Ez zaigu ahaztu
Ez zaigu ahaztu
1998, kronika
176 orrialde
84-86766-86-9
azala: Garbiņe Ubeda
Alberto Barandiaran Amillano
1964, Altsasu
 
2021, kronika
2005, narrazioak
 

 

Jon Pirmin Arozarena

 

Poliziak hainbat lasterren garbitu du kontua. Erantzun behartua eman dio ordutegiaz galdetu dion andreari eta aurrera jarraitu du gero bere ibilera aspertuarekin, geltokiko sarrera-gelatik barna. Galdetu ez galdetu egon ondoren —bekozko mudatua du, egun petrala— hurbildu naiz eta bota diot.

        — Tigrera doazen trenak nondik abiatzen dira?

        Entzun ahala irribarrea eskaini dit.

        — Nondik heldu zara?

        — Euskal Herritik.

        — Polita Buenos Aires, ezta? Lastima, jende alu samar hau.

        Argentinarrek euren burua gutxiesteko eta kanpotarrena ederresteko joeraren lehen adibidea. Entzungo ditut horrelako asko.

        Funtzionarioa alaitsu eta animoso dago orain.

        — Jende ona, euskaldunak.

        Atseginez eman dizkit tren irteerei buruzko argibideak eta atseginez elkar agurtu dugu gero.

        Emigranteen gainean eginiko herria izanik, ez ninduke harritu beharko guardiarenak, baina egun hauetan konturatu naiz jendeak oso present duela gurasoen edo aiton-amonen herritartasuna, berehala bereizten dituztela nazionalitateak —desagertuez mintzatzean izan ezik—. Argentinan euskalduna euskalduna da, ez galego, ez espainol ez frantses. Natural samar egiten dute. Ez da Hego Amerika osoan berdin jazotzen, seguruenik euskaldunek, Argentinan, inongo talde etnikok baino arrakasta handiagoa izan dutelako.

        Une egokian iritsi ziren Eldorado honetara. Joan den mendean artzaintza ez zen itxurazko jarduera argentinarrentzat; aitzitik, ekonomikoki garrantzi eskasekoa eta sozialki arbuiagarria. Bigarren mailakoa behizaintzarekin alderatuta. Lehen kolono ingelesek, ordea, topatu zituzten belaze apartak artzaintzarako, eta amaierarik gabeko lurren mitoa berehala iritsi zen gure mugetara, Baztan eta Baigorri aldeko baserrietara. Animatu zirenek, Estatu Batuetan egin bezala, gogo onez hartu zituzten beren kargu Euskal Herrian pentsaezinak ziren artaldeak.

        XIX. mendearen erdialdetik aurrera, gainera, garai onak iritsi ziren. Artzaintzaren industriak gora egin zuen izugarri, behizaintzarekin parekatzeraino, artileak lortu zuelako nahikoa kalitate Australiakoa edo Zeelanda Berrikoarekin lehiatzeko. Euskal artzainek lur gehiago erosi zituzten Pampan, ardiak ez ezik behiak ere jarri zituzten, eta garia, eta artoa, lur berriak kolonizatu zituzten hegoaldean, gobernuaren agintea iristen zen mugen ondoan, eta... edonon laketu ziren.

        Joan den mendeko emigrante italiar batek, aditzera izan eta gero Ibai Beltzaren inguruan bazirela artean lur onak azienda gobernatzeko, hartu zuen zaldia eta hegoalderantz abiatu zen. Zortzi egunez inorekin topo egin gabe zamalkatu zen, harik eta gau batez muino baten magalean etxetxo batzuen argia eta tximinietako kea ikusi zituen arte. Kanpamentu bat. Denak euskaldunak ziren, herri berekoak.

        1958an eginiko ikerketa bateko emaitzek argirik ematen dute euskaldunen garrantziaz. Datuon arabera, Argentinako hiru lurjabe nagusiak —200.000 hektareatik gorako lurraldeak zituzten bakarrak— euskaldunak ziren; hiriburuko elkarte berezienen bazkideen artean %23k Euskal Herrian zuten jatorria, eta Abokatuen Elkargoan %14k. Gainera, 1853tik 1943ra bitartean izandako 22 presidenteetatik hamar euskaldunak izan ziren. Euskal jatorriko argentinarren kopuruarekin alderatzen baditugu —milioi bat lagun inguru 1960an, hau da, populazioaren %5a—, zenbakiak adierazgarriak dira oso.

        Jende boteretsua beraz, agintearekin loturak zituena, ordenarekin eta garapen kapitalistarekin probetxua ateratzen zuena. Ez da harrigarria, horregatik, Buenos Airesko Laurak-Bat euskal-etxean —Argentinako garrantzitsuena— gehiengo isil bat 1976ko diktadura militarraren aldekoa izatea. Ez da harrigarria, argentinar askok hartu zutelako arnasa militarrak boterearen jabe egin zirenean. Montoneroak eta Ejercito Revolucionario del Pueblo (ERP) gerrillari taldeen ausardiarekin izututa, kolpeak gizartearen oniritzia izan zuela esan daiteke gaur egun.

 

 

Arozarena Larreki familiak pairatu behar izan zituen amore emate horren ondorioak. Etxean hiru egunez bahituta eduki ondoren, militarrek Jon Pirmin seme nagusia eraman zutenean, Laurak-Baten bazegoen, egon ere, diktadurakoekin harreman ona zuen bat edo beste. Gaztea oso ezaguna zen zentroan, bere familia bezala, baina alde horretatik ez zen inolako laguntzarik etorri.

        Ramon Arozarenak, Jon Pirminen anaiak, leundua du orduko arrangura.

        — Izan ziren bai, guri laguntza ematea bazuten arren ezer egin ez zutenak, baina, orokorrean, Laurak-Batekoak oso ongi portatu ziren. Giroari eta jendeari esker eutsi genion minari, horri esker atera ginen aurrera.

        Belgrano kaleko Laurak-Bat etxearen goiko solairuan gaude. Gela handia da, handiegia nonbait ibiltzen den jende kopururako. Mahaiak hutsik daude, hautsak hartuta. Sabaiko leihotik sartzen den argia transluzidoa da, ahula, komentukoa. Anakroniko samarra.

        Behetik iristen dira gisugileen oihuak eta makineriaren hotsak. Zaharberritzen ari dira joan den mendeko eraikina, aurpegia garbitzen ari zaizkio. Frontoian —trinkete dotorean— lau pilotari partida jokatzen ari dira Buenos Airesen bertan egiten diren El Vasquito markako palekin.

        Ramon eta Miren Amaia Arozarenak bata bestearen atzetik erretzen dituzte zigarroak zurezko mahai biribil baten inguruan. Biei baztandartasuna islatzen zaie aurpegian. Argentinako Euskal-Etxeen Federazioko burua da, gaur egun, Miren. Ramon hainbat urtez izana da Laurak-Bateko zuzendaritza batzordeko kidea. Anaiak hitz egiten du, Mirenek entzun egiten du. Jon Pirminena jazo zenean hamabi urte besterik ez zituen.

        Arizkundarra sortzez, Ramon Arozarena aita 60ko urteen hasieran iritsi zen Buenos Airesera, Caracastik. Estatu Batuetako multinazional bateko enplegatua, bai Venezuelako hiriburuan baita Buenos Airesen ere euskal-etxeetara bildu zen, eta seme-alabak giro horretan hazi eta koskortu ziren. Jon Pirmin, Ramon eta Mirenentzat bigarren etxea zen ia Laurak-Bat, dantza taldean aritzen ziren hirurak, hangoak zituzten lagun eta ezagun gehienak.

        Politikara kolpearen aurreko urteetan esnatu ziren. 1973an, aspaldiko partez, hauteskundeak deituak ziren lehendakaritzarako. Juan Domingo Peron iristekotan zen erbestetik eta militarren agindupean bizitza osoa eman ondoren, gazte askorentzat demokrazia ezagutzeko lehen aukera zen hura.

        Laurak-Batekoek eztabaida sakonak zituzten gai hori zela-eta: politikak betetzen zituen solasaldiak. Lagun talde batek —haien artean Arozarenatarrak— elkarrizketak izan zituen alderdi politikoetako ordezkari batzuekin, erabakitzearren botoa zeini eman. Belaunaldi bereko askok bezala, beraiek ere peronismora jo zuten.

        Bi anaiak auzoetan klaseak ematen edo herri pobreetan laguntza ematen aritu ziren asteburuetan. 1973ko udan Tucumanera joan ziren, iparraldeko eskualde hartako Simoca herrian eskola bat eraikitzera. Han ezagutu zuten Carlos Valladares gaztea, bertako elkarte erlijioso bateko partaideekin egin zituzten harremanen artean. Valladares Montoneroetan zebilen.

        — Guk ez genekien —dio Ramonek—. Gure laguna zen, besterik gabe. Buenos Airesera etortzen zenean, elkartu egiten ginen berarekin, zerbait hartu eta mintzatzeko.

        1976rako, kolpe militarra izan zenerako, bi anaiek utzia zuten jada militantzia, kalean zegoen giro bortitza zela-eta.

        — Ez zegoen antolatzerik —argudiatzen du Ramonek.

        Urtebete lehenago, 1975eko uztailaren 14an, Lomas de Zamorako euskal zentroan egiten ari zen kultur aste baten barruan, Euskal Herriari buruz hitzaldi sorta bat antolatu zen. Horietako batean ETAren gaia jorratu nahi izan zuten antolatzaileek. Ezin izan zuten, Polizia aretora sartu eta bertan zeuden guztiak atxilotu zituelako. Zurrumurrua zabaldu zen ETAk eta Montoneroek antolatu zutela ekitaldia, eta komisaldegian "estremista" gisa fitxatu zituzten.

        Biharamunean denak —haien artean Laurak-Bateko kide batzuk— libre atera ziren, kargurik gabe. Arozarena anaiak ez zeuden, baina bai beren lagun taldekoak.

        1977ko apirilaren 27an, etxera bila joan zitzaizkionean, larrutik ordaindu zuen Jon Pirminek ezkerrerantz, peronismorantz, noizbait lerratu izana.

        Goizeko hamarretan hasi zen neke-negarra. Txirrinak jo zuenean Ramonek zabaldu zuen atea: Jonengatik galdezka zetozen bi lagun. Anaia ez zegoela entzun ondoren aitarekin hitz egiteko eskatu zuten, edukazio osoz. Egongelara iritsi zirenean armak atera zituzten. Hiru egun iraungo zuen bahiketaren lehen aktoa.

        — Mairuak, taldeko nagusiak, asmoak garbi uzteko edo, pistola mantso, kontu handiz, mahaiaren gainean laga zuen —begirada zigarroaren kearen eta hormaren arteko nonbait iltzatuta gogoratzen du Ramonek egun hura—. Hortxe egongo zen beti, baita gurasoekin kafea hartu eta solasaldietan ariko zenean ere.

        Armaturik zeuden morroiez beteta zegoen etxea Jonek hots egin zuenean.

        — Jon, etor hadi bizkor —esan zion Ramonek, pistola bat buru parean zuelarik.

        Jon Pirmin iritsi zenean familia guztia egongelan bilduta aurkitu zuen.

        Morroiek sukaldera eraman zuten, itaunketa egiteko. Azaldu ziotenez, Valladares buruzagi garrantzitsua zen Montoneroetan, eta militarrek bere mugimenduak ezagutzen zituztenez, bazekiten hots egingo ziola Buenos Airesera iristean. Horrela harrapatu nahi zuten.

        Ramonek filma bailitzan kontatzen du hogei urte lehenagokoa, norbaiti entzundako ipuina bailitzan. Ez dago emoziorik, ez tristurarik. Fotogramak begien aurrean ikusi ahala botatzen ditu, horrela baizik ezin duelako gogoratu —esateko modua da—.

        — Hiru egunez bahituta egon ginen denak. Bigarren egunean, osteguna zen, txikiak joan ziren eskolara normal, ama erosketak egitera atera zen, eta niri fakultatera joaten utzi zidaten, esan zigutelako bestela susmoak piztu litezkeela gure ezagunen artean. Jonen neskalaguna ere etxean zen ordurako. Estreinakoz hots egin zuenean, harrituta Jon ez zelako unibertsitatera joan, esan genion anaia gaixo zegoela, ez etortzeko sendatu arte. Egun berean beste bitan deitu zuen, eta gure bahitzaileek pentsatu zuten hobe zela kontrolatuta edukitzea. Agindu zehatza eman zidaten: «Berriro deitzen badu esaiok etortzeko Jon bisitatzera». Deitu zuen, esan nion, eta etorri zenean harrapatu egin zuten.

        Valladaresek egin behar omen zuen deiaren zain zeuden denak, beraz. Familiak bizi zuen tentsioaren aldean harrigarria zen morroiek erakusten zuten patxada, lanari ohituta baileuden. Taldeko burua zenak behin baino gehiagotan hitz-aspertua egin zuen gurasoekin.

        Familia zintzoa zela bazekiela esan zien Arozarenatarrei, «ez askotan ikusi ditugun horiek bezalakoak», horregatik jokatzen zutela horren zuzen, normalean dena hautsi egiten zutela. Valladares harrapatutakoan bakean utziko zituztela eta bizimodu normala egin ahal izango zutela aurrerantzean. Hori bai, denei garbi azaldu zieten kanpoko norbaiti ezer esatera Jon hil egingo zutela. Ramonek, hala ere, ezin izan zuen presioa jasan, eta Gracian Legorburu lagunari aipatu zion bizitzen ari zirena.

        — Ez zarete bakarrak —ohartarazi zion hark—. Beste etxeetan ere gauza bera gertatzen ari da.

        Valladaresekin harremanen bat izan zuten Laurak-Bateko guztiek jaso zuten egun haietan militarren bisita.

        Ostiralean montoneroak Jon Pirminen etxera deitu zuen. Jonek, bahitzaileen aginduz, biltzeko tokia eta hitzordua zehaztu zuen berarekin: hurrengo egunean, goizeko hamarretan, Miserere Plazan. Militarrak pozez zoratzen zeuden. «Lasai, mutiko hauek perrexilak dira, ergelak, laster bukatuko da dena», esan zieten gurasoei.

        Larunbata zen. Taldeko burua izan ezik, etxean zeuden militar guztiak joan ziren zehaztutako plazara, Hipolito Yrigoyen eta Rivadavia kaleen artean. Aitak, 1984an egin zen epaiketan gogoratuko zuenez, Mairua animoso aritu zen goiz hartan, berritsu. Hiru egunetan kendu ez zituen betaurreko beltzak eta bibote postizoa erantzi zituen —«mozorroturik joan behar dugu, badakizue»—, eta Euskal Herriaz aritu zen luze. «Nik badakit zuek oso elizkoiak zaretela, eta hori ondo dago. Ni ere oso katolikoa naiz, baina ETAren borroka hori... Franco asko estimatzen nuen».

        Hamaiketan zalaparta handiz bueltan ziren, Jon zekartela. Amorraturik zetozen: Valladares ez zen azaldu. Sukaldean sartu ziren, ateak itxita. Oihuak familia zegoen egongelaraino iristen ziren. Baten batek aipatu zuen Jonen neskalaguna, Adriana, izan zitekeela montoneroari abisua eman ziona. Jon deitu zuten sukaldera eta, gutxira, Adriana.

        Bat-batean garajeko atea ireki zela entzun zuten egongelatik. Auto bat sartu zen. Bahitzaileen oihuak eta aginduak, eta autoaren gurpilen garrasia gero, alde egiten. Taldeko burua hurbildu zitzaien gurasoei. Bibotea eta betaurrekoak atzera jantziak zituen.

        — Gaizki atera da dena. Ez dakit zer gertatuko den orain baina egin ezazue otoi Jonengatik.

        Arozarenatarrak galdezka hasi ziren berehala, han eta hemen. Aitak Estatu Batuetako pasaportea zuenez, astelehenean bertan enbaxadara jo zuen laguntza eske.

        Desagertutakoen senide asko joaten ziren estatubatuarrengana, alde batetik hango komunikabideak zirelako egoerari buruz berriak haizatzen ausartzen ziren bakarrenetakoak; bestetik, ustea zegoelako enbaxadaren presioa izan zitekeela eraginkorrenetakoa.

        Jimmy Carter Estatu Batuetako lehendakariak, kanpo arazoetarako politikaren ardatzetako bat giza eskubideen defentsa zela erabaki ondotik, behin baino gehiagotan egin zituen adierazpenak Argentinan gertatzen ari zenaren inguruan. 1976ko udazkenean, enbaxadoreak bildutako 7.500 desagertutakoren zerrenda Jorge Videla jeneralari eman zionean, Carterrek berak eskatu zion jende horren berri zehatzak eman zitzala. Batzorde Militarreko buruak hitz eman zion, orduan, Eguberriak "baketsuak" izango zirela Argentinan.

        Enbaxadarenaz gain, familiak saiatu nahi izan zuen baita horren ofizialak ez ziren bideetan barna ere. Boterearen zirrikituak ondo ezagutzen zituzten lagunei —euskal komunitateko Iñaki Aspiazu apaizari eta Antonio Astigarraga kazetariari— hel egin zieten. Haien gestioei esker jakin zuten Jon bizirik zegoela, Campo de Mayo —Buenos Airesko iparraldean— izeneko kontzentrazio esparruan.

        Handik egun batzuetara telefono deia jaso zuten etxean. Amak hartu zuen.

        — Kattagorri andrearekin ari naiz?

        Maria Larreki ahotsik gabe gelditu zen, etxean egon ziren hiru egun haietan horrela deitzen baitzion Mairuak, emakumea ez zelako geldirik egoten.

        — Faborez, lasai egon zaitezte, eta esaiozue zuen lagun horri eta bere lagunei gure lana egiten uzteko.

        Bi aste beranduago, 1977ko maiatzaren 17an, etxeko atean jo zuten berriro. Oraingoan Ramonen bila zetozen.

        — Goizeko ordu bata aldera zen —gogoratzen du Ramonek—. Lo netzan ohean. Esnatu nintzenean pistola bat nuen buruan eta janzteko esan zidaten. Ama eroturik zegoen. Esaten zien ea batekin ez zuten nahikoa, bakean uzteko. Haiek, zakar, hiru orduko kontua izango zela erantzun zioten. Autoan sartu eta kaputxa paratu zidaten buruan. Ordu laurden baten ondotik beste auto batean sartu ninduten. Ordubeteko bidaia egin eta gero, jaitsiarazi ninduten eta pareta baten kontra gelditu nintzen, esperoan.

        Hotz zen. Jendez betetako orube batean zegoela konturatu zen Ramon. Oihu asko entzuten ziren, kolpeak ematen zizkieten tartean. Hots guztien artean Ramonek ezagutu ahal izan zituen Laurak-Bateko lagun batzuen ahotsak. Valladaresekin harremanik izan zuten guztiak han zeuden.

        Halako batean norbaitek esan zion:

        — Sorbaldan paratuko diagu eskua, eta sumatzen duanean esan ezak hire izena.

        Lerroan jendearen deiturak entzun zituen. Ahots ikaratuak. Eskua bizkarrean sentitzean esan zuen:

        — Ramon Javier!

        Hurrengoarena deskarga bat bezala iritsi zitzaion belarrietara:

        — Jon.

        — Bera zen —distira darie Ramonen begiei—, segituan antzeman nuen bere ahotsa. Eskatu nien utz ziezadatela anaia besarkatzen, musu ematen, baina alferrik izan zen.

        Orube eta gau berean bi anaien ondoan egon zen Carlos Lopez Echague gaztea, Laurak-Bat zentroko kidea bera ere. Joni gertatutakoaz xehetasun gehiago eman zituen Arozarena nagusiaren desagerketa argitzeko egin zen epaiketan. Orduan aitortu zuenez, gau hartan bizi izan zuen bere bizitzako unerik gogorrena.

        Lopez Echague etxera iritsitakoan atxilotu zuten. Begiak estalita auto batean sartu eta ordubeteko bidaiaren ondotik orube batean jaitsiarazi zuten. Gazteak azaldu zuenez, gero gela batera eraman zutela konturatu zen, negua izanda ez zuelako horrenbesteko hotzik egiten. Jendea sentitzen zuen bere inguruan. Isiltasuna mehatxu kutsuko galderak hautsi zuen, ea prest zeuden agindutakoa egiteko.

        — Baietz esan genuen, jakina, nahiz eta ez genekien zer nahi zuten.

        Ahots indartsu, autoritario batek azaldu zien bizitzaren merkatuan zeudela, biziak biziekin trukatzen zirela, eta esaten zietena egin ezean txarki pasatuko zutela.

        Gelatik kanpora berriro, beste ahots batek esan zion belarrira: «Beizak motel, portatzen bahaiz eta agindutakoa egiten baduk ez zaik ezer gertatuko, bestela gaizki ibiliko haiz».

        — Gero, entzun nuen —azaldu zuen Lopez Echaguek epaiketan— pertsona berak beste bati galdetzen ziola: «Hi, esan ezak zer gertatu zitzaian hasieran, laguntza eman nahi ez huenean». «Egurtu ninduten ederki», erantzun zuen hark. Hitz horiek gaur arte gelditu zaizkit gogoan iltzaturik, Jonen ahotsa zen inolako dudarik gabe... ahots torturatua zen, desegina, baina bera zen. Berriro galdetu zioten: «Eta hobe portatu hintzenean, zer gertatu zen?». «Hobe tratatu ninduten», esan zuen Jonek. «Ikusi duk?», esan zidaten orduan. «Guk esandakoa eginez gero ez zaik deus gertatuko».

        Handik torturatzera eraman zuten Lopez Echague. Ramonek entzun ahal izan zituen lagunaren oihuak, entzun hatz lodiaren inguruan jarritako kablearen voltaje gero eta handiagoa. Ikusten uzten ez diotenarentzat, akorduak denak baitira entzundakoez: garrasiak, ahots torturatuak, puskatuak, ahots autoritarioak, aginduak ematen zituztenak, ahots torturatzaileak.

        Atera eta bost orduetara atzera etxean zen Ramon, ia joanda, fisikoki ez baina psikikoki torturatuta, amorratuta, etsita. Familian berehala ulertu zuten Ramoni gertatutakoa. Ez zuten berri gehiagorik izan.

        Urte batzuk beranduago, Jonekin kontzentrazio esparru batean egondako lagun bat harremanetan jarri zen beraiekin. Ez zioten gehiegi galdetu nahi izan.

        — Berak bazuen errudun sentimendua kalean zegoelako, eta Jon barruan gelditua —Mirenen hitzek marrazten dute azken irudia—. Ez genuen bere oinazea areagotu nahi. Bakarrik esan zigun iritsi zenerako tortura egun gogorrenak pasatuak zirela jada Jonentzat.

        Familiak, hurrengo urteetan, amorruarekin, etsipenarekin, baita itxaropen ixilarekin ere bizitzen ikasi behar izan zuen. Eta herritarren axolagabekeriarekin, «desagertu bazen zerbait egingo zuen» esaten zietenekin, Joni buruz informazio faltsua eman eta dirua eskatzen zutenekin, militante sozial oro kriminalizatu nahi zituztenekin, demokraziaren etorrerarekin batera dena ahaztearen alde egin zuten politikariekin...

        Demokrazia estreinatu berriko garai hura, Mirenek dioenez, oso garrantzitsua izan zen, tuneletik atera eta argia ikustea bezalakoa izan zelako jende askorentzat.

        — Raul Alfonsinen gobernuarekin hasi zen itzuleraren esperantza apur bat pizten. Jendeak esaten zuen orduan hasiko zirela azaltzen desagertutakoak, bahituta zituztela denak oihanean, militarrentzat lanean... baina nik nahiko goiz galdu nuen itxaropena. Amak ez. Amari, oraindik gaur egun, sumatzen zaio argi txikiren bat baduela. Batzuetan, Joni buruz hitz egiten duenean, mintzatzen da egunen batean atetik azaldu behar balu bezala...