Monogamoak
Monogamoak
2024, narrazioa
160 orrialde
978-84-19570-26-0
Azaleko irudia: Peter Fischli & David Weiss
Iņigo Astiz
1985, Iruņea
 
2019, poesia
2012, poesia
 

 

Svastikak

 

 

Zer jakingo nuen nik, ba, zer zen svastika bat. Milioi bat aldiz esan nion aitari txorrada bat baino ez zela, baina ez zuen ezertarako balio izan. Gainera, Gartxoten ideia izan zen. Eta, total, biak bota gaituztela ikastolatik, astebeterako. Nik berak baino askoz ere kulpa gutxiago daukat, baina, azkenean, nik jaso dut zigorrik gogorrena. Nik bi svastika bakarrik pintatu nituen, bi txikienak gainera, eta Gartxotek egin zituen beste guztiak. Eta esan nion aitari, baina ez dit kasurik egiten, eta zer esanik ez zuzendaritzakoek. Baina egia da, bi txikienak bakarrik egin nituen nik.

      Begira, zigor modura jarri ziguten dokumentalarena, onartuko dut, han, hildako judu haiekin guztiekin, meta horietan-eta, ba tira, hori interesgarria izan zen. Pasa egin ziren naziak a sako, eta ulertzen dut hori dena orain, baina horregatik herriko pintada guztiak borratzen jartzearena, hori ere gehiegizkoa da. Ze hor, bidali nauten kale horretan, ez dago svastikarik, bakar bat ere. Eta egongo balitz ere, zer kulpa dugu guk besteek egindako pintadengatik? Eta, gainera, herriko kalerik pintatuena da.

      Kale horrek, orain arte, urteak eman ditu pintadaz beteta inori kalterik egin gabe, eta zergatik borratu behar ditugu justu guk orain? Eta zer zerikusi dute pintada horiek guk egindakoekin? Ez dut ulertzen, benetan, baina edozeinek esaten dio ezer aitari orain. Aurrekoan tabarra ematen aritu zitzaidan gau osoan. Gau osoan, tio. “Gure historiarekin!”. Azkenaldian badirudi lorito bat irentsi duela, “gure historiarekin”, “gure historiarekin”, beti esaldi bera errepikatzen. Ezta judua balitz ere, joder. Baina horiek niri bakarrik esaten dizkit, klaro, ze harroxkoa bai, baina etxean eta nirekin bakarrik, eta zertarako balio dit niri horrek.

      Gartxoten osabak, horrek bai dituela potroak.

      Ze zuzendariarekin biltzera ez ziren joan Gartxoten gurasoak, ez, bere osabarekin joan zen kabroia. Eta osaba han plantatu zitzaion zuzendariari, hantxe bertan, zu. Onartezina zela svastikena, hori berak ere ikusten zuela, lotsatuta zegoela, bera lehena, eta hartu behar zela neurriren bat, baina pintadak ezabatzearena neurriz kanpokoa zela, eta aber zer lotura duten, ba, svastikek eta guri ezabarazi nahi dizkiguten pintada horiek guztiek, eta hori ez dela historia irakastea, historia ukatzea baizik. Eta zuzendaria, tio, tope isilik hor, baietz eta baietz. Mesedez lasaitzeko eskatu zion momentu batean, ulertu behar zuela hau eta nik zer dakit zer, baina ezetz eta ezetz Gartxoten osabak, eta jarraitzen bazuen tematzen salatu egingo zuela ikastola, por muy ikastola que fuera, eta zer, eta lortu egin zuen Gartxot pintadak ezabatu behar izatetik libratzea! Eta gure aita etxean bai, baina han isil-isilik. Gartxoten osabak esaten zuen guztiari baietz esaten zion, baina bera isilik, eta ez zuen ezer esan nire alde. Joder, libratzen ahal ninduen ni ere!

      Asike imajinatu ze planazoa dudan nik orain hemen, bakar-bakarrik, nik egin ez ditudan svastika horiengatik herriko kalerik pintatueneko pintada guztiak borratzen eta, joder, un huevo daude eta, gainera, ikastolako svastika haietako gehien-gehienak Gartxotek egin zituen. Nireak txiki-txikiak ziren. Ez banindu salatu, ez zituzten ikusi ere egingo.

      Bere osaba etakoa izan zela esan zidan behin Gartxotek. Eta nik ez dakit zer den eta, baina ojala nire aita ere etakoa izan balitz, ze orduan ez nuen ibili beharko hemen auskalo noizko eta noren pintadak borratu eta borratu.