Eta handik gutxira gaur
Eta handik gutxira gaur
2004, narrazioak
168 orrialde
84-95511-63-0
azala: Lourdes Sanchez
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2021, nobela
2019, saiakera
2017, narrazioak
2007, narrazioak
 

 

SOFAKO AMODIOAK

 

Bat-batean oso zorigaiztoko sentitu nintzen, nahiz eta eserita nengoen sofa bertan hondoratzeko bezain biguna izan.

Wilde sargasso sea, J. Rhys

 

 

Monike

 

Astelehen goiza zen. Monikek eta Karlek ez zuten lanik egin behar. Karlen etxean lo egin zuten eta berandu esnatu ziren. Monikek pentsatu zuen, elkarrekin ateratzen zirenetik ez zutela eduki egun oso bat beraientzat bakarrik. Bi hilabete igaro ziren lehenengo aldiz amodioa egin zutenetik, eta astelehen hartara arte ez zuten bi egunez segidan elkarrekin lo egin. Horregatik zen egun berezia Monikerentzat. Nolabaiteko garaipena zen esnatu eta erlojuaren aurkako lehian egon ordez egun osoa elkarrekin igarotzearen perspektiba. Karlek Monikek baino denbora luzeago zeramanez hiri hartan bizitzen, berak erabaki zuen goizean Lorategi Botanikora joango zirela. Esnatu zenean muxuz jantzi zuen Monike, besapeetatik hasi eta orpoetaraino; hatzak milizkatu zizkion banan-banan, eskuetakoak eta oinetakoak. Monikek pentsatu zuen egiazki goiz hartan egin zutela amodioa lehenengo aldiz, eta poztu egin zen. Zerbait aldatu zen eta ez zuen arrazoiak jakiteko inolako presarik. Lorategi Botanikoko harrizko landareekin liluraturik gelditu zen Monike, eta Michael Enderen harrizko izakitxoak gogoratu zituen. Karlek nahiago zituen enbor zuzeneko arbola hegoafrikarrak. Eskutik heldurik egin zuten ibilbide osoa, Karlek gogoz ezagutzen baitzuen lorategia. Axolagabeki bezala azaldu zizkion toki hartako marabillak. Garai batean lorazain egin zuen lan eta ordutik, hiri berri batera iristen den bakoitzean, hango lorategietara joan ohi da lore eta landare artean irakurtzera. Negutegi zaharrera eraman zuen, bere tokirik kuttunenera. Bertan, burdinazko zutabe modernistak eta antzinako ureztatze metodoak mantentzen ziren oraindik. Ur-baporea askatzen zuten makinei begira gelditu zen Monike; negutegiko sabaitik zintzilikaturik zeuden, eta gargolen antza hartu zien une batez. Ur-baporeak gorputza estal ziezaion utzi zuen. Berdin zitzaion goiz hartan makillajea hondatu eta ilea zakartzea, erakargarria sentitzen zuen bere burua eta gozatu egin nahi zuen. Karl atzean ipini eta gerritik heldu zion, bera ere bapore euriarekin bustiz. Lepoan lotzen zen soinekoa zeraman Monikek, eta Karlek atzetik zimiko bigunak egin zizkion titiburuetan. Bularrak tinko heldu zituen soinekoaren barrutik. Monikek zakila sentitu zuen bizkarraldean, nagiak kentzen ari zen aberetxoa. Monikeri okurritu zitzaion une hura magiaz beterik zegoela, bakarra zela, eta pentsatu zuen ordura arte ez zutela inoiz amodioa ohetik kanpo egin. Negutegian egitearen ideiak are gehiago eszitatu zuen. Muxu luze bat eman zion Karli, bere kontra estutu zen. Orduan Karlek barre egin zuen, eta kontatu zion behin lorazainak amodioa egiten harrapatu zuela toki hartan bertan ikaskide batekin, eta benetan lotsagarria izan zela; lanean hasi zenera arte maiz joaten zela hara, eta faltan hartzen zuela harrizko banku batean eseri eta Indi gaztaina baten azpian argiak utzi arte irakurtzen gelditu ahal izatea. Eskutik heldu zion berriro eta baratzeak ikustera eraman zuen. Bidean Monikek ez zuen deus esan, arreta minimoa jarri zuen Karlen monologoan baieztapen gaixo batzuk txertatzeko eta, dezepzionaturik, pentsatu zuen mundu honetan ezer ez dela autentikoa, baizik eta noizbait, lehenengo aldian autentikoa izan zen zerbaiten kopia itsusia.

        Karl ezagutu zuenean Mikelekin zebilen Monike.

 

 

Mikel eta Monike

 

Bi urte eta erdiz ibili ziren elkarrekin. Lehenengo aldiz oheratu zireneko biharamunean elkarrekin gosaltzera joan ziren Monike eta Karl, honen auzuneko kafetegi batera, eta han sartu zen Mikel tabako pakete bat erostera. Ikusi zutenean, paretak estaltzen zituzten National Geographic-eko argazkien eta dekorazio kastizoaren arteko kontrasteari buruz hizketan ari ziren Monike eta Karl. Ez zen azalpenen beharrik egon. Mikelek Monikeren lagun eta ezagunak ezagutzen zituen, denak, eta arlote hura ez zuen sekula ikusi. Interes antropologikoarekin bezala aztertu zuen bezperan Monikerekin oheratu zen gizona, eroso egon ez zedin ahaleginak eginez. Behin-behineko mendekua erridikuluan oinarritu zuen Mikelek, eta Karlek totelka hitz egitea lortu zuen arte ez zituen agurtu. Monikeri ez zion jaramonik egin. Joan baino lehen begiratu zuen soilik, eta Monikeri otu zitzaion benetan maitemindurik behar zuela Mikelek horrela begiratzeko. Mikelek zion maitasunaz harrotu zen segundo erdi batez. Gero Karlen aurrean gelditu zen bakarrik, kruasana esku artean, maite ere ez zuen baina bizitza aldarazi zion gizonari zer esan ez zekiela.

 

 

Argitasuna

 

Arratsaldeko hiruretako argitasunak luzatu zuen Monike eta Mikelen arteko harremana. Argitasunak min guztiak orekatu zituen denbora luzez. Monikeren etxeko sofan etzanda, pertsiana erdiraino jaitsirik, Mikelek eta Monikek eguneroko urrezko hamabost minutu horiek xahutzeraino gozatu zituzten. Eguzkiak aurpegian jotzen zien horrelakoetan, eta begiak itxirik, besarkaturik, gozo egoten ziren hizketan eta laztan artean, bat-batean argia zuritu eta zutitu beharraren ordua ailegatu arte. Arratsaldea Monike eta Mikelen aurpegietan. Argitasun haren pean bikoterik zoriontsuena sentitu izan ziren, eta zoriontasun garden bat zela sentitzen zuten gainera, ordezkaezin eta bakarra, sakratua. Monikek pentsatzen zuen ez zela argitasuna soilik, baizik eta horizontaltasunak berez inposaturiko su-etena, botere oreka; baina ez zion inoiz Mikeli horri buruzko ezer esan, une hura interpretazio arraroekin ez lohitzeko.

        La double vie de Veronique-ren musika Mikelen etxean.

        Badirudi probokazioagatik jartzen dutela musika hori. Giroa tinkotu, gero hausteko. Tonifikazio sentimentalerako ariketa baten parte dirudi. Mikelek ez du ulertzen, Monikek gau hartan berarekin baino beste lagun batekin afaltzea nahiago izatea. Egiazki, Monikek nahiago du Mikelekin afaldu lagunarekin baino, baina jasangaitza zaio Mikelen ahulezia eta ez du amore emango, lagunarekin afalduko du. Monikek badaki pasioagatik dela Mikelen haserrea, eta berea ere bai, pasio horri erantzun apasionatu bat emateagatik. Hitzordura doan bitartean malkoak xurgatu ditu, eta pentsatu du Mikelengana joango dela afaldu eta berehala, berdin duela batzuetan zeken jokatzen badu, zekenkeria maitasunak eraginda bada. Maitasunaren izenean denak balio duela pentsatzen du; eta Mikelek eromeneraino maite duela sentitzen duenez, afaria bukatu eta harengana itzultzeko gogoz iritsi da jatetxera.

        Karlena beranduago gertatu zen.

 

 

Monike eta Karl

 

Monikek garbi ikusten zuen etorkizuna. Arazoa zen egunero modu ezberdinez ikusten zuela garbi, eta egun hartan, Mikelekin sesioa izan eta gero, garbi ikusi zuen, jakin zuen, gizon haren eta bere arteko harremana bukatu egin zela, fini betiko. Karlek lan egiten zuen tabernara joan zen kafea hartzera eta, ordura arte armateria dosi txikietan erabili bazuen ere, egun hartan, bere nobioarekin etorkizunik ez zeukala jakin zuen egun hartan, proposamenezko begiradekin bonbardatu zuen walkiria baten semea behar zuen kamarero hura. Horrelakoetan ahotsa aldatzen zitzaion nahi gabe, tonu pare bat altuagoa bihurtuz, eta begiak itxi-irekitzen zituen ohi baino erritmo azkarragoan. Gizonezkoak. Gizonezko guztiak berdinak dira. Zarete. Ez zaituztet ulertzen eta berdin zait, ez zaituztet ulertu nahi. Monikek bazekien diskurtsoak ez zuela inolako sinesgarritasunik, estandarra zela, baina berdin zitzaion, ez zuen inolako gogorik diskurtso hori erabiltzen zuten emakumeengandik ezberdintzeko.

        Biharamunean gertatu zen aipaturikoa, Mikelek kafetegian harrapatu zituenekoa, Monikek kruasanarekin zer egin ez zekienekoa.

        Karlen etxera itzuli ziren, eta Monikek ezer jazo izan ez balitz bezala jardun zuen. Bukatu da, betiko. Hobe horrela. Ikusi duzu zeinen harroa den? Bera hondoratu ordez zu hondoratzen saiatu da. Goiz hartan ere Monikek, aurreko egunean bezala, pentsatzen jarraitzen zuen; garbi zeukan Mikel eta bere artekoa bukaturik zegoela. Ez zen errudun sentitzen, baizik eta koherente. Eta hala ere barkamena eskatzeko deitu zion.

 

 

Mikel eta Monikeren lagunak

 

Mikel eta Monike ezagutzen zituztenek zioten, ez zutela sekula halako bikoterik ikusi, kodigo propio eta pribatu baten jabe, mundu estralurtar batean bizi zirela zirudien edo ingurukoak baino bizpahiru zentimetro gorago bederen. Ezagutzen zituztenek, haiek elkar maite zuten bezala maitatuak izateko nahia sentitzen zuten maiz; eta arrazoi horregatik neska askok desiratzen zuten Mikel, jakin gabe benetan desiratzen zutena, Mikelek Monikerekin egiten zuen lez, haien edertasun xelebrea, sormen eroa, begien distira, pasio bortitza, inteligentzia fina, azal gozoa, irribarre hauskorra, lizunkeria sotila goraipatzea zela. Alta, harramazka txikienaren azpitik hauskortasuna zerion harremanari. Eta hori zen tragedia, oinazeak sostengatua zela maitasuna.

        Monikek ez luke maitemin hitza erabiliko Karlekiko sentitzen zuena adierazteko.

 

 

Karl

 

Objektiboki asko gustatzen zitzaion: esku fin eta trebeak zeuzkan, ahots lakarra eta elkarrizketa azkarra, matrailezur germanikoa; eta hala ere ez zegoen Karlekin maitemindurik. Monikek uste zuen bere erruagatik zela eta konponbidea zuela, oraindik maitemintzeko denbora zegoela. Mikel abandonatu izanagatik inkontzienteki bere buruari inposaturiko zigorra iruditzen zitzaion, erruduntasun konplexua. Teoria psikoanalitiko horiek ordea ez ziren erraien lagun, eta Monikek berdin sentitzen jarraitzen zuen goizean esnatu eta Karlen eskua bere sabelaren gainean sumatzen zuenean. Edo berdina dena, Monikek fitsik sentitu gabe jarraitzen zuen goizean esnatu eta Karlen eskua bere sabelaren gainean sumatzen zuenean. Hasieran, Karlen interes ezak harremana orekatu zuen, behar adinako erakarpena ekarri zion, baina Karlen interesa puztuz joan zen heinean urtuz joan zen Monikeren ilusioa. Lorategi Botanikotik irten zirenean pentsatu zuen Monikek horri buruz, eta goibeldu egin zen. Harrizko landareen ondotik igaro zirenean, haien keinu hitsaz jabetu zen. Erotu izanaren sentsazioa izan zuen une batez Monikek, ohartu zenean, pare bat ordu lehenago, munduko emakumerik zoriontsuena sentitu zela Karlen ondoan, unearen autentikotasunagatik maitemindurik sentitu zenean.

        Orain, aldiz, zorigaiztokoena zen.

        —Zein da zuk gehien maite duzun lorea?

 

 

Mikel

 

Mikelek dena mitifikatzeko joera zuen: filmak, tabernak, pertsonak, abestiak, urteak. Makina bat mito eraiki zuten Monike eta Mikelen artean.

        Mikelek Monike mitifikatu izana gorrotatu zuen. Monike ez zen ez hain maitale ona ez hain polita ez hain azkarra. Elkarrekin igaro une zoragarrienak ere ahaztuko zitzaizkion noizbait. Baina orduan, zertarako existitu ote ziren? Zertarako une, abesti, toki eta maitale zoragarriak oroimenean gorderik betiko ez baziren?

        Monikeren etxepetik igarotzen ari da Mikel, elkarrekin usaindu izan duten zuhaitz loratuaren azpitik, hainbatetan aterpe izan den autoaren albotik, terrazatik hainbestetan miretsi duten bitsezko zerupetik.

 

 

Karlen etxea

 

Beti Karlen etxean egiten dute lo. Lagun batekin bizi da, baina laguna beti kanpoan da. Barrualdera ematen duen etxea da, ia altzaririk gabekoa, paretak errekortez zipriztinduak. Erosoago sentitzen da han Monike, babestuago. Bere etxean Mikel dago oraindik. Mikelen musika. Mikelen marrazkiak. Mikelen orkatila bihurrituarentzako pomada. Lorategitik bueltan Karlen etxera joan dira. Zer daukazu? Zer gertatzen ari da burutxo horretan? Monikek irribarre eginez besarkatu du eta, bere gorputzetik aldendu denean, begietara begiratu dionean, pentsatu du zoragarria dela, eta goibel jarraitu du.

        Objektiboki zoragarria da, pentsatu du, eta tristuraz beterik besarkatu.

 

 

Monike eta Mikelen etxea

 

Arratsaldea Mikel eta Monikeren aurpegietan. La double vie de Veronique. Ezpain hotzezko muxuak. Zeta-ren kapitulu xuxurlati bat gauero. (Hirugarrenez irakurtzen ari zitzaion harremana bukatu zenean). Beti algara eragiten zion ispiluaren txistea. Haxixezko bainu apartsuak. Goizaldeko freskatzea terrazan. (Goazen ohera). Coca-cola eta patatazko zinema uneak. Magno usaina Mikelen ile garbitu berrian. Bizipenei, denborari eta emozioei arrotzak zaizkien objektu inozenteen bilduma apaletan: Marguerite Durasen hilobian aurkituriko txanponaren fede ona, gau epel batean urtu zen kandelaren eite iradokitzailea, argazki bat eta Monikeren begi distiraren anakronismoa kanpin ondoan.

 

 

Objektiboki

 

Zordun sentitzen zen Karlekin. Bizitza konpartitzeko proposamenari baietza emateagatik zorra. Eta bere esku trebeak eta bere ilaje hori nahastua eta bere ahotsa. Apustua egina zegoen: Karl. Oraina Karl zen eta elkar maite zuten. Monikek pentsatu zuen ederra zela eta haur politak eduki zitzakeela berarekin. Egun hartan Monikek Mikelen eta bere etxea izan zenera eraman zuen Karl lehen aldiz. Intxaur eta ezti entsalada prestatu zion; bigarrenerako, plantxan egindako entrekota gazta-urdin saltsarekin. Bazkalostean La double vie de Veronique-ren musika jarri zuen, eta Karli azaldu zion entzuten ari zirena La double vie de Veronique-ren musika zela. Monikek abegikor begiratu zion Karli. Irribarre egin zuen gero. Eskutik helduta eraman zuen sofara. Mikeli gustatzen zitzaion bezala jaitsi zuen apur bat pertsiana. Bata bestearen ondoan etzanda, argitasunak busti zitzan utzi zuten. Ez al da zoragarria argiak aurpegian jotzen duenean?

        Apustua egina zegoen: Karl, eta zoragarria zen objektiboki. Monikek azkeneko aldiz begiratu zuen, modu zalantzatian; atzamarrekin ilea orraztu zion eta, argitasuna gatz koloreko etorri baino lehen, maite zuela esan zion lehendabiziko aldiz. Atsekabez beterik besarkatu zuen, arratsaldea haien gainean pausatzen ari zelarik.