Uso-pasea
1
“Se vende Salgai” dio kartelak. Eibarrera doala, biribilgunean, autobiderantz jo ordez, aspaldiko partez kostako bidea hartzea bururatu zaio. Mamografia bat egingo diote, aurrenekoa. Eguneroko molestiei, titi zanpatu bati, adibidez, edertasun printzekin aurrea hartzen saiatzen da. Konpentsazio-joko bat balitz bezala egiten dio bizitzari frente. Garaiz abiatu da, kontsultara baino lehen paseo bat egiteko. Gustuko du arkitektura zatarra, etxekoa zaio. Bizkor gidatzen du N-634an barrena. Huntzak aspaldi jan zuen Jazz Berri diskotekaren fatxada, ez zaio euforiaren arrastorik geratzen, aje luze bat baino ez. Aurrerago, gasolindegi bertan behera utzia igaro duenean, leihoak ireki ditu. Eskuinetik itsasoa sartu zaio; ezkerretik, mendia. Orain bai. Astigarraren hazi hegodunak biraka erortzen ari dira haizetakora: udazkena da. Zuhaitzen korridorea zeharkatu eta, bihurguneetan gora, autobide gaineko zubira iritsi da. Pasaeran ikusi du iragarkia, ia ez da ohartu. Akordatzerako, atzean utzi du etxea. Lepoa jiratu du, baina berandu. Txitxarroraino gidatu du, pare bat kilometro aurrerago. Bigarren dantzaleku abandonatua hamar minutuko tartean. Animalia eraitsi bat dirudi pabiloiak: hesiturik dago, txakur-txabola huts bat barruko aparkalekuan, kono bat buruz behera, adarrak eta orbela. Apaldu zaio krisi ekonomikoaren aurreko optimismoa, zaborrak ordezkatuko zuen. Hogeitaka urte parking hori azkena zapaldu zuenetik. eta, deja alguna discoteca, kantatzen zuten gerora. Bidegurutzera iritsi denean, noranzkoa aldatu, eta egindako bidea desegin du.
Hutsik dago bost kamioi handirentzako tokia duen hartxintxarrezko zabalgunea ere, platano mankatuek inguratua. Norbaitek hartu du haiek kimatzeko lana. Bezperetako euriek umeldutako egur lote bat eta legar ilunezko bi mendixka ertz batean pilatuta. Zelaian, fruitu lehertuak sagarrondoen oinetan. Fatxada printzipalaren parean aparkatu du. “Xanti” dio zintzilikako errotulu bertikalak. Etxaurrean beste bi afixa: Hospedajes-Agroturismo eta Restaurante. Baserri zapala eta zabala da, ez itsusia ez polita, karretera ertzeko taberna bat. Motorra itzali eta begira gelditu zaio. Beharrezkoa zen garaian, funtzio bat duten gauzei darien duintasuna izango zuen. Toki eta jende zokoratuak higatzen dituen nekadura gailentzen zaio orain. Autotik irten, urrats batzuk atzera egin, eta argazkia atera dio. Lotsatu egin da. Zubiaren ertzean esekita dago baserria, hantxe eusten diote etsi oneko paretek. A8a eraiki zutenean joan zitzaizkion lainezak, kamioilariek bigarren mailako errepideak ahaztu ahala. Itxita dauzka kontrabentanak, giltzarrapo eta guzti, batzuk. Etxeak azpitik igarotzen zaion autobidearen zurrumurruak loguratua dirudi.
Ondo ezagutzen du eraikinaren barruko antolaera: beheko solairuaren erdian taberna, egurrezko barra bernizatua, taburete pisutsuak eta mahai eta aulki trinkoak; eskuinetara berrogei lagunentzako komedorea, ardo-koloreko mantelekin eta paperezko mahai-zapiekin atondua; atzean altzairu herdoilgaitzezko sukaldea; ezkerretara biltegia eta, biltegiari itsatsita, garajea eta ehiza-txakurren txabola. Garajean irudikatu dituen autoak, todoterreno pinu-kolorea eta ranchera granatea, ez dira jada existitzen. Bietan jo izan zuen larrua.
Tabernako sarrerarantz gerturatu da, itxita dagoela egiaztatu du. Atarian aulkiak eta mahaiak ikusi ditu hormaren kontra pilatuta eta katez lotuta; atalondoan hamar bat loreontzi, urteko azken lore gorriak ematen ari diren geranioekin. Bihar bertan irekitzeko prest dirudi negozioak. Googlen sartu da eta “Restaurante Xanti Itziar” idatzi du; “temporalmente cerrado”, erantzun dio orojakileak. Inguratu egin du etxea. Ehiza-txakurren txabola hutsik dago. Atearen aldameneko eskailerak lehen solairuko terrazatxora ematen du. Amona Kruz hantxe egoten zen, eskailburuko barandaren kontra. Biltegitik ere igo daiteke, barrutik. Lehen solairuan atalondo estu bat dago beste bi aterekin: eskuinetara etxebizitza, eta ezkerretara kamioilarientzako gelak, bost guztira. Haietan ere egin zuten txortan, tabernako apaletik giltza ostuta. Giltza bakoitzak xanpain botila baten kortxoa izaten zuen giltzatakotzat.
Oraintxe dagoen tokian, baldosa laranja mateen gainean, terraza jartzen zuten: aluminiozko mahaiak eta aulkiak, plastikozko hautsontziak, propagandako sonbrillak. Kafea zeramikazko kikara zurietan ateratzen zen. Salda, katilu zabaletan. Ardoa, baso motzetan. Paperezko serbilletetan Gracias por su visita. Rober eta Suso gogoratu ditu gaupasaren baten ostean, eguzkiak berotutako lauza epelen gainean luze-luze lo. Autoak joan datoz. Bere atzean, errepidearen beste aldean, oilategia begiztatu du hortentsia lerroaren atzean, txabola luzanga bat, bakartua. Errebueltako bidexkatik gora, auzoko baserriaren, Berrotaran Goikoaren teilatua onenak emanda. “Berrotaango semian launa izango zea zu…”. Azkarregi igaro diren bi motorrek estali dituzte ahots zaharrak.
2
Biribilgunean daude, igandeko zinearen ostean. “Ze in nahi dezu?”. Neskak dio “ez dakit”; eta mutilak “ba, zuk esan arte hementxe eongo gea bueltaka”. Bietako bat: esan dezake “Lizarretara” edo esan dezake “etxera”. Etxera esaten badu, portaleraino eramango du. Neskak uhala askatuko du, baina ez du joateko zirkinik egingo. Fokuak itzaliko dituzte, eta hantxe geldituko dira farolaren argitan. “Pixka-pixkat iyazu” erregutuko dio mutilak, atzeratu egingo du eserlekua. Galtzen gainetik ukituko dio neskak irrika. “Lizarretara” esaten badu, herria atzean utziko dute eta baserri apartatura gidatuko du mutilak ranchera. Atzeko eserlekuetara pasatuko dira, neska barrutik eta mutila kanpotik, handiegia da eserlekuen artean makurtuta moldatzeko. Autora sartu aurretik mutilak txiza egingo du sasitzara. Neskak eutsi egingo dio larriari, lotsatzeko ere. Zangalatrau hartuko du mutilak laster, ipurmasailak estutuko dizkio: “Esan”, eskatuko dio. Ezin neskak hitzik atera, ordea. “Esate ez baiazu, ez dizut ingo”. Neskak muxu txikiak emango dizkio hitz egin beharrik ez izateko. “Beitu”, esango dio orduan mutilak, eta bakeroen botoiak askatuta galtzontzillo bustiak erakutsiko dizkio. Neskak ez daki ziur barruko ur horren jatorria eta sakonera zein diren. Mutilak eri-mamia hartuko dio eta neskak zauri bat laztantzen den bezala laztanduko dio iturburu txikia. Hasperen egingo du mutilak. Arnastu egingo dio izena: Nerea. Begiak zabal-zabalik begiratuko dio neskak: mutilak hortz onak eta begiratu zuzena dauzka. “Esaiazu zuk ze nahi dezun”, aginduko dio. Eta azkenean esan egingo du: “titiak”, “titiak” esango du hitzak lotzen dizkion lotsa monumentalaren gainetik. Eta oihalaren gainetik bilatuko dizkio uso jaioberriak, aitzurrerako esku lakar horiekin. Eta dardara egingo dute, eta kulunka, ilargiak Lizarretako askan bezala.
3
Auto bat leihatilak zabalik espasmoka iluna zartatzen. Neskaren tanga-tira kaio fin bat da gerri baxuko praka kanpaien gainean. Mozkorrak gain hartuta, lo-suma doa burua mutilaren magalean. Susok auzoan du logura, autoko argi luzeak diruditen begiekin zulatzen du gaua, izarrei builaka, besoak bolantera tenka-tenka eginda, isildu gabe. Berrotaran Goiko semea da txoferra, Roberren lagunik onena, “hermano” deitzen diona, ez alferrik. Susoren amak Berrotaran Behekoaren sukaldean lan egiten du, eta begiak jaisten ditu Xanti aldamenetik igarotzen zaionean. Roberren eta Susoren amak ondo konpontzen dira itxura batera, horrek despistatu egiten du neska. Bi mutilek buztin berekoak dirudite, Xantiren moldea eta terrajea dakarte: menditar hezurdura petoa, ile asko eta beltz-beltza gorputz osoan, begi garbiak, atzazal kakotuak. Hiru hilabeteko aldearekin jaio ziren etxekoneko baserrietan. Seme bakarrak biak, ia lau urte arte hartu zuten bularra, nork bere amarena eta hurkoarena, behartzen zirenetan. Ondo zukututa utzi zizkieten titiok, lanerako amantalen azpian lurrera begira. Pago-tantaiak bezala hazi ziren gero. Bekain-bakarrak eta patilladunak nola bata hala bestea, guapoak dira. Goizean egindako bizarra gauerako hazten zaie. Suso eta Rober. Elkarrekin hazi dira, elkarri lizuna bezala itsatsirik. Haurtzaro tabernero-landatarra konpartitzen dute. Txapa-karrerak eta tiragomak, estraperloko ardo tragoak eta Mikolapizak.
Hamar urterekin besoan tiroa jo zion Susok Roberri txoritarako eskopetarekin, urratua baino ez, suertez. Txakurrak masturbatzen hazi dira. Taka-taka-taka, animaliak zakil-gorritu, eztendu eta hustu arte. Laztan-kolpeka zaildu dira, ostiaka baina leial, sabelaldi bereko piztia bi. Neskak autoa gelditzen sumatu du, musika amatatu dute. Rober makurtu egin da eta zerbait hartu du poltsatik, mugitzen sentitu du, “mikatza ala goxua?”, dio Susoren ahotsak. “Goxua”. Zintz bat. Beste zintz bat, gertuago. Begiak ireki ditu, protesta egin nahi du, normalean ez dute bere aurrean drogarik hartzen. Baina, “ssss…”, ilea laztandu dio Roberrek, badaki behorrei hizketan, “ssss….”, kopeta kopetaren kontra. Kotxeko atea ireki eta irten egin da, burua heldu dio, eror ez dakion. “Torri, politt hori, nik zuri txarrik ez”, eta airean sentitu du gorputza. Besoetan darama eskaileretan gora. Roberren logelako usaina, ohe biguna, eskuak zapata astunak askatzen, belaunetaraino blaitutako galtzak eranzten, gauaren ustelak gelatik kanpora botatzen. “Eon hemen, laxte naiz”. Eta motor eta galga hotsa gero, musika bat, nanananananana nanana nana…, amets potoloekin nahasten hasi zaiona: Want more and more, people just want more and more…
4
Roberrek bazuen izendatzen ez zekien antsiaren bat lapikoei bezala azpia hartzen ziona. Intentsitate baxuko tristura ilun antxa bat antzematen zion Nereak, fede falta bat, zintz eta saka konpentsatzen saiatzen zena. Baserri hartan enterratutako isiltasunekin lotzen zuen. Neguan, ilunduta, logelako leihoan zigarroa piztu, eta zubipetik igarotzen ziren argiei begira egoten ziren. “Hortik salto in tzuan Joxe zaharrak”. Neskak ez zuen Susoren aita ezagutu.
— Buenos días.
Bere pentsamenduetan bilduta eta Berrotaran Goikora begira harrapatu du ahotsak, ezustean.
— Buenos días, ¿quiere algo?
Emakume ihar bat ari zaio goiko tranpaleko barandatik hizketan, Europako ekialdekoen traza eta azentua ditu.
Irekita dagoen galdetu dio.
— Todavía no, pero ya le saco. ¿Café?
Baietz. Zertan lebilke han, bestela. Txapinak jantzita eta giltza eskuan jaitsi da emakumea. Azazkal luzeak ditu, lilaz margotuak. Forro polar urdin argi bat soinean. “Un momento”, esan dio. Tabernara sartu eta argiak piztu ditu, martxan jarri du kafe makina. Musika latinoa aditu du kanpotik, ateari tranga kendu dio, “pase” esan dio. Berdin-berdin dago taberna, barraren atzealdean jarraitzen dute Athleticeko bufandek eta Itziarko Amaren irudiak. Kafea atera dio kikara zurian.
Jabe berria al den galdetu dio tabernariari. Barre egin du —¿tengo pinta de jefa?—. Ezetz, etxekoandrea —la señora— zaintzen duela esan dio, eta goiko pisua seinalatu du hatzaz. “Mucho genio”, esan du bizkarrez. Xantiz galdetzera ausartu da. Egin dion keinuagatik, hila dela ulertu du.
— ¿De la familia? —galdetu dio.
Oraingoan berak ezetz. Aspaldi, “hace veinte años o más”, askotan etortzen zela erantzun dio. Auzoko mutilak ezagutzen zituela. Rober eta Suso.
— ¿El que se ahogó? —esan dio—. Sí, ya sé, mi prima cuida a su madre, pobre mujer —Berrotaran Goikorantz luzatu du hatza.
5
Andutzera doaz txakurra hartuta. Roberrek hurritz-makila darama eskuan, pozik doa pauso luzeka, txistuka. Baserriko arratoi-txakurrak ere Rober izena du. Neskak eskua eman dion unean, puzker zaratatsu bat bota du mutilak, parrat!, eta algara bat gero. Besoan jo eta muturra okertu dio neskak, “txerria!”. Atximur mutilak ipurdian: “Mendixan puzkerra in ber da”. Mutil hori bera da herriko aldizkarirako iritzi-artikulu dotoreak idazten dituena, logelako apalategia liburuz bete nahi lukeena, kezka existentzialistekin bueltaka aritzen dena. Tontorrera iritsi direnean, poste geodesikoaren aldamenean eseri eta gazta atera du Roberrek motxilatik, patrikako labanaz zatitu eta ahora eman dio. Belaunaldiz belaunaldi finkatutako keinuak ditu. Harenen aldean, neskaren mugimenduek estreinatu berriak dirudite, praktiketakoak. Erpuruak txorten-zuloan inkatuta erdibitu du sagar bat. Ustela atera da. “Fruta batzuk barrutik kanpoa galtzen dia” dio, “sagarrak eta madarixak”. Txiza egin dio zuhaixka bati. Gero, haitz gainean zutik jarri eta besoaz inguratu du neskaren gerria. Makilaz seinalatu dizkio: “Han, gure piñarixak; han, gure terrenuak; han, gure ganaua”. Ez dio ezer, baina pinuak prozesionariak jota daude, neskak badaki hainbeste. Roberrek askotan esan dio urte batzuk barru hortxe egingo duela etxea, pinudiaren azpian, magal-magalean. Hamabiak jo dute. Mutilak maite ditu erretxinaren usaina eta kanpai hotsa. Bitxia da neskak sentitzen duena: ziur daki bera ez dela hor biziko eta, hala ere, beste pixka batean gelditu nahi du. Korrika jaitsi dira menditik. Pagadi batean, besotik tira dio Roberrek, “axkar bat”. Makurtu eta usain egin dio mutilak. Muzin neskak, ezetz, baineran nahi duela. “Oantxe zaure punttuan”, mutilak. Zikloa usaintzen dio. Obulatzen ari denean erotu egiten da. Jaitsi dira. “Gora guaz, zarra”, Roberrek aitari. Xantik sorbaldak astindu eta zerbait esan die barrako txikiteroei. Roberren desira erabatekoa da, gose zantar bat, asaltatu egiten du, gainera etortzen zaio. Furia denak batera esnatzen zaizkio eta inguratu egiten dute. Grina fuerteak frenatuz-frenatuz egiten du larrutan, bere buruaren kontra, susto aurpegiarekin, min hartzen duela ematen du. Nerearen irrika suge bat da, isilka eta sigi-saga igotzen zaio espero ez duen tokitik, pozoia bezala zabaltzen zaio gorputz osora. Roberren izterraren kontra igurtzika korritzea gustatzen zaio, arropak soinean, isil-isilik, “kabrona” esaten dio mutilak abisatu gabe korritzen bada. Biek ikasi dute erabiliak izatearen plazeraz kulparik gabe gozatzen.
Berrotarango etxeko komunean zabal-zabalik dago leihoa, euria ari du eta Nerea kanpora begira dago biluzik. Belartza eta, atzean, pinudi iluna. Roberrek toalla zuri bat darama gerrian lotuta. Neskaren bizkarrari itsatsi zaio, “ba, ez dakizu, ba…”, laborari ahotsa kokotean. Zaunka ari dira ehiza-txakurrak. Konketaren gainean, Xantiren bizarra egiteko brotxa eta xaboi-pastilla. Arestian, Magno xaboiarekin eta esponja handiarekin igurtzi dio gorputza behetik gora: erpe kakotuak, aztal finak, izter sendoak, sabel gihartsua, zentauro paparra. Larru iletsua eta azpiko okela. Amona Kruzek atea jo du lardaskan ari zirela, “oain ez, amona!”, uxatu du Roberrek. Likinak hartutako putzuak dirudite Roberren begiek Nerearen izterren artean. Miazka ari zaio, lehenengo, limoi erdia balitz bezala, gero, pikuari nola, eta txakurrek goporretik hala, azkenik. Neskak intuizioa du; mutilak sena. Ez da, zehazki, gauza bera. Lauza urdin iluneko bainugela lurrunduta utzi, eta hirugihar ogitarteko banaren bila jaitsi dira sukaldera.
6
Xantik errepidea gurutzatu, eta oilategira sartu da. Hanketatik helduta dakar oilasko bat, ama zaharrari ematen dio. Berrotaranen oilasko guztiek Kelemente izena dute, txakur ar guztiek Rober, eta emeek, Linda. Amonak egin dio lepoa oilaskoari atalondoko mukurrean. Oiloak eta untxiak hiltzea haren lana da. Gero sukaldeko harraskan utzi du hegazti beroa, eta hitzik egin gabe hartu dio txanda errainak. Roberren amak oilaskoa ur epelez betetako balde batean sartu du azaleko poroak zabal dakizkion, lumak errazago ateratzeko. Aulki txikian eserita lumatu du, isilik eta serio, abade esku zuriekin. Gizon triste bat dirudi Roberren amak. Erauzteko zailak diren azken luma txikiak kentzeko, plater sakon bat alkoholez bete, oilaskoa bertan sartu eta su eman dio. Atearen zirrikitutik ikusten ditu neskak andreen urratsak.
Bazkalostean siestara igo dira denak ama izan ezik. Roberren gurasoen gelak hotza eragiten du. Leiho-oholak eta horma-armairuak itxita, Nenuco kolonia printza bat airean, belaunaldien pisuari batere apaingarririk gabe eusten dio. Nereak ez du inoiz ama bertan ikusi. Oheak ongi eginda egoten dira, pikezko tapaki astunez estalita. Oheburuetan gurutze ilun bana. Sosegu artegagarri bat. Zeharka baino ez du begiratu ohi barrura, Roberren gelara bidean. Xantik hamabost minutuko siesta egiten du eskuak sabel gainean, estalkia erretiratu gabe, eta atzera tabernara jaisten da. Amona egongelan dago ahoa zabalik lo. Gehiegi jan osteko siesta-giroa eta lanaren martxa gurutzatzen diren momentua da. Roberren eta bien larrutarako une faboritoa, izara gogorren artera sartzekoa.
Berrotaranen jende artean bizi dira. Ezer ez da erabat pribatua, ezta guztiz publikoa ere. Bezeroek bazkaltzen ikusten dituzte, komunera joaten, siestatik bueltan, pozaldiak eta zaputzak mamurtzen. Roberrek eta Xantik barra konpartitzen dute. Apenas zapaltzen dituzte sukaldea eta komedorea. Nereak badaki etxe horren usainari iskin egin behar diola. Ezin duela ez armairurik ireki, ez izararik tolestu, ez mahairik jarri. Lanetik harrapatzen dela hemen jendea. Oraingoz, seguruagoa iruditzen zaio gizonen eremua. Bezero bat bezala portatzen da. Ohetik barrara eta barratik ohera egiten du. Eskerrak ematen ditu.
Arratsaldean ertzain patruila bat sartu da kafea hartzera. Xantik irratiaren bolumena igo die partea entzun dezaten. Kamioneroei karta eta hautsontzia ateratzen dizkie, jubilatuei tapetea eta txakurrei obedientzia zilarrezko bandejan. Rober, aitaren aldamenean zutik, edalontziak sikatzen ari da. Amaitu duenean, barrako plastikozko ontzitxoa irauli eta zotz bat hartu du, mania hori du, eskugainak sastatzekoa tabako-paketeen ertzekin, tolestutako tren-txartelekin, zotzekin. Uniformedunak joan orduko adarra jo dio aitari, poliziekin otzandu egiten delako. Imitatu egin du, meneko. Aitak trapuaz zart eman dio pantorrilletan, “putasemia”. Bizkarretik heldu dio Roberrek, arra bete gehiagoko gorputzarekin, eta besapean hartu du aitaren buru iletsua. Arrate irratia entzuten da sukaldetik, rantxerak eta trikitia. Barrura begiratu du neskak. Susoren ama plater-garbigailua betetzen ari da. Roberren ama, suak garbitzen. Amona Kruzek ez dio Roberren amari hitzik egiten, baina inguruan ibiltzen zaio txapinak arrastaka. Orain Roberren maindire eta arropa garbiak tolesten amaitu berri du, gero armairuan gordeko dizkio.
“Nere”, diotso Xantik, “toz”. Barratik irten eta sagardo-edalontzi zabal eta fin bati bezala heldu dio lepotik. “Ondo hartze al tzaittu beste honek?”, galdetzen dio semeari begira. Baietz, neskak. “Aber, ba”, Xantik buruaz. Sukaldera sartu direnean ama begira gelditu zaie erbinude begi beltzekin. Nebera industrialera darama Xantik. “Ikusi nahi?”, galdetzen dio. Neskak dena ikusi nahi du. Gizonak parez pare ireki du hozkailuko atea. “Gaur goizekuak” esan dio, eta erakutsi dizkio hogeitaka uso, kakoan eskegiak. “Zaharra!”, entzun du Roberren ahotsa tabernatik.
7
Eskerrak eman dizkio kafeagatik, eta biderako ur botila bat eskatu dio, naturala. Bost eurokoa utzi du barran. Telefonoak jo dio zerbitzariari, “ya voy”, esan du kafesnea prestatzen hasi ahala, eta gero berari, “un momento”. Katilua platertxoan jarri eta sukaldeko atetik sartu da, “ahora vengo, arriba no hay cocina”, esan dio. Ez dio esan badakiela. Emakumea goian dagoela aprobetxatuta, jangelako atea ireki du, mahaiak atondu gabe daude, itxuraz ez dute jaten ematen. Urratsak aditzen ditu goiko pisuan, karranka dagi egurrak. Begiratu azkarra egin dio sukaldeari. Altzairu hotza, arimarik ez. Barrara itzuli da.
— Y Rober, ¿suele venir por aquí? —galdetu dio zerbitzariari, jaitsi denean.
— Muy poco.
Kanbioak ekarri eta eskerrak eman dizkio. Ez dio bestelako informaziorik eman: non bizi den, zertan egiten duen lan, ezkonduta ote dagoen, seme-alabarik baduen. Berarekin batera atera da eta giltzaz itxi du atea. Itxuraz, ez du irekiko beste bezero despistaturen bat agertu arte. Kotxerantz joateko imintzioa egin du.
— Dice la señora que el chico se murió porque era demasiado grande.
Begietara begiratu dio neskak, eta pareko baserrira gero.
— Que cuando el coche cayó al puerto la chica salió por la ventanilla, pero él no cabía.
Autoan sartu da, oraindik gogoratzen du rancheraren matrikula, ertzainen eta suhiltzaileen argi gorriak eta urdinak Zumaiako moilan. Bi dei galdu ditu, alabarenak. Inozentzia pribilegio bat da, gero deituko dio. Arrankatu eta errepidera atera da, Berrotaran Behekoa erretrobisorean desagertzen ikusi du. Nork ez du zerbait salbatzeko beste zerbait naufragatzen utzi? Biribilgunean, kostako bidetik irten eta autobidean sartu da. Ez du kontsultara berandu iritsi nahi.