Ez zaigu ahaztu
Ez zaigu ahaztu
1998, kronika
176 orrialde
84-86766-86-9
azala: Garbiņe Ubeda
Alberto Barandiaran Amillano
1964, Altsasu
 
2021, kronika
2005, narrazioak
 

 

Tello Biskaiart anaiak

 

1978ko munduko futbol txapelketa hasi bezperan, La Plata hiri ondoko ontziola batean, Rafael Tello Biskaiart azken ukituak ematen ari zitzaizkion txalupa zaharrari. Kresalak ustelduriko oholak aldatuta eta motorra garbituta, pintura besterik ez zen falta. Arratsalderako bukatuko zuela kalkulatu zuen. Orduan ontzia prest egongo zen Avellanedara edo Buenos Airesera, Rio de la Platako itsasertzetik gora eta behera, merkantziak berriro garraiatzeko.

        Rafaelek, urdina nahasten zuen bitartean, bezperan nagusiarekin izaniko solasaldia zuen buruan.

        — Lanak behera egin du nabarmen, badakizu, eta egoera larria da —esan zion Rafaeli, berak egiten baitzuen langileen ordezkaritza lana—. Ez dakigu ordainketak garaiz egin ahal izango ditugun...

        — Garrantzitsuena da inor kanporatua ez izatea —ihardetsi zion berak.

        Etxean moldatuko ziren, gastu handiak ez zituzten inoiz izan, baina egia zen gero eta lan gutxiago zegoela ontziolan. Goiz hartan ajeak jotako hiru txalupa, besterik ez.

        Anaiarengandik gertu, Pablo Tello lankide batekin eztabaidan ari zen Argentinako taldeak txapelketan egin zezakeenaz.

        — Kempesek dakiena erakusten badu, Argentina txapeldun.

        — Baina ché, Holandak oso talde ona du, eta Frantzia eta Alemania?

        Zenbat aldiz eztabaida bera! Rafael, batzuetan, haserretu egiten zen, bazirudielako diktadurari dena barkatuko ziotela kopa preziatua irabazten bazen. Baina pareta buruarekin jotzea bezala zen. Bi anaiek militatzen zuten talde anarkistaren bileretan ere maiz amaitzen zuten futbolaz hitz egiten.

        Brotxarekin, kontu handiz, egurra estaltzen hasi zen. Arratsalde hartan berriro joango ziren anaia eta bera hainbestetan ikusitako orubera, behingoz erabakitzeko erosiko zuten edo ez. Etxea egiteko aukera polita zen, oso garestia ez, bi familientzako adinakoa bai. Azkenean ausartzen baziren, Parisen erbesteratuta zegoen amari esan nahi zioten itzultzeko, familia berrosatzeko.

        Puskatzen hasia zen familia berrosatzeko. Hiru urte lehenago Marcelo anaia desagertua zen Cordoban. Viviana Serafini, bere andrea, Brasilera alde egina zen bera ere atxilotu zezaketelakoan. Hain zuzen Marcelo anaiak errepikatzen zuena aintzat hartu beharko zuten orduan:

        — Garai zailak datoz milicoekin; horiek, behin hasita, ez dute atzera egingo. Bada garaia erretirada estrategikoa egiteko: ezkutatu eta pentsatzeko.

        «Ezkutatu eta pentsatu», horixe egingo zuten. Kartelak jarri eta idazkiak kaleratu, horra taldearen subertsio guztia, baina bolada gogorra zen benetan. Rafael eta Mariana emaztea bederen uste horretakoak ziren, txikiengatik batez ere.

        Larzabaleko (Nafarroa Beherea) artzain baten bilobek, Tello Biskaiart anaiek militantzia bolada batez uzteko erabakia hartua zuten.

 

 

— Argentinako Armada! Denak lurrera!!

        Agindu lehorrak erauntsiak legez eten dizkio gogoetak. Filmetan bezala, lantegiaren atetik sartzen ari diren militarrek amenjesus batean hartu dute tokia. Haietako bat Rafaelengana hurbildu eta kulataren kolpeaz lurrera bota du. Pintura urdina marea bezala zabaldu da porlanezko zoruan.

        Rafaelek berehala pentsatu du euren bila datozela, eta Marianarekin gogoratu da. Militarren buruak, ordea, langile guztiak atxilotzeko agindua eman du, nagusia barne. Rafaelek Pablori begiratu dio. Honek, lurretik, keinu harritu bera itzuli dio.

        Kamioira igoarazi dutenean, fusilen ahoak sentitu ditu sorbaldara zuzenduak. Lankideei erreparatu die. Gehienak horixe dira, langile hutsak. Kolpe militarra baino lehenago sindikatuan aritu ziren bakanek ere desagerpenen lehen berriak iritsi zirenean utzi zioten militantziari. Sinetsi ezinda daude orain denak.

        Kamioia martxan jarri da. Atxilotutakoekin bi soldadu. Atzetik, beste kamioi batean, gainontzekoak. Ekintza garrantzitsua da noski. Rafaelek ezin du asmatu zergatik. Ordu erdiko bidaia eta taldeko buruaren ahots larria berriro:

        — Jaitsi denak!!

        La Plata inguratzen duen errepide ondoko bideberrian daude, eukalitu-baso baten muturrean. Asfaltoa hor bertan amaitzen da. Larrea dago bi aldeetan eta bide-bazterretan ur asko, olio poteek eta txatarrak usteldutako ura. Toki lasaia da hala ere, apartatu samarra; lekukorik ez izateko ona, oso ona.

        Haizea dabil fina. Rafaelek ulertu du. Izerdi hotsa lehertu zaio gorputz osoan militarren nagusiari entzun dionean:

        — Aurrerago, lerroan!

        Artalde izutua dira hamalau lagunak soldaduak aurrean jarri eta fusilak bular parean jarri dizkietenean. Norbaitek protestatu nahi duela iruditzen zaio, baten baten arrenak entzun ditu.

        — Baina... honela hilko gaituzue?

        Eta bera kontatzen ari da, begiak itxita.

        — Bat, bi, hiru....

        Ez daki zergatik baina kontatzen ari da.

        — Zortzi, bederatzi, hamar...

        — Igo denak atzera!

        Eta berriro gora. Eta hamar kilometro aurrerago, bestearen fotokopia dirudien kamio bazterrean, berriro parodia krudela, eta kapitainaren barre urduria, eta soldadu baten —haur bat ia— begiak, su txatar bi eginik. Kontzentrazio esparrura iritsi arte beste bi aldiz jaitsiaraziko dituzte denak, berriro igotzeko.

        Ziegetan sartu dituztenean ez dakite, baina Mariana eta Maria del Carmen ere —Pabloren emaztea— arratsalde hartan bertan atxilotu dituzte, umeen aurrean. Gau hura tortura zentro berean egingo dute laurek, denak bereizirik.

 

 

Urte oso garrantzitsua izan zen militarrentzat 1978koa. Bi urte bete berriak zituen diktadurak, eta errepresioarengatik ordura arte jasotako kritiken ondotik itxura ona eman nahi zuten futbol txapelketarekin iritsiko ziren kazetarien eta agintarien aurrean. Arazo nagusia gainera —gerrillari taldeak—, soluzionatuta zegoen: Montoneroen taldeko ehun bat lagun baino ez ziren gelditzen Argentinan. Beste talde handia, ERP, hori ere txikituta zegoen: Mario Santucho buruzagia segada batean harrapatu ondoren estrategiarik gabe, taldekide gehienak atxilotuta edo hilda.

        Tamainako efikazia lortzeko militarrek lana banatu zuten, hasieratik. Marineriak montoneroak harrapatuko zituen, lurrekoek ERPkoak. Kolpea eman eta lehen hilabeteetan usapalak sareetan bezala erori ziren militanteak. 1977ko hasierarako zuzendaritzak erbestean ziren. Argentinan eusten ahalegintzen zirenek ez zuten inolako loturarik elkarren artean, ez zegoen moralik. Ez zegoen zer eginik. Batzuek garbi ikusi zuten, eta hala ere buruzagiek dei egiten zuten erresistentziarako, borrokarako. 1977 hilerria izan zen. Hamar mila militante izatetik ezerezera.

        Gehiegizkoa atzerrian horren berririk ez izateko. Kanpoko gobernuen presioa handia inoiz izan ez bazen ere —komertzio hitzarmenak eta interes ekonomikoak, jakina—, gobernuak normalitate itxura eman nahi zuen. Horrek salbatu bide zituen Mariana Arcondo eta Maria del Carmen Resano, Rafael eta Pabloren emazteak. 1976an atxilotu izan balituzte gaur ez ziratekeen bizirik izango.

        Rafael eta Marianaren semeak zabaldu dit etxeko atea, La Plata hirian. Mutiko luze eta garaia da, mototsa atzean lotuta duena.

        — Ongi etorria. Ama berehala iritsiko da.

        Irrista batean begiratu dut etxea matea prestatzen duen bitartean. Egongela argitsuan eskegita dituzte Picassoren Guernica eta Bartzelonako Diagonal kaleko argazki handi bat. Pasillo luzearen alde batera hiru logela daude, eta beste aldera, patio txiki bat, landarez betea. Ez da inolako luxurik, baina oso atsegina da, argiarengatik akaso.

        Pipari lehen zurrupada eman diodanean azaldu da Mariana. Emakume polita da, interesgarria. Berrogei bat urte, kaskazuria, begirada eta hizketa modua oso erakargarriak dituena. Begi grisak, ezpain lodiak; adinak xarma eransten dionetakoa. Indarra komunikatzen du, grina. Arerio zaila borrokan, dudarik gabe. Garbi hitz egiten du, gordinik azaltzen ditu gertaerak eta oroitzapenak, baina sentiberatasun apartekorik gabe. Horrek harritu nau hasieran, baina gero konturatu naiz beste mota bateko mina dela berea, isilagoa, ez oso agerikoa baina oso sakona, oso barneratua.

        Kontzentrazio esparrura iritsi eta berehala, burua estalita eta eskuak eta hankak lotuta, korridore baten bazterreko bankuan eserarazi zuten Mariana.

        — Ordurako banekien gutxi gorabehera non nengoen. Arkitektura ikasi nuen, eta bidean kaputxaren azpian entzun nituen zaratekin —autobidea, abioi bat, asfaltorik gabeko lurra, orain ezkerretara, gero eskuinetara—, traza hartu nion inguruari: La Plata ondoko eraikin militar bat zen.

        Zaindari batek araudien berri eman zion berehala. Aurrerantzean G-28 izango zen bere izena, hori erantzun behar zuen izena galdetzen ziotenean. Arcondok, temoso izaki, ez zuen agindua begiratu nahi izan. Bere izenarekin erantzuten zuen beti, oihuka erantzun ere.

        — Asmo bakarra nuen —adierazten dit matea ematen didan bitartean—. Rafaelek jakin behar zuen ni ere barruan nintzela atxilotuta. Horregatik, izena galdetzean «Mariana Arcondo!» erantzuten nuen. Jotzen ninduten, baina hurrengoan berdin oihukatzen nuen. Bospasei aldiz galdetu ondoren bakean utzi ninduten.

        Ordurako Rafaelek bazekien emaztea ere barruan zegoela.

        — Gela batera eraman ninduten gero. Han zegoen psikiatra bat torturatu berria, garusain fuertea zuena. Militar batek esan zidan: «Orain egingo dinate itaunketa, eta ez eutsi, okerrago izango dun eta. Galdeion bestela honi, ea zer den hobea». «Eutsi flaca» esan zidan gizon hark. Lehertuta zuten, baina hori esan beharra zegoen, eutsi egin behar zitzaion ahalik eta gehien lagunek jakin zezaten norbera atxilotuta zegoela, denbora izan zezaten alde egiteko. Hor erabakitzen zen erakundearen patua. Haiek desegin nahi zuten erresistentzia zen oro, horregatik jazarpena etengabekoa zen. Itaunketa egiten zuten bitartean ahalegintzen ziren izen berriak ateratzen, ideia zutelako jendeak babestu egiten zituela bere lankideak, bere taldekideak, baina ez erresistentzian zebiltzan gainontzekoak.

        Mariana korridorean zen berriro psikiatra, konorterik gabe eta bi guardiek helduta atera zutenean. Gorputz erreen kiratsa are nabarmenagoa zen. Gero Rafael ikusi zuen, tortura-gelarako bidean bera ere. Kaputxa batek burua estaltzen zion eta ezin izan zion ezer esan.

        Hiru egun zeramatzan barruan azkenean Rafaelen ziegara eraman zutenean.

        — Militarrek nahi zuten bietako bat biguntzea. Sinestarazi nahi ziguten batek dena aitortzen bazuen bestea salbatuko zela. Guk, ordea, uste genuen ez ginela handik aterako, tortura bukatuta hil egingo gintuztela. Noiz arte iraungo zuen, hori zen duda bakarra. Horregatik egin zitzaigun harrigarri hiru urte zeraman jendea han topatzea.

        Kontzentrazio esparru guztietan izan ziren kolaboratzaileez ari da Mariana. Gai zaila eta konplikatua, urte batzuk "laguntzen" egin ondoren haietako zenbait azkenean berdin-berdin hil zituztelako militarrek. Baina bizirik atera ziren gehienentzat benetako traidoreak izan ziren, taldekideak salatzearen truke pribilegioak lortu zituztenak.

        Miguel Angel Lauletta Caín-ek, kasu, milaka agiri faltsifikatu zituen Esman atxilotutakoen ondasunak —etxeak, autoak, kontu korronteak— militarren eskuetan uzteko. Lan hori bera egiten zuen Montoneroetan militatzen zuen garaian. Tortura zentro hartatik bizirik atera ziren askok leporatzen diote taldekide ohiak entregatu zituela, eta behartu zutenaz harantzago joan zela bere kolaborazioarekin. 1979an militarrek libre utzi zuten, beste nortasun bat eman ondoren. Desagertutakoen zerrendan, bere izenaren ondoan, «desagertua» irakur daiteke. Egun bolondres lan egiten du parrokia batean. Bera bezalako asko izan ziren. Emilio Massera almiranteak, errepresioaren ideologoak, alderdi politiko bat eratu nahi izan zuen haiekin guztiekin.

        Mariana eta bere senarrarentzat egunak motel, esperantzarik gabe igarotzen ziren barruan. Pabloren joan etorriak tortura gelara etengabekoak ziren, zapatak kendu behar izan zizkioten arte, hankak erabat puztuta zituelako pikanaren eraginez. Rafaelek eta Marianak ere maiz egin zituzten bisitak tortura gelara. Pare bat aldiz benda kendu zieten begietatik, ikus zezaten torturatzeko zuten tresneria makabroa. Horrek areago goibeldu zuen andrea, barruan esaten zelako benda kendu ezik libre gelditzeko aukera handiak zirela.

        Egun batez «hau perrexila da» entzun zion torturatzaile bati, alegia, ez zela garrantzitsua. Ez zuten berriro torturatu.

        — Sartu eta bi astera, patiora atera gintuzten denak. Ziegak desinfektatu behar zituzten nonbait. Gu sartu ginenean laurogei ginen; ehun eta berrogeita hamarreko taldea osatu genuen patioan.

        Kaputxaren azpitik, Rafael sumatu zuen ondoan.

        — Zertaz hitz egiten zenuten barruan? —galdetu diot.

        Semea elkarrizketa osoa jarraitzen ari da, adi-adi, baina elemotz. Listaria darabil eskuartean elkarrizketa osoan. Tartean behin gelditu egiten ditu eskuak eta amari begiratzen dio. Gero jarraitu egiten du.

        — Kontu intimoak ziren gai bakarrak: norbait ateratzen bazen haurrak zaintzeko, ea esperantzarik bazegoen...

        Astebete beranduago zurrumurrua zabaldu zen atxilotu batzuk legeztatu behar zituztela. Mariana eta Maria del Carmen libre gelditu ziren. Hilabete beranduago beste lagun bat atera zen, eta esan zien Rafael bendarik gabe zebilela barruan. Hori seinale txarra zela.

        — Uztailaren 15ean "trasladatu" zituzten, hau da, hegaldi famatu horietako batera eraman zituzten.

        Kanpora libre atera izanak ez zuen sofrimendua baretzen; aitzitik, inoiz larritu ere egiten zuen.

        — Denok egiten genuen gauza bera: kartelak itsasten genituen paretetan, diktaduraren aurka hitz egiten genuen fakultateetan... zergatik atera baino zergatik atxilotu gintuzten. Hori da gure galdera.

        Giza eskubideen batzordeetara joatea izan zen atera osteko lehen lana. Eta Amengana jotzea.

        — Barruan lagun batek esan zigun ohartarazteko kanpokoei Amei indar guztiekin babestu eta lagundu behar zitzaiela, min handia egiten zutelako kuarteletan. Militarrentzat oso deserosoa baitzen hura, borrokarik latzena: armek ez zuten balio haien kontra, amen sentimendua zegoelako han, erraietatik ateratako zerbait. Ezin zuten ezer egin.

        Baina urteak joan dira, eta denboraren higadurak itxaropenak eta animoak ere poliki amatatzen ditu. Ezarian heltzen den heriotza ikusezin hori da makurrena.

        — Gogoa, esperantza ere hiltzera behartzen zaituzte. Hori da gogorrena. Doluentzat badira epe desberdinak: bi urtera egiten da hildakoena, baina desagertu batena? Hori ez da inoiz bukatzen.

        Tello anaien hiru emazteek —alargunak? bizi-alargunak?— elkarrekin eraman zuten borroka, eta gogor saiatu ziren fronte guztietan. Suediako enbaxadatik indarrez atera behar izan zuten Mariana bere seme-alabekin, Frantzian zegoen anaien amak errepikatzen ziolako herri horrek laguntza handia ematen ziela senitartekoei, tematzeko enbaxadorearekin hitz egin arte. Hiru izateak ere asko lagundu zien egoera aurrera eramaten.

        — Denok bizi genuen egoera hura familia barruan, etxean. Bazegoen beldur handia, eta baita sentimendu bat ere gizartetik kanpo geldi gintezkeela etxean desagertutako bat edukitzeagatik. Horregatik, etxetik kanpo ez genuen horretaz hitz egiten.

        Buenos Airesen bezala, beste hirietan ere amak eta desagertutakoen senitartekoak kalera ateratzen ziren astero familiarren aldarri egiteko. 1984ko egun batez, militarren ardura ikertzen ari zen garaian, La Platakoen bilkuraren aurrean gobernuko idazkaria azaldu zen.

        — Ni han nintzen seme-alabekin, beti bezala. Gobernuko norbaitek aintzat hartzen gintuen lehen aldia zen, gauza handia beraz. Idazkari hark, orduan, esan zuen gobernuak ahalegin guztiak egin nahi zituela desagertutakoen seme-alabak aurkitzeko, «desagertutakoak hilda daudenez, haien alde ezin dugulako ezer egin».

        Marianari damu-min gorde guztiak hantxe lehertu zitzaizkion. Ordurik gaziena izan zen hura. Seme-alabei eskuetatik oratu eta espaloi batean eseri zen. Umeak gogor besarkatzen zituen bitartean negarrez hasi zen. Negar errea.

        — Nik banekien hilda zeudela, baina hitz horiek entzun nituenean konturatu nintzen barru-barruan oraindik banuela esperantza txiki bat bizirik aurkitzeko. Jende askok esaten zuen lanean zeudela denak Armadarentzat, giltzapeturik oihanean, edo Brasilen edo Txilen, edo Europan... Bagenekien zaila zela, baina zurrumurru horiek elikatzen zuten gure itxaropena.

        Marianak CGT sindikatuan lan egiten du gaur egun, unibertsitatean. Duela gutxi, Bartzelonara egindako bisita batean, ikusi zuen telebista saio batean Turco Julian torturatzaile famatua. Izuturik gelditu zen, basapiztia orain izar bilakatuta. Berriki ere, sindikatuko egoitzan zegoela, bera egon zen tortura zentroko zaindari bat ezagutu zuen, eskaileretatik gora heldu zena.

        Bihotza gelditu zitzaion. Burura zetorkion barruko suarekin batera sumatu zuen izu-ikara handia, hanka egiteko gogoa. Eutsi zion gogorrago heldulekuari eta aurre egin zion. Bere parera iritsi zenean begietara esan zion, lasai baina halako bat zintzurrean:

        — Alde egin ezak hemendik.

        Inguruko guztiek berehala ulertu zuten. Torturatzaileak ere bai.

        — Hitz egin dezagun lasai...

        — Alde egin ezak agudo!!

        Alde egin zuen.

        — Horixe da jarrera bakarra —garbi dauka Marianak—, erakutsi behar zaie badakigula non dauden, zein diren, eta ez dugula ahaztu.

        Gaur egun dagoen kontzientziarik ezak biziki amorrarazten du, izu garaian gizarteak hartu zuen jarrerak baino areago.

        — Azken aldi honetan jazarpenak eta baztertzeak gertatzen ari dira gure unibertsitatean, politika dela-eta. Joan nintzen hori guztia salatzera idazkari batengana eta esan zidan ezin zuela ezer egin. Bera desagerturik egon zen militarren garaian eta torturak jasan zituen, baina orain onartzen zidan ezin ziola ezer esan izorratzen ari zen horri, bere alderdi politikokoa zelako. Horixe, gauza bera gertatzen zen diktadurapean! Militar edo apaiz batengana joaten baginen beti esaten ziguten ezin zela ezer egin, baina beti egin daitezke gauzak. Horregatik ez genituen inoiz besoak jaitsi. Haurrei jakinarazi behar diegu zein izan ziren beren aitak, maitasunez, pankartekin edo leloekin azaldu behar diegu borroka egin zutela diktaduraren kontra, horregatik hil zituztela. Hori guztia azaldu behar diegu ez borrokalari handiak garelako, ez, baina desagertutako batek behartzen zaituelako beti, egunero. Hori ezin duzu inoiz ahaztu.