Itzalaren ertzean
Itzalaren ertzean
1996, ipuinak
168 orrialde
84-86766-69-9
azala: Modigliani
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
 

 

Ez ote zekien

 

Lehenago euren etxera joan izan nintzenean, iruditzen zitzaidan Kattik ez zidala behin ere begiratzen; iruditzen zitzaidan neska bere munduan, familiatik eta inguratzen zuten beste gainerakoetatik aparte bizi zela. Normalean ezer gutxi esaten zuen, igandeko bazkalondoko solasaldietan ere nahikoa isilik egoten zen bera.

        Eta horixe zen nik beragan maite nuena: bere indiferentzia, bere laxotasuna. Alabaina, otordu guztietan, etxeko lege ixilari jarraiki norbere tokian, Katti eta biok parez pare jarrita egoten ginen. Eta, nire egun haietako begiratze laburretan, haren fisikoaren detaile batzuk apreziatzeko denbora izan nuen. Haren ile beltz leunak, haren sudur xanpatu samarra, haren aho handia, nahiz ezer gutxi esan, gehienetan, ez-ajolaz bezala, erdi-zabalik izaten zuena...

        Askotan arropa ber haiekin gogoratzen dut: jertse beltz fina, azpian ezer gabe edo zeinahi kamisetaren gainean jazten zuena, eta galtza bakero urdinak edo, uda hartan, etxe inguruan zebilela, kirol galtza motz beltzak... Eta bera ez zen nire begiradaz ohartzen; eta hala ere, disimuloz begiratzen nion, ez baitzidan zuzenean begiratzeko okasiorik ematen, eta berak ere agian...

        Isabelek eta Kattik bazuten anaia zaharrago bat, oraindik etxean bizi zena: Martzel, eta aita eta ama zahartzen hasiak, baina lan egiteko sasoi ederrean oraindik. Aita-semeak Garazi aldeko garraio enpresa batean lan egiten zuten, Isabelek berriz Baionan normalean, baina uda hartan Alpeak aldera bidali zuten. Ama berriz, egunero etxetik kanpo ordu batzuk eginagatik (herrian bertan, beste etxe batean bizi zen bere ama xaharrari laguntzera joaten zitzaion), bera zen etxeko martxa zeramana. Gure laguntzarekin, esan litekeena... Baina ez genuen, egia esateko, Kattik eta biok sobera laguntzen. Katti halakoa baitzen: lasaia, mantsoa, goizean ohean egon eta arratsaldean bueltaren bat egin eta... nahikoa. Nik, Katti eta amaren artean nolabaiteko oreka bilatu nuen: goizean etxean, lasai, edo mendi aldera paseoren bat egingo nuen... Arratsalde gehienetan berriz, edo Kattirekin edo beste lagun batzurekin edo bakarrik, kanpora joaten nintzen, edo bestela etxeko baratzan, ordu batzuk ematen nituen.

        Gutxi-aski guztiok aritzen ginen zertan edo hartan, Katti izan ezik. Kattiri bazihoakion, bazirudien joan zekion uzten zuela, emeki, bizitza. Noski oporretan zegoen baina bestela ere, Bordelen, unibertsitatean zela ere, ez nuen nik bestela imajinatzen. Neska bat zen, bizitzan egin behar izaten diren gauza gutxienekoak, eta kapritxo batzuk, egiten zituena: jan, lo, garbiketak egin, eguzkitan egon, herrira itzuliren bat, besteen haserrea ez sobera eragiteko lan ttiki batzuk... Bere bizitzan zerbait gertatzeko zain balego bezala egoten zen. Berak ez baitzuen ezer bilatzeko indarrik, ez baitzuen ezer eskatzeko kemenik. Zain. Norbaiten zain noski (horixe, nire irudipena), berak ez baldin bazekien, inolaz ere adierazten ez baldin bazuen ere.

        Uda hartan ni, haien etxean aste bat pasatu eta gero, iaia beraien familiakoa sentitzen nintzen. Hala nintzela adierazten zidaten noski, eguneroko tratuan. Nire bizitzari buruz sobera galderarik egin gabe inoiz. Naturalki, Isabelen mutila nintzelako onartu ninduten. Isabelek esana zien, Baionan izan nituela hala-halako problemak, eta horregatik eta (printzipioz, seguraski, beste ezer gertatzen ez bazen) aste batzuk, uda gehienez ere, igarotzeko nihoala.

        Baziren hiru urte Lapurdira, herritik ihes egin nuela, eta urtebete aurki Isabel ezagutu nuela Baionan. Geroztik hura «nire neska» zen. Herriraino joan gabe, astean Baionan gelditu behar bazuen (Isabelek haur atzeratuekin, bertako eskola batean lan egiten zuen) gure etxean egiten zuen lo, asteburuetan beti egiten genuen biok mendi bueltaren bat edo haren etxera joan edo... Horregatik, udan bakarrik joan nintzenean, oso erraz pasatu zen dena.

        Ordura arte ni, beste hiru errefuxiaturekin, Baionako pisu batean bizi izan nintzen. Aspalditxo hartan pisua kontrolatuta zegoela susmoa genuen, eta beldur ginen polizia espainolak gure kontra zerbait egitekotan ote zebiltzan. Horregatik esan zidan Isabelek, nahi baldin banuen, bere etxera joateko; uda hartan, bera etxean egongo ez baldin bazen ere, izan ere haur-talde batekin, Grenoble inguruko udaleku batera bidali zuten.

        Niretzat, esan beharrik ez dago, okasio ederra zen. Eta ez zen bakarrik poliziaren edo atentatuen beldurra. Errefuxiatuok edo, hobeto esanda, errefuxiatu asko, dinamika txar batean sartuta geunden. Gehiegi izaki eta, kostaldeko herri haietan pila-pila eginda, sarritan zer egin ez genekiela genbiltzan.

        Banuen hala ere beldur pixka bat, Isabelen etxera joanda. Beldurra beraiengatik, ni euren etxean hartuta, ustekabean, dinamika gaizto batean sar zitezkeelako: poliziarekin arazoak, eta abar. Eta neuregatik ere beldur ttantta bat: lehendik zerbait ezagutu arren, ez bainekien Isabel gabe familiako besteekin ongi moldatuko nintzen...

        Baina, esan dudan bezala, gauzak ongi pasatu ziren. Nik normalean ama edo Kattirekin izaten nuen harremana, eta haiekin hasiera-hasieratik oso poliki trebatu nintzen
—baina guztiok elkarrekin egoten ginen tarteetan ere: ia egunero afaritan, eta igandeetan, bazkari denboran ere, ederki moldatzen ginen.

        Kattirekin berriz... Bon egia da, niretzat oso presente izan zela beti hura Isabelen ahizpa zela. Eta, esan daiteke ba, horrek gu bion arteko harremana aski mugatu zuela. Zu hor eta ni hemen, bakoitzak bere tokia. Ez zitzaidan niri (lehenbiziko bi aste haietan behinik behin), ez zitzaion nik uste berari ere, burutik pasatu, bion artean ezer gerta zitekeenik. Eta hala ere... ezer esan gabe, iaia begiratu gabe niri, bere jarreraz... ez al zitzaidan zer-edo-zer eskatzen ari...? Kasu egin niezaion edo... Edo nire irudipena zen!

        Ikusi ninduela edo behintzat, neure detaileei begiratzen ziela lehenbiziko seinalea etxean hamar-hamabost egun neramala eman zidan Kattik. Bazkalondoan, nik ohi bezala zigarriloa hartu eta, metxeroa txamarran, eta txamarra nire gelan (Isabelenean) utzi nuela ohartu nintzen. Eta bat-batean, eskatu gabe, Katti jaiki zen eta, sutondoan zegoen poxpolo-kaja hartu eta, atzera jarrita, berak poxpoloa piztu zuen eta lasai-lasai nire zigarrilora hurbildu. Gogoan dut ze, momentu hartan detaile hark biziki inpresionatu ninduen. Berak egin zuelako noski. Niretzat poxpolo harekin, Kattik esaten zidan: «Apreziatzen ditut zure begiradak. Torizu sua... Nik ere maite zaitut». Seguru nago, Martzel eta gurasoak ez zirela ohartu, baina niretzat, poxpolo harekin hasi zen gure historia. Gure uda hartako historia.

 

 

Bigarren asteko eguerdi batean Baionako lagunek telefonoz hots egin zidaten. Gauean, Uztaritzeko ostatu batean gelditu ginen. Ezaguna genuen ostatu hura, inoiz inguruko pilotalekuren batean partidu bat egin eta gero bertan panaxe bana hartu izan genuelako. Egun haietan herriko bestak ziren, gainera.

        Bazkalondoan, ama sukaldean zela, Katti eta biok etxeko terrazan, belarra biltzen ari ziren auzo batzuri begira, halako batean galdetu nion: «Zer egingo duzu arratsean?» eta Kattik: «Ez dakit», esan zidan, eta nik: «Uztaritzen lagun batzurekin gelditu naiz, nahi baduzu etorri», eta Kattik: «Nongo lagunak?» Eta nik: «Baionan bizi direnak», esan nion. «Bestaldekoak?» galdetu zidan Kattik. «Hala dira, bai, esan nion nik, eta duda egiten zuela ikusiz: Isabelen ezagunak dira», erantsi nuen. Agian azken datu horrexen zain zegoen baietz esateko. «Ongi da... joanen naiz», esan zidan ba.

        Gurasoek ongi hartu zuten gauean Katti nirekin etortzea. Bestela ez baitzen neska etxetik irtengo, eta utzikeria hartan ikusita kezkatuxe zeuden. Nirekin bestalde, seguru ibiliko zen. Bazuten, ba, konfiantza nirekin. Noski, bazuten izatea. Ez gindoazen ezer egitera-ta. Bagenekien zein zen bakoitzaren tokia —gutxi gorabehera. Bagenekien ere lotzen gintuen hark, Isabelek, berak berexten gintuela.

        Uztaritzen lagunek bazuten albiste txar bat emateko niri. Aurreko goizaldean, esan zidaten, poliziak Baionako gure etxean izan ziren. Han zen lagun bat: G., atxilotu zuten, bazterrak miatu zituzten, eta nagusiari (etxeko nagusia, gure azpi-azpian bizi zen-eta) esan omen zioten, etxera inor sartzen ikusiz gero, emateko beraiei abisu. Nagusiak (gure aldeko samarra zen-eta) abisua, beste inori ez baina, gure jendeari pasatu ziola, eta hala ere, lehenbailehen, han genituen gauzak eramateko, eskatzen zigun. Zeina (gauzen eramatea) neuk egin beharko nuen, esan zidaten lagunek, etxean ginen haietarik paperak nituen bakarra neu nintzen-eta. Lagun haiek beraz, etxe bateko giltzak eman zizkidaten: «Bidarten, badakik non den», esan zidaten. Ahalik eta azkarren, nire eta besteen gauzak eramateko hara.

        Kattiri nik uste, ez zitzaizkion nire lagunak sobera gustatu. Beraietako batek esan zuenagatik izango zen noski. Ez zen-eta batere diskretoa, hura. Heldu ginelarik ostatura, «zein da, neska polit hau?» galdetu zuen, irri handi batekin, eta nik: «Isabelen ahizpa», esan nion, eta berak, Kattiri begira, baina bigantxa bati begira balego bezala (ez intentzio txarrean, baizik eta, ez baitzekien neskak ibiltzen, eta hala ere ez zen batere xepeltzen): «Ederra, ederra zagok...» Horregatik, diot, gu honetaz eta hartaz hasi ginenerako Katti, bere birra hartuta gugandik aldendu eta, pixka batean ostatuko ate ondoan egon zen kanpora begira, eta gero plazara, dantza egitera joan zen.

        Berehala (ikusten nuen nik, ostatu barrenetik, barraren kontra, zerbeza edaten nire bi lagunekin) Kattik bere mundu bat egin zuen hantxe. Inora begira, besoak apenas altxatu gabe, gozo-gozo dantza egiten zuen. Hasieran iruditu zitzaidan, triste samar ote zegoen, baina gero, bere ezagun batzuk, neska-mutil batzuk hurbildu zitzaizkionean oso animatuta jardun zuen haiekin hizketan, bastante denboran. Gero baina, haiek ere joan zitezen utzi zuen, eta bakarrik segitu zuen dantzan. Bere buruarekin ari zen, eta gustora. Ez zuen inoren konpainiarik eskatzen; geroxeago mutil bat, ikusi nuen (guapo xamarra, gainera), elkarrekin dantza egiteko eskatu zion eta Kattik, irribarre batekin, buruaz ezezko xinple bat eginez uxatu zuen. Ez zuen ezer eskatzen —uste dut ni horrexek kitzikatu ninduela... Eta, nik bistatik sobera galtzen ez banuen, berak ere begiratu egin zidan niri, noizik eta behin. Han ote nintzen, segurtatzeko bezala. Eta bera han zela, lasaitzeko ni. Elkarrekin ginela, esateko ba.

        Guk ostatutik atera gabe beste zerbeza bana edan genuen, mugaz bestaldeko gorabeherak komentatu genituen (beti izaten zen zer-edo-zer, eta uda hartan Tupa eta Otaegiren prozesua zela-ta gauzak oso bero zeuden). Gero bi lagunok, joan egin behar zutela-ta, hantxe utzi ninduten, ostatuko atarian.

        Kattiri begira gelditu nintzen. Eta, nik uste hilabete batzuk lehenago ezagutu nuenetik estraineko aldiz, bere gorpuzkeran fijatu nintzen. Oso ongi oroitzen naiz galtza bakero urdin haiek eta (egun hartan) niki berde bat zeramala (gau epela egiten zuen-eta, furgonetan utzi zuen txamarra). Bere ahizpa bezala, Katti argala zen, eta ibiltzen-eta trakets-antxa ere bai. Altu xamarra, ba. Gainerantzean, forma handirik ez: ez zuen bularrik apenas, hala ere ipurdi ttiki baina irten samar, borobil, oso ongi egindakoa zuen.

        Kattik, ikusiagatik bakarrik gelditu nintzela, pixka batean dantzan segitu zuen (gero galdetu nion, ea ezagunak al zituen, berarekin dantzan ari zirenak; eta ezetz esan zidan; dena den haiekin oso poliki enroilatuta zegoen). Nik uste dut momentu hartan ohartu nintzela, izan nuela nolabaiteko kontzientzia, gure artean zerbait gertatzen ari zela. Eta nik uste, bera ere ohartu egin zela zerbait. Edo behintzat, ohartu egin zen neure begiradaz. Desio ote ninduen, ordurako berak? Ez dakit... Geroxeago behintzat, nigana etorri zen eta frentez frente niri begira: «Zer, asperturik?» galdetu zidan, eta nik: «Ez, zuri begira nintzen...» Eta berak: «Zuk, ez al duzu dantzan egin behar?» «Ez dakit-eta!» esan nion nik, eta berak orduan, barre-doinu alaian: «Zer egiten dakizu ba...?» Begiratu egin nion eta: «Beste gauza batzuk», esan nion, eta hori esan nionean, bera lotsa-antxetu egin zen, eta gero jendez beteta zegoen ostatu txikiago batera joan ginen, eta bertan... Ze: bi orduz, hiru orduz, aritu ginen? Ez genion erlojuari begiratu, ez genion batak besteari etxera joateko hitzik esan. Ongi izan ginen, bion ala biok. Ez genuen, egun hartara arte, aparteko solasik egin, ez genizkion batak besteari geure sentimentuak erakutsi. Eta pozik ikusi nuen Katti. Agian, pentsatu nuen, lehenago ikusi zituen lagun haien artean, bere gustoko mutilen bat izango zen, ba. Ez zegoen, hala ere, nirekin zegoela, beste inori begira. Ez ni ere, noski: han izan ginen denboran, bata bestearentzat izandu ginen. Zertaz aritu ginen, ez naiz gogoratzen. Badakit azaleko, baina aldi berean guretzat oso inportanteak ziren gauzez mintzatu ginela. Gauza xinpleak, baina edonorekin aipatzen ez direnak; edo ez modu hartara behinik behin. Agian, mintzatzeagatik mintzatu ginen, edo zehazkiago esanda: bata bestearen ahotsa aditzeagatik. Jolasean bezala. Inoiz Isabelek ezartzen zigun muga hura urratu gabe. Oso ongi genekien, eta beti jakin genuen biok, nahiz eta besterik sentitu, muga hura ezin urratu genezakeela. Alabaina, ohartu gaberik, gau hartan elkar biziki berotu genuen. Ni behinik behin bero-bero nengoen, eta uste dut Katti ere halaxe zegoela. Bazen, izan zen gau hartatik aurrera zerbait gure artean, guk biok bakarrik genekiena, oso fuerte lotuko gintuena. Bizpahiru birra edan genituen. Behin edo behin, solasari utzi eta, barraren kontra apoiatuta biok, elkarri luze eta lasai begiratu genion... Ez ote zekien Kattik, horrek zer esan nahi zuen...?

        Halako batean, gogorazio bat izan nuen: Baionatik Bidartera etxe-aldatzeko lanak orduantxe, guk biok egingo genituen. Eta bai esan ere: «Joango al gara Baionara...?» Zertara, eta —azaldu nion: nola lehengo etxea hustu behar genuen, eta nola bertan ziren traste eta zera guztiak beste etxe batera eraman behar genituen.

        Ez nuen noski, lan hura egiteko hartarainoko presarik: biharamunean, nik neuk bakarrik edo beste lagunen batekin, banuen lasai asko egitea. Baina, Kattiri esan nion, eta Kattik: «Goazen», esan zidan.

        Bazen operazio hartan arrisku pittin bat hala ere, poliziak atzemanez gero ez gintuzten gendarmerian galdera batzuk egin gabe utziko, eta nire aldetik, arduragabekeria zen Kattirekiko eta bere ardura utzi zidaten bere gurasoekiko. Ordea, nik orduan ez nuen horrelakorik pentsatu; edo, pentsatu banuen, pentsamentu hura berehala uxatu nuen. Nik nahi nuena zen, gau hura luzatzea, Kattirekin segitzeko. Eta bazen alde hartatik ere, eta polizien aldetik baino areago seguru, nolabaiteko arriskua. Baina neukan jakinmina, arrisku sentsazio hura baino indartsuagoa zen. Eta jakin nahi nuena zen, Katti eta biok, gau hartan, eta bide samur hartan, nora heltzeko gauza izango ginen.

        Arazorik gabe aritu ginen. Baziren Baionako etxean hainbat arropa, hainbat poltsa eta liburu, baita butanozko estufa bat eta atxilotu zuten G. haren igeltseritzako tresnak. Hala ere, bospasei joan eta etorri aski izan genituen, hango gure gauza gehienak, edo interesanteak iruditu zitzaizkigunak, furgonetan sartzeko. Auzoren batek somatu bazigun, lapurrak edo malaparteko jendea ginela pentsatuko zuen baina, behinik behin ez zen poliziarik azaldu.

        Bidartera ere arazorik gabe iritsi ginen. Hara bidean (orduan ohitura genuenez), inork jarraitzen ote zigun, furgonetarekin maniobra pare bat egin nuen, ederki ezagutzen nituen bide mehar haietan itzuli batzuk... Ni karreteran zentratuta nenbilela, normala denez, hitz gutxiago egiten nuen. Katti berriz, umore onean zegoen. Begi bistan zen abentura hark, gau ero samar hark, eszitatu egiten zuela.

        Furgoneta Bidarten deskargatu eta gero, oraindik kostako errepidean ginela, Katti burua kristalaren kontra jarrita, lo gelditu zen. Gogoratzen naiz Leonard Cohenen kaseta jarrita neukala.

        Ni orduan, Kattik erosoago lo egiteko, bere jarlekua pittin bat etzan eta atzeko jarlekuan neukan manta ttikia hari paratzeko gainean, bide bazterreko aparkaleku txiki horietako batean gelditu nintzen. Jarlekua etzan, manta ttikiarekin tapatu... Eta orduan, haren aurpegi gorrixta, aurpegi polit hura ikusirik, eskuaz goxo-goxo masaila laztandu nion. Eta Kattik: «Hmm», gaitzetsi zidan; eta nik eskua erretiratu eta: «Ondo lo egin», esan nion.

        Berehala berriz, furgoneta arrankatu gabe, neure pentsamentuak: «Hmm» horrekin, zer esan nahi izan dit? Uzteko ala... gehiago nahi duela? Beroak nengoen. Leihatila jaitsi nuen, kasetaren bolumena apaldu eta begiak apur batez itxi nituen.

        Nire ondoan, maite nuen neska bat zegoen. Hala ere bazirudien, nire nobiaren ahizpa zelako, bera ukitzea debekatuta neukala. Baina han zegoen, erdi etzanik, aurpegia nire aldera itzulita... Heldu ala utzi, ez nekien zer egin. Konprenitzen nuen, helduz gero, nahi izanez gero nire beso artean, nire azpian hartu, indarra erabili beharko nuela, momentu batean behinik behin. Eta ez nekien, gero hartaz damutuko nintzenez. Begiak ireki nituen, begiratu nion. Aurpegia inguratzen zioten ile-xerlo beltzek deziditu ninduten. Neure ezker eskuaz, lepoa heldu nion... «Manu», protesta egin zuen, orain nabariago, Kattik, eta beste aldera itzuli zen. Orduan mantapetik, galtza bakeroez estalita, haren ipurdia azaldu zitzaidan... Begirada handik aldendu, furgoneta martxan jarri nuen. Ez, konprenitu nuen: ez zen komeni, gau hartan.

        Ez dakit ze ordutan ailegatu ginen etxera. Egunsentia izateko ere ez zuen asko faltako. Eta nik gau hartan, nire ohean (esan dudan bezala Isabelen gelan egiten nuen lo) amets egin nuen Katti eta biok, gelan ohe-estalki bat tolesten ari eta, biok lurrera erorita, nahas-mahas jolas egiten genuela...

        Goizean esnatu nintzenean, gauean urruntxoegi joan nintzela, konturatu nintzen. Ez nuen damu egina, ez nintzen lotsa ere: zintzo jokatu bainuen, eta hala ere... Kattiren erreakzioaren beldur nintzen. Ez al zuen behintzat etxean ezer esango...

        Eguerdian, sukaldera joan nintzenerako, Katti jaikita zegoen. Isilik gosaldu nuen. Gosaldu eta gero, kanpoan eguzkia zela-ta, mangerarekin dutxa bat hartzeko proposatu zidan.

        Etxe pareko zelaian dutxatu ginen. Pozik zegoen Katti, eta ni ere pozik nengoen, bera hala ikusita. Orain bagenuen... sekretu bat, biok.

 

 

Gau hura eta gero, ohiko martxan segitu genuen: Katti zer-edo-zer ikasten (lehenago ez dut esan, Bordelen medizina ikasten eta uda amaierarako bi azterketa prestatzen ari zela), ni berriz irakurtzen (oso ongi gogoratzen naiz, Kattiren etxean, lagun batek utzi zidan Chessman-en «Celda 2455» irakurri nuela), edo mendira bueltaren bat edo... Nahiz eta Katti eta bion artean lokarri fuerte bat izan, bakoitzaren izakeragatik, bata bestearengandik oso independiente izaten segitu genuen.

        Dena hain azkar gertatu zen: uda hartan zehar. Batzutan iruditzen zait, urteetako harremana izan genuela. Hain lagun izan ginen, hainbeste ordu konpartitu genuen... Eta hala ere ezin dut esan, Katti ongi ezagutzera iritsi nintzenik. Egia esateko, ez dakit oso ongi zer sentitzen zuen berak (ez geure harremanari buruz, ez bestela ere). Bai, asko hitz egiten genuen; eta egia da, hizketaldi haietan sentimentuz hustu egiten ginela, gauzarik sinpleenez mintzatu arren elkarri genuen guztia ematen geniola: solasaldi sinple haiekin berotzen, adiskidetzen ginen; baina, bazuen berak halakoxe... misterioa; nik banekien misterio hark, lotsa antzeko edo zena zelako hark, ematen zuena baino xinpleagoa behar zuela, baina hala ere ezin izan nuen erabat atxiki... Noski, misterio hura bera zen Kattirekin, sotil-sotil bada ere, saiatzen segitzeko kitzikatzen ninduena —eta bera da, oraindik ere, izan ditudan (hola deitzearren) neska-lagunetan, Katti agian partikularrena izan zela sentiarazten didana.

        Hurrengo egunetan ez genuen ezer berezirik egin. Bi-hiru egunetik behin Isabelek Grenobletik deitzen zigun, eta amarekin eta gero nirekin mintzatzen zen, eta elkarri kontu batzuk esaten genizkion... Ez maitasun konturik, noski: ez Isabel, ez neu, ginen gauza, telefonoz horrelakorik aipatzeko... Dena den, dei bakan haiek eta gero triste antxean edo (nola esan?) Isabelekin egon nahian gelditzen banintzen ere, egia da gero berehala, Kattik ezer galdetuta edo, ez dakit ba, biok edozertaz hizketan hasita, berehala ahaztu egiten zitzaidala...

        Kattiren inguruan bizi nintzen-eta; geroz eta gehiago, nire pozaren edo nire tristuraren neurria, bera besterik ez zen... Bere liburuekin sukaldean aritzen zenez gero, ikasteaz nekatzen hasten zela antzematen banion: «Bordaxurira joango gara?» galdetuko nion (Bordaxuri, hango mendi kasko batean zegoen txabola bat zen). Eta bazekien berak (uste dut, ia seguru nago), zer gertatzen ari zen. Bazekien, maite egiten nuela! Eta nik banekien (edo: batzutan, esperantza neukan), gauzak ongi eginez gero, poliki saiatuz gero (baina, oso poliki saiatu behar nuen!) egun batean Katti nirea izan zitekeela...

        Azken batean, uste dut biok berdintsu sentitzen genuela: biok nahi genuen... baina beldur ginen; ez genuen nahi baina... nahi egiten genuen. Hura arras enamoratu izan balitzait... Baina ez, uste dut kasu horretan nik ez nuela berdin maite izango... Haatik, saiatu egin nintzen! eta zenbait egunez (baina hau, noiz izan zen? bai, uste dut Uztaritzekoa eta handik astebetera-edo) ez nion kasurik egin: nahi izan nuen Katti mintzea, nahi izan nuen nirekin enamoratzea... Eta ez dut esango nire presio haien aurrean indiferentea izan zela baina... ez zen belauniko erori! Eta zer egin behar nuen? Oldarrean jokatu? Baina oldarrak Kattirekin (sukaldean eserita zegoela bere aldamenean, nahikoa nabarmenki neure zakil gogorraz haren besoa rozatzen nuela jarri nintzen hartan bezala, oso serio jarri zen-eta) ez zeraman inora... ez baldin banintzen oso poliki, oso kontuz aritzen... Gauzak zetozen bezala zetozela utzi beharra nuen; eta guztiarekin, neure artean pentsatzen aritzen nintzen, hurrengoan okasioa izanez gero... ez nuela galtzen utziko.

        Egun haietako detaile bat gogoratzen zait oraintxe. Larunbata zen eta Katti, aita eta ama, Baionan erosketak egitera irtetekoak ziren. Jaitsi zituzten ba kanpoko eskailerak, autoa zegoen aldera, aita eta ama aurrean, eta Katti beraien atzean. Eta nik, eskailera gainetik: «Katti!» hots egin nion, ez oso fuerte, berak bakarrik aditzeko moduan. Eta Katti itzuli egin zen niregana, eta nik musu bat bidali nion eskuaz; apur bat nahastuta baina (berak esango zukeen bezala) arras laketsita gelditu zen: oso gustatu zitzaion.

        Beste arratsalde batean, aita-semeak beti bezala kanpoan, ama eta biok baratzean ari ginen eta, halako batean, nire sorpresarako, Katti (egun hartan, soineko motz urdin bat jantzita, gainera) aitzurra hartuta gugana zetorrela ikusi nuen. «Utzi dituzu paperak!» egin zion amak ongi-etorria, eta Kattik: «Akiturik nago!» Nire ondoan jarri zen (haren usaina, oraindik aditzen ari naiz!) eta ordu erditxo batean jardun genuen jorraketan hirurok —eta Katti, ez zen aitzurketan batere errebesa...

        Gero baina, etxe parean herriko neska eta mutil bat (anai-arrebak zirenak) pasatu ziren eta Katti aitzurra zeramala haiengana joan zen; eta han egon ziren, mutila petrilean jarrita eta neska biak zutik, solasean hirurak. Kattik bere soineko urdina erakutsiz, dantzan bezala, buelta bat egin zuen, gero pixka batean bere belauna mutilarenaren kontra zuela egin zuen hizketa. Ni kasurik ez egiten saiatu nintzen... Beharbada mutil harekin, beharbada beste batekin enroilatuko zen, baina nik ez nuen utzi behar horrek hunkitu nintzan; bestalde uste nuen, gogorra banintzen (baina aldi berean berak, zekien bezala, bazekielarik nire sentimentuaren berri), azkenean etorri egingo zitzaidala. Zera ere pentsatu nuen, hain zuzen ere nigatik ari zatekeela itxurakeriak egiten mutil harekin; baina ez dut uste, Katti ez baitzen gauza haietarako batere azpijokozalea, ez zen batere moxorroa. Haien konbertsazioa entzuten nuen arren, frantsesez ari ziren-eta, ezer gutxi uler nezakeen. Bai ulertu nuen, ja despeditzerakoan, mutilak beraiekin plazara joateko, konbite egin ziola, eta Kattik: «Non... j'suis fatigué», esan ziola.

        Ama ordurako sartu egin zen etxean. Joan ziren ba, anai-arreba haiek plazara, eta nik pixka batean, bakarrik gelditu zela ikusi ez banu bezala, aitzurketan segitu nuen. Tentetu nintzelarik, Katti petril gainean, indioen moduan jarrita zegoen, espresio distraitu batekin. Geroxeago ikusi ninduen, eta: «Zer, zuk ere fini?» galdetu zidan. «Bai! esan nion, eta aitzurra sorbaldara jasoz, etxe aldera joateko imintzio txiki bat eginez: Buelta bat egingo al dugu, bizikletan?» galdetu nion. Aurpegian ikusi nion, proposamena gustokoa zeukala. «Zaude instant batean, esan zidan, galtzak jantzita heldu naiz». Besteei plazara joateko ezetz, nekatuta zegoela, esan, eta niri bizikletan... Detaile horiek, aitortu behar dut, pozez betetzen ninduten.

        Bizikletan, kilometro batzuk egin genituen, erreka ondoko ostatu bateraino. Han (egin ohi genuen bezala) bi birra eskatu genituen eta gogoan dut aurrena nik bere basotik edan nuela, eta berak ere bai, beretik, eta gero biok neure basotik edan genuela... Oso garbi zegoen (baina, guk ez genuen ikusi nahi!) elkar maite genuela. Edo agian, ez genekien konszientki, eta haatik, biok oso lagun gutxi maite izan dugun indarrez elkar maite genuen...

        Ostatu hartan, oroitzen naiz galdetu niola: «Philippe (uste dut hala zuela izena: lehen petrilean aritu zen hura), bera al zen, zure nobioa?» Nik banekien, orduan (uda hartan, egun haietan) Katti ez zela inorekin ibiltzen, baina urtean zehar Isabelek inoiz esana zidan, Katti Ezpeletako mutil batekin irten-edo egiten zuela; horregatik galdetu nion. Eta, une hartan galdetzen ausartu banintzen, jeloskor samar nintzelako eta, apur bat zirikatzeagatik ere izan zen.

        Katti pittin bat lotsatu zen, urdurixko irri egin zidan eta gero hitz gutxi, baina bene-benetakoetan, azaldu zidan: Ezetz, ez zela bera (ez zela mutil hura, bere nobioa); beste bat zela, Ezpeletakoa (konfirmatu zidan); baina hura ere (lasai asko esan zidan) ez zitzaiola sobera gustatzen, eta utzi egin zuela udaberrian. Eta orduan, etenik gabe, xuxen-xuxen, berak niri: «Eta zuk, maite duzu Isabel?» galdetu zidan.

        Ixilik eta begira-begira gelditu nintzaion. Zer esan behar nion? Ezin esango nion baietz, ez nengoen-eta aspaldi hartan Isabelenganako neure sentimentuez hain seguru esateko... Haren tokia beste bat betetzen ari zela ere... ez zen deklaratzeko momentua (agian haren ahizpa, izan ez balitz...!) «Uste dut baietz», esan nion. Iruditu zitzaidan zerbait (seguru aski, «uste» hari buruz zerbait) galdetzeko gogoaz gelditu zela; baina, erantzun harekintxe konformatu zen.

        Normalean, aise eta luzeago mintzatzen ginen gure gusto eta gure preferentziez. Adibidez Kattiri (Isabeli ez bezala) lasai asko galdetuko nion: «Gustatzen al zaizu horko mutil hori?» Eta berak: bai, edo ez, eta zergatik —«eta zuri?» Bazen konfiantza bat, ba, oso jende gutxirekin izaten dena. Alabaina, gezurra esango nuke esango banu batak besteari bihotza zabaldu egiten geniola. Ez: geure harremanaz (garrantzitsuenaz) behin ere ez baikenion elkarri hitz erditxorik esan. Ukitu ezin zitekeena zen hori. Hor zegoen hain zuzen ere misterioa, hor zegoen tabua, hautsi nahi izan, edo hausten ausartu ez ginena. Hori, bestalde... esan beharrik ez zen, biok oso ongi genekien-eta. Guztiarekin, azken aste haietan kasualidadez, berriz ere Bidarteko hartan bezala tokatu bagina, autoan edo, bion-ala-biok, nik uste... Baldin eta... baina, ametsak ziren! (eta hala dira, oraindik ere). Bera ez zen jabetzen (edo bai? ah, betiko duda...!) baina su-ale bat nintzen berarentzako, eta zer ez nion emango horrelakoetan...! Zer ez nion egingo! Indarrean hartu, ere! Bai, ongi esan dut: indarrean! —horrek umekeriak alde batera utzi eta behingoz nirea izan zedin balio behar bazuen... Eta, horren ordez, hitzak besterik ez nituen. «Mmm, esan nion behin, gaur astolarrosaren aurpegia duzu» (gainera, amak aditu egin zidan, nik ez nuen erreparatu eta ate atzean zegoen-eta). Hitzak eta keinuak, begiradak, beti lehenbiziko eguna izan balitz bezala... Adierazi ez, erdi-esan ez, baina egin, egin izan banu, zer izango zen...? Eta haatik, inpresioa nuen, lortuz gero harekin amodioa egitea, guztia bertan amaituko zela. Neure aldetik behintzat bai, badakit geroko konplikazioei ihes egingo niela. Eta bere aldetik ere bai. Esan zidan, ez zuela inorekin enroilatzeko «xederik» (are gehiago: beti bakarrik biziko zela, esan zidan; igual haur batekin, esan zidan, eta bakarrik). Eta guztia amaitzea ere (eta, hartara ezkero, nola amaitu gainera! trajedia bat izango zen-eta!) ez genuen, nik uste, nahi. Anbiguitate hura interesatzen zitzaigun.

        Erreka ondoko solasaldia eta gero, Katti diferente ikusi nuen. Libreago bezala mugitzen zen, eta kariñoz begiratzen zidan. Ez dakit beste inor konturatzen zen, baina izugarria zen. Noski beti bezala, suabe-suabe elkar ebitatzen genuen, alabaina, bere egun haietako detaile, bere ukitu minimo haiekin, alegratu egiten zidan bizitza. Eta momentua (agian inoiz helduko ez zen momentua, bagenekien hori) atzeratzen ahalegintzen ginen...

 

 

Astebete falta nuen joateko, goiz batean, etxeko terrazan biok suertatu ginela. Goizean komentatu nion Kattiri, nola hurrengo astean (seguru aski) Parisera joan beharko nuen, eta berak (lehenago esan zidan bezala) Bordelera joan behar bazuen, ba, banuela nik eramatea, eta Kattik esan zidan (askotan, esaldi laburretan, egiten zuen bezala, nire euskara imitatuz): «Ah bai, oso ondo...» Eta irribarre egin zidan, eta gero begiak itxi zituen, eta hala gelditu zen, ahoz behera, begiak itxita, hartu zuen liburua zabaldu gabe, gozo-gozo eguzkitan, atsegin aurpegiarekin. Ni haren ondoan, zigarrilo bat erretzen ari nintzen eta, Kattik begiak itxi zituela aprobetxatuz, haren gorputzari begira gelditu nintzen. Hanka hutsik zegoen eta, galtza motz beltzak, jertse orobat beltz, fin, bere faboritoa zuen hura jantzita zegoen.

        Halako batean, gogora etorri zitzaidan bezala esan nion: «Masaje bat emango dizut». Afirmazio bat zen, galdera izan balitz baino errefusatzen zailagoa noski. Eta Kattik: «Hm», onartu zidan. Hurbildu egin nintzaion eta, jertsea bizkarraren erdiraino jasota (sujetadorerik ez zuen), isil-isilik gerri aldean hasi nintzaion. Eta geroxeago, eta goitixeago, handik minutu gutxira jertsea erantz niezaion lagundu zidan.

        Iñarrosi egiten naiz, begietara malkoak etortzen zaizkit momentu hura gogoratzean. Hain ederra zegoen...! Bizkar luze, txuri, leun-leun hura, eta lepo gainean ile-xerlo beltx haiek, eta ertireki zitzaion ahoan irribarre-gisa hura...

        Eta nire eskuak, poliki-poliki, haren leporaino heldu ziren, eta han aritu ziren, eta handik berriz ere behera, gerri aldera jaitsi ziren, eta han nintzelarik... Aurpegira begiratu nion eta, segitzeko esaten ari zitzaidala iruditu zitzaidan. Neuk ere begiak itxi nituen. Zakila gogor-gogor eginda neukan. Eskuak ipurdi gainean paratu nizkion. Kattik daldar egin zuen...

 

 

Baionako lagunek abisatu zidatenez, pentsatuta genuen baino bizpahiru egun lehenago joan beharra neukan Parisera. Beraz ezin eraman izan nuen Katti Bordelera. Pena handia eman zidan. Eta berari ere bai, aurpegian ikusi nionez.

        Alde egin nuenean, ama eta Martzel ere baziren gurekin eta, ez nintzen Katti besarkatzen ausartu. Esan nion: «Handik itzulian Bordelera bisitan joango natzaizu» —gustatu zitzaiona, begiradaz adierazi zidana. Gero ni furgonetan eta, terrazatik begira-begira gelditu zitzaidan, azken musu baten zain balego bezala...

        Beste zenbait hilabetez segitu nuen Isabelekin. Katti berriz, ez dut beste sekulan ikusi.