Hetero
Hetero
2024, narrazioa
160 orrialde
978-84-19570-29-1
Azala: Alain Urrutia
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2020, kronika
2019, saiakera
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

Landareek hazteko behar dutena

 

 

 

 

Zarautzen, langile barrio batean eraikitako lehendabiziko zoru erradiatzailedun etxebizitzan, Jabi lorezaintzarako eskularruak janzten ari da. Aingura txikien marrazkiak dituen bainujantzi azulmarinoa du soinean eta kamiseta nasai bat, aitzurraren bila makurtzean sabelaren parean puzten zaiona. Laida ontzitik atera berri duen magnoliaren ondoan dago zutik, irribarrez, zuhaitz klase horri buruz irakurritako datu bat etorri baitzaio burura: “Magnoliek, petaloen ordez, tepaloak dituzte”. Mattinek goizean egindako galderarekin lotu du: “Ama, ni noiz hasi nintzen prefekto hitz egiten?”.

      Jabik galdetu dio zer ari den barrez, eta Laidak “txorakeria bat” esan dio, baina kontatu egin dio, dena den.

      — Etxeko prefektua —dio Jabik, eta magnoliarentzat zuloa egiten hasi da.

      Harri kozkorrak erretiratu, landarearen ipurdia zuloan sartu eta turbaz gozatu dute. Laidak hatzak lurrean hondoratu ditu, eta beherantz sakatu dio orpo trinkoari, ertzetako hutsuneak betez Jabik ateratako lur puska hezeekin. Apartatu denean, ureztatu egin du Jabik.

      — Noraino haziko da?

 

 

Etxea estreinatu berritan, Laidak sofarekin eta egur tonuarekin bat zetozen kotoizko arropa argiak janzten zituen, apal hitz egiten zioten elkarri, mantak tolesten zituzten, tentuz ibiltzen ziren hormak ez zikintzeko. Laidak eskuaz lisatzen zituen ohazalak, ordura arteko aldi konpartituaren izurrak ere keinu harekin berdindu nahi balitu bezala. Baina laster errebelatu zitzaien egunerokoa, arrunkeriarako tema egoskorrarekin. Jabiren amak gomendatuta enkargatu zituzten zakukada bi behor gorotz baratzea ongarritzeko. Lurrean zabaldu eta gutxira hasi ziren euliak agertzen. Laidari onartzeko moduko ordainsaria iruditu zitzaion eskuratu berri zituzten pribilegioen trukean: aurreneko aldia zen etxean lanerako gela bat zeukana, belarra zapal zezakeen pijama erantzi gabe. Leihateak itxi zituen, estoreak erdiraino jaitsi, eta euliak erdi lo egoten ziren albako tarte labur batean haizeberritzen zituen logelak. Jabik motelago zirudien, beharbada ez euliengatik bakarrik. Apal antzean zebiltzan enpresan, ondo koipeztaturiko hiru hamarkadako zaina galduta, beherakada hasi zen unea identifikatu ezinda eta gainbeheraren motiboak ihes egiten zien sentsazio txarrarekin. Almazeneko “Imaz Elektrizitatea” errotuluak lekutan zeukan garai bateko distira. Edo agian, unerik zailenetan bere lekuan eutsi bazion ere, tripetara helduta zeukan oraindik Laidarekiko desengainua, haren begien irrika, beste gizon batekikoa. Trapu-zartek esnatzen zuten Laida goizetan. Euliek arrautzak jarri zituzten eta larbetatik euli txiki likinak jaio ziren.

 

 

Zakurra paseatzen ari zen Iria, jasmin faltsu landatu berriek oraindik estali gabeko hesiaren aldamenean. Itxituratik barrena, euliz estaliriko murruari begira gelditu zen, eta saila ureztatzen ari zen Jabiri esan zion:

      — Ez kezkatu, etorri bezala joaten dira.

      Auzoan bizi zen, babes ofizialeko etxeetako batean. Bistaz ezagutzen zuten, haren hiru semeetako txikiena Mattinen ikasgela berean zegoen.

      — Liztorren txanda orain.

      Iragarri bezala gertatu zen: liztorrak etorri, eta euliak jan zituzten aski modu agresiboan. Jabik eta Laidak txunditurik behatzen zioten horma kontran tontoturik zeuden eulien ehizari eta intsektu batzuekiko zein besteekiko euren pasioen bilakaerari. Liztorrak boz gora animatzeraino iritsi zen Jabi.

      Handik egun batzuetara, zapi batean bildutako piku sorta batekin azaldu zen Iria atean.

      — Alde egin al dute?

      Bi familien arteko laguntasunaren hasiera izan zen. Iriari lasaitasun aire bat zerion, Jabik eta Laidak behingoan gutiziatu zutena, eta sartzen utzi zioten. Pikuak, hurrak eta mizpira eskukadak ekartzen zizkien, sukaldean eseri eta belar-urak edaten zituzten. Iriaren bozak arbolen gaineko euria gogorarazten zuen, hain zuen presentzia diskretua, egun batzuetan airez egina ematen baitzuen. Formazioz itsas biologoa zen eta gaztetan hainbat espediziotan parte hartu zuela kontatu zien entusiasmo handirik gabe. Kaxaloteak ikertu zituen Australiako uretan, eta kaxaloteen tripa barruetan edo hondartzetan hilik agertzen ziren txibia erraldoiak, Valparaison. Besteren etxeetara egokitzeko gaitasuna zuen, eroso agertzen zen, bistakoa zuen hamaika kamainatan etzana eta makina bat mahaitara eseritakoa zela. Jabi eta Laida ere harkor sentitzen ziren Iriarekin, eta horrek bat egiten zuen beren buruaz izan nahi zuten etxejabe abegitsuen irudiarekin. Iriarekin erraza zen: opariekin gorteatzen duen txoriak nola, fruituak eta haziak ekartzen zizkien atera, ez zuen keinu desegokirik egiten, eta beti alde egiten zuen garaiz. Leihotik ikusten zuten dotorezia mantsoan aldentzen.

      Iriak haurrak jaiotakoan utzi zion ikerketari, baita bidaiatzeari eta atzerriko lagunak bisitatzeari ere, orduz gero munstro itsastarrek berarentzat inolako esanahirik ez balute lez. Bere buruari bolumena jaitsi ziola ematen zuen. Orain surf eta padel eskolak ematen zituen hondartzan, ia hutsaren truke. Aspaldiko babesleek edo hondartzako ikasleek opari emandako arropak janzten zituen, kolorea galdutako janzki onak. Bere buruari urrunetik begira ariko balitz bezala ibiltzen zen, gorputzak ez baizik oroitzapenak mugitzen diren eran. Solte eramaten zuen ile grisa, apaindurarik batere ez. Hitz egin arau aharrausi egiteko ohitura zuen. Jardun nagi hartan esaten zuen ezerk ez zirudien determinantea. Antzeman zekiokeen kokotseko keinuan eta begien hondoan tristura tanta bat soseguarekin nahasten erraza, baina, lehen begiratuan, zuhaitzetatik fruitu helduak biltzen imajinatzen zenuen, erraz, errespetutsu, bakean. Laidak, bizitzaren puntu hartara iritsita, horixe baino ez zuen desio: umo zena jaso.

 

 

Elkarri mesedeak egitera ohitu ziren. Laidak eskolak presta zitzan, Iriak mendi aldera eraman ohi zuen Mattin bizikletan ibiltzera, “zer kostatzen zait, ba”, seinalatzen zituen beste hiru txotxoak. Bazkalondoetan, Laidaren eta Jabiren lorategiaren aurretik igarotzen zen semeekin, eta Mattin ere artaldera batzen zuen. Hartara, Jabik eta Laidak ez zuten etxetik irten beharrik izaten. Iriak uzten zituen eskolan, eta, itzuleran, Jabik lanera alde egin aurretik, infusioa eskaintzen zioten eta udazkeneko eguzkitan esertzen ziren solasera, orpoa kafe hondarrez aberastu berri zioten magnoliaren aurrean. Iriak sandaliak eranzten zituen belarra zapaltzeko, kontaktua egitea deitzen zion. Laidak armairuen garbiketa egin eta, udako jantziak gordetzearekin batera, bi poltsa bete zituen Iriarentzat, “onak dira, baina ez ditut janzten”. Gorpuzkera antzekoa zuten, luzexkagoa Iriak. Tartean behin, Iriak eta Andreuk hirira joan behar izaten zutenetan, Jabiren eta bien etxean geratzen ziren bazkaltzen haien semeak. “Badatozela txetxeniarrak!”, oihukatzen zuen Jabik hiru morroskoek atea zeharkatu orduko, eta indarrez besarkatzen zituen. Aldez aurretik, izara batekin estaltzen zuen lihozko sofa familiarra.

      Gauetan, afalondoan, elkarrekin paseatzen ziren bi emakumeak eta Max. Laida lotarako pilulak uzten saiatzen ari zen, eta iluntzeko itzuliak on egingo ziola konbentzitu zuen Iriak. Bederatziak eta laurdenetatik hamarrak bueltara arte irteten ziren. Hondartzara jaisten ziren eta oinak bustitzen zituzten Max itzalekin jolasten zen bitartean. Itzuleran, kanaleko zubitik igarotzen ziren.

      Paseo haietako batean bere etxeko giltzen kopia bat eman zion Iriak Laidari.

      — Gorde —esan zion.

 

 

Iriaren etxean sartu zen lehen aldian, giltza-sorta sarrerako altzariaren gainean utzi eta apartamentuari begira gelditu zen Laida. Kataluniara joanak ziren denak, Andreuren herrira, eta landareak ureztatzeko eskatu zion Iriak. Laidak sentsazioa izan zuen zakur usainak ez ziola ondo ikusten uzten, dena estaltzen zuela manta batek bezala. Tarte bat hartu zuen, ahotik arnaska, sunda hartara ohitzeko. Arestian ohara egon izanarekin zerikusirik ba ote zuen galdetu zion bere buruari. Iriak ez zuen hustu nahi izan, ernaltzen ere utzi nahi zion, desira opa ziola esaten zuen, ezin ebatsiko ziola sena, baina arreske zen bakoitzean gupida zuen, eta erru bikoitza izaten zen animalia aztoratuaren antsiak sortzen ziona.

      — Andreu gogorarazten dit.

      Behin baino gehiagotan aipatzen zion, erdi txantxetan, senarraren sexu-irrika temosoa. Egunero ematen saiatzen zela esan zion behin.

      — Egunero? —harridura apaltzen saiatu zen Laida—. Noiz?

      — Zakurra atera ondoren.

      Laidak, ate aurrean geldirik, lurrean sakabanaturiko jostailuei erreparatu zien, tapiz batekin estalitako telebistari. Trapu bat hartu, eta hautsez estalita zegoen xingola landarea garbitu zuen. Metalezko esekitoki batetik zintzilik zeuden berokiak, jakak eta alkandorak, eta pinu egurrezko apalategietan pilatuta kamisetak eta jertseak, agerian. Artilezko alfonbra baten mugak bereizten zituen sala eta sukaldea. Egurrezko entzimeraren gainean ogia egiteko makina eta Thermomixa, sagar okerrez betetako frutaontzia, hogeita bost kiloko olo zakua eta txakurraren goporra lurrean, hormaren kontra. Hozkailuko atean, iman batekin finkatuta, sasoian sasoiko fruta eta barazkien gida. Aulki baten bizkarrean nahas-mahasean, orduantxe erantzi izan balitu bezala, Andreuren korrika egiteko arropak ikusi zituen. Euren etxe aurretik igaro ohi zen, irribarrez eta izerdi patsetan, eta agur egiten zien arnaska. Laidak kamiseta hartu eta, instintuz, usaindu egin zuen. Andreuren irudia egin zitzaion, egongelan biluzik atera begira, Iriaren presentzia airezkoa bertatik noiz igaroko. Burua astindu eta, Iriak eskatu bezala, balkoi txikiko landare lurrintsuak ureztatu zituen tapoia puntzoiz zulatuta zuen plastikozko botilako ur iraziarekin. Ordurako kartoituta zeuden zintzilikatutako arropak bildu, eta tolestuta utzi zituen Maisons du Mondeko mahaiaren gainean.

 

 

Kanaleko zubiraino iritsi zen behin tesi zuzendariarekin. Mattin txikia zen, urte eta erdi izango zuen, alokairuko etxean bizi ziren oraindik. Umearen gurdiari bultzaka abiatu zen Laida, arrapataka eta odola kantari, txikiaren bazkalondoko siesta aprobetxatuz Ramonekin biltzera. Zerua ikusi zuen zerua jaten. Malekoiko tabernetako beirateetako islan ez zuen bere burua ezagutu, beste bat zirudien, frenetikoa eta galdua. Haurra esnatu aurretik bi ordu izango zituztela kalkulatu zuen. Pentsatu zuen bera iristerako Ramon terrazako mahai batean egongo zela, artean plantxaren lurrina zerion polo urdin iluna soinean eta emazteari ebatsiriko zigarro luzanga bat ezpainetan, liburu bat zabalik ezkerreko eskuan, ezkerreko orkatila eskuineko belaunaren gainean, bizkarra atzerantz bermatuta eta ukalondoa aulkiaren bizkarrean. Edo bera iritsi eta lasterrera agertuko zela zaldiz, hala deitzen baitzion bere bizikletari, eta aisa jaitsiko zela zalditik —behorretik, sekula ez—, martxa guztiz gelditu aurretik, mutiko bat institutu aurrean bezala, eta “hegan etorri naiz” esango ziola edo “kaixo”, hain serio eta seguru, denak baitzirudien aurrez esana.

      Laidak emakumeen desiraren errepresentazioa ikertzen zuen euskal literaturan. Fakultateko bulegoan gaia aurkeztu zionean, Ramonek besoak luzatu zituen eskuekin tren bat gelditu nahi balu bezala eta oihuka esan zion “Et, et, et! Nora zoaz?”. Baina handik aste gutxira airez beteriko ahotsarekin hitz egiten hasi zitzaion, egarri handia duenak nola, eta Laidak piztiaren bat bezatu uste izan zuen. Handik gutxira, noizbait fakultatetik kanpo gelditu behar luketela esan zion Ramonek. Askotan erabiltzen zuen behar aditza: “Gogor lan egin behar duzu”, “gauza inportanteak egin behar ditugu”, “eskuez eta oinez hitz egiteko gelditu behar dugu”.

      Kanalera iritsi ziren egunean Emma Bovaryren eskularruari buruz hitz egin zuten itsasaldeko terrazan. Mattinek begiak ireki zituen une batez, baina buelta erdia hartu eta ametsetan jarraitu zuen Laidak doinuren bat murmuratu eta gurdiari eragin ahala. “Esku biluzi bat oihal horizko errezel txikien azpitik, ¡toma ya!”. Ramonek zigarro bat eskaini, eta muturra hurbilarazi zion bere supiztekoaren garrera. Beste bat piztu eta atxiki sakon bat eman zion. Gero hizketan jarraitu zuen ahotsa beheratuta. Laidak Holly Golightly aipatu zionean, buruarekin ezetz eginez keari mantso joaten utzi eta, harrituta, “¡eres fantástica!” esan zion euforiko, eta Laidak arriskutsuki gogoratu zuen gizon bat zoriontsu egitearen poz atabikoa.

      Golf zelaiaren aldameneko pasabidean barrena abiatu ziren oinez, gogoa biluzik Laida, Ramonen erudiziotik eta zapelatz begiradatik zintzilik.

      — Golightlyk denetik dauka: senar ohia, lagunak, akonpañanteak, tabernariak, fotografoa, mafiosoa, eta… Ibarra diplomatiko brasildarra. Ibarra… joder! Capote hori maisu bat zen, idazkeraren musikari bat.

      Kanalera iritsi zirenerako atezu zegoen Laida, esku bat Mattinen loa zaintzen eta bestea ile xerlo bat belarri atzean moldatzen. Hoditeriaren kiratsa zerion paisaia idilikoari, edo, akaso, kiratsaren oroitzapena zen airean zirauena. Orduan hasi zitzaion lokatz hura bularrean, baina, nolanahi ere, ez zion irribarre egiteari utzi. Zingiraren gaineko zubiaren kontra bermatu zen, besoak gurutzatu zituen barandaren gainean, urrutira begiratu zuen: lan bilera bat baino ez zen, ez zitzaion hainbeste falta tesia amaitzeko. Jabi irudikatu zuen, mantal marratua soinean, sukaldea jasotzen. Bere heldutasunari trankil heltzen zion gizon bat. Eta bakea eman zion irudi hark. Hondo lasai bat behar zuen, noizbehinka arrain tropikalarena egiteko. Barandan pausatuta, birikak hustu eta, iturburua bat-batean oroitu duen izokinak nola, etxera itzultzeko ordua zela erabaki zuen. Bizkarra zuzentzear zenean, zartako batek gorputza zurrundu zion bat-batean. Jiratu egin zen. Ramonek ipurdiko lehor bat eman berri zion eskuineko ipurmasailean. “Ama” entzun zuen orduan Mattinen ahotsa, eta, aztoratuta, besotan hartu zuen umea.

      — Orain ezkerreko aldea inbidiatan dago —esan zion Ramonek beste aldera begira—. Horrela funtzionatzen du literaturak.

 

 

Fakultatetik itzuli zenean, berokia eskegi, trasteak sarrerako bankuaren gainean utzi eta, oinetakoak erantzi gabe, bainugelara egin zuen, Mattinen kalaka txikia aditu baitzuen panpinekin jolasean. Semearen aldamenera makurtu zen. Biluzik eta ilea bustita ikusten zuen bakoitzean ohi zuenez, ume kozkorra ninitu eta txita bat irentsi izan balu bezala hitz egin zion, “baina, baina… nor daukagu hemen?”.

      — Arratsalde on! —muxu eman zion Jabik kokotean—, utziozu, oraintxe sosegatu da eta.

      Jabik ileko urkilak kendu zizkion, eta adatsa solte erori zitzaion bizkarrera. Komunetik irtetean ikusi zuen Iria sukaldean, mahaira eserita.

      — Ui, ez naiz konturatu hemen zeundela.

      — Igarri dut —erantzun zion Iriak irriz.

      Jabik mahai gainean utzi zuen bere ardo kopa, eta esertzeko keinua egin zion Laidari. Ardo kopa bat atera zion. Gazta zatitxoekiko platera luzatu zion Iriak.

      — Mandarinak ekartzera etorri da —seinalatu zion Jabik entzimerako frutaontzia.

      Haiek begiz jo orduko hedatu zen etxean zitriko usaina.

      — A ze bakea ume bakarrarekin, ezta?

      Iriak begiak itxi zituen isiltasuna arnasteko. Laidarena izaniko artilezko jertse beix bat zeraman soinean, aspaldi urak hartua, Laidak janzten zuenean baino laburragoa orain, agerian uzten zizkion eskumuturrak.

      — Tira, utzi egingo zaituztet —esan zien.

      Ez zioten pixka batean gelditzeko eskatu. Oinetakoak jantzi, eta orbela airean bezala joan zen.

      — Ze jatorra den.

      Jabi eta Laidarentzat eguneko tarterik intimoena izaten zen afaria prestatzekoa, eta momentu hori elkarri erreserbatzen zioten. Mattin gero eta gehiago entretenitzen zen bakarrik, eta bestela telebista pizten uzten zioten bakearen izenean. Jabik, mantala soinean, ardoa ateratzen zuen, eta Laidak solasa ematen zion. Jabiren ahotsa egur noblea bezalakoa zen, sendoa eta beroa, estruktura baten modukoa, haren gainean oinutsik ibiltzeko gogoa ematen zuen. Lanaz hitz egiten zuten, bataren, bestearen eta elkarrekin zituzten asmoez, lagunez. Barre egiten zuten suelto, lasai. Bizitza plan bat zuten. Normalean Jabik kozinatzen zuen eta Laidak gidatzen zuen konbertsazioa. Auzoko txutxu-mutxuak kontatzen zizkion saltsa loditzen zuen bitartean. Laidak ongizatea definitu beharko balu, “patatak frijitu bitartean Jabirekin hitz egitea” erantzungo luke. Gaztetan deprimitu egingo zuen ideia hark, baina gaztetan ez zekien deus landareek hazteko behar duten gutxienekoaz. Jabik atun lata bat ireki, eta ogi mutur batekin emango zion ahora, Laidak entsalada prestatzen lagunduko zion, kanpoan euria ariko zuen. Afalostean iritsiko zen Iria Maxekin.

 

 

Lau urtez gorde zituen Laidak Ramonen mezuak, tesiaz idatzi zizkionak eta tesiaren aitzakian idatzi zizkion beste batzuk. Hitz haien atzean zegoen gizona ulertu nahi izan zuen, bere burua ulertu nahi izan zuen hitz haien galipotean. Ez ziren inoiz elkarrekin oheratu. “Eskerrak”, pentsatzen zuen orain Laidak, zakilkatua izatearen umiliazioak baino gehiago —hasieran oso poliki egingo zuela imajinatzen zuen eta gero oso-oso azkar, konferentzietan hitza hartzen zuenean bezala—, gizon hura bere barruan husten irudikatzeak ondoez fisikoa eragiten zion. Sekula ez ziren elkarri begira luzaz egon, behako laburrak egin izan zizkioten batak besteari, zurrutaden antzekoak. “Lagunduko dizut”, esan izan zion Ramonek askotan. Eta esan izan zizkion bestelakoak ere, adibidez: “Egunen batean zuk niri bizarra egitea nahi nuke”. Ramonek, garai hartan, nahierara definitu ahal izango zukeen, bere adjektiboen zain bizi baitzen Laida, txorikume gosekila mokoa zabalik. Beldurra pasatu izanaz oroitzen zen. Ramonek bere aurpegitik oso gertu betaurrekoak erantzi eta begiratu zion hartan bezala.

      — Beste bat ematen duzu —esan zion Laidak dardarka.

 

 

— Norbait zurekin obsesionatzea nahi zenuen —esan zion Iriak hondartzan, aharrausika.

      Ordurako, Jabiren eta Laidaren konfidente bihurtua zen, bakoitzarena bere aldetik. Batarekin eta bestearekin paseatzen zen txandaka, normalean afalostean. Laidak ez zekien Jabirekin zertaz hitz egiten zuen, iraganaz mintzatzen ote ziren ala ez, lotsa zen, baina bazekien lotsa erruaren aldaera autokonplaziente bat baino ez zela, eta damua ardurari ihes egiteko biderik motzena, zubia zingiran.

      — Ezin nuen zerua ikusi —saiatu zen azaltzen.

      Ezina fisikoa zela esplikatu zion, hain zegoela irrikan, izuan eta kulpan korapilatua, begiratu arren ez baitzen zerua ikusteko gai. Ez zuela askatzen barreneko zera latz eta egoskor hark, espektazio gehiegizkoak ez ziola ezertaz ohartzen uzten. Itsas karakola batek bezala entzuten zion Iriak, ezer gehitu gabe, ez bazen sakoneko zurrumurru bat.

      — Jabik etxera itzultzen lagundu zidan.

      Iriak zaparradak harrapatu duen ume bat irudika zezala nahi zuen Laidak, baina ez zegoen ziur Iriak irudikatuko zuenaz. Kontatu zion Jabik beheko sua piztu zuela hirurentzat, Mattinentzat eta beraientzat bientzat. Kontatu zion galtzerdiak lehortzen utzi ziola, baina ez ziola inoiz erosi sarean harrapatutako euliaren bertsioa.

 

 

Gau batean, Mattin lokartu ostean besaulkian irakurtzen ari zela, Jabi bustita itzuli zen paseotik, arropak soinari itsatsita.

      — Bainatu egin zarete.

      — Bai.

      — Biluzik? —galdetu zion Laidak begiak liburutik altxatu gabe.

      Jabik kamiseta erantzi eta arropen saskira jaurti zuen. Zerbaitek, Jabiren besoaren mugimendu alaiak, haren bizkarraren hedatzeak, senarrari adi begiratzeko agindu zion. Jiratu zenean, beste bat zirudien, beste garai batekoa.

      2007ko neguko gaua. Frantses eskolako koadernoa bularraren kontra sartu da neskatila Herriko Tabernara, eta azkeneko mahaian ikusi du gizon gaztea, egunkaria irakurtzen. Beroki beltz luze bat darama soinean, gerora jakingo du aita hilarena duela. Gizonak begiak altxatu ditu. Auto barruan, hondartzan, Laidaren pisu konpartituko zoruan iraulkatu dira: usainak, plazera, lehia. Egurraren epeltasuna bizkar biluzian. Kalkuluak egin dituzte: ni inteligenteagoa naiz, bera guapoagoa da, biziagoa ni, serioagoa bera, sendoagoa da barruz, ni jeloskorragoa, gehiago desio nau berak, gehiago behar dut nik. Ez dakite zertan ari diren.

      — Jeloskor zaude? —galdetzen zion orain Jabik.

      Ezpainak estutu zituen Laidak aspaldi antzeztu gabeko keinuz, eta besoak gurutzatu zituen bularrean. Lepoa tenkatu eta bizkarra eman zion. Kokotean, egun-argia bezala hazten sumatu zuen Jabiren poza. Egin zion minaren sakona ukitu zuen, poz haren ifrentzuan. Besaulkitik altxatu eta hitzik egin gabe atera zen lorategira. Hego haizeak astintzen zuen magnolia, hurrengo urtera arte ez zuen beste lorerik emango. Kotoietan bilduta eskaini nahi izan zion Jabiri jelosia, hark, zazpi urte atzera, bere barrutik atera berritan Mattinen gorputz labaina eskaini zion bezala: “Zurea da”.

      Jabiren eskua sumatu zuen sorbaldan; farola batek atzetik argitzen zituen Iria eta Max.