Ez zaigu ahaztu
Ez zaigu ahaztu
1998, kronika
176 orrialde
84-86766-86-9
azala: Garbiņe Ubeda
Alberto Barandiaran Amillano
1964, Altsasu
 
2021, kronika
2005, narrazioak
 

 

Bidaia

 

— Argentinara noa.

        Telefonoak ekarri zidan erantzuna argia eta ironiko samarra izan zen:

        — Igeri egiten ba al dakik?

        Nire zuzendariak ez zuen, nonbait, hain garbi ikusten.

        Bost hilabete neramatzan Atlantikoaz bestaldeko jendearekin harreman logiko samarra lotu nahian, diktadura militarraren garaian desagertutakoei buruz datuak biltzeko, baina etsita nengoen. Ez telefonoak, ez faxak, ez e-mailak ez zidaten balio argitu beharreko dudak argitzeko, zer edo zer gehiago jakiteko. Lehen ere norbaitek ohartarazia zidan inork egin ez zuen ikerketa telefonoz egin nahian nenbilela. Hara joan beharra zegoen.

        Bost hilabete horien ondotik sinetsirik nengoen merezi zuela, are, egin beharra zegoela. Egunkarietan maiz azaltzen ziren Baltasar Garzon epaileak hainbat desagerpen ikertzeko Argentinako hamar militarren kontra Madrilen zabaldutako prozesuei buruzko informazioak. Ordurako banekien horien artean euskaldunak bazirela. Familiarrekin hitz egin nahi nuen, hogei urtetan inork entzun nahi izan ez zuena jaso, eta hemen kontatu gero.

        Banuen esperantza testigantza hauen bidez 1976tik 1982ra bitarte desagertutako 30.000 lagunen sofrimendua ere konta nezakeela, herritartasunak ematen duen konplizitateari esker askok ulertuko luketela basakeriaren nondik norakoa. Uste betean nengoen ni. Oraindik, baina, nire zuzendaria konbentzitu behar nuen.

 

 

Beste bost hilabete igaro dira deiaz geroztik, eta zuzendaria konbentzitzeaz geroztik. Atlantiko gainean nago jada.

        Nire ondoko bidaiariak lotarako prestatzen ari dira. Leihotik sartzen den ikusmira zoragarri ederra da eta urduri nago, zorabiatzeko moduko sukarrez iritsi eta lanean hasteko. Datu soil bakar batzuk baino ez dauzkat eskuartean, badakit aurki ditzakedala oztopoak bai familiarren aldetik —gogoratzea zaurian gatza botatzea bezalakoa izaten ohi da horrelakoetan— bai Garzonen epaiketarekin urduri jarri diren batzuen aldetik ere. Benetako ikerketa egin behar dudala pentsatze hutsak akuilatzen nau. Nire baitan ezagutzen ez nuen adorea sortzen zait barruan. Argentinara noa, bai. Eta abioiz.

        Gauak badu kolore berezia hemen goian. Hodeiek islatu egiten dute han urrun, bonbilla batek bezala argitzen duen ilargiaren txuria. Abioian amatatu dira pixkanaka ahots eta hots oro. Orain isiltasun monotonoa besterik ez da entzuten, markako autoek autobideetan egiten dutenaren antzekoa. Ezin dut burutik kendu korrika ari garela denboraren aurka, egunsentiari alde egin nahi diogula desesperaturik, eguzkiaren beldur-edo bagina bezala.

        Brasilgo itsasertzaren gainean gaude lehen izpiek harrapatu gaituztenean. Hautsi da sorginkeria. Eski pistak diruditen hodeiak zulatu ditugu orduan, Rio de Janeiroren gainean arrano handi bat bezala pausatzeko.

        «Munduko hiririk ederrena da Rio». Entzun dut esaldia noizbait. Galeaoko aireportuko kristal handietatik ikusten den terrala eta Miamiko hegaldia atzeratu dela esateko bozgorailuko funtzionarioak darabilen tonua —eztitsua, erotikoa ere esango nuke—, erakargarriak egiten zaizkit arraso. Tropikoaren lurrin guztiak hor daude, kristalaren bestaldean, tentagarri.

        Rion igo da nire aldamenera neska brasildar xarmanta, abioia beteta doala-eta laguna bi lerro atzerago utzita. Papaia eman digute gosaltzeko. Uste dut barre egin duela kolore gorriko meloi horren aurrean mesfidati ikusi nauenean. Berak eskuekin jan du. Nik, berdin, noski. Montevideora eraman gaituen hiru orduko bidaian gutxienez sei aldiz atera du ezpainak apaintzeko lapitza, eta ispilutik, zeharka, begiratu didala iruditu zait. Ilusioa egin dit. Bere ondoan eserita azkar asko joan zaizkit gelditzen zaizkigun bidaia orduak.

        Uruguaiko eta Argentinako hiriburuak bainatzen —eta banatzen— dituen Rio de la Plata itsasoa lohia da, zikina eta ernegatua, nahiz eta eguna argia den. Haserre dirudi, urduri. Belztasun hori, ez dakit... siniestro samarra egiten zait.

 

 

— Dantzara! Dantzara!

        Eszena irreala da, amesgaizto batetik ateratakoa. Buenos Airesko Armadako Eskolako (Esma) sotoan hogeita hamar lagun daude eserita, kateatuta. Jorge Eduardo Acosta Tigre, korbeta-kapitaina, Esmako Inteligentzia Zerbitzuko zuzendaria, oihuka ari zaie atxilotutakoei.

        — Hemendik kartzelara joango zarete! Pozik egon zaitezte gero! Dantzara! Dantzara!!

        Samba doinuen neurrira, atxilotutako batzuk dantzan hasi dira, artega, zoraturik, bizirik jarraitzeko dakusaten aukera bakarra epilepsia honetan erabakiko bailitzan. Gehienak eserita gelditu dira, xoxoturik bezala. Acostaren azken esaldiaren benetako esanahia ulertu nahian daude. Legeztatu egingo dituztela entzutea gogorregia izan da.

        Izkina batean, gazte bizarduna besteei ohartarazten ahalegintzen da:

        — Ez da egia! Hilko gaituzte denak, ez da egia!!

        1977ko ekaina da. Acostak —uniforme militar dotore, makularik gabekoa, ilea bikain moztua— musikari bolumen handiagoa emateko agindu dio laguntzaileari. Adolfo Scilingo eta Alfredo Astiz tenienteak, hitzik esan gabe, begira daude. Lehena berri samarra da tortura zentroan. Astizek badu esperientzia.

        Biek parte hartu zuten etsi nahi ez duen gazte bizartsua atxilotzeko ekintzan.

        Caballito kalean izan zen. Scilingok gidatzen zuen Ford Falcona. Astiz, taldeko burua, izan zen gerrillari montoneroari pistolarekin aurre egiten lehendabizikoetakoa. Gero, Buenos Airesko kaleak ziztu bizian zeharkatu zituen auto barruan, Astizek berak jarri zion zianuroaren kontrako txertoa, badaezpada ere.

        Montonero guztiek zeramaten pilula ahoan. Atxilotuta egon ondoren ihes egin ahal izan zuten taldekideen lekukotasunen bidez zuzendaritzakoek bazekiten jende asko zutela zentro klandestinoetan bahiturik, eta oso gutxik eusten ziotela torturari. Sare osoak erortzen ziren horrela. Hobe, beraz, militante baten heriotza talde oso baten suntsipena baino. Zianuro dosiak bost minututan eragiten zuen.

        Autoaren zoruan etzanda, bala bat gerrian, montoneroak eduki zuen nahikoa indar militarrei oihu egiteko:

        — Ez duzue irabaziko! Herriak ez dizue...

        Astizek bota militarra jarri zion ahoan, isil zedin.

        Semaforoak gorriz gainditzeko lasterketa zoroan laguntzaile, beste auto bat zerraien. Atzeko besaulkian eserita zegoen salataria, Astizi «hori da» esan zion gerrillari-ohia. Trukea? Esma barruan lasai, pribilegioekin bizitzeko eskubidea.

        Orain, tortura zentroaren sotoan, mediku militarra da txertoak jartzen ari dena, eta hauek ez dira zianuroaren kontrakoak.

        — Bidaia lasai egin dezazuen —esan die atxilotutakoei.

        Handik ordu erdira, drogaturik denak, kamioi batera igoarazi dituzte. Beste ordu erdia eta hiriburuko Jorge Newbery aeroparkera iritsi da kamioi militarra.

        Bi taldetan banatu dituzte atxilotutakoak. Jorge Vildozak, Esmako Ekintzen buruak, azken aginduak eman dizkio Scilingori:

        — Pilotuak erabakitzen duenean medikuak bigarren dosia jarriko die.

        Montevideo eta Buenos Aires lotzen dituen hegaldi ohiko baten ondoren jaso du hegazkinak aireratzen hasteko agindua. Asteazkenero bezala —batzuetan larunbatetan ere egiten dira hegaldiak—, Skyvanak, abioi txiki eta arinak, berehala hartu du goia. Hiriburua gainetik zeharkatu ondoren Rio de la Platako bokalerantz zuzendu du muturra.

        Kondenatuak eserita daude, hegazkin barruan barreiatuta. Medikuak bigarren txertoa jarri eta, gutxira, konortea galduta daude denak. Gorputzak biluzteari ekin diolarik —noizbait aurkituz gero arropengatik inork identifika ez zitzan—, Scilingok bere atzean negar-zotina entzun du. Medikua nerbioak jota dago.

        — Aberriarengatik da dena —Scilingo saiatzen ari da lasaitzen—, gogoratu Mendia almiranteak esan zuena, drogaturik botaz gero heriotza kristaua izango zutela horrela.

        Aberriaren aipamenak, edo heriotza kristauarenak, lasaitu egin du medikua. Kabinan sartu da. Ez da aterako lurra hartu arte.

        Scilingok bukatu du lana eta orain hamahiru gorputzek meta bat osatzen dute. Irudia lazgarria da.

        Tupustean, bizarduna altxatu da. Lo dago, baina altxatu egin da. Erreflexu bat. Montoneroa zutik dago hegazkinaren erdian. Bigarren ofiziala —abokatu zibil bat— hurbildu egin zaio eta gerritik atera duen pistolaren kulatarekin buruan jo du. Gazteak, kamera geldoan, burura eraman du eskua. Abokatuak bigarren kolpe bat eman dio, fuerteagoa. Hurrak kraskatzean egiten duen zarata aditu da. Montoneroak burura eraman du berriro eskua. Jaitsi duenean, dena kamera geldoan, dena begiak itxita, dena lo, odoleztatua dauka. Eseri egin da berriro.

        Hegazkinak nahikoa altura hartu du. Behean, ez dago antzematerik non amaitzen den Rio de la Plata eta non hasten den ozeanoa. Pilotuak kabinatik dakusan ur zikina nahasten da itsasoaren urdinarekin. Scilingok, bigarren ofizialaren laguntzarekin, ireki du atea. Banan-banan, gorputzak hartu, ateraino ekarri eta bota egin ditu.

        Atxilotutakoak lo daude. Heriotza kristaua.

 

 

Ezeizako aireportutik Buenos Airesko zentrora garamatzan autobidearen bazterretan marrazten da giza-geografia, inongo mapatan baino hobeto: larreak hasieran, latorrizko txabolak gero, adreiluzkoak ondoren, porlana eta kristala azkenean. Eraikuntzaren bidez txirotasunetik aberastasunerainoko graduazioa.

        Erdialdea kaotikoa da, neurrigabea: munduko etorbiderik luzeena, munduko etorbiderik zabalena, istripuak/autoko portzentaiarik handiena, inolako historiarik ez duen obeliskorik garaiena...

        Bazkaldu ondoren gogotsu sentitzen naiz, bizkor. Erabaki dut inorekin hitz egin baino lehen hobe dudala hogei egunez nire hiria izango den hau apur bat ezagutzea. Uste dut urduri ere banagoela, nondik hasi ez dakidalako, izua diedalako agendan apuntatuta dauzkadan telefonoei. Deiari erantzungo diotenen erreakzioa nolakoa izango den arrastorik ere ez dut-eta.

        Lagunen prekauzio gomendio guztiak gehiegi kontuan hartu gabe, —«ibili beti taxietan, ez eraman gainean diru asko, atera pasaportearen fotokopia, aldatu dolarrak pixkanaka...»— hartu dut metroa eta abiatu naiz erdialdera.

        Retiroko geltokiaren inguruan Carlton Hotelaren itzala nagusitzen da begi-bistan, beste ezer baino lehenago. Hor hasten da finantza gunea, non banku amerikarrek eta dolarraren paritateak Argentinako ekonomiaren gainean aginteak ematen dituzten. Hori beste nonbait ikusi dudala-eta berriro metroan sartu naiz. Haragi errearen lurrinarekin, matearen usainarekin edo —oi, inuxente halakoa!— tangoaren doinuarekin zerikusi handiagoa dukeen beste zerbaiten bila hasi naiz. Mapan Boca ikusi dut. Ezaguna egin zait.

        Buenos Airesko auzorik jatorrena da, dudarik gabe. Itsasoari begira dagoen inguru honetara iritsi ziren Argentina osoa populatu eta marka iraunkorra utzi zuten italiar gehienak. Hemen, kaiaren inguruko putetxe eta tabernetan, hemen jaio zen tangoa, gaur egungo gazteek erabat urrun eta anakroniko ikusten duten doinu melankoliko eta gordina.

        Buenos Aires zeharkatzen duen Matanza ibaiaren bokalean bertan egotetik datorkio izena auzoari. Itsasadar estu batean —El Riachuelo— behiala portu garrantzitsua izan zenaren arrastoak daude egun, dena txatarra herdoildua eta ahantzia. Hortxe, italiarrak ekartzen zituzten itsasontzi deseginen aurrean Caminito kalea dago, Carlos Gardelek Parisen eta Madrilen famatu zuen huraxe. Nostalgiaz betetako gunea da.

        Latorrizko etxeak dira denak, herri-lanetan langileek aldatzeko edo euria botatzen duenean hamarretakoa hartzeko gurean jartzen diren txabolen antzekoak. Hemen kolore biziez daude pintatuta —gorria, horia, berdea, urdina—. Bi edo hiru etxebizitza dituzte.

        Etxeak etorkinek jaso zituzten, lehenago iritsitako senideen laguntzaz. Zerbait hobea aurkitzen zutenean hutsik gelditzen ziren etorri berriek okupatu arte. Urtetan horrela eraiki zen inguru osoa. Etorkinen seme-alabak argentinar egin zirenean, bigarren belaunaldiarekin, auzoak pertsonalitatea galdu zuen. Porlana nagusitzen hasi zen, etxe berriek lekua jan zuten, eta soilik bazter honetan gorde zen behialako itxura.

        Caminito da egun gelditzen den lekukotasun bakarra. Udalak dirulaguntzak ematen dizkie bizilagunei, etxeak kolore bizi horiekin eta oraingo egituraz manten ditzaten. Berrogeita hamar metro luze baino ez den kalean pintoreak dira ugari. Postalak ere saltzen dituzte, gai ia bakarra tangoa duten postal batere orijinaltasunik gabeak. Hiriak ez duen historia puxka txiki hau ez galtzeko edo turista despistatuen gozamenerako?

        Kalearen mutur batean hiru agure, triste eta ximurturik, behatzaileen zain daude udaberriko arratsalde honetan, tangoak abesteko. Taldea osatu da azkenik haien aurrean eta bandoneonaren soinua entzun eta berehala ezagutu dut abestia. Hitz eder eta larri direnek axalekoak dirudite orain, argazki-makinen flashen artean. Parisko Tulleriasko museoan Moneten pinturak ikusi ondoren turistei saltzen zizkieten posterrak etorri zaizkit gogora.

        Estatubatuar talde batek abeslariari txaloak egin dizkio. Dolar batzuk utzi dituzte gero, norbaitek aurrean paratu dien bonetean.

        Molde zaharreko taberna batean zerbeza hartzen dudan bitartean sirena hotsek hautsi dute betikoa zirudien monotonia atsegina. Autoek, motorrek, ziztuan denak, segizio urduri eta garrantzitsua iragartzen dute. Bat-batean, itzal luze bat bezala, limusin beltz eta dotorea: barruan Bill eta Hillary Clinton, agurka. Montevideo eta Buenos Airesko aireportuetan ikusi ditut abioi erraldoiak, President of America ziotenak. Egun horretan bertan Buenos Airesko egunkari batek titulatu du bost zutabera: «Aitta iritsi da».

        Auzokoak, ezin sinetsirik, hurbildu egin dira berehala. Ez gara hogeita hamar baino gehiago izango, baina enperadoreak milaka ditu aurrean, eta gogotik ezpaineratu du bere irrimarrarik estudiatuena. Hor daude-eta kazetari estatubatuarrak.

        Denda batean erosketak egiten dituen bitartean antolatu dira poliziak, bizkarzainak, segurtasun indarrekoak, kazetariak, motoristak, protokolokoak, idazkariak, adjuntoak... Ehun kiloko gihar puskak, ezkerreko besoan fusil automatikoa duela, erpurua altxata agurtu du ahoa bete hortz begiratzen dion haurra, eta garen gune hori Buenos Aires edo Washingtongo herrixka bateko auzo bat ote den dudatan hasten garelarik, hara non azaldu diren udal motorista argentinarrak, izerditan, kaskoak buruaren alde batera erorita, euren hirian ere estatubatuarrek despistatu egin dituztela-eta amorraturik. Hesian orain gaztelaniaz hitz egiten da.

        Margolari afizionatuen artetik bi haur atera dira eskuetan koadro bat dutela, eta udaltzainburuaren laguntzaz hurbildu dira amerikarrengana, Jaunari oparia emateko asmoz, baina ezkerreko belarrian mikrofonoa daraman gizonezko ilehori eta garaiak ezetz esan die antiojoekin, buruarekin, besoekin, ezetz behin eta berriro, ezetz biribil eta itsusia. Zaintza markakoa da: ikusle bakoitzeko bi polizia-edo egon arren, atentatu baten arriskua usaindu balute bezala antolatuak dira segurtasunekoak; misilekin teilatuetara apuntatzen dute arreta handiz. Jendeak, anartean, aipamen oso ederrak egin ditu autoen dotoretasunaz, uniformeen distiraz eta arma automatikoen ustezko efikaziaz. Bienvenido Mr. Marshall filmetik ateratako eszena dirudi. Halako batean, dendatik atera da bikotea eta hautsi egin dira orduan lerro guztiak. Made in USA bizkarzainak ahalegintzen dira orain, euren onetik aterata, Billengan gehiegi hurbildu den jendearen entusiasmoa kontrolatzen.

        Ez naiz hasierako tokitik mugitu, baina bat-batean konturatu naiz ez nukeela inolako arazorik izango Estatu Batuetako presidenteari zaplatekoa emateko: besoa luzatu besterik ez... Pentsamendua saihesteko denborarik gabe hara doa berriro limusinera. Etorri den bezala desagertu da, segizio eroa atzean duela.

        Nire ondoan bi emakumek:

        — Bai umila, ikusi dun?

        — Bai, eta Hillary ere bai. Beste batzuk ordea... handinahi eta handiuste.

        Konkistadorea hemen ere.

        Boca Juniorseko La Bombonera futbol zelai mitikoa bisitatu dut gero. Ateak zabalik ditu egun osoan, jendeak ikus ditzan zorabiatzeko moduko harmaila hori eta urdinak, argazkiak atera ditzan Maradonaren lehen golen lekuko izan ziren horiexen inguruan. Museo bat da ia. Bombonera deitzen diote harmailak, garaiak izateaz gain, oso zuzenak direlako eta, horrela, berdegunea bera goxokia kutxa txiki batean bezala gelditzen delako.

        Badu zerbait, bai. Beteta zoragarria izango da.

        Kanpoaldean futbolaren usaina aditzen da nonahi. Boca Juniorseko zaleei bosteros zaie —bosta behi-ongarria da—, alde batetik ibaiari darion kiratsarengatik eta, bestetik, jatorri xumeko jendea delako gehiena. River Platekoak, ordea, auzo itxurosoenetan dira nagusi, hiriburuko iparraldean. Geografia arau unibertsalaren agindua: iparra aberatsa, hegoa pobrea. Baita hegoaldean ere.