KAXA PARAMUNIZIPALA
Eguna hasteko ederto legokek gormutu bat desiratu zuen Gerenak.
Narruzko poltsan guardasol berdea zeroan blonda barruratu zen igogailura. Egun on murmurikatu zuen eztul egitearekin batera. Ezpainetara eraman zuen eskuin ukabila berezko keinu batez.
Berbak doi, baina ez inondik inora gormutua.
Sabaiko lanparak sartu berria arakatu zuen, argi itsugarria Gerenaren alde. Film laburra osatu zuen buruan. Ez zegoen dudarik: emakumea lehenbizikoz sartzen zen. Hormaren aurrean paratu zen besoak luzaturik, gorputzean erantsita, bere altuera marraztu nahiko balu bezala. Galdera baten zain zegoen, seguru, noiz behegainari begira noiz goiko argiari. Tarteka Gerenari berari ere so egiten zion, baina haren begiradarekin topo egitean berehala kentzen zuen. Lehenengoz sartzen zirenen jarrera begi-bistakoa iruditu zitzaion Gerenari, ze ohiko bidaiariek bazuten kadentzia berezia, eta zeharo mekanizaturik keinu guztiak.
Gormutua...
Sinetsita zegoen lehen bezeroa nolakoa, halaxe etorriko zitzaiola eguna. Isila bazen, lana ederto batean joango zen; baina berbalapiko hutsa izanez gero, akabo bake santua.
Begoñako igogailuan aritzen zen beharrean, non egunean zehar 420 bider hola aditu behar zuen, 321 buenos días, 21 egun on, 459 hasta luego, 125 agur eta 86 bueno.
Kutxa zahar paramunizipala munduarekiko zilbor-hestea zen. Beherako bidaiak balizkoak ziren, urratzeak, hausteak. Gorakoak, berriz, aterpetzeak, abaroak, baiezkoak. Hormigoizko talaiak lehen ogibidea eskaini zigun. Ipar partean La Salveraino luzatzen ziren gure largabistak, San Antoneraino hegokoan. Urrutiago zelatatzerik bagenuen arren, itsasadarrarekin baino ez geunden axolaturik. Kartoizko txartela zen gure santoseña, non Gerenak hango eta hemengo zigiluak ezartzen baitzituen. Eta Garazik zeukan egurrezko plumierrean gordetzen genituen altxor ttipiak: kapikuak. Noizbehinka billeteen takoak ere eskatzen genizkion Gerenari.
Gormutua...
Igogailuko ateak zabaldu baino lehen, beharginen artean errotutako ohiturari kasu, lehen bezeroa zelan bataiatu ebatzi zuen: gizona baldin bazen, Gari; eta emakumea, Europa.
Eta blondak hanka egin ostean berekiko errepikatu zuen:
Europa!
Europa ostera ere ikusiko ez zuelakoan zegoen Gerena.
Gogoratu zen aitona Ramirok kontinente zaharrari zion miraz. Eta hark bazekien zertaz zebilen, urte mordoa eman baitzituen Alsaziako meategi batean. Han ere bazeuden igogailuak. Eta Begoñakoan ez bezala, han bazegoen alderik jaistearen eta igotzearen artean. Igo ahala espazioa gero eta zabalago bihurtzen baitzen, eta itoko zelako sentsazioa desagertzen zitzaion. Ze meategietan denbora luzea igaro arren, sekula ez zen ohitu, eta behin baino gehiagotan jasan behar izan zituen zorabioak eta klaustrofobia oldar itogarriak, baina bere kolkoan gorde zuen hura guztia. Europa jokoan zegoen.
Une hartan bost gizon-emakume sartu ziren igogailura oihuka arrantzaka txilioka. Hazpegietan zitzaien nabari ez zutela bisa beharrik.
Hello. Five tickets please... Excuse me, we are looking for our hotel...
Hauexek guretarrak dira, pentsatu genuen.
Europarrak.
Okerreko bidea hartu zuten. Ez zegoen zertan igo Carlton hotelera joateko, berriro jaitsi beharko zuten. Gorako bidean, Gerenak beherantz seinalatu eta bostek lehenengoan ulertu zuten. Eta barre-algaraka hasi ziren segidan, barre ergelak.
Gora ailegatzean, ateak zabaldu barik artez jaistea ebatzi zuen Gerenak, hurrengora arte itxoinarazi gabe. Aise konprenituko zuten keinuaren polita. Azken hilabeteetan, Munduko Futbol Txapelketa zela-eta, ikaragarri ugaltzen ari ziren europarrak. Hormigoizko igogailua bitxia iruditzen zitzaielako igotzen ziren gehienak. Eta arrazoia edozein zelarik ere, it's amazing, it's amazing errepikatzen zuten zein zurturik zeuden erakusteko.
Beherako bidean Gerenak berriro ordaintzera gonbidatu zituen, atzamarrekin lagunduz:
Beste bost txartel, mesedez.
Kanpotarrek ez bide zioten entenditu, eta begira geratu zitzaizkion, isilik. Elkarri begira. Gertatzen ari zenari erreparaturik, Gerenak atzamar luzea baliatuz azaldu zien zorretan zeudela.
Bost gora, bost behera.
Aurpegi kamutseko europarrek argi ikusi zuten amarrua. Eta garrasika orroka marrumaka hasi ziren: Ye fucking asking us to pay it again? What a fuck is this? Go to hell, bastard!
Eta abar luze-zabala...
Berba ingelesezkoak zokondo guztietara zabaldu ziren mehatxagarri, horma ezinbestez lohitu behar duen graffitiaren moduan. Zineman, egun batzuk lehenago, ikusitako marrazki bizidunetako mailu militar ibiltariak etorri zitzaizkion Gerenari burura.
Baina ez zegoen prest amore emateko.
Behean ez zien atea zabalduko, zirt edo zart egin beharko zuten.
No pay, no open.
Toki zarratu batean denbora luzea eman eta gero, beherantz begiratzera kondenatzen duzu zeure burua. Kalera atera eta zakurren moduan ibiltzen zara, usainka kasik. Herriekin, berriz, alderantziz gertatzen da. Arrazoiak arrazoi, gora eroaten duzu beti behakoa. Espainiak zuri behatzen dizu; zuk, Frantziari; Frantziak, Ingalaterrari eta Alemaniari. Eta den-denek Europari, ipar-poloko leku izozturen batean egon behar den gune horri.
Gerenak lurrean erdi etzanda erdi eserita ikusi zuen bere burua bat-batean. Gora begira zegoen. Kosta zitzaion ulertzea nola ailegatu zen egoera hartara. Hazka egin zuen bekokian. Igogailuaren ateak zabalik zeuden eta, bere ondoan, norbait ari zitzaion galdezka. Nekez ulertu zion lehenengoan, jakin ere ez zekien berarekin ari ote zen. Bere harridurarako, lehengo blonda bera zen, eguneko lehen bezeroa. Europa. Neskak zutitzen lagundu eta Gerenak haren eskuak sumatu zituen ukondoetan. Atzamar oso finak zituen, piano-jotzaile batenak iduri, nahiz eta bere bizitzan piano-jotzaile baten eskurik ez ukitu. Baina hori zioten denek, atzamar fin-finak piano-jotzailearenak.
Poliki baina, bere onera bueltatu zen. Ederto gomutatzen zuen zer gertatu zen. Europarrak ez zeuden. Begirada goxo eta hitz amultsuz, halaxe sartu ziren igogailura. Makur eta zakar irten ziren, ostera, yu facking bastard aldarrika, Oxfordeko ingeles dotorean, poetak zioen moduan okerbideak ez baitaki mintzaerarik.
Bilauek hanka egin arren, Europa apur batean gelditu zen. Carmen.
Edo Karmen.
Mamen.
Andrazko eder-ederra edozelan ere, batez ere igogailuko kobratzailearen aldean. Ze Gerena, maingua ez eze, motza ere bazen. Ziraun aurpegia zuen. Herdoiltzen hasia gainera, paradisuaren pare.
Boxeozalea zen Mamen.
Marzana moila mukuru zegoen, lohi zetorren itsasadarra. Euriteak inguruetako hondakinak eskobatu zituen aurreko egunetan. Denetik: aterkiak, pneumatikoak, zuhaitz enborrak...
Baita fagorrak, edesak eta otseinak ere.
Borroka azken unera arte egon zen kolokan. Baina ura lohi bezain bare itsasoratzen zen orain. Enborren adaxkak, plastikoak eta Turman Sozietate Anonimoko pieza ttikiak gailentzen ziren Abrarantz itsasbeherarekin elkar harturik. Enpresak enplegu espedienteak zituen zabalduak, desagertzera deituta zegoen, ez ordea langileen batzordeak istilurik eragin gabe. Eta gezurra iruditu arren, norgehiagokaren babeslea zen.
Gabarra baten gainean zegoen paratuta ring flotagarria. Arratsaldeko zortzietan, maiatzeko eguzkia ostendu guratan zebilen. Borrokak luze jotzen ez bazuen, eutsiko zion. Lehen aldia zen bi pugilentzat Ibaizabalen erdian. Juan Ramos El Junco del Peñascal-ek bazuen eskarmenturik Ogoñoko uretan, Elantxobeko urpekariekin. Adorea ematen zion jakiteak ez zela zorabiatuko. Mikel Irigoien Oñatiko Zoroa faborito zetorren, herrialdeko txapelketan crochet batez makurrarazi zuen Belcebú beldurgarria.
Lehorrekoa irristatuko ahal da! Huraxe besoak zubiko baranda gainean bermaturik zituztenen desio irmoa. Gerenak bere artean galdetu zuen ez ote zuten galtzailea uretara botako. Turmanen zaildutakoa zen igogailuan hasi aurretik. Berlangaren film guztiak fede bazitzaizkion ere, sinetsita egon zen Chicagoko garbigailuek behin-betiko jira emango ziotela bere zoritxarrari. Bigun-biguna zuen esku-ahurra Mr. Grussin presidenteak. Kalte egiten zion Bilboko poluzioak. Eta ez zen bueltatu.
Galtzailearen izenak auzoko hormak lustratuko zituen hurrengo egunean letra larriz: GAME OVER. Zoroa bazen, barre egingo zioten, besterik gabe. El Junco egurtuz gero, berriz, amenazoak azalduko ziren nonahi. Harrokeriaren eta lotsaren artean ezker kolpe bat baino ez baitago.
Ibaiaz bestaldera abiatu ginen. Zubian dirua lotsati mugitzen zen, gertuago zeuden borroka-lekutik merkatuko zaletuak. Han oñatiarraren aldeko hautuak erre egiten zuen, baina business is business. Nabarmenkerian ari zirenek bazioten iruzurra onartu beharreko garaipena dela beti. Eta bazekiten zertaz zebiltzan, merkatuan poltsikoetan artezten baitziren saltzaileen kalitate-kontrolak.
El Junco del Peñascal ziplo jausi zen lonara lehen asaltoko lehenbiziko kolpean. Euri-jasek azken egunetan ekarritako zabor guztiak bat-batean gabarrarekin talka egin balu bezala entzun zen. Danba! Kolpe sano lehorra izan zen, oihartzunik gabea, garbia inondik ere. Harridura zabaldu zen berehala batera eta bestera, kartelak ez zuen halakorik aurreikusten.
Segituan Belostikalera sartu ginen. Haserre gindoazen, damutuko zitzaion Mr. Turmani eskuen biguna. Mende bat lehenago Negrok bi asaltotan akabatu zuen El Inglés mustatxaduna. Toki berean.
Hireak egin dik, game over.
Gerenak sinetsarazi zigun garaipena gozatu beharreko iruzurra dela.
Danba! El Juncorenak besteko burrunba atera zuen Gerenarenak. Kolpe sano lehorra, oihartzunik gabea, garbia inondik ere. Lolo eta biok ikaratu ginen gehien. Herrena izanagatik, ez genuen halakorik aurreikusten.
Maitemindu egin duk. Lehen asaltoan.
Eta bere hitzei laguntzeko, lurrera bota zuen bere burua Garazik, besoak zabal-zabal, Peñascaleko pugila bezain indarge.
Harenak ere merezi zuen igogailuko horma zikintzea, letra etzanaz besterik ez bazen ere: Gerena, game over zagoz!
Mutilok Garaziri eskainitakoen ondoan.
Igogailuko horman ez ezik, ondoko haritz zaharreko enborrean ere onartu nuen neure porrota. Lona gainean nentzan arnasarik hartu ezinik, bihotzaren taupadak lauhazka eta erotuta nituelarik. Lurretik lehen asaltoaren kartela erakusten zuen azafata ikusten ahal nuen, takoidun zapatak soinean, barreka, Garazi erdi biluzik. Igogailuko hartan Mamen bezala. Gerenaren itzartzea bezain goxoa zen K.O. hura. Ezin zabaldu, ordea. Lolok ere amore eman zuen bigarrenaren txilina jo aurretik. Ingeniari ingeles mustatxaduna bezain borrokalari sutsuak ginen, bezain ausartak. Bezain kaxkarrak, antza. Egoera berean egon arren, ezin genion elkarri aitortu. Lehenago hil. Denborak jarriko gintuen aurrez aurre, ezkerraldea eta eskuinaldea bezalaxe. Bitartean, eremu neutro baten beharrean geunden.
Alirón, alirón, Gerena es campeón!
Urte hartan Errealak Espainiako futbol txapelketa irabazi zuen.
Gure siderurgia eta metalurgiari esker.
Sarabiak azken unean sartutako mustarda zaporeko golari esker.
Zubizarreta; Urkiaga, De la Fuente, Goikoetxea, Lizeranzu; Gallego, De Andres, Urtubi; Dani, Sarabia eta Argote.
Denak burdinazko.
Hurrengo bi urteetan bederen. Industriaren gainbeherarekin batera, gogortu eta gotortu egin ziren.
Eta geu ere bai.
Alirón? All iron! mespretxatu zigun Gerenak.
Zirudienez, ingelesek lur-azpitik ez eze, futboletik ere joa zuten aspaldi eraso ankerra.
Futbolean ere sator.
Alabin, alaban, alabin bon ban, Iñaki, Iñaki, geuria!
Mamenek berak proposatu zigun garaiz Athleticen oihu berria, baketu aldera. Gerena samurtu egin zen. Eta dantzan hasi zitzaigun. Une batez begitandu zitzaidan hanka bien gainean ari zela, zalu eta arin.
Lurrera ahuspez jausi aurretik.
Purgatorioa-1
Behin batean ez atzera ez aurrera gelditu ginen Begoñako igogailuan. Halakoxea behar din purgatorioak, xuxurlatu nion Garaziri, bost lagun aurrez aurre, esperoan. Lehena, urduria; bigarrena, zinikoa; hirugarrena, ausarta; laugarrena, ondradua; eta bosgarrena...
All iron, denak burdinazko.
Eta ni hari begira.