Hezur gabeko hilak
Hezur gabeko hilak
1999, nobela
208 orrialde
84-86766-95-8
azala: C.R.W. Nevinson
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2017, nobela
2013, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Hezur gabeko hilak
1999, nobela
208 orrialde
84-86766-95-8
aurkibidea
 

—3—

Aste bete iragan dute altxatu gabe Etxegoien eta Mandelek, oka eta oka hastapenetan, izerditan, eri. Jaiki direlarik, pozik jaiki dira, azkenean osaturik eta bizirik izanagatik bereziki, zazpi egun lehenago burdin sareak konpontzera beraiekin batera joan lagunetarik biak baizik ez baitira zutik geratzen. Bertze talde batek burutu behar izan du lana.

      Horren berri eman dietenak harriduraz mintzatu zaizkie, ez baitzuten uste —halaxe aitortu diete— berriz bizirik ikusiko zituztenik, hain zirudien larria bien egoerak.

      Egur gogorreko zuhaitzak gaituzue! Ez gaitik zernahi aizkorak lurreratuko! erranez uxatu nahi izan dituzte.

      Egur gogorreko zuhaitz hau, bere burua seinalatu du Etxegoienek bertze soldaduak urrundu direlarik, bertan beheiti eroriko duk, baldin eta ez bada lehenbailehen nonbait jartzen.

      Mandelek errekako hormaren kontra bermatu du gorputza.

      Nihauri ere, zangoak baino laster okertuko diren bi alanbre ditudala iruditzen zaidak.

      Eritu ziren egunetik aski lasaitu da oro. Are alemanen kanoikadak erreketako bizimoduaren bertze atal bat bilakatu, eta zehazki dute neurtzen arras emeki doan denbora. Bi saio egiten dituzte egunero: goizez, hamarrak aldera lehendabizikoa, eta afaltzeko tenorean bigarrena. Ardatz horien itzulinguruka dabil guztia. Aitzindarientzat bederen. Soldaduen ardatza bertze bat da: postaren banaketa. Horixe du Etxegoienek ere bere. Horixe galdatu du ahal izan duen orduko:

      Gutunik ez niretzat?

      Baiki, bere izena irakurri du ongi ezagutu eta biziki maite duen idazkeraz emana.

      Zer berri gizon-emazteen munduan?

      Orrialde urdinxka bi bider tolestu, kolore bereko azalean sartu eta gabaneko barne sakelan gorde du. Zeruari behatu dio gero, zerbaiten esperoan egonen balitz bezala. Orduan da mintzo:

      Haien egoera ere ez duk eztia.

      Dantzatzera edo teatrora joan daitezkek behinik, dio Mandelek. Dirua ukanez gero, noski.

      Ez dik Catherinek soberan...

      Hobe hiretzat. Horrela ez duk etxetik jalgiko.

      Aizak!

      Baina zer uste duk, tetel horrek? Mandelek irri maltzurraz. Gure gisaz, andereek halaber baditiztek beren premiak.

      Urde alaena! irriz Etxegoien ere. Nire Catherine bezalako kuttunen bat inguratu beharko huke. Hobe biziko hintzateke.

      Hire Catherine? Ez zaretea jabego pribatu guztien aurka anarkistak?

      Hoa popatik hartzera! Catherine bere buruaren jabe osoa duk, arras libre. Elkarrekin bagaude biok nahi dugulako duk, biok. Antzera jokatu beharko huke hik ere, erran diat.

      Ezta pentsatu ere! Hi galtza motzetan hintzelarik, banekian nik andereen berri. Hamasei urterekin jo nian larrua lehendabizikoz.

      Non, putetxe batean?

      Ez. Eta bazegoan Kieven non hauta garai hartan. Lehengusinarekin egin nian, gure aitonaren lastategian, handik hurbil lanean ari ziren sehien ahotsak entzuten genituen bitartean. Eta hik?

      Nik? Zalantzetan Etxegoien une batez. Catherinerekin!

      Et, et, et. Ziria sartu ahalko diek hauei —ingurukoak seinalatu dizkio—, ez niri alta. Gorritu eta guzti egin haiz! Ez izan ahalke, laster eginen duk, segur. Normala duk, seminario batean! Tentelenek ere egiten ditek goiz edo berant.

      Hala baldin bada, zergatik ez nian neuk ere eginen? Bertzeak baino tentelago naiza?

      Egin irri, bai, egin irri. Oroit hadi Adani agitu zitzaionaz. Sagarra eztia duk, baina hagitzez eztiagoa askatasuna. Eta askatasuna duk andereek beren eztitasunaren truke galdatzen dutena. Edo ez duk horrelakoa hire bihotzeko Catherine?

      Ez. Aitzitik, hark ematen zidak askatasuna.

      Hark eman? Zeren truk?

      Musutruk. Libre eta gozoki.

      Askatasuna oinazerik gabe? Ez duk egia. Askatasuna garestia duk beti. Odolaz duk ordaintzen, Jean, odolaz!

      Soldaduok gizonik libreenak gaituk beraz.

      Ez. Soldaduak isurtzen duen odolak askatu beharrean, are esklaboagotzen dik, odola ez baitu bere buruaren alde isurtzen, bere nagusiaren alde baizik.

      Egia erran, nire bekaizti haiz, David, hik ez baituk gutunik sekula jasotzen.

      Beharrik. Bakean utz nazaten, gerlaren erdian bederen. Gainera, nork igorriko zidak halakorik?

      Lagunek.

      Lagunak!

      Gu lagunak gaituk.

      Ziur, mutil, ziur.

      Eleketan aritu diren artean, haizea sartu eta hodeiez bete da zerua. Beltz datoz, euria dakarte.

      Kalakari utzi eta gerizara joan beharko diagu.

      Barrura joan dira beraz, beren zokora. Gauza bera deliberatu bide dute bertze soldaduek ere, laster gainezka baita barne hura. Lasto beltzaxkan jarririk edo etzanik, kartetan edo solasean edo ahaide, maitale eta lagunei idazten ari direlarik, itogarria bilakatu dute errekako horman zulatu aterpeko giroa: beroa, hezea, kezko laino potolo manerako batek bildurik, kanpoko zerua irudi. Betaurrekoak erantzi behar izan ditu Mandelek.

      Zenbaitetan ez zakiat zer den hobe: hemen gauden gisan egotea ala hemendik landa euritan, dio kristal lausotuak atorraz ikuziz.

      Hemen bero gaituk bederen.

      Ifernuan bezain bero.

      Hori erranik, jaiki eta zuloak atetzat duen manta gris latza jaso du Mandelek irteteko asmotan. Ez du mugimendua burutu ahal izan eta, betaurrekoak berriz eskuan, itzuli da Etxegoienengana. Bustirik dakar betartea, bustirik ilea, kopetari itsatsia.

      Fite aspertu haiz hor landan.

      Euri ustela! Gogotik ari dik. Jalgi beharko huke hik ere eta entzunen genitizkek orduan hire irri karkailak.

      Irri karkailak izan ezik, denetarik entzun da sarjenta azaldu eta berehala irten daitezela erran eta gero. Soldaduek, sakreka, jaiki eta beren puskak biltzeari ekin diote. Askatu botoiak berriro estekatu, xirak jantzi, zizpak hartu eta errekaratu dira, sarjenten oihuek akuilaturik.

      Bakoitza bere lekura behingoan! Higi zaitezte, sasikume horiek! Heda! diote zalapartaka, azkarki ari duen euriaren azantzari nagusitzeko eginahalean. Manatu bezala baratu dira zaparradaren pean iguriki, etsaien errekak largabistaz miatzen dituzten ofizierek erranen dutena iguriki.

      Sarjentak argitu die:

      Erne ibiltzeko erran zigutek, botxeak frankotan euriaz baliatu izan dituk guri oldartzeko.

      Euriak euriari hartzen diolarik, xirak alferrik dauzkate, baita tunikak eta kaskoak halaber, goiti-beheiti blai dira eta hozten hasiak. Oinak lokatzetan astun, etsaien oldarraren lotsa, soldaduak baino harrizko irudiak dira, higitzeko ezgai. Sarjentak eta kaporalak dira, botetan bildu lohiak ibilera moteldurik, batetik bertzera dabiltzan bakarrak. Lotinanta ere iragaiten zaie gibeletik noizean behin.

      Noiz hasiko dituk gure aurka? Engoitik odola baino ura zaukaat zainetan. Orenak dituk hemen gaudela...

      Urduri dira, baionetak ezartzeko manatu dietenetik erasotuak izatearen izu.

      Bertan bazkaldu eta bertan eman diete afaria, deus guti, ahora baino lehen euriak hoztu dien salda eta betiko ogi xerra dorpea ozta-ozta. Ardorik ez. Horrek haserrarazi ditu bereziki hotzaz dardaraka diren soldaduak:

      Funtxo! Ofizierak ez dituk honen eskas izanen!

      Ilunabarrari ilargi ttipiko gauak jarraitu dio, eta alemanak egun osoz isilik egon arren, nehork ez die erran handik joan daitezkeela. Ibilki ere lo egiten usatuak, euria noiz hasi den ere ahantzia dutela, dauden leku berean hartu ditu loak anitz. Ez Mandel ez Etxegoien. Haiek zigarreta bana piztera entseatu dira hainbatgarrenez. Gazteenak baizik ez du erdietsi. Mandel, eskuak bustirik, debalde aritu da tabakoa bildu nahian. Erdi bana pipatu dute, etenik gabe. Erabatekoa litzateke isiltasuna zaparradaren harrabotsagatik ez balitz. Baina euriak tai gabeki du erortzen segitzen. Errekak gero eta errekagoak dira, ur eramaileak.

      Atertu du noizbait, eta inguratzen zituen iluntasuna zurbildu egin da orduan. Zeruaz jabetu den argiak itsutu ordez, begiak oro irekiarazi ditu. Istantean sortu da alimaleko ardaila frantsesen lubakietan. Manta gris dorpeetan bildurik lo egin ezinean egon direnek zein iratzarri berriek, gisa berean atxiki dituzte beren zizpak, eta soinetako kirioak tinkatu.

      Erne izan mutilak! entzun diote lotinantari. Mitraileusak prest?

      Lehendabiziko suziriaren argia itzali delarik, bertze bat jaurtiki dute. Eta hura ahitutakoan bertze bat, eta bertze bat ondoren. Banaka-banaka aritu dira hastapenean, baina binaka eta are hirunaka eta gehiagoka ere laster. Gaitza zaie soldaduei begiak aitzineko erreketan uztea, hain da beren gaineko ikuskizuna liluragarria. Suziriak ortzearen aurka zartaturik, beren parean erortzen dira bi armaden arteko eremuan iraungitzeko. Orduan ikusi dituzte etsaien lubakiak une batez, burdin sareak, gotorlekuak, haien gibeleko oihanaren zuhaitz buruak. Horiek ikus ditzakete mitraileusak kantarazten ez dituztenek, suziri berde, gorri bakoitzarekin batera tiro egiten ez dutenek, granadak aitzinerantz jaurtikitzen ez dituztenek.

      Alemanen lerroei emanak dauzka Etxegoienek begiak.

      Hutsik daudela zirudik, erran dio Mandeli, hark entzun ahalko duelakoan.

      Erreka haiek oihanarekin bat egin eta betidanik han egon direla pentsarazi diote. Naturaren lana.

      Zer? Zer erran duk? Mandelek aldarrika.

      Hutsik daudela dirudiela. Ez zigutek ihardesten, ez ditek gure kontra egiten. Ohartu haiz?

      Alemanak dituk, Jean, ez ahantz.

      Agian etxe aldera abiatu dituk.

      Agian ziria sartzen ari zaizkiguk.

      Ziria?

      Bakan batzuk utzi ditiztek hor, menturaz, suziriak jaurtiki eta gu nahasteko. Eta gu tiro eta tiro, dinbi eta danba ari garelarik, haiek bertze norabait joanak dituk oihanean gaindi.

      Balitekek.

      Segi dezagun begiak ongi hedaturik izaten, zer gerta ere. Oroit gaitezen Garneroz. Oroit gaitezen Legrandez, Mersmerez eta gainerakoez. Kasu, horiek hil zituenak bala bana dik gorderik guretzat.

      Gorderik! Belarri ertzean entzuten diat nihauri dagokidanaren txistua.

      Ni aspaldian hasi ninduan nirea aditzen, hain aspaldi ezen, gure eguneroko bizimoduaren hotsak entzunezinak bihurtzen zaizkigun moduan, gehienetan gaitz bihurtu baitzait hura aditzea. Baina bertze batzuetan aldiz, ezin diat bertze fitsik entzun.

      Orenetan aritu dira alemanak suziriak jaurtikitzen. Frantsesak beldurtu dituen oldarrik ez da izan. Kanoien orroak ez die ikuskizunaren atsegina eragotzi. Ez da deus agitu. Zerua argi eta kolorez betea, ez bertzerik.

      Egun berriak unaturik ediren ditu, betzulo sakonez, urduri. Erdiak lotara joateko baimena izan du, geroago joanen da bertze erdia.

      Jantzirik lo egin ezazue eta zizpa beti aldamenean!, dei egin die Des Champs lotinantak etzatokietara doazenei.

      Bai jauna, ozta-ozta ihardetsi diote abaildurik badoazen soldaduek.

      Bigarren txandarako gelditu dira Mandel eta Etxegoien, begiak erretzen dizkien loarekin gatazkan. Egunsentiak halako sosegu handia hedatu du erreka, soro zein urruneko zelai eta oihanaren gainean. Hotz dator goiza, gardena. Haizeak hodeiak uxatu eta eguzkiak bere gorako bideari ekin dio poliki bezain airoski. Landa bustiak distirarazi ditu. Are burdin sareak, lurrez bete zakuak eta gotorlekuak.