Aizue!
Zamatu berria genuen gurdiaren ondoan geratu ginen ama eta biok, aitak leihoak iltzatu eta ateko sarrailan listuz bustitako giltza biratzen zuen bitartean. Gurdiko behor apailatuaren antzera, urduri itxaroten genuen, guri so genituen hainbat begitatik ahal bezain urrutien alde egiteko geratzen zitzaizkigun segundoak zenbatzen.
Meatzea betirako itxi zuten egun batzuk lehenago, eta orain beste zereginik ez zeukaten herriko ia gizon guztiek. Abadea eta bizargina salbu, gure joatea ikusteko batzartuak ziren etxola aurrean. Oholesiaren luzera osoa hartuta zeukaten. Iazko landareek hosto iluneko euren eskuak ukabilen gisa ixten zituzten soroan bilduta. Nire adineko mutil koskorrek, patrikak harriz beteta, gure etxeko leihoak behatzen zituztela konturatu nintzen. Bisaiak aztertu nizkien, eta laster hutsik eta inoren eskutan geldituko zen etxola harekiko mina hazten sentitu nuen nire barnean.
Despedida hitz bat entzun gura nuen gutiziatsuki, agur keinu bat antzeman han edo hemen. Baina herriko gizajoak soilik izan zuen banindoala ikustean atsekabea sentitzeko zolitasuna, tabako etiketen eta kordel zaharren balioa ederresten zituen gizon baten semeak soilik; betiereko haurra zen, bere egunen amaiera arte ume gisa bizitzera kondenatua. Han aurrean zegoen Juan Bautista, begiak tirria eta kuriositatez beterik; inguruko guztiek, jakina, adarra jo eta iseka egiten zioten. Gartzatarren gazteena bere atzean belaunikatu zen eta zapatatzarren aingiren tankerako lokarriak askatu zizkion.
Etxeko atarietatik mugitu ere egin gabe emakume mordo bat ere begira genuen arren, alargun bat bakarrik hurbildu zitzaion nire amari zorte ona opatzera. Urrats handiak emanez hurbildu zen Asun Garmendia, ohi zuen bezala, garai eta gotor, ibiltzean pendulu baten moduan zabukatzen zitzaion medalloi horia lepotik zintzilik.
Martin Txikik, kantinako jabeak, Asun gugana hurbiltzen ikusi zuenean, ahoa zabal-zabal bota zuen:
— Hori bezain emakume garaia balitz nire emaztea, kukumak eskegi eta txorimalo gisa erabiliko nikek, benetan!
Barre egin zuten inguruko guztiek. Baina Martin Txikik atzera egin zituen urrats batzuk, Asun Garmendiaren besoetako giharrak edozein gizonenak bezain indartsuak zirela jakitun.
Medalloia berunezko lapitza bailitzan erortzen zitzaion lepoan behera. Nire ama baino askozaz altuagoa zen Asun. Ama ozta-ozta zen metro t’erdi, eta burua atzerantz etzan behar izaten zuen, zerura behatuko balu bezala, Asunekin hitz egitean. Begiak medalloian pausatuak zituen zorrozki, inoiz ere ez baitzen urre pinporta baten jabe izan, ez eraztun baten ez buru handiko iskilinba baten jabe, eta are gutxiago medalloi batena.
Asun begirunez mintzatu zitzaion, gizonei destainaz begira.
— Harro behar zenuke zure gizonak Azpeitian bizirik usteldu nahi ez duelako, ezer egin gabe erreka ondoan etzanda. Laster denek joan beharko dute hemendik, edo mudatu edo gosez hil beharko dute hemen. Meatze hau ez da gehiago zabalduko. Guztiz agortuta dago.
Nekerik gabe harriak bakarrik ugaltzen ziren lur batzuen jabe zen Asun. Handik ateratzen zuen bizitzeko adina.
Gizon erreusen nahaspila bat egon zen orduan, herriko abadea agertu baitzen, besoekin errotak trazatuz airean, laino beltzak eta tximista beldurgarriak iragartzen zituen sermoiari ekitera.
— Burugabe horiek ez dute nora joanik! —mintzatu zitzaion gizon aldrari, atzamarrez gu seinalatuz—. Bailara honetan, ibaiaren ibilbide osoan ez dago lanerako eskurik behar duen meategi edo burdinolarik, ez dago lanik inon. Bekatu mortala da kristau familia bat ijitoen gisa batetik bestera noraezean ibiltzera behartzea! Eta nik diot: estalpe baten jabe zareten bitartean, gorde ezazue eta zaudete bertan! Jainkoak estutu egiten du, baina ito gabe.
Marmarka eraso zioten gizonek, burua kordoka astintzen.
Eskuak harriz zamatutako patrika pisutsuetan bermatu eta gurdirantz hurbiltzen hasi ziren mutikoak. Eskolan gainontzeko guztiok erabat beldurtuta gintuen Gartzatarren gazteenak, gure artean mutiko handi eta ausartenak, Juan Bautistaren albotik igarotzean kapela kendu eta bere buruan jantzi zuen. Belarrietaraino artekatu zitzaion. Mutikoek gure gurdiaren gurpiletan ipini zituzten atzamarrak; behorraren arrioak ukitu eta erreminta kutxaren tapakia ireki zuten barruan zer zegoen ikusteko. Beraien artean buru egiten zuena, Gartzatarren gazteena, gurdipean sartu zen lurrean narrasean, gurpilen arteko ardatza mutur batetik bestera zeharkatuz. Betertzez zaintzen nituen haren mugimenduak, baina ez nintzen ausartu ezer esatera, are gutxiago zerbait egitera.
Aita oholesitik irten zen, etxeko giltzak eskuan. Noizbait berriro itzultzeko edozein ahaleginen aurrean irmo itxita ikusi nuen etxea orduan. Gure etxebizitzaren kuskutzar hutsari so egin nion. Behin ere gauzatuko ez zen hiriaren eskeletoaren irudia jabetu zen nire buruaz berehala, jaio nintzen herrian ezagutzen nuen jendearekin batera irauteko irrikarekin batera. Aitak hatz batetik eskegita zeramatzan giltzak altxatu zituen, gizonei esanez:
— Norbaitek giltza hauek Ikatz Ordezkaritzan uzteko mesedea egingo balit biziki eskertuko nioke.
Juan Bautista ibiltzeko zeukan era baldarrarekin gerturatu zitzaion, zapata lokarriak askatuta zeramatzala konturatu gabe.
— Har-tu-ko di-tut nik —totelka egin zuen.
— Gaizki ulertu didak, Juan Bautista —esan zion aitak, haren besoa arin asko baztertuz; ez baitzen hain argitasun gutxiko pertsonaz fio—. Ez diat norbaitek giltzok berarentzat hartzerik nahi, giltzak gorde diezazkidan baizik.
Abadeak urrats bi eman zituen aurrera, giltzak gordetzeko bere burua eskaini gabe ordea.
— Liburu Santuek gaitzetsi egiten ditu sineskorrei muzin egiten dietenak —bota zigun zakar—; zapal dezakezuen lur honetan, babes zaitzaketen estalpe honetan gera zaiteztela diotsuet nik.
Aitak uhertuta erantzun zion:
— Jendeari ez dagozkion kontuetan muturra sartzea debekatuko lukeen lege bat beharko genuke. Nahiago dut lan baten bila neure izerditan ito, hemen bizirik usteldu baino.
Martin Txiki arretaz hurbildu zitzaion nire aitari, sutan begiak, zimurtuta ezpainak. Burua mugitu zuen Asun Garmendia seinalatzeko.
— Atsegin handiz gordeko ditiat giltza madarikatu horiek, zurkaitz baten antza hartzen ari den emakume hori hartu eta itxurazko gizon bat aurkituko dioten edonora eramatea onartzen baduk. Denbora gehiegi zeramak beltzez jantzita!
Algarak entzun ziren, urrumak eta arnasestuak, Martin Txikik ahoa zabaltzen zuen guztietan bezala. Asunek buelta erdia eman zuen haserretuta.
— Berriz ezkontzeko asmorik izanez gero —oihu egin zuen Asunek hitzak estali gabe—, zaudete ziur aspaldi joana nintzatekeela benetako gizonak dauden norabait...
Abadeak eten egin zion, Asun gizonezkoen aurka Martin Txikirengan aurkitzen zituen hoben guztien erroldari birao zerrenda luze baten artean ekitera zihoan une berean. Berriro ere tonu serioan galdetu zion aitari.
— Nongo ogia jateko asmotan zoazte? Gaur egun ez da zerutik erortzen!
Aitak irribarre lasaigarria egin zion Asuni, Martin Txikik zioen ezergatik asaldatu behar ez zuela adieraziz bezala. Emakumearen besoak handitzen zituzten gihar korapiloak antzeman eta Martin Txikik berriro talde babesa bilatzen zuela nabaritu genuen. Eta aitak umoretsu:
— Lasai, abade jauna. Eztiz gainezka esnatzen da eguna. Goiz esnatu eta zurrupatu egingo dugu.
— Txerrenek eraman ditzala berekin jentil nazkagarriak! Euren gorotzetan lohitu daitezela! —aldarri egin zuen abadeak.
Zetozen egunetan oroitu ahal izateko, gure amak ez zituen begiak Asunen medalloitik aldentzen, ondo baino hobeto aztertuz esfera itxurako azalerako erliebeak. Amaren belarrietako gingilei begiratu nien, non ez bainuen inoiz ere apaindurarik eskegita ikusi, eta gero kolkoari, non ez baitzitzaion iskilinba ederrik eratxeki. Medalloiari begira zegoen, liluraz irritsez bainoago.
— Ni arduratuko naiz giltzez —esan zion Asunek aitari—. Honelako gizon piztien artean ahaztu egin da auzoarenganako jendetasuna.
Martin Txikik eskuak zabaldu zituen; esku batez Asun seinalatu zuen, besteaz aldrari zuzendu zitzaion:
— Betidanik hunkitu izan naute alargunek! Munduko emakumerik luzeenarekin ezkontzeko prest legokeen mutil zahar bat behar dugu bilera honetan!
Martin Txikirengana aurreratu zen Asun, bere besoetako zaintxuriak odola borborka ponpatzen. Martin Txikik berriro jende aldraren artean ezkutatzera jotzen zuela ikusitakoan, gurdira igo berri zen nire amaren ondoan geratu zen.
— Senarra hil zitzaidanean nire aldamenean eduki zintudan gau eta egun —esan zion Asunek—, nire bozkarioa izan zinen senarra atautean sartu nuenean. Ez dut ahaztu. Eta sekulan ahaztuko ez dudala jakin dezazun eman nahiko nizuke oroigarri hau.
— Nire bihotzean eramango zaitut —zin egin zion amak.
Mutilak gurditik urrundurik zeuden ordurako, nahiz eta patrikak harriz gainezka.
— Harro naiz zuetaz.
Abiatzeko prest geunden.
— Tira, seme, igo gora —esan zidan aitak.
Gurdiaren gibelera egin nuen jauzi, zamaren punturik altuenera. Han goitik txoria banintz bezala ikus nintzakeen lautadan presaz eraikitako etxeak, zabor pilaren gainetik igotzen zen bapore zutabe mehea. Bularra bete zidan abiatu beharraren arrangurak.
Aitak mihiaz klask egin eta behorrak pauso irmoz tiratu zuen gurditik, lardaiak atzean uzteko zoritxarraz ordea. Kateetako uhalak askatu egin ziren eta lardaien muturrek lurra jo zuten.
— Kontxo, kontxo! —harritu zen aita, eta jauzi batez jaitsi.
Halako zerbait itxaroten zuela pentsatu nuen, gertatutakoa hain umore onez hartzen zuela ikusirik.
Etxola aurretik orro alaiak entzun genituen. Arestian gurdiaren azpitik narrasean ibilitako Gartzatarren gazteenak egin zigun amarrua: hark nasaitu zituen uhalak, zalantzarik gabe. Estuasunik gabeko irriņoa ageri zuen aitaren aurpegiak, arrioak berriro tinkatzen zituen bitartean. Ondo burututako txantxek ez zioten minik ematen. Konpondu zituenean jauzi batez igo zen ostera gurdiaren aurrealdera.
Martin Txikik deiadar egin zion:
— Alargun hau zeuekin eramateko borondaterik ez baduk, ergel batekin ezkondu beharko diagu! Juan Bautistarekin uztartuko diagu!
Urrunduz gindoazen astiro-astiro, gurpilak gurdi arrasto zaharrek utzitako ildoetan moldatuz joan ziren ahala zama batetik bestera zabukatzen.
— Jokabide horrekin infernuko ohantzeetan izanen duzue betiko ostatua hurren!
Abadearen azken oharra belarrietan firrindan genuela begi eman nuen nola desagertzen zen herriko azken teilatua zuhaitz artean. Orduan jabetu nintzen nire amaren lepotik zintzilikatutako Asunen urrezko medalloiaz, gauaren erdian ostatu bila dabilen arrotzak atea jotzen duenean bezalaxe bularra kolpatzen.
Atzera begiratu nuen berriro. Harriak irudikatu nituen airea zeharkatzen gure leihoen aurka lehertu aurretik, eta ondoren kristal hautsi hotsak. Pertsona maitatu baten hilobira behatzen den moduan so egin nion aurrean ezin ikus nezakeen eta herrian amaitzen zen bideari. Egonezina irentsi ezinik joan nintzen aitaren albora. Jende saldoa imajinatu nuen Asun Garmendiarengandik urruntzen, batzuek besteekin estropezu eginez. Asunen izaera ezagututa, pentsatu nuen Martin Txikiri muturreko bat ematera higituko zela; tabernari harroxkoa irudikatu nuen belauniko emakumearen aurrean, zutitzeko beldurrez. Juan Bautista zen nola urruntzen ginen zekusan lekuko bakarra. Eskuaz eusten zien galtzei, Gartzatarren gazteenak aizto batez tiranteak moztu zizkiolako. Beso bat astintzen zuen airean, oihuka:
— Aizue! Aizue!