Bazterrekoak
Bazterrekoak
2000, narrazioak
224 orrialde
84-86766-08-7
azala: Xabier Gantzarain
Xabier Aldai
1975, Azpeitia
 
1993, poesia
 

 

Ortziak

 

Ana eta Cynthia ez zeuden katez lotuta, ez zegoen odolezko harremanik euren artean. Anak herra zion Cynthiari, ordura artean bizirik mantentzen zuen ilusiozko mundu ttipiaren utopia kontrajartzen zuelako. Magdak behartzen zituen elkarrekin zidorretatik aurrera egitera, xal batean bildutako haurrak, Anaren bularren artean uzkurturik. Batzuetan, hala-moduz, Cynthiak ere eramaten zuen Magda, baina Anak ezin jasan izaten zuen haurra bere besoetatik urrun ikustea, Cynthiak Magdari zion inbidia eta gorroto isilaz ohartuta.

      Hamabost urte bete berriak zituen Cynthiak; gehiago ez haztera kondenatutako gorputz txikiegia zeukan bere adinerako; bere belaunak, makuluetan nekez bermatzen ahal ziren tumoreak ziren, eta ukondoetako hezurrek besoetatik ihes egin behar ziotela zirudien; Magdak bezala, ama baten babesa behar zuen bihotza inguratzen zion jelak urtzeko eta kontzentrazio-eremura zihoazen gizon-emakumeen irritsetatik aske sentitzeko. Indartsuenaren legeak agintzen baitzuen borreroen presoenganako tratuan ez ezik gizon-emakumeen lerro luzeetan ere. Ahal balu, Anaren bularretako xalaren inguruan bilduko zatekeen, Magdaren lekuan, bat-batean mundutik desagertu eta haurren ohiko xalotasunean betiko atsedenean murgiltzeko.

      Anak, sehaska ibiltaria bihurtuta, aurrekoek ezarritako martxari jarraitu zion haurrari bularra ematen zion bitartean ere. Nahikoa edandakoan, haizeak bota zituen Magdak; bizitzaren epeltasuna sentitu zuen Anak larruazalean; baina segidan, esanahirik gabeko oihu batez denbora geratu zuen haurrak, Anaren odola bihotzean bizkorrago ponparaziz, oihu hark ingurukoen artean susmorik sortuko ote zuen izuz. Beharrik, ez zen oihu ozena izan, ez zuen ematen aurreko zein atzeko lerroetan inork entzun zuenik. Bide bazterreko guardiek ez zuten bururik itzuli. Gorputza milaka zatitan erortzen ari zitzaion Cynthiak ere ahorik zabaldu gabe jarraitu zion martxari, makuluen gainean.

      Begiak zauritzen zizkion argi elurretan islatua jasangaitza egiten ari zitzaion Anari, eguzki errainuak ez baitzituen sentitzen udaberriko goizean sapalda elurtua zeharkatzen duenaren antzera, trantzean erori beharrean zorabiatzeko zorian balego bezala baino; aingeru loka bat baino ez zen emakumea, erne eta atezuan, lerroko gizon-emakume guztiez gain bideko trabak aurreikusi nahian; elurretan ibilian baino airean lausotuta. Azkazal puntetan zutik, dardarizo betean Magdari behatu zion xalaren zabaldura batetik: katagorria zirudien bere horma-hilobian, giroko tenperatura baxuen aurka hala-mo­duz babestua, baina gizon-emakumeen hoztasunaren aurrean defentsarik gabea; bazirudien inork ezingo liokeela minik egin xaleko izurrez osatutako gazteluan gorde bitartean; matrail eta betzuloetako hezurrak arras nabarmentzen zitzaizkion arren, bere itxura hauskorrak ez zuen zerikusirik Cynthiaren gorpuzkera ahularekin, arnegua bezain iluna zen aurpegierarekin; bestelakoak ziren haurraren mustupilak, giro izoztua bezain urdin argiak begiak, Anaren blusa bezain horiak lastozko lumak ziruditen ile-xerlo urriak.

      Begiratu hutsean etsaiaren umetzat ere har zitekeen Magda.

      Anak, lipar batez, borondatea galdu zuten burumakurren lerrotik aldendu eta noizbehinka bide bazterrean aurkitzen zituzten edozein emakumeren besoetan Magda uztearekin amets egiten zuen. Lerrotik aldenduz gero, tiro egingo zioten, zalantzarik gabe; baina hotzikara bortitzagoak eragiten zizkion, bide bazterreko emakume edo atsoren batek xalean bildutako fardela onartu eta etxera eraman ordez, Ana arrotzarengana ezustean joan eta harako hark izuturik xala erortzen utz zezakeela pentsatzeak; Magda gaixoa erori eta elur beltzezko lautadak azpian ezkutatzen zituen harrigainetako bat jota bertan hil zitekeen. Ene!, urre-mototsezko buru urrikalgarria...

      Haur zintzoak Anaren hil-hurrengo titiburutik edoskitzeari ekin zion berriro, hortz-oietan ahogozoa sentitzearren. Beheko hortz-oietan hagin hazi berri bakarra gailentzen zen, marmol zuri bikainean zizelkatutako lamiaren hilobiaren antzekoa. Kexurik gabe, Magdak utzi egin behar izan zion Anaren bular arrailduak ausikitzeari, ezkerrekoa lehendabizi, eskuinekoa ondoren, batak zein besteak ez baitzuten jada esnerik ematen. Sumendi lokartuak ziren Anaren bularrak, itsutzeraino zigortutako begiak; horregatik Magdak xalaren ertz bat heldu zuen eskuttoen artean, eta hozka egin zuen: edan eta edan jardun zuen luzaro, hariak hezetzen. Artilezko esnearen zapore gozoa zuen xalak. Xal magikoa zen inondik inora, neskato bat hiru egun eta hiru gauetan zehar elikatzea lortu zuena.

      Magdak bizirik iraun zuen. Eta bere ahotik beste soinurik edo oihurik igorri ez bazuen ere, kanela eta arbendolezko usain bitxia jalgi zitzaion. Zabal-zabalik edukitzen zituen begiak une oro, kliskatzeaz edo lo egiteaz ahaztu izan balitz bezala. Anak orduak ematen zituen faro urdinxka haiei begira, Cynthiak noizean behin baino ez. Elurretan, neke handiz altxatzen zituzten zangoak, beti aitzina elkarren segidan, haurraren aurpegieran ihesbidea aurkitzen saiatu nahirik.

      — Arioa —mozten zituen Cynthiak Anaren bake-uneak ahots mehez.

      Cynthiak “Arioa” esaten zuenean, azpitik “Jan dezagun!” entzun uste izaten zuen Anak.

 

 

Kontzentrazio-eremuko txarrantxazko hesiek itxi ezin zuten lautadaren zabalera osoan trabarik gabe korrikan egiteko jaiotako haurra zen Magda, eguzkia irten eta sartu bitartean mendiak, haranak eta ibaiak nekerik antzemateke zeharkatzeko jaioa. Bizirik eutsi zion, baina doi-doi ibiltzen zen... zotzak bezalako bere zangoek ezin ziotelako sabelari eutsi; artean hamaika hilabete eskaseko haurra zen Magda; gorputz osoa haizez puztuta zeukan elikagai faltan. Anak Magdari ematen zion ia bere jateko guztia, Cynthiak ordea ezer ez. Cynthia txakur-gosez bizi zen. Anak ere gosez amorratzen igarotzen zituen egunak, baina bere burua kontrolatzen zuen; Magdarengandik ikasia zen hatz baten zaporea edaten.

      Kontzentrazio-eremurantz abiatu aurretik, haurrak gurasoengandik banandu zituztenean, Anak berarekin gorde zuen Magda jaioberria, Cynthiaren besoetatik kenduta. Haurtxo hura zen Anak eromen hura gainditzeko zeukan itxaropen bakarra. Alabaina, errukirik gabeko leku batean zeuden; Anak gordetzen zuen erruki guztia ere suntsitzen hasita zegoen. Gupidarik gabe begiratzen zituen Cynthiaren sorbalda hezurtsuak, Magdari “Arioa!” esaten zionean; Ana ziur zegoen, Magda noiz hilko zain zegoela Cynthia, bere hortzekin haurraren aldaka txikiak trenkatzeko. Eta Anak bazekien Magda laster hilko zela; hilda behar zuen jadanik, baina gertatzekoak zirenak aurrez igarri arren, xal magikoaren sakonean babestu zuen, bularren artean. Ana xalak bere sorbaldak estaliko balitu bezala mugitzen zen; inor ez zitzaion tapakia lapurtzen inoiz saiatu; guardiek ere ez zekiten xalaren azpian Magda ezkutatzen zuenik. Magdak ez zuen sekula hitzik edo hotsik egiten; ez zuen negarrik egiten. Eta Anak xal azpian bilduta eraman ezin zezakeenean, barraketan ezkutatzen zuen, beti arduraturik, norbaitek egunen batean, agian Cynthiak berak, haurraren presentzia guardiei salatu edo azal eta hezur jateko lapurtuko zuelakoan. Magda estreinako urratsak ematen hasi zenean, haurra laster hilko zela jakin zuen Anak. Loak hartzeko beldur izaten zen gauez; eta loak hartzera zihoala antzematen zuenean, saihespetan estutzen zuen neskatoa.

      Magdak mutu zirauen Anaren bularrak lehortu zirenetik. Begiek, aldiz, tigre azulen irudiko bizitasun beldurgarria agertzen zuten. Xehetasunik galdu nahi gabe beilatzen zuen bere inguruko mundua, gauzen zentzuaz jabetzeko ahalegin inkontzientean. Batzuetan irriņotzat har zitekeen imintzioa marrazten zuen ezpainetan; Anari ezinezkoa iruditzen zitzaion, Magdak ez baitzuen sekula inor barre egiten ikusi. Nolanahi ere, txatal beltzetan airean hilobiratutakoen errautsak narrasten zituen haizete maltzurrak xalaren ertzak dantzarazten zituenean barregura etortzen zitzaion Magdari, Anaren eta Cynthiaren begiak malkoz betetzen ziren bitartean, dela hura zelako itxaroten zuten azkena, dela bazelako artean xalo barre egiten zuenik munduan.

      Magdaren begiek beti bezain argi jarraitu zuten barraketan sartu zituztenean ere, ez zuten malkorik jalgi. Tigrearen moduan egiten zuen so. Xala defendatzen zuen. Anak izan ezik ezin zezakeen inork ukitu; Anak zakar debekatu zion Cynthiari xalera hurbiltzea. Magdaren panpina zen xal hura, bere ahizpa. Bertan biltzen zuen bere burua eta ertz bat miazten zion.

      Goiz batean Cynthiak xala lapurtu zuen; Magda hiltzen utzi zuen.

      — Hotzak nengonan —esan zuen beranduago Cynthiak.

      Beti hotz zen. Hotza bihotzean sartua zeraman.

      Magda aurrerantz abiatu zen orduan, ostu zioten xalaren bila, bere zango xamurrak arkatzen moduan harat eta honat zintzilik; barrakaren ate parean oinek ezin izan zioten bere buruari eutsi eta estropezu egin zuen, han, eguzki izpiek ataria errainu dirdaitsuen igerileku barea bihurtzen zuten esparruan. Anari tripak itzuli zizkion haurra eguzki argitan ikusteak. Baina ordurako Magda, bere kabuz ibil zitekeela konturatuta, kanpoko plazatxora irtena zen; eskuttoa begiak itsutzen zizkion argiaren aurrean jarririk, eserita geratu zen elurretan, eguzkiari aurrez aurre begiratzeko ezintasunez makurtuta burua.

      Goizero presoak enparantza hartan bildu eta banan-ba­nan eskumuturrean grabatuta zeramatzaten zenbakiz deitzen zituzten. Goizero Anak barrakako zutabeen artean ezkutatzen zuen Magda, xalean bilduta; eta ondoren enparantzara irteten zen Cynthia eta beste ehunka presorekin batera. Batzuetan orduetan edukitzen zituzten kanpoan, elurra mala-mala erortzen zen bitartean, eta Magda isilik eta bakarrik egotera ohitu zen, xal muturra ahoan sartuta.

      Anak Magda hil egingo zela jakin zuenean poza sentitu zuen esku ahurretan, suz izeki balitzaizkio bezala berotu zitzaizkion atzamarrak; bortxaz marraztu zitzaion harridura aurpegian. Magda, eguzkitan uluka, zutitzeko ahaleginetan arkatzen gisako bere zangoak astintzen. Anaren bularrak lehortu zirenean jaurti zuen azken deiadarraz geroztik Magdak ez zuen silabarik ekarri eztarrira. Magda mutua zen. Ahots kordeetan zerbait oker zeukala uste izan zuen Anak, arnasan edo laringearen barrunbeetan zerbait, birus bat beharbada. Ahotsik gabe zegoen Magda, agian gorra zen, edo bidaian jasandako trauma batek atzeratua bihurtu zuen.

      Haizeak xalaren tolesturak pailazoen aurpegieraren trazak emateraino lautu zituenean ere, hortzeriaren zabaltze eta ixte azkarra baino izan ez zen barre imintzio hura etorri zitzaion. Gau partean sarrats bila barraketan ibiltzen ziren arratoitzarrek jan zioten kontzientzia. Ikusten zituenean, masailak igurtzi, atzamarkatu, kolpatu eta eriak ausikitzen zituen, inoiz ere negar zinkurinik atera gabe.

      Baina orduan, Cynthiak lapurtutako xalaren faltan, Magdaren eztarriak hil-kanpaien irudiko aldarri ilauna atera zuen:

      — Ammaaa...

      Anaren bularrak lehortu zirenetik, Magdaren lehen soinu artikulatua zen:

      — Amm...aaa...

      Lau hankan narraska enparantzaren erdira hurbildu zen Magda, eguzki printzak elurretan islatzen ziren gunera, arnasestuka, ibili ezinean errukia ematen zuela, arra bete lur xaletik urrunduta. Anak segituan ulertu zuen, bera baino handiagoa zen etsai batek xala lapurtu ziolako irten zela haurra amorru bizian, ama uste zuenaren bila irten ere; baina atera hurbildutakoan, ia ahaztuta zeukan eguzkia ikusteak itsutu egin zuen.

      Magda hiltzera zihoala ohartu zen Ana. Agindu kontrajarriak bururatu zitzaizkion supituki: Berreskuratu xala! Ezkutatu haurra!

      Xala alde batera utzita, lehen-lehenik Magda harrapatu eta ezkutatzera joanez gero, salatu egingo zuten haurraren negarrek! Anak ordura arte lortu izan zuen haurra borreroengandik ezkutuan edukitzea, baina xalak bakarrik isilaraz zezakeen Magda. Beraz, lehendabizi xala berreskuratu eta ondoren haurrarengana xala astinduz itzuliz gero, Magda salbatzea lortuko zuen!; Magdak xala ahoan sartuko zuen, eta loak hartuko berriro.

      Anak Cynthiaren soina ikusi zuen xalean bilduta barrakoiaren ertz batean lo zurrungan. Xalari bi eskuez tiratu zionean, Cynthiak aurka egin zion, lo-errean. Anak ostikoz eta hozka eraso zion; xala berreskuratu zuenean ere, ostikoz zigortu zituen neskaren hezur meheak; iratzarri zuen, patiora bidali, soldaduen aginduetara jarri goizeroko zenbaketan. Bizitza salbatu zion Cynthiari; makuluez arineketan irten zen plazara. Eguzkiaren bero goxoak tximeleta udatiarren aparteko existentzia salatzen zuen, txarrantxazko hesiaren barneko mundu ttipiagoaren errealitateari trufa egin nahian bezala. Atsegina zen argiaren ukitu leuna, atsegina aurpegi eta beso biluzietan. Metalezko burdin sareaz bestaldean, urrun, kolore biziko amaņi-lili eta daliaz zipriztindutako muino berdeak zeuden, eta urrutiago bioleta xaloek harrotasunez inarrosten zituzten kukula laranjatuak haizetara. Barraketan beste mota bateko loreak: torturaren usaina, gosearena, soinean zeramatzaten arropena, literatatik isurtzen zen txizarena... ilundu ostean ia berrogeita hamar metroko altuerako tximiniatik jariatutako haragi errearen usaina.

      Ana barrakoi ertzean geratu zen une batez. Kontzentrazio-eremua inguratzen zuen burdin sarean elektrizitateak garrasi-txinpartak ateratzen zituela entzun zuen.

      — Hire irudimena baino ez dun! —kontra egiten zion Cynthiak, hesi hark hitz egiten zuela esan izan zionetan.

      Errealak ziren ordea Anak hesi elektrifikatuetan entzuten zituen ahotsak:

      — Eutsi xala! Altxa xala!

      Bere buru barnekoekin nahasian, kexu ziren ahotsak, hain era mindu eta sutsuan dei egiten zioten Anari, ezinezkoa baitzitzaion benetakoak ez zirela pentsatzea.

      — Astindu xala! Mugitu xala bandera baten moduan! Tira! —agintzen zioten.

      Eta Anak xala jaso, astindu eta ahal bezain gehien zabaldu zuen azkenean.

      Harrituta, Magdari oratu zion soldadu batek. Ofizialari erakutsi zion. Anak pentsatu zuen zelaiko sendagilearengana eramango zutela... eta gero umezurztegiren batera, haien armadako kideen begi urdin eta ile blonda berdinak baitzituen Magdak. “Nork sartu du haurra eremuan?” jakin nahiko zuten ordea. Eta norbaitek aitortu arte zigortuko zituzten denak, goizetik gauera arte biluzik eta zutik elurretan, zirkinik egiten utzi gabe, soldaduek iseka egiten zieten bitartean. Eta ez zen jatekorik izango. Eta hamaikagarren barrakoikoak, politikoak, gas-ganberetara emango zituzten.

      Ofizialak hartu zuen haurra, eta Magdak eskuttoekin inguratu zion erakuslea. Berehala berokiko ileari haztamuka egin zion, ohiturazkoa zuen xal bera ote zen jakiteko. Jakaren beroaren gozoa dastatuz, ez zuen negarrik egin patioko preso eta soldaduen aurrean. Ofiziala buruzagien jantokira abiatu zela uste izanik, Magda salbu ikusi Anak barrakoiaren ertzetik.

      Baina ofizialak norabidea aldatu zuen bat-batean!, alanbradetara! Magda urrutian lurrina zerion distantzian lausotzen joan zen. Anak ez zuen okerrik pentsatu nahi, eta haurra inguruko herrixka batera eramango zuten itxaropena sortu zitzaion. Magda oinez ibiltzen ez zekien haurra zen; ez zen lanerako gauza, nahiz eta etorkizunean izan zitekeen. Ez zen bere buruaren jabe, izan zitekeenaren promesa bat baino ez.

      —Ammmaaa! Ama! —Magdak alde guztietara astindu zituen besoak.

      Zeinen urruti zegoen Magda Anarengandik eta Cynthiarengandik. Enparantzatik hamar barrakoi urrunago, ezagutzen zuen ororen bestaldean!

      Horizontean ez zen aho oihukari bat besterik.

      Ofizialak hesi elektrifikatura jaurti zuen Magda. Anari zeruan dilindan zilar-kolorezko mahatsondoaren inguruan itzulika zebilen tximeleta iruditu zitzaion Magda. Eta haurraren burutxo leunak eta arkatzen antzeko zangoek eta puxikaren moduko sabelak eta airea irabiatzeari utzi ez zioten besoek burdin sarea jo zutenean, Anaren metalezko barne-ahotsek haurraren gorpua zerraldo eroritako lekura joateko agindu zioten:

      — Jaso Magda! Gorde Magda!

      Anak ez zien jaramonik egin. Besoak antxumatuta geratu zen bertan behera, Magdaren hilotzarengana korrika joanez gero tiro egingo ziotelakoan. Sabeletik igotzen ari zitzaion suminari irteten utziz gero ere tiro egingo ziotenez... Anak Magda zenaren xalarekin bete zuen ahoa. Magdaren listuaren barreneko kanela eta arbendolezko zaporea sartu zuen ahoan.

      Magdaren xala irentsi zuen.