Blackout
Blackout
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-61-4
azala: Jeanne Mannen
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2017, nobela
2013, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Blackout
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-61-4
aurkibidea
 

 

—4—

 

Aldarte onez heldu da Etxegoien lanera. Makinetako langileak banan-banan agurtu ez dituen arte, ez du goiti egin. Zaluki igan ditu metalezko eskailerak eta urrats luze, sendo guti batzuetan egin du bulegorainokoa. Arrats hasierako argiak miko bat alaitzen du bulegoko giro gehienetan iluna.

        Eguerdi on.

        Zer gertatu duk? behatu dio harriturik Lucek.

        Bagoazela hemendik.

        Karrikara igorriko gaitiztek?

        Ez. Bertze bulego batera, handiago, erosoago eta dotoreagoa den bertze bulego batera.

        Zer!

        Horixe. Erran nian ba, gauzak aldatzen hasi dituk.

        Eta zeren kariaz joanen gaituk?

        Egunkari honen zuzendariordearekin mintzo haiz.

        Erran berriz.

        Hemendik aitzina hi zuzendariordearen laguntzailea izanen haizela. Sos gehiago jasoko duk, erran gabe doa. Ez haiza alegera?

        Ez dio berehala ihardetsi lankide gazteak. Ez zakiat, erran du azkenik.

        Libera gehiago izanen duk mundua aldatzeko.

        Hi zuzendariordea izanen bahaiz, nor izanen duk zuzendaria?

        Rapereau.

        Erreakzionario hori?

        Axola guti hiri nor den zuzendaria, edo Wieviorka maite huen?

        Wieviorka, Rapereau, kaka zaharra biak.

        Ikusten? Gorria bata, urdina bertzea, baina berdin politikari zuriak biak. Has hire gauzak biltzen eta goazak lehenbailehen bulego berrira norbait damutu aitzin.

        Kartoizko kutxa batzuk eskuratu eta haietan sartu dituzte beren puskak: egunkariaren ale zahar-horituak, eskuz nahiz makinaz idatzi orrialde berdin horituak, hainbat boxeolariren argazki eta borrokalditako afixak... Horretan ari direlarik, Miller senar-andereak iragan dira, alai irudiz.

        Jai duzu horrekin, zuzendariorde jauna, jabego pribatua da. Kultura saileko buruarena, hain justu. Kasu.

        Alua, Etxegoienek errabiamenduz.

 

 

Rochechouart karrikara heldu delarik, hetsirik kausitu du Le Panier Fleuri. Atean ohar bat: Maison fermée. Personnel mobilisé. Montmartre aldera abiatu da. Zaluki doa, saltokietako erakusleihoei nahiz aldetik iragaiten direnei kasu eman gabe. Cadet karrikako etxe baten aitzinean baratu da. Azken solairura, ia teilaturaino igan, eta korridore ilun bateko alde banatan elkarren segidan ageri diren ateetarik bat jo du.

        Tenpluan galdu haurra, trufa egin dio atea zabaldu duen emazteak.

        Gabi, bihotza, musu eman dio Etxegoienek sartzean.

        Bihotza! Hi haiz limurtzaile zuria, pitin bat alboratu du burua Gabi beltzaranak.

        Paristik landa ibili naun.

        Bertze nonbaiten utzi dituk sosak, beraz.

        Andereaz libratzera joan naun, hirekin ardurago eta hobekiago egoteko, berriz entseatu da Gabi musukatzera.

        Berriz ere hark bere musua gizonari ukatu, eta erran: Emeki-emeki. Lanik gabe gelditu naizela jakinen duk honezkero.

        Bazakinat. Panierretik iragan naun hona baino lehen. Trankil, baditinat sosak, sakelara eraman du eskua Etxegoienek.

        Gizonarengana hurbildu eta orduan utzi du Gabik musuaren ematera.

        Ezagun duk kontent hatorrela, begitartean antzematen zaik.

        Biziki kontent. Ospatzeko frankorekin.

        Ospatu? Parisen gaur egun zerbaiten ospatzeko duten bakanetarik izanen haiz.

        Hik uste baino gehiago izanen gaitun.

        Eta zer duk, bada, ospatzeko?

        Lanpostu hobea, sos gehiago eta hirekin xahutzeko parada handiagoa izanen dudala.

        Hortaz, nihaurek ere badiat zer ospatu.

        Ospa dezagun, besoa luzatu du Etxegoienek Gabiren gerrira. Bere kontra trinko, errezel berde loretsu baten gibelean hauteman zurezko ohe ez sobera handiari buruz eraman du, Singer josteko makina saihestuz.