Hetero
Hetero
2024, narrazioa
160 orrialde
978-84-19570-29-1
Azala: Alain Urrutia
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2020, kronika
2019, saiakera
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

Sehaska kanta

2025-1975

 

 

 

 

Egun batean, optometristaren kontsultako itxarongelan ezezagun batek eskumuinak ematen dizkizu aitarentzat. Zelan dago?, galdetzen dizu. Ondo, erantzuten diozu.

 

Azatorren aparkatu eta intxaurdira igo zara inork ikusi gabe. Arrotza zara hemen, aitaren familiaren lurretan. Zure botei begiratzen diezu euri-putzuetan sartzen, eta zapaburuen akordua egiten zaizu. Amaren aldeko osabek zaintzen dituzte orain aitak landatu zuen sail hau eta harantzagoko hariztia. Intxaurdiak desagertu egingo dira Kantauri isurialdean, hezetasunaren eta euli batek eragindako zaurien erruz. Garotzan aurrera zoaz. Intxaurrondo zaharrenaren parera iristean, enborra laztandu eta berba batzuk esaten dizkiozu gizonetik gizonera; semetik aitara. Arbola-azal umelak bizarra egin bako aurpegia dirudi.

 

Medium batengana zoaz. Deskribatzen dizun aitak ez du zurearen antzik, baina ez dakizu oker nor dagoen: mediuma ala zu.

 

Antipodetan. Ontziaren bizkarrean, semeari txalekoa lotzen eta tutua jartzen laguntzen ari zara. Estralurtar txiki bat da, hodian barrena berbetan: uu-uuuh. Murgildu, eta itsaspean begiak jaiotzen zaizkizue. Semeak zure eskua bilatzen du. Koloretako arrainak, algak, anemonak, marrazo txiki bat, mundu paralelo hori. Kantuan sumatzen duzu, waka-waka-e-e, buklean, eta ohartzen zara bere ahotsa entzuteak beldurra eramaten laguntzen diola. Gidak seinaleak egiten dizkizue zuen gorputzen azpira begira dezazuen: dortoka erraldoi bat eta haren kumea dira, itsas hondoan hegan.

 

Osabarekin intxaurrak kimatzen Azatorren. Pozik dago laguntzera joan zarelako. Eskailera gainetik kontatzen dizu, artaziak eskuan, azken urte luzeetan zuen aitak eta berak ez zutela amarekin eta izebarekin larrurik jotzen, eta halako egun batean zuen aitari esan ziola: Martin, tenemos que ir de putas. Esaldi horrek aitaz duzun irudiaren kontra errebotatzen du. Eta?, galdetzen diozu. Arramak jasotzera makurtzen zara. Putek euskaldunek izetekotan, baietz. Eta adarrak ebakitzen jarraitzen du, banaka.

 

Txiste bat kontatzen gogoratzen duzu: Badauz hiru mejikanu, erdi jesarritte erdi etzunde deskantsuen eguzkipien, euren txapel biribilek arpeijje tapeten detziela, trankil-trankil, eta abioi bat pasetan da zerutik. Euretako batek, txapelan azpitxutik begittu eta diño: mira, un reoplano!, eta ondokoak txapela apurtxu bet aparteu eta: nooo, es un vión!, eta beittuten deu hirugarrenak eta: noooo, no es un vión! Tampoco es un reoplano! Eso es un parato!

 

Zure urtebetetzea da, denak lo daude. Whatsappean aitaren mezua bilatzen duzu: Zorionak. Ondo? Hemen bero. Hil zenetik irakurtzen duzun laugarren urtea da.

 

Lehen aldiz sartzen zara psikiatriko batean. Zure lagunak sei hilabete daramatza bertan, patologia psikotiko larriarekin. Kartzeletan bisitatu duzu hogei urtez. Segurtasuneko ate bat zeharkatzen duzu, gero beste bat eta beste bat. Mahai bat eta silla bi: bertan itxaroteko agintzen dizute. Kamera bat eta leiho bat. Sooozio! Aspaldiko laguna kaleko jantziz agertzen da, oinak tatarrez, besarkatu egiten zaitu. Zeee-lan, umiee?, totelka berba egiten dizu, da biherra, biherra zeee-lan? Zarratuta dauden tabernez eta daborduko traturik ez duzun jendeaz mintzatzen zarete leku horiek eta harreman horiek bizirik baleude lez. Hiru ate ixten dira zure atzean.

 

Google Street View-en, aitita-amamen baserria erakusten diozu semeari: zure aita ikusten duzu baserriko atarian intxaurrak zuritzen. Sei hilabete daramatza hilda.

 

Bazter guztietan termometroak aurkitzen hasten zara. Autoaren barruan, txabolan, ohearen bere aldeko gau-mahaian, sukaldean, komunean, ganbaran, atartean, intxaurdian adarretatik zintzilik. Amak armairuak husten ditu eta arropa batzuk eramateko eskatzen dizu: galtza pare bi eta alkandora bat hartzen dituzu. Hurrengo egunean, aitaren panazko prakak jantzita zoaz lanera. Atseden orduan eskua poltsikoan sartzen duzu eta hor dago: txokolate ontza baten tamainako termometro bat.

 

Zure semeari lehen hortza ateratzen zaio.

 

Aitaren autoa jasotzen duzu oinordetzan. Garbitzen ari zarela, beso-euskarriaren barreneko zokoan, aitaren ordezko betaurrekoen kutxa topatzen duzu. Zabaldu, eta jantzi egiten dituzu. Erantzi eta gero berriz janzten dituzu. Kendu eta jarri, kendu eta jarri egiten dituzu zorabiatzen zaren arte. ¿Dan el consentimiento para donar las córneas?

 

Bat-batean, ziurtasun bat: gehiago espero zuen zugandik.

 

Aitaren telefonoak itzalita jarraitzen du gurasoen etxeko entzimera gainean. Piztu, eta gakoa sartzen diozu deien erregistroa begiratzeko. Aitak azken deia zenbaki ezezagun batera egin zuen, amak kulunkaulkia sukaldean iraulita eta aita lurrean etzanda aurkitu baino hogei minutu lehenago. Botoiari sakatzen diozu, eta bihotza aztoratzen zaizu. Ezustean harrapatzen zaitu ahots takarrak: Naranjas Gloria, ¿diga? Zalantza une baten ostean, nora deika ari zaren galdetzen diozu. Náquera, Valencia, ¿qué quiere?, ¿naranjas? Eskegi egiten duzu. Astebeteren buruan iristen dira salustianak eta hamarna kilo limoi eta klementina.

 

Aitaren tabakoaren bila gurasoen etxean. Amaren ezkutuan erretzen zuen. Erreminten txabolan ez dago. Liburuen artean eta armairuko bere aldean begiratzen duzu. Azpiko apalategia arakatzeko makurtzen zara eta zapata-kutxa baten gainean aitaren larru marroizko mokasinak topatzen dituzu, juanikoteetan emanak eta orpoetan maiztuak. Zapata bati besarkatuta aurkitzen zaitu amak, tirakada batez kentzen dizu, mesedez, semie, eta mahaira esertzen zarete. Azkenean, aitaren autoko maletategian topatzen dituzu bi Ducados kartoi eta hiru txiskero. Erretzen hasten zara.

 

Arnasa hartzeko makinari lotuta dago. Eskuak memorizatzen dizkiozu: atzazal zapalak eta barrurantz biraturiko erakusleak. Sabelaren erritmoan kontzentratzen zara. Zerebroa hilik du. Azken lau egunotan egunkaria irakurri diozu. Kantatu egin diozu. Barrua esan diozu. Orraztu egin duzu. Erizainak makina deskonektatu duenean, zutik geratu zara aitaren aldamenean. Amak eta anaiak ez dute hiltzen den unean bertan egon nahi, kanpoan geratu dira zain. Erizainak bakarrik utzi zaitu. Ez duzu ukitzen, ez duzu traizioz atxiki nahi. Arnasa hartzen jarraitzen du. Zuk zain segitzen duzu, jada ez dakizu unearen beldurrez ala irrikaz. Eta, bat-batean, txizalarria egiten zaizu. Zelan?, diozu. Fluoreszentearen dardarari erreparatzen diozu, makina itzaliari, aitari. Hiltzen ari da. Baina txizalarri zara. Baina hiltzen ari da. Komunera irteten zara. Erridikulua da, aita zu txiza egiten ari zaren bitartean hil daiteke.

 

Zure bikotekidearen amama hil da oihu zaharrak utziz: ¡Carlistas! ¡Carlistas!

 

Hegazkinez Stockholmera. Hegaldiaren aurreikuspenaz galdetzen diozu azafata bati. Turbulentziak espero diren tokian turbulentziak egoteak trankiltzen zaitu. Beldurra eta hiltzeko probabilitatea alderantziz proportzionalak dira. Zure beldurrak mantentzen du abioia airean.

 

Aireportura bidean eskuek dar-dar egiten diote aitari. Ezebez, kafiena da, esaten dizu. Ez du inoiz aipatzen bere aita parkinsonaz hila.

 

Bisita Jaengo kartzelan. Gero, Granadan, bikotekidearekin ardoa hartzen: Ondino ejjatzu bajatu?

 

Aita gero eta goizago oheratzen eta eguna egin aurretik itzartzen da. Ama ordu txikitan lokartzen eta belu jaikitzen da. Bi txandatan bizi dira. Zelan? galdetzen badiozu, aitak beti erantzuten du itzel. Amak, zahartzarue. Aitari infekzio bat sortu zaio ahoan, eta dentistarenera joan da bizitzan lehenengoz. Hortzeria berritu behar diote: haginak atera, ebakortzak gastatu eta zubiak eta fundak jarri. Bizitza osorako inbertsioa, esaten diote.

 

Gabon afarian aitak dio txixe eitten noie, eta gero ez da itzultzen.

 

Kontzertu batetik bueltan, Durangoko peajean, guardia zibilek autotik aterarazten zaituzte. Mendian gora zaramatzate. Burua makurrarazten dizun poliziak pinganillo bat du, eta handik diktatzen dizkiote galderak. Hamar urte lehenagoko galdera berberak dira. Galdera zehatzak.

 

Bilboko Kalderapeko tabernan andre gazte batek goraintziak ematen dizkizu aitarentzat. Gurasoen lankide ohi bat da. Ez dakizu zergatik, baina badakizu bien artean zerbait egon zela eta zure amak jakin bazekiela.

 

Sukaldean, frigorifikoaren eta mahaiaren artean esaten diozu: Besarkatzen erakutsikotzut, aitte. Beso bat hartzen diozu eta zure sorbaldaren gainetik pasatzen duzu. Bestea hartzen diozu eta beste sorbaldaren azpitik pasatzen duzu. Estutu, esaten diozu, hainbeste bez. Oin egon holan.

 

Neska lagunak txiza egiten ikusten zaitu lehen aldiz: Zergatik esertzen zara aldrebes?

 

Maitemindu egiten zara.

 

Zure aita porru-patatei tabaskoa botatzen. Zure aita txibiei tabaskoa botatzen. Zure aita marmitakoari tabaskoa botatzen. Haragia erre-erreta gura du, zapata zola lez; kafea, hotza. Zure ama, isilik.

 

Bisita Almeriako kartzelan. Berbei goian eusten diezu plater txinatarrei lez.

 

Ikasle batekin kateatzen zara. Berak 17 urte ditu eta zuk 31.

 

Gero eta gehiago kozinatzen duen ama. Gero eta gutxiago jaten duen aita.

 

Total drogatuta itzultzen zara parrandatik gurasoen etxera. Inor ez da ohartzen.

 

Aita etxeko guztien errenta aitorpenak egiten ari da baserri-atarian. Beste egun batean, aitak tentsioa hartzen die banan-banan etxeko guztiei.

 

Epaitegira zoaz, sinatzera. Dyane 6an eserita itxaroten dizu, Ducadosa ezpainetan: Arin etorri.

 

Garai zailak dira. Zera galdetzen dizun maitale bat duzu: Ze zabiz pentsetan?

 

Auzitegi Nazionaleko atean ikusten dituzu aita, ama, anaia eta osaba. Aitarengana zoaz. Saman sartzen diozu sudurra: parkatu. Balantza egiten du. Total eginda dagoela konturatzen zara. Zure amak dio semie, semie, semie. Aitak ez omen dio goizetik edateari utzi, badaezpada, deklaratzera behartzen badute ere.

 

Ez dituzte argiak itzaltzen.

Ez dute musika itzaltzen.

Burua kaputxaz estaltzen dizute.

Kaka egiten duzun bitartean begiratu egiten dizute.

Lokartzear zaudela, esnatu egiten zaituzte.

Laranja bat eskaintzen dizute; ez duzu jaten.

 

Piano-eskolan, urduritasunak ez dizu kontzentratzen uzten. Zure lagunak biharamunean entregatu behar dizu osaba-izeben enpresako autoa. Badakizu zerbait gertatzekotan tarte horretan gertatuko dela. Aitak jasotzen zaitu kontserbatoriotik, eta Radio Euskadiko albistegietako musika entzuten da: “Atentado en Vitoria, un coche bomba…”. Ez duzu gehiago entzuten. Etxera iristean, buelta bat ematera zoazela esaten duzu, pentsatu egin behar duzu. Tarte baten ostean itzultzen zara eta aitari zurekin joateko eskatzen diozu. Larreetara zoazte. Aitte, nik itxitzatie kotxie. Atoan gelditzen da. Mekauen dios! Mekauen dios! Urrundu egiten da. Itzultzen denean, irmo begiratzen dizu: Seguru zauz?, baietz esaten diozu.

 

¡Cuidado, os avisamos, somos los mismos que cuando empezamos!

 

Gauez, Lekeitioko festetatik bueltan zure lagunak bazterbide bat hartzeko esaten dizu: Imajineu atzetik dekoguzela. Azeleragailuari sakatzen diozu. Mozkortuta eta arinegi zoaz, ez zara gidari ona, bazterra jotzen duzu. Bale, listo, esaten dizu, eta bera jartzen da pilotu. Dezepzionatu egin duzu, eta horrek trankildu egiten zaitu.

 

Logelan dantzan ari zarela, aita begira sumatzen duzu.

 

Eguerdia da tabernako barran. Zure lagunak pertsona bat behar dutela esaten dizu. Ezetz esaten diozu.

 

Fakultatean, errebelazio bat: ez zara brillantea, ekina zara.

 

Ingeniaritza eskolan matrikulatzen zara. Asteburuetan banatzaile ari zara osaba-izeben lorezaintza enpresan: zapatu goizean hartu, eta astelehen arrastiz entregatzen diezu kotxea. Gogor ikasten duzu astez. Zapatuz goraino jartzen zara. Domekaz kulpak jaten zaitu. Astelehen goizean zure lagunak deitzen dizu, eta orduan trankiltzen zara.

 

Zure lagunak ez dizu poltsa etxera eramaten uzten, komuneko zulotik botako zenuke.

 

Plazer anala deskubritzen duzu hortzeskuila more batekin.

 

Zure laguna etan dagoela jakiten duzu.

 

Gurasoek urrutiko agintedun telebista erosten dute. Jose Maria Aznar aukeratzen dute Espainiako presidente, Inurrategi anaiek Shisha Pagmako gailurra egiten dute eta urak eramaten du Biescaseko kanpina.

 

Zure lagunak mendi-irteerak egiten ditu beste lagun batekin. Ez zaituzte inoiz gonbidatzen.

 

Lagako hondartzan itsasora sartzen da zure laguna, eta ezin da olatu artetik atera. Ez zara trebea igerian, baina bi aldiz pentsatu gabe sartzen zara bere bila. Justuan lortzen duzue uretatik onik irtetea. Ijje bagoiez bijjok, txo, esaten dizu. Zerbeza bat edaten duzue iluntzeko eguzkitan. Mundua kabitzen zaizue paparrean.

 

Zure aitak irratiak eta erlojuak desmuntatzen eta ostera muntatzen ditu, piezaz pieza. Beti sobratzen zaio atalen bat, baina funtzionatzen jarraitzen dute, hala ere.

 

Parrandan, zure lagunak bere etxeko giltzak ematen dizkizu. Kondoie, agintzen dizu, eta laztandu egiten dizu kalparra.

 

Aranek eta biok konfidentziak konpartitzeari uzten diozue. Orain zure lagunaren nobia da.

 

Txikitxuen nobioaren lagun egiten zara. Zuk baino hamar urte gehiago ditu.

 

Zure gurasoak eztabaidan ari dira sukaldean. Zu ate ostean zaude. Aitak garrasi egiten dio amari, ez zaizu gustatzen eta, hala ere, haren alde kokatzen zara.

 

Ikastolan, mutilek bazter uzten zaituzte. Neskekin ibiltzen hasten zara. Zure lagunik onenak Aran altie eta Aran txikitxue dira.

 

Kozinatzea eta loreak zaintzea gustatzen zaizu. Arrosak ureztatzen ari zarela, osabak besotik oratzen dizu, eta lantzarrean barrena zaramatza astoa bazkatzen den tokiraino. Estutu egiten dizu besoa. Astoaren aurrean zutunik, zer jaten dau astuek?, galdetzen dizu. Bedarra, erantzuten diozu. Ba, hori, dio berak.

 

Zure gelako guztiek jaunartzea egiten dute. Zuk ez. Zergatik galdetzen diozu aitari. Guzurre dalako, erantzuten dizu.

 

Aita ikusten duzu komunean, ez du atea ixten. Eserita egiten ditu txiza eta kaka, baina alderantzizko posizioan. Komunean aurrera begira esertzen da kaka egiteko. Zangalatrau jartzen da txiza egiteko, zisternaren aurrez aurre. Berdin egiten ikasten duzu zuk.

 

Altzükütarraken kasetea Dyane 6an buelta eta buelta.

 

Haurtzaroko soloetan barrena. Sangriaz betetako balde bat daramazu giderrari bi eskuez oratuta. Belarretarako sasoia da. Traktore-hotsa urrunetik, hurbildu ahala aita, ama eta izeba-osabak arrasteluak eta sardeak eskuetan, metak egiten eta belar sikua traktorera botatzen. Koadrodun alkandora gorriaren paparra zabalik, izerditan, aitak dei egiten dizu. Ahots horretarantz zoaz.

 

Aita pozik dagoenean, zu Machaquito zara eta zure anaia Bombita.

 

Bostehun pezeta hartzen dituzu amaren diru-poltsatik, eta, leporatzen dizutenean, ukatu egiten duzu. Aitak orkatiletatik heltzen dizu, eta esaten dizu ez dizula buelta emango egia esaten duzun arte. Aitortu egiten duzu.

 

Baineran jolasean ari zarela aitaren bizar-labanarekin zauria egiten duzu masailean.

      Zegaittik ein ddozu? —galdetzen dizu.

 

Bainuontzian, zakilaren azala atzera bota eta garbitzen erakusten dizu.

 

Izaban, zure aitak sua egiten du. Mirari bat.

 

Udan galdu egiten zara Laidako hondartzan. Bozgorailuetatik entzuten da: Ume bat galdu da hondartzan, ume bat galdu da hondartzan! Zure izena galdetzen dizute, baina ez duzu gogoratzen.

 

Aitak sehaskatik erauzten zaitu eta amak fardel bat sartzen du bertan. Zu, nigaz, esaten dizu aitak. Geroztik, lau zarete.

 

Aitaren sudurra hartu eta ahoan sartzen duzu.

 

Ilunetan, ahotsak eta musika urrun, negarrez ari zara. Bustita zaude. Gorputz guztiarekin marruka, ukabilak eta hankak tenk, orbanez dituzu betazalak eta kopeta. Voló voló Carrero voló… ez dizute entzuten. Hortzik gabeko ahoa zabalik eta beste dena itxita itxita zara odol haragi gose. Gero, oin-hotsak, kolpe bat, ate baten danbatekoa, eta, guztiaren amaierako zuloan, amaren usaina, parkatu, semie, parkatu, eta aitaren ahotsa eta kea eta esnea dena batera. Franco hil da.