JUANLUIS ETA KILIMAKURRAK
Ez dut gogoratzen noiz sortu nuen, ezinezkoa da eguna zehaztea, are gutxiago unea, ez bainuen bat-batean osorik ezagutu, pixkanaka baizik, halako batean aurpegi eta guzti agertu zen arte: Bambi begiak, burua arradaturik, 1.80 metro, berrogei urte inguru, argala baina gihartsua.
Berlinera ikastera joan nintzenean gertatu zen. Lagunekin Europan barrena egindako tren bidaian hasi ziren kilimakurrak sabelaldean, bagoian berarekin bakarrik egoteko grina ulertezina, adieraztezina, lagunen gaztetasun txilioetatik gorderik, eta ondoren etxetik fakultaterako autobus joan-etorrietan jarraitu genuen hizketan, oraindik nor zen zehazki jakin gabe, gizonezkoa, hori bai, eta ni baino helduagoa, hori ere bai, euskalduna, bakero eta mendiko botekin janzten zena neguan, sandaliekin udan, galtzerdi eta sandaliekin batzuetan, baina horrelakoetan kentzeko esaten nion, alemaniarrak ekartzen zizkidalako gogora. Eta ezer gutxi gehiago jakin nezakeen: Berta izeneko andre batekin ezkonduta egon zela, alemaniarra bera, Lora izeneko zazpi urteko alaba zutela. Berak, ordea, niri buruzko dena zekien, norekin maiteminduta nengoen, norekin minduta, nor maitatu nuen gau batez kaiko barandaren kontra, zer koloretakoak nahiko nituzkeen etxeko hormak, zein izen jarriko niokeen katuari, zergatik erosi nion ostegun goiz hartan lore sorta bat nire amari, nola erabaki nuen urte hartan nire gurasoak gurasotzat onartuko nituela arrangurak alboratuta.
Elkarrekin bizi gara. Eguraldi ona dago eta goizean hondartzara joan gara jogurt izozki italiar bat jatera. Bihotza, deitzen dit. Ez, laztana, hobeto. Soineko gorri bat daramat soinean, eta Juanluisek niki berde bat eta lihozko galtza beltzak; ez, Nafarroa Oinezeko kamiseta. Telefonoa. Biok sakelako telefono bera erabiltzen dugu. Juanluisentzako da: Berta, Morganen afaltzeko; niri ere proposatzeko; baina ezin dut, gurasoen etxean afalduko dut gaur, aitaren urteak ospatzeko; ez, Sanjuanak direla eta lagunekin daukadala afaria Hernanin, Izarok erosi berri duen etxean. Bazkalorduan Bertari buruz hitz egin dit: oraindik ez da Euskal Herrian sustraitu, lanak itota dago, Lorarekin nahi adina egon ezinik. Loraren zaintza erdi bana egiten dute. Juanluisen txanda denean, eta nik egun erdiz egiten dudanez lan, askotan joaten naiz Lorarekin parkera edo Kantauri itsasora hiltzera etorri den izurdearen igerialdiak ikustera. Irakaslea naiz lanbidez. Edo itzultzailea. Oso ondo moldatzen naiz Lorarekin. Bere amarekin baino hobeto. Polita da neskatxa, bizkorra gainera. Badu begiradan gainerako haurrei ikusten ez diedan distira heldu bat, keinu bat, zerbait. Juanluisen antza dauka begietan, Bertarena gorpuzkeran eta sudurtxo pekadunean. Ez, horaila da ama bezala, eta aitaren gorpuzkera atletiko eta luzea dauka. Hondartza. Muxu bat bidali dio elkarrizketa bukatu denean. Nik ez dut begirada itsasotik kendu. Muxu horrek ziztadarik eragin izan ez balit bezala. Beregana erakarri nau gerritik. Laztandu egin nau. Nik ere modu berean erantzun diot. Maitemindurik.
Ez dakit oso ondo noiz utzi genion elkar ikusteari, baina badira dagoeneko lauzpabost hilabete inolako harremanik izan ez dela bion artean. Ez naiz bere aurpegia gogoratzeko gai. Bere ahotsa entzuteko ere ez. Bere begiradak begira nazan uzteko. Galdu egin dut eta ez dut nahi. Arrazoi bat eman izan balit sikiera, errazagoa litzateke dena, baina ez, arrastorik utzi gabe egin du alde. Diskretuki.
Jabetza materialik eduki ez izanak gauzak zailtzen ditu, ezin baitut koadernoetan begiratu, kaxoietan utzi dituenen edo utzi ez dituenen inbentarioa egin, hotzetik babesteko edo, aitzitik, beroa hobeto jasateko arropak eraman dituen jakin.
Parte handi batean nire errua da dena. Ni eta nire apetak. Eta Oskar. Damutu egiten naiz Juanluis eta bion artekoa Oskarri kontatu izanaz. Erdi brometan hasi ginen, inoiz inori kontatu ez diogun zerbait elkarri kontatzeko tratu txoro batekin. Arratsalde sargori batean, sexu sukartsuaren osteko solas izerdituan, zure izena aipatu nuen. «Lagun imajinario bat daukat», eta sentsazioa ondo gogoratzen dut, ez bainuen ordura arte sekula ahots ozenez esan: «Juanluis». Lotsatu egin nintzen, eta hori izan zen gaitzena, lotsatu eta ondorioz garrantzia kendu nahi izana, zutaz trufa eginez, gutaz eta ordura arte eraiki genuen guztiaz. Higatuz joan zinen, eta orain ezin dut zure atomo bat bera ere aurkitu.
Zenbat gau igaro ote ditugu elkarrekin, loak garaitu arte solasean, Sevillako hotel dekadente batean elkar maitatzen, zure lagunentzako afari ahaztezin bat prestatzen saiatuz, Lorarekin batera kometak hegaldatzen Hondarribiko hondartzan. Zenbat aldiz asmatu dut nekea justifikatzeko zio sinesgarri bat. Hernaniko festetan lagunekin parrandan nengoenean, edota zinematik atera eta derrigorrezko kafea saihesteko aitzakia baliagarri bat. Zenbat aldiz. Ohean sartu eta zurekin egoteko gogoa edozein eginbehar baino boteretsuagoa bihurtu zen. Goizetan zurekin egoteko esnatzen hasi nintzen, gosaria logelara ekartzen, eguerdira arte zurekin berbetan-eta. Orduan ezagutu nuen Berta, oroitzen zara?; Donostiako kaian gosaltzen ari ginen handik igaro zenean, Loraren eskutik.
Hernanin geldituko naiz lotan, Izaroren etxea estreinatzeko. Aspaldian ez gara koadrilakoak elkartu, eta horrelakoetan hobe autoa hartzen ez badugu parrandatik bueltan. Gainera, errepide horretan askotan egoten dira polizi-kontrolak. Bai, Izaroren etxean geldituko naiz eta bihar eguerdian itzuliko naiz gurera, bazkalordurako. Juanluisek kotxez eraman nau Hernanira eta ondoren Donostiara joan da bere hitzordura. Ez, gure etxean geundela, hitzordua baino ordubete lehenago etorri da Berta bere bila, eta trenez joan behar izan dut Hernanira. Etxera igo da eta ez dit ia kasurik egin. Juanluisek egoera samurtu du, dena baino oraindik modu amultsuagoan niregana zuzenduz. Gogaitu eta joan egin naiz. Hernanin nago, Izaroren etxean. Afaria egiten bukatu du gizonezkoei buruz mintzatu garen bitartean. Malezia falta soilik egotz diezaioket Juanluisi. Bertari buruz galdetu dit, ea zer-nolako harremana duten. Bertak maitemindurik jarraitzen duela esan diot, baina Juanluis ez dela ohartzen. Berta eta nire arteko harremana geroz eta jasangaitzagoa dela esan diot eta Juanluis eta Lora tartean egoteak bakarrik galarazten duela nik eztanda egitea. Gainerako lagunak heldu direnean hasi gara afaltzen. Paper batean bakoitzak urte horretarako dituen nahiak idatzi ditugu, ondoren, ohitura denez, sutara botatzeko. Juanluisengan pentsatu dut. Giro bitxia dago koadrilan hori egin eta gero. Nor bere mamuekin jostetan hasi dela esango nuke. Izaro negarrez hasi da, dena kaka zahar bat dela esan du eta komunean giltzapetu da. Ez du inorekin hitz egin nahi. Ordubete lehenago ere triste zegoela iruditu zait, bizimodu aspergarria duela esan didanean. Atearen bestaldetik berarekin hitz egiten saiatu naiz, baina alferrik, negar zotinka jarraitu du. Une horretan Koldo iritsi da. Joateko eskatu digu. Edo guk erabaki dugu biak bakarrik uztea. Parranda egin gabe itzuli gara herrira taxi bitan. Gure autoa etxe azpian ikusitakoan harritu egin naiz, Juanluis hain goiz etxera bueltan etorri izanagatik. Etxean sartu eta egongela aurretik igarotzean plater zikinak eta ardo botila hutsak ikusi izana iruditu zait. Urduritu egin naiz. Sofan, Juanluis eserita dago eta bere bularraren gainean etzanda Berta. Lo daude. Ez, esna daude, eta ni ikusi orduko jauzi txiki bat egin du Juanluisek. Ez dago aztoraturik. Edanda dagoela esango nuke muxu eman didanean. Bertak agur lehor bat egin dit eta eroso jarri da sofan.
Oskar txantxak egiten hasi zitzaidan telefonoz deitzen zidanean, ea zurekin okupaturik nengoen galdetuz edota zuretzako eskumuinak bidaliz. Nik barre egiten nuen, ezin bainuen beste ezer egin, ohartzen zara?, ohartzen zara hori zela egin nezakeen gauza bakarra? Hasieran maitale harremana besterik ez geneukan, ordura arte izan nituen guztiak bezala, baina geroz eta maizago gelditzen hasi ginen, eta Zumardian pisu bat alokatu zuenean, psikologikoki bada ere, hara mugitu nintzen. Berlindik itzuli nintzenetik ezin nuen jasan gurasoen etxean egotea, are gutxiago urte hartan nire buruari egindako promesaren ostean: maitatu egin nahi nituen. Amari goizero bezperako kontuak eman, haien harreman ahituaren partaide izan, miseria emozionalaren lekuko, gehiegizkoa zen niretzat. Handik ihes egiten ez nuenetan nire logelan ixten nintzen zurekin egotera. Oskarren etxeko giltzen kopia edukitzeak mehatxurik gabeko lasaitasun espazio baten giltzak edukitzea suposatu zuen, eta hara joaten hasi nintzen egunero, nahiz eta bera han egon ez. Giltzapetu beharrik gabe bakarrik egoten ikasi nuen, gustura egoten. Oskarren gabezia gozoa zen, bere etorreraren perspektibak itxaronaldia urduritasunez betetzen baitzuen. Nire tesirako pelikulak ikusten egoten nintzen edo leihoan eguzkia hartzen edo irakurtzen edo idazten, hura etorri arte. Batzuetan, ardo botila on bat ekartzen zuen, eta balkoian afaltzen genuen munduaz barre eginez. Besteetan, xaboi zati bat hartu eta bainatu egiten ninduen, eta gorputz atal guztiez arduratu ondoren, krema eta perfumea ipintzen zidan amodioa egiten bukatu aurretik. Horrela igaro genuen uda osoa, plazeretik plazerera, zoriontasuna egunen parte bilakatuz.
Ez dakit zer esan, nola jardun. Duinegia naiz zelo eszena bat egin eta Berta etxetik botatzeko. Zaplazteko bat eman nahiko nioke, Juanluisen aurrean lotsarazteko. Alta, gabon esan diet eta zer moduz afaldu duten galdetu. Juanluisek totelka hitz egingo zuela iruditu zait une batez, baina tronpatu egin naiz eta modu ezin naturalagoan erantzun dit: azkenean ez direla irten, eta keinu bat egin dit Bertarengatik izan dela adierazteko. Mahai gainean, errauts eta zigarrokinez gainezka, hautsontzia. Juanluisen betaurrekoak. Mahai azpian Bertaren sandalia gorriak. Ez zait detaile hori gustatu. Ez zait gustatu oin biluziak gure mahai gainean pausaturik edukitzea. Bertaren botere erakusketa da hori, Juanluisen eta bion etxean egindako beste konkista bat. Lorari buruz galdegin diot. Ez, muxu bat eman dit Loraren partetik, eta bere lagun baten etxean gelditu dela lotan esan dit. Berta ongi moldatzen da euskaraz, nahiz eta erreek bere jatorria salatzen duten. Azkarra eta harroa da, eta bi ezaugarriok nire kontra erabiltzen ditu sarritan. Bertaren kokots goitiarra da gehien gorroto dudana. Juanluis sofatik altxa da eta muxu eman dit. Aztoraturik nago, baina ez dut azaleratu nahi. Akiturik nagoela esan diet, ohera noala. Beste edozein emakumek Bertaren tokian bera ere nekaturik dagoela esan eta alde egingo luke, baina nik badakit Berta ez dela horietakoa. Juanluis logelara dator, ongi baitaki egoera ez dela bereziki atsegina niretzat. Juanluisek arropa erantzi dit eta besarkatu egin nau. Maite nauela esan dit, Berta deprimiturik dagoela eta berarekin hitz egiteko beharra daukala. Bera dela hemen daukan lagunik onena eta bakarrik sentitzen dela. Lasaitzen denean etxera eramango duela, faltan izan nauela arrats osoan eta nirekin egoteko itzelezko gogoa daukala. Ulerkor azaldu natzaio, niregatik ez kezkatzeko esan diot, ondo nagoela. Argia itzali duenean egongelara abiatu diren urratsak entzun ditut. Handik gutxira barre ozen bat, Bertarena.
Udaren bukaerarekin kontu ugari bukatu zen. Ni klasera hasi nintzen joaten, eta Oskar neguko ordutegiarekin hasi zen lanean. Gauez bakarrik ikusten genuen elkar, eta harremana itzaliz joan zen. Hasieran, amodioa egunero egiteari utzi genion. Konturatu nintzen berarekin amodioa egiten ikasi nuela, eta lezioa behin eta berriz errepikatzeaz aspertu nintzen. Biok jakinaren gainean geunden dena zimeltzen hasia zela. Batak besteari nola hitz egin ere ikasi genuen. Opariak egiten. Eztabaidatzen. Min egiten eta ez egiten. Sorpresak ematen ere ikasi genuen. Dena zegoen ikasita, eta Oskar eta nire arteko harremanaren historiala begiratzea besterik ez zegoen besteak zer egin, esan edo ukituko zuen jakiteko. Dena zen zuzena eta zibilizatua. Dena zegoen ondo. Maite ninduen eta nik hura ere bai.
Postu hobea lortu zuen enpresan eta autoa erosi zuen. Gero etxea. Gau batez, aiton-amonek daukaten tratuarekin, haur bat edukitzeaz hitz egin genuen. Poztu egin nintzen hasieran. Ideia hartan ipini nuen ilusio osoa, bikotearena esklusiboa izan behar duen ilusioa haur jaio gabe batengan irauliz. Baina zu ere tartean zeunden, edo hobeto esanda, zu tartean ez egoteak sortutako irrika, eta ez nuen zu gabeko bizitza eraiki nahi.
Esnatu egin nau ohera sartzean, biluztu eta muxuz busti dit gorputz osoa. Pilula hartzeari uzteko esan dit. Eduki dezagun haur bat. Bai, nahi dut. Bihar hitz egingo dugu Bertari buruz. Dagoeneko ahaztu zait. Edo ez, lehenengo Bertari buruz mintzatu gara. Nik ezer azaldu baino lehen modu suabean desprestigiatu du, txoriburu bat dela esanez. Etxean afaldu dutela, afaltzera irtetekoak zirenean Bertak antsietate atake antzeko bat izan duelako. Negarrez pasa duela arrats osoa. Axolagabekeriaz kontatu dit dena. Bertaz asperturik balego bezala. Badakit ni lasaitzeko hitz egiten duela horrela, badakit Bertak pertsona garrantzitsua izaten jarraitzen duela bere bizitzan, baina badakit baita ere Juanluis nirekin dagoela maitemindurik. Nirekin eta ez Bertarekin. Hala ere zeloak izan ditut elkarrekin aurkitu ditudanean. Juanluisek, ordea, nire zeloak errauts bihurtzea lortzen du. Orduantxe izan da pilularena esan didanean. Bai. Ez da ia haurdunaldirik egon. Pilularena esan eta gutxira erditu naiz, astebete geroago-edo. Mutiko bat. Erditzeko unean Juanluis ondoan eduki dut, eskua min emateraino estutzen.
Jaioberriari buruzko gauza gutxi oroitzen dut. Ez dakit izena jartzera ere iritsi ote ginen. Jaizkibelera egin genuen txango bat da elkarrekin egindako azkeneko gauza: Juanluis udaberriko egun eguzkitsu batean. Egun hartan nire bizitzan egoteari uko egin zenioten, zuk eta umeak. Uste nuen Oskar zela zuen desagerpenaren arrazoia, eta utzi egin nuen. Goiz batez, elkarrekin gosaldu ondoren, etxetik banindoala esan nion Oskarri, ez nuela ez etxerik ez harreman harmonikorik ez haurrik eduki nahi. Ulertzen zuela, zerbait behar izanez gero eskatzea besterik ez nuela. Ez zen konbentzitzen saiatu. Beste norbait ote zegoen galdetzea desiratu nuen, zure izena ahots ozenez ebakitzeko eta, bide batez, txisteetarako komodina izan zen zure figura duintzeko, baina ez zidan deus galdetu. Kopetan muxu eman zidan, eta iritziz aldatzen banuen bera han egongo zela esan. Malko bakar bat isuri gabe abiatu nintzen Tanger tabernara. Leiho ondoko mahai batean eseri nintzen, eta kafea eskatu nion ordura arte inoiz erreparatu ez nion zerbitzariari. Urduri nengoen. Kirola egitera dedikatzeko dena utzi duen igerilaria legez, hura zen nire froga definitiboa, irabazi edo galdu ziren aukera bakarrak. Lehenengo, egunkari bat hartu nuen eta orriak pasa eta pasa aritu nintzen marmolezko mahaira iritsi arte. Ondoren, Izarori deitzea pentsatu nuen Oskar utzi nuela esateko, baina eskolan zegoela akordatu nintzen eta ideia bertan behera utzi nuen. Gero, zurekin egotea zen azken aukera, izan ere horretara joan nintzen bion arteko hainbeste bizi-sekuentzien platoa izandako Tanger tabernara. Han, kristalaren kontra galdurik begirada, kilimakurrei oles egin nien, sabelean jarriz arreta osoa, zure etorreraren zain. Ez zinen etorri ordea. Gureak ziren beste hainbat tokitan saiatu nintzen, hondartzako txokoan, gurasoen etxeko logelan, autobuseko atzeko eserlekuetan, begiak itxita, begiak irekita, lokartu baino lehen, esnatu berritan, goibel, gorrotoz gainezka, barne ahots gozoenarekin, maitasunez eta malaostiaz, baina ez zinen inoiz gehiago azaldu.