River-Boca
Che! Ezin duk klasikoa galdu!
Osabak antiojoen gainetik begiratu dit, sugarrak hartuta futbolaren aipamen hutsarekin. Duda egin dudanez, epaia eman du:
Tribunarako sarrerak neuk ordainduta.
Senideekin, areago urrunekoak badira, hala gertatzen da. Elkar apenas ezagutu arren, bisitak enbarazu besterik egiten ez badu ere, urte luzez zure zain egon izan balira bezala mintzatzen dira, galdera asko egiten dituzte familiari buruz, eta euren herriko edertasunak azpimarratzen dizkiote Euskal Herri txiki, atzeratu eta baserritar hartatik sekulan atera ez den lehengusuari.
Bisita egunean River Plate-Boca Juniors futbol partida suertatzen bada, sentitzen dute hori ikusi gabe joatea bekatua dela ia, arduragabekeria ezin onartuzkoa, eta gonbidatu behar dutela etorri berria.
Ezin duk galdu! errepikatzen dute denek.
Ez nuen deitzeko asmorik, baina denbora gehiegi joan zait hemendik hara presaka, egun batez lasai aritzeko betarik gabe. Solasaldi hutsal bat, bazkari goxoa, horrek ez zidala kalterik egingo pentsatu dut, burua askatu nahi dut-eta apur bat. Egia esanda, ez dut damu etorri izana.
Aurpegiera ederra eman didate atera azaldu naizenean, eta ahalegin guztiak egin dituzte egiten ari naizenaz ahal bezain gutxi hitz egiteko. Haiek ez dute jakin nahi. Nik, gaur, ahaztu egin nahi dut. Eskertu diet.
Muga horrekin, denetaz aritu gara solasean bazkarian. Txerri konfitatuari ekin diogu hasieran, argentinar erako papak eta txahaltxo errearekin jarraitu dugu eta, postrerako, amonak egindako txokolatezko tarta hartu dugu. Etxea, bazkaria, zerbitzaria... zortea izan dute, ez zaie ezer falta.
Kafea mahaian jarri dutenean atera da gaia: futbola, jakina.
Hara, guk ez ditugu mundial gehiago irabazi ez dugulako nahi izan azaldu dit, serio, osabak.
Bost urte zituela egin zuten River Plateko bazkide. Biloba jaio berriak badu jada karneta. Hemen erlijioa da ia. Etxeko beste guztiek izekok, bere amak, lehengusuak, zerbitzariak baietz egiten dute buruarekin, eztabaidarik ametitzen ez duen egia baita Argentinak, okela eta futbol kontuetan, ez duela parekorik.
Whisky botilarekin batera atera du mahaira bere taldearen historia biltzen duen liburua. Inoiz entzun ez ditudan izenekin zorabiatuta «Pederneras, Muñoz, Pontoni, De la Mata... denak Di Stefano bezain onak» nik Ardiles aipatu diot, zerbait esateagatik.
Niri gustatzen zitzaidan desenkusatu naiz.
Maradonarengana iritsi gara, nola ez. Aste honetan egunkarietako azalak bete ditu, klasikoa jokatuko bai jokatuko ez eztabaidarekin. Futbolari jenial honekin gorroto-maitasun harreman eskizofreniko samarra dute argentinarrek, ezin kontrola dezaketena.
Hamaika aldiz zin egin du, jainkoaren eta gizasemeen aurrean, sekula ez zela itzuliko Argentinako talde batera, baina aurten fitxatu du Boca Juniorsekin, River Plateren talde antagonikoarekin. Zale askok uste zuten ez zela inoiz jokatzeko moduan izango, bi urte zeramalako partida ofizialetan parte hartu gabe, baina lehen jardunaldian, egin zituen maitemintzeko moduko jokaldiei esker, Bocak irabazi zuen. Bigarren partidaren ondotik egin zitzaion analisian positiboa eman zuen: kokaina. Drogaren mamua berriro ere.
Esan izan dute orain bai, betiko erretiratuko zela, utziko zuela Argentina, baina... klasikoaren atarian azaldu da. Eta denak txoratuta dauzka bere showak. Baita River Platekoak ere.
Astelehenean entrenamendura joan zen ustekabean, ez nolanahi joan alajaina: erosi berria zuen kamioi izugarria 500 CVko kabina puska eraman zuen. Hantxe aparkatu zuen, zelai bazterrean. Hurrengo egunean komunikabide guztietan ez zegoen beste berririk: «Maradonak jokatuko ote?». Asteartean Buenos Airesko kaleetan salgai zeuden bi taldeen elastikoak, posterrak, partida telebistaz ikusteko deskodifikadoreak...
Asteazkenean kamioia garajean utzi zuen: Ferrari gorria aukeratu zuen orduan. Jokalarientzako aparkalekuan toki egokirik ez nonbait, eta futbol zelaira sartu zuen autoa. Saioan estu samar aritu ziren jokalariak, baina denak pozik. Izar handia euren artean zen.
Eguna hurbildu ahala ikusmina gero eta handiagoa da, morboa dario toki guztietatik norgehiagokari. Adibidez, litekeena da Caniggiak ere jokatzea. Maradonak bezala, aurrelariak arazo gogorrak izan ditu kokainarekin, eta Italiara izarren moduan joan ondoren burumakur itzuli behar izan du, izen eta osperik gabe.
Maradona eta Caniggia tano-ek izorratu zituzten dio osabak.
Tano-ena italiarrak, alegia garbi utzi nahi izan du osabak.
Europan gaizki jokatu dute argentinarrokin.
Kopa bigarrenez bete dit. Halako batean aurpegi larria jarri zaio, eta giroa ere seriostu egin da. Badakit zerbait inportantea esan behar didala, denak isildu eta niri begira daudelako. Ni ere erruduna ote naizen pentsatzen hasi naizelarik bota du azkenean:
Inbidia digute, guk bi mundial irabazi ditugulako.
Besteek berretsi dute baieztapena, buruarekin. Arnasa hartu dut eta tragoa egin diot whiskyari, ospatzeko.
Bi jokalariok, Maradona eta Caniggia, heroien gisa hartu zituzten Argentinara itzuli zirenean, kontinente zaharrekoen mesprezu aspaldikoaren biktimak bailiran, baina Estatu Batuetako futbol lehiaketan Maradonari kokaina arrastoak aurkitu zizkiotenean, Argentina osoa gelditu zen sinetsi ezinik. Mitoa haragizkoa zen, eta gainera kokainazalea.
Min handia egin zigun onartu du osabak. Txapelketarako faboritoak ginen, sekulako taldea genuelako, baina hark hautsi egin gintuen. Jokalariek iparra galdu zuten, eta harrezkero noraeza hasi zen jokoa banatzen.
Argentina berehala kanporatu zuten. Jende askok ez dio barkatu Maradonari.
Boca Juniorsekoek bai. Aurrelaria talde honekin jokatutako denboraldiei esker famatu zen mundu osoan, eta bera bosteroa izan da beti gero. Hemengo zaleentzat jainkoa da. Bere gehiegikeria guztiak ahaztuta gelditzen dira zamarra hori-urdina janzten duenean. Gainera, orain mundu guztiak badaki drogazalea dela, ez besterik. Caniggia eta beste batzuk bezala, jokatzeko eskubidea errebindikatzen ari da: ez duela kokaina erabiltzen hobe jokatzeko edo fisikoki emaitzak igotzeko, baina menpekotasuna duelako. Hortxe dago eztabaida.
Begira ezak, motel, Bocakoak burutik fanda daude.
Kalean jada entzuten dira Libertadores etorbidea ziztu bizian zeharkatzen duten autoen turuta hotsak. Osabak Riverren alde egingo dudala ziurtatu nahi du, jakina.
Bambino Veirak, Bocakoen entrenatzaileak, duela gutxi epaiketa izan zuen gaztetxoekin harreman sexualak edukitzeagatik. Ez du aulkian esertzeko inolako eskubiderik!
Partidak piperrik beharko balu hor legoke Maradonaren eta Riverko entrenatzailea den Ramon Diazen arteko ika-mika. Biak selekzioko jokalariak ziren garaian, Maradonak betoa ezarri zion Pelado Diazi, honek salatu zuelako droga hartzen zela jokalarien artean. Geroztik ez diote elkarri hitz egiten, eta jakinmina badago bien erreakzioa ikusteko. Jokalariak iragarri du bostekoa luzatuko diola. Entrenatzaileak esan du ez dakiela onartuko duen.
Tira, toki ona lortuko badugu abiatu beharra daukagu martxan jarri gaitu osabak. Mahaitik altxatu garenean besoa sorbalda gainean jarri dit, paternalki:
Gaur ikusiko duk zer den futbola.
Osaba aurreratu da txartelak hartzera. Guk oinez egingo dugu bidea, ordu erdikoa edo. Zelaira hurbiltzen garen heinean gero eta urduriago antzematen ditut lehengusua eta laguna. Riverkoak dira, jakina, oiloak, amorratuak gainera. Euren auzoan badaude ere, mesfidantzaz eta kezkaz ikusten dute gero eta bostero gehiago dabilela inguruan. Saiatzen naiz txantxak egiten, baina ez daude bromatarako. Niretzat jaia da hau, beraientzat borroka.
Poliziaz inguratuta dauden zaleekin ez topatzeko itzulingurua egitea erabaki dute. Ziurtatu didatenaren arabera, hildakoak izaten dira askotan River-Boca derbietan, haien estadioan partidak direnean astakeria izugarriak egiten dituzte, eta Monumentalera futbol zelaia etortzen direnean oso biolento jarduten bide dute. Basapiztiak nonbait.
Orain arte ikusi dudanarengatik ez zaizkit Riverkoak baino arriskutsuagoak iruditu, baina kale batean aurrez aurre aurkitu dugu Bocako urdina eta horia aurpegietan marraztuta daraman taldea. Guk ez dugu ezer Riverrekin goazela erakuts dezakeenik. Hala ere, beraiekin gurutzatzean nabarmen jaitsi ditugu begiak, edo azkartu egin ditugu urratsak edo, besterik gabe, oilo aurpegia dugu, haietako batek oihu egin baitigu:
Oilo aurpegia duzue gero! Oiloak zarete, ezta?
20 urte inguruko mutikote puska ez da txantxetan ari, benetan haserre dagoela ematen du. Ni berari begira gelditu naiz, estatua bati edo indioilar bati begiratzen zaion bezala, beste asmorik gabe. Gelditu egin da bera ere. Niregana etorri ez etorri dago.
Segundo bat izan da. Amorru izugarria irakurri diot begietan, urtetakoa, betikoa. Lehengusuak besotik tira eta aurrera bultzatu nauenean erreakzionatu dut. Urruntzen garelarik, pare bat irain mastekatu ditu oraindik ere bosteroak errebaleko hizkera zoragarrian eraikitako irain porteñoak, benetako arte-lanak. Gero buelta eman eta lagunen atzetik jarraitu du.
Tira, ez da hainbesterako izan... haserre diruditen lehengusu eta lagunarekin estakuruka ari naizela, burua irekita eta kamiseta odoldua duen Riverko jarraitzaile batekin topo egin dugu.
Kale-kantoi guztietan jende-mugimendu urduriak dabiltza. Horren inozoak izateagatik, otsoaren ahoan sartzeagatik maldizioka, kaleska bat hartu dugu eta iritsi gara, azkenean, estadiora. Hemen denak dira Riverkoak. Kolorea itzuli da gure musuetara.
Partida hasteko bi ordu falta dira zelaira sartu garenean, baina ia beteta daude harmailak. Jendea saioak egiten ari da kantekin eta leloekin, gero etorriko denaren erakusgarri. Ate baten atzealde osoa da Bocakoena. Gainontzekoa, River. Helikoptero bat estadio gainean hegaldatzen ari da, tai gabe.
Hemen ez dago nahasterik, ez adiskidantzazko keinurik. Gorroto handia dago jarraitzaileen artean. Argentina osoan esaten da Bocakoak direla erdia eta bat gehiago, baina kirol arloan River izan da beti nagusi.
Dale Boca, dale Boca
que vamos a ganar
y en el 97 la vuelta vamo'a dar
En la Argentina
hay una banda
que es la gloriosa número 12;
te sigue siempre
a todas partes
no como River que es vigilante
Zerri hauek estadioa hautsiko dute... osaba inoiz ez da ohituko bere estadioa bosteroez beteta ikustera. Eta Poliziarekin parekatzen dituen abesti hori entzutera.
Partida hasteko hamar minutu falta direnean bi tarte handi ireki dira porterien atzeko harmailetan. Ordura arte lepo betetako tokietan porlanezko lerro luzeak ikusten dira orain, ondo giza-hesituta, norbaitek toki hori aurrez hartua balu bezala. Tentsio berezia arnasten da. Kantak gero eta beroagoak dira. Hutsik gelditu diren tarteetan talde bakoitzeko zale sutsuenak barras bravas sartu direnean, eraikina erortzeko moduko zalaparta egin da.
Orroak lehian dira orain inoiz baino gehiago. Eszenografiaren une gorena da. Mundu guztia ari da kantuan eta dantzan. Porlanen gainean egiten dituzten saltoek gerrarako danborren soinua dute. Kamisetarik gabe, bular hutsik, zaleek elkarri egiten diote desafioa. Ez dira taldea animatzen ari, baina pare-parean dituztenak beldurtu eta kikildu nahi dituzte. Ikuskizun tribala da, primitiboa ia.
Bi taldeak zelaira ateratzerako eromena!
Azkenean 1-2. Aurreratu dira txurigorriak, baina Bocakoek buelta eman diote partidari euripean, epikoki ia, barrukoak jota. Amorrua eta etsipena izugarria da Riverkoen artean, eta kantuekin nahastuta irainak entzuten dira asko. Baita oihu arrazistak ere. Bocako aurrelari kaskazuriak bigarrena sartu duenean osaba altxatu eta kanpora joan da. Ezin izan du jasan.
Javier!
Bai?
Izan nintzen klasikoan! Irabazi egin genuen!
Zer iruditu?
Izugarria. Eta hara, txorakeria irudituko zaizu agian, baina partida ikusten ari nintzela pentsatu nuen, ez dakit zergatik, torturatzaileak, errepresoreak, Riverkoak izango zirela gehienak.
Ez zuen erantzun, baina telefonoz bestaldetik barre egiten zuela iruditu zitzaidan.