Literatura lezioak
Ostirala, 16:06
Idazlea etxean dago. Bikiei zorriak kentzeko orrazi estua du esku batean eta telefonoa bestean. Lurrean barreiatuta, koloretako egurrezko jostailuak. Umeetako bat negarrez ari da, eta besteak, isildu gabe, galderak egiten dizkio bata bestearen atzetik. Buru bat magalean jarrita, orrazia pasatu ahala lehertzen ditu parasitoak folio zuri batean. Adigalduta erantzuten die galderei. Plazer adiktiboa sentitzen du zorriak lehertzean, paf. “Odola zorriarena ala nirea da?”, galdetzen dio orain malkoak xukatzen ari den umeak. Idazle amak erditik tolestu eta atzazalaz zanpatuz hiltzen ditu bartzak. Telefonoaren pantaila argitu da berriz, whatsappa ireki du. Urtebete da azken eleberria kaleratu zuenetik. Haurrei titia kendu berri die. Faltan botako zaitut idatzi zion editoreari liburua aurkeztu berritan. Ez dizut utziko erantzun zion hark.
idazlea: Email bat bidali diot editoreari.
editorea: Zureari?
i: Jakina. Ea lagun diezadakeen.
e: Ba… “nire editoreari” esan behar didazu, mesedez, hurrengoan.
i: Ados.
e: Ez zen errieta (barkatu). Harrikoa egiteko nago. Ondoren… emaila deboratzera eseriko naiz.
i: Ez dut errieta modura hartu. Ez naiz haserretzen nire editorearekin.
e: Idealizatu egiten nauzu (nik zu bezala).
i: Katramilatu egin naiz ipuinarekin. Uste dut zuk segituan ikusiko dituzula gauza batzuk.
e: Bidaliko al dizkidazu ipuinari buruzko oharrak? Terrazan erakutsi zenizkidanak.
i: etxe-garbitzailea (oharrak).docx
e: Nahastetik askatzeko bidean ipiniko dugu ipuina (eta zu ere bai, seguru baietz).
i: Ni ari naiz… pixkanaka.
e: Nik idealizatuta zauzkat oraindik. Igual gehiago atzeratu beharko dugu elkar ikustea.
i: Nik ez dakit gionizatzen.
e: Et, et, et… ez segi hortik.
e: Gero arte, zeozer esango dizut (ona).
i: Edo txarra. Nire editorea zara.
e: Idealizatuko zaitut gaur ere, zu lasai. Aio, Jordan.
ETXE-GARBITZAILEA
(oharrak)
—Neska hartzea erabaki dutenetik, askoz gutxiago eztabaidatzen dute Garik eta Norak. Gemak astean behin garbitzen die etxea.
—Norak haurdunaldian proposatu zion Gariri etxe-garbitzailea hartzea, profesionalki desagertzeko beldurragatik (aktorea?, abokatua?). Gariri oso ideia ona iruditu zitzaion. Gari txukunagoa da Nora baino, agerikoan, behintzat (gero kaxoiak, ardo-botila hutsak harraska azpian, armairuetan pilatutako arropa...).
—Gema asteartero joaten da garbitzera. Hiru urte daramatza haientzat lanean. Dolutan dago, ez da alargundu zaharra. Autonomo-egutegi desordenatuen ondorioz, Norari eta Gariri sarri ahazten zaie asteartea dela eta garbitzailea etortzekoa dela. Ezustean harrapatzen ditu giltzaren hotsak sarrailan, mihia klaskatzen dute, ez da une egokia, joder, siestan, irakurtzen, lanean ari dira. Gema zarataka sartzen da, umea esnatzen du. “Zer moduz? Deskantsatu al duzue?”.
—Gemak garbitzen dituen beste etxeak: homeopata bikote batena aldameneko herrian (kontratuarekin). Homeopaten txakurra paseatzera ateratzen du. Produktu ekologiko garestiak erostera bidaltzen dute kooperatibara. Kuadrillako baten etxea (beltzean), semearena (beltzean) eta alabareneko eskailera (lau hilean behin, lau astez segidan. Beltzean eta eskura). Norak eta Garik beltzean hileroko transferentzia bidez.
—Gema Anarentzat (Garirentzat?) lanean hasi eta gutxira gaixotu zen Santi, Gemaren senar ohia. Ez zuen luze iraun.
—Etxe-garbitzaileok dena dakigu. Eta etxe-garbitzaileok lapurtu egiten dugu. Ez jabeek uste dutena, ez sufriarazten dien hori. Huskeriek tentatzen gaituzte. Ez dugu hautsontzietako txanponik nahi. (Norak eta Garik, nork bere aldetik eta elkarrekin hitz egin gabe, etxe-garbitzailea proban jarriko dute, dirua eskura utzita).
—Garbitasuneko neskentzako aholkua: Onartu andreak ematen dizuen guztia eta esan eskerrik asko. Utziko duzue gero autobusean, eserlekuko hutsartean.
—Norak opariak egiten dizkio Gemari. Gemaren aldean gustu fina duela uste du.
—Gemaren aurrean arropa berria probatzea gustatzen zaio Norari: “Zuri dena gelditzen zaizu ondo!”, esaten dio.
—Etxe-garbitzaileok: Ahal bada, ez lagunentzat lan egin. Lehenago edo geroago gogaitu egingo dira euren bizitzaz gehiegi dakizuelako. Edo zuen gustukoak izateari utziko diote, motibo berberagatik.
—Noraren leihotik hotela ikusten da, Gemaren lantoki ohia. Santiren arreba gazteenak darama orain. Deskribatu hotela, egin lotura Gemaren aurreko bizitzarekin. Gemaren iragana: hotel bat zeramaten Santik eta biek. Santiren familiarena zen hotela: Itsas Begi. Gema neskame hasi zen hamasei urterekin eta hemezortzirekin ezkondu zen Santirekin. Santik kokainari zion adikzioak, hoteleko festek, emakumeekiko adeitasunak, eskuzabaltasun histrionikoak, zorrek... harengandik banatzera eraman zuten, baina Gemak maiteminduta jarraitzen zuen. Etxe-garbitzaile hasi zen banatu berritan, sosak ateratzeko. Kontraturik gabe egin zuen hotelean lan 30 urtez. Etxea ordainduta dauka, baina aurrezkirik ez.
—Eserita ere gelditzen naiz sarri, berandura arte gelditzen naiz. Erretzen eta New York Times irakurtzen, liburu pornoak orriztatzen. Nola eraiki pergola bat. Batez ere, leihotik begira egoten naiz, aldameneko etxeari beha, hantxe bizi izan nintzen bolada batez.
—Nora eta Gariren leihotik portura begira egoten da Gema. Senar ohia ikusten du paseoan: “Han doa Santi”.
—Santik, aspaldi, haurrak eskatu zizkion Gemari (“zer kostatzen zain?”), Gemak ez zeukan argi guraso izan nahi zuen ala ez. Azkenean haurrak izan zituzten. Santik hire umeak deitzen zien Gemaren aurrean, “egien kasu hire umeei”. Orain Gema eta Santiren alaba zaharrena zerbitzuburua da Itsas Begin. Banaketak Gema desklasatu du, ez, ordea, Gemaren umeak.
—Gemak etxe hobea du Norak eta Garik baino: terrazadun etxabe bat itsasoari begira, hotelaren aparraldian erosia. Nora eta Gariren etxea 70 metro karratuko teilatupe bat da, armairurik gabea eta haurraren trastez gainezkatua. Errentan bizi dira.
—Nora ohartuko da Gemak, batzuetan, erre egiten duela etxean bakarrik dagoenean.
—Norak bere perfumearen usaina adituko dio Gemari. Errotulagailu bat hartu, eta lurrin-potoa markatuko du.
—Nora konturatuko da Gema —Gari?— bere ordenagailuan pornoa ikusten aritu dela. Historialean arakatuko du. Masturbatu egingo da.
—Garbitasuneko neskok: asko ikasiko duzue emakume liberatuengandik. Lehen fasea kontzientzia feminista hartzeko talde bat izaten da; bigarren fasea, etxe-garbitzailea; hirugarrena, dibortzioa.
—Gemak konfidentziak egiten dizkio Norari. Beraientzat lanean hasi eta gutxira kontatuko dio banatuta dauden arren, noizbehinka, Santirekin oheratzen dela.
—Emakume estatubatuar gehienei oso deserosoa egiten zaie neskamea izatea. Ez dakite zer egin beren etxeetan gauden bitartean. (...) Errudun senti ez daitezen, saiatu zerbait gaizki egiten.
—Gemak etxera sartzen den bakoitzean esaten du “hau da beroa!”. Menopausia betean, ez du disimulatzen bikote gaztearen etxea garbitzera joatea molestia zaiola. Laugarren solairua da igogailurik gabe. Izerditan iristen da. Purrustadaka garbitzen du, hasperenka. Ez da saiatzen beroa, nekea eta asperdura disimulatzen. Ahotik hartzen du arnasa, kamisetaren barrenarekin lehortzen du kopetako izerdia. Kargu hartzen die: “Aber, kristalak garbitzekoa falta da!”, “arropak oraindik bustita daude…”, “non dago nire garbiketarako kamiseta?”. Etxera sartu orduko, leihoak zabaltzen ditu parez pare, udan eta neguan. Nora ixtera jaikitzen da: “Hotz naiz”.
—Norarentzat erosoagoa litzateke Gema otzanagoa balitz. Ordea, Gemaren petralkeriak kontzientziako karga arintzen dio, garbitzaile bat —kontraturik gabe— kontratatu izana eramaten laguntzen. Gemak bere buruari kexarako ematen dion baimenak badu zerbait erredimitzailea Norarentzat.
—Deskribatu Gemaren gorputza mugimenduan.
—Gemari askoz errazagoa egingo zaio Santi maitatzea hura hil eta gero. Ez du harekin eztabaidatzen post mortem.
—Biziekiko, ertz desatseginen kudeaketaren emaitza da maitasuna. Hilekiko, ertzak ahanzteko gaitasunari dago lotuago. Hildako bat maitatzea norberaren burua maitatzeko ingurabide bat da.
—Gemak gaizki hitz egiten du: “ze sospresa!” dio, “mestatasia dauka”, “kaptus hori zer?”...
—Gari gogaituta dago Gemak ez duelako behar besteko arretaz, mimoz, sakon garbitzen (bere amak bezala). Dena kolpeka darabilela dio. Paretetako markak aztertzen ditu. Gema etxean egon ostean, errepasoa egiten du. “¡Cuánto amooor!”, esaten du sabaira begira. Gemak, batzuetan, gauzak pilatzen ditu inongo zentzurik gabe: liburuak-jostailuak-botikak. Paper-dorreak egiten ditu, hiru edo lau, etxean zehar. Zabarra da (sofa-ohea bi aldiz askatzen du ardatzetik). Ez du zaborra sailkatzen —Garik ere ez, Nora gainean egon ezean—, eta Norak sailkatutakoa nahasten du: dena plastikozko poltsa industrial batera husten eta etxepeko errefusaren kontainerrera botatzen du.
—Garbitzen ari denean, Gemak irratia oso ozen jartzen du. Manu Etxezortu gustatzen zaio. “Ez al du barre polita?”.
—Garik Gemari Fujitsu deitzen dio: “el silencio”.
pentsatu: Narratzaileak zergatik kontatzen du istorio hau? Narratzaileari etxe-garbitzaileak sentiarazten dionaren kontaketa izan dadila, egon dadila eboluzio bat distantzia harrotik begiramenera. Ipuinak izan behar luke… maitasunezkoa eta soziala. Zer sortzen dio narratzaileari Gemak senar hilarekiko erakusten duen maitasun idealizatuak? Nolako harremana du ipuineko bikoteak? Zer leku behar du ipuinean Noraren eta Gariren arteko harremanak? Zer dauka Nora-Gari bikoteak Gema-Santi bikoteak ez zeukana? Zer zeukan Gema-Santi bikoteak Nora-Gari bikoteari falta zaiona? Afektuen sarea dibujatu. Asimetriak erakutsi: klasea, kultura, generoa, adina. Nola maitatzen da posizio bakoitzetik? Narratzaileak etxe-garbitzailearekiko garatzen duen lotura... nolakoa da? Zeren sinboloa da etxea? Zeren sinboloa da zikina? Hautsa? Leihoa? Dirua? Dirua ez da sinbolo bat.
Ostirala, 17:31
E: Joder… Saiatu eta saiatu, eta ezin dut zabaldu (merde!) bidali didazun artxiboa. Ahalegindu naiz programa diferenteekin, eta ezin (zer arraio?) (kabreatuta nago!). Konputagailuak esaten dit, behin eta berriro, “el documento está dañado (neu ere bai) o protegido por la Administración de derechos (ez dago eskubiderik!)”.
i: Berriz bidaliko dizut.
e: Ipuina eta oharrak.
i: etxe-garbitzailea (oharrak).docx
i: etxe-garbitzailea (ipuina).docx
e: Arratsalde osoa daukat irakurtzeko. Gau osoa daukat irakurtzeko. Eta pentsatzeko. Gau osoa daukat zuretzat.
i: Ea orain.
e: Banoa!
e: Hau hankaz gora dago eta ostirala da oraindik. Bien!
i: Amaieratik hasi zara?
e: Inprimatu dut.
i: Zain egongo naiz.
e: Guanteak jantzi, ahoa tapatu, bisturia hartu… eta manos a la obra.
Ostirala, 18:31
E: Hor al dago nire idazlea?
i: Bai.
e: Gauza asko kontatu dituzu, abaila bizian kontatu dituzu, eta badirudi gauza askoz gehiago dituzula kontatzeko. Ondo ari zara. Dialogoetan motz samar, arnasa gutxirekin bezala; hori gero hobetu beharko da. Gogoan izan narratzailea aktorea dela, dialogoak esaten dituela eszenan, eta igarri egin behar genuke bere elkarrizketarako dohaina: dotorezia ez batere errekargatua, arintasun sobrioa gauza sakonak esatean, solaserako gustu atsegingarria (zerorrek daukazuna bezalakoxea), etc. Aktorea da!
e: Denetik dauka ipuinak: sozialki eta politikoki. Lortu behar duzu pertsonaia guztiek senti dezatela maitasuna eta ager dezatela, baina baita ere amorru espontaneoa (eguneroko bizimodukoa), baita ere botere harremanen konplexutasuna, eta... jendearen bizitzaren zaila eta bizitzak berez sortzen duen konfusioa.
i: Hori da asmoa.
e: Saiatu hitzez adierazten kontatzen dituzun prozesuen prekariotasuna: ze gutxigatik lortu duen gizakiak gizaki izatea, bizitzak bizitza izatea, munduak mundu, maitasunak maitasun eta gorrotoak gorroto. Zer oreka klasek eusten dio egitura prekario bakoitzari?
e: Pertsonaia asko dauzkazu: Nora eta Gari eta umea eta Gema eta Santi... horiek gutxienez.
e: Ipuinaren amaiera hobeto pentsatu edo imajinatu behar zenuke, nolabait esatearren: non eta noiz itzaliko diren argiak. Eta asmatutakoan zein izan litekeen amaiera, hasi behar duzu kontatzen ahalik eta hurbilen denboran amaieratik (ez hasi aspaldi). Gidoi moduko bat trazatu behar zenuke, asko daukazu-eta kontatzeko eta dialogatzeko eta sentipenetara ekartzeko (sentipen ideologikoak eta sexualak barne). Seguru al zaude narratzaileak aktorea izan behar duela? Zergatik ez... idazlea?
i: Idazlea ni naiz.
e: Orainaldian amaitu behar du. Etxean.
i: Bai.
e: Zergatik da hain ona Lucia Berlin? Haren aipuak dauzkazu oharretan.
i: Esan zuk.
e: Gaiztoa delako, eder eta argi idazten duelako, anekdotario zabala duelako, doi eta premiazkoa jartzen duelako, kondizio humanoaz gogoeta egiten laguntzen duelako, gaiztoz eta gozoz idaztea konbinatzen duelako. Eta hizkera!, mintzo da dotore, normal, poetiko, ahozko, zehatz, multiple.
i: Ze inbidia.
e: Hitz astunak eta arinak dotoreziaz konbinatzen dituelako.
e: Esazkidazu hitz arinak.
i: Laztana, luma, zira, desira, loa.
e: Gehiago.
i: Libelula, sagar, arima, heze, ihes, orein, sare, dirdira…
e: Aa! Me muero.
i: Amua, zura, altzifrea, akazia, pagoa, usoa, Chopin, Renoir, Aurore, Lilith.
e: Eta astunak?
i: Zintzarria, karroza, grabitatea, botanika, mertxikondoa, branka, popa, palmondoa, obulua, Kierkegaard, Cervantes, Ricardo, korrokoia, konkorra.
e: Je t’adore.
i: Beruna arinagoa da kortxoa baino.
e: Esaktamente! Zer oparitu zenidan urtebetetzean?
i: Gatsbyren hidroabioia.
e: Amodiozko opari bat da hidroabioia, fetitxe bat.
e: Jostailuzkoa, aerodinamikoa, sinbolikoa, txikia, irudimentsua, inteligentea, gurea. Ni naiz Gatsby, zu zara Daisy. Goazen urrutira. Dena da posible eta dena da gezurra. Itsasoa, zerua, lebitazioa, energia…
i: Plastiko zati bat.
e: Airean zintzilik idatzi behar duzu! Izan arina, bilatu beti mugimendua, informazioa eman, ahalik eta gehiena. Ipuina zaldi bat da, trostan edo galopan doana. Abiadura kontua da, abiadura mentalarena. Festina lente!
i: Nire ipuina asto bat da.
e: “Gaur… zaldiz ibili naiz gizon gisa eta emakume gisa, maitalea eta maitatua bainintzen pieza bakarrean, basoan, udazken arratsalde batez, hosto beilegien azpian, eta sentitu dut izan naizela dena batera… zaldiak, hostoak, trukaturiko hitzak, eguzki gorria… eta nire bi maitaleak”.
i: Flaubert?
e: Bingo!
e: Oraindik ez dakit zer kontatu nahi duzun.
i: Telefonoz hitz egingo dugu?
e: Oraingoz, oharrak hobeak dira ipuina baino.
i: Vaya.
e: Ni aktorea banintz, ni banintz kontalari hau, niri gertatzen ari zaidan asunto bati buruz ere jardungo nuke (ez bakarrik Gemari buruz). Beraz, oso probablea litzateke, nik —Norak, zuk— kontakizuna garatzea kontatzeko Garirekin —Anderrekin?— dudan harremana, kezka, arazoa, edo zeozer.
i: Bai.
e: Bai… telefonoz. Zuk nahi duzunean.
Ostirala, 19:34
I: Ze lotsa: nire intimitate guztiak kontatu dizkizut!
e: Gustatzen zait zure intimitatea. Asko. Gehiegi. Kolgatuta nago. Barkatu. Pozik nago. Gaur mezuka, atzo mezuka. Batzuetan pasatu egiten naiz. Baina horrela umore onez eta literaturaz ari garenean, barkatzen diot nire buruari. Asko gustatzen zait, disfrutatu egiten dut. Nire intimitatea baldintzatzen duzu. Gustatu egiten zait. Baldintzatu, hitz okerra izan da. Influitu esan nahi nuen. Estimulatu, akaso. Hori gustatuko litzaidake. Estimulatu ere bai… bai. Gero gaizki pasatzen dut. Kolgatuta. Malenkonizatuta. Alkoholizatuta bezala. Handik sei ordura, edo hamar ordura. Sufrimendurik ez… Kuelge bat. Zure falta. Eta jeloskor. Zurekin egon izanaren jeloskor. Ulertzen da? Hori leuntzen ikasi behar dugu. Lagunak. Lagun onak. Luuuuuuzerakoak. Beti literarioak. Aldika erotikoak. Libreak. Eskuzabalak. Alaiak. Hori nahi nuke.
i: Ez nizun telefonoz deitu behar.
e: Ez didazu ezer kontatu. Dohain hori ere baduzu: esan egin dizkidazu zure intimitateko gauzak, baina kontatu gabe xehetasunik (nik ere ez dizut utziko niri kontatzen).
i: Anderrekin ardo bat hartuko dut Gemari eta Santiri buruz hizketan. Eta afaria egingo dugu. Umeak gose dira.
e: Anderrekin ardo bat hartu, Anderri buruz. Santi utzi datorren asterako. Utzi ipuina datorren asterako. Ander eta ardoa, ardoa eta Ander dira orain garrantzia dutenak.
i: Urrunegi joan naiz.
e: Ez torturatu zure burua; torturatzailea ni naiz.
e: Ondo idaztea ezinezkoa da: utopia bat.
e: Aingeruek bezala idazteko (bizitzeko) deabru bat izan behar da eta gainera xanpaina eduki: distira, dotorezia eta alaitasuna.
Larunbata, 11:04
E: Ondo lo egin al duzu bart?
i: Ez, Anderrek gaueko txanda izan zuen eta berandu etorri da.
e: Anderrekin... gaueko txanda?
i: Idiota.
e: Ipuinean Gemaren bularrez esaten duzunari buruz pentsatzen aritu naiz.
i: Hmm.
e: Titiak ezagutzeko erraztasuna daukat.
i: Hara.
e: Titiak eta neskaren izaera ia beti etortzen dira bat. Ez beti.
i: Ez nekien.
e: Titiek badute zerbait… urrutitik dakarten zeozer. Titiak dira umore klase bat, izate klase bat… gorputz osoarekin datozenak, baina baita ere izaerarekin. Gemaren eta Noraren titiak bi mundu dira. Gemarenak zintzilik ikusten ditugu lurra garbitzen ari dela, handiak dira. Behi bat da, ugaztun bat. Noraren titiak… txorikumeak dira, eskuetako habian hartzeko irrika pizten dute.
i: Hori bastante erotikoa da.
e: Atseden eta atsegin arratsaldean, aio.
i: Distantzia hartuko genuela esan genuen.
e: Ez torturatu zure burua; torturatzailea ni naiz!
i: Malkoa atera zait.
e: Ez! Salda, garbantzuak, haragi egosia prestatzen ari naiz; denak lo daude; ez dakit zer ordutan iritsi zen Ines; beranduago, seguru, Ane, ordu biak pasata bai (gaia aldatzearren).
i: Zuk ez duzu sufritzen?
e: Nik hogei urte gehiago ditut.
i: Eta?
e: Hurrengo batean esplikatuko dizut, whatsappez ezin dut.
e: Atseden & atsegin.
i: Zer egingo duzu arratsaldean?
e: Ez dakit. Etxean egon. Etxean egoten naiz.
Igandea, 11:28
E: Berriz irakurri dut ipuina. Idazlea zara. Polita zara, ez zentzu estriktoan. Polita zara espresioan, bizitasunean, bekozko ados ez zaudenean, gauzak esatean niri, polita zara pentsamenduan, buruan duzuna esaten… ez zara ohartzen zenbat! Erotismo handia duzu taupaka. Buru prodigioso bat! Eta Uma Thurmanen oinak!
e: Pulp Fiction - “Foot Massage” - YouTube
i: Baita zera ere.
e: Xehetasunetan fijatzeko gaitasuna daukat. Italo Calvinori esker hartu nuen kontzientzia: erritmoa, belozidade handia baina detaileetan pausatua, etc. Fitzgerald bizkorra da kontakizunean, nahiz eta dotorezian regodeatu. Organizatua? Ez. Antolatua? Ernea. Adi egoteko modu hori ikasi behar duzu. Testuaren zerbitzura adi. Bizitzan.
i: (audio mezu bat, 3:16 minutukoa)
e: Oraintxe adituko dut. Ane jaiki da. Ines esnatu dela konturatu naiz, telefonoz dihardu norbaitekin. Foot massage eszena transkribatu eta euskaratu behar zenuke. Fijatu Tarantinok nola egiten duen.
i: Sontag-en Koilara itzuli dut.
e: Sontag hobea da saiakeran. Fikzioan ipurdiak pisatzen dio.
e: Erabili ahalik eta gutxien guztiz, oso, erabat eta halako hitz totalitarioak.
e: Saiatu gauzak eta esaldiak kentzen.
e: Zaindu akotazioak.
e: Ez presatu, beti berridatzi, eta laaaaasai.
i: koilara.docx.
KOILARA
Koilarak ahoan bere lekua duela dirudi. Koilara ez da guztiz heldua, labana eta sardexka diren eran. Koilarak ez du mehatxatzen. Koilara haurtzaroko mahai-tresna da, atseginena. Koilara infantila da. Mmm-mmm. Bildu nazazu apur bat, isuri beste pittin bat. Sehaska nola, edo pala, edo esku ahurra. Ez du ebakitzen, zulatzen, zeharkatzen. Onartu egiten du. Biribila, makoa. Ez zaitzake makilakatu. Ez fidatu semeaz sardexka garraio, labana eskuan, baina zer min egingo dizu koilaraz? Koilara bera da haur bat. Mundua plazerez enpo dago. Zauden lekuan egon besterik ez duzu. Hemen. Orain. Eman nire koilara, eman nire koilara handia eta jango dut mundua. Koilaratxoa: besarkatzea, muxukatzea, laztantzea. Maitaleak ohean koilaren eran ahokatzen dira.
Igandea, 11:43
E: Eskerrak barea den mezua, ze bestela...! Zure hitz egiteko modua eta sintzeridadea demoledoreak dira. Ondo pasa aperitiboan. Elkar ikusiko dugu noiz edo... noiz.
i: Oso nekatuta nago.
e: Ez dakit zer esan.
i: Neurriak hartu behar ditut.
e: Terapeutek asko dakite, ikasi egin dute, formulak dauzkate, konpartimentazio-sistemek funtzionatzen diete. Literatura desberdina da... bestelako formulazio batzuekin egiten da, oso konfusoa izaten da dena, autentikoagoa (gezurra badirudi ere).
i: Distantzia behar dut.
e: Zenbat eta urrunago, okerrago (terapeuta batek doi-doi kontrakoa esango lukeen arren).
e: Terapeutak halakoak dira: hasteko... protokoloa; gero... estirpazioa; bitartean... kobratu. Ondoren... gero gerokoak.
i: Baina funtzionatu egiten du.
e: Bueno, batzuetan.
i: Aio. Ez dakit egunotako konbertsazio hau nola definitu.
e: Ez definitu.
i: Inork ez du horrela hitz egiten whatsappez.
e: Guk bai.
e: Ez klasifikatu. Ez konpartimentatu. Ipuin bat izan da gure arteko dialogoa. Denetik eduki du. Den-denetik. Inpresionantea izan da. Oraindik borratu ez baduzu elkarrizketa... irakurri. Uste dut jeniala izan dela. Nik ezabatuta daukat (idatzi ahala borratzen dut).
i: Egongo gara egon behar dugunean (suposatzen dut). Me rindo.
e: Muxu bat. Debekatuta daukazu errenditzea. Atseden!
i: Haserre nago. Lotara noa.
e: Eeee? Nirekin?
i: Ez.
e: Ez sufritu, mesedez!
i: Zorabiatzen nauen honekin guztiarekin.
e: Lo egin. Gero esnatuko zara, eta dena joango da ondo.
i: Ez kezkatu nigatik. Ez zait gustatzen. Nire burua krispatu dut.
e: Nekatuta zaude. Muxu bat. Amets egin!
i: Nire buruari min ematen diot. Ez naiz nire burua ondo tratatzen ari. Idiota bat bezala ari naiz jokatzen. Erridikulua da guztia. Kaka, oso haserre nago.
e: Et, et, et.
i: Elkarrizketa osoa berrirakurri dut: benetan ematen dugu idiotak.
e: Ez.
i: Bai.
e: Ez.
i: Gilipollas.
e: Nekatuta zaude.
i: Aio.
e: Lo egin, eta Ander iritsitakoan kosk egiozu.
i: ¿A ver si se me baja el intelecto al coño?
e: Horrelako zeozer.
i: Lehengoan esaldi hori bota nion.
e: Zer!
i: Horixe.
e: Ze esaldi... A ver si se me baja... hori?
i: Fóllame: a ver si se me baja el intelecto al coño.
e: Ondo esana. Zergatik ez? Hori da nire idazlea! Violenta, tierna eta, batez ere, adorable.
i: Elkarrizketa hau…
e: Bai. Horrela idaztera iritsiko zaren egunean... uf... ondo joango da dena, oso ondo.
i: Puf.
e: Zer min egingo dizu koilaraz?
Igandea, 13:50
E: Ezin al duzu lorik egin? Merde! Nire kulpa!
i: Ez nago ondo.
e: Lagunak gara.
i: Ez.
e: Zure lagun ontzat daukat nire burua.
i: Min ematen dit telefonoaren argiak begietan.
e: Ez lotsatu nirekin, ez lotsatu niregatik, ez lotsatu zuregatik.
i: Ander iritsi da. Atea entzun dut.
e: Ez estutu.
i: Oso gaizki nago.
e: Ez zaude gaixo. Zure burua posizio horretatik askatu behar duzu.
Ander ohera sartu da. Ez ditu bikiak entzuten. Besarkatu egin du idazlea, “oso polita zara” esan dio. Idazleak negar egin du luze. Igandea da eta dena hankaz gora dago oraindik.