Ikonoklasia kasu bat
Nire nobelagile-ohiturari jarraituz zerbait
asmatzen nuen aldiro, agudo sentitzen nintzen
asmatutako guztia ezabatzera bultzatua.
Natalia Ginzburg
Esan egiten zituzten halakoak, eta horiek ere gerora bakarrik, baina jakin, gutxik zekiten istorio hura zer puntutaraino zen egiazkoa edo asmazio hutsa. Agian inork ere ez. Gerraosteko Arrasaten, herriko gizon batek ardo kopa bat jaurti zion Francoren erretratu bati, taberna batean. Hori da kontakizunaren parte ziurrena: gizona existitu zelako, taberna existitu zelako eta, zalantzarik gabe, Franco ere existitu zelako. Baina bazen istorioaren parte hura are sinesgarriagoa egiten zuen beste datu bat; ekintza horren ondoren, gizonak herritik alde egin behar izan baitzuen, eta, beraz, dena egia ez izatera ere, ondorioetan behintzat egia izan zelako. Eta justu ihesaldi horren ondoren hasten da kontakizunaren zalantzazko partea: esaten zutenez, itzalean emandako denboraldi luze baten ostean, gizon hark pailazo lanetan bukatu zuen Frantziako zirku batean. Frantziako zirku batean. Zehaztapen gehiagorik gabe. Eta kontua da balitekeela benetan hala gertatu izana, eta, gainera, kontakizunaren hasierako parte ziurrak berme moduko bat ematen diola istorioaren bigarren zatiari. Horregatik, eta zalantzazkoa den partea parte ziurrera heda dadin utzi baino lehen, oraingoz, adostu dezagun baietz, hala izan zela benetan, eta Francoren irudiari ardo kopa bat jaurti zion gizonak zinez bukatu zuela Frantziako zirku batean, pailazo lanetan.
Jarrai dezagun.
1953ko ekain amaierako igande bateko eguerdian —hipotetikoa da datua—, emanaldi bat dauka gizonak, jar dezagun Sete hiri ederraren kanpoaldean. Jendez beteta dago zelai batean muntatu duten karparen ingurua. Eta nabarmendu egiten da toldoaren fantasia geometriko purua, haren atzealdean alde guztietarantz organikoki hedatzen den basoarekin kontraste eginez. Dei moduko bat zabaltzen du horrek inguruko herrietarantz. Hemen da zirkua, oihukatzen die. Eta jendeak erantzun egiten dio dei horri. Ilara animatuak osatzen dituzte herritarrek han-hemen, sarrerako atera bidean. Banda umil bat ere badago, gainera, zirkuko beste ikuskizunetan parte hartzen duten artistek osatutakoa: haize tresna pare bat baino ez, eta perkusio atal xume bat, baina, haien musikari esker, giro berezi bat irradiatzen du zirkuak, eta belarriei errepikatzen die karpak begiei bidalitako mezu bera. Hemen da zirkua. Etorri. Zaldi talde ezin zainduago bat ere badabil karparen kanpoaldeko belardietan sakabanatuta bazkatzen, gero emakumezko batek pistan zartailu batekin zirkuluak osatuz biraraziko duena, eta lehoi bakar bat ere ikus daiteke kaiola estu bateko lasto artean etzanda, haize instrumentuen doinuek logaletuta, karpara sartzen ari diren guztien miresmenerako tarteka aharrausi egiten dabilena.
Gero, barruan, justu trapezisten emanaldiaren ondoren eta gizon indartsuaren erakustaldiaren aurretik, bigarren pailazoak tarta bat jaurti dio Arrasateko gizonari, ikusleen algara eta pozerako. Edo agian ez. Hori baino seguruagoa delako Arrasateko gizona izatea bigarren pailazo lanetan dabilena. Batetik, ez dakigulako zer puntutaraino den gai frantsesez aritzeko, adibidez, eta bestetik, ez daukagulako inoiz arte formakuntzarik jaso ote duen iradoki dezakeen pistarik, zeina oso gauza bitxia izango bailitzateke gerra sasoiko giro hartan. Beraz, bera ez da, hasieran aurkeztu bezala, tarta zaflada jasotzen duen pailazoa —aurpegi zuriduna, adimentsua, printzipala—, baizik eta lehen pailazo hari tarta jaurtiko dion bestea —sudur gorriduna, mutua, laguntzailea—.
Probableagoa da horrela.
Arrasateko gizona da, publikoaren entretenimendurako, tarta zaplaztekoa jaurti duena, eta berehala korrika hasi dena, ihesi, beste pailazoak antzeztutako mendeku gosearen beldur balitz bezala. Keinu patetikoz joan da publiko artera eta, han, eserlekuetan, ahal bezala egin du aurrera zapata erraldoiek eragiten dioten trabaren gainetik irteeraraino, bide batez, bere bizitzaren parodia bat ere eszenaratuz, hark bakarrik errekonozitu dezakeena.
Ez zen zuzenean sartuko pailazo lanetan, halere. Zirku batean norbaiten bila zebiltzala iritsiko zitzaion, seguruenik, Paris inguruko herrixkaren batean suertatu zen sasoian, eta han azalduko zitzaien, frantses askorik jakin gabe, lan eske. Ogibide hura ere gainerako guztiak bezain txarra eta ona zela sinetsita. Pailazo tontoaren papera ere frantsesik ez zekielako lortuko zuen. Zuriak bai, hark hitz egiten duelako zertxobait, baina ez bigarrenak. Probarik gabe onartuko zuten, edonola ere. Orduan ez zutelako pailazoa behar: agian norbait behar zuten, edonor, diru apur batzuen truke batetik bestera ibiltzeko eragozpenik izango ez zuena, eta gutxi gorabehera edozer egiten jakingo zuena. Konponketak, garbiketak, tiketak saldu. Norbait.
Garbitzaile eta konpontzaile hasi zen, beraz. Gero, istripu hutsez, egun batez, ordura arte bigarren pailazo lanak egiten zituen gizona gaixotu egin zen, edo, agian, alde egin zuen, diru xextraren batek haserreturik. Kontua da, bat-batean, zirkua bigarren pailazorik gabe geratu zela. Eta, orduan, kasualitatez, han suertatu zen Arrasateko gizona, justu karparako sarrera inguruan, eskuan oraindik lanbasa zeramala. Ziztuan jantziko zuten, ahal bezala makillatu, eta bultzada txiki baten laguntzaz sartu zuten pista erdira, eta hala bukatuko zuen zirkurako ordura arteko lanak ez ezik, aurrerantzean, pailazo lanak ere egiten: kasu hartan, beste pailazo bati tarta bat jaurtitzen. Eta horrela itsatsi zitzaion tragedia klasikoen kutsu hori bere bizialdiari, behin eta berriz errepikatu beharko zuelako sorterrian diktadorearen erretratuari ardo kopa bat jaurtitzeko egindako keinuaren bertsio dramatizatua.
Sisifo bat, oh la la, sudur gorriarekin.
1953ko ekaineko igandera itzulita, tarta kolpearen ondoren, lurreko lonan mila zipriztinetan zabaldu da esne-gaina, eta, jendearen barreekin, bandaren musikarekin, kanpoko piztien hotsekin, zalaparta horren guztiaren erdian, esne-gain zati horietako batzuek herrialdeen mapen itxura hartu dute goitik ikusita, bakoitza bere esne-gainezko orografia bihurri partikularrarekin; menditsuago batzuk edo lauago besteak, kasuaren eta, batez ere, kasualitatearen arabera. Eta esne-gainezko herrialde horietako batzuk demokraziak dira —ez da ziurra— eta, aldiz, beste batzuk, gehiengoa —ziurrago—, diktadurak. Eta diktadura horietan biztanle batzuk estuago bizi dira, eta besteak lasaiago.
Lasaiago bizi diren horiek, esaterako, nazioartearen babesa sentitzen dute, edo, bestela, nazioartearen indiferentzia, edo, gutxienik, ez behintzat nazioartearen etsaitasun argirik, baizik eta nolabaiteko —esan dezagun frantsesez— laissez-faire diplomatiko bat. Edo akaso ezta hori ere, eta, besterik gabe, pentsaezin zaie arriskuan egon daitezkeenik irudikatzea bera. Eta horrek azaltzen du, diktaduraren errepresio aparatuaren efektibotasunarekin batera, zergatik jarraitzen duten esne-gain metatxo zehatz horiek oraindik diktadurak izaten, eta ez, esate baterako, demokraziak, beste metatxo batzuekin gertatzen den bezala. Finean, kanpo zein barne faktore horien baturak zaildu egiten duelako aldaketa. Momentuz behintzat, harik eta, sistema iraultzeko protestarik hedatu ezean, edo kanpoko esku hartzerik heldu artean, edo, noski, hori ere kasu arraroagoa litzatekeen arren, gerta daitekeelako, ia lau hamarkadako agintaldi luze eta odoltsuaren ostean, diktadorearen heriotza naturala heltzea ere, demagun, bere ohearen epelean, gaixotasun arrunt baten ondorioz, eta behin bere heriotzaren biharamunetik aurrera egin beharreko urrats guztiak zehatz lotuta utzi ondoren bakarrik.
Baina, ongi begiratuz gero, esne-gainezko diktadura horietan badira estu bizi diren esne-gainezko herritarrak ere, eta haien artean, haietako batzuek, akaso gutxienek, baina batzuek hitzez ere adierazi ezinezko amorrua sentitzen dute barruan, eta hazten eta hazten joango zaie, gainera, harik eta, gorenera helduta ere, asko jota, egoerak euren ezinegona horretara murriztuta, aurpegira ardo kopa bat jaurtiko dioten arte diktadoreari, edo, gutxienik bai, diktadorearen aurpegiaren erretratuari. Nahiz eta, praktikan, ekintzaren ondorioei dagokienez, ez duen garrantzi handirik izango diktadorearen beraren eta haren irudiaren arteko bereizketa itxuraz argi horrek. Zeren eta, irudiei buruzko pentsamendu konbentzio klasikoaren arabera, inperio bat zabaltzen baita enperadorearen bustoek zutik jarraitzeko joera duten lurraren azken muturreraino. Eta erregimen garaikideagoen kasuan ere, diktadorearen irudi bati errespetua zor zaiola jakintzat ematen den lurraldearen azken txokoraino heltzen baita diktadore zehatz horren gobernua. Eta, horregatik, diktadorearen irudi bat erasotzea ez da diktadorea bera erasotzeaz oso bestelakoa. Erasoaren egileari gerta dakiokeenari dagokionez, bederen.
Eta Arrasateko gizonaz ari ginen.
Inoren irudiari ardo kopa bat jaurtitzea delako egon daitekeen ikonoklasia ekintzarik xumeena. Zer esanik ez, konparatzen badugu, adibidez, diktadorea zerurantz garaile altxatzen duen zaldi gaineko brontzezko eskultura bat eraistearekin; edo, lehen aipatutako irudiei buruzko konbentzioen aritmetika kontrako norabidean aplikatuz, konparatzen badugu, esate baterako, ez diktadorearen irudia, baizik eta diktadorea bera, alegia, hezur-haragizko diktadorea, balezta baten laguntzaz azkonaz akabatzearekin, gero, gainera, patxadaz begira geratzeko, akaso, zauriaren geometria zehatz eta garbiaren ordenatik nola zabaltzen den odola harlauzetarantz, logika formal argirik gabe eta, halere, haien arrakalen irudietara egokituz. Baina ikonoklasia posible guztien arteko bertsiorik xumeena izanik ere, diktadore baten irudiari ardo kopa bat jaurtitzeak berdin-berdin jarraitzen du ikonoklasia ekintza bat izaten, bai eta, horrenbestez, ezarritako ordenaren aurkako mehatxu bat sinbolizatzen ere, zeinak zigor bat izaten baitu ondorio. Beti. Eta, zer esanik ez, kasu honetan bezala, esne-gain diktadura batean beharrean, diktadura erreal batean gertatzen bada.
Baina hau guzti hau ez dut aipatzen munduaren desordenamendua zeinen bidegabea den adierazteko, edota kontakizun zehatz honen oinarri erreala zein izan daitekeen kuestionatzeko. Agerian utzi nahi dudana delako zeinen garrantzigabea suerta daitekeen istorio baten bi mutur uztartzea, era, esan dezagun, naturalista batean, horrek esan nahi duena edozer dela ere. Maiz izaten dituztelako kontakizunek bi aurpegi, sekula erabat ongi bat egitera iristen ez direnak: bata ziurragoa dena, eta bestea ziurtasun gutxiagokoa izan daitekeena eta, inoiz, orain bezala, ia-ia fantasiaren esparruarekin muga egitera irits litekeena. Eta hor —hori da nire susmoa—, uste denaren kontrara, bigarren mailako rola besterik ez du izaten kontalariaren hari-muturrak lotzeko abilidade eta asmamenak; niri —onartzen dut, justu akaso horren faltagatik— beti pixka bat susmagarria ere egin izan zaidana.
Eta hor dago gakoa.
Arrasateko gizon hori benetan pailazo lanetan aritu edo ez, kontua delako, ezer asmatu beharrik gabe, balitekeela benetan hala gertatu izana, eta egia izatea herrian erdi ezkutuan eta soilik gerora kontatzen zen hori. Ez delako segurua, baina, era berean, izan daitekeelako posiblea. Eta nahikoa delako posibilitate hori, bi irudi hasiera batean solte horien artean dagoen elipsian garai historiko, politiko eta sozial osoa indar betez azalera dadin. Hain zuzen ere —eta horretara nindoan—, elipsi horretan ezkutuan utzi ohi den materia horrek guztiak aktibatzen duelako halako istorio inprobable baina posible baten sinesgarritasuna, eta ez kontalari bataren edo bestearen gaitasun teknikoak, edo irakurlearen sinesberatasunak. Sakonean, istorioa iturburu duen testuinguruak mantentzen duelako kontakizuna zutik, baita testuinguru hori desagertu denetik urteak joan direnean ere. Horregatik, utzi orain bi irudi biki horiek elipsiaren mutur bakoitzean izoztuta flotatzen —alde batean gizona diktadore bati ardo kopa bat jaurtitzeko puntuan, eta bestean, urte batzuen buruan, gizon bera pailazoz jantzita esne-gain tarta bat botatzeko keinua hasi berritan—, eta, luze gabe, biak lotuta egoteko aukera iradokiz agertuko du bere burua errealitatearen sakoneko laztasunak. Fidakor. Inor begira ez dagoela ziurtatua duen piztia baten arintasunez, bere ibilian, atzean, bere presentzia ezkutatzen duen egiantzekotasun arrasto ahul hori beste lorratzik uzten ez duela sinetsita. Eta horregatik, kasu honetan ere, kontakizun osoa egia izan daitekeela iradokitzea ez da kontakizun osoa egia izateaz oso bestelakoa. Kontakizunarekin aurkeztu nahi ziren azken ondorioei dagokienez, behintzat.
Eta, orain bai, jarrai dezagun. Garbitu dutelako olanako esne-gaina, eta badatozelako zaldiak. Lehoia.