Bazterrekoak
Bazterrekoak
2000, narrazioak
224 orrialde
84-86766-08-7
azala: Xabier Gantzarain
Xabier Aldai
1975, Azpeitia
 
1993, poesia
 

 

Munduak ez zaituzte bizirik maite

 

 

Nik salba zaitzaket

 

Gure asmoen arabera Legardak aldagelan hasi behar zuen izerditzen, balizko aurkari batekin sei round gogorretan jardunda. Eta gero, kanpora irtendakoan, italiar zaparrote hura hotzean harrapatu eta ringean ziplo utziko zuen. Anderri bururatu zitzaion gure asmoa iluntze batez besaulkian etzanda zegoela, Legardaren umezainarena egitea bukatu ostean. Anderrek erabakia zuen, beraz, Filiberto hotzean harrapatzea komeni zitzaiola Legardari, gure gizonari ez baitzioten indarrek hamabi round iraungo. Ondo asko genekien denok loterian jokatzea bezain zentzuzkoa zela xedea, baina Filibertoren ordezkariek uste zuten aldez aurretik “Hola, kaixo, zer moduz?” gisako borroka planteatuko genuela, ganora eta prestakuntza fisikorik gabea. Haiek ez zeuden sufritzeko prest. Eskura kobratu beharreko iragarki, irudi-eskubide, telebista-saio berezi eta bere memorien argitarapenarekin beteta zeukan garuna Filibertok; ia eskubidez balegokio bezala hitz egiten zuen pisu erdiastunetako tituluaz; etxebizitza garestiekin espekulatzen zuen eta lagunei harribitxiak oparitzen zizkien. Ez zituen Legardaren harrizko ukabilkadak itxaroten; ez zegoen entrenatuta kokotsean lehertuko zizkion dinamita-eztandak pairatzeko.

      Aldageletan izerditzea estrategia garailea izana zen aurreko berrogeita hamar borroka baino gehiagotan. Baina bazuen akats larri askoa: Legardak galduta zeukan borrokatzeko motibazioa.

      — Defentsa kaxkarra zaukak —esaten nion Legardari, bere indarrez fidatzen has zedin.

      Eta gimnasiotik irtenda, garai batean institututik ihes egindakoan biltzen ginen tabernara eraman nuen, ea gogoratzen zuen lehen zerk ematen zion borrokarako grina. Gure mahaitik oso gertu eserita zeuden umetatik ezagutzen nituen astakirten bi. Tabernaren kale kantoitik hasita alderik alde zabalduta zeuden karteletako boxeolaria ezagutu zuten berehala.

      — Makal galanta egina zagok golfo hori borrokan egiteko!

      — Jo eta bi kolpetan eraitsiko ditek! —esaten zuten.

      Legardak amorruz noiz erantzungo zain itxaron nuen. Baina ez zien jaramonik egin. Lehen mihia ukabilak bezain bizkor zuenak ospa egin zuen isilik.

 

 

Menpekoak eta menperatuak

 

Gurasoek deus ere ez zekitela boxeoan erdi-ezkutuan hasi zenean, Anderren txabolan prestatzen zituen borrokak. Anderren txabolan erabaki zuen Legardak, gertatuak gertatu, ez zela sekulan inoren aurrean belaunikatuko. Eta orain, urte batzuk geroago, atzera egitea baino nahiago zuen italiarraren jipoiari aurre egitea.

      Eta horregatik burutik pasatzen hasi zitzaidan, laster betirako haserretu eta norbera bere bidetik joan eta bananduko ginela. Filibertok KOz amaitzen zituen borrokaldi guztiak. Ohiko ibilbidea egina zeukan Txapelketa Handiraino: rankineko bost eta sei eta zazpigarrena txikitzea. Alegia, aurkari bikaina izan zen onenak emanda erretiratzear zeuden boxeolarientzat: haiek KOz bizkor galdu eta itxurazko diru-poltsa irabazi. Perfekto. Promotoreek segituan zabaldu zuten zurrumurrua egunkari eta irratietara: “Kalezuloan hazitako italiarrak kristal hautsiak eta bizar-xaflak gosaltzen ditu!”. Ordura arte borroka errazak antolatu zizkioten, telebista-kamerak eramaten zituzten bere entrenamenduetara, barra-barra irabazi zuten dirua. Baina benetan noraino irits zitekeen erakutsi beharra zeukan Filibertok artean; lehenago edo geroago, boxeolari handienen kuraia eta hiltzaile-sena ba ote dituzun jakin nahi izaten du jendeak.

      Jadanik mutil haren ordezkariek tituluaren erronka besterik ez zuten ikusten.

      Zotz bat mamurtzen ari nintzen Filibertoren ordezkarien borroka proposamena jaso genuenean. Kontua da, gimnasioko atetik sartzen ikusi zituenean, Anderrek aldagelara bidali zuela Legarda, lau litro ur edan baino lehen ez agertzeko aginduarekin. Eta kontua da, Anderrek “nigatik bai” esanez bezala mugitu zituela sorbaldak, Filibertoren ordezkarien proposamena entzutean. Ordu erdira, Legardak, zigarroa eskuan, bere hurrengo aurkariaren ordezkariak agurtu zituenean, garaipena ospatzen saltoka hasteko zorian ziruditen gizajo haiek. Italiara bueltan, garaitzaren osteko prentsaurrekoaz eztabaidatzen jardungo zuten.

      “Ez zaukatek boxeoaz aztarrenik ere” pentsatu nuen zotza mamurtzen bukatu eta ttu egin nuenean.

 

 

Hiltzaile-sena

 

Estreinako egunean izaten den irabazteko irrikarekin ekin zion Anderrek. Tipo izugarri azkarra zen. Eginahalak eta bi egin zituen Legarda borrokarako sasoi punturik onenean jartzeko, batzuetan Legarda berak baino gogorrago lan eginez. Goizetik gauera entrenatzen zuen eta gauez umezainarena egin. Goizeko lau t’erdietan iratzartzen zuen korrika egitera joateko. Ur hotzarekin dutxarazi eta gosaria prestatzen zion: laranja-ura, arrautza egosiak eta esne hutsa. Zakuarekin jarduten zuten bazkaltzeko ordura arte. Arrain egosia, entsalada eta barazkiekin; haragia beti gutxiegi egina, eta astean behin baino ez. Gero txango luze bat ematen genuen, bederatzi t’erdietarako oheratzeko.

      Borrokarako grina piztu zion, ez dago zalantzarik. Eta horretarako egin genuen gauzarik onena, halabeharrez, Ander eta biok umezainen antzera denbora guztian txapeldunaren ondoan ibiltzea izan zen... Legarda sei astez larrurik jo gabe egon zedin. Halaxe diote aditu modernoek, sekulako aldea dagoela, sei asteko barauak edonor bihurtzen duela lehen zena baina doilorragoa. Eta doilorrago ageri zen, bai, baina bagenuen ezin konponduzko arazo bat. Ez genuen lortzen Legardaren pisua jaistea. Ez zuen izerdirik botatzen, ezta sokasaltoan ordubetez edukita ere. Nabarmena zen: oin haiek ez zuten antzinako dotoreziaz dantzatzen.

      — Zer zabiltzate neska zaharren moduan marmarka?

      — Hobe izango duk gaurkoz entrenatzeari uztea —erantzun zion Anderrek—. Nekatuta egongo haiz honezkero.

      Ander etsitzen hasita zegoen.

      Nire lana Legardaren ukabilen botere desegilea azken muturreraino garatzea zen. Gaztetan kartzelan igarotako urte sabatikoetan ikasitako kolpe-segida batzuk entrenatzen genituen. Egia esan, ez zen ezer berria, modaz pasatutako zerbait baizik. Baina aitor dezagun, gaur egun boxeolariek edari isotonikoei arreta handiagoa eskaintzen diete borrokatzeari berari baino.

      Armategi osoa errepasatu genuen. Kolpe bakoitza bosteko sortan entrenarazten nion, hiru bider egunero. Ez zitzaizkion bizepsak puztu, baina hilabete baten buruan dinamitazko ukabilak bildu zituen: boxeolari onak erdipurdikoetatik bereizten dituen hiltzaile-senaren oinarri. Ingudea bilakatu zen bere ezkerra eta mailua eskuina, urrezko garaietan bezalaxe. Haren indarra agortezina zela sinetsarazi zidan, betiereko gaztetasunaren iturburuaren jabe balitz bezala, ni itxaropenez betetzeraino.

      Ez zuen beste bizimodurik ezagutzen.

      Egun haietako batean galdetu nion Anderri:

      — Oraindik apustuetan ibiltzen al haiz?

      — Lehen baino gutxiago...

      — Eta Legarda? Garai batean jokozale amorratua huen...

      Ez zidan erantzun, une hartan bertan batu baitzitzaigun Legarda boxeoko zapatekin, eta Anderrek, ohartu zenetik Legardak ez zuela bururik altxako, ez baitzuen txapeldunaz tutik esaten. Legarda, betiko marmarrean genbiltzala konturatuta, gaiztoz galdetu zidan:

      — Zer iruditzen zaik nire sasoi puntua? —matraila tik batez higitu zitzaion.

      Erantzun egokia hausnartzen denbora gehiegi eman nuenez, hobe ezer ez esatea. Inozokeria bota nuen:

      — Zer moduz zapata horiekin? Gustura?

      Zakar begiratu zidan Legardak. Boxeolari handiek behakoaz adierazten diote aurkariari, min egiteko erabiliko dituen amarru guztiek bere sufrimendua luzatzea besterik ez dutela eragingo; eta horregatik, jaso beharko duen zigorra berez dagokiona baino basatiagoa izango dela, jendeak jakin dezan nork agintzen duen. Behakoarekin aurkariaren buru, oin eta ukabiletara mezu hori igortzearekin batera, aurrez aurre daukan gizonaren mugimendu guztiak zelatatzen ditu: zenbateko maiztasunez kliskatzen dituen begiak, birikek zein erritmoz ponpatzen duten airea, aurkariak nola uzkurtzen duen sabela arnas berria biriketan behera jaisten ari denean, urdail ingurua nola laxatzen den arnasa botatzean, zenbat denbora irauten duen hatsaldi bakoitzak. Eta aldi berean, defentsaren altuera zaintzen dute; aurkaria boxeolari teknikoa den, kolpe gutxi baina ongi kokatuak eta tximisgorriak baino bizkorragoak banatzen dituen, hanka-arina den edo jotzailea eta beraz, hartzaile gogorretakoa den. Aurkaria teknikoa baldin bada, lasaiago ariko da, galduta ere jipoi handirik ez duela jasoko pentsatuta.

      — Zapatak primeran. Baina zer iruditzen zaik nire sasoi puntua?

      — Ez hago ondo —aitortu nion, norbaiten ahotik entzutea behar zuelako.

      Zakar begiratu zidan, baina galdua zuen Legardak txapeldun bilakatu zuen begirada hotz eta hiltzailea.

      — Ez diat lorik hartzen gauetan —aitortu zigun.

 

 

Topa

 

Arratsalde batez Legardaren promotorea etorri zen elkartera Audi berrian, Intxaurrondo eta Egiako etxebizitzen espekulazioarekin aberastutako donostiar bat, txofer eta guzti. Apustuetan dirutza galantak mugitzeko ospea zuen.

      — Non dago Legarda? —galdetu zuen, agur egin aurretik.

      Legarda logelan zegoen.

      — Zer du gure txapeldunak? —esan zuen ironiaz.

      Hantxe jo nuen galtzailetzat nire burua. Sekretu handi bat gordetzen ari ginen, sekretua mundu guztiaren ahotan zebilenean. Borroka eguna irudikatu nuen: jendea Legardari buruz gaizki esaka, hartzen zuen muturreko bakoitzaren kontura inoiz ere eraman ez zuen bizimoduaz, edan ez zuen alkoholaz eta ezagutu ez zituen emakumeez barre egiten.

      — Honezkero borroka gosez egongo da!

      Donostiarraren txoferrak ere barre egin zuen.

      — Non dago gure txapelduna? Jai al du ba gaur?

      Ohe gainean etzanda aurkitu genuen, sabaira begira.

      — Zergatik ez didazue bakean uzten? —Legarda ez zegoen umoreko.

      — Tira, txapeldun, zer moduz hago?

      — Puntu-puntuan. Zer ostia entzutea espero duk?

      — Itxura ona daukak.

      Donostiarrak handik alde egiteko eskatu zidan:

      — Aizak, hoa Anderren bila eta esaiok hemen ikusi nahi dugula ordu erdi barru.

      — Eta zergatik ez dik ba hemen gelditu behar? —kexatu zen Legarda—. Gera hadi hemen.

      — Lasai, gizona!

      — Hobe izango da Anderren bila joatea —esan nuen eta logelatik irten nintzen.

      Gimnasioan zegoen. Irritsez begiratzen zion egurrezko habetik eskegitako zakuari. Nigana etorri zen, urrats luze eta bizkorrez. Haserre zegoen.

      — Donostiarra etorri duk Legarda ikustera. Ordu erdi baino lehen ez azaltzeko agindu zidatek.

      Hiru ordu laurden igaro ziren eskaileretan gora abiatu ginenerako. Zurbil zegoen Ander, traizionatu izan balute bezala.

      — Izorratuko zarete elkarri esku sartzen ari bazarete —esanez zabaldu zuen atea.

      Legarda ohantzean eserita zegoen. Donostiarra eta txoferra aulki banatan. Anderrek berotasunik gabe estutu zuen donostiarrak luzatutako bostekoa. Txoferrak botila ardoa eta lau baso atera zituen.

      Zer ospatu behar genuen?

      — Bota basokada bat txapeldunarentzat ere! —agindu zuen donostiarrak.

      — Ez, eskerrik asko. Borroka zaukaat etzidamu.

 

 

Nor da zure aita?

 

Joan zirenean, Legardak muturreraino bete zuen bere edalontzia.

      — Nahasiok ur pixka bat —aholkatu zion Anderrek.

      Lehen tragoan hustu eta berriro bete zuen.

      — Kabroi pare galanta etorri duk gaur arratsaldean —esan eta minutu batez ez zuen ezpainik mugitu, soara nigan tenkatuta—. Arrazoia zaukatek ordea... Tira, ez nazazue bakarrik laga —ardoa eskaini zigun.

      — Ez diat behar —esan nion—, primeran nagok.

      — Inork ere ez dik behar izaten!

      Bi edalontziak gainezka bete zituen. Anderrek atea danbatekoz itxita alde egin zuen.

      — Ba al dakik? Hiltzeraino edaten jarraitu nahiko nikek.

      Beste baso bat zerbitzatu zion bere buruari. Botila azken hondarretan zegoen.

      — Botaiok ur pixka bat. Hondarrak beti izaten dituk garratzagoak.

      — Ez dakik zenbat faltan botatzen dudan emaztea. Inork ez dik ulertzen.

      Mozkortzen hasita geunden.

      — Gaur aingeruen moduan egingo duk lo —esan nion.

      — Entzun. Diru asko irabazi nahi al duk? Joka ezak Filibertoren alde! Ba dakik zenbat jokatu dudan neuk bere alde? Daukadan guztia! Etxea eta guzti! Une honetan juxtu soinean ditudan arropen jabe besterik ez nauk. Joka ezak haren alde eta aberastuko haiz. Ni ez nauk gauza mandotzar hori etzateko...

      — Nahasiok ur apur bat.

      — Akabo. Hogeita hamazazpi urte zauzkaat... Ingurukoak gizendu besterik ez diat egin urte hauetan. Gauza asko galdu ditiat lauki baten gainean ezer ere egin ez didaten gizonak jipoitzen!

      — Botaiok ur pixka bat, Legarda.

      Niri ematen zidaten min kolpe haiek.

      Ez zuen bere basoa aurkitzen, eta ordura arte nik erabilitakoa ezer galdetu gabe hartu eta amorruz bota zuen lurrera.

      — Nire alabari ez ziok batere onik egiten bere aita ni izateak. “Nor da zure aita?” galdetzen ziotek handikien alabek; “Legarda!” erantzun behar izaten dik, eta ez ziok onik egiten.

 

 

 

Mina

 

Itzultzera ez banindoa bezala prestatu nituen maletak hurrengo goizean. Bederatzi t’erdietan entzun nuen Legarda ohetik jaikitzen. Sukaldean harrapatu nuen burua eskuen artean ezkutatuta. Ander ere sukaldean zegoen, hozkailuaren alboan zutik, besoak antxumatuta.

      — Nola hago? —galdetu nion.

      — Primeran. Ahoa porlanez beteta bezala zaukaat eta mihia handituta. Baina ez diat buruko minik.

      — Filibertoren alde ia hamar milioi jokatu hituela aipatu huen bart.

      — Txapelketa hau irabazteko gogoz amorratzen zagok. Gogor jokatuko diat bere alde.

      — Behin ere ezin duk aurrez esan zer gertatuko den.

      — Titulua behar dik derrigorrez. Horrela duk negozioa. Orain artean jipoitu ditudan gizon guztiek sentitu duten hondamendia bizitzera noak gaur.

      Anderren elkartera etorri ginenetik lehendabiziko aldiz hots egin zion emazteari, eta Bilbora abiatu ginen berehala. Eserlekuaren mutur batean jarrita egin zuen bidaia, erdian hirugarren bat eramango bagenu bezala. Bazkalordurako emaztearekin bildu nahi zuela esateko bakarrik zabaldu zuen ahoa hotelean.

      — Ez hau sekulan ikusi?

      — Ez. Ez naik ring gainean behin ere ikusi.

      Borrokaren ondoren etxera itzuli nahi ez izateak biziki kezkatu ninduen.

 

 

Etorkizuneko borrokak

 

Hotel baten lurpeko aparkalekuan utzi nuen autoa. Leku egokia zen Legardaren asmoetarako. Logela bat alokatu zuen. Bere kontura han geratzea eskaini zidan, baina ordurako nire koinatuarekin hitz eginda neukan gau hura bere etxean igarotzeko. Igogailuan joan ginen Legardaren logelara maletak uztera. Sekulako ume aurpegia zuen zerbitzari batek lagundu zigun. Erosoa zen logela, ohe bi eta komunarekin.

      Edozeren gainetik bildu nahi zuen Mireiarekin. Baina aurretik donostiarra agertu zitzaigun. Legardak ahalegin handiak egin behar izan zituen gizalegez jarduteko. Artekaria diosalik egiteke mahaian eseri, besoa altxatuta zerbitzariari deitu eta markako ardo botila eskatu zion. Legardaren emaztea eta hamar urteko alaba xarmanta iritsi zirenean diz-diz egin zuten txapeldunaren begiek. Promotoreari barregura eman zion.

      — Nola habil pisuz, Legarda?

      — Hi bezalako bi eta beste bost gizon bizkarrean hartuta ere pisu barruan egongo nindukek!

      Mireiak ez zuen promotorea maite.

      — Jendilaje politarekin elkartu haiz —esan zion senarrari iritsi ahala.

      Legardak altzoan hartu zuen alaba.

      — Horrela eutsi behar al diot nire duintasunari? —alabari belarriak estali zizkion.

      — Heure burua saldu duk! —aurpegiratu zion emazteak—. Badakik? XIX. mendetik bizirik irtetea lortu dutenak nola hiltzen diren ikusten joango gaituk gure bizitzatik. Laster denak hilda egongo dituk. Ez duk bat ere geratuko.

      — Agian maite izan bazintut gaur ez nuke borrokatu beharrik izango —xuxurlatu zuen Legardak.

      Bere alabak ez zukeen horrelakorik entzun behar. Baina hantxe zegoen nirekin batera.

      — Batek ahultasun une horiei aurre egin behar ziek —jarraitu zuen Mireiak, soakoaz alaba handik eramateko keinua egiten zidala—. Hik ba al dakik zerbaiti aurre egitea zer den?

      — Horretan nago ba une honetan —esan zuen Legardak—. Ahuldade momentu batean. Gauza asko galdu ditut. Dena, esate baterako.

      Legardaren magalera itzulita, alabak esku bat belarrira eraman eta bestearekin telefono zenbaki bat markatzen zuela itxurak egin zituen.

      — Rrrinnng! Ezetz jakin nor naizen?

      — Nor da? —galdetu zion Legardak aurpegia neskatoarenera arrimatuta.

      — Indioilarra naiz.

      — Zoaz pixka batean hegan egitera! —agindu zion amak.

      — Ez. Hego motzegiak dauzkat eta gizenegi nago. Indioilarrek 70 km orduko abiaduran hegan egin omen dezakete —esan zuen neskatoak gozokiak eskaintzen zizkion promotoreari begira.

      Gozokiak hartu, aitaren altzotik jaitsi eta hotelean zehar korrika ekin zion.

      — Hain itxura xaloarekin nolatan izan daitekeen nire alaba galdetzen diot neure buruari —esan zuen Legardak.

      Goitik behera begiratu gintuen. Aurpegiera lokatu zitzaion: anker eta etsia, inoiz beste inorengan ikusi ez nuen bezalakoa.

      — Saia hadi gizon izaten —erantzun zion emazteak.

      — Gustura egurtuko zintuzket!

      Masaileko giharrak tenkatu zitzaizkion, eta azken sei asteetan pilatutako tentsio guztia Mireiarengan hustuko zuela otu zitzaidan. Lurrean belaunikatuta gurasoekiko aiher gabe zegoen neskatoari begiratu zion: bere larruazalak, argiaren eraginez, itsasoaren kolore aldakorrekoa zirudien.

      — Ez haiz gauza! —Mireiaren hitzok urdail parean jo zuten Legarda.

      — Beste gizonen inbidiatan bizi naizela uste duzu? Emazte bat eta alaba eta etxe dotorea eta nahi adina denbora libre izatea eta hori guztia? Ez naiz inoren beldur!

      — Zorte handia daukak orduan.

      Mireiak platerean zapaldu zuen zigarroa. Kea botaz abiatu zen alabaren bila. Haurrak eskailera mailetatik burua atera zuen amaren deia entzundakoan. Legardaren begi ilunak ninietan txitxildu ziren.

 

 

Zer egingo huke

 

— Nire ama bizi zela, asteartero deitzen nioan —kontatu zidan Legardak—. Denbora asko behar izaten zian ohetik jaiki, korridorea zeharkatu eta sukaldeko telefonoa hartzeko. Baina nik txirrina joka uzten nian. Batzuetan, deia moztu aurretik telefonoa hartzeko gauza izango ez zela konturatzen ninduan. Sekulako atsekabea emango niokeen berriro hots egingo ez banio. Eta telefonoak tai gabe deika jarraitzen zian, hariaren bestaldean ni nengoelako eta ez zitzaidalako axola zain egotea. Behin batean, ez nekian amak zergatik ez zuen telefonoa hartzen. Hilda egon ote zen?

      — Ziur bazekiela hi hintzela. Poz ederra emango hioke!

      — Hik noiz eskegiko huke? Hogeita bost, berrogei deiren ondoren? Telefonoa hartzeko behar adina denbora eman nahi nioan, baina, bestalde, ez nian kale kantoi batean xiringa bat zainetan usteltzen ari nintzela pentsarazterik nahi...

      — Ba... hogeita hamar aldiz, agian gehiago...

      Buruarekin ezetz egin zidan.

      — Bakoitzak bere erara egin ohi ditik gauzak. Nik ez nian sekulan eskegitzen deia eten arte.

      — Ongi iruditzen zaidak.

      — Niri berriz gehiegi. Zer egingo huke nire lekuan borrokatu beharko bahu?

      Legardak mahaiaren bestaldetik bere buruaz jakin behar zuenaren erdia bakarrik baleki bezala behatu ninduen; bere arazoak zeintzuk ziren eta zenbateraino min egin ziezaioketen ohartuta, negar egingo lukeen gizonaren antzera.

      — Hilda nagoen sentipena zaukaat.

      Ez nuen kontsolatu, agian egin beharko nukeen bezala. Legarda ez zen nire anaia.

      Bere umiliazioaren lekuko izatea eta biok eszena hura inoiz ez ahaztera kondenatuta egotea deitoratu nuen.

Oturuntza

 

Boxeolarien pisu-muga hirurogeita hemeretzi kilo t’erdi ziren. Legarda, xukadera bat sorbaldetan hartuta igo zen balantzara. Kazetari ugarik inguratzen zuten Filiberto.

      — Oraindik toalla botatzeko garaiz hago! —agurtu zuen Filibertoren managerrak Legarda.

      — Norbait hizketan ari da? —galdetu zuen Legardak lau haizetara begira.

      — Hirurogeita hamabost kilo t’erdi!

      Aretoa marmarrez bete zen Filiberto balantzara hurbildu zenean. Sorbaldan zeraman xukadera erortzen utzi eta balantzara igo zen. Nire bizitza guztian ikusi ditudan bizkarrik zabalenak zeuzkan.

      — Hirurogeita hemezortzi kilo! —oihukatu zuten.

      Jaitsi eta destainaz behatu zion Legardari.

      — Beno —sartu zen tartean promotorea—, Legardak ia hiru kiloko abantaila ematen dik.

      — Afaldutakoan gehiago izango dituk!

 

 

Kartzela bat

mundu zabala bezainbeste

 

Legarda ez zen gose. Neguko jertse lodia janztera igo zen logelara, irteeran ez hozteko. Boxeatzeko galtza motzak eta txabusina hartu zituen poltsa batean. Euria gogoz ari zuen arren, jende saldoak ikusi nituen sarreraren aurrean birsalmentak martxan noiz jarriko zain.

      — Eta orain zer? —galdetu zidan—. Agian honetaz guztiaz ahaztu eta etxera itzuli beharko nikek.

      Gauez katuari bezala argitu zitzaizkion begiak. Naufragioaren erdian olatuen menpe azkar eta minik gabe itoko lukeen uhina erregutzen zuen marinelaren gisa so egin zuen jendartera.

      Konturatu gabe, sorbaldetatik heldu eta autoaren ate kontra bultzatu ninduen. Aurpegia niretik zentimetro eskasetara hurbilduta garrasi egin zidan:

      — Defenda hadi ahal baduk! Puskaidak beso bat!

      Gainetik kendu nuen, baina sorbaldetatik eutsi zidan, eta ez erortzeko eskuturretatik oratu behar izan nion. Bere hatsa usaindu nuen; ringera igotzeko zuen beldurra senti nezakeen.

      — Elkarri eskua sartzen, ala? —galdetu zuen nire atzean promotoreak.

      — Bai horixe! Marikoiak gaituk.

      Begiratzen zion moduagatik zerbait gehiago esan nahi ziola adierazten zuen: gorroto zuela edo azkeneko aldia zela edo hura guztia popatik hartzera bidali nahi zuela. Baina ez zitzaizkion hitzak atera. Bere hotzikarak eta non ezkutatu ezina sentitu nituen, eta hurrena zer egingo zuen galdetu nion nire buruari. Bere egoera onartzen amaituko zuela uste nuen artean, aurka egiten ahalegindu gabe amore emango zuela. Ez zen halabeharrezkoa zenaren aurka ekiteko joera zuen gizona.

      — Hau kristorena duk... ez duk uste? —jaregin ninduen—. Hi eta ni kalearen erdian nire beldurrak uxatzeko borrokan!

      Ez nituen hitzak lagun... iluntasun hartatik salbatzeko edo borroka osteko bere bizitza eramangarriagoa bihurtzeko edo une hartan gainera zetorkiona beste ikuspegi batez azaltzeko.

 

 

Lurrikara bat ringean

 

Kanpaia entzun zen eta Legarda tximisgorriaren antzera jiratu zen ringaren erdigunera abiatzeko. Goanteak ukitu eta Filibertok eskuak guztiz jaitsi aurretik Legardak bi ezkerkada erantsi zizkion. Filiberto atzetik ibili zuen round osoan, kokotsa bularraren kontra estututa. Hartzaile fama zeukan, eta zaintza nahiko behean edukitzen zuen. Tarte motzean baino ez zekien boxeatzen. Alta, buruz buru ekiteko posturan kokatzen zen bakoitzean, Legardak automatikoki ezkerra betondoan jartzen zion; eskua altxatu orduko Filibertoren begiak zigortzen zituen. Hiruzpalau aldiz saiatu zen eskuinez, baina Filibertok sorbaldarekin gelditu edo burua makurtuta itzuri zituen. Gakoa erabiltzeko joera handia zuen Filibertok, aurpegi betean jasotako ezkerkadez kezkatu gabe, saihetsak eta urdaila babesten zituen. Lehen lau roundak amaitu ondoren ordea, Filibertok aurpegiko ebakietatik odola jariatzen zuen etengabe. Hurbildutako bakoitzean bi arrasto gorri uzten zizkion Legardari saihespetan. Legardak besoak trabatzen zizkion, berehala esku bat jaregin eta behetik gora jotzen zuen. Baina berriro eskuak erabil zitzakeenean, Legarda soinean jotzen zuten Filibertoren inpaktuak kaletik entzuten ziren. Hain jotzaile bikaina zen italiarra! Tarteko atsedenaldietan gogor aritzen ginen Legardarekin, urez garbitzen eta baselina ematen. Ezkerrez Filibertoren aurpegira zehaztasun miragarriz kolpatzen jarraitzen zuen arren, ezin zen hasieran bezala mugitu ring gainean. Modu itsusian ari zen Filiberto odola isurtzen eta lipar batez, atseden hartzeko, Legardaren sorbaldan bermatu zuen burua. Legardak, arerioaren asmoa aurrez iragarrita, ez-ohiko bizkortasunez sorbalda alderatu eta bortxaz jo zuen sudurrean. Ondoren eskuina jaitsi eta berriro behetik gorako kolpe ikaragarri bat lehertu zion barailan. Erasoak bere onetik atera zuen Filiberto. Zortzigarren rounda amaitu zenean, ez zen Legardaren adoreak sorrarazten zion gorrotoa ezkutatzen saiatu. Legardak lasai zirudien. Bere aurka borrokatzen zutenek boxeoa betirako gorrotatzen zuten. Bederatzigarren rounda amaitzean makaldu zen Legarda. Betiko Legarda zirudien gure txapeldunak, lurrikara bat ringean... Baina borrokaren kontrola galduta zeukan. Filibertoren kolpeak saihestu ordez, ahal zuen moduan jasotzen zituen. Aurkariaren ukabilak blokatzen saiatzen zen. Filibertori sinetsarazi nahi zion jasaten ari zen kolpe zaparradak ez ziola minik eragiten. Rounda amaitutakoan dardara bizian zeuzkan giharrak. Donostiarrari beha, “Amaiera arte eutsiko zioat!” hitz eman zigun, barre itxurako imintzio bat ezpain odolduetan marrazteko ahaleginak eginez. Harrezkero bazekien ez zela gizon indartsua, baina ez zuen etsi nahi. Hamargarrengoan Filibertok ezkerkada garbiaz harrapatu eta hankaz gora eraitsi zuen. Epailea zenbatzen hasi zen. Legardak oreka berreskuratu nahian astindu zuen burua. Zortzira iristean, jendetzaren orroek entzutea eragotzi ez zioten oihua jaurti zion donostiarrak: “Ez altxa!”. Baina Legarda zutitzen hasi zen. Epaileak beso batekin urrundu zuen Filiberto. Legarda jaikitzean Filibertori deiadar egin zion bere managerrak: “Hil ezak!”.

      Sarraskirako prest nintzen.

      Filibertok adi-adi aztertu zuen. Izkin-egite batzuekin zokoratu zuen Legarda; distantziak neurtu eta ezker ahul bat kokatu zion aurpegian bere erresistentzia neurtzeko... eta gero eskuinkada izugarri bat kokotsera bete-be­tean! Epaileak zokora bidali zuen Filiberto. Legardak, lurretik, borrokan jarraitzeko keinuak egin zituen. Epailea berriro zenbatzen hasi zen.

      Orduan ulertu nuen donostiarrak Anderren txabolara bisitatu gintuenetik esku artean zekarren jokoa.

      — Behin ere ez duk borroka bat heure kabuz irabazi, Legarda! Denak aurrez erosten nitian Filibertoren managerrak egiten duen moduan. Nik egin haut txapeldun. Eta orain ordainaren eske natorrek. Galdu egin behar duk Filibertoren aurka. Hireak egin dik. Orain arte irabazitakoarekin bizi beharko duk hemendik aurrera. Hik jakingo duk zer egin duan diruarekin. Gimnasio bat ireki dezakek. Edo nahi baduk, bilatuko diat igeltsero lantxo bat. Baina galdu egingo duk Filibertorekin!

      Galdu behar zuenez gero, bere alabak bizitza guztian beharko zuena baino askoz diru gehiagorekin erretiratzea erabaki ote zuen Legardak bere buruaren kontra apustu eginez? Litekeena da. Baina borroka hasitakoan, italiar txatxu hura erraz menpera zezakeela otu zitzaion; popatik bidal zezakeela bera eta beste askoren pentsutik aberastutako gizonttoa, ulu egiten zion jendea, dirua.

      Bost zenbatu baino lehen jaiki zen Legarda. Borroka jarraitzeko agindua eman zuen epaileak, Legardari soketatik urruntzeko betarik eman gabe. Izerdi tanta lodi bat sudur puntan odolarekin nahastuta erori zen lurrera. Eta Filibertok txikitu egin zuen zokoan. Ikusleek ulu eta orro artean gozatzen zuten. Saihetsetan jo zuen, panpina baten moduan erabili zuen, eta amaitzeko gako batez bota zuen hankaz gora. Belauniko jartzen ahalegindu zen Legarda, baina ez zuen lortu. KOz irabazi zuen italiarrak. Jendea deiadarka oldartu zen Legardaren aurka, txistuka. “Tongo!, tongo!” oihukatzen zuten gure herriko ezagun batzuek.

 

 

Gogorrena nagusi

 

Konortea galtzeko zorian egon zen birritan.

      — Hots egiok sendagile bati —esan zidan Anderrek.

      — Diruak diru gehiago erakartzen duela esan ohi ditek —esan zuen Legardak denok entzuteko moduan—. Txatxu horrek ez ziok nik adina eutsiko gerrikoari. Hurrengoak bertan behera akabatuko dik!

      — Handia haiz, Legarda. Onena —esan nion.

      — Ba —esan zuen, berriro begiak itxi aurretik—, ez zaukak garrantzirik.