Jostailuak
Amaia bere emazte ohiari lehen elkarrekin bizi eta orain honek saldu egin duen etxeko ganbara garbitzen lagundu zionean Felixek, haurrak hazten joan ahala ahaztutako jostailu pila bat aurkitu zuten, apurturik edo osagairen baten faltan gehienak. Partxisa, loteria, dadoak, gezi jiragarriak, eraikuntzako jostailuak, burtsako estrategien imitatzaileak, hilketak argitzea proposatzen zutenak, espekulazio inmobiliarioez arduratuak, nazioen arteko diplomazia eta gerra simulakroak, hizki bakartien fitxak, kartoizko astronautak, plastikozko gerraontziak; merke-dendetan nahiz hipermerkatuetan erositakoak, urtebetetze arratsalde batean eta ondorengo bizpahirutan olgetarako besterik balio izan zutenak, pieza pare bat galdutakoan armairu hondoan lagatakoak, denak, azkenean hautsa pilatzen geratu ziren ganbaran. Alabaina, modaz kanpo edo txiki geratutako arropa, liburu eta hainbat tresna ezgauzekin batera jostailuok euren kaxa karratu eta deigarrietan topatu zituztenean, bazirudien balioren bat bazutela oraindik. Adibidez, jaurtikitzaile ttipien malgukiak euren zeregina betetzeko gai zirela frogatu zuen Felixek, edo logika jokoak norbaiten arreta esna zezakeela horretarako umorerik izanez gero.
— Zer egingo dugu jostailuekin? —galdetu zion Felixek leihotik bere sendi sakabanatuari.
— Bota —erantzun zion seme gazteenak, jadanik hamalau urteko igerilari bulartsuak.
— Haurtzaindegi batean estimatuko lituzkete —esan zuen Amaiak, mutilaren iritziek oraindik arrapostua merezi zutela pentsatzeko bezain emazte eta ama sentitzen zenak—. Gure garaian umezurztegietara eramaten zituzten...
Baina seme zaharrenak, hogeita bikoak, erabaki zuen:
— Zakarretara dena! Inork ez die probetxurik aterako. Denei falta zaie piezaren bat.
— Bota orduan? —larritu egin zen Felix, naufragoak itsasoaren erdian oholtzari bezala iraganari kemenik gabe eutsi nahirik.
Aspaldi igaro ziren haurtzaroko urteetan gordetzen zioten obedientziaren itzal puska batekin hurbildu eta Felixen sorbalda gainetik behatu zuten hiru seme-alabek, tentuz eta isilpean, abandonatutako jostailuen pila triste hartan elkarrekin pasatako une bereziki zoriontsuren baten bila. Behinola fitxa haiekin guztiekin jolastu ziren; zirrarak jario zitzaizkien arau konbentzionaletara makurtutako paisaia hauetako zidorrei. Bazirudien, ordea, Felixek uste zuena baino urrunago gelditzen zirela egun haiek, eta apenas gordetzen zuten oroitzapenik.
— Bota itzazu behera! —agindu zion alabak, eta Felixi iruditu zitzaion hamazazpi urteko halako gorputz lirain bati ez zegokiola aitari hain zakar jardutea.
Garbiketa eta mudantza egun haietarako, arotz lanetan baina batik bat zurezko lurrak josten aritzen zen anaiari eskatu zion Amaiak kamioneta, seme zaharrenak etxeko lorategian aparkatu zuena, juxtu ganbarako leihopean, arbuiatutako gauzak zuzenean bertara bota ahal izateko moduan. Jolasa bihurtu zen ganbaratik kaxa haiek bi pisu beherago zegoen kamioira jaurti, hantxe kaxak lehertu, baina barruko gauzak barreiatu gabe pausatzea, kamioi barrura asmatzen zutenean ere, kaxak zabaldu egiten baitziren, dado, karta eta irudi multzoa lorategian zehar hedatuz. Azalean haur talde irribarretsua erakusten zuen kaxa batek kamioiaren albo baten kontra jo eta barruko plastikozko osagaiak krabelin zuri sorta baten gainera isuri zituen. Gaztelu sorginduko zaldunak eta printzesak, koltxoi zikin baten gainera lizunki erori aurretik, elur maluten antzera leun-leun hegan egin zutenean, Felixek, bere oinetara zabaldutako espazio haren guztiaren sakonean iraungitzen zen malenkoniaren arrazoia ikusi zuen: ez zuten behar beste jolas egin jostailu haiekin, eta orain ez zituen inork nahi.
Amaia eta biek dibortziatu nahi izan ez balute, kaxa haiek hautsa pilatzen jarraituko zuketen ganbara lasai hartan euren atsekabea salatu gabe. Felixen haurtzaroko jostailuak, behintzat, bere ama alargundua bizi zen etxeko armairuren batean egongo ziren oraindik, lagata baina gorderik. Bisita egin zion azkenekoan halaxe aitortu zion amak, eta Felixek, aurreko berrogei urteetan ez bezala, latoizko hartz-kume eta pailazoengan pentsatzen jardun zuen luzaro. Seme bakarra izaki, behin ere ez zen jolastu bi eta sei jokalari bitarte eskatzen zituzten jokoekin, harik eta seme-alabak izan zituen arte.
Amaia inguratu zitzaion eserita zegoen ganbarako leihoaren markora, eta galdetu:
— Zer duzu?
— Ezer ez. Joko horiek berri-berritan abandonatuta genituela pentsatzen ari nintzen.
— Bai, arinegi gertatzen da dena. Baina tira, uztazu behingoz, triste jartzen ari zarela ematen du-eta.
Bitartean hiru seme-alaben artean ganbara guztia ekortu zuten. Ate guztiak zabalik, hutsik ageri ziren goiko solairuko logelak, isolamendu hilaren antzera.
— Nola jasan dezakezu? —galdetu zion Felixek emazte ohiari.
— Zer jasan? —galdetu zion Amaiak senar ohiari.
— Hutsune hau.
— Badu bere grazia. Ohitzea baino ez da. Kanpora traste zaharrak eta aurrera berriak —lorategiari azkeneko aldiz balitz bezala begiratu zion Amaiak—. Jatorrak dirudite jabe berriek. Bost urte azpiko bi haur dauzkate.
Felixek ezpainetara behatu zion, benetan bihotz gogorrekoa zen edo bere aurrean emakume ausartarena egiten zuen jakin nahian. Ganbarak dardara egin zuen, etxean norbait sartu zen seinale.
— Danel izango da —esanez desagertu zen.
Orain lagun berri bat zuen, herriko banketxe bateko zuzendaria, gorputz garai eta sendokoa. Felixen gusturako gimnasioan pesa gehiegi erabiltzen zituen. Danelek, bi solairu beherago, kolpe batez sukaldeko atea itxi zuenean, zabuka ipini zuen ganbarako lanpara, soinu oso arin bat eraginez, preso geratutako erlearen durundiaren antzekoa. Alde egiteko ordua iritsi zela pentsatu zuen Felixek; “Oraintxe ez dut mailegurik behar” pentsatu zuen; eta hautsez estalitako belaunek krask egin zioten zutitzean. Amaia aurretik bizkor joana zen etxe hutseko eskaileretan behera. Felixek atzetik jarraitu zion astiro, eskuetan liburu zahar batzuk zeramatzala, eta, lehen solairuko mailartera iritsi zenean, etxe hartan instalatutakoan Felixek berak bere eskuz muntatutako liburutegi biluziaren goiko apaletako batean utzi zituen. Apalak nola lotu zituen oroitzen zuen, iltzeek jota ere gainazal laua ezin apur zezaketela ziruditen haritz egur bikainezkoak.
Areto eta barne-bide huts haietatik ibili ostean, sukaldea laudagarri ageri zen, berotasunez betea.
— Garagardo bat nahi duzu? —galdetu zion seme zaharrenak, lata bat eskainiz—. Danelek ekarri ditu.
Lata hezea luzatu zion eskuaren atzealdea bilo gorri finez laztua zeukan. Bere neskalaguna, kamiseta estu bat zeraman adin bereko neska eder askoa, sutegi deskonektatuaren gainean eserita zegoen, ile desordenatuak zapi batez loturik eta loki batean kedarrezko zetaka erakargarria erakusten. Felixi egin zion irriņo atseginagatik, taldetxoak inolako destainarik gabe onartzen zuela ondorioztatu zuen honek.
— Ez, hobe izango da oraintxe bertan joatea.
Danelek bostekoa luzatu zion Felixi, beti egin ohi zuen moduan. Larmintz fin eta zurigorria zuen, eta metxa harroak, mekanikoki induzituta ziruditen zilarrezkoak. Felixek eguzkira begira egon zitekeena baino denbora luzeagoan ezin zion begietara so egin Daneli. Horren gizon zakar batek hain ogibide baketsuan nola jardun zezakeen galdetzen zion bere buruari.
Danelek ezin izan zien lagundu ganbararen garbiketan, garai bateko bere etxera joan beharra gertatu zitzaiolako, institutuan hastear zeuden seme bikiak bisitatzera.
— Gaur gogor lan egin duzula esan didate.
— Bai zera, eurek egin dute —ihardetsi zion Felixek—. Ezin izan diet ia lagundu ere egin. Zurtuta gelditu naiz. Erosi genituela ere oroitzen ez nintzen traste horiek guztiak...
— Oparitutakoak ere bazeuden tartean —gogorarazi zion amaren gero eta antz handiago hartzen ari zen alabak.
Seme zaharrenak Amaiari eman zion Felixek errefusatutako garagardoa, eta txistu desafiatzailea atera zuen gakoa askatzean. Ez zuen behin ere garagardoa atsegin izan, Felixek oroitzen zuenez bederen, baina hala ere ohitura handia bailuen ezpainetaratu zuen lata hura Amaiak.
— Emadazu pixka bat —erregutu zion orduan Felixek.
Emazte ohiaren eskutik garagardo potea hartu eta sakon kendu zion hurrupa. Begiak berriro zabaldu zituenean, bere emazte ohiaren kokospean ikusi zuen Danelen eskutzarra; eta erakusleaz beheko barailan Felixek nabaritu ere egin ez zuen hautsezko zetaka bat garbitu zuen. Keinu babesle honek anderearen aurpegia, denen begien aurrean ttipia, gupera eta hauskorra agertu zuten. Danelek nolako arazeria barregarriz zeramatzan banku zuzendariaren larunbatetako arropak pentsatu zuen Felixek: panazko galtza urdinak, zapata dirdiratsuak, eskuturrak garbaldutako koadrozko alkandora. Gazteen janzteko era horrek salatzen zuen Danelen adina, hipertentsoaren aurpegi koloretsua. Bat-batean Felixek bikote hunkigarri bat ikusi zuen aurrez aurre, elkarren konpainiarekin zahartzen ari ziren gizona eta emakumea; eta oharmen hark handik alde egitera behartzen zuela otu zitzaion.
Garagardoa itzuli zion Amaiari.
— Mila esker etortzeagatik —esan zion Amaiak.
— Bai, denok eskertzen dizugu —Danelek.
— Joan aurretik mintza zaitez Ainhoarekin —alabarekin hitz egiteko eskatu zion Amaiak ezustean—. Gaurkoa oso gogorra izan da berarentzat, kanpora agertzen ez badu ere.
Berandutzen ari zela adieraztearren, erlojuari begiratu zion Danelek, itsasoan barrena ehun metroko sakoneraino eraman zezakeen esfera urre kolorekoa.
— Egun osoan lanik egin nahi ez eta nagikeriatan ibili da traste zahar guzti horiei begirik kendu gabe, eta orain zabortegirako itzulitik libre geratu behar al du? —kexatu zen seme zaharrena, gazteenaren adostasuna bilatuta.
— Oso neskatila sentibera da —amaitu zuen Amaiak.
Kamioitik lorategira eroritako gauzak jasotzen ari zen Ainhoa. Bere aldamenean makurtu zen Felix. Dozenaka dado eta fitxa zeuden belarretan. Eskukada bat erakutsi zion alabari.
— Zein jokori dagozkion asmatuko zenuke?
Segundo bat bera ere dudatan egon gabe hiru jokoren izenak bota zituen; joko bakoitzaren helburuak eta arauak zein ziren azaltzen hasi zitzaion; eta behialako apustu eta irabazien oroitzapenek izarniatu zuten neskaren begietan.
— Ba al duzu gurekin zabortegira etortzeko astirik? —galdetu zion aitari.
— Gustura joango nintzateke, baina berandu nabil dagoeneko. Zereginak dauzkat —Felixek ere bazuen bizimodu berri bat.
Lagatzera zihoazen jabego hartan egote hutsak, hein batean, jokoko laukitxo okerrean zegoen inpresioa ematen zion. Egun batez Ainhoari xakean nola jokatzen zen erakusten hasi zitzaiola oroitu zuen, baina nola galtzen zuen ikusteak hainbeste samindu zuen, burutxo kiribildua makurturik eta bekozkoa ihesbiderik ez zuen erregearen gain zimurturik, lezioei amaiera eman baitzien egun hartan bertan.
— Hau ikusteak edozertarako gogoa kentzen du, ezta? —esan zion alabari.
— Ez —baina berehala zuzendu zuen—: Pixka bat.
— Kamioia hustuta itzultzen zaretenean pasatuko zaizu —hitz eman zion Felixek—. Zure adina nuenean atsegin nuen traste zahar mordo bat hartuta zabortegira joan eta urrutira kaioak ikustea. Herriko mutil guztien ilusioa izaten zen.
— Etxetik joan zinenetik gauzak erabat aldatu dira ordea. Orain arau berriak daude herrian. Zabortegiaren arduradunak kristorenak bota zizkigun joan ginen azkeneko aldian eramandako trasteak leku okerrera botatzeagatik.
— Benetan?
— Bai —eta aita zalantzatan zegoela ikusirik, erantsi zuen—: Etor zaitez gurekin; ordu laurdeneko kontua baino ez da!
Egia zen, gero eta amaren antz handiago zeukan Ainhoak.
— Ondo da, goazen —etsi zuen Felixek alegera—. Elkarrekin joango gara, biok bakarrik!