Motxene
Gu bizi ginen etxetik Motxenera hirurehun bat metroko aldea izango zen baina, guretzat beste mundu bat zen hura. Herritik bertan zegoen, baina baserria zen: kaletik gertueneko baserria.
Hango semea: Esteban, gurekin, auzoko beste mutilekin ibiltzen zen, eta gu ere, askotan, bere etxera joaten ginen: haren bila, hura lanean ari bazen eta norabait joan behar bagenuen, edo denborapasa besterik gabe, futbolean egiteko ere baserri atzeko zelaian baino hobeto inon ez ginen ibiliko-ta. Ni, alde xamarrean nola nintzen, oso maiz joaten nintzen hara.
Esteban eta bere aita, askotan gertatzen zena, belarretan ari baziren, lagundu ere egingo nien inoiz, sardea edo eskuarearekin. Segarekin ez, ez bainuen nik segan ikasi. Sega, gehienetan, aitak ibiliko zuen. Hark gogotik egiten zuen lan, amorruz ere esango nuke, semeak baino gehiago beti, edo uste harekin behintzat. Estebanek bere beso zuztarrekin, ri-ra! aitak bi ordutan ebakitako belarra, berak gurdira bost minutuan kargatuko zuen: sardekada bakoitzean, ikaragarrizko zamak...! Hura zen indarra hura! Ni haren ondoan egur-brintza baino makalagoa sentitzen nintzen. Txiki samarretan, zenbat ordu elkarrekin, auzoko plazako banku haietan, pipak jaten, neskei begira, plan txoroak eginez...! Eta gero, zenbat aldiz, eskopetak hartu eta, inguruko mendietara ehizera joan-da...!
Gogoratzen naiz egun batean, Esteban eta biok etxe pareko belarrak biltzen aritu ginela eta, berak traktorea zeramala etxera bueltan, ni oinez eta eskuarea eta sardea neramatzala nenbilen.
Eta, hala nenbilela, pikuaren azpian zegoen harrizko jarleku batean, bi neska: bat Irune, Estebanen arreba gazteena, eta bestea auzoko bere lagun bat, Iruneren lagun bat, biak zeuden han jarrita eta, beren aurrean pasatu nintzenean, barre egin zidaten. Bah! Ni baino bastante gazteagoak ziren eta, hobe izango nuen (orduan pentsatu nuena) kasurik ez egitea haiei; badakizu, nola izaten diren edadearen gorabeherak, gaztetxoen artean.
Beraien aurrean pasatu nintzenean barre egin zidaten. Bueno, nik pentsatu egin nuen, niri egiten zidatela barre; ez bainien, esaten dizut ba, begiratu ere egin. Eta seguraski (berehala konprenitu nuen) lanabesak eramateko moduagatik zen: esku batean sardea, bestean eskuarea, erdi parean helduta, bi maleta balira bezala neramatzan-da. Eta berehala, naturaltasun itxuraz, biak alde batera, eta sorbalda gainera jaso nituen beste batek, Estebanek edo, egingo zuen bezala. Eta besterik gabe, Estebanen atzean, ukuilura sartu nintzen ba.
Han gurdia belarrez arindu eta gero Esteban eta biok sukaldera sartu ginen: ni egarriak nengoen-da, baso bat sagardo emango zidan-da.
Eta sukaldean, bere beste arreba zegoen: Jone, artean hemezortzi bat urte izango zituena guk hogei-hogeitabat izango genituen.
Eta, han (sagardoari lagunduz, gazta puxka bat jateko) eseri nintzen tarte laburrean, gogoratzen naiz (ez dakit neuk galdetu nion edo bera hasi zen edo nola atera zen gaia) Jonek kontatu zidala, nola lehengo urtean ikasketak utzi zituelako damututa zegoen. Aurreko urtean esan omen zuen:
Bah, zertarako! ez baitzion ikasteari halako zentzurik ikusten eta, lanean hasi zen taberna batean.
Baina, orain uste zuen, ikasten segituz gero, errazago utziko zuela baserria, nahi izanez gero. Ez baitzuen bere burua betiko Motxenen ikusten.
Azkenean Batxilergoa bukatuko zuen, gero Magisteritza eskolan jardun, gaur egun maistra dago (Barakaldon, uste dut). Baina orduan, nik Estebanekin neukan harremanaren bidez, askotan ikusten ginen. Irekia zen, nirekiko konfiatua. Eta, nik ere esan egiten nizkion nire gauzak eta azkenean... pixka bat enamoratu egin nintzen harekin; gustatu, behintzat.
Irunek berriz, ari naizen hartan, hamasei-hamazazpi urte izango zituen. Neska azkarra zen, nahiz eta gorputzez Jone baino ttikixeagoa eta bettexeagoa zen. Uda aldean (gogorapen gehienak uda aldekoak ditut; izan ere orduan ikusten baikinen, ia egunero), aitak edo Estebanek gidatzen zuten traktoreko erremolketik, belarretara zihoala, seriedade erromantikoaz begiratzen zidan, zerbait sujerituz bezala (ez dakit zer: joko edo zera horietarako beti oso txarra izandu naiz-da). Baina, hain gaztetxoa zen...! Eta, zitezkeen mentura amorosoetatik aparte bizi zela zirudien. Ez zuela nornahi onartuko ondoan. Hori zen nire inpresioa behinik behin. Bere territorioa ondo definituta zeukala.
Gogoratzen naiz San Juan iluntze batean, lagun koadrila bat Motxenetik goraxeago, muino txiki batean zegoen bordan urtero egiten genuen sutara arrimatu ginela. Su hura geuk prestatu genuen, astean zehar nork bere etxetik, eta gertu zegoen zabortegitik ere mueble zaharrak eta hautsiak, egurrak, paperak eta beste edozein erregai eramanda.
Iluntze nabarra zen beraz eta, gogoratzen naiz lagun haietako batek (herriko musika-bandan jotzen zuena, bera) kontatu zigula:
Goizean goiz mendian bueltaska egin dut, eta pago baten ondoan egin dut pixa. Beti pago haren ondoan egiten dut pixa, erantsi zuen.
Eta, hura esaten ari zela ere, hasi egin zen pixa egiten, eta Esteban eta beste lagun bat ere, hasi ziren, hirurak elkarren ondoan, pixa egiten, jolasean, hesiaz bestaldetik heldu ziren eta mutilak zer ari ziren ikusi ez zuten Irune eta bere lagun bati galtzak pixka bat bustiaz.
Hasi ginen denok barrezka eta Irunek, benetan zegoena baino haserre-planta handiagoa eginez, laxto bat hartuta, azkar asko langa gainean salto egin eta Estebani lepotik behera sartzen ahalegindu zen Estebanek defenditu-itxura egin zuen, gero utzi egin zion Iruneri laxtoa bizkarrera sartzen.
Orduan baserriko ataritik aita hoska hasi zitzaigun: joateko laguntzera...! Noski, ez dakit ze obra egiten ari ziren eta, kamioi batetik zemento zakuak deskargatu behar ziren. Eta, hara joan zirenak Esteban eta Bedaio izan ziren Bedaio, mutil fuerte bat, horrelako lanak aise egiten zituena. Nik, ezin nintzela joan, esan nuen, eta Irunek:
Ah, zauriagatik, esan zuen (izan ere gau hartan, lepazuri batek hatz erakuslean kozka egin baitzidan).
Eta: Bai, esan nuen nik, eta baserrira zihoazenei begira gelditu ginen: Esteban zaldiz zihoan, eta korrika Bedaio.
Gero Jone eta bere lagunak etorri ziren, nonbait ganbaran atzeman zituzten arropa zaharrez betetako poltsa batzuk zekartzatela. Eta Jonek esan zuen: «Mozorro gaitezen!» eta arropak lurrean barreiatu eta honi zapata hau eta hari trapu hura ematen hasi zitzaigun.
Esan zuen moduagatik-edo (ez dakit ba, halako animoaz, baina halako begirunez ere) proposamenak arrakasta handia izan zuen. Gehienok jantzi genuen-da, barrezka, zerbait.
Gauez, belarretan, norbaitek eraman zuen zahatotik ardo zurrut batzuk edanez, arropak jantziz eta erantziz, erdi larrubixirik ibili ginen...
Nik txaketila estu-estu bat hartu nuen, eta lurrean eserita zegoen Joneri probarazi nion, bidenabar haren lepoa pixka bat irekiz, titi-haragia ikusiz... Eta Jonek:
Zer duzu hor? galdetu zidan, hatz erakusleko bendagatik.
Eta nik:
Bart lepazuriak egin zidan kozk.
Lepazuriak? harritu zen Jonek.
Eta nik neure besoaz lepoa inguratu nion, eta belarrian:
Lepazuria, esan nion, badakizu: oiloak lapurtzen dituena...
Oiloak? esan zidan Jonek, baju-baju berak ere, ez al zinen ba zerorri...?
Beste horrelako solas batzuk egin-da jaiki nintzenean, Joneren altzoan egin nuen igurtzizko ipurdi-mugimendua barregarri suertatu zen, ingurukoentzat. Aise ibili nuen gau hartan Jone, nahiz ipurdiko hura segidarik gabeko keinua izan zen (azken begirada baten faltan edo).
Hurrengo gauetan maiz etorri zitzaidan burura Jone. Bolada batez, maitasun erabatekoaz maite izandu nuen: nahi nuen harekin egon, nahi nuen harekin ume bat izan, betiko nahi nuen!
Baina Jonek bazuen bere martxa, bazituen bere lagunak, bazuen bere mutil-antxa ere garai hartarako. Apreziatzen zituen nire detaileak baina... ez ninduen neuk bera bezalaxe maite.
Maite ninduena, geroz eta gehiago (eta neu, artean konturatu gabe!) Irune zen. Harekin kamioan topo egin nuen batean konturatu nintzen.
Izan zen bazkalondo batean, ni Estebanekin gelditu nintzela-ta eskopeta hartuta oinez Motxenera nihoala. Eta, Irunek traktorearen erremolketik ikusi ninduenean, kasualidadea, gure etxe ondo-ondoko bi neskatilarekin, bi ahizpa bixkirekin nenbilen ni. Haiek izakeraz eta figuraz gu, ni neu baino kalekoagoak ziren, señoritagoak. Eta, hemen barrena, hemendik gora, bizikletaz ibiltzen ziren batzutan. Neskatila buru-arinak ziren: ibiltzen zituzten pinturetan, arropan, mutilei barre egiteko moduan nabari zitzaiena.
Egun hartan beraz, Motxenerantz, malda txikian gora nenbilela ni, bi ahizpa haiek ere, bizikletan eta, malda erdian igo ezinik geratu ziren, indarrik gabe, eta bizikletatik jaitsi eta nire atzean oinez ibiltzen hasi ziren. Ni jiratu egin nintzaien eta:
Argaldu egin beharko duzue ba; pisu gehiegi duzue.
Alde batera gustatu zitzaiena (beti eskertu egiten baita solasa, non ez den oso gaiztoa), eta beste alde batera batere ez: makila bezalakoxe neskatila finak ziren baina, gramoak nondik kenduko, ari ziren beti.
Orduan, behetik gora etxe aldera zetorren Motxeneko traktorea pasa zedin baztertu ginen, nik bolantean zen aitari kaixo esan nion eta pasa gintuztenean nire begiek atzeko erremolkean, belarraren gainean jarrita zegoen Irunerenekin egin zuten topo; eta une hartantxe jakin nuen, neska nire zain zegoela.
Malda gainera iritsita, bixkiek atzera pedalei eragin zieten, eta haiek aurrera zihoazela, ni Motxenen gelditu nintzen.
Etxeko eskaratzean ama ikusi nuen. Eta hari:
Esteban, hor al da? galdetu nion.
Esteban? harritu zen hura. Ez, dentistagana joan da!
Dentistagana? Esan zidan ba...
Igual zion. Bakarrik joango nintzen basora. Txori batzuk akabatzeko ez da lagun askoren beharrik ere.
Jone-ta atzean dituzu... esan zidan amak.
Ez nekien zer egin. Pixka bat kokildu egiten ninduen Estebanen amak. Mobida guztiekin konturatzen zen. Sukaldean haren aurrean disimulatu behar izaten nuen, Jone gustokoa neukala...
Emakume hura, jazkeraz, nik «baserritar-ijitoa» deitzen dudanaren prototipoa zen: buruan painueloa eta, soinekoan berriz, hainbat koloretako adabakiz apaindutako soineko luzea.
Jone eta Irune atzean zirela, esan zidan ba atzean, sala-komedorean esan nahi zuen. Irune ailegatu berria izango zen, orduantxe ikusi nuen-da traktorearen atzean. Amak konfirmatu zidan:
Sartu, sartu, oraintxe etorri dira-ta!
Dena dela, mendian txoriak akabatzen baino hobeto, akaso, egongo nintzen haiekin. Biekin batean, beldur pixka bat ematen bazidan ere. Behintzat kasu egin nion amari: eskopeta ate ondoan utziz salaraino sartu nintzen.
Han ziren Irune, sofakaman buruz behera etzanda, eta Jone, besaulki batean, ahizparen ondoan eserita.
Situazioa, nire Jonerekiko balizko harremana eta guzti, ez zen enbarazosoa izatera iritsi: Jonek, ni ikusitakoan, segituan egin baitzuen jaikitzekoa, Irunek protesta-keinu txiki bat egin zuen arren. Noski Jone ohartuta zegoen, bere ahizparen nahikariaz, eta: «Hor daukan, oso-osorik hiretzat», esan nahi zion.
Eta, nik ja irteten ari zen Joneri ezer esan ahal izan niezaion baino lehen, Irunek esan zidan:
Begira-idazu hemen...
Hurbildu egin nintzaion Iruneri ba eta, aurrena kamiseta zikina zuela ikusi nion. Jaso egin nion kamiseta eta, bizkar-hezurraren erdian, baina ipurdi alderaxe, zaindu gabeko grano batetik likido zornetsua ateratzen ari zitzaiola ikusi nuen. Sumendia ematen zuen, leherketa nuklearraren perretxiko formarekin.
Neska-neska: zer egin duzu hor? galdetu nion, ez nazka apurrik gabe, baina batez ere kezkatuta, oso zatarra zegoen-eta.
Ez dakit nola izan den... esan zuen Irunek.
Zaude, esan nion, garbitu egingo dizut.
Komunera joan nintzen (banekien etxeko berri) eta, gasak eta ur oxigenatua hartuta, salara bueltan, likido zabor gehiago ateratzen ari zitzaiola ikusi nuen. Gainera hazka egiten ari zen.
Ez ukitu, ba! esan nion nik, enerjiaz esku-xaflako bat joaz eta une batez ber-azaldu zen eta (esku-xaflakoagatik) erreprotxezko aurpegiaz begiratzen zidan Joneri azaltzeko beharrean sentitu nintzen:
Es-ke gainera, ukitu egiten du...!
Umorezkoa zitekeen etsipen-keinu bat egin zuen Jonek (ez dakit nik, ez dakit Irunek, edo biok, ez genuela erremediorik, adieraziz), eta alde egin zuen, bere atzean atea itxita.
Granoa garbitu niolarik, bere ondoan jarriarazi ninduen.
Emaidazu masaje bat... eskatu zidan, inozentki.
Ezer esan eta, beharbada, ezer pentsatu gabe jarri nituen haren bizkarrean esku biak, eta hasi nintzen haren muskulo gazteak masaiatzen bizkar aldean ere haragi flojo eta belaxkak zituen gehienbat Irunek.
Halako batean, zabalik zegoen leihotik baten bat begira genuela iruditu zitzaidan; eta, burua jiratzean, etxe atzeko murkoan, ezagutzen ez nuen emakume bat, urtebete inguruko haurtxo batekin zegoela ikusi nuen. Eta:
Zein dira horiek? galdetu nion Iruneri. Eta Irunek, itxi zituen begiak zabalduta, baina leiho aldera itzulita zegoenez jarrera aldatu gabe:
Gure izeba da, esan zidan, bere alabatxoarekin.
Emakumeak gure aldera seinalatzen zuen, haurrak ikusi gintzan, esanez bezala: «Ikusi lehengusina Irune, mutil batekin...»
Irunek, granoa zela-ta, galtzak pixka bat jaitsita zeuzkanez, niri ez zitzaidan situaziorik egokiena iruditzen... Baina, berak esan zidan:
Mmm. Hor, egizu fuertexeago hor.
Eta nik, esaten zuen tokian fuertexeago egin nion eta... Ondo zegoen, halaz ere, Irune! Ez zen Jone bezain polita izango baina... bazekien, tipo bat tratatzen eta... ondo zegoen, ba!
Handik beste pixka batera leihora begiratu nuen eta, murkoan segitzen zuten izeba-lehengusinez gain, han kanpoan hiru neska, Iruneren hiru lagun ikusi nituen. Haiek berriz, leihoaren ondo-ondoan ziren eta, xeharka eta disimulo gehixeagoz baldin bazen ere (pipak jaten, euren artean solas pixka bat eginez), izeba-ta bezala guri begira zeuden.
Eta horiek? esan nion Iruneri, asaldatuta.
Mm, esan zuen Irunek, etorri dira.
Orduan bai, jaiki egin zen eta leihoa ixtera joan zen (izeba-lehengusinek, murkotik, eta hiru neskek bertatik bertara bera saludatzeko aprobetxatu zuten momentua). Haize-kontrakoak baina, ezin-da, kristalak bakarrik itxi zituen. Beraz, isladagatik nekezago bazen ere, neskek oraindik ere (begiratzen zutelarik: lasai, insistentziarik gabe) ikusi egin gintzaketen (izeba-lehengusinak berriz, diskretuki, apartatu egin ziren).
Ez zirudien hala ere kanpoko joan-etorri haiek Irune batere aztoratu zutenik. Han kanpoan inor ez balego bezala, ohe gainean jarri zen, eta burua laztantzen hasi zitzaidan.
Zeren eta, bitartean ni (lotsatuxe, kikilduxe) bizkarra ohearen kontra nuela lurrean jarri bainintzen, behinik behin kanpotik oso-osorik ez nintzaten ikusi, nahiz-eta, burua ageri nuenez, Irunek egiten zizkidan laztan haiek kanpotik ikusi ahal izan.
Hala ere, Irune hain atseginez ari zen... Begiak itxi egin nituen, eta leiho aldean hots bat somaturik atzera ireki nituenean, eta burua jiratu, bertan lehengo hiru neskez gain, herriko bi haur atzeratu ere bazirela ikusi nuen. Haietako bat leiho-barrenean zutik jarri zen, zer ari ginen-edo hobeto ikusteko noski. Alabaina, ez Irune apuratzen zen, ez kanpoko haiek batere eskandalizatzen ziren Irunek eskua alkandora barrenera sartu zidanean.
Baina nik pentsatzen nuen, lojika halako bati segi-ta Iruneri handik pixka batera musu ematen banion (neska ezpainak pixka bat zabalduz eskatzen ari zitzaidana), eta gero (ohe atzean, ezkutu samarrean baldin bazen ere) zerbait gehiago egingo bagenuen, ba, jende gehiago bilduko zela kanpoan, guztiak (bi haur atzeratuak jadaneko zeuden bezalaxe) euren aurpegiak kristalaren kontra jarrita; eta beraz, nahiz bastante bero izan, eszena hori beste baterako utz genezakeela.
Nolanahi izan zela ere, asuntoa da, arratsalde hura eta gero, Irune nitaz zeharo maitemindu zela.
Ni berriz, ez nintzen maitemindu berataz. Egia da, egun hura eta gero, lehen baino maiteago izan nuela. Eta nik uste dut, poliki saiatu bagina, zerbaitetara helduko ginatekeela.
Baina Irune ero-eroa zen, ez zuen erdibiderik onartzen, ezkon gintezen nahi zuen, eta nahi zuen; eta nik arbuiatu egiten nuen, hasieran hitzez, gero basaki, baina hura hain arrabiatuta zegoen, ez baitzuen arrazoirik aditzen: maite egin behar nuela, eta maite egin behar nuela, esaten zuen (eta ezkondu, seguraski).
Baina, bion solasa sala-komedoreko arratsalde hartara itzultzen bazen, nik esaten nion: sofakama atze hartan, zenbait neska eta zenbait haur atzeraturen begi-bistan, juntatu baginen, berak nahi izan zuelako juntatu ginela, eta orduan eskatu ez zidana (eta nik eskaini ez niona): betiko maitasuna, edo horrelako zerbait, ezin zidala orain ere eskatu.
Eta bitartean herriko neska batzuk: arratsalde hartan leihoaren kontra bildu zirenak, eta Iruneren eskolako lagunak, eta beste batzuk, nitaz marmarka, nitaz gaizki esaten aritu ziren: berataz aprobetxatu eta gero, abandonatu egin nuela, esaten zuten (gezurra zena; alabaina, bertsio horrek bakarrik ematen zien Iruneren lagunei satisfazio pixka bat).
Eta beraz nik (aurkixe) utzi egin nion Motxenera joateari, eta Esteban eta biok (zeren, gure harremanetan kontu haiek inoiz ez zuten hartarainoko garrantzirik izan) ehizera joan behar bagenuen, lehenago bezala ni bere etxera joan gabe, basoko mugan geratzen ginen, Beloneko eta Atagako bideak juntatzen diren hartan.
Azkenean Irunek eraso egingo zidan, beldurra neukan. Neure etxean (pasatu zenaz ezer ez zekiten nire familiakoen harridurarako) parapetoak preparatzen hasi nintzen.
Eta ez zen gaiztoa, neska, eta momentu batean (Motxenera joateari utzi baino lehentxeago izan zen), beso artean nuelarik (noski aitak eta amak kasualidadez ikusi zuten momentu prezisoa; eta beren iritziak konfirmatu egin zituzten, eta zurrumurruak areagotzeko bidea eman zuen) ba, nahi gabean ere, Iruneri «esperantza» pixka bat eman nion beharbada, askoz okerragoa izan zitekeena ordea, nolabait lasaitu behar nuen!
Eta beste behin, Koxme gure lagunaren soltero-despedida eta gero, haren etxean ginela, jendearen artean Irune ikustea iruditu zitzaidan... Eta ja ez nuen bakerik izan, han ez zela konprobatu nuen arte. Bila eta bila ibili nintzen, eta gela batean, ohe batean mutil bat, eta armarioaren atzean beste mutil bat, eta beste nonbait beste neska bat, aurkitu nituen, baina inon ez Iruneren arrastorik. Eta alde batera lasaitu nintzen, eta beste batera ez. Nahi bainuen hari zer-edo-zer esan, edo besotik heldu, erokeriaren bat egin zezan baino lehenago (hainbesterekin, beldur nintzen, ni hiltzeko oso kapaza baitzen).
Gau hartan bestalde, Koxmeren etxean bertan, nire bizitza sentimentalarekin zer-ikusia zuten gauza birekin enteratu nintzen. Bat, Izaskun (nik, Irune utzi eta gero, nobiatzat hartzeko gogoa neukana) Orioko tipo batekin ezkondu zela. Eta bi, Irune berriz, lagun batek komentatu zidanez, «hobekixeago, hobekixeago, ja sendatuxe» zegoen. Eta azken horrek lasaitasun handia ekarri zidan.
Zorionez edo zoritxarrez, despedida-jai hura eta aste batzuk geroago, Esteban eta biok ehizera joan ginelarik, ustekabean inzidente triste batean inplikaturik ikusi ginen.
Gu normalean txoriak botatzera joaten ginen (orain ez da moda, orduan moda zen). Aise bota ere! Gero guk geuk edo (gehienetan) Estebanen amak lumatu, frijitu egiten zituen eta erreta jaten genituen, eguneko ogiaz eta Errioxako ardoaz lagunduta ba. Goxo-goxoak izaten ziren.
Basoan, norbere eskopetarekin ibiltzen ginen. Ni neure eskopetarekin, eta Esteban aitaren eskopetarekin, eta iluntze batean...
Estebanek nonbait, basoan aski barrena genbiltzala, oiloak lapurtzen zituen lepazuria ikusi zuen, eta tiroa jo zion, eta hil.
Bidenabar esango dut, oiloak lapurtzeaz aparte, niri behin, susto ederra eman zidala lepazuri hark (edo haren antz handia zuen beste batek). Lehen aipatu dut: belazean deskantsatzen ari nintzela, lepazuria etorri, eta hatzean egin zidan kozka; ez zidan oso fuerte heldu, problema zen: nola askatu hatza? Jo-ta beste eskuarekin lepotik heldu, dezisioz hartu eta sasitara bota nuen animalia...
Guztiarekin, lepazuriekiko gure harremanak konfliktiboak izaten baziren ere, animalitxo haiek (guk ederki genekienez) legez babestuta zeuden.
Eta orduan, lepazuria hil genuen berria, edo haren hotsa, nik ez dakit nola, basoko zaindariari heldu zitzaion, eta basoko zaindariak Jose Manuel zinegotziari partea eman zion, eta Jose Manuelen aginduz (agi denez) ikerketak egin zituzten, eta guk zenbait aztarna utzi bide-genuenez: kartutxoak hemen, oin-arrastoak han, eta abar, ba erraza izan omen zen guregana heltzea. Beraz Jose Manuel bere mutilekin bazkalondo batean, Motxenera joan zen.
Eta justu egun hartan, aspaldiko partez, ni Motxenen izan! Denbora pasa zela-ta, Irune lasaiago-ta, behintzat bera: Irune, Esteban eta hirurok sala-komedorean kartetan ari ginen...
Hirurak aldean ailegatu ziren Jose Manuel eta bere mutilak. Bospasei gizon paisanozko ziren. Sukaldean, amarekin ari zirela, nik, entzumena zorroztuz, hitz batzuk aditu nituen; eta berehala, Estebani esan: ez omen zen zigorrik izango, baina prozesua ezin ebitatuko zen.
Gizon haiek joanda, hirurak pasilora irten ginen. Han ziren ama eta Jone, kezkati. Amak Estebani:
Egun hartan, inor ez al zen, hirekin?
Bai ni nintzen, esan nuen nik.
Orduan amak gorrotoz begiratu zidan.
Esan, ba, esan, lekuko baten bila zebiltzan.
Hobe zela ez esatea, konpreniarazi nahi izan nion: nik, Esteban lepazuriari eskopetaz apuntatzen ari zitzaiola ikusirik, ez banion ezer esan hala ere, biok prozesatzea, besterik ez bainuen lortuko. Eta, zerbait esan arren, Estebanek ez bazidan kasu egin, bere, Estebanen kausa okertu egingo zen.
Nahiz Jone (oso klarki) eta Irune (bazterka) nire alde mintzatu, nire beraien amarekiko harremanak handik aurrera zeharo makurtu ziren, halako punturaino non, handik denbora gutxira harako bisitak erabat bertan behera utzi behar izandu nituen.