Ezker hanka falta zuen
Ezker hanka falta zuen
2005, nobela
112 orrialde
84-95511-76-2
azala: Leire Gisasola
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2024, antzerkia
2011, narrazioak
2007, nobela
2002, nobela
 

 

EUSKALDUNAKO GALIPOTA

 

Purgatorioa-4

 

En el purgatorio soplaba un nordés horripilante. Aquello es un brezal desarbolado, dio Rivasek.

 

 

Merezi zuen Gerenak zangoa galtzea manifestazio batean. Diabetesak eroan zion, ordea. Eta salbatuko zuen baldin eta, urte batzuk lehenago, River bigarren mailara igo izan balitz.

        Baina ez zen igo.

        Barakaldok jipoitu zuen azken partidan. Kain Abelen zelaian. Altzairugileek ametsa lapurtu zieten ontzigileei Arenasen mesedetan. Errana zigun Gerenak Bizkaiko Zubia, Colgantea, ez zela zubi, burdinazko hesia baizik. Sarobek bata bestearen atzetik zenbatu zituen baloiak ate barruan. Hormak Gruyère gazta irudi.

        Aukera guztiak kareletik behera. Oilo bustiak, ez beste! gogorarazi zion Gastonek amaitu eta berehala.

        El bar de Aureliora bildu ziren zenbaitzuk, Postaria ez zetorrela segurtatu eta gero. Zirudienez, goitizena ez zion soilik egunkariari zor, zelataria zelakoan zeuden denak. Gainera, pozarren egongo ziren bere nagusi zimurrak.

        Itxi egin zuten taberna. Paretetako undina lerdenek, begirunez, tentatzeari utzi zioten Maritxuk gu kanporatzeko exijitu baino lehenago. Bildutako gehienek bat egin zuten, alferrikakoak izan ziren Gerenaren kexak. Azkenean sukaldera bidali gintuzten. Bazkariaren hondarrak elkarren gainean metatzen ziren Pinillos enpresak Abandoibarran utzitako kontainerrak balira bezala. Eguneko menua ematen zuten, merke, aukeran merkeena, La Naval-eko beharginek bakarrik bazkaltzen dute hemen. Kako batzuetatik, burruntzali handiak eta pisu gutxiko lapikoak zintzilik. Haien gainean, Bizkaiko Aurrezki Kutxak babestutako posterra, sinaturik: Para el bar Iru de su amigo Jesus Loroño. Eta ondoan karabatu ulergaitza. Ziklistaren berri ere bagenuen, Gerenari esker. Eta irudi zuen ona zen guztia geuk dastatu aurretik fortunatu behar zela beti. Zeren ez Mortirolok ez Alpe d'Huezek ere ez zuten Loroño bezalako karrerista euskaldunik berriz ere ikusiko. Dudarik ez zuen Gerenak.

 

 

Sukaldera zigortzea hitzarmenaren eszenifikazio hutsa izan zen. Oihuak Boliren erreguak Gerenaren danbadak isiltzeko aginduak arrantzak Aurelioren balakak Maritxuren balakak argi iristen zitzaizkigun. Ate zirrikitutik, Mamenen bisaia goibela, Andres Barandika Erretuertoko muskerraren soslaia eta Boliren joan-etorri urduriak ikuskatzea ere bagenuen.

        Bihar, berandu gabe, ikasiko du Amuchasteguik nolakoa den Riverren aurrealdea!

        Amuchasteguitarrak lehenetarikoak izan ziren Bizkaian deslekutzearen bidetik ibiltzen: ezkerraldean ontziola eta eskuinaldean jauregia.

        Eta bulego bat Stockholmen.

        Eurentzat ere Abrako zubi burdinazkoa udaberriko osterak dotoretzera baino ez zetorren, Kantauriko paristarrak ziren.

        Felipe de Amuchastegui, gainera, Arenas taldearen presidentea ere bazen.

        Eta bide batez sasikume horien egoitza sozialari su emango diogu.

        Bat-batean Gerenaren hanka ortopedikoa aditu genuen Goikoren zartako baten moduan, Betisi sartutako gol hura. Ohi bezala, bateko eta besteko aferak nahasten ari ziren.

        Ez! Ekintzok, hotzean!

        Zer esan nahi duk? —erronka jo zion behargin bulartsu batek. Koldobika Rastrojo zen, Riverko bazkide berria erakutsi beharrean zebilen.

        Gerena ez zen asaldatu. Baina erabaki bat hartu behar zuten behingoz.

        Behin eta berriro jokoz kanpo geratzea bezain umiliagarria iruditu zitzaion bozketaren emaitza. Maritxu bera ere, denetan zentzuzkoena, bazeukan kontra.

        Mamenen begi unatuak narrasean zebiltzan zoruko harlauza zuri-beltzetan barna, xake peoiak balira bezala. Inoiz edo behin Gerenari adostasuna adierazteko dantzarazten zituen, hitzik ahoratu gabe. Geu ere bagentozen bat. Aferak ez nahastearen ondorio garbia zen, azken batean, partida hura ez zen berdegunean jokatzen. Itxaron beharra zegoen.

        Gerenak gizalegez onartu zuen. Biharamunean lotuko ziren zeuden toki berean.

 

 

Gerena atxilotu zuten gauean Garazi eta biok Begoñako igogailuen ondoko landetan etzan ginen.

        Hilabete berantago.

        Uztailean.

        Zegoeneko ahaztuta geunden Munduko Txapelketa, Irlanda, El Bar de Aurelioko hormak beztitzen zituzten andrazko eta Jesus Loroñoren igoerarekin. Kasete bat eta zinta batzuk eraman nituen. Niri Supertramp gustatzen zitzaidan eta Garaziri Eskorbuto. Ella Fitzgerald ipini genuen. Lolo gure bila ibiliko zen Etxebarriako fabrika abandonatuaren inguruan. Baina han zaindariaren dobermanak eta txatarretan joandako ijitoak bakarrik topatuko zituen, Etxebarria eurak ere. Ezin burutik kendu, ordea, River. Boliren taldeari kantariaren orkestraren trebezia ez ezik, ausardia ere falta zitzaion. Hamaika Duke Ellington, orain zoro orain zentzudun. Sestaok iraungo bazuen, nahitaezkoa zen swing armoniatsua. Beste zerbait hurrengo denboraldiari begira.

        Itsasadarrak eta zubiak bat egiten zuten lekura begira geunden. Ilargi beteak La Najako tren geltokia zeukan bahituta, eta ohartu gabe gure gorputz azpiko belar horixka ere bahitu zuen.

        Marrubi zaporea zuen Garazik.

        Hurrengo egunean aita garrasika sartu zen gelara. Bere senetik erabat aterata zegoen.

        Ez haut berriro ikusi gura Iñaki Gerenarekin, aditu duk? Inoiz ere ez!

        Baina edo antzekorik xuxurlatzeko betarik gabe, eskuin masaila berotu zidan, Siemens labea bere esku ahurra. Lolok kristauarena egin zuen, ezkerrekoan eman zion haren amak zaplaztekoa. Garazi, aldiz, libratu egin zen. Gureak ez bezalakoak, gorriak ziren haren gurasoak.

        Hala ere, komunismoak ez zion debekua barkatu.

        Gerena hilda zegoen.

        Aditu duzue?

        Nekez konprenitu, ordea.

        El bar de Aurelio tabernan aferak nahastu nola, hala endredatu zitzaizkidan kontuak. Garazik musukatu eta hurrengo egunean, umezaroaren gulagetara erbesteratu nahi ninduten berriro.

 

 

Bezperako landetan lotu ginen hirurok. Lur sakratuaren bortxatzea iritzi nion, baina Garazi temoso jarri zitzaidan. Amore eman eta berandu samar ailegatu nintzen ordu batzuk lehenago itsasadarra niganatu nuen tokira. Zitroina usaindu nuen marrubia egondako tokian. Lolok gorri zeukan oraindik masaila. Barre egin nion Garaziren zakur begiek mehatxatu arte.

        Eta atzo?

        Gauez nora demonio sartu ginen. Etxebarriako piztia beltzak irten zitzaizkion eta zelan edo halan ihes egitea lortu zuen.

        Eta ijitorik...?

        Garazi zaunkaka hasi zen berriro, informazioaren beharrean geunden.

        Nik banuen ideia bat edo beste. Gertatutakoak zerikusirik behar zuen Amuchasteguitarrekin ezinbestean. Hilabete geroago jazo arren. Lolok Egin erosi zuen zer edo zer ekarriko zuelakoan, baina Gerena atzeman zutenerako itxita zeuden edizio guztiak. Erantzunik gabeko hamaika galdera genituen: nondik nora atzitu zuten; Amuchasteguitarrei lotuta zegoen; bakarrik zebilen preso hartzeko unean...

        Azkena Garazik argitu zigun. Gerenarekin batera, Boli, Andres Barandika eta bikietako bat ere jausi ziren. Besterik ez zekien. Bere ustez, Mamenengana jo behar genuen lehenik eta behin. Nola ez zekien, ordea. Non bizi zen edo non zebilen beharrean ere ez genekien. Orduantxe ohartu ginen guztiz ezezaguna zela guretzat.

        Onena, beraz, El bar de Aureliora bueltatzea.

        Lolok eta biok baiezkoa egin genuen buruaz, elkarri ikaratan begiratzen geniola.

        Nik gaur ez dinat joaterik desenkusatu zen hura.

        Eta neuk ere ez nik segidan.

        Garazik ez zigun hurrengo egunera arte ulertu.

 

 

Mamen ez duk Carmen.

        Garbiago berba egiteko agindu genion Garaziri. Gero eta Gerenaren antz handiagoa hartzen ari zen.

        Mamen ez duk Carmen. Eta are gutxiago Europa.

        Eta nola deitzen da, ba?

        Bada hori duk onena. Inork ez zakik zelan deitzen den, baina ez duk Mamen.

        El bar de Aureliora biltzen zirenak ziren inor hura.

        Harrotuak baina nahastuak.

        Izutuak.

        Garazi, guri itxoiteaz gogaiturik, bere kasa joan zen. Hainbat altzari falta zitzaizkion tabernari. Andrazkorik ere ez zegoen hormetan apaingarri. Txakurrek kendu zituzten erregistroan. Betiko lizentziatu izanaren itxura erakusten zuen tabernak. Isiltasun beldurgarria. Mount ere zeharo bestelakoturik zebilen zorioneko atxiloketatik. Zorionez, sukaldeko ziklistak Urkiolan gaindi zirauen, ezabaezin.

        Maritxuk azaldu zizkion gainerakoak. Gaston postari susmagarria ez zen salataria.

        Orduan?

        Bat-bateko aldegitea baino froga garbiagorik ez ei zegoen.

        Nork ikusi du emakume hori Gerena eta enparauak komisaldegiratu ostean?

        Garazi sinetsi ezinik zegoen.

        Geu ere berdin.

        Eta orain zer? desafio egin zigun.

        Orain?

 

 

Ez genekien Kordoba Espainiako mapa politikoan ipintzen.

        Garazik, berriz, oso besterik ikusten zuen afera eta lantzean-lantzean gutunak bidaltzen zituen kartzelara. Geuk ere bidaliko genituen, noski, baina ez genekien zer idatzi. Hura zen, azken batean, mahaiak eskatzen zuen laugarren hanka.

        San Mateo.

        Ordurako marrubi zaporea zuen atzera ere. Marrubia arratsero igogailu ondoko belardian. Halakoetan Lolok segurtatzen zigun nahiago zituela Gernikako piperrak eta bere amaren tortilla, eta ordubete inguru ematen zigun afaltzetik itzuli baino lehenago. Garaziri denboraren erdia joaten zitzaion Kojakak zurrupatzen.

        Ama Birjina egunaren bezpera sargoritsuan Loloren inbidia ez ezik, lotura ugari ere bazeuden kiskalita. Garazi pintura pote batekin agertu zen hamarretan. Beltza. Igogailuko hesiaren hormigoizko hormak hozten hasiak ziren. Bazetozen fededunak Begoñara. Berehala ulertu genuen: Gerena askatu! Presoak kalera! Oker genbiltzan. Aldarri batez apaindu beharrean, jauregi moduko bat marraztu zuen.

        — Meskita batean zagok preso Gerena.

        Mutilok han Alhambra zegoelakoan.

        Hortik aurrera nonahi ugaritu ziren meskitak.

        IZARen ere bai.

        — Pandotarrak falta zaizkiguk, ostera.

        Gerenaren antza hartzea gutxiegi zen ordurako, kameleoi genuen laguna. Segituan azaldu zigun. A. Maria de Pando eta M. Luisa de Pando-ren kroskoei eraso egin behar genien. Aldamioak kendu baino lehen.

        — Hiri burutik joan zain erabat. Nirekin ez kontatu! —haserretu zen Lolo.

        — Nirekin ere ez.

        Geren ez zegoen hilda, tokitan baizik.

        Kasik xuxurlatu nion.

        — Guadalquivir ez dun Ibaizabal.

 

 

«Itsasadarra barik, ibaia dinagu hemen. Baina ez dun horren diferentea. Minerala ere bazagon! Kar kar kar. Eta ez gauden Titanic baten beharrean, ez horixe. Oker zebilenan Mountbatten pospolo itxurako kabroi hura. Jakin dinat ibili zela itsasontzi hartan, berriz, euskaldun bidaiari bat: Ramon Artagaveytia. Amuchastegitarra nonbait, baina klaseak ez omen zinan heriotzatik libratu. Azken hau ez zakinat, baina ez luken harritzekoa. Europa ez dun inoiz izan sinetsarazi diguten bezain zabal eta laua. Baina, badaezpada ere, izozturik ito zen ikertzeko eskatu gura dinat...»

        Kartzelara sartuz geroztik, Garazi ibili zen albiste emaile. Hasieran ez zuen gure jarrera ulertzen, hain lotsagarria, hain koldarra, horren zekena!, baina handik urtebetera ohitu eta, esango nuke nik, disfrutatzen ere ikasi zuen bere paper berrian. Amezaga zein Kresala jubilaturik eta Gerena kaleraturik, mahaia eutsi beharreko hanka bilakatu zen, zertan eta gutun trukaketan. Hari esker jakin genuen Lord Mountbattenekin batera 14 urteko biloba eta 15 urteko ontzi-mutil bat ere hil zirela leherketan eta, Ingalaterrako Erreginaren lehengusua zenez, Westminsterko Abadian lurperatu zutela.

        Ramon Artagabeitia!

        Ez zen hondalean betiko galdu, Gerenaren eta Garaziren gutunek zigilu bera zeramaten.

        «Boli Riverren ez dagoenetik taldea hobeto omen dabil. Kasualitatea den ez dakit. Tira, Gastoni irakurri diot, 'un equipo que ha pasado por el desguace' idatzi du, nabari zaio ez zuela hura estimu handian. Gu geu ez gara oraindik ikustera joan. Mutilak lanpeturik dabiltza, badakizu.»

        Eta hala zen.

        Zeren eta handik hilabete batzuetara, Marítima Antares-en pandoak kimika produktuak garraiatzen ari ziren bitartean, Athletic itsasadarrean gora aupatu zen gabarra batean.

        Gure siderurgia eta metalurgiari esker.

        Alabin, alaban, alabin bon ban, Athletic, Athletic, geuria!

        All iron tematu zen Garazi—. Denak!

        Alferrik.

        Zelan akordatu egoera horretan Riverrekin?