Urkiaren itzala
Atzo muinora joan nintzen eta ixil-ixilik egon nintzen berari begira. Atzo iruditu zitzaidan ikaratuxe zegoela. Hegoaizea zebilen, uso batzuk ikusi nituen, ez dakit zer izango zuen. Bere aldiak izaten ditu-ta.
Nik entenditu egiten dut, badakit noiz dagoen ongi eta noiz dagoen gaizki. Baina ez dakit berak ni entenditzen nauen. Lehen ere esaten zidan. Ez ninduela entenditzen, beti korrika eta presaka, nora ote nihoan. Ikusten zaitut eta ez zaitut ikusten, esaten zidan.
Orduan ja hemen bizi ginen, hau zen gure etxea. Eta hor zegoen osabaren etxea; hura hil zenean grua bat etorri zen eta eraman egin zuen, ez baitakit nora.
Ona zen osaba. Oso handia zen, eta asko-asko jaten zuen. Berak jarri zigun etxean argia. Lagun batek kable luze bat eman zion, eta poste hartatik ekarri zuen argia.
Karabana hau Elkarteak eman zigun. Orain bakarrik nago, ez dut lehen bezala zaintzen. Sukaldean lehengoan perretxiko ttiki batzuk aurkitu nituen. Parregura eman zidan...! Ez dakit jatekoak izango diren, ez diet kasurik egin.
Lehenago-lehenago zabortegiaz bestaldean bizi ginen. Toki ederra zen hura... Han dago basoa, aspaldi ikusi ez dudana. Gustora joango nintzateke egun batean hara, baina karretera egin zuten-eta, orain ezin hara joan. Bada tubo handi bat, azpitik pasatzen dena, baina oso zikina dago, eta haren ahoan batzutan mutil batzuk egoten dira. Beltzez jantzita, beldur pixka bat ematen didate.
Orduan diferentea zen. Hau dena zen gurea. Batzutan ijitoak etortzen ziren, baina errekaz bestaldean jartzen ziren haiek. Ez ginen haiekin haserretzen. Haiek mimena bildu, saskiak egiten zituzten. Guk kobrea, plomoa, paperarekin ibiltzen ginen. Osabarekin, zenbat aldiz, hiriraino...!
Nik hamairu urte nituenean eskolatik atera nintzen. Gure amak eskolarako gauzak ezin erosi-ta, orduan banekien niretzat eskola bukatu zela. Osabarekin hasi nintzen. Gero hirian etxe bat garbitzen aritu nintzen. Ondo zegoen, baina oso urruti zen. Amak nahi zuen eta nahi zuen nik etxetik kanpo lana izatea. Okerrena kalea zela, esaten zidan.
Guk orduan ezer ez genuen. Ezin genuen ezer erosi, ezin ginen inora joan, ezin genituen lagunak ikusi. Telebista bai, erosi genuen. Behar da, telebista. Bestela, ez dakizu ezer. Telebistarekin, etxean jende gehiago zegoela esaten zuen amak.
Nire ama gizonekin ibiltzen zen. Orduan ni ez nintzen jaio oraindik, gero jaioko nintzen. Amak nigatik ahalegin handiak egin zituen... Nirekin ezin zenean gelditu, Mariaren etxean gelditzen nintzen. Hark ez zuen seme-alabarik eta gizonak eta biek gustora hartzen ninduten, afari goxoa jarri, haiekin lo gelditzen nintzen.
Baina gero, nik zazpi urte nituela, eskola itxi batean sartu ninduten. Amak ezin zuela, esan zuten, nire ardura eduki. Hasieran ez zioten uzten ikustera ere joaten. Gero bai, eskolara joaten zen eta monja bat gure atzean zela ordubetez egoten ginen elkarrekin biak.
Opariak ekartzen zizkidan. Orduan nik uste nuen, berak hala esan zidan-eta, gauean gaixoak zaintzen aritzen zela bera. Pixka bat harritzen nintzen, nola etortzen zen jantzita baina. Behin gailetak ekarri zituen, eskolako denentzat. Gero neska batek esan zidan: «Zure ama zera da, zure ama puta da». Nik ez nekien zer zen hori ere...! Zer-edo-zer txarra, baina inbidiz esaten zuela seguru nengoen, inork ez baitzituen gure amak bezala gailetak denentzako eramaten.
Hamairu urte nituenean ikusi nuen kalean gizon batekin. Beti kalean, inoiz ez zuen gizon bat etxera ekarri. Nik egin nuen nobio bat, eta behin, berak ezer ez zekien eta galdetu zidan: «Zer egiten dute zure gurasoek?» Eta nik: «Amak gaixoak zaintzen ditu». Amak esan zidan behin: «Nahi baduzu, hil naizela esan». Behin esan nuen. Gero negar egin nuen. Ez nuen beste inoiz esan.
Etxe hura askoz handiagoa zen, bagenituen bi ohe eta sofakama bat. Hona etorri ginenean, biak ohe batean! Ohe zabala baina... Orain katuarekin egiten dut lo, gozo-gozo. Oraindik inoiz amets egiten dut, egun batean etxe handi bat izango dudala...
Eta ez nago gaizki hemen. Akostunbratu egin naiz, kamioien hotsarekin ere. Amak sufritzen zuena...! Nik ere beldurra izaten nuen hasieran, etxea bota egin behar zutela iruditzen zitzaidan.
...Nik ere baditut nire pentsamentuak. Batzutan bakarrik nago, ez dakit denbora nola pasa. Ez badut beste egitekorik harri horretan eseri, landareei begira egoten naiz: halako ostoak, eta halako loreak eta halako zuztarrak...
Gure amak ere oso maite zituen landareak. Hemen ikusten dituzun horiek, eta horiek, eta horiek berak aldatu zituen. Txuri haiek ez, haiek neuk jarri ditut.
Ama esaten zuen, udazkenean erortzen ziren arbolen ostoei begira zorabiatu egiten zela! Gauza batzuk esaten zituen... Esaten zuen gasolinaren usainak hil egiten zuela. Txuri-txuri jartzen zen. Irrati txikia hartu, patata-sorora joan, bertan hartzen zuen lasaia.
Ni ezkondu eta gero bizkarraren gainean handidura ikaragarri bat sortu zitzaion, eta haren erdian bazen zulo txiki bat. Hasieran esaten zidan: hustu, hustu! eta nik bi hatzekin presioa egiten nuen eta zulo hartatik likido xuri-gorri bat ateratzen zitzaion: esnea eta odola nahastuta bezala. Hezurra bere lekuz kanpo ateratzen ari zitzaiola esaten zuen. Inoiz ez zen medikuagana joan. Ez zituen maite medikuak.
Gero belarritik beste ixuri bat hasi zitzaion. Baina hura, belarrikoa, berde antzekoa zen, xuri-berdaxka bat hola. Ez ziola minik ematen eta uzteko pakean! Ura behar zuela, ura behar zuela! Edan eta edan! Horrek egiten ziola ondo. Behin esan zidan ez zitzaiola triparaino joaten ura, zuk uste duzu?, bihotzean gelditzen zitzaiola! Eta jan berriz, ezer gutxi jaten zuen. Berdura eta, sagarrak eta.
Baina nik banuen ordurako gizona. Lehengo nobio hura ez, hura ez. Hura gustatu egiten zitzaidan, baina ez zen niretzako hura. Uste dut pixka bat maite ninduela, lagunak ginen eta beti errespetoarekin ibiltzen ninduen eta harekin izan eta gero etxera kontentu! etortzen nintzen.
Neska zozo batek nik mutil hura ez nuela merezi esan zidan. Hori ez zitzaidan batere gustatu. Niri itsusia eta polita eta horiek beti igual izan zaizkit, baina orduan besteak baino itsusiagoa sentitu nintzen. Belarri zabalak nituela iruditzen zitzaidan! Orain ez dit batere ajola! Pixka bat orraztu eta benga! Badakit nolakoa naizen eta ispiluan begiratu ere ez naiz egiten! Orain gainera hemen sudurrean mantxa bat atera zait... Ez dut ukitzen, zera ematen dit. Hanketan ere baditut mantxa ttiki batzuk. Ubelak dira, zatarrak dira.
Gero gizona ezagutu nuen. Plazan ezagutu nuen, kamioiak deskargatzen ibiltzen zen hura. Zerbait esan zidan eta hara...! Azkar ibili ginen.
Enbaraza gelditu nintzen eta nik ez nuen ezkontzeko esan baina ezkondu egin ginen eta haren familiakoak dena tapatzera eta zer egin behar nuen esatera niri. Haiek herrian bizi ziren, Ixtilen. Nik hemen gelditu nahi nuen, baina gizonak esan zuen ezetz. Ama berton utzi eta hara joan ginen bizitzera biok. Ez genuen suerterik izan. Jaio orduko hilda zegoen haurra.
Ixtilen ni ez nintzen inoiz etxean bezala sentitu. Gizonari, lanaz aparte, tabernaz taberna ardoak hartzen ibiltzea gustatzen zitzaion, edozeinekin gelditzen zen hizketan. Niri ere gustatzen zitzaidan jendearekin egotea, baina han ez nuen inor ezagutzen, eta haren familiarekin ez nintzen ondo zeratu, eta zera, egun guztian etxean! Baina etxea niri, bah! ez naiz etxe-zuloa ni! eta aspertu egiten nintzen... Kanpoko martxa gehiago gustatzen niri.
Baina nik ez nekien ezezkorik esaten. Hau egintzazu, bestea egintzazu! esaten zidan gizonak, eta nik egin eta egin.
Niri gustatuko zitzaidan larunbatean-eta, baratzetako bidean elkarrekin paseo bat egitea, baina zera. Nirekin ateratzen zela ere, bera han zihoan, kilometro bat aurrean edo kilometro bat atzean. Nik esaten nion eskutik heltzeko, ez ibiltzeko hain aparte, baina alferrik.
Etxean ere ez zuen nirekin ezer ere nahi. Hasi-hasieran bai, goizean musu bat eta, baina gero ez zidan egunon ere esaten! Horrek min handia ematen zidan. Baina gero ohean zera egin nahi zidan, eta nik gogorik izan ala ez, egin egin behar, bestela haserretu egiten zen. Eta nik ez nekien ezezkorik esaten... Nik izango nituen nire gauzak, baina niri gizonak moztu egin zidan asko! Beti haren esanetara, inoiz ez zidan galdetzen hau nahi duzu edo bestea nahi duzu.
Gaueko hamabietan usain ikaragarriarekin eta zutik ezin zela egon etortzen zen eta ez baldin banuen sukaldea ondo txukundu, edo armario gainean hauts pixka bat atzematen bazuen, «pero bueno qué es ésto? esaten zidan, tú crees que la casa se puede tener así?», porque nire gizona castellanoa zen, hori nire amari ez zitzaion inoiz gustatu izan. Gu hemengoak gara-ta, nire amak gizona euskalduna nahi zuen!
Eta jo egiten zidan, eta ni beldurrez, eta ezin nintzen egon. Banekien ez ginela bata bestearentzako eginak. Orduan apartatu nintzen. Agur! esan nion, eta berriz ere hona, amagana etorri nintzen.
Gero gizonari nik uste damutu egin zitzaiola. Behin etorri zen hona, eta hitz egin genuen. Baina nik ez nuen ja harekin ezer ere nahi.
Kalean gelditu zenean oso gaizki pasatu zuen. Asko edaten zuen, ez zuen lanik bilatzen, paroa bukatu zitzaion eta beti horrela. Orduan etxea utzi egin behar izan zuen, eta hirira joan zen. Zerbeza fabrika zaharrean bizi zen, beste tipo batekin. Tonto bat, beti mukiz beteta egoten zen hura. Behin osabarekin han tokatu ginen. Gizona eltzean zopa preparatzen ari zen. «Ya sé yo lo que meto en esta sopa!», esan zigun harro. Lastozko sonbrero batekin ibiltzen zen, eta zauri bat egin zuen hemen, bi begien artean. Artean zerbait kobratzen ote zuen oraindik, baina badakizu, ardoa behar eta, zigarrilo-paketea behar eta...
Gero eske ibiltzen zen. Mozkortuta, beti. Behin lagun bati kozka egin zion besoan. Eta bere barru-barruan ez zen gaiztoa, baina kalte handia egiten zion edanak. Gero jakin genuen kalean jaso zutela, medikuek ez dakit zer aurkitu ziotela... Nik ez dut haren beste berririk izan.
Ez dakit, agian bizitzari gehiegi eskatu diot eta... hemen nago behintzat.
Bata zela bestea zela Ixtilen bost bat urte pasatu nituen. Eta itzuli nintzenean ja karretera egin zuten, eta gu ja hona etorri ginen.
Urteak pasatu ziren eta ama zahartu egin zen. Ez zuen inora joan nahi eta ni ibiltzen nintzen hara eta hona mandatuak egiten. Oso gauza gutxirekin bizi ginen. Eguerdian babarruna eta patata eta gauean ogi-zopak; eta hala ere!
Asistenteak esaten zidan: gizartean integratzeko hau eta hura egin beharra duzu... Ja-ta nazkatu nintzen! Behin jatekoa eskatu nion eta zera, ilar potea eta txorizo muturra eman zidaten! Eta amak poteko gauzak ezin zituen ikusi ere egin! Ez nintzen gehiago joan harengana! Eta ez zigutenean diru gehiago eman, mendiko belarrekin bizi!
Gero egun batean batek okinari komentatu zion, nola hemen ginen eta nola beharrean ginen eta okin hark, sinpatikoa hala ere, lana eman zidan, hilean hainbeste. Urtebete egin nuen harekin. Orduan hobetoxeago bizitu ginen. Superrean yogurrak eta naranjak erosi eta... Baina hura ere bukatu.
Osaba, gaixoak bere karritoarekin segitzen zuen... Amari ja bizkarra zeharo okertu zitzaion eta ez zen inora ere joaten. Hementxe patatak atera, belarrak bildu... Haizeak eta eguzkiak zimur-zimur utzi zuten. Garo idorra baino zimurrago! esaten zidan.
Eta gero belaunetan eta ukondoetan eta hatz-koskorretan ere grano berde, grano biguin batzuk atera zitzaizkion. Behin bat lehertu egin nion eta amak hatx! egin zuen, baina handik astebetera berriz ere hazita zeukan. Handiak ziren, zatarrak ziren, baina esaten zuen ez ziotela minik ematen.
Egun batean, badira... ez dakit zenbat urte! udaberria zen eta zera esan zidan: Muinora nihoa. Goizean goiz atera zen gora. Muinora joan eta urkiaren itzalean jarri zen. Hankak huts-hutsik lurrean ezarri eta ez zuen etxera gehiago etorri nahi izan. Bazkaltzeko zerbait eraman nion hara eta ez zuela behar! Biharamunean fijatu nintzen, behatzetako azkazaletatik sustrai ttiki bezalako batzuk atera zitzaizkiola eta lurrean sartu.
Eta han gelditu zen. Eguzkiarekin esnatu, iluntzean berriz ere lo. Hasieran gauean abrigatzeko zerbait eramaten nion, baina gero entenditu nuen ez zuela behar. Azala grixa, latx-latxa jarri zitzaion.
Eta gora eta behera txingurri ttiki-ttiki batzuk ibiltzen zitzaizkion, niri nazka pixka bat ematen zidaten, baina bera lasai asko zegoen!
Gero egun batean geldi-geldirik zegoela aurkitu nuen, begiak itxita. Ahoa zabalduta zeukan eta ezpainetatik gora abar txiki bat ateratzen zitzaion, hiru-lau ostotxo berderekin.