Ez zaigu ahaztu
Ez zaigu ahaztu
1998, kronika
176 orrialde
84-86766-86-9
azala: Garbiņe Ubeda
Alberto Barandiaran Amillano
1964, Altsasu
 
2021, kronika
2005, narrazioak
 

 

Errepresore zenbait

 

Salvador, Jon Pirmin, Celia, beste guztiak, gaur egun bizirik egon zitezkeen begiak itxi nahi izan zituen gizartea izan ez balitz eta soilik ero batzuen buruan tokia izan zezakeen estrategia errepresibo basati, klandestino eta koldarra burutzeko prest egon zen jendea izan ez balitz. Gizarteak bestaldera begiratu zuen ordea, oso gutxik atera zuten hitzik. Militarrak azkarrak izan ziren: desagerpenarekin senideak ere zotz eta mutu gelditzen ziren, ez hara ez hona, edozein galdera, edozein mugimendu, atxilotuta zegoenaren kalterako izan zitekeelakoan.

        Batzorde Militarreko buruek agindu zuten bidea ez zen orijinala izan. Brasil, Txile, El Salvador, Guatemala... Hego Amerikako herrialde askotan zeuden desagertutakoak, baina, dudarik ez da, Argentinak marka guztiak hautsi zituen.

        Lehen atxilotze zentro klandestinoa Tucumango eskualdean ireki zen, 1975eko hasieran. Demokrazia garaian beraz. Bigarrena Cordoban —Argentinako bigarren hirian—, urte berean. Han 600 gazte desagertu ziren.

        Diktadura militarrarekin estrategia bazter guztietara zabaldu zen: La Ribera, La Cueva, Pozo de Banfield, Campo de Mayo, Esma... eraikin militar eta polizialak kontzentrazio esparruen gisara erabili zituzten, torturaren bidez lortutako informazioarekin atxiloketa eta bahiketa gehiago egitearren. Esman bakarrik 4.500 lagun hil ziren.

        Zenbait kalkuluren arabera, 1.200 inguru izan daitezke krimenotan ardura izan zutenak. Atxilotutako ohiek emaniko lekukotasunetan bostehunetik gora izen agertzen dira. Horien artean 62 euskal jatorrikoak.

        Orobat, Adolfo Scilingo kapitainak Baltasar Garzon epaile espainiarrari eman zion zerrendako —Esmako torturatzaileena— 120 izenen artean zazpi dira euskaldunak: Luis Maria Mendia almirantea, Horacio Zaratiegui, Guillermo Arguedas eta Hugo Eguillor kapitainak, Alfredo Astiz eta Vasco Bengoechea tenienteak eta Omar Eyzaguirre Sagua kaboa.

        Hona hemen bakar batzuen merituak. Ezagunenak dira akaso. Denak izan ziren epaituak, baina denak gelditu ziren libre, zenbaitetan zigorraren zati txiki bat bete ondoren.

 

 

ALFREDO IGNACIO ASTIZ

 

        Fragata-tenientea. Nafar baten semea, Mar de Platan hasi zituen ikasketa militarrak, eta 1975ean Estatu Batuetan aritu zen terrorismoaren kontrako borrokan trebatzen. 1976an Esman zen jada, Buenos Airesen. Montoneroak atxilotzeko ekintza ugari zuzendu ondoren, 1977an Maiatza Plazako Amen barruan infiltratzeko lana agindu zioten Esman. Astiz urte hartako martxoan joan zen lehen aldiz plazara. Amei azaldu zien anaia nagusia zuela desagertua, eta berarekin zetorren neska ilehori eta polit hura arreba zela. Senideek gezurra irentsi zuten: inoiz ez zuten ezer susmatu. Gustavo Niñok —Astizek ezizen hori erabiltzen zuen— eta bere arrebak —Silvina Labayru militante montoneroa, lau hilabete lehenago atxilotua eta alaba jaio berria militarren eskuetan zuena— ama guztien estima lortu zuten. Urte hartan taldeak antolatu zituen bilera eta ekintza guztietan parte hartu zuen bikoteak.

        Amen artean eginiko espioitza lan honi esker 1977ko abenduaren 8an talde honetako hamabi lagun atxilotuak izan ziren. Horien artean zeuden Alice Domon eta Leonie Duquet moja frantziarrak eta Azucena Villaflor Amen fundatzailea. Esman torturatuak izan ondoren, denak desagertu ziren. Abenduaren 10ean, taldeak publizitate orria sartu zuen egunkari batean, atxilotutako guztien alde. Eskaera sinatzen zutenen artean Gustavo Niñoren izena zegoen.

        1978an Parisera bidali zuten Alfredo Astiz, han ere infiltrazio lana egin zezan erbesteratutakoen artean. Manifestazio batean Esman egondako atxilotu ohi batek ezagutu zuen marinoa, baina Astizek hanka egin ahal izan zuen Polizia iritsi baino lehen. Trenez etorri zen Euskal Herriraino, eta Pirinioak oinez zeharkatu ondoren, Espainiako Guardia Zibilaren zaintza postu batean bere burua aurkeztu zuen. Argentinara itzuli ahal izan zuen inolako arazorik gabe.

        Malvinetako Gudan berak sinatu zuen Argentinako indarren errendizioa, HMS Plymouth itsasontzian, agindupean zituen soldaduek tiro bakar bat ere bota gabe armak entregatu ondoren. Argazki harengatik desagertutakoen senitarteko askok ezagutu zuten Amen konfiantza osoa eskuratu zuen gazte gisakoaren benetako nortasuna. Britainia Handian preso zegoela, Margaret Thatcherren gobernuak presio handiak izan zituen Frantziara estradita zezan, baina honek, entzungor, libre utzi eta etxera bidali zuen marinoa.

        1986an epaitua izan zen Argentinan. Derrigorrezko obedientzia legeari esker, kargurik gabe kalera atera zen. Bi mojen kasuarengatik Frantzian egin zen epaiketan zigortua izan zen, eta geroztik bilatze eta atxilotze agindua du bere aurka. Ezin du, beraz, Argentinatik atera, Interpolek atxilotu lezakeelako.

        Erreserban egon da 1998ra arte. Elkarrizketa batean esandakoarengatik —diktaduraren metodoen justifikazioa, besteak beste— egotzi zuten Armadatik.

 

 

MIGUEL OSVALDO ETCHECOLATZ

 

        Buenos Airesko Probintziako Poliziaren komisario nagusia. Ramon Camps Buenos Airesko harakina-ren konfiantzakoa, bere agindupean antolatu zuen Etchecolatzek indar honen inteligentzia zerbitzua, errepresiorako poliziaren baliabide guztiak baliatu zituena. Pozo de Quilmes, Pozo de Banfield, Puesto Vasco edo Arana bezalako atxilotze zentro klandestinoetan ehundaka desagertutako izan ziren, horietako asko ikasleak.

 

 

ALBANO JORGE HARGUINDEGUY

 

        Jenerala. Barne ministroa Batzorde Militarren garaian. Harguindeguyk zeharo burugabetu zuen botere judiziala, bere aldeko militarrak paratuaz postu garrantzitsuenetan. Horrela, desagertutakoen senitartekoen eskaera judizial gehienek bidea itxita izan zuten beti.

        Amak oraindik antolatzen ari zirelarik, egun batez hiru ordezkari jaso zituen bere bulegoan. Han erakutsi zien libreta txiki bat, non desagertutako batzuen izenak apuntatuak zituen, gehienak militarren senideak.

        — Ezin kontrola ditzakegun bandak egiten ari dira hau guztia —esan zien Amei.

        — Baina jauna —galdetu zion, haserre, ama batek—, zuk, Barne ministro horrek, ezin baduzu kontrolatu, zer egiten ari zara gobernuan?

        — Zuek ez zenuten inoiz pentsatu semeak putaxkaren batekin joan zitzaizkizuela? —bota zien, irrikor, ministroak.

        — Ez jauna, zuek dituzue gure semeak, zuek bahitu dituzuelako.

        Harguindeguyk ezin izan zien amen begiradei eutsi.

        — Bukatu da audientzia! —moztu zuen, mahaian ukabilkada emanez.

        Beste behin, militar batzuekin batera, eztabaidan aritu zen Buenos Airesko artzapezpikuarekin, errepresioaz. Ministroak tortura justifikatu nahi zuen. Eta jarri zuen adibidea: gerrillari batek leherkaria jarri du etxebizitza batean; eztanda eginez gero berrehun lagun hilko lirateke. Galdetu zion gero elizgizonari ea zilegi al zen gerrillaria torturatzea bizitza horiek guztiak salbatzearren. «Ez», erantzun zuen artzapezpikuak, «helburuak ez ditu bide guztiak ametitzen».

        1997ko irailean galdetu zioten lasai bizi ote zen. «Ez dut pilula bakarra ere hartzen lo egiteko. Epai atzeraezin bakarra Jainkoarena eta nor bere kontzientziarena da, eta nik lasai asko lo egiten dut».

 

 

ARTURO JAUREGUI

 

        Jenerala. Armadako komandantea. Leopoldo Galtieriren bigarrena. Honek pentsaturiko Mexiko Operazioa —herri horretan ezkutatzen zen Montoneroen buruzagitza osoa atxilotzeko ekintza— ez zuen begi onez ikusi, eta Armadarekin kolaboratzeko prest zeuden gerrillariak fusilatzearen alde egin zuen. Galdu zuen.

        1978an, Esman atxilotuta zegoen Jaime Dri diputatu peronistarekin izaniko elkarrizketa batean, Lurreko Armadaren sentimendu antimarxista azaleratu zitzaion barru-barrutik. Dri esposaturik zen, kaputxatuta, eta torturaren ondorioz jasandako zauriak sendatu gabeak zituen oraindik. Aulki batean eserita, entzun zuen jeneralak bere laguntzaileei esan ziena:

        — Jende honekin ez dago hitz egiterik. Jendilaje hau akabatu beharra dago. Minbizia dira eta minbiziarekin ez dago hitz egiterik, erauzi egin beharra dago!

 

 

LUIS MARIA MENDIA

 

        Almirantea. Itsas-Ekintzetarako komandantea. Emilio Eduardo Massera Itsas Armadako buruaren laguntzailea. 1976ko martxoaren 10ean, subertsioa akabatzeko armadetako buruek prestaturiko egitasmoaren lerro nagusiak berak jakinarazi zituen. Buenos Aires ondoko Puerto Belgrano itsas gunean izan zen, ofizial eta agintari militar guztien aitzinean. Horrela aletu zituen Mendiak estrategiaren ildo nagusiak: ekintzak bizkorrak izango ziren, eta zibilez jantzitako agenteek eginak; informazioa lortzeko itaunketa trinkoak eta torturak erabiliko ziren, eta, atxilotutakoak desagertarazteko, hegaldien sistema, «heriotza kristaua ziurtatzeko». Almiranteak, bere diskurtsoan, nabarmendu zuen gaizkileen kontra gogor aritu beharra zegoela, «herri ezberdina, baketsua, lasaia eta ekonomikoki paregabea» lortu nahi bazuten.

        Hamahiru egun geroago, kolpe militarraren egun berean hain zuzen ere —1976ko martxoaren 23an—, Mendiak jakinarazi zien gradu goreneko ofizialei, Itsas Armadak parte hartze zuzena izango zuela errepresioan, eta gogor jazarriko zutela mendebaldeko ideologia kristauaren aurka erabiltzen zen guztia. Mendiak komunismoa errotik erauzteko militarrek pentsaturiko beste metodoa ere jakinarazi zien marinoei: subertsiboen haurren bahiketa. Horretarako, haurdun zeuden atxilotutakoak bizirik eduki behar zituzten atxilotze zentroetan, erditu arte. Ama desagertarazi ondoren, haurrak militarren familietan banatuko ziren, Esman bertan antolatuko zen zerrendaren ordenaren arabera. Adopzio sistema bitxi honen bidez, belaunaldi berria gurasoen eragin txarretatik libre utzi nahi zuten militarrek. Eskaera handia zegoen, nonbait, ofizialen artean.

        Baltasar Garzon Madrilgo epaileak bilaketa eta atxilotze agindua erabaki du bere kontra.

 

 

JUAN BAUTISTA SASIAIN

 

        Jenerala. Campo de la Ribera (Cordoba) izeneko presondegi militarreko komandantea. Egiazki atxilotze zentro klandestino gogorrenetakoa izan zen honetan Sasiain torturen eta hilketen arduradun zuzena gertatu zen, horien artean Amelia Neliza Inzaurralde gaztearena. Geroago Argentinako Polizia Federaleko burua izendatu zuten. 1976ko apirilaren 10ean, La Nación kazetari emaniko elkarrizketa batean, Sasiainek zioen: «Armadak badaki gizakia baloratzen, Armada kristaua da-eta». Zuritasuna, eskuindartasuna, nazionalismoa eta erlijio kristaua goraipatu egin zituen beti.

        Batzorde Militarreko arduradunei eginiko epaiketetan kartzela zigorrera kondenatu zuten, baina zati txiki bat besterik ez zuen bete, militarren presioengatik. Akusatuta dago Italiako justiziak herri honetako desagertutako batzuen aferak argitzeko zabaldu duen auzian.