Itzalaren ertzean
Itzalaren ertzean
1996, ipuinak
168 orrialde
84-86766-69-9
azala: Modigliani
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
 

 

Igel-hankak

 

Lo al hago, Petra? Bukatu al ditun hire otoitzak? Egintzan Petra, egintzan lo-kuluxka bat orain. Gaua esnai pasa dun eta, egintzan lo-kuluxka bat orain. Begilune hago Petra, aurpegi zuri-zuria dun, oso gose izanen haiz. Berehalaxe ekarriko dinet salda, tupinen bor-bor hasi dun, salda gozo-gozoa paratu dinet. Hago lasai Petra, euria ari din eta ez dun inor heldu. Buila horiek? Etxarriko haurrak izanen ditun, Andresito-ta, kitoen haurrak izanen ditun, putzuan jolasean ariko ditun. Lehentxo Koskeneko artapatxue ikusi dinet, bidean goiti heldu zunan, pasa egin dun bai, xor-xor pasa dun, ez din hona begiratu, ez din deus ikusi. Ai ze zorte gaixtoa gurea, ze eginen dugu Petra, etzakinat ze eginen dugun. Ah hi zutik bahintz, erranen hioan duda gabe zerbait. Hi ona baihaiz jendeari solas emateko. «Egunon Bixente! Hezurrak eguzkitan goxatzera aterie!» Hik bai, erranen hioan! Hi, balientea baihaiz! Suspetxik ez egiteko erranen hioan zerbait ere hik! Baina ka! Hobe dinegu ixilik! Ixil-ixilik! Ezin dinegu arrixkatu... Aida-aida! Zer eginen dugu, dios! Ederra egin dinet, ederra! Ama hemen balitz beñpein! Hark lagunduko liguken bai! Hark emanen linake belarren bat hiri. Hark paratuko linake bazkari goxo-goxo bat. Goxo-goxoa, Petra. Baina hura ez dun etorriko. Zera etorriko da! Ez dun etorriko, ez. Gaxoa hura ere, burua non daukan etzakin-eta, herrian makuluarekin tirri-tarra xinple-xinple zabilen. «Luisito, ongi izanen duk?» galdetu zidanan, laño-laño, sukaldearen erdian zegoela galdetu zidanan. «Ongi izanen duk, Luisito?» «Bai ama», kontestu nionan, eta begiak apartatu nitinan, etorri zitzaidan malkoa etzezan ikusi. Malkoa Petra, malkoa etorri zitzaidanan, malkoa franko egin dinet nik ere. Hik sufritu dun gaxoa! Orain ez hadi preokupetu, orain egintzan goxo-goxo lo. Probestu zan, probestu zan hik etorri behar dutenak etorri baino lehen. Etorri eginen baitira, hori seguru dun, etorri gabe ez ditun egonen. Etorri eginen ditun eta aparte eramanen naine. Ez dun jende onik etorriko, ez. Ah jendeak balaki! Ah herrian gure alde eginen lukeen lagun bat, lagun bat bakarra bagenu! Lehengo lagunik ez dinet-eta. Lehengo lagunek hilik uste naine, seguraski. Ikaratu eginen hituzken nik uste, aparezido bat naizela pentsatuko likene, naizen-naizenean ikusiz gero: arropa fardail, bizar luze, esku gorriokin. Aida, aida! Igelen odola dun Petra, ez ikara, ez bertzerik pentsa, igelena baita. Hi ere ikaratuko haiz! Kriminela naizela pentsatuko dun! Normala dun bai, hagitz normala dun, gaixtakeri haundiak egin ditinet hiri ere. Barkatuko didan Petra! Barkaidan, erranen dinet. Barkaidan, barkaidan, erranen dinet. Baina etzakinat erraten. Etzakinat deus erraten, sasikoa naun, inutila, solas ergelak erraten ditinet. Mintzatu nahi dudalarik marmar egiten dinet. Marmar Petra! Ikaratuta nion. Barkaidan, barkaidan, belarrian erranen dinet. Burua ferekatuko dinet, burua Petra... fereka! Apartatu eginen huke burua! Ikara didan bai. Ikarago, gaurgoiti. Zer egin dinet, alajainkia, zer egin dinet. Nik ez ninan nahi, ni igelak atrapatzera joan naun, Etxarriko putzura joan naun, Jainkoak bazakin ongi! Hi lo hintzen eta Etxarriko putzura joan naun. Ez ninan intentziorik Petra, ez ninan batere pentsatzen. Zertara etorri dun, zer erran din Petra, zer kalumnia erran din gaur Antonio Zeliguetak? Ni Etxarriko putzuan, igelak atrapatzen ari-ta (hiretzat Petra, hiretzat igelak atrapatzen ari nindunan), biligarroa hegaldatu dun eta bidean haren pauso-hotsak somatu ditinet. Hi lo hengoen, lo-lo, gau osoa esnai pasa-ta lokartu baihaiz. Lo ziaudenan kitoak ere beren karromato kaskarrean. Kri-kra, haren botak ezagutu ditinet. Bidea bustitzen delarik, Antonio Zeliguetaren botek kri-kra egiten zitenan. Heldu zunan hona! Zertara heldu dun? Zertarako gure usman segitu behar zuen? Petra, Petrika, hik sinistu behar didan, hik sinisten ez badidan nork sinistuko dit. Hik erran behar dun, tribunalaren aitzinean gauzak diren bezala erran behar ditun. Nik ez baitakit erraten. Niri etzidaten sinistuko Petra, ni bainaiz kulpaduna, nik hil baitut, nik hil dinet, esku-zar hauekin hil dinet Antonio Zeligueta. Lehengo kontuak ere bai Petra, den-denak erran behar ditun. Nola eraso egiten zigun: ez bagenuen pagatu behar, aldegiteko hemendik! Etxerik gabe, gu! Zakurra zela, hori erran behar dun. Bazakinan ongi ez genuela deus, bazakinan lanik gabe ginela eta jateko doi-doia... Eta hala ere herrira eraman zinan bere protesta, han saiatu zunan. Dirua pur-pur izan eta guri horrela eraso! Guri, umiloi! Guri, erremexoi! Gizon anbizios eta malina! Beharrik herria gure alde atera zen, beharrik lege bat bazen gure alde eskribaturik herrian. Eta gero, hemen barna pasatu-bakotxean (bere goiko lurrak, bere propiedadeak ikustera zihoala), hiri bidetik, espantu haundiak eginez: «Ez egin patata! Soro horiek nireak dira! Alfer-alferrik ari zara hor!» Agoaundie! Errekontru bakotxean egiten zinan afrontu bat hiri. Eta gero-eta gero: «Arloteak! Tiroka aterako zaiztet!» Hori-hori-hori erran behar dun, Petra! Eskupetarekin beti. Gaur ere bazekarrenan, hik ikusi dun. Eskupetarekin egin zidan amenazo. Amenazo egin zidan, Petra! Guri zernahi egiteko prest zagonan Antonio Zeligueta, gu hemendik atera, lur-sail hauek salduko bazituen. Nork erran zinan etxeari su emanen ziola? Berak erran zinan, hiri! Niri etzidanan holakorik erranen. Niri beldurra zidanan, lazki beldurra zidanan niri. Hiri erraten zinan, hiri bakarrik. Eta eman eginen zionan, etxeari su, behin eta mila aldiz emanen zionan, emanen zionez, Antonio Zeliguetak. Kanpoko fina, gizon maltzur bihotz infamekoa! Barnean kixkali-kiretsa zinan! Nork abarriketu zigun etxe gibeleko iturria! Berak! Bazakinagu hori! Eta nik-eta nik (Etxarriko putzuan, igelak atrapatzen ari-ta): «Zakur hori berriz ere baziak gurera!» pentsatu dinet. Ni, putzuan, eta hi, ohean, ezin zutik egon, hiru egunean deus jan gabe-ta, zakurra heldu zunan behin-berriro ere! Estrakan goiti xauli-xauli etorri naun, arribatu naizelarik hona, atea zabal-zabalik eta, bera atera dun. Bekoz-beko, ikusi nauelarik, azala mudatu zaion! Orduan ikaratu dun! Gibelka egin din, eskupeta altxatzeko imintzioa egin din eta, nik salto batean, kendu egin zionat eta danka! buruan jo zionat. Holaxe izan dun, hik entzun dun, hik ikusi dun. Kolpe bakarra jo zionat, kolpe bat-bakarra Petra. Lurrera erori dun, burua odoletan zuela erori dun eta daldar pitte bat egin din, gero tieso-tieso gelditu dun... Akaballa gaxtoa! Bere eskupetarekin Petra, bere eskupetarekin akabatu dinet. Etzakinat zer egin dudan gero. Estu-estu hona sartu eta hik, sukarretan: «Zer egin duk?» galdetu didan. «Hor gelditu dun», erran dinet nik. «Ez huen ba hilko...» Hire begiek dizdiz egin dine. Nire eskuei begiratu zienat... Aida, aida! Ez ninan hil nahi Petra, gizon gaixtoa zunan baina ez ninan hil nahi. Hire begiek ikaratu naine... Deus erran gabe atera eta jakatik tireka arrastaka eraman dinet oilatokira Antonio Zeliguetaren gorpua, bidetik etzezaten ikusi, eskupeta apartatu dinet. Ez dinet larrasketara bota. Pentsatu dinet: larraska-zuloan arratoiek janen die, han ez dik errestorik utziko. Gero pentsatu dinet: metan izkutatuko diat. Baina alferrik dun. Hori pentsatu dinet. Alferrik dun Petra. Hil egin dinet, eta bazkaltzekoan haren amak erranen din: «Non dugu Antonio?» eta arratsean ez bada bihar goizean goiz hemen ditinegu. Atxeman eginen dine Petra, atxeman, atxeman eginen dine. Eta ni eraman eginen naine... Otsoa kaiolan sartuko dine... Gogoratzen, Petra? «Ootso borda zatarraa», erran hidanan, hona etorri hintzelarik erran hidanan. Otsoa kaiolan! Eta nori inporta behar zaio...! Bisita eginen didan Petra? Bisita beñpein? Amak ezinen din, ama zaharra dun, amak etzakin, burua erdi-galduta zagon. Arreba ere ez dinet uste etorriko denik, dagoenarekin eta dagoen tokitik ez dun etorriko hura... Hi, etorriko al haiz? Hi, beñpein? Hi ikusten ez bahaut, penaz hilko naun Petra. Ja nire burua ziega batean ikusten ari naun. Ja plazan, herritarren burlak aditzen ari naun. Hi bakarrik haut. Hire begiek bakarrik ematen zidaten esperantza poxi bat. Petra, lehengo begirada horretan... bazunan ikara baina... bazunan mina ere... bazunan maitasuna, Petra! Petra, nik ere... Nik ere bai, Petra. Lehenago etzakinet, lehenago izorra egiteko baizik ez zunan izaten. «Kalekoa duk hori», erran zidanan amak. Ez ninan erran? Hire arribantxan, hemen hintzela erran niolarik: «Kalekoa duk hori», erran zidanan. Banakinan bai nik, Irunen, eta zertan ibili hintzen. Banekinan ongi aski. Hona berriz, mantxo-mantxo etorri baihintzen. Horrek galdu hau. Gauzak ziren bezala ikusi bahitu, ez hintzen hona etorriko nik uste: naizen ero honekin, borda zatar honetara. Nork erran behar zuen...! Arront sorprenitu nindunan, errekan izan ginen eta handik denbora batera, hona azaldu baihintzen. «Tipo batek akatu nahi naik», erran hidanan: Donostiako bat. Hire kausagatik kartzelan hiru urte egin zuelakoz hire bila zebilena. Puxka bateko etorri hintzen. Loka samarra hintzela, bai... Hemendik herrira xori-xori-ta, nik erraten ninan: egoteko hemen. Hemen bizi nahi bahuen, egiteko nirekin, ez egiteko bertze inorekin, erraten ninan. Gona motx haiekin, gerria amarra-amarra eginda, gorrituta ezpainak, ea ferian saltzekoa ote hintzen! erraten ninan. Eta gero, sorpresa hura, nirekin gelditu hintzelakoz. Zer ikusi huen? Etzakinat, zer ikusi huen: iñorant hau, sudur txapal honekin, buruan ilerik ez aspaldi. Eta nire izateko manera... Abisatu ninan! Etorri hintzelarik, abisatu ninan. «Egintzan kasu, erran ninan, egintzan kasu nirekin, eroa naun ni». «Zulo batera heldu haiz», erran ninan ba. Baina hik irritan hartu huen. «Zoko-zokoan, bi-bik, enbor boteak bezalaxe ustelduko gaituk». Irritan hartu huen, alajainkia, irritan hartu huen... Ez hintzen ohartu, Petra? Ez hintzen ohartu, zertarako kapaza naizen? Gizon bat hiltzeko kapaza, Petra. Dios, dios, zer eginen dugu! Antonio Zeligueta aizkorarekin puxka-puxka egin eta zaku batean mendira eraman! Hori ere pentsatu dinet, Petra! Hori ere pentsatu dinet... Ez al huen ikusi? Ez, ez baihuen ikusi nahi izan. Hik kanpoan pasatzen huen eguna, Yarzaren etxean eguna pasa-ta ilunkeran etortzen hintzen hona. Afaltzeko zerbait ekartzen huen beti, delantal ñabarra jantzirik hik preparatzen huen dena. Anitz zor dinet. Inoiz ez dinet erran, baina anitz zor dinet. Inoiz ez ninan erraten, ez ninan inkik ere erraten! Nik aldian ez bainuen senti emakume baten beharrikan hemen! Horregatik sapoztu egiten ninan, horregatik ekarri ninan Rosa Figueira gau hartan! Baina hik ez huen aldegin... Poliki-poliki hire tokia egin huen hemen... Eta gauzak nola eta nola egin behar nituen, erraten hidanan. Eta ni baratzan izkutatzen nindunan. Hura zunan nire mundua, Petra! «Hona ez etorri, erraten ninan: etxean egon, ez etorri hona!» Eta hala ere hik, lili koloretakoak paratu hituen, baratza bazterrean. Estimetzen dinet, Petra, inoiz ez dinet erran, aunitz estimetzen dinet. Baina nik barnean deabrua izan! Nik barnean beldurra izan, etzakinat zerena. Hi txol nirekin hengoen, eta nik pago-gisa, jo egiten ninan. Ardo txarrarekin arront mozkortu eta, makilarekin, paretaren kontra jotzen ninan, eta hik, negarretan: «Zergatik, erraten hidanan, zergatik...?» Eta nik: «Etzakinat... Etzakinat...» Eta hik: benga; eta lan bat bilatu behar nuela. Eta nik erraten ninan: nik ez nuela behar! Eta periodikua ekartzen hidanan, eta bilatzeko, erraten hidanan. Nik periodikua gain-gainetik ikusten ninan. Ez ditinet maite paper haundi horiek! Primera-página-ta, «asciende el paro». «Ikusten ahal dun! erraten ninan, Florenciorenetik ere bidali ditine bakarren batzuk!» Artean paroa kobratzen ari-ta, hire xoxekin, bageninan askia! Bageninan errenta pagatzeko, eta jateko ere askia! Ez ninan anuntziorik ikusten! Sucesos ikusten nitinan: «Descuartiza a su mujer». Deporte pixko bat ere. Ez bainuen uste gauzak okertuko zirenik! Ez ninan batere pentsatzen... Baina hik, hire gauzak hartzen hituen baina, ez beti-beti-ta, hiru egunean utzi-ta, beñpein halako batean zorroa hanpaturik ikusi-ta, enbraza hintzela, erran hidanan. «Norena dun?» erran ninan nik. «Hirea», erran hidanan. Ah ze konten, ah ze airos ibili hintzen aldi batez, herrian hire lanak egin eta hona etorri eta mendian hire kasa, inoren beharrik gabe, animalixka bat bezala, belarrez belar. Ah ze harrotasuna! Ah ze hilabete gozoak...! Baina Luisito ez huen toki ederrera etorri. «Borda zahar horretan, apenas dago kondiziorik», erran zigunan herriko neskak. Zeren ez dagoen komunik, zeren ez dagoen argirik. Eta nola hazi ziren, gure lehengo zaharrak! Aunke orduan, etzakinat izanen zen hainbertze arratoirik. Luisitok hamabortz egun, deskuidatuta bordan bakarrik utzi-ta, xextoan arratoi gris bat sartu zitzaionan! Aaah! Udaletxean erran bagenu, kendu eginen zigutenan! Kendu, alajainkia! Baina gu: pobreak ginela, baina aterako ginela! Hola pentsatzera heldu nindunan ni neroni ere! Baina hik egun batetik bertzera lana galdu, eta xalo-xalo erran hidanalarik: «Ez hadi preokupetu, ez dugu deusen eskasik izanen», orduan nik beldurra hartu ninan. Haurrarekin belaian ireulka-ta jostatzen ari-ta: Negua pasatzeko, aski patata eta banabarrik izanen ote genuen? Aski oilorik, salda egiteko, haurrarendako ere? Ni kezkatuta baina, ez ninan hiri deus erran. Utzi ninan, joan hendin kitoen kotxezitoarekin herrira, etzakinat nondik atera hituen gona luze, pitxi bakan haiekin. Baina nik banekinan, eskas ibiliko ginela. Ez bainuen ja parotik kobratzen. Aldi batez herriak laguntza poxi bat eman zigunan. Gero hura ere kendu. Orduan sartu zunan desgrazia etxe honetara. Luisito eztulka hasi zelarik, zorigaiztoko gau hartan! Bost hilabete arras bete gabe, gaixoak! Alferrik izan zitunan hire berbenak, alferrik herrian eman zizkinen erremedioak ere. Oker eta okerrago, deus jaten etzuela, egun haietako amorrua...! Hi orduan hasi hintzen otoitzak erraten. Eta nik, sukar gaiztoak harturik, hiri ez aditzeagatik, kanpoan maldizioka, egurra txikitzen aritzen nindunan... Jainkoari galdegin hioan? Eta zer erran zinan? Non zen? Zertako ez zionan Luisitori eskua luzatu...? Barka, barkaidan Petra, etzakinat zer erraten dudan, Jaunak agian zeruan plazatuko din. Ingresatu zutelarik ja ez zinan negarrik egiten. «Negar egin zazu pottoko, erraten nionan, egizu negar...» Arratsaldean: «Lo siento», erran zigunan mediku zirinak. Biharamunean, lur-palakada batzurekin estali geninan... Borda gibelean haren arropatxoak erre eta gero mozkortu gintunan. Gau hartan hasi hintzen edaten hi ere. Gona luzeekin, herrira hihoala itzal triste bat hintzen: begiak negarrez hanturik, handik ogi bat eta ardo-kartoi batzuk ekartzen hituen... Bukatu zitunan patatak, bukatu oiloak, sosak ere akituek... Hiru egun zaramakinagu, hiru egun! deus jan gabe Petra, urrupa ederrak eginez, hola Petra, etzunan harritzekoa gaixotzea, etzunan harritzekoa, Petra.

        ...Hara, salda prest zagon. Esna hadi Petra, esna hadi, salda paratu dinet. Aida, aida! Euli zikinak! Aida hemendik! Esna hadi Petra, esna hadi poliki-poliki. Paratu almohada gibelean, hola, eroso jarri. Katilu batean paratu dinet. Hartzan ba, goxoa baita. Zer dun? Zergatik begiratzen didan hola? Hara, salda gorria baita! Gorria zagon bai! Ardo xorta bota dinet, hiri gustatzen zain ba. Goxo-goxo zagon, honek indartuko hau. Berdura osto batzuk eta igel-hankekin paratu dinet. Baratxuri ale bat, badin gatz pitika bat ere. Zer uste huen ba? Hara-hara, ez huen ba pentsatuko... Antonio Zeliguetaren puxkak sartu nituela? Petra, Petra... hori pentsatu dun? Bueno-bueno, egin zitekeena dun! Jan egin genezaken, bai! Hartara etzunan haren arrastorik izanen. Tripa-besta haundia egin genezaken! Eroa naun, ba. Badakin baietz. Abisatu ninan. Erran ninan, ba. Hartzan ba, hartzan salda pitte bat. Bero-bero zagon, egintzan ufa-ufa. Hola, hola. Jan egin behar dun Petra, bizi behar dinagu. Honekin bizkortuko haiz. On eginen din. Ahula baihago. Kulinka baihago. Orain planta hobea dun. Loak ongi egin din. Goizean ikara eman didan emakumea. Ikara! Horregatik joan naiz Etxarriko putzura, igel batzuk atrapatu eta berdura batzuk bildu ditinet. Den-dena jantzan. Indartu behar dun, arratsalderako. Osatuko haiz ba. Gaztea baihaiz. «Hiretzat gazteegia», erran zidanan amak, gogoratzen al haiz? Hi ezagutu eta gero: «Hiretzat gazteegia», erran zidanan. Irri-murritza egin nionan. «Ni ere gaztea naiz ama». Hori erran nionan! Gaztea, hi, polita, hi. Jantzan jan, igela. Hartzan indar pitte bat, geroko. Arratsaldean ihes eginen dinagu. Ihes egin behar dinagu Petra, ihes egin behar dinagu. Bertzenaz, ni eraman eginen naine, hori nahi al dun? Ihes eginen dinagu, Petra, mugaz bertzaldera joanen gaitun biok. Indarra behar dun ibiltzeko, Petra. Ni ez bainaiz bakarrik joanen Petra, alferrik dun, ez naun hi gabe inora ere joanen. Orain arratsaldean, indarrean baldin bahago, aldeginen dinagu. Gero ikusiko dinagu... Eh! Nik ere aditu dinet, bai. Zer izan dun hori? Baten bat... Akabo gaitun! Nor ari da hor? Hago, hago hi... Hara, bera baita! Zeligueta dun, Petra! Xauri, xauri agudo leihora! Etzagonan hilik! Altxa egin dun, bidera zian! Eskuak buruan dituela, eskupeta utzita bidera zian! Ez dun hil, Petra, salbo gaitun! Ikusi, ikusi nola korri egiten duen! Emaidan Petra, emaidan besarkada bat!