Alargunak
Han zen berriz, ur ertzean. Lehenengo aldiz ikusi zuenetik, Eiderrek egunero erreparatzen zion adin ertaineko emakumearen erritualari. Goizeko bederatzietan puntuan biluztu, eta haitz gainean tontortxo bat egiten zuen tolestutako arropekin. Uretan sartzen zen, metro batzuk egiten zituen lepoa zut, urperatzen zen, hamar minutuz igeri egiten zuen buia horia ukitu arte, eta, itzuli aurretik, ur azalean flotatzen zuen besoak zabalik. Bizi-bizi irteten zen, lehortu, jantzi eta kemenez igurzten zuen ilea. Haitzean eserita gelditzen zen tarte batez, eta gero itsas ertzean paseatzen zen. Telefonotik ahots-mezuak bidaltzen ikusten zuen hondartza gaineko bidexkatik. Hamaiketan, kantina irekitzen zutenean, terrazan esertzen zen kafea hartzera.
Eiderrek eta Jakesek ere goizeko errutinari jarraitzen zioten. Kafetegian eguneko bigarren gosaria egin, harategian Jakesentzako urdaiazpiko egosia erosi, hondartzan apur batean jolastu, kaian paseatu, eta, Jakes lokartzen zenean, moilako tabernan eseri eta irakurri egiten zuen Eiderrek. Zapi batekin estaltzen zuen gurdiaren kapota. Zigarro bat erretzen zuen, eguneko zigarro bakarra. Jakes esnatzen zenean, purea ematen zion. Gero pantalaneko txalupetan entretenitzen ziren pixka batean, batel berdean aurkitu zuten Cola Cao poto zahar batekin xukatzen zuten pilatutako euri-ura, eta, etxera aurretik, Juanitaren dendatik pasatzen ziren erosketak egitera.
— Atzoko andrea.
Jakesek atzoko andrea deitzen zion igerilariari. Ama-semeek, uretan sartzen ikusten zuten bakoitzean, hotzezko imintzioak egiten zizkioten elkarri; barrena behar zen negu-neguan. Goiz hartan ere bainulariari begira egon ziren petrilean eserita, eta itsasoak hondartzara ekarritako adar gastatuekin jolasean aritu ziren. Jakes kaioen atzetik korrika dibertitu zen erori eta ahoa hondarrez bete zitzaion arte. Sosegatu zenean, gurdian lotu zuen Eiderrek, eta kai-mutur berrirantz abiatu ziren.
Arranpalan zegoen ohiko igerilari taldea: Fito zaharra, Xabi eta Marlene eta Richard kontrabandistak. Azken biak hirurogeita bosten bat urteko bikote eskultural bat ziren, garai batean ezagun egin zirenak Oteizaren imitazio batzuekin trafikatzeagatik.
Xabik agur egin zion Eiderri. Irakurle taldetik ezagutzen zuten elkar, Eiderrek Jakes jaio zenean joateari utzi zion arren. Bainujantzi zahar bat, neoprenozko txanoa eta uretako betaurrekoak jantzita zegoen, gorriz margoturiko bidoia zeraman buia gisa, sokaz gerrira lotua. Hirurogeita hamar urteko filosofia irakasle tximaluzea zen, guztiz erretiratu gabea oraindik.
— Badakizu nor da hori? —hurbildu zitzaion filosofoa.
Hondartzako andrea seinalatu zion. Ezetz erantzun zion Eiderrek.
— Otsoaren viuda.
— A bai?
— Sí.
Hondartzara begira gelditu zen Eider. Andreak ibilian eta ahots-mezuak grabatzen jarraitzen zuen. Otsoaren suizidioak inpresioa eragin zion Eiderri. Hasieratik jakin zen kazetari ezagunak bere buruaz beste egin zuela, ez ziren ezkutatzen saiatu. Oroitzen zuen irratian alarguna —Maitane? Nekane?— entzun izana, Otsoa hil eta hilabete batzuetara, senar hilaz eta haren mihi zorrotzaz hizketan. Ibonek —alargunak izenez deitu zion— argitasunerako zeukan indar bera omen zeukan iluntasunerako ere. Horixe gelditu zitzaion Eiderri gogoan. Berari Naiarak abisatu zion whatsappez: “Otsuek beran burue hil dau”. etbko garaitik mantentzen zuen lagun bakarra zen Naiara. Fede ernegatu egin zen, “baina zergatik egiten duzu negar? Porkulo eman zizun, ala?”. Aspaldiko kontuak ziren. Negarrez jarraitu zuen, Otsoagatik, bere buruagatik eta batzuetan mundua manta lodi batek bezala estaltzen zuen tristura zaharrarengatik. Azken urteetan halako kariño bat hartua zion gizonari, petralkáriño bat, hark esango zuela imajinatzen zuen eran. Lagun onak zeuzkaten amankomunean. (Bai, ta? entzun zezakeen Otsoaren hil osteko ahotsa).
Arranpalako igerilariak agurtu eta bere bideari jarraitu zion. Kirol portuko itzulia egin, karroa etzan, eta moila zaharrerantz abiatu zen. Umea lokartzen zenean kafea moilan hartu beharrean kantinan hartzea pentsatu zuen, akaso Maitanerekin —hala zuen izena, bai— kointzidituko zuen horrela. Ordu laurdenez ibili zen moilako langileen artean. Arrantza kostera artean hasi gabe, lasai zegoen kaia, marinel batzuk baporeen mantentze-lanetan eta furgoneta batzuk hona-hara. Exekiel ikusi zuen Mater-en kubierta pintatzen. Gurdiari atzera-aurrera eragiten ziola, makurtu eta haurra lo zegoen egiaztatu zuen. Begiak zabal-zabalik begiratu zion Jakesek. “Shhhh”, estali zuen zapiarekin. Karrotxoaren giderrari gora eta behera eraginez, urrumaka jarraitu zuen oinez. “Ama!”, deitu zion Jakesek handik hamar minutura, eta indarka hasi zen lotzen zuen uhalaren kontra. Urdaiazpiko egosia eskaini zion ume-kotxean errendi zedin, baina part bota zuen lurrera, eta atezuan zegoen kaio batek airean eraman zuen fardela. “Ostia!”, amorratu zen. Frenoari eragin, eta kaioaren atzetik korrika hasi zen, alferrik. Marinelak ikusi zituen barrez. Azkenean, askatu egin behar izan zuen Jakes. “Ekarri honea gure txalupa-mutila!”, esan zion Exekielek, eta besoetan hartuta baporera sartu zuen. Eider zain egon zen arrantzaleak Jakesi kabina eta kamainak erakusten zizkion bitartean. Behin hartara ezkero, nahiago izan zuen goiza luzatu eta Jakes bazkalondoan lokarrarazi.
Atzera kantinatik igaro zirenerako, igerilaria joana zen. Jakesek ez zuen gurdian eseri nahi izan, eta haurraren erritmoan oinez egin zuten bueltako bidea. Postetxetik pasatu ziren Federentzako pakete bat jasotzera, kutxazainean dirua atera, eta Juanitaren dendan mandatuak egin zituzten. Jakes erre-erre eginda zegoen ordurako, eta kasketa harrapatu zuen Actimelak nahi zituelako. Eiderrek amore eman, eta Actimelak erosi zizkion. Bazkalondoan lokartu zen. Eiderrek zigarroa piztu zuen leiho ondoan, urrutira begira egon zen, izurdeen kumatze-sasoia zela entzun zuen goizean irratian. Pareko teilatura jaurti zuen mutxikina, ea erretenean asmatzen zuen. Kale. Jakes esnatu zenean, marrazki bizidunak ikusi zituzten, Rita eta Krokodilo, eta gero etxepeko parkera jaitsi ziren. Arratsalde erdian plazaraino joan ziren oinez lauzen arteko marrarik zapaldu gabe. Merienda jan eta beste ume batekin jolasean aritu zen Jakes, elkarrekin haserretu eta Jakesek besoan haginka egin zion arte. “Guk ez dugu kosk egiten”, mozorrotu zion errieta bestearen amak. “Guk bai” erantzutekotan egon zen Eider.
Ilundu aurretik itzuli ziren etxera. Eiderrek Jakes bainatu, eta pijama jantzi zion. Telebista ikusten utzi zion afaria prestatzen zuen bitartean, baina Fede iritsi aurretik itzali eta disko bat jarri zuen. Lanpara txikia piztu, eta mahaia prestatu zuen. Fedek atean giltza sartu orduko korrika abiatu zen Jakes aitarengana. Fedek besoetan hartu eta, arratsero bezala, airean jaurti zuen hiru edo lau aldiz, “berriz” eskatu zion Jakesek, eta beste behin jaurti zuen. Gero, lurrean utzi, eta ipurdiko batekin bidali zuen salara. Oin batekin bestea erantzi, eta hantxe bertan utzi zituen zapatak. “Zer moduz eguna?”, galdetu zion Eiderrek harraskatik. Fedek eskua astindu eta arnasots luze bat egin zuen. Taxista zen, goizeko bostetan irteten zen etxetik bezeroak aireportura eramateko.
— Zelan zuek?
— Oso ondo, Jakesek baporea ezagutu du barrutik. Ezta, Jakes? Nolakoa zen barkua?
— Hara!
— Badakizu nor ikusi dugun hondartzan?
— Atzoko andrea —esan zuen Jakesek.
“Nor?” galdetu zion Fedek Eiderri begiekin.
— Otsoaren alarguna. Hemen bainatzen da.
— Aha.
— Egunero etortzen da, kanpotik ez du itxura txarrik, esan nahi dut… Ez dakit ezagutzen ote nauen.
— Zergatik ezagutu behar zaitu zu?
Fedek Eider inoiz telebistako aurkezle izan ez balitz bezala jokatzen zuen. Horrek bazuen bere grazia, pantaila izan baitzen Eiderrengana erakarri zuena. Miramongo autobus geltokian abordatu zuen autobusaren zain zegoen batean: “Zuk nahi duzun tokira, Landaburu”. Elkarrekin hasi zirenean Federi gustatu egiten zitzaion kalean aurpegi ezagun baten ondoan ibiltzea, eta etxeko sofan edo autoan biluzten zuenean kamera batek grabatuko balitu bezala egiten zion dena, aldi berean ekintzaren barruan eta ekintzatik kanpo balego lez. Ez zuen ulertzen erdigunea saihesteko eta bazter-kaleetatik ibiltzeko Eiderrek zeukan tema, argiak itzaltzeko mania. Atzerriko herri txikietan, arropa zaharrak soinean eta ilea hala moduz batuta bakarrik sentitzen zen lasai, baina Fede aspertu egiten zen hiriguneetatik kanpo. Telebistako lana uztea erabaki zuenean, zaputza igarri zion, engainatua sentitu zen. Orain, aldiz, bere grina profesionalen beldur zela iruditzen zitzaion.
Goiz afaldu zuten, Fedek garaiz oheratu behar izaten baitzuen ordu txikitan berriro abiatzeko. Jakesek ipuina eskatu zion Federi, eta Eiderrek sukaldea jaso eta infusio bat prestatu zuen. Meditazio gidatu bat egin zuen gero, ez dago okerreko lekuan erortzen den elur-malutarik errepikatzen zuen bat. “Sartuko zara umearen gelan?”, eskatu zion Fedek Eiderri umea lotaratu zuenean, “bart zurrunga egin duzu”. Eta argiak itzali zituzten.
Biharamuna Kandelario zen, argiak iluna garaitzen omen duen eguna. Eiderrek San Blas opil txiki bat erosi zion Jakesi eta zerbitzariak kordela lotu zion lepoan, “katarrorik ez harrapatzeko”. Hotz handia egiten zuen. Kafetegiko beiratetik soingaineko luzeetan bildutako andre zaharrak ikusi zituzten kalean behera elizarantz, argizari luzangak eskuetan. Etxera aurretik kandelak ikustera joango zirela hitzeman zion Eiderrek Jakesi.
Biluzten ari zen igerilaria. Bankuan eserita, uretara bidean hondarretan utzi zituen oinatzak zenbatu zituzten ama-semeek, hamar arte zenbatzen ikasi berri zuen Jakesek. Federekin maitasuna egin gabe zenbat egun zeramatzan pentsatu zuen Eiderrek, harengandik urrun sentitzen zen bakoitzean egiten zuen kalkulu bera. Egiaz, asteak zeramatzaten elkar ia ukitu gabe. Oso momentu gutxi izaten zituzten bakarka, eta nekatuta egoten ziren biak. Fedek bidaiarik ez zeukan igande arratsaldeetan Eiderren amak zaintzen zien haurra. Eider lotsatu egiten zen “hartu zuentzako tarte bat” esaten zienean, ama bera ikusten zuen erizain atsegin baten trazan oheko edredoia ertz batetik zabaltzen. Saiatu egin behar izaten zuten giroa sortzen. Eiderrek gela prestatzen zuen, Jakesen gauzak armairuan gordetzen zituen, kamisoi arin bat jantzi eta kandela bat pizten zuen, hildakoei otoitzean ari balitz bezala. Fedek musika jartzen zuen, Leonard Cohen edo Marvin Gaye, letra askoko abestiak, eta poliki joaten eta ezer desegokirik ez egiten ahalegintzen zen.
Eiderrek igerilariari begiratu zion. Buia horia ukitu, itzuli, eta hilarena egin zuen, gorputza zuri-zuri neguko eguzkitan. Ideia absurdo bat pasatu zitzaion burutik: andre hura munduan inork jakin gabe ari zen igerian. Ez zeukan gurasoei azalpenak emateko adinik, ez zeukan bikotekiderik goiza norekin igaro zuen kontatzeko, ez zeukan “non egon zara?” galdetuko zion seme-alabarik, itxura batera ez zeukan inon fitxatu beharrik. Igeri egin zezakeen eta esperientzia hura oso-osorik beretzat gorde.
Filosofoa ikusi zuten txakurrarekin, eskuetan zekarren bere bidoi zaharra. “Bota makila!”, animatu zuen mutikoa, eta txakurrarekin jolasean aritu zen Jakes. Hogei bat aldiz ekarri zion bueltan. “Utzi orain niri”, probatu nahi izan zuen Eiderrek. Begira gelditu zitzaizkion mutikoa eta zaharra. Makila bizkarrean ezkutatu, eta ahalik eta urrunen jaurti zuen, bere indar guztiarekin. Uretan galdu zen, eta txakurrak ez zuen bila sartzeko imintziorik egin. “Ama!”, Jakes haserretu egin zen makila galdu ziolako. Eiderri, ordea, gustatu egin zitzaion zerbait lekutara jaurti eta hura bueltan ez etortzearen sentsazioa. “Listo, ba”, atera zitzaion. “Listo, ba”. Hitz haiek berak esan zituen bere amak armairua hustu eta aitaren arropak etxe aurreko kontainerrean utzi zituenean.
Filosofoak eta txakurrak alde egin zuten, eta, bizkarra petrilaren kontra, hegazkinek zeruan utzitako marrei begira egon ziren ama-semeak. Kutsadura zen, baina ederra. Eiderrek Jakesi zorri batzuk kentzeko aprobetxatu zuen.
— Han goian doazenak aitatxok eraman ditu aireportura.
Karrotxoan sartu zuenean, umeak ez zuen protestarik egin, nekatua zirudien. Itzuli txiki bat egin zuen kirol portuan, eta, ohartzerako, lo gelditu zen. Eider terrazan eseri zen kantina ireki zain, eta, zerbitzaria iritsi zenean, amerikano bat eskatu eta zigarro bat piztu zuen. Otsoaren alarguna ikusi zuen hurbiltzen, telefonotik hizketan. Begiratu egin ziola iruditu zitzaion Eiderri. Pareko mahaian eseri, eta kafesnea eskatu zuen basoan.
— Ezagutzen al nauzu? —galdetu zion Maitanek.
Eider gorritu egin zen, zelatan sumatu izango zituen.
— Bai. Bueno, badakit nor zaren.
— Barkatu hola zuzen-zuzenean galdetzea, baina alarguntasunak desinhibitu egin nau.
Eiderrek karroa baztertu, eta aulkia eskaini zion.
— Egunero etortzen zara, ezta? —galdetu zion igerilariari.
— Bai, urhotzismoa praktikatzera —itsasora begiratu zuen—. Ibonek hala deitzen zion. Amorratu egingo zen. Epelegi dago.
Bekoz beko begira gelditu zitzaion orduan.
— Damututa zegoen.
Eider isilik gelditu zen, mantatxoa leporaino igo zion Jakesi.
— Ez zion bere buruari barkatzen jendeari min eman izana. Hil aurreko azken asteetan zure izena aipatzen zuen —arnasa hartu zuen, eta aurpegia alaitu—. Ze gauza, ezta? Badakizu elkarren aldamenean hazitako barazkiek elikatu gaituztela? Guk ere Aroari hartzen genion otarrea. Ibonek adarra jotzen zion horrekin. Kalabaza erdi bat ematen zigun bakoitzean galdetzen zion: “Beste erdia nork jango du, Eider Landaburuk?”.
Zarata batek estali zuen isiltasuna. Txaleko islatzailez jantzitako bi gizon presio-urez yate bat garbitzen ari ziren kirol portuan. Haiei bizkarra eman, eta itsasora begira kokatu zen Maitane.
— Ikusi zaitut hondartzan, baina ez naiz atrebitu ezer esaten. Alarguntzeak horixe du: herentzian jasotzen dituzu lagunak eta etsaiak. Erantzungailuan mezuak sartzen zaizkio oraindik, berari hitz egiten diote, biziko balitz bezala.
Otsoa begira zeukaten inpresioa izan zuen Eiderrek. Zutik imajinatu zuen Maitaneren atzean.
— Grazia egingo ziokeen zu eta biok hemen ikusteak. Nire telefonoa eman nahi dizut, inoiz niri edo nire bitartez hari zerbait esan nahi badiozu ere. Ez moztu, edozer esan, berak ere hala egiten zuen.
Zutitu, eta motxila bizkarrean hartu zuen.
— Barkatu molestatu bazaitut.
Jakes esnatu egin zen. Eiderrek isilik negar egin zuen purea ematen zion bitartean. Ez zen gauza izan Maitaneri hitzik esateko. Gutxi jan zuen Jakesek, eta ez zuen bateletan jolastera jaitsi nahi izan. Eiderrek haizea hartzeko premia zeukan. Umeari bizkarra ukitu zion berokiaren azpitik eta dezima batzuk zeuzkala iruditu zitzaion, galtzerdiak erantzi eta oinak ukitu zizkion, hotzak. Sukar begiak zeuzkan.
Kandelak ikustera joan ziren. Jakesek gustuko zuen elizara joatea, sabaitik zintzilik zegoen galeoiak eta santuen irudiek atentzioa ematen zioten. Beirazko kutxetan tunika moreetan bil-bil eginda etzandako santuak tetriko samarrak ziren Eiderren ustez, baina umea ez zen beldurtzen. Kandelen garrak dantza nahasian ari ziren elizako hareharrizko hormetan. Serorari galdetu zioten argizariak pizteko zer egin behar zen, eta hark aldarearen aldameneko kutxa seinalatu zien. Han txanpon bat sartu, eta andreak kandela bat pizten lagundu zion Jakesi. “Orain errezatu”, esan zion, eta umeak Eiderri begiratu zion. Eider suari begira zegoen.
Arratsaldean ez ziren kalera irten, Jakesi kalentura igo zitzaion eta lo gelditu zen salan. Eiderrek Otsoaren irratsaio zaharrak bilatu zituen Interneten eta hiru edo lau entzun zituen segidan. Distiratsua iruditu zitzaion. Harro ustela. Barrez lehertu zen tarte batzuetan. Fede iritsi zenean Jakes itzarrik zegoen, baina ez zitzaion ohi bezala atarira bila joan. Gaixo zegoenetan egiten zuen intziria egin zion, apenas miau bat, eta Fedek bekokira eraman zion eskua.
— Ez dago hain bero.
— Bizkarrean igartzen zaio —esan zion Eiderrek—. Zer moduz, lan asko gaur?
— Normal. Zuek?
— Maitanerekin egon naiz, Otsoaren alargunarekin.
— Aha.
— Errudun sentitzen zela esan dit.
— Ez esan.
— Benetan ari zen.
— Eider, alargunek inbentatu egiten dituzte senar hilak.
Eta dutxan sartu zen.
— On egingo dizu haize pixka batek —esan zion Eiderrek Jakesi.
Txapeltxoa jantzi zion, eta goraino igo zion txamarraren kremailera. Itsasoak animalia bat zirudien bizkarretik lurruna zeriola. Lainoak ezabatu egin zuen paisaia, eta apenas bereizten ziren formak. Jakes txundituta zeukan brumak, eskuaz harrapatzen ahalegintzen zen, ahoa zabaldu, eta jan egin nahi izan zuen. Betiko pasealekutik hondartzara jaitsi ziren igerilariaren bila. Batera eta bestera begiratu zuen Eiderrek, baina ez zen ageri. Haitzetaraino jaitsi ziren arropa piloa bertan ote zegoen egiaztatzera. Hutsik zegoen arranpala ere. Paseoan zebiltzan andre-gizonekin gurutzatu ziren. Andreak andreekin paseatzen ziren, gizonak gizonekin, bikote misto guztiak senar-emazteak ziren.
Federen hitzei bueltaka zebilen Eider. Bazekien bere amarengatik esan zituela. Eiderren aita hil ostean amak bere beharren neurriko senarra asmatu zuela esan ohi zuen Fedek, “bizirik ez zuen jasaten”. Instintuz, amaren defentsan irteten zen Eider, “eta zer nahi duzu egitea?, norberak biziraun behar die bere hilei”. Laino artean ibili ziren. Ahots mezu luze bat grabatu eta, berriz entzun gabe, Maitaneri bidali zion. Beste mezu labur bat grabatu zuen Federentzat. Bere eskuei begiratu zien, bereak izaten jarraitzen zuten. Eguzkiak lainoa saretuko ote zuen begitandu zitzaion. Kofradiatik barrena joan zen paseoan Arrantzalearen Emaztea eskulturaraino: Aurrezki Kutxaren opari bat, herriari egina. Kanpin-aulkietan eserita, elkarrengandik hiru-lau metro eskasera, arrantzale bakartiek kanaberei eusten zieten isilean, zain, zerbeza lata hutsak alboan. Eskolara deitu zuen Jakes matrikulatzeko. Gero, presarik gabe, arranpala hutseraino ibili zen, zapiarekin estali zuen kapota, eta arropak erantzi zituen. Buia horia ukitu eta hilarena egin zuen. Barrua behar zen negu-neguan.