CHIAPASKO BEROA
Etxera iritsi bezain laster sartu zen ohean. Logelan ez zeukan gauza askorik: ezkerretara eta lurrean ipinita, arrebak Marokotik ekarritako abere urdailez egindako lanparatxoa, eta haren ondoan Koldo Izagirreren liburu berria, globalizazioari buruzko liburukote irentsezin bat eta Erich Frommen Maitatzearen artea, bata bestearen gainean ipinita, eta hiru liburuek osatutako behin-behineko mahaitxoaren gainean Gipuzkoako Kutxaren irrati-iratzargailua. Horman argazki bakarra zeukan, Nereak eta Sebasek goiz hartan Mexikotik bidalia; kartazal barruan sarturik iritsi zitzaion, gutun batekin: «...eta logela urdina zu bertan bizi aurretik zegoena baino hutsago dago, nahiz eta utzitako arrastoek (Isabelek oparitutako Jarabe de Paloren elastikoa, eskergabeko hori!, futbolean irabazitako kopa eta gutun parea) zure gertutasunaren presentzia ematen diguten». Beheko tabernan, fetitxismoaren kontrako apologia egitetik zetorren gazteak loriazko koherentzia sentituz zakarretara jaurti zuen gutuna irakurri eta gero. Ez zuen gutuna erantzungo, bukatutako harremanak bukatu zirela berresteak indartsu sentiarazten zuen. Argazkia ordea paretan itsatsi zuen, atzean hirurek maite zuten Leon Giecoren abestia idatzi zion.
Berak ateratako argazkia zen. Nerea eta Sebas ageri ziren, etxeko ezkaratzean; plano motzean eta mugiturik Nerea, eta atzeko planoan, hamaka batean etzanda, Sebas, zigarroa erretzen. Chiapasen ezagutu zuen bikotea. Aspaldiko ametsa zen Mexikora argazkiak egitera joatea, eta behar bezainbesteko dirua aurreztutakoan abiatu zen. Azken momentuan, eman zioten han bizi ziren euskaldun biren helbidea; San Cristobal de las Casasera iritsi zenean, zimur-zimur eginda zegoen orri zatitxo hark Sebas eta Nerearen etxeraino eraman zuen. Lehen unetik agerian gelditu zen kimika ona zegoela hiruren artean. Nereak EZLNri buruzko liburu bat idazten ziharduen, eta Sebasek, herrian egiteko hoberik ez eta Nerearekin biziki maitemindurik, abenturan lagundu zion. Segituan proposatu zioten soberan zeukaten gelatxo urdinean bizitzen gelditzea.
Tipo lasaia zen Sebas, anbizio handirik gabekoa, hiru edo lau printzipio zurrunen jabe. Ezagutzen zuen orok igartzen zion Nerearenganako fede itsua. Nerea, ezpainetan beti irribarrea duten horietakoa zen, hiztuna, eta emetasunez gainezka egiten zuen. Tradizioari jarraituz, Sebas eta bere artean eraiki zen triangelu forma eskatzen zuen harremanaren lehen lerro zuzena, eta elkarrekin hasi ziren joaten argazkiak ateratzera edo futbolean jokatzera. Nerearekin emekiago joan zen dena. Hasieratik ezarri zion Sebasen neskalagun etiketa, polita zelako agian, edo lehenbizikoz ikusi zuenean txunditurik gelditu zelako bere hanka mugagabeekin eta hauek sostengatzen zuten bihotz formako ipurdi magikoarekin.
Afaloste batean Nereak zapatisten komunitate batera berarekin joateko proposamena egin zion, lauzpabost egunetarako, argazki ederrak atera ahal izango zituela eta, bide batez, bere libururako interesgarriak izan zitezkeen zenbait ere bai. Sebasen onespena probokatu nahi zuten esaldiak elkar lotzen hasi zen, horretarako neskaren proposamenari traba txoroak jartzen, baina ez zen bere begietara begiratzera ausartu, Sebasek esan zuen arte: Aukera ederra duk hiretzat, motel.
Sebasek autobus geltokira lagundu zituen, eta orain ohartzen da ezeroso sentitu zela bide osoan, Nerea eta Sebasen despedidako muxuak suposaturiko su-etenean izan ezik. Muxuak iraun zuen segundo erdian argi gelditu zen zein zen bakoitzaren papera; hau da: Sebas eta Nerea elkar maite duten bikotea, eta bera, argazkiak ateratzera doan bikotearen ezagun bat. Eta gero Sebasen irudia zuhaitzenekin zirriborratuz joan zen, orban ezdeus bilakatu arteraino. Orduan soilik hasi ziren hizketan. Erraza zen Nerearekin, komunikaziorako dohain berezia zuen neska hark eta ez zuen elkarrizketak gainbehera egin zezan uzten. Politikaz mintzatu ziren autobusean, Euskal Herriko mugimendu abertzalea sendotu beharraz, gobernuen jarrera zekenaz, arteaz eta Guggenheimaren izaera inposatuaz, San Cristobalen europartasunaz eta bertaratutako sasi-hippien aurpegibikotasunaz, gai batetik bestera tximinoak adarrez adar bezala igaroz.
Komunitatean elkarrekin ibili ziren egonaldi osoan zehar. Nereak libururako behar zuen informazioa bildu bitartean, argazkiak egiten aritzen zen inguruan. Gauetan hautsez beteriko egurrezko barrakoietan egiten zuten lo, kotoizko koltxoi zahar batzuen gainean. Hirugarren gauean Sebasekin zuen harremanaz mintzatu zen Nerea, hemezortzi urte zituenean hasi zirela irteten, eta biziki maite zuen arren lehentasun ezberdinak zituztela. Aitorpen honek ez zuen ezustean harrapatu, baina hala ere ezjakinaren plantak egiten jarraitu zuen. Lortu berri zuten intimitatean ostendu ziren hirugarren baten itzala iristen ez zen barrakoi hartan, eta Sebasekin harremana estutu izanaz damutu zen, gizonen arteko legea erakarpenaren aurretik jarri izanaz. Gizon batek bikote bat ezagutzen duenean, harremana lehenik gizonarekin estutu behar duela dioen konbentzioari irain egin zion bere baitan, Nerearen ezpainetako hitzak begiradaz jarraitzeari utzi gabe.
Bero ikaragarria egiten zuen barrakoian, hezea, pisua. Hasieran izerdi tantak iruditu zitzaizkion, baina ez, ibilerarekin aldi berean beldurra eta gorespena sortzen zituen emakume hura haurtxo baten antzera ari zen negarrez. Besarkatu besterik ezin izan zuen egin, besarkatu eta bere ilea musukatu, kobrezko ile leuna hatz artetik isurtzen utzi. Bere begietatik edan nahi zuen, bere mingainaz gogaitu, baina horren ordez Zer duzu galdetu zion, egindako galderarekin ez oso konbentziturik. Hirugarrenaren izena ahoskatu zuen, maitalearekin harrapatu dutenaren begiradarekin. Eta horrelaxe hartu zuten lo, korapilaturik, isiltasunezko giroan eta gorputzei zerien komunikazio nahiaren arteko borrokan sorgindurik. Biharamunera arte.
Ez esnatutakoan ez hurrengo egunetan ere ez zuten gaiari buruz deus aipatu.
Orain, argazkiari begira, paper sentikorrean geldituriko indizeetatik ahalik eta erantzun gehien jaso nahian dabil. Inoiz egin ez izanaren damua sentitu ote zuen Nereak, haragizko korapiloa gehiago endredatu ez izanagatik nostalgia. Hain inozentea suertatu ez zen kamaraderiazko begirada hartan erantzuna bilatzen saiatu zen, paper bilakaturiko emakume hari itaunka. Zer ezkutatzen ote zuten herdoil koloreko begi haiek? Eta zertaz ez zen jabetzen han atzealdean hodeiei begira zigarroa zupatzen ari zen Sebas? Zaila zen erantzunok argazki hari ostea, desenfokeak erantzun iturri handienak, begiak, laino zuri fin eta mehar batez estali baitzituen, paperezko Nerearen komunikazio gaitasuna lausotuz. Eta desenfokerako zaletasuna gorrotatu zuen, bere burua madarikatu zuen Tendences aldizkariak eta fashion argazkilarien joerak imitatu izanagatik; despiste artistiko hura barkaezina zen. Hala ere, nahiz eta jakin garagardo eta nekearen efektu somniferoa gainditzeko zailtasunak izango zituela, San Cristobalgo etxeko egongelan hartutako argazki hura biziarazten saiatu zen, fosilizatutako une hura sentitzen. Atentzio osoa horretan ipinita, paretak osatutako eremuz kanpokoa argazkitu zuen, argi izpien lorratzak paper sentikorretik igeltsuzko hormaraino luzatuz. Plano motzak gorputz osoko plano bihurtuz, gona gorria jantzi zion Nereari, bakeroak eta larruzko sandaliak Sebasi; Canonaren atzean kukuturik ezarri zuen bere burua; egurrezko leiho zuri bat eskuineko paretan eta ezkerrekoan Freedom for Basque Country zioen afixa, eta ez da gogoratzen noren amak oparitutako makramez eta egurrez egindako apalategi horitua, eta gainean kalabaza txiki bat eta Marcosen aurpegi estalia kristalezko hautsontzian tailaturik eta Sarriren ez daki zein liburu.
Nerea eta Sebas eztabaidan ari dira egongelan. Ez daki zergatik, ez du ulertzen. Hitz pisuak motelak dira, lausoak. Ohean etzanda dago bera, biluzik. Esku batean Coronitas botila bat dauka limoirik gabe, Jose Revueltasen antologia bestean, eta bikotearen hizketaldiak sehaska kanta baten efektu berbera eragiten dio. Bat-batean ohartzen da liburuak ez duela letrarik, txinaurriak baizik, eta beldurtu ordez, txinaurrion hankatxoek egiten dizkioten kilima ttipiekin dibertitzen da. Ezin du irakurri, gora eta behera dabilzkio txinaurriak behatzetan zehar korrika besoetan zehar bularrean zehar, eta aldi berean besteen kezko ahots geldoak entzuten ditu, edo hala iruditzen zaio behintzat, eztabaidan. Halako batean Nerea agertu da bere gelan, biluzik, gainean jesarri zaio, alua bere zakilaren kontra tinko estutuz, eta kilima gehiago; Txissss egin du Nereak hatza ezpainetara eramanez, Isiltzen ez bazara ezin izango ditut uxatu. Uste baino bular pare oparoagoa dauka, titiburuak arrosa-arrosak, tenperaz pintaturik dituela dirudi. Gainean eserita, eskumuturretatik heldu dio; Txisss! Isilik, bestela ez dute inoiz alde egingo txinaurri madarikatu hauek!, eta aurrera mugitu da, atzera eta aurrera, poliki, eta neskaren igurtzi sotilak erabat puztu du. Txinaurriak desagertu dira. Orain bere titi parea dauka ikusmiran, baina ezin bertan hondoratu, eskumuturretatik tinko heldurik baitauka, irribarre bat anbarezko adatsek mugaturiko aurpegian. Azkenean lortu du esku uztarriez libratzea eta bularrak ukitu dizkio; gogor-gogorrak dauzka, melokotoi bi dirudite, gozo eta trinkoak, bilo leunez estaliak, titimutur kimu tontor askeak, zimikoen eraginpean erne. Oharkabean irentsi egin du, irentsi eta kanporatu, oso-osorik irentsi eta oso-osorik kanporatu, Nerearen ipurmasailak bere izterren kontra joz geroz eta erritmo bizi bortitzagoa hartzen duen galopa etengabean, garrasi izerdi hasperen artean erabat hustu arte. Bata bestearen barruan daudela muxu eman diote elkarri, haragi bigunezko muxu luze bustia, zorabio atsegin batean bildua. Nerea ere izerditurik dago eta alboan etzan zaio. Nekaturik dagoela dirudi, baina ez du lo har dezan utzi nahi. Haragi bigun gehiago nahi du eta, emakume gorputz haren lineak muxu azkarrez setiatu ondoren, bere sabelpera abiatu da, bertatik edatera. Bilo-sasi iluna zirudien hura txinaurri andana beldurgarria da, eta orain ahoaren barrunbean dabilzkio, eztarrian eta sudur zuloetan gora.
Erabat aztoraturik esnatu zen. Jauzi batez ohetik jaiki eta komunera joan zen, bere burua ispiluan begiratzera. Bueltan jasotako irudia: ileak nahasirik eta izerdi patsetan zegoen gazte bat. Hala ere aztoraturik jarraitzen zuen, hain erreala izan zen dena, oraindik ere Nerearen aho ihintz epela senti baitzezakeen ezpainetan. Ohera itzuli zen. Goizeko zazpiak eta erdi ziren. Eguzki printzek laranja kolorez tindatu zuten logela. Goizegi zen jaikitzeko, beranduegi loak hartzeko. Ametsa probokatu zion argazkia ere laranjaz bustirik zegoen, eta bera han, zentzumenak sorgortu zizkion emakume haren ondoan.
Argazkiari so zegoen, ametsaren kresalak bustita, eta eternitatearen kontzeptu abstraktuari emakume haren izen-abizenak jarri zizkion. Argazkian igarritako aldaketa batek baino ez zuen sorginkeriatik erauziko: ordurako desenfokeak ez zuen argazkian ageri ziren bisaiak laino mehar batez estaltzen. Garbitasun osoz ikus zitzakeen Nerearen begi uger gardenak berari begira, bera ere esnatu eta maitatu berritan balego bezala.
Ohetik jaiki eta, kafegailua sutan zegoen bitartean, gutuna hartu zuen zakarrontzitik. Zimurrak kentzen ahalegindu zen piztu gabeko plantxarekin lisatuz, esku ahurrarekin errime zanpatuz. Eta berriro irakurri zuen. Ondoren, koadernotik hartu zuen arren, inoiz ikusitako orririk zuri eta hutsena iruditu zitzaion haren aurrean paratu zen, eta kafea hotz gelditu zitzaionean baino ez zuen idatzi, Begi uger laztana: