko lehen lerroan zeuden emakume bakarrei erreparatu nien, eta orlan ikusi nuen psikologoareneko abokatuaren bigarren deitura ere.

        Promozio bereko ikasleak ziren orduan, bazkideak gaur egun!

        Fakultateko halleko eskailerak arineketan jaitsi eta lasterka zeharkatu nituen aparkalekuaren eta errepidearen arteko lorategi orbelez koloretuak. Etorritako bidearen kontrako norakoan segitu nuen azkar, bulegotik alde egin aurretik harrapatu behar nuen psikologoa.

        Atarira heldu, mailak binaka igo, karrajuan aurrera egin eta liburu bat irakurtzen harrapatu nuen.

        — Hitzordurik gabe nator berriro.

        Sustoa eman nion.

        — Hau Sofiaren senarraren aita da, notario bat —kaierean apuntatutakoak erakutsi nizkion—. Beste hauek promozioko lagunak. Bazkideak dira hirurak.

        Zutundu, Sofiari buruzko karpeta hartu eta kanpora joan zen ezer esan gabe, pauso luzeetan. Atzetik jarraitu nintzaion. Korridorean aurrera segitu zuen, itxarongela pasa eta kolpe batez ireki zuen atea; deitu barik, abokatuen bufetean sartu eta artez joan zen bulegoetako baterantz, sarreran zegoen administraria zur eta lur utzita. Ateak hormaren kontra jo zuen psikologoak eragindako indarraren ondorioz eta ustekabean harrapatu zuen ordenagailuan idazten ari zen gizon gaztea. Karpeta mahai gainean erortzen utzi eta ozen galdetu zion:

        — Ezagutzen zenuen Sofiaren senarra?

 

* * *

 

Psikologoaren adierazpena

 

        Sofia tratatu nuen hainbat saiotan; baita haren ezkontidea ere. Hura idealizatzen zuen Sofiak: gizon hura ederrena eta azkarrena zen. Aldiz, gizonarentzat hutsaren hurrengoa ziren Sofiaren arazoak. Gainera, tratu txar fisikoak eta psikikoak ematen zizkion.

        Zeri buruz ari naizen uler dezazuen, tratu txar psikologikoak nahita egindako jokabide bat da, botere jarrera batetik. Helburua bestea gutxiestea da, kalte psikikoa eragitea, haren autoestimua eta konfiantza suntsitzea. Tratu txar psikologikoak pairatzen dituen pertsonak nortasuna galtzen du, eta tratu txarrak ematen dituen pertsonarekiko menpekotasuna sortzen dio. Zeintzuk dira tratu txarren emailearen armak? Bada irainak, akusazioak, mehatxuak, kritika suntsigarriak, oihuak, manipulazioak, isiluneak, indiferentzia, mespretxua.

        Hori horrela, esango dut Sofia autoestimu baxuko emakumea zela, baina ez berez. Gizon horrek eragindako egoera zen: ezgauza sentitzera eroan zuen, tentela, motela, itsusia... Sofia bikotekideari guztiz emana zen. Egun osoa hartaz kezkatuta ematen zuen, hari begira. Horrek mendetasuna dakar, harreman desorekatua delako. Behin eta berriz esan nion hori Sofiari, eta gauza bera senarrari ere.

        Bien arteko harremana aztertu nuen zenbait saiotan, eta zeharo betetzen zuen Luis Bonino psikoterapeutak menpekotasuna sortzen duten genero harremanez eman zuen sailkapena, hala nola bestea beldurtzea, bat-batean agintzen hastea, erabakiak bestearekin kontsultatu gabe hartzea, gauzetan tematzea besteak amore eman arte, diruaren kontrola, espazio fisikoaren erabilera, emakumearen ama izaera bultzatzea, hots, emakumea besteren zaintzara mugatzea eta abar.

        Gauzak argi eta garbi uzteko eskatu nion Sofiari. Esan nion: «Horrela egiten ez baduzu, hark pentsatuko du ez dela ezer jazotzen, tratu txarrak eramangarriak zaizkizula, ez dagoela jokabide hori baztertzeko arrazoi sakonik». Nik uste nuen, konbentzituta nengoen, Sofiak ez zuela pauso hori egiten, nahiz eta hark ezkontidearekin berba egina zela behin eta berriz agintzen zidan.

        Sofiak lehen aldiz etxetik alde egin zuenean ere nire kontsultara etortzen segitu zuen senarrak. Ohartzen zen ez zela sendatu, segitzen zuela tratu txarren emaile izaten, denbora luzeago eta terapia gehiago behar zuela. Hark aitortu zidan Sofia noizean behin ikusten zuela. Lagunak zirela esan zidan. Kosta egiten zitzaion lagunen arteko harreman hura, baina hau sinetsarazi zidan: onartzen zuen ez zegoela beste biderik, hura zela harreman posible bakarra eta onena.

        Senarraren ustez, lanak zuen gauza gehienen errua. Bere buruari behin eta berriz itauntzen zion ea lana utzi beharko zuen, negozioa itxi. Ohartzen zen, bestalde, «maitasunaren» bateria husten ari zela, beste harreman bat behar zuela, baina jazoerak behin eta berriz errepikatzen ziren. Bere buruari itauntzen zion ea harreman guztietan jokabide bera izatera kondenatuta zegoen. Egoera hartan bakardadea onartzeko prest zegoen, baina ezin zuen, beste pertsona bat behar zuelako bere ondoan.

        Egundoko antzezpena!

        Bakardade sentimendu hartaz Sofiak ere berba egin zidan. Abstinentzia sindromea zela esan nion: bikotekidearen jokabidea zuritzea eta bakarrik sentitzea. Autoestimuarekin lotu nuen. Lehenago ere esan dut: Sofiak bera baino sendoagoak diren pertsonak idealizatzen ditu, haien ondoan ziur sentitzera hel daiteke, haien beharra izatera. Haiekiko behar psikologikoa sortu zaio. Mendekotasun psikologiko hori ez da oso larria. Hori esan nion, mendekotasun hura ez zela larria, berak arazoak konpontzeko pausoak egiten bazituen. Baina kezkatzekoa zela ere esan nion: «Kezkatzekoa da pena sentimendu hori, pena sentimenduen ondorioz tratu txarren emailearengana itzultzeko tentazioa eduki dezakezu-eta».

        Gizonarekin egiten nituen saio guztietan, nik Sofiari esandako gauzak primeran ezagutzen zituela ikusi nuen. Sofiari behin eta berriz eskatzen nion kontuz ibiltzeko, kontsultan komentatzen genituen gauzak, zenbait gauza behintzat, gure artekoak zirela, ezin zizkiola hari esan, bestela egundoko armak emango zizkiola. Behin baino gehiagotan ernegatu nintzen Sofiarekin: berak ukatzen zidan holakoa eta halakoa bikotekideari esana, baina nik argi eta garbi ikusten nuen baietz, senarrak behar baino informazio gehiago zeukala, Sofiarekin neraman terapia primeran ezagutzen zuela, eta hark gauza haiek Sofiaren bidez jakiten zituela baieztatzen zidan aste batean eta bestean. Egundoko arma zeukan guk egindako pauso guztiak banan-banan desarmatzeko. Eta hori, ez neukan dudarik, Sofiaren hanka sartzea zen.

        Zelan pentsa nezakeen neu ere joko zikin baten biktima nintzela?

        Ezin bururatuzkoa zen garai hartako nire bikotekide sentimentalak traizioa egingo zidala, ezin imajinatuzkoa zitzaidan garai hartako nire mutil-laguna Sofiaren senarraren adiskide mina izan zitekeela. Den-dena kontatzen nion berari, konfiantza osoz, ordu asko eman genuen bikote haren arazoez hizketan, berak erakusten zidan interesak azpiko jokoa ezkutatzen zuela pentsatzera heldu barik.

        Sofiak bere senarrarekin engainatzen nuela aurpegiratu zidan behin, maitale nuela, neu ere beraren kontra nenbilela. Ezin onar nezakeen halako akusazioa, nire profesionaltasuna zalantzan jartze hura. Kanpora bidali nuen: tratamendua bertan behera utzi eta berriz ez itzultzeko esan nion. Huts egin nion. Eta barkamena eskatzen diot.

 

* * *

 

Psikologoaren eta haren senargaiaren arteko liskarraren ostean, amorruaren amorruz eman zidan Sofiari buruzko txosten isilpekoa.

        — Gogor jokatu behar duzu —eskatu zidan—, azken muturreraino.

        Nahasita itzuli nintzen etxera. Aztergai nuen kontua gainezka egiten ari zitzaidala sentitu nuen lehen aldiz. Ez zen egun hartako erasoa bakarrik. Hasieran jakin-mina eragin zidan misterio kutsu hark itomena sortzen zidan orain. Nire karrera laburreko erreportajerik garrantzitsuena izan behar zuena mendekurako bide bihurtzen ari zen.

        Emakume batzuen mendekua, familia baten mendekua eta, azkenik, psikologo baten mendekua.

        C itxurako ilargia, zazpi egun lehenagoko betearen aldean, iluna iruditu zitzaidan, lotsatia, gero eta ezkutuagoa. Eta horrela irudikatu nuen neure lana: hasierako asmo argiaren aldean, nahasia, korapilatsua, gero eta ostenduagoa.

        Etxean neskalagunaren ohar bat neukan: «Zineman nago lagun batekin. Elkarrekin afaltzera joango gara gero. Ez egon nire zain».

        Hozkailutik entsaladaren poltsa eta tomateak atera nituen. Automatismoz aritu nintzen, burua beste toki batean. Langelara joan eta neskalagunak egun batzuk lehenago ekarritako txosten medikoak hartu nituen. Azken begiratua eman nahi nien. Erabakita neukan erreportajea idazten hasiko nintzela, garaia zen lortutako datu guztiak jorratu, garbitu eta zuzendariak eskatutako lana behar legez apaintzeko.

        Sofia larrien ingresatu zuten egunekoa ireki nuen. Orfidal gaindosiak jota eraman zuten ospitalera. Txosten medikuak deskribatu bezala, koordinazio motorrean arazoak sortu zizkion gaindosiak. Medikuek egindako azterketak argi frogatu zuen haren organismoan ez zegoela bestelakorik, ez drogarik ez alkoholik. Psikologoak emandako paperak hartu eta gertaera haren berririk jasotzen zuten begiratu nuen. Lehen bisita egin nion egunean nire datuekin betetzen hasi zen fitxa moduko batzuk zeuden, bisita egunaren arabera antolatuak. Ospitaleratu zuten eguneko data begiratu eta hurbileko bat bilatu nuen kartoi zurian. Bai, Sofiak ospitaletik irten eta egun batzuk geroago bisitatu zuen psikologoa.

        Txostenaren arabera, zenbait hilabete baziren Sofiak Orfidal hartu behar zuela lo egiteko. Gero eta gehiago: hasieran bat nahikoa zen; gero, bi; hiru. Eta hala ere kostata hartzen zuen loak. Egundoko eztabaida izan zuen arratsalde hartan eta nerbioak galduta, hainbat lasaigarri hartu zituen. Amak, gauero bezala etxera deitu eta Sofiak hitz egiteko arazoak zituela ohartuta, larrialdietako zerbitzura hots egin zuen. Aurkitu zutenean lo zen; kostatu zitzaien esnatzea, iratzarrik mantentzea; arazoak zituen mugitzeko.

        Ez zen suizidiorako ahalegina izan, medikuek hura pentsatu bazuten ere; antsietatea lasaitu nahi izan zuen, deskantsatu, bakea aurkitu. Hamahiru hilabete zeramatzaten ezkonduta, bi hilabete zituen haurrak, eta lasaitasun apur bat behar zuen. Ospitaletik irten zenean aurre egin zion senarrari. Ahizparen etxera joan zen bizitzera.

        Hurrengo saioetan ahizparenean eman zituen bi hilabeteak deskribatu zituen Sofiak. Senarrarengandik urrundu arren, hura maite zuela sentitzen zuen, ez zuen galdu nahi. Ahizparen etxean zegoen umea, ahizparen etxean zeuden Sofiaren gauzak, baina bigarren egunetik aurrera egunero elkartzen ziren, eta zenbait gau ere harekin pasatzen zuen.

        Ez aurrera ez atzerako egoera bat zen: ez zituen bikotekidearekiko lokarriak hautsi nahi, ez zitzaion inori mintzatzen sufritzen ari zenaz, ez zuen salaketarik aurkezten. Ohartzen zen senarrarekin egunero gelditze hark kaltea baino ez ziola ekarriko, baina jazoeren inertziak eramaten zuen eta ezin zuen bere bizitza kontrolatu. Laguntza eskatzen zion psikologoari, zama berarekin konpartitzen zuen, aholkuak hartu, erabakiak aurrera eraman... Baina psikologoarekiko nolabaiteko mesfidantza sentitzen hasi zen, hark ez baitzion sinesten.

 

* * *

 

Ahizparen adierazpena

 

        Nire etxean egon zenean berarekin haserretu nintzen, denaz ohartzen nenbilela esan nion. Senarrak tenteltzat hartzen zuela bota nion. Ezin nuen eroan Sofiak harreman hura normaltzat hartzea. Egun batean, bazkaria prestatzen genbiltzala, kipula zatitzen ari zen Sofia, eta esan zidan: «Kipula zatitzen ikasi behar dut, irakatsi behar didazu». Barazkia zuritzeko moduari begiratu nion. Behar bezala zatitzen zebilen, gure amak irakatsi zigun moduan. Ondo egiten zuela komentatu nion, zer ikasi ez zuela, eta ezetz erantzun zidan, senarrak sarri esaten ziola txarto egiten zuela, txarto mozten zuela kipula, eta tomateak, eta kuiatxoak... Sutan jarri nintzen.

        Harekin itzuliko zela esan zidanean biziki haserretu nintzaion, ezin onar niezaiokeen. Ama ere etorri zen ahizparekin berba egitera. Itzultzearen ondorioez egin genuen berba, istorio hura zelan amai zitekeen. Sofiak esan zigun bazekiela, egoera ulertzen zuela, baina gizon hura maite zuela eta ezin zela harengandik aparte bizi.

        Ikaragarria begitandu zitzaidan ahizparen mendekotasuna, beldurtzekoa; autoestimu dena galdua zuela iritzi nion. Ez zigun esan ba haren ondoan beterik sentitzen zela! Harengandik urrun, hutsik! Ez zegoen hanka sartze hura ikusarazterik. Ahitzen ari zen, burua hormaren kontra jotzera zihoan, eta ez zegoen hura konbentzitzeko biderik.

        Bila etorri zitzaion etxera. Umea artean besoetan neukala, Sofiari mintzatu nintzaion, deitzeko eskatu nion, noizean behin elkarrekin irtengo ginela umea paseatzera edo. Senarrak nire aurrean baietz esan zion, animatu egin zuen, sarriago irten behar zuela adierazi zion. Ikaragarri haserretu nintzen, banekien-eta plantak egiten zebilela, hark debekatzen zion lagunekin ibiltzea, hark behartzen zuen beharretik etxera eta etxetik beharrera joatera ama berriko baja hartu aurretik, hark sinetsarazi zion gizonezko lagun denek asmo zikin bakarra zutela; hark pentsarazi zion emakume lagun denak ere influentzia txarrekoak zirela, nire ahizparen inbidiatan zeudela, Sofia haietan ederrena zelako.

        Eta harekin itzuli zen.

 

* * *

 

Denbora luzea eman nuen txostenetan bila, zer jakin gabe ere bila. Uste baino beranduago zen. Bitxia egin zitzaidan neskalaguna artean etxera itzuli barik egotea. Eskuko telefonora deitu nion. Ahots postontzia aktibatu zen. Hurrengo minutuetan hainbat bider saiatu nintzen, gero eta tarte gutxiagorekin, eta beti ahots metalikoa. Artegatu egin nintzen. Normala ez zela iruditu eta goizean izandako erasoarekin lotu nuen atzerapena. Goizean jo ninduen gizonak neskalaguna ikusteko aukera izan zuen, ni laguntzera irten zenean.

        Ez bat eta ez bi, taxi bat hartu nuen, afaldu ohi genuen begetarianoan aurkituko nuelako esperantzan. Jatetxetik berrehun bat metrora, semaforoan geldirik geundela, Montero Sport berde bat sartu zen aurreko biribilgunean, behar baino askoz arinago. Ez nuen pazientziarik izan: hamar euroko billete bat eman eta taxitik irten nintzen arrapaladan, jatetxeraino falta zen bidean lasterka. Zenbat eta hurbilago, orduan eta urduriago sentitu nintzen, estuago nabaritu nuen bularreko presioa. Tabernatik begiratu azkar bat egin eta hura ikusi ez nuenez, barran itaundu nuen neskalaguna han afaltzen egon ote zen. Baietz esan zidan zerbitzariak. Begiekin bilatu zuen. Joan berria izan behar zuela adierazi zidan.

        — Norekin zegoen?

        — Emakume batekin. Gero gizon bizardun bat etorri da. Harekin hitz egin du. Kontua eskatu didate. Ordaindu dute eta hortik aurrerakoez ez naiz konturatu.

        Une hartan komunetik irten zen emakumea seinalatu zidan.

        — Horrekin afaldu du.

        Neskalagunaz itaundu nion. Eskuaz erakutsi zidan arestian zerbitzariak seinalatutako mahaia. Harrituta geratu zen:

        — Hementxe zegoen komunera joan naizenean.

        — Zein gizon etorri zaizue berbetan?

        — Ideiarik ez. Sartu da eta ozen galdetu du norena den kanpoan dagoen auto horia. Gurea, esan du zure neskalagunak. Alboko ispiluari nahigabeko kolpe bat eman eta hautsi egin duela azaldu dio. Ea paperik egin nahi zuen. Baietz. Orduan nik esan diot, neuk ordainduko dudala afaria. Irten aurretik komunera nindoala eta hemen egoteko, lagunduko niola paperekin.

        Erotuko nintzela pentsatu nuen. Ez nekien zer egin.

        Adiskidearen eskuko telefonoak jo zuen. Zenbakia begiratu eta hura zela esan zidan. Hartzeko presatu nuen.

        — Non zaude? —segundo bat eta aurpegia alaitu zitzaion—. Kanpoan dago, zigarro bat erretzen!

        Ziztuan irten nintzen, nora ez nekiela. Adiskideak jatetxearen ezkerraldea seinalatu zuen. Autoaren atean bermatuta ikusi nuen, zigarroaren keaz jolasean. Nire alderantz biratu zen ezustean, libre zeukan eskuaz azalpen eske. Ezer esan gabe besarkatu nuen. Ez zuen ezer ulertzen.

        — Burutik eginda zaude ala zer?

        — Non dago zurekin batera irten den gizona?

        — Joan egin da —txundituta begiratu zidan—. Elkarri telefono zenbakiak eman eta joan da.

        Cooper Miniaren errepide aldeko ispilua falta zela ikusi nuen, kristal apurrak lurrean. Barruan, atzeko jarlekuan, karkasa hori mailatua.

        — Ze kotxe zeukan berak?

        — Ez dakit. Ez naiz ohartu. Adiskidetasunezko istripu aitorpena egiteko paperik ez geneukanez, bihar goizerako lotu gara.

        — Emazkidazu izena eta telefono zenbakia.

        Larru beltzezko poltsan gordeta zeukan orri puska bota zidan haserre bizian.

        Emakume batek hartu zuen telefonoa. Paperean idatzitako izen-abizenez itaundu nion.

        — Deskuidatu egin zarela uste dut —erantzun zidan.

        Zenbakiak leitu nizkion banan-banan.

        — Horixe da nire telefonoa. Baina ez dut ezagutzen aipatu didazun tipoa.

        — Barkatu —eten nuen deia.

        Etxeratu ginen eta loak hartu.

        Goizeko zazpiak edo izango ziren neskalagunaren eskuko telefonoak jo zuenean.

        — Esan!

        Segundo batzuk pasa eta sofaren aurka jaurti zuen aparailua. Beldurtuta zegoen, sumina hortz artean. Besarkatu egin nuen. Ez zuen kontra egin, gorputza egokitu zuen besoen artean.

        Eta negar egin zuen.

        Hamarrak aldean, ohiko tokian, Sofiaren ahizparekin elkartu ginen neskalaguna eta biok. Aurkezpenak egin eta gertakariak kontatu nizkion.

        Sofiaren senarraren telefono zenbakiak ezagutu zituen.

        — Niri egindako deien modukoak egingo dizkizue. Ez dizue bakerik emango —malko saminak etorri zitzaizkion begietara, dardara egin zion ahotsak—. Irainak, lizunkeriak, mehatxuak...

        — Akabo —esan nion—, ez dut erreportajerik egingo!

        — Ulertzen dut zuen kezka. Badakit zer den egun osoa izututa pasatzea.

        — Egoerak gainezka egin du. Sentitzen dut, baina amaitu da dena.

        — Trankil, gure lagunek ere ulertuko dute.

        — Jipoitu egin naute, neskalaguna mehatxatzen hasi dira. Zer izango da hurrengoa? Ezin dut honekin aurrera jarraitu!

        — Eskerrik asko egin duzun guztiagatik.

 

 

* * *

 

Ahizparen adierazpena

 

        Etxera itzuli eta hilabete batera amaitu ziren lore sortak, opariak, adeitasun seinaleak. Zertarako behar zituen? Sofiak sinetsia zuen berea zela erru guztia; beraz, zertarako eskatu behar zuen barkamena basapiztiak. Sofiak makurtu egin zuen burua. Amaitua zen sari eta zigorren garaia.

        Barneratu egin du errua: jotzen badu merezi duelako da, hura jagoten jakin ez duelako. Beraz, jokabidea aldatzen badu, hala pentsatzen zuen, senarrak gura legez jokatzen badu, dena konponduko da, gauzak behar bezala bideratuko dira eta ez da tratu txarrik izango.

        Dena bihurtu zitzaion kritikagarri: landareak ureztatzeko era, orrazkera, neguko arropa gorde eta udakoa ateratzeko garaia, ibilera, aldizkarien orriak pasatzeko era, gidatzeko modua... Dena irain: «kar, kar, zelako ibilera!», «kar, kar, zelako hortz itsusiak!», «kar, kar, ipurdia erortzen ari zaizu eta ia belaunen pare daroazu». Egun baten, larregi zela esan zion senarrari, atsekabea erakutsi zion, eta hark konplexuz beteta egotea aurpegiratu.

        Amatasuneko baimena amaituta, beharrera itzuli gura izan zuen Sofiak. Ezetz esan zion, berak nahikoa irabazten zuela eta nire ahizparen eginkizuna umea jagotea zela, ez zegoela bestelako beharrik biek lan egiteko. Sofiari ez zitzaion txarto begitandu. Hala ere, hiru hilabete geroago, umearenak eta etxekoak eginda ere, denbora sobran zeukala ohartuta, ikastea bururatu zitzaion, denbora zelanbait baliatzeko. Eztanda egin zuen piztiak: umearenak baztertuak zituela, ama eskasa zela, eta etxekoandre txarra.

        Senarra etxera heldu zen egun batean, Sofia umea jagoten zebilen, eta afaria prestatu barik zegoela ohartzean, oihuka hasi zitzaion, eta gero jotzen, Sofiak umea besoetan zuela. Ohearen kontra hartu zuen kolpea buruan. Odoletan zen. Lasterka irten zen logelatik, eta komunean ezkutatu. Ikaraz sentitu zituen ateko danbatekoak. Kolpeari kolpea, zulo bat egin zuen azkenean, eta Sofiak atea zabaltzea ebatzi zuen. Umea eskutik kendu eta sehaskan utzi zuen. Gero, besotik heldu zion Sofiari, eta tiraka eroan zuen logelara hormarik horma. Infernua izan zen. Lurrera bota eta ostikoak hasi ziren: aurpegian, enborrean, heriotza mehatxuak, burua lurzoruaren kontra jo eta jo...

        Dena amaitu zenean, piztia umearen gelara joan zen ipuinak kontatzera. Haurrak ez zuen gura. Ahots haren beldur zen, izututa zegoen eta negar egiten zuen bere etsipenean. Umeari ere irainka eta oihuka zebilela ohartu zen Sofia. Gelan sartu zen: lekutik desplazatua zegoen sehaska, hautsia burkoaren gaineko irudi mugikorra, lurrean umearen hartz nabarra. Gorrotoa ikusi zuen gizonaren begietan, gorrotoa umeari begira egindako keinu mehatxagarrian, gorrotoa atea ixteko erabilitako indar lehergarrian. Sukaldera joan zen senarra; eta une hartaz baliatuta, umea hartuta lasterka irten zen kalera, ortozik, kamisoiaz, euripean. Guztiz desorientaturik sentitu zen, norakorik gabe, nork lagunduko ez zeukala. Gidari bat ohartu zen Sofiaren egoeraz, eta ospitalera eroan zituen.

        Bizkarrean, bularretan, ipurmasailetan, besoetan eta zango sagarretan zeuzkan kolpeak erakutsi zituen ospitalean, baina medikuak ez zuen interesik erakutsi, ganorarik gabeko txostena prestatu zuen.

 

* * *

 

— Izorratu egin behar dugu!

        Ez nuen ulertu zer mugitu zitzaion neskalagunari barruan, zerk ukitu zizkion bihotz-erraiak, baina berak erabaki zuen aurrera egingo genuela, artikulua idatzi, argitaratu eta gizon haren kontra jo behar genuela.

        Sofiari buruzko txosten medikuak hartu eta hura artatu zuten medikuak arakatzen hasi zen. Sukaldeko mahaiaren gainean bota zituen biraoka. Ostiko bat eman zion aulkiari, eta ozenago madarikatu zuen haren bizia.

        Sendagileetako baten zenbakia ospitalean eskatu eta deitu egin zion:

        — Zergatik ez zenuen behar bezalako txostenik idatzi? Zergatik ez zenuen tratu txarrei buruzko informerik egin gura izan? —errespetuzko hitzik gabe mintzatu zitzaion, garai bateko zorrak kitatzen balebil bezala.

        Ez zituen haren azalpenak onetsi. Ezin zurituzko jokabidea iruditzen zitzaiola adierazi zion.

        — Berdin zait zer diozun. Pikutara kode deontologikoa eta halakoak, ez zenuen profesionaltasunez jokatzeko ahalegin txikiena ere egin!

        Alferrik izan zen medikuak hura bere azken lan astea zela argudiatzea, erretreta hartu aurreko egunak zirela eta ez zuela bizitza konplikatuko zion arazorik nahi.

        — Berdin zaidala esan dizut! Bost axola zure ibilbide inpekablea eta historiala! Azken unean, neurria benetan eman behar zenuenean, zure erosotasunari baino ez zenion begiratu. Kale egin didazu. Zureganako neuzkan konfiantza eta mirespena kakaztu dituzu.

        Eta infernuan ustel zedila oihukatu eta eskegi zuenean, telefonoari begira geratu zen. Dei abisua zeukan pantailan, sendagilearekin berbetan ari zen bitartean galdutakoa.

        — Bera izan da! —aztoraturik pasa zidan aparailua.

        Bera zen. Mezua utzi zion ahots postontzian: «Badakizu nor naizen. Txikitu egingo zaitut, putakumea! Ez zara inoiz ahaztuko!».

        Eta bat-batean kristal hautsien zarata entzun genuen egongelan.

        Lehen begiratuan ez nuen ezer ikusi, leihoa ezkutatzen baitzuten errezelek. Hurbiltzean, lurreko kristalak zapaltzearen kraska entzun eta han gelditu nintzen. Orduan erreparatu nion, lanpara bertikalaren oinaren ondoan: harritzar bat! Makurtu egin nintzen, instintuz, eta neskalagunari berdin jokatzeko keinua egin nion. Segundo pare bat itxaron nuen; apurka, zutundu gabe, errezel azpitik altxa eta hormara hurbildu nintzen. Zulo bat zegoen leihoaren ezkerraldean, gelako harria baino handiagoa. Astiro, burua agertu nuen leihoaren egurrezko koadroaren gainean, eta kalea xerkatu.

        Zenbait lagun zeuden espaloian, leihora begira, gu bezain harriturik, esango nuke.

        — Ondo zaudete? —galdetu zigun haietako batek.

        — Bai. Nor izan den ikusi duzue?

        — 4x4 batetik gizon bat jaitsi eta eskuan zekarren harri handia jaurti du. Lasai asko itzuli da autora. Patxadan alde egin du, batere larritasunik gabe.

        — Nolakoa zen?

        — Zaila da esaten. Txano beltz batez estalita zeukan burua.

        — Ze kolorekoa zen autoa?

        — Berdea. Kotxe handi horietako bat, aurrealdean burdinazko defentsekin.

        — Bakarrik zihoan?

        — Ez naiz konturatu. Telefonoa emango dizut salaketa egiteko asmoa baduzu. Deitu konfiantza osoarekin.

        Barrualdera biratu eta harria hartu nuen. Neskalagunari begiratu nion. Atearen janba zurian oinarrituta zegoen, isilik, markoari indarrez helduta. Harri koskorra mahai gainean utzita hurbildu nintzen harengana. Begitik ihesean zetorkion malkoa kendu nion erpuruaz. Atzerantz erretiratu zuen burua, eta apur baten lasai uzteko eskatu zidan, barruko tentsioa kanporatzen uzteko.

        Sukaldera joan nintzen erratzaren eta palaren bila. Bueltan, sofan aurkitu nuen neskalaguna, harria eskuetan, begiak telebista amatatuaren kristal ilunean. Haren islari begiratu nion. Ordura arte sumatu ez nuen bortxazko aurpegiera antzeman nion pantailako figurari, ezagutzen ez nion oldarkortasuna, gorrotoa. Burua alde batera eta bestera mugitzen zuen ahotsik gabeko irudi bizi haietan, zerbaiten edo norbaiten bila balebil bezala, kontrolik gabe, nerbioak gidari; begiak puntu finko batean jartzen zituela iruditu zitzaidan eta, halako batean, besoa armatu eta harria jomuga ikusezin haren aurka jaurtitzen zuela.

        Bizkarra zurruntzen zitzaidala sentitu nuen, nerbio kolpe batek burua sofarantz birarazi zidan. Alboan zeukan harria, aurpegia eskuetan, ukondoak belaunetan. Leiho aldera egin nuen, telebistari begiratu gabe, eta lurreko kristalak batzen hasi nintzen. Kristal bakoitzean bizitzen ari ginen istorio hautsiaren zati bat zegoen. Inoiz osatzera iritsiko ez nintzen puzzle baten modukoa.

        — Idatz ezazu artikulu hori behingoz! —esan zidan—. Amai dezagun amesgaizto hau.

 

* * *

 

Aitaren adierazpena

 

        Gizona joan zitzaion ospitalera bila. Gure alaba desorientatuta zegoela esan zion medikuari, burua galtzen hasia. Etxetik sarritan alde egiten zuela, hori esan zion medikuari. Gero plantak egiten hasi zen: zer arrano jazo zitzaion, zauriak non egin edo nork egin zizkion, ea kotxe istripurik edo izan zuen. Gure alabak ez zion erantzuten; ez zion medikuari ezer esaten; otoitz egiten zuen, txikitan gure etxean ikasitakoak esaten zizkion umeari belarri ertzean, begiak izanik gabeko leku batera bildurik. Egoera hura ere baliatu zuen senarrak Sofiaren eromenaren froga gisa, eta medikuak sinetsi egin zion.

        Etxera itzuli ziren. Bueltako bidean barkamena eskatu zion, lanean tentsio handia bizi zuela, pitin bat edanda zegoela, gure alabak probokatu zuela eta ez dakit zenbat gauza esan zizkion kotxean. Behin eta berriz ziurtatu zion ez zela atzera ere halakorik jazoko. Barkatzeko erregutu zion, ahazteko...

        Ospitalekoaren ostean, bi aste geroago edo, alabaren bila joan behar izan genuen etxera. Gurera etorri gura zuen bazkaltzera umearekin. Baina hark ez zion utzi, gelan itxi zuen. Telefonoz deitu zigun eta berehala joan ginen. Gizonak txirrina entzun eta berehala utzi zion gelatik irteten. Ikusi behar zen haren jokabidea. Ez sinestekoa. Plantak egiten beti: «Hara!, ez nekien gurasoenera joan behar zenuela; ideia oso ona da; pena nik ezin joatea, laneko gauza bat egin behar dut eta...». Gure etxean, haserretu egin zitzaion ama: harengandik banatzeko konbentzitzen saiatu zen, itzultzearen ondorioez egin zion berba, zelan amai zezakeen. Gure alabak esan zion baietz, bazekiela, baina gizon hura maite zuela eta ezin zela harengandik urrun bizi. Ikaragarria zen guretzat.

        Berriz abokatuarekin berba egitera joanak ginen. Esan zigun ez zegoela ezer egiterik, Sofiak berak ezer egiten ez bazuen. Hark kontatu zigun askotan oso larri dagoen jendea ikusi duela, apurka ahultzen dabilen jendea, eta burua hormaren kontra jota ere ez dagoela hura konbentzitzerik. Hala eta guztiz ere, Sofia bakarrik ez uzteko esan zigun, beraren ondoan segitzeko: aholkatzen, harreman hura kaltegarria dela errepikatzen, honela mespretxatzen duen pertsonak, eraso egiten dion pertsonak ezin duela benetan maite.

        Gurean egon zen egun hartan, etxera itzuli zenean, zain zuen senarra garajean. Autoa gelditu bezain pronto kolpeka hasi zen txapan, ostikoka gurpiletan; samatik helduta atera zuen kotxetik; bultzaka segitu zuen, irainka, lurrera bota arte.

        Umeak dena ikusi zuen kotxe barrutik.

        Uste dut gure alabak orduan ebatzi zuela eskapatzea. Gauza denak planifikatzen hasi zen, kontu handiz, frogarik ez uzteko, gizona ez konturatzeko zertan zebilen. Lasaigarriak hartzeari utzi zion. Erne egon gura zuen, burua argi, pentsatzeko, defendatzeko. Orduan ebatzi zuen nora joan, baina ez zion artean inori esan.

        Zerrenda bat prestatu zuen, ihes egitean berarekin eroan behar zituen gauzak: familia liburua, etxearen jabetza eskriturak, aseguruen dokumentuak, espediente akademikoak, arropa, helbideen agenda, umearen jaiotze agiriak, egiaztagiri medikuak, gizarte segurantzako txartela, gidatzeko baimena, nortasun agiria, ahal beste diru, giltzak, botikak, argazkiak, bitxiak... Garrantzitsutzat jo zituen dokumentuen kopiak egin zituen; bankuko kontuen zenbakiak apuntatu zituen, matrikulak, helbideak... ustez garrantzitsua izan zitekeena. Etxeko ondasun guztien inbentarioa egin zuen.

        Beste egun baten, kontu bat zabaldu zuen bankuan, berak bakarrik ezagutzekoa, eta hilero sartu zuen ahal beste diru. Lana bilatzen hasi zen, ezkutuan, curriculumak bidali eta inori esan gabeko posta kutxa baten hartzen zituen erantzunak.