Bazterrekoak
Bazterrekoak
2000, narrazioak
224 orrialde
84-86766-08-7
azala: Xabier Gantzarain
Xabier Aldai
1975, Azpeitia
 
1993, poesia
 

 

Aro modernoak

 

Kalitate-auditorea Aitorren postu ondoan gelditu zen astelehenean.

      — Zein da zure lana? —galdetu zion—. Nola deitzen da zuk betetzen duzun funtzioa?

      — KTLH 4-ko peoi bat naiz. Ikusten duzun moduan, hemen robotek esmaltearen moduko geruza batez estaltzen dute autoa, gero pintura errazago hartzeko alde batetik, eta autoaren egitura hamar urte baino lehen herdoiltzen ez hasteko bestetik. Robotak ez dira zulo guztietara iristen, eta geruzarik gabe geratzen diren zuloak nik estaltzen ditut eskuz. Jarraian, hor ikusten dituzun torloju horietan sartzen ditut buloi hauek, handienak aurrean, txikienak atzean.

      — Eta nola dakizu zein zulo bete behar dituzun eta zein ez?

      — Hamar urte daramatzat hemen. Jardunak irakasten dizu.

      — Eta buloi horiek behar bezala identifikatuta al daude?

      — Ni kaxa hauen bila bidaltzen naute, eta gero bakoitza ondoen sartzen den lekuan ipintzen dut...

      — Aski da.

      Auditoreak zerbait esan zion bere laguntzaileari, eta honek zerbait idatzi zuen koadernoan.

      Hilabete hartan ere soldatako primarik gabe geratuko zirela susmatu zuen Aitorrek.

      Buloietako bat hartu zuen torlojuan sartzeko. Eskuetan zerbait ezezaguna eta arriskutsua zeukala iruditu zitzaion. Auditoreari begiratu zion, eta bere turnoko enkargatuari; honek irri egin zion adeitasunez, txarrena igaro zela adierazi nahian.

      “Txarrena igaro al da?”, pentsatu zuen Aitorrek. “Bai zera! Robotaren konpainian igarotzen ditut laneko orduak. Ez dut beste inorekin hitz egiteko modurik, komunetan ez bada, eta hala ere ezin luzaz, gure ausentziak neurtu, gorde eta erregistratu egiten baitituzue. Hemendik irtendakoan, ozta-ozta erosketa batzuk egin eta zerbait jateko astia izango dugu. Goiz oheratu behar bihar goiz jaiki ahal izateko. Batzuetan galdetu ohi diot neure buruari: ‘Lanerako bizi zara edo lana da bizirik iraunarazten dizuna?’. Baina zer bizimodu klase da hau? Lan monotonoa. Soldata miserablea. Bakardadea. Agurtzane. Milaka Agurtzane munduan. Zatarrak eta ederrak, beltzaranak eta blondak, azkarrak eta tuntunak. Bat hautatu... eta ahal den bitartean maneiatu egiten da. Eta hala ere mundu guztiko Agurtzaneek ere ez dute bakardade hau betetzen. Ez dute gogo onez fabriketan lan egiten, nahiago izaten dute fabrika batean baino askoz gutxiago irabazten den dendetan saltzaile aritzea. Dendak garbiagoak baitira eta senargai finagoak aurkitzeko beta ematen baitute eta...”.

      Aitorrek lurrera jaurti zuen eskuartean zeukan buloia.

      Hurrena buloi kaxa osoa bota zuen.

      Auditoreak burua itzuli eta adi-adi jarraitu zituen Aitorren mugimenduak.

      — Zer arraio gertatzen zaik? —galdetu zion enkargatuak.

      Robota gelditzen zenean eskuz margotu ahal izateko mangeretako bat hartu eta ilaran zetorren hurrengo autoa margotzen hasi zen Aitor, Jose Luis Zumetak egingo lukeen moduan.

      Xehetasun guztiak koadernoan idatzi zituen auditorearen laguntzaileak.

      Enkargatuaren eta bi langileren artean geldiarazi zuten Aitor.

      — Atera ezazue hemendik! —oihu egin zuen enkargatuak, auditorearen laguntzaileak koadernoan xehetasunak idazten zituen bitartean.

 

 

— Ezin dut daramadan bizimoduarekin jarraitu —esan zion Aitorrek—. Atsedena behar dut. Goizeko bostetan jaiki, korrika honako autobusa hartu, hiru ordu laurdeneko ibilbidea egin, fabriketako murruen artean mantenu-operazioak bete, estali gabeko zulogunean igaro, betiko torlojuak lotu, beti torloju bera, buloi berberaz, hamar mila aldiz egunean ahal bada, abiadura horrek baldintzatzen baitu nire soldata eta bizibidea...

      — Hori da langile arrunten bizimodua —lagundu nahi izan zion fabrikako sendagileak—. Kontent egon behar zenuke zure lanpostuarekin. Jende asko dago langabezian. Ez al daukazu beste ezer zure bizitzan? Lanean baino hutsune eta itxaropen falta handiagoa antzematen dut lanetik kanpoko zure bizimoduan.

      — Agurtzane dago. Hori da izen txatxua, ezta? Eta izena bezain azalekoa da bera. Tindatutako bere xerlo blondak, arrosaz margotzen dituen atzazalak... Agurtzane oso txikia da, hamar zentimetroko takoiak erabiltzen ditu disimulatzeko eta orrazkera irrigarria dauka.

      — Eta orduan zergatik jarraitzen duzu berarekin?

      — Ez dudalako beste inor. Ez dut aldatzeko indarrik. Nekatuta nago etengabe aldatu beharraz. Gainera, azken batean, beti berdin jarraitzeko... Agurtzane batekin ez bada, bestearekin. Agurtzane sukaldari ona da! Ederra eta guzti irudituko zaie bere alboan esnatzen ez direnei. Astean behin joaten naiz bere etxera. Afaria prestatzen du eta nik ardoa eramaten dut. Ez diot galdetzen zer egiten duen astean zehar, ez zait axola. Ez dago maitasunik gure artean.

      — Zuk ba al dakizu ba hark zer sentitzen duen zuganako?

      — Ez zait axola, ez dut ezer jakin nahi horretaz. Bere sentimenduak ez zaizkit axola. Zerbait hobea aurkitu arte jarraituko dut Agurtzanerekin.

 

 

Sendagileak salbatu zuen enkargatuak ezarri nahi zion soldata gabeko bost eguneko zigorretik. Depresio motaren bat izan zezakeela idatzi zuen paper batean, kutsagarria izan zitekeela, ez zela komeni beste langileekin nahastea, ekoizkortasuna gal zitekeela, eta abar. Atseden hartzeko gomendatu zion. Ezusteko opor haiez gozatzea erabakita, nora jo hausnartzen hasi zen Aitor. Agurtzaneri ez zion ezer esan behar behintzat. Zorte apur batez larunbaterako itzuliko zen. Eta bestela, asteburuan lana egin beharra suertatu zitzaiola esanda zurituko zuen bere burua. Hiruzpalau bidaia-agentziatan galdezka ibili zen. Ez zeukan urrutiegi joateko astirik. Aste osoa inguruko agroturismoko baserri batean igarotzea erabaki zuen. Bazkalordurako iritsi zen taxian. Landetxeko ondasunak aztertzen hurbildu zen: etxe ertzeko uhaga, pikondo mardulak eta, hauetako baten ondoan, kotaratzera zihoazen hiruzpalau oilo... Azkenik auto baten atzealde karratu eta herdoilduan erreparatu zuen ate gabeko garajean. “Ford bat!”, pentsatu zuen.

      Baserriko jabea (alargundutako atsoa) eta bere alaba mutua etxeko atarian zeuden, itzaletan, iluntzerako ganaduari jaten emateko belarretara irten aurretik, lasai ederrean. Aitorri bidaia-agentzian azaldu zioten nahi izanez gero eguneroko zereginetan lagun zezakeela. Bazuten esnea ematen zien behia. Hiri handietatik eta baita atzerritik ere jende ugari joaten omen zen aurrez zoologikoetan baino ikusi ez zuten behiari esnea biltzera edo jaten ematera. Barazkiak landatzera. Inori mesede egin ziezaiokeen zerbait egitera. Halakorik egin nahi ez bazuen ordea, Aitor bere kasa ibil zitekeen: gogo zuenean jaiki, gosaldu, ibilaldi bat egin, errekan arrantzan saiatu...

      — Arratsaldeon. Aitor naiz. Astebeterako nator.

      Ezin zituen betertzak Ford zaharretik aldaratu. Ibiltzeko moduan zirudien auto hark. Atsoak goitik behera aztertu zuen, bere denbora hartuta. Halako batean haizea ere geratu egin zen.

      — Gelak erakutsiko ditiat. Urte sasoi honetan ez diagu bisitaririk izaten. Nahi duan logela hauta dezakek.

      Baserri aurrean distiratzen zuen autoaren paratxokeetan tenkatu zuen soa Aitorrek. Alaba gor-mutua aiumaka hasi zen.

      — Nire alaba duk, Martina. Ez diat neskato mutu hau baizik izan, baina ez nikek munduko urre guztiaren truke ere emango! Jatorra duk, langilea duk, bazakik lurra goldatzen, arropak lisatzen eta oiloei zahia ematen... Gaixoa ez duk sekula etxetik irten...

 

 

Ilunabarra baino lehentxeago, ezer egin gabe egoteaz urduritzen hasita, larrera jaitsi zen atsoari eta alabari belarretan laguntzera. Afaldu aurretik inguruko muino batera igotzen saiatu zen, baina ez zion zentzurik aurkitu helbururik gabeko ezer egiteari. Inora begira dozena erdi zigarro segidan erre eta ordu laurdenerako atzera baserrira itzuli zen. Arrautza frijituak jaten ari zelarik galdetu zion atsoari:

      — Ni ez naiz baserriko lanetan ohitutakoa, baina esadazu etxean zer daukazun konpontzeko eta lagunduko dizut!

      — Ez duk ezer egin beharrik. Goza ezak hemengo giroaz. Eta ez nekatu.

      Atsoaren eta alabaren inguruan igarotzen zituen orduak. Martinak erakutsi zion laia eta igitaia nola heldu behar zituen. Untxiei jatera ematera zihoanean, pertza eusten zion. Arrautzak batzen lagundu, behiak biltzen. Eta afalostean, atsoak telebistaren aurrean loak hartzen zuenean eta Martinak plater guztiak garbitu eta sukaldea txukundu ostean, mutu gaixoari hitz batzuk ahoskatzen erakusten ahalegindu zen Aitor:

      — Esazu: Fo!

      — Mfooo...

      — Eta orain esazu: Ford!

      — Mfooor...

      Ordutik aurrera masail gorriko neska lodikotea beti atzetik zebilkion, txaloka eta oihuka: “Mfooor... Forrrt!”.

      Oheratu aurretik Aitorrek begirada bat botatzen zion autoari: joandako hamarkada hasieran egindako modeloa, jada fabrikatzen ez zena. Azpia arakatzen zion, pinturaren kalitatea eta gurpilak, argiak eta ispiluak; ederki kontserbatuta zegoen. Eta hurrengo astelehenetik aurrera itxaroten zion bizimoduaz pentsatzen hasten zen ondoren, eta oker zebilela zioen barne-ahotsa entzuten zuen, eta gomutetan murgiltzen zen: “Nora iritsitakoan bihurtzen da arriskutsua ihesa luzatzea?” galdetzen zion ahotsari, eta hark erantzuten zion: “Nork bere buruari urrutiegi iritsi dela sinetsarazitakoan”.

 

 

Bazkalostean atariko gereziondoaren itzalpera esertzen ziren ama-alabak. Asteazkenean gorri biziko luxuzko autoa igaro zen baserri aurretik. Atsoak eta Martinak ez zioten jaramonik egin, baina Aitorri ezpainak urtu zitzaizkion: isil-isilik bihurguneetan nola irristatzen zen baserri-gi­roa hiriko burla-haizearekin eteten; antena kromatua airea xamur ebakitzen... Eta orduan esan zion atsoari, ezezkoaren esperoan, baina esan zion hala eta guztiz:

      — Ford hori konpondu nahiko nuke.

      — Erakutsi egiok hizketan Martinari —erantzun zion atsoak hortzik gabe.

      — Motor barrenak miatu nizkion bart eta ez du kalte handirik.

      — Traturako behar diren hitzak esaten erakutsiok.

      — Uzten badidazu, neuk ekarriko dut bentiladorearen uhal berria.

      — Ni laster hilko nauk eta neskatoak ezingo dik bere kabuz kalean moldatu. Eta hemen bakarrik...

      — Bentiladorea eta bujiak. Ez du besterik behar.

      — Ikusten nire kuttuna? —entzuten ari ziren haren begi urdinak—. Ez duk behin ere etxetik irten. Ez dik inork maiteko.

      — Merke aterako da.

      — Ni falta naizenean, nork jasoko dik gaixo hori?

      Hura izan zen Aitorrek Martina arretaz aztertu zuen lehen aldia, zerbait erostekotan gaudenean bezala begiratu zuen lehen aldia: hogeita hamar paseak izango zituen, baina larruazal leunari erreparatuta inork ez lizkioke hogeita bost baino askoz gehiago joko. Ez zen pieza txarra.

      — Gero autoari pinturaldi berri bat emango diot, herdoilak txapa jan ez dezan —amaitu zuen solasa Aitorrek.

 

 

Ostiralean, ganbaratik zetorren zaratak asaldatuta, zalapartan atera zen atsoa sukaldetik, Martinak erorialdiren bat izan zuelakoan. Atariko gerizpean zetzan, lurrari ostikoka eta “Mforrrt... Forttt” garrasika. Berehala estali zituen deiadarrak autoaren dunbotsak. Inguruetako jaun eta jabea balitz bezala, burrunba artean atera zuen garajetik Aitorrek, hildako bat berpiztea lortu balu bezala.

      Bazkalondoan atsekabez mintzatu zitzaion atsoa:

      — Autoa konpontzea lortu duk, baina zer mesede egin behar ziguk guri? Guk ez zakiagu gidatzen, eta ezin diat Martina ikastera bidali. Nork lagunduko zidak etxeko lanekin? —besoak zabaldu zituen bere jabegoko pikondo eta sasi-bazter guztiak bildu nahi balitu bezala.

      Martina balantza eta balantza ari zen sehaska-aulkian, gero eta abiadura handiagoan.

      — Nik erakutsiko nioke gidatzen, kotxea hartzen utziko bazenit.

      — Ezin dizut ordaindu. Ondo dakizu zuk irabazten ditudan sos guztiak behar ditudala etxeari zutik eusteko.

      — Zertarako dirua? —errefusatu zuen Aitorrek.

      Neska autoan sartu eta palankaren posizioak erakutsi zizkion. Enbragea ondo zapalduz martxak aldatzen ikasi zuen ordu erdiren buruan, motorraren zarataren eta abiaduraren arabera aldatu behar zituela behin eta berriz azalduta. Atsoak ganbaratik zelatatu zituen. Eta halako batean, beldurrik gabe arrankatu zuen Martinak; itzuli pare bat eman zituzten etxearen bueltan.

      — Gehiago fidatu beharko zenuke zure alabaz —atsoari autoan sartzen lagundu zion Aitorrek—. Ez da zuk uste duzun bezain herbala!

      Martina artega jarri zen ama aldamenean eseritakoan. Ganoraz arrankatzen ahalegindu arren, ez zuen laugarrenera arte lortu. Motorra piztu eta aurrera egiten saiatu orduko amatatu zitzaion zakar.

      — Tira, tira, utz dezagun kotxe zahar hau bertan lehertu baino lehen —ernegatu zen atsoa—. Goazen lanera astirik galdu gabe. Hau da hau alferkeria!

      Aitorrek giltza biratzen lagundu zion Martinari. Lehendabizikoan piztu zen. Ondoren eskua belaunean ezarri zion, gogor, enbragea apurka-apurka laxatzeko. Martinak astiro-astiro utzi zion zapaltzeari, azeleragailuari sakatu eta, pixka bat punpaka izan bazen ere, autoa aurrera abiatu zen dotore. Atsoak ateko heldulekuari oratu zion indarka. Bigarren martxa sartu zuen Martinak. Eta ama-alabak etxe inguruan itzulika ibili ziren.

 

 

Gauean autoei buruzko saio bat ikusi zuten telebistan. Atsoa lo zetzan besaulkian. Aitorri iruditu zitzaion saioarekin Martinak gida-baimena lortzeko azterketa teorikoa ikasiko zuela. Hamar minutu eskas iraun zuen antzinako autoen rally erreportaiak. Azken aurreko etapa hura Miarritzen nola amaitu zen erakutsi zuten. Hotelak eta dendak, hondartza eta kasinoa, kafetegiak eta eliza bereziak, jendeen luxuzko jantzi eta bitxiak! “Jontxo! Miarritze ez da edonolakoa!” pentsatu zuen Aitorrek. Festa antolatua zeukaten hirian. Abiadura lehiaketa batzuk egin zituzten hondartzan: bereziki horretarako prestatutako autoak binaka elkarren ondoan ipini eta hirurehun metro zeinek bizkorrago egingo. Antzinakoak izan arren, ziztuan ateratzen ziren. Haizezko puztuki batzuk zabaltzen zitzaizkien atzealdetik gelditzen laguntzeko. Ia beste ezertarako balio ez zuten autoak ziren. Mundu zabaleko Agurtzane guztiak bezain hutsalak. Antzeko ikuskizunak interesatzen zitzaizkien jendilajearen gisakoak. Baina bazuen bere xarma, Aitorrek ezin zuen hori ukatu. Batzuek ehun eta hogei kilometro orduko abiadura gainditu zuten.

      Miarritzeko auto zaharren erakusketa bukatzeko ekitaldi berezi bat iragarri zuen telebistako aurkezleak. Martinari ukondoan ukitu zion, zerbait zirraragarria zetorrela adierazteko. Auto mordoxka zegoen ilaran paratuta. Baserriko garajean zegoena bezalako hiruzpalau Ford ezagutu zituen Martinak, eta “Mforrrt... Forttt” esan zuen. Baziren Martinak ezagutzen ez zituenak ere, Aitorrek lan egiten zuen fabrikan egiten zituztenak hain zuzen. Bat edo beste agian berak margotutakoa izan zitekeen. Atoia kendutako kamioi bat agertu zen iruditan; errepidean ikusten diren ohiko kamioietakoa zatekeen gurpilak aldatu ez balizkiote; Aitorrek inoiz ikusitako gurpilik handienak zeramatzan, eta tutu bat. Film amerikarretan agertzen ziren trailer haietako bat zen beraz. Kea zeriola abiatu zen. Aise igo zen lehenengo autoaren gainera: sabaia lehertu zion eta kristalak birrindu zitzaizkion norabide guztietara zipriztinen gisan. Argazkilarien flashek tximistak egin zituzten kamioiaren pare-parean.

      Aitorrentzat eta Martinarentzat lehendabiziko hildakoa ikustea bezalakoa izan zen.

      Berehala izan zituzten hildako gehiago. Ahaide bat bainuontzian eserita zainak mozten ikusi balu bezala alderatu zuen burua Aitorrek.

      Lan hura guztia ezertarako ez. Etxearen mailegua ordaintzeko adina ozta-ozta irabazteko. Bakardade eramanezin hura. Mundu zabaleko Agurtzane guztiak: ederrak eta zatarrak, beltzaranak eta blondak, azkarrak eta tuntunak.

      Aitorrek itzali egin zuen telebista eta lotara joan zen, aho zabalik zegoen Martina hantxe ilunpean utzita loak hartutako bere amarekin.

 

 

Goiz esnatu ziren biharamunean. Martinak ez zion gauekoaz ezer esan eta ez zuen azalpenak ematen nekatu beharrik izan.

      — Erosketa batzuk egin beharra daukat —esan zuen atsoak gosaltzen amaitu zutenean—. Taxistari hots egingo diot, bila etortzeko.

      — Neronek emango zaituztet. Martinari ere ibiltzea komeni zaio.

      Aitorrek papera eta boligrafoa eskatu zizkion atsoari. Ohar bat idatzi eta zapata-kaxa zahar batean gorde zuen.

      Emakumeak prestatu eta herrira jaitsi zituen. Bidean bihurgune arriskutsuak erakutsi zizkion Martinari. Hark arreta handia ipini zuen guztietan, berak gidatu beharko baitzuen bueltakoan. Eroskiko ate aurrean utzi zituen bi emakumeak.

      — Ordu erdi barru etorriko natzaizue. Fabrikara joan behar dut orain, astelehenean zein turnotan hasi behar dudan galdetzera. Laster naiz hemen.

      Hogeiren bat minutu berandu azaldu zen Aitor, baina atsoa eta Martina artean erosketak egiten ari ziren.

      Telefono dei bat egiteko baliatu zuen unea.

      Irten zirenean, Martina eseri zen gidariaren lekuan. Aurreko egunean bezala, Aitorrek gogor ezarri zion eskua ezker belaunean, enbragea astiro uzten joateko. Batere arazorik gabe abiatu ziren. Irratia piztu zuen eguerdiko albistegia entzuteko. Goizean zehar ez zen aparteko ezer gertatu esatariaren arabera. Aitorri aurpegiera zimurtu zitzaion kirolak hasi zirenean. Baina bat-ba­tean lehengo ahotsak eten egin zuen:

      — Azken orduko albiste bat eman behar dizuegu. Duela hamar minutu eskas dei anonimo bat jaso dugu. L-ko poligonoan bonba bat ipini dutela ohartarazi digu gizonezko batek. Ertzaintzako artifizieroak jakinaren gainean daude eta une honetan lantegiak husten ari dira. Ezaguna da L-ko poligonoan autoak egiten dituzten lantegi bat dagoela, eta inguruan bere hornitzaile garrantzitsuenak. Oraingoz ez dugu xehetasun gehiago. Hurrengo albistegian berri zabal eta zehatzagoak izango dituzue L-ko poligonotik zuzenean.

      Oso albiste ona iruditu zitzaion Aitorri.

      Lasaiago gidatzeko agindu zion Martinari.

      — Arriskutsuak dira bihurguneak. Eta ez dugu presarik.

      Atzean gazta eta irasagarra jaten ari zen atsoa.

      Aitorrek zalantza egin zuen, ondo jokatu zuen edo ez.

      — Gaur arratsalderako zer asmo daukazu? —galdetu zion atsoari.

      — Ezer berezirik ez. Zergatik?

      — Martina Donostia aldera eraman nahiko nuke.