Ezker hanka falta zuen
Ezker hanka falta zuen
2005, nobela
112 orrialde
84-95511-76-2
azala: Leire Gisasola
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2024, antzerkia
2011, narrazioak
2007, nobela
2002, nobela
 

 

 

Ez genuen uste inoiz hilkutxa batean ikusiko genuenik Gerena. Egur merkea zen, karratu samarra. Eta usain asko zerizkion. Ematen zuen beste hildako batzuek erabilia zutela lehenago. Ordu hartan katu ezkel bat zebilen usnan Sestaoko beilatokiaren inguruan, zer harrapa, zerraldoan hamabi korrokoi baleude bezala.

        Gangrenaturik balego bezala.

        El Correo Español-en (Ezkerraldeko edizioan) obituario laburra jarri zuten, erretratubakoa: Iñaki Gerena Narbaiza (1949-2005). «Hierro» egunkariko kazetaria 1971tik 1982ra. Sestao River eta Ezkerraldeko beste futbol talde batzuen kronikagilea... Bere heriotzak hutsune handia utzi du Bizkaiko kazetaritzan. Goian bego. Hil-oharra ere bai. Kirol-zuzendari berriaren keinu polita.

        Lolo emaztearekin azaldu zen hilerrira, umetxoa gurasoekin utzita. Garazik elkarrekin joateko hots egin zidan, trenez, antzina bezalaxe, hala gustatuko zitzaiokeen. Duda egin nuen garraioaz ala nitaz ari ote zen. Gerenaren egoeraren berri emateko deitu aurretik hilabete batzuk joan ziren elkar ikusi gabe, zakurraren salara bidali ninduenetik hain zuzen, ze horrela esan zidan, zakurraren salara joan eta ez hadi inoiz bueltatu!

        Eguerdi aldera gizon bi jaitsi ziren auto beltz batetik eta zerraldoarekin laguntzera gonbidatu gintuzten. Presaka zebiltzan. Koipezto batek gorbata erantzi zuen bero-sapagatik. Hamar urrats ibiltzerako izerdi-patsetan geunden denok. Eguzkiak gogor jotzen zuen. Gizonetako batek, nagusia zirudienak, beste inor espero genuen galdetu zigun. Elkarri begiratu eta sorbaldak eta bekainak goratu genituen mutilok.

        — Ez! —Garazik erabaki zuen auzia, bat-batean sumindurik.

        Uste dut denoi Boli etorri zitzaigula burura. Baina azken batean hark bere moduan adierazi zion Gerenari beti arte hil aurretik. Ez zen beste inor agertu. Hormetako sugandilak genituen erostari bakar, eguzkiak eutsi arte behinik behin. Arin ibili ezik, kanposantua bera gangrenatuko zitzaigun eta korrokoiak bizkortu.

        Une hartantxe, Garazik paper bat poltsikotik atera eta Gerenaren kopla bat irakurri zuen:

 

Gizajendea hauts bihurtzen da

Burdinak dirau

Gizajendea hauts bihurtzen da

Burdinak dirau

Egunkarietako heroi goresgarriak

Behin eta berriz hiltzen nau

 

        Segituan, La Navaleko azken bukearen iltze guztiak aterarazi zituen oihu beldurgarria egin zuen:

        — Aupa River!

        Izu-ikaratan begiratu zidaten Lolok eta emazteak.

        Baina ordurako itsasadarrera aldendua zitzaidan gogoa.