Kaxparren anaia
Hamaika aldiz esan arren arboletik jaisteko, Samuelek ez zuen jaramonik egin. Txano moduko bat fabrikatzen aritu zen, azkeneko minutuetan, gaztainaren ostoez. Gero berriz, ostoen artetik, leihoaz barrura begiratu eta Kaxparrek, mehatxatu bezala, telefonoa hartu zuela ikusi zuenean, hotzikara bat somatu zuen. Ez zuen uste anaia benetan ari zenik. Areago, egunean zehar harekin lortu zuen intimidadea eta gero.
Goizean, jaiki eta, aldo-maldoka, koadrupedo bat gisa sartu zen anaiaren gelara. Lurrean, kojinen artean nolabait akomodatuz, zapatila bat airera bota zuen, hortzekin behatz potoloa marraskatzen aritu zen.
Sortu zuen zarrapastak erdi-esnatu zuen Kaxpar.
Zer ordu da? galdetu zion, ohetik, begiak itxita.
Kanpoan argi zegoen, baina ez zekien, Samuelek, inoiz ez zuen ordurik jakiten, orduan Kaxparrek, haserre:
Ze ari haiz ba!
Ez zuen ulertzen, Samuel ordua jakin gabe nola jaiki, nola bere gelan sartu, nola kojinen artean erdi-larrutsik behatzak marraskatzen ari zitekeen.
Eta bazuen, Kaxparrek, eskuturrean errelojua, hala ere begiak itxita zeuzkanez:
Esaidak ba ordua! bazen-eta, mesanotxean, despertadore bat, liburu batek erdi-tapatuta.
Hamaikak, esan zuen Samuelek eta liburua hartu, eta urdurixko, errelojuaren ondoan zutik paratzen ahalegindu zen.
Bale, bale, esan zuen Kaxparrek.
Begiak ireki zituen, maitasunez begiratu, maitasunez mintzatu zitzaion:
Batzutan zakarra nauk ezta?
Batez ere, esnatu berritan, lagundu zion Samuelek; eta une hartan anaia hain beragandik hurbil, hain kariñoz beterik ikusi zuen, beragana hurbildu, besarkatu egin baitzuen. Instant bat geroxeago anaiaren belarritakoarekin jolasean ari zen. Kaxparrek irribarre egin zuen.
Luziri ez esan, esan zuen.
Zer ba? galdetu zuen Samuelek.
Anitak eman zidaan.
Anitak? esan zuen Samuelek.
Bai, esan zuen Kaxparrek. Luziri Parisen erosi nuela esan nioan-eta.
Beraz Anita gustatu egin zitzaion anaiari oraindik. Ez, pentsatu zuen, berak ez zion deus esango Luziri.
Jaiki eta gero biak pixka batean zutik, ispiluaren aurrean egondu ziren.
Aber, esan zuen Samuelek, aber oraindik ni baino altuagoa haizen.
Aurrena Kaxparrek ez zuen nahi, gero hanka-puntetan jarri zen, eta Samuelek ere bai, gero biek orpoak lurrean ipini zituzten, eta bai, konprobatu zuen Samuelek, bazeramakion Kaxparrek alde pixka bat oraindik. Samuel aski meharra zegoen. Kaxpar berriz, zeinen estua zen, petxuz...! Noski erretzeak birikak koxkortu egin zizkion.
Kaxpar dutxatzen ari zelarik, Samuel haren gelan, ispiluaren aurrean, lurrean jarrita segitu zuen. Lepoa luzatuz, keinu eta imintzio batzuk egin zituen. Zenbait puzker bota zituen, tarte labur erregularrez.
Bere filosofiaren kontra bazihoan ere («zertarako dutxatu orain, gero jardinean atzera zikinduko bainaiz?»), Kaxpar dutxan sartu zelako sartu zen ondotik bera ere.
Komunetik irten zenerako, Kaxpar ja irten egin zen. Eguerdiro joaten zen tabernara lagunekin, Parisetik heldu zenetik.
Bera, zanahoria bat, baso bat esne eta gaileta batzurekin gosaldu eta gero, salan, leihoaren ondoan jarrita, bezperan urratu zuen paper-oihala zinta-kolarekin konpontzen ahalegindu zen.
Errixta egin baitzioten gurasoek, gauean, hura zela-ta.
Falta, zer falta den, ez naiz oraintxe konturatzen, esan zion amak (hartara, zerbait falta zela behintzat, adieraziz), baina pintura hori urraturik, hori-hori... nola gogoratu zaizu!
Egin zuen-eta, Samuelek bere gelan, jardinetik ekarri zituen zenbait egur luze iltzez josita, alkandorak-eta zintzilikatzeko egitura bat oso bitxia, injeniosoa bezain erorkorra, eta huraxe estaltzeko erabili zuen oihala, zeukan balioa imajinatu gabe.
Gaizki egina, badakit, esan zien gurasoei, baina gaztea naiz eta, ezin al liteke barkatu?
Ez zen baina, hori dena izan.
Hor portzelanazko maskara hori, esan zion amak, nork ekarri du? bera (ama; baina aita, bertan zena, ere) ez zela gogoratzen. Norbaitek ekarri eta ipini zuela han, sujeritzen ari zen.
Igual lapur bat sartuko zen, esan zuen Samuelek, bera ipintzera.
Amak ez zuen broma ulertu, haserre-antzean alde egin zuen goreneko pisurantz. Aitak, zer esan ez zekiela, mukizapia erabili zuen, gero, baratx-baratx, amari jarraitu zion.
Goizean beraz, urratu zuen balio handiko oihal hura kontuz-kontuz zinta-kolarekin konpontzen ari zela, leihotik sartu zen eskarabajo batek distraitu zuen.
Ttiki-pottokoa zen, kolore marroi ilunekoa. Bere bularraren kontra jo, eta zango gainera eroriz, ileen artean trabaturik gelditu zen. Eskuan hartu zuelarik, eskarabajoa hatzez hatz ibili zitzaion, bere adarttoekin azal eta azkazalen tolesak esploratuz.
Bazirudien (kolpearen ondorioz, seguraski) hegala pittin bat okertu, matxuratu egin zitzaiola, ezin zuela hegan egin. Samuelek, oihala alde batera utziz, balkoira eraman zuen, lur idorrez beteta zegoen tiesto batean paratu zuen.
Arboletik begi-bistan zuen tiesto hartan zegokeen oraindik aberexka. Goizean, atzeko hankekin atzaparka eginez, lur idorrean xilo bat egin zuen-eta. Samuelek haren inguruan ur xorta bat ixuri eta gero, zenbait lore-osto, harrapatu zuen moskito bat eskaini zizkion, baina eskarabajoak ez zuen ezeretik probatu nahi izan.
Hartan ari zela entzun zuen kanpoko ateko txirrina.
«Hemen dira!» pentsatu zuen.
Osaba-izebak, eta lehengusu-lehengusinak ziren, Mundakan oporrak pasatzen ari-ta beraiekin bazkaldu behar zutenak.
Osaba Tomas, aitaren anaia gaztea, atea zabaldu zien amaren atzetik zuzenean goiko pisura, aitagana joan zena.
Izeba Marga, ile errubioa, aurpegi luxea, loreekiko soineko polit bat jantzita heldu zena.
Aitor, mutiko bizia, ahoaz txistu egiten oso ondo zekiena.
Eta Nerea, txikia, argal-argala eta usain gozoa zuena.
Amak bertan zela esanda, izebak-eta bere gelan atxeman zuten, armario barrenean galtza batzuk bilatzen ari zela. Banan bana sartu ziren hirurak armarioan, Samueli bina musu ematearren. Berehala antzeman zion berak, Nereak zekarren paketean pastelak zeudela.
Izeba Margak burua laztandu zion, esan zizkion hitz goxo batzuk. Gero, bera ere gorantza zihoala, Samuel eta haurrak jardinera atera ziren.
Miriapodo bat eta armiarma baten arteko burruka-saioa ikusi eta gero, Samuelek txepetxak larretan egin zuen kabia erakutsi zien.
Gero luzeera-saltoan aritu ziren. Aitorrek salto handiak egiten zituen, baina Samuelek hankak junto zituela zelako saltoa egiten zuen ikusi zuenean, esklamatu zuen:
Samuelek hankak junto dituela gainditu du marka!
Anai-arrebak begira zituela, Samuelek beste bizpahiru salto egin zituen, aldi bakoitzean performanzea mejoratuz, harrigarriro, nabarmenki.
Halako batean amak, bazkaltzera joateko, hots egin zien. Arrapaladan igo ziren sukalderaino hirurak.
Osaba Tomas agurtu eta gero (bel-beltxa zegoen, motx-motx ebakita ilea), eta bazkal aurreko uxualeko komentarioak eginda, mahaiaren inguruan eseri ziren.
Kaxpar juxtu-juxtu ailegatu zen hasteko tenorean. Sobra're komeni baino baxoerdi pare bat gehiago edanda zegoen; hala ere oso umore onean, eta jakin zuen nola-hala konportatzen (Samuel, amaren jenioa ezagutuz, lasaitu zuena).
Bestalde (ohartu zen Samuel, eta anaiarekin lotzen zuen beste detaile bat zen) Kaxparrek eta biek bakarrik zerabilzkiten galtza luzeak: gurasoak, eta osaba Tomas ere, galtza motzez, udatiarrago zebiltzan-eta. Jakina, anaia tradizioagatik zebilen halan, Samuel plutot arrazoi estetikoez.
Nahiko ondo bazkaldu zuten: entsalada mixtoa (hotxamarra, igual, komentatu zuen Kaxparrek), eta barbarinak erreta (usainez, kolorez eta ukitzez Samuelek gehien maite zuen arraina).
Samuel, Aitor eta Nerea mahaipean hanka-jolasean ari ziren bitartean (jolas bat zeina, Aitorrek bere arrebari mina emandakoan bukatu baitzen), osaba-izebak Bilbon atzeman zuten giroaz aritu ziren: klima-giroaz, aurrena (betiko kejak, betiko marmarrak), kale-giroaz ondoren. Gazte batzuk ikusi omen zituzten, Alde Zaharrean, barrikada bat erretzen. Amak esan zuen:
Bai, aspaldion ixtilu asko dago.
Dena den, esan zuen izeba Margak, ez dakit zer gura duten. Reboluzioa? Ez dirudi posible garai honetan.
Reboluzioa: era misteriotsuan Samuel erakarri, eta aldi berean izutzen zuen hitza. Berak esan zuen:
Reboluzioa datorrenean, guztiok hilko gara.
Besteek barre egin zuten. «Ez da hainbesterako izango», komentatu zuen aitak. Kaxparrek esan zuen:
Guztiok hil arren, merezi du ba.
Bere ideiei franko atxikia zen anaia.
Samuelek berriz, ez zekien, reboluzioaren alde zegoenetz. Sorbaldak kixkurtu zituen: merezi ote zuen? hori ez zen bere jakinekoa.
Osaba Tomasek bestetaratu zuen hizketa.
Segitzen al duk, galdetu zion Kaxparri, lehengo neska harekin?
Luzirekin, esan zuen Kaxparrek, bai-bai: harekintxe nago.
Samuelek irribarre egin zuen. Berak bakarrik zekikeen Anitak eman ziola Kaxparri zeraman belarritakoa. Anaiari konplizidade-zinu bat egin nahi izan zion, baina honek ez zuen ikusi.
Etxea erosi dute Getxon, esan zuen amak.
Ez esan! esklamatu zuen izeba Margak.
Bai, esan zuen amak, orain sukaldean, obra batzuk egin behar dituzte...
Ama: sukaldean ez dugu obrarik egingo, esan zuen Kaxparrek.
Horretaz eginda zeuden ama-semeak eztabaida pixka bat, lehengo egunetan.
Bueno! esan zuen amak, eta Kaxparrek besteen aurrean hain erabat hitz egin zuelako malerus sentitu zen, eta parean zuen Samueli esan zion:
Zuk ikusi duzu etxea...
Baina Samuelek ez zuen inoren alde posizionatu nahi izan. Detaile haiek... horrexegatik harritu eta gaizki sentitu zen, arboleko urkilatik Kaxparrek telefonoa hartu zuela ikusi zuenean!
Gero txanpaña eta pastelak atera zituzten. Samuel jan eta jan aritu zen, besteen plateretatik ere pastel bat edo beste lapurtuz.
Jan, jan, esan zion izeba Margak, hola gustoa ematen du.
Bere sabelak, horrelakoetan, ez zeukan halako muga gisako samarrik.
Bazkal ostean, helduak salara pasatu zirela, Samuel terrazan, Aitor eta Nerearekin jolasten egon zen. Koadroekiko tablero batean, pieza ezberdinak zeuden eta, eskuan hartutakoa beste baten alboan ipini behar zen, harekiko erlazio lojiko bat aipatuz.
Samuelek, tableroan zegoen pieza lodi baten alboan, «3» forma zuena ipiniz, «ipurdi lodi bat» esan zuenean, Nereak «matxista», deitu zion.
Samuel apur bat aztoratu zen, eta gero:
Matxista, eh? esan zuen, eta lehengusinari kamiseta jasota, tripan purrut egiten saiatu zitzaion, neskatilaren barre-algaren artean.
Gero txakur mozorro bat jantzi zuen, eta kalean zebilen katu bati begira txakur-arnas imintzioak egiten jardun zuen, Aitor eta Nerearen atseginerako noski.
Lehengusu-lehengusinak loratokira jaitsi-ta, bera salan gelditu zen. Inork ikusi gabe osabak mahai gainean utzi zuen kajatik puro bat hartu eta poltsikora jaso zuen. Besteak telebistara begira zeuden.
Eman behar zuten «Dos contra la ley» filmeari buruz hizketan ari ziren eta, Samuelek asmatu egin zuen, hartaz hitz zuzen batzuk esaten: ikusi egin baitzuen, aspaldi, filme hura, eta bere iritzia (aldeko iritzia, bestalde oso laburra) interes momentaneoaz aditu zuten.
Baina iragarritako orduan, ez zen ETB-2n filmerik hasi. Pantailan, Albaceteko paisaje idorrak ageri ziren. Amak mandoa zeukan Kaxparri TVE-1 jartzeko, eskatu zion. Baina kate hartako telesaila ere oso txarra, pairaezina zen. Kate guztietan begiratu, inon ez zen ezer, ikusi zitekeenik.
Halako batean: «Hasi egin da pelikula», esan zuen Kaxparrek.
Ezagun zitzaizkion, bai, Samueli, filmeko lehenbiziko eszena haiek: bakeroak haitz-ebakietan binaka altxaturik, segada baterako pronto, gero aktore batek dudarik gabe protagonista izango zen, eta agian zintari saltsa pixka bat ekarriko zion neskaren kulero-konbinazio arrosa zetazkoa erakutsi zuen, zenbait bakero-esamesa eraginez...
Besteak berriz, laster aspertu, hasi ziren bazter-solasak egiten. Kaxparrek bere buruari basokada bat wiski zerbitu zion, eta amak, ahal izan zuen doinurik ajolagabeenaz:
Orain hori, edan behar al duk? galdetu zion Kaxparrek erremuska eginez erantzun zuena.
Aita bere aldetik, leihoaren aurrean arnas-ariketak egiten ari zen (maiztasunez hala egiteko esan zion-eta medikuak arestian).
Anartean osaba Tomasek argazki-makina bere zorrotik atera zuen.
Ea, jarri terrazan, eskatu zien.
Telebista itzalita, hara zihoazela, amak pintzeltxo batekin bere buruari makilaje pixka bat ezarri zion. Aitak berriz, gorri-gorriak zeuzkan masailak.
Sagar bat ematen duzu, esan zion Samuelek.
Orduan aitaren lokian, ileetara zihoala, xomorro ttiki luxe bat ikusi zuen. Ile artean sar zedin baino azkarrago harrapatu nahi izan zuen, eta ihesi zihoanez atzazalarekin akabatu zuen, aitari mina emanez lokian zeukan grano batean. Aitak «otx!» egin zuen, lokian odol ttantta bat agertu zitzaion.
Kontuz odolarekin, esan zuen amak aitak odol-isuri errazak izaten zituen-eta.
Barkatu, barkatu Samuel oso damututa zegoen; baina, xomorro hari ile artean sartzen uztea ere...
Inzidente hori izan zela-ta (osaba Tomasek terrazan nor bere tokian ipini, bere argi-kalkuloak egiten ari zela) hasi ziren aitaren bihotz-gaisotasunaz hizketan.
Maiatzean izan zuen beste atake bat, esan zuen amak.
Ondo gogoan zeukan, ba, Samuelek. Sukaldean izan zen, etxean aitaz gain ama eta biak beste inor ez zela. Lurrean zurrunduta gelditu zen aita, aurpegia luze eta zurbil. Amak berehala hospitalera deitu zuen, bila etorri zitezen.
Bien artean eraman zuten oheraino, enbor bat bezala. Deskuidatuz gero erori egiten zen, hala erori zitzaien pasiloan, buruan kaskateko bat hartuz; orduan mugitu zuen hanka, laster burua ere bai alde batera. «Bizirik dago», esan zuen amak.
Hospitaleko mutilek indizio bat paratu zioten, aita geroxeago itzuli zen bere onera. Samuelek besarkatu zuelarik, aitak «Samuel», esan zuen hiru aldiz, bizitzan zehar esan ez zion zerbait esatekorik baleuka bezala.
Terrazan, hasia zen osaba Tomas banan bana, binaka, konjunto argazkiak ateratzen; bat-batean Samuel gaizki sentitu zen; zorabiatzen ari zela somatu zuen.
Amak bere kontakizuna jarraitu zuen:
Samuelek besarkatu zuenean, Ignazio berriro lurrerantz irristatu zitzaigun...
Bazihoala-bazihoala:
Samuel! aditu zuen esaten zuela izeba Margak.
Sofan zela esnatu zen. Guztiak inguruan, Kaxpar egunkari ximur batekin haizea ematen ari zitzaion. Gero, hobeto zegoela, gizonak terrazara itzuli ziren, osasuna zela-ta solasean.
Izeba Marga bere hanken alboan, ama ondoko sila batean jarrita gelditu ziren.
Nik esaten dudana, esaten ari zen ama: era batera edo bestera hil egin behar dugu: bat negarrez hilko da, beste bat kaka eginda, beste bat hanka-besoak moztuta... Nik eskatzen dudan bakarra, autonomia zerebrala da.
Horixe, esan zuen izeba Margak.
Samuel begiak itxita, bere burua amak esaten zuen bezala zango-moztuta, edo gogo-autonomiarik gabe imajinatzen ahalegindu zen.
Semeei esana diet, segitu zuen amak, ni hiltzen naizenean nire errautsak non lurperatu behar dituzten: hesiaren ondoan; eta gero, bertan, arbol bat aldatu...
Oraintxe badaukazu aldatzea, esan zuen Samuelek, begiak ireki gabe, saminduxe, ez baitzituen amaren errautsak prezisamente hantxe (hain aurre-aurrean, hain beti-presente beharbada) lurperatzerik nahi.
Ez, esan zuen amak, oraintxe ez, legeak galerazi egiten du.
Legeak? esan zuen Samuelek, begiak zabalduta, halakoxe ironiaz.
Bai, esan zuen amak: hesiaren ondoan ez dute-ta uzten.
Eta pinua? esan zuen Samuelek. Hesiaren ondoan dago ba! Ondo altua da pinua!
Eta gainera (pentsatu zuen, baina ez zen esatera iritsi): Nork etorri behar zuen ikustera! Eta nola ikusi, ezpel mardulaz bestaldetik! Eta nola jakin behar zuten...! Eta, batez ere (eta hauxe bai, esan egin zuen):
Orain galerazia bada, gero ere hala izango da...
Bueno, orain ez gara detaileetan hasiko... eten egin zuen amak.
Samuelek atzera begiak itxi zituen. Lo egin nahi zuen. Baina, hantxe segitzen zuten amak eta izebak. Protesta gisa, galtzerdi bat erantzi zuen, ea ulertzez edo aditzez (usaintzez) ohartu, eta bazihoazen beste norabait. Ordea, ama ere hasi zen, sandalia askatuta, bere orpoa ferekatzen, Samuelen keinua minimizatu egiten zuena.
Ze pena, esan zuen izeba Margak.
Pena? esan zuen amak.
Bai, pena, esan zuen izebak.
Izeba! Izeba! aditu zuten orduan behetik Aitorren ahotsa.
Ze pasatzen da? esan zuen amak, bere silatik jaikita.
Baloia Aranbarriren etxean erori zaie, esan zion terrazatik Kaxparrek.
Banoa...
Amak bakarrik utzi zituenean, izeba Margak ezer esateke, goxo-goxo laztandu zion Samueli burua. Esku latxamarra zuen, baina atsegin-atsegina zen. Begiak zabalduta, izebari begietara begiratu zion.
Nahi duzu etzan? esan zion Samuelek.
Etzan? irribarre egin zion, sorprendituta, izebak.
Samuelek ez zuen nobiarik; harritu egiten zuten Kaxpar eta Luziren arteko hartu-emanek, izaten zituzten gorabeherek. Bera... edonorekin etzango litzateke; baita izeba Margarekin ere.
Maitea... esan zion izebak, orain masaila laztanduz.
Agian gustatu egin zaio ideia, pentsatu zuen Samuelek, eta ez da atrebitzen, besteak hor direlako.
Emeki-emeki, lo gelditzen ari zen itxura egin zuen. Izebak eztitu egin zituen bere laztanak, Samuel erabat lo zegoela uste izan zuen arte. Orduan altxa eta besteengana, terrazara joan zen.
...Geroxeago, erreposki, Samuel jaiki eta, balkoira aterata, urrunkara zegoen adar bihurri baina sendo irudiko batera salto handi bat egin zuen. Une batez txintxilik, erori beharrean egon zen, baina helduka-malduka, katamarroka lortu zuen adarraren hastapenera, enborreraino iristea. Beste pixka bat goraka trepatuz, arbolaren urkila batean jarri zen.
Oso apal heldu zitzaizkion terrazako ele-hotsak, ozenxeago loratokitik Aitor eta Nerearen zalapartak. Haize xuriak logaletu zuen.
Aitorrek esnatu zuen, arbolaren azpitik, beragana heltzeko alferrikako ahaleginak egiten ari zela. Samuelek gaztain-morkots berdekara bat bota zion.
Samuel! protesta egin zuen Aitorrek, nola igo zara?
Eta berehala, Nerearen ahotsa:
Ama, ama, Samuel gaztainondoan dago!
Laster zituen gurasoak, osaba-izebak, anaia ere begira, etxeko balkoitik.
Samuel! esan zion amak, zer egiten duzu hor?
Samuelek Aitor eta Nerea hartzen saiatzen ziren morkotsak jaurtikitzen segitu zuen.
Nola igo ote da? galdetu zuen osaba Tomasek.
Samuel? Makala da ba! esan zuen Kaxparrek, Samuel harrotu zuen mirespenezko doinuaz.
Ez al da hortik eroriko behintzat, esan zuen izeba Margak.
Benga, jaitsi hortik! esan zion amak.
Samuel zutitu zen, aurrena bi eskuez, gero zango batez adar batetik zintzilikatu, gero bere urkilara itzuli zen.
Samuel! Bota morkots gehiago! eskatu zion behetik Aitorrek.
Adar honetatik joango zen, esan zuen aitak. Ez al da hala, Samuel?
Burua hautsi ez duenean...!
Samuel: zergatik ez duzu ezer esaten?
Samuel alkandoran zeukan puroarekin gogoratu zen. Usaindu egin zuen, atsegin-kilimusiak egin, galtzetako poltsikoan zeraman txiskeroaz piztu zuen.
Zer ari da ordea?
Zigarroa piztu du.
Zureetakoa da...
Samuel! Zer ari zara!
Samuelek kea irentsi, belarrietatik botatzen ahalegindu zen, ondorioz eztul-eraso bat nozitu zuen. Zoritxarreko aurpegiaz begiratu zuen puroa, lorategira bota zuen.
Txoro-aldi bat, horixe.
Lasai, esan zuen Kaxparrek, aspertuko da.
Bestela, aber zer egiten dugun.
Beti izan da mutiko jolastia, esan zuen amak.
Baina, baina... esan zuen aitak, ez du sentidurik egiten ari denak.
Zer jaten ari da?
Tabakoaren sabore txarra kentzearren, enborrean gora zihoazen iñurri batzuk sartu zituen Samuelek ahoan.
Pasatu zen nahikoa denbora. Aitor eta Nerea salara igo ziren, Kaxpar eta osaba Tomas berriz, lorategitik saiatu ziren, eskailera luze batez, beragana iristen baina ezin izan ziren, lehenbiziko adar loditik gora igo.
Azkenean laguntza eskatu beharko dugu, esan zuen amak.
Samuel! Jaitsi!
Samuel! Samuel! hots egin zion Nereak.
Deitu egin beharko dugu azkenean norabait, esan zuen aitak.
Samuel bere urkilan ondo asko zegoen. Eguzkia mendi-gibelean sartu zelarik, teilatupetik irten zen xaguxahar txiki bat, teilen artean ipur-ñauska ikusi zuen. Gorago, zeruan, laino artean, ilargi bete-beteak abio izugarria zeraman.
Bista apaldu zuenean ikusi zuen Kaxpar, telefonoa hartu, zenbaki bat markatzen ari zela.
Orduan dardar egin zuen eta, esku-zangoez enborrari helduz, lurrerantz jaisten hasi zen. Anaia zoologikora deitzen ari zitekeen ideiak, ikaratu egiten zuen.