IGANDEA
Taskaratu baino lehen omenaldi xumea egin diogu Helena Ferrini. Bart zendu da oilategian, oilo bat, buruan galtzerdi zulatua ipinita, lepamoztu ondoren. Animalia buru gabeturik hara eta hona itsumustuan zebilela, bihotzekoak eman omen dio emakume zaharrari. Mehatxu garbia herriari.
Haren ipuinaz galdegin diot Xenarori.
Baina ez daki.
Herminio Novalek, agian. Entzule ona duk.
Eta koblakari eskasa, kantetan harrapatu dugu tabernan:
Euria motz
Berba hotz
Atariko eskailerapekoan
Egiten dizut kosk
Atariko eskailerapekoan
Ostu didazu erlojua
Atariko eskailerapekoan
Ostu didazu erlojua
Denborari ipini diogu
Maitearen torlojua.
Horrenbeste zabaltzen du ahoa, ezen Mike Tysonen ukabil makurra ere galduko litzaiokeen karies espantagarrien artetik. Eta zabaltzen duen aldiro aho-kiratsa dario.
Euri azido lez.
Euria berri
Berba aterri
Ibaian behera jakin dugu
Gurea ez dela otserri
Ibaian behera jakin dugu
Heldu berrien miseria
Ibaian behera jakin dugu
Heldu berrien miseria
Zauri sartzen dira kaioak
Joko bakarreko komeria
Bazter batean Xose Zorelle dago, haitzetan habia duen sai arrearen antzera. Esertzeko gonbidatu nau berehala, eta Anis de Paris edateko, Bastille erretzeko gai den bakarra. Anis iraultzailea da.
O inmenso camposanto da Habana kontatuko diat.
Rivasen ipuinetatik gehien gustatzen zaidana da, Robespierreren bolbora guztia baino gehiago beharko du gogobetetzeko. Purgatorioaren gaineko esaldi hori: Aquello es un brezal desarbolado. Amarok kontatzen zuen hura guztia, hil aurretik gutxienez zortzi bider hil zen osaba. Aditua zen hiltzen, sano duin hiltzen zen. Eta heriotzatik bueltatzen zen beti La Toja xaboien lurrinaz, Mallo Orkestraren akordeoi-jotzailearen moduan orrazturik, Galesko Printzea trajea soinean eta ipuin harrigarri bat maletan. Eta behin baieztatu zuen Zeruko Oturuntzan lakoi galegoa dastatu zuela.
Gogoa ipuinera joan arren, portua erakutsi dit berehalakoan kantak. Belak zabal-zabal hedaturik daramatzan ontzia da Herminio Noval. Botako duen haizeterik ez dago.
Euria labain
Berba ordain
Hor zarela horra naizela
Elkar asetzeko lain
Hor zarela horra naizela
Karrika hau dut mundua
Hor zarela horra naizela
Karrika hau dut mundua
Marinelak ikusarazi dit
Jo duela kukuak.
Mundua du karrika Xose Zorellek, ordea. Ipuina aletzeari ekin dio kukuari entzun baino lehenago.
Amaitu duenerako zer kontatu duen ez dakit, baina antzik ez du Rivasenarekin. Hilobiz hilobi, urrunera eraman du kontakizunaren kanposantua.
Habana esan gura duk... zuzendu diot.
Cienfuegos, arraioa!
Temati ipini zait eta onartu egin diot toki aldaketa. Baina berdin gertatu da beste guztiarekin. Ez da rosanovarik agertu, ez zinkezko ontzirik, ez Orzan kaleko tabernarik, ez ardo-edalontzi zenbakiturik. Eta ez du esan una calle tan marinera que el océano subía a veces por el ojo del retrete.
Edariak gainez egin du Xose Zorelleren zainetan, anisez eztituriko Mekong haserretua. Ez diot kasurik egin. Hausteko eskubidea badu.
Tabernariak gabetu dit, ordea.
Hi haiz hi, Xose! Joan den astean ipuinaren osaba aitona zuan eta Cienfuegosen beharrean, Cochabamban hiltzen zuan. Behingoz erabaki ezak!
Hik esan behar al didak zelan kontatu ipuina? Arrantzan ibiltzen haiz-eta gainerakoonetan heurea dotoretzeko!
Eta, hala ere, sarea hutsik! trufa egin dio Herminio Novalek.
Eta, auzia erabaki nahian, kantatzeari ekin dio atzera ere.
Euria ugari
Berba ernari
Zeri gabetuen bisaira
Zimurrak opari
Zeru gabetuen bisaira
Aldatu dut buzoia
Zeru gabetuen bisaira
Aldatu dut buzoia
Espaloi ezagunetan pilatzen da
Ekaitz osteko lohia
Euria aiduru
Berba lanturu
Norakorik ez duen kalea
Dago itzalez mukuru
Norakorik ez duen kalea
Ez harlauza ez arau
Norakorik ez duen kalea
Ez harlauza ez arau
Maparik gabe bertaratzen direnak
Bihurtzen dituzte bilau
Ez harlauzarik ez araurik irten naiz kanpora, Xenaro barruan utzita, igande luze honek norakorik ekarriko ote didan; Herminio Novalen hatsak zigortu nahi ote nauen. Maparik gabe bertaratu bainaiz azken batean, Que vida... honek ziria sartu dit. Hau bizitzaka edo hau bizimoduka arituko zaizkit honezkero literaturaren etorkin hauek guztiak.
Helmuga zehatzik gabe joan naiz narrasean, harik eta Aurora Barreiros venus mardula topatu arte. Erromes baten lez hurreratu natzaio, eskean jardun dut ailegatu nintzenetik. Oraindino ez dut paradarik aurkitu Xoseren emaztearekin berba egiteko. Labanda usaina dario. Senarra tabernan kontu-kontari ibiltzeak bakea dakarkio, nabari zaio. Kontaketan hura bezain aldrebesa ez izatea desiratu dut. Haren itxura nire alde, duda barik. Aurreiritziaren bizkarrezurrean ipini dut konfiantza osoa. Ez nau, ez, hiririk hiri eramango, Habanatik Cienfuegosera, Cienfuegostik Cochabambara, Cochabambatik auskalo nora.
Dublinera ailegatu zen Tino Veiga 1961ean... hasi da azaltzen nik ahoa zabaldu aurretik.
Okertu naizela iruditu zait une batez. Dublin? Manuel Rivas etorri zait burura berehala. Zer dela eta aukeratu zituen idazleak bertoko kristauak? Zer ikusi zuen herrixka honetan A lingua das bolboretas sortzeko? Isilean utzi diot segitzen.
Arteixon jaioa Veiga...
Arsenio Iglesias bezala orduan.
Lehengusua, dirudienez.
Badu Rivasek hari eskainitako ipuin bat.
Bai...
Labanda ozpin bilakatu zaio, ez dit bide horretatik laga nahi. Ulergarria bada, noski, ez da komeni nahastea.
Dublinen ostean, beste hiri eta herri batzuk etorri dira, panpina errusiarren moduan. Tokirik toki, noiz trenez, noiz autoz, noiz oinez. Veigaren helmuga, ttipiena, berrehun lagun inguruko lurmutur protestantea, izena ez dut akorduan. Etxeak, haize kontra, labar batean aterpeturik. Aldian-aldian itsasaldiak harritzarrak katapultatzen ditu lapatzetik arrantzaleen etxeetara. Tino Veiga egunero jaisten da harrietara. Berak kostata mugitu ahal dituen arroka biribilak botatzen dituzte barrura olatuek. Lastoa lez. Zigorra da, badira berrehun urte Liam O'Grady arrantzale katolikoak burla egin ziola itsasoari. Oraindik azaltzen da galernetan, eta bueltatzen den bakoitzean harri batek hormaren bat zulatzen du. Katoliko sasikumeak! argitu diote. Veiga, berriz, agnostikoa da, hasiberri. Gaur bizar urdineko marinel zarpatsua bistaratu du malkarretan. Lepoan karramarro bat daroa tatuaturik. Naufragio bati ihes egin berri dirudi. Lapatz hau purgatorioa duk, aitortu dio. Harriak arrantzale hilen arimak dira, betiko noiz porturatuko zain. Kristo itsaso gainetik bezala aldendu da zahar irlandarra, Veiga sinesten hasia da.
Neuri ere Tino Veigaren moduan ez ote zaidan gertatzen ari pentsatu dut unetxo batez, Rivas marinel zirpiltsua ei da. Neu ere sinesten hasi naiz honezkero. Aurorari aquello es un brezal desarbolado oroitaraztekotan egon naiz, baina ausardia falta izan zait. Gainera, batek daki Xosek zer kontatu dion. Aitzinera jarraitu du Rubensen amoranteak.
Hortik aurrera gaixotu egin da Tino, egunero amiltzen da harriak zaintzen, Peter da orain, goizero marinel zarpatsuaren peskizan. Pena ematen die gehienei, protestantismoan ez dago purgatoriorik. Goiz lanbrotsu batean ikusi dute ahuspez lapatzean, ubarroi beltz bat hanketan duelarik, hilotz itsasbeheraren bazka. Hurrengo itsasaldiaren zain.
Zurturik gelditu naiz.
Ez nuen istorioaren berririk. Noiz kontatu dizu Rivasek? Berria da?
Ispilu baten aurrean balego bezala, nire aurpegiera bere bihurtu da.
Ipuin hau neuk asmatutakoa da!
Ufaka eta bafadaka hasi den momentuan, ardo zuriaren ozpina sartu zait sudurretatik barruraino. Disimuluan erlojua begiratu dut, kanpandorreko ezkilak bete beharreko agindua ematear daude. Ez da itxaroten geratu, ordea. Agurtu gabe barneratu da, neroni ere protestante zikin horietako bat naiz seguruenera. Huts egin diot, ez dit Rivasen ipuina kontatuko. Beharrik ere ez. Susmoa dut Arsenio Iglesias Arteixoko azeriari eskaini diona dela. Irlandako Itsasoaren hondalean, Costa da Morten bezalatsu, ez dago purgatoriorik. Han-hemengo lapatzetan esperoan dauden harriak, bakarrik.